Bi joera bide baterako

Joera honen ordezkaririk nabarmenena, azken aldi honetan behintzat, Kontseiluareneskutik garatu da. Nola hautematen du joera honek euskalgintzaren eginkizuna? Zer da lehenesten duena? Zein da bere ustez euskararen normalizazioak hautatu behar duen bidea?

Joera kualitatibo honen jatorriak, oker ez banago behintzat, Txepetxen eskolak gure artean izan duen eraginean idoro beharko genituzke. Joera honetan beste ulerkera-giltza batzuk nagusitzen dira euskalgintzaren nondik norakoa zirriborratzerakoan.

bigarren joerari atxikirik dabiltzanentzat, gogoeta teorikoaren euskarria ez da praxi soziolinguistikoaren mendeko alderdia, norabide estrategikoaren funtsezko oinarria baizik.

hiztunaren eta hizkuntza-komunitatea errealitate soziolingustiko objektibizatutik aldendurik hauteman dezakegu joera honen barruan: harreman soziolinguistikoen izaera, azken batean, giza harremanetara murrizten duen ikuspegia dugu hau.

Euskalgintzak beti soinean eraman duen akats berbera errepikatzen da ikuspegi kuantitatibo-soziologikoaren aldeko joera horretan (Kontseilua): kosta ahala kosta, euskararen eremu-funtzio berriak erdietsi nahi dira, euskararen balio funtzionala zabaldu nahi da gizarte-eremu berrietara, baina, zoritxarrez, estrategia horrek arrisku handi bat darama bere baitan itsatsirik.

Hizkuntzaren izaera soziala baldin bada, eta hori aho batez onartzen dugu guztiok, gizarte-harremanen alorrean bakarrik mamituko da denok nahi dugun euskalgintza, norbanakoaren gorabehera psikologiko eta hautu etikoak haren arabera mamituko direnez gero.

Kulturbitasunik gabeko euskal elebitasunak ez du ezertarako balio.

Euskalgintza Euskal Herriko kultura-identitatearen enborretik bakarrik eraiki daitekeen ibilbidea baldin bada, abertzaletasunaren eduki-baloreak tartean egongo dira nahitaez.

Eusko Jaurlaritzaren euskara-politikak dakarren eta, oker ez banago, luzaroan eraman dezakeen gabeziarik larriena honakoa da: ez du ausardiarik erakutsi euskararen aldeko elebitasunaren garapenean prozesu horri ezinbestez zor zaion kulturbitasuna oinarritzeko.

Herri mugimenduak ezin dio men egin Jaurlaritzatik datorkion edozein plangintza eta jardunari, delako euskalgintza horren azalkeriak itxuragabeko euskara-politika daramalako bere soinean.

BI JOERA BIDE BATERAKO

Gaur egun euskalgintzaren alorreran herri-erakundeen baitan sumatzen ditudan bi joera nagusiri buruz gauza batzuk esan nahi nituzke. Bi joera hauek nolabait izendatzeko, zilegi bekit honako hizkera hau erabiltzea : joera kuantitatiboa legoke batetik, eta joera kualitatiboa bestetik. Ondorengo lerrootan bi joera hauetan hautematen ditudan ezaugarri batzuk nabarmendu nahi nituzke, beti ere, jakina, joera hauen artean erabateko mugarririk finkatzeko asmorik gabe.

1. Joera kuantitatiboa

Joera honen ordezkaririk nabarmenena, azken aldi honetan behintzat, Kontseiluareneskutik garatu da. Nola hautematen du joera honek euskalgintzaren eginkizuna? Zer da lehenesten duena? Zein da bere ustez euskararen normalizazioak hautatu behar duen bidea?

  1. Ahalik eta gizarte-indarrik gehienak erakarri behar ditu euskalgintzak bere baitara. Indarrak batzeko garaia da. Eskueran dauzkagun gizarte-indar horiek abian jarri behar ditugu euskalgintzaren gurdian sartuta. Edozein gizarte-eragilek parte har dezake prozesu honetan, baldin eta bere kabuz eta gogoz, inor ezertara behartu gabe, euskararekiko borondatezko konpromezua eta jarrera agertzen badu. Kopurua eta borondatea dira, beraz, euskalgintza-ildo honen ezaugarririk bereizgarrienak.
  2. Euskalgintza gizarte-sistemaren barruan txertatu behar da. Joera honen arabera, euskalgintza ez da betiko euskalgune jakinei begira obratu behar den jarduna. Kanporantz proiektatu behar dira euskalgintzaren hariak, eta ahalik eta gizarte-sare zabalena josi, orain arte euskal mundutik at ibilitako eremuetara zabaldu. Alde honetatik, euskarari eta euskalgintzari oinarri sozial eta soziologiko zabala opa zaio. Gizarte-ahalmen eta botere-harremanen espazio erdaldunetan barrena abiatu da.
  3. Euskalgintza funtsean euskaragintza da. Euskara denona eta denontzat den mintzabidea denez, hizkuntzaren definizio instrumentala gailentzen da ikuspegi honen baitan. Euskararen abiaburuko definizio honek, izan ere, begien bistan dauden onurak dauzka bere eskutik: hizkuntzaren izaera neutralak ezein konnotazio-mota uxatzen du bere ingurutik. Ideologia eta jarrera ugaritako jendea bil dezake bere ingurura. Euskal kulturaren eta identitatearen zer-nolakoak ez dira aipatu ere egiten, hori nor beraren esku dagoen askatasun-hautua denez gero. Zer-nolako hauetan barrena abiatzeak, hain zuzen, ez luke zatiketa eta indarrak barreiatzea besterik ekarriko azken batean, orain arteko esperientziak erakutsi digun moduan.

