Euskara etorkizuneko erronken aurrean

Euskarak, Europako hizkuntza zaharrena den honek, datorren milurtekoan aurrez aurre izango dituen desafio edo erronkei buruz gero eta gehiago hitz egin da gure artean aspaldi honetan. Baina zaharrena den hizkuntza hau zentzu batean nerabe edo gaztetzat ere har dezakegu gizartean betetzen dituen funtzioei, corpusaren arautzeari eta abarri bagagozkie. Baserri-giroko gizartean funtzio batzuetarako egokitasun nabaria landu zuen bezala, beste maila batzuetan, administraziokoan adibidez, bigarren mailan edo ia erabat jokoz kanpo gelditu zen.

Azken urteotan euskarak –eta euskal munduak– ahalegin eskerga burutu du hiri-girora bere burua moldatzen, corpusa arautuz eta hizkuntza betekizun berrietarako prestatuz, nahiz eta Euskal Herri osoari begiratuz gero oraindik alde nabariak dauden ahalegin horren emaitza gizarteratzeari dagokionez. Bestalde, ez da ahaztu behar euskara ofiziala dela EAEn, Nafarroan hiru estatusen menpean dagoela, eta Iparraldean ez duela inolako ofizialtasunik.

Inguruko hizkuntza garatuenek, hau da, duela zenbait mende beren corpusa finkatu eta estatusa gizarteko maila guztietan ezarri eta garatu dutenean aldean, euskara berriki corpusa finkatu (harrigarria 30 urteotan egin den urratsa!) eta hiri-giroko eta aro postindustrialeko gizarte-bizitzari erantzuteko bere burua landu eta eskaini beharrean aurkitu da gaurko eta etorkizuneko euskaldunei erantzunez datorren milurtekoan bizirik iraun nahi badu.

Gehiengoa euskararen alde

Gure artean gizartearen gehiengoak behin eta berriz aldarrikatu du euskarak etorkizunean bizirik irautea nahi duela eta hori garrantzi handiko baldintza da hizkuntza garatzeko beharrezko diren bitartekoak lortzeko orduan. Baina ez horretarako bakarrik, baita euskara gero eta gizarte-betekizun desberdinagoetan erabili ahal izateko ere.

Alde batetik, euskaldunak eguneroko bizitza ahalik eta erosoen euskaraz egin ahal izateko, ezinbestekoa da goizetik gauera eta astelehenetik igandera, euskarak eguneroko bizitzako eremu guztiak bere esku izatea: irakaskuntza, komunikabideak, lana, administrazioa eta abar. Eta puntu honetan dauka euskarak etorkizunari begira bere erronkagune gogorrena.

Jakitetik erabiltzera

Hizkuntza arautze- eta irakaste/ikaste-mailan lortu den arrakasta, eta sortu den ilusioa murrizturik gera litezke, baldin eta maila horietako inbertsioak ez direla errentagarri bihurtzen hautemango balitz. Beraz, administrazio-mailan euskaraz bizitza egiteko aukerak erreala izan behar du eta oraindik lan handia dago egiteko politikarien eta administrazioko funtzionarioen arteko loturek indargabeturik utz ez dezaten euskaldunen borondate ona; eta gainera, euskaldun askorengan iraganetik datorkien inertzia eta erdararako joerak alderantzikatzeko kanpaina ongi pentsatuak bideratu beharko dira. Hizkuntz eskakizunak eskatze edo ezartze hutsera ez dago murrizterik administratzaile eta administratuen arteko euskarazko bizitza. Honetan ere irudimena zorroztu beharko dugu urrats berriak egiteko.

Euskarazko komunikabideei dagokienez, berriz, inguruko estatu-hizkuntzetakoen parean lortu duten merkatu-kuota urria da eta baliabide ekonomiko oso mugatuak dituzten komunikabideek etorkizunean igurikapen kezgarriak izango dituztela iragartzen dute prognosiek. Bistan dago faktore ekonomikoa erabakigarria izango dela maila batetik beherako hizkuntza taldeentzat, zeren bere baitan eskaintza duin bat egiteko ahalmenik ezean, lehiamena murrizteak bezeroak galtzea ekarriko baitie.

Azkenik, lanaren munduan zenbait esperientzia interesgarri egin dira azken urteotan, eta zorionez joera hori areagotzen ari da, baina sektore eta lurralde guztiei begira jartzen bagara oraindik oso urrats txiki eta mugatuak eman direla aitortu behar dugu. Eta esan beharrik ez dago, hain zuzen ere alor honetan jokatzen da hizkuntza haurtzaro edo nerabezarotik irten eta adin-nagusitasuna iristea. Lanak giza bizitzan hartzen duen hedadurarekin, mugitzen dituen baliabide eta berorri loturiko publizitatea eta komunikabideen lankidetzarekin gaurko eta etorkizuneko gizartearen motorra da. Alor horretan islarik ez duen edo oso ahula duen hizkuntza kondenaturik dago bigarren mailako izatera eta, berandu baino lehen bazterturik desagertzera.

Aipatu ditugun hiru gune hauetan administrazio, komunikabide eta lanarenean dauka euskarak bere desafio nagusia, eta bada ordua urtero euskalduntzen diren haur eta helduen kopuruak ahaztu gabe begirada alor horietara zuzentzeko eta aurrerantzean euskararen iraumena kantitateari baino areago kalitateari loturik egongo dela hausnartzeko. Euskal gizarte artikulatu, aberats eta plurala ezinbestekoa da etorkizuna irabazteko eta horrek euskaltzaleen ahalegina ez ezik, euskaldun guztiena eta are euskara berreskuratzean sinesten duten erdaldunen laguntza eta bultzada behar ditu. Gizarte Akordio bat ezinbestekoa da Euskal Herrian aipaturiko erronkaguneotan aurrerapauso garrantzitsuak emateko, belaunaldi euskaldunduak gizarteratzen ari diren urte hauetan.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eta Gizarte Akordioa.

Azken bi hamarkadotan gizarteak, oro har, eta instituzio politikoek Hego Euskal Herrian nagusiki euskara gaurkotze eta hedatzearen bidetik lan garrantzitsua egin badute, orain hasitako lan hori ondorio guztiekin gizarteratu eta, pentsaera eta joera politiko desberdin eta sarritan kontrajarrien komunikazio- eta lan-tresna bihurtzeko orduak jo du. Horregatik Kontseiluak bere sorreratik argi eta garbi ikusi du elkarlanerako dei zabala egin beharra Euskal Herrriko gizarte osoan hiritar guztiek beren ondare propiotzat har eta lant dezaten euskara, nahiz eta ikuspegi eta interes desberdinak izan bakoitzak horretarako.

“XXI. mendeko Akordioa. Bai Euskarari kanpainak etengabe zabaldu zuen mezu hori, egoera politiko berri baten atarian, arrakastatsua gertatu zen gizarteko sektore berriak hurbildu eta euskara eztabaida politikoen gainetik jartzearen premia sentiarazteko. Baina horrezaz gainera euskarak normalizazioa lortuko badu, ezinbestekoa da, halaber, gizartea bere zabalera osoan euskararen sustatzaile eta erabiltzaile izatea, eta beste alorretan bezala eta gizarte heldu eta modernoari dagokionez erakunde publikoek diseinaturiko hizkuntza politikekin lankidetzan aritzea, bakoitza dituen bitartekoekin eta esparruetan saiatuz.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Gizarte Akordioaren ildotik Euskararen Plan Estrategikoa diseinatu eta betetzen dihardu ia 700 Gizarte Eragileren partaidetzarekin eta dagoeneko lehen gogoeta eta azterketen emaitzak jaso ditu. Lehen pultsu-hartze horri bagagozkio, gizarte-eragile horiek ahuleziak eta indarguneak toki berean ikusten dituzte eta hori berme sendoa da etorkizuna irabazteko.

Elkarlana ezinbesteko

Bistan dago euskalgintzako erakunde, elkarte eta enpresek, berek bakarrik, ezin dutela euskarak etorkizunaren erronka horretan garaile irteteko behar duen guztia egin; instituzio politikoek berek bakarrik ere ezin dute diseinatu eta bideratu euskararen normalizazio hori, sarriegi hizkuntzarentzat kaltegarriak diren eztabaida politizatuetan trabaturik aurkitzen baitira.

Azken batean, euskalgintzako erakundeak, instituzio politikoak, gizarte eragileak eta Euskal Herriko gizarte osoak, zeinek bere esparrutik autonomia galdu gabe eta besteen esperientzia eta sentsibilitateak kontrastatuz bakarrik lortuko da euskarak etorkizuna finkatzeko behar dituen autonomia eta indarra. Euskarak “kolore guztiak baditu joan den udazkeneko kanpainan esloganetako batek aditzera ematen zuenez diagnosi, plangintza eta etorkizunerako egitasmo guztietan hori egia bihurtzen ahalegindu beharko dugu denok.

BAT aldizkaria: 
31. 1999ko uztaila. Euskararen aldeko gizarte-mugimendua eta EKB
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Xabier Mendiguren
Urtea: 
1999