2. Joera kualitatiboa

Joera kualitatibo honen jatorriak, oker ez banago behintzat, Txepetxen eskolak gure artean izan duen eraginean idoro beharko genituzke. Joera honetan beste ulerkera-giltza batzuk nagusitzen dira euskalgintzaren nondik norakoa zirriborratzerakoan. Ikus dezagun, bada.

  1. Esentzialismoa du ezaugarririk bereizgarriena. Joera honek ikuspegi psikologoa lehenetsi du joera soziologikoaren aldamenean; Kontseiluan, aldiz, ikuspegi soziologikoa gailentzen da beste ezaugarrien gainetik. Euskalgintzaren gunea, eta gune horri dagokion subjektua, euskara-gaitasunaren inguruan ardazturik dago: horretara, euskara belaunaldiz belaunaldi datorkigun ondare historiko-kulturala da, bere gune sinbolikoaren esentziak determinatzen du euskalgintzaren proiekzioa, hedadura eta izaera. Soziolinguistikaren euskal pentsaera honentzat, beraz, dena delako esentzia horren inguruan artikulatu behar dira indarrak, euskaldungoaren barne-kohesioak energiak kanpora isuri aurretik bere barruan goritu ditzan.
  2. Gogoaren gogoeta zaindu behar da. Joera honen ildoan dabiltzanek euskalgintzaren jarduna ez dute aktibismoaren eskuetan utzi nahi. Puntu honetan alde handia dago Kontseiluaren ildotik: honek soziolinguistika aplikatuaren argitan jardun nahi du batez ere, jardunaren jardunak erakutsiko du bidearen zuzen-okerra, eta soziolinguistika teorikoan ekarpenak praktikaren beharretara murriztu behar dira. Haatik, bigarren joerari atxikirik dabiltzanentzat, gogoeta teorikoaren euskarria ez da praxi soziolinguistikoaren mendeko alderdia, norabide estrategikoaren funtsezko oinarria baizik. Ez da biderik egokiena euskalgintza aktibismoaren bidetik garatzea, bidearen garapen honek ez baitu besterik gabe bermatzen oinarri sendorik bihar-etziko euskal komunitatea eraikitzeko.
  3. Hizkuntza-komunitatea du adigai nagusi. Hiztunaren kontzeptuarekin batera, hizkuntza-komunitatea du joera honek bere pentsamenduaren haberik irmoena. Bi adigai hauen inguruan ardaztua dauka bere pentsamendu soziolinguistikoaren oinarri orokorra. Esentzialismoarekin batera, beraz, humanismoaren isuria oso nabarmena da teoriagintza honen ekoizpenan. Bi kontzeptu horien uztardurak beste hainbeste ezaugarri sortzen ditu ikuspegi horren garapenean: bata etikaren eragina izango litzateke, eta bestea idealismo etimologikoaren ekarpena. Euskalgintza ezin da nolabaiteko balio etiko batzuetarik at planteatu. Orobat, hiztunaren eta hizkuntza-komunitatea errealitate soziolingustiko objektibizatutik aldendurik hauteman dezakegu joera honen barruan: harreman soziolinguistikoen izaera, azken batean, giza harremanetara murrizten duen ikuspegia dugu hau.

    Hona, bada, euskalgitzaren eremu ofiziala alde batera utzirik, herri mugimenduen alorrean gaur egun nabari ditzakegun zenbait zantzu. Jakingarria litzateke, halere, bi joera hauek euskalgintza ofizialarekin dituzten kidetasun-desberdintasunak begiz jotzea. Hori, ordea, beste egun batera utz dezakegu. Bukatzeko, neure golkotik bat-batean ateratako iruzkin kritiko bat gaineratuko diot bigarren parte honi.

Bat

Euskalgintzak beti soinean eraman duen akats berbera errepikatzen da ikuspegi kuantitatibo-soziologikoaren aldeko joera horretan (Kontseilua): kosta ahala kosta, euskararen eremu-funtzio berriak erdietsi nahi dira, euskararen balio funtzionala zabaldu nahi da gizarte-eremu berrietara, baina, zoritxarrez, estrategia horrek arrisku handi bat darama bere baitan itsatsirik. Gauza bat da, izan ere, hizkuntzaren hedakuntza soziologikoa, eta beste bat, hizkuntzaren txertakuntza soziala. Euskararen hedadura soziologikorako ez dago eragozpen handirik, dirudienez: gizarte-eragile askok erakutsi du bere borondate zintzoa euskararen alde jarduteko. Euskararen aldeko jarrera soziologikoa, funtsaren funtsean, eta gure testuinguruko indar-erlazioak ikusita, ez da sozializazio sinboliko batetik at pasatuko seguruenik. Horrelakoxeak baitira baldintza orokorrak egitura soziolinguistikoaren eremuan gaur egun. Eta gizarte-eragileen konpromezua, geroak esango badu ere, ez da gaua izango euskara egitura eta sistema sozialean txertatzeko . Zergatik diodan hau? Ez al daukagu jadanik horren eskarmenturik? Eskolaren euskalduntzeak ez al digu bada irizpide kuantitatiboaren arazo horixe bera begien aurrean jarri? Hizkuntza gizarteratzeak sozializazio-mota jakin bat eskatzen du, eta baldintza jakin batzuetan burututako sozializazio horrek bakarrik txerta dezake gure hizkuntza dimentsio sozialaren ehunean, geruza soziologikoak ukitze hutsetik haratago doan euskalgintza bermatuz. Gizarte-sektore zabaletara heltzea bezain garrantzitsua da, hortaz, iristeko modua bera: euskalduntzea ez da soil-soilik fenomeno kuantitatibo-soziologikoa, gutxieneko baldintza soziolinguistiko batzuk (kulturalak, ideologikoak, politikoak...) eskatzen dituen ibilbidea baizik.

Bi

Euskal botereguneak sortu behar dira euskara egitura sozialean normalizatzeko, euskalgintzaren joera kualitatiboak, euskalgintzaren izaera esentzialista lehenesten duenak alegia, alderdi hau gutxietsi arren. Joera honetakoen artean oso nabarmena da, nik uste, botere-adigaiaren gainean daukaten noraeza: kontzeptu hau bere konplexutasun guztian hartu beharrean, halako murrizketa mikrosoziologiko bat egiten dute gauzak beti kontrolpean edukitzeko asmoz. Joera honetakoei ohartarazi behar litzaiekeen beste gauza bat, zera izan liteke: hizkuntza ez duela gizarteratzen ez hizkuntza hori jakiteak, ez motibazio indibidualak, eta ez erabilera formal eta informal ez-estrategikoek. Etikak, noski, botere-kontzeptu berri eta askatzaile batekin loturik joan behar du eskuz esku. Ez horratik, ordea, kontraizanik gabe: kontraizan horiek ez baitira makalak izango. Euskal identitatearen eta kulturaren garapenak euskal gizarteak egun dituen balio-mota guztiak izango ditu lehengai, eta gehien-gehienetan lehegai hori ez da izango agian ez oso etikoa eta ez askatzailea, hala-moduzko tradizioaren oinordekoa baizik. Nolanahi ere, euskalduntzea hizkuntzaren izaritik haratago dagoen gizarte-prozesua denez, botere-harremanen eskuko delako hain zuzen, eta botere-harremanak gure bizitzaren gune guztietan tarteko ditugunez, ezin dugu hor gorago aipatu den murrizketa metafisikorik eta esentzialistarik onetsi. Hizkuntzaren izaera soziala baldin bada, eta hori aho batez onartzen dugu guztiok, gizarte-harremanen alorrean bakarrik mamituko da denok nahi dugun euskalgintza, norbanakoaren gorabehera psikologiko eta hautu etikoak haren arabera mamituko direnez gero. Joera esentzialista honen alderdirik belaskena, teorigintzari dagokionez, botere sozialaren adigaia definitzeko orduan darabilen sinbolismo intersubjektiboaren kutsu metafisikoan datza.

Hiru

Kulturbitasunik gabeko euskal elebitasunak ez du ezertarako balio. Irizpide kuantitatiboaren hizkuntza-politikak hementxe dauka baldintzapenik behinena, hizkuntza-politika ofizialak daukan leku berberean hain zuzen: erdal kultura elebakarra (historia, identitatea, tradizioa...) jaun eta jabe den gizarte-eremuetan zer egin ote dezake gainetik ematen zaion euskara-geruzak? Euskararen ikaskuntza euskal sentierarekin batera zabaltzen ez bada, gure hizkuntza ez da erabilia izango. Demagun, halare, honako hipotesi hau, honetara jarri garenez gero: euskararen gizarteratzea euskarak bereganatua duen balio funtzional-pragmatikoaren araberakoa izango dela, eta, gainera, balio hori gero eta handiagoa dela. Haatik, euskararen balio funtzional-pragmatikoa gaur gaurkoz aski ote da gure hizkuntzaren erabilera soziala finkatzeko? Guk ba ote dugu, bada, Quebec-en izan zuten lege-oinarririk indarrean, mami dezakegun euskalgintzari behar lukeen legitimazio-indarra ezartzeko? Kultura-identitatearen faktoreak alde batera uzteko moduan ote gaude eta euskararen balioztapen sozio-ekonomikoa aski bihurtu ote zaigu egin beharreko bidea egiteko? Nekez ikus dezakegu halakorik gure ingurune soziolinguistikoan: oraindik ere, kultura-identitatearen euskarria eta kontzientzia ezinbestekoak ditu bide egokian abiatu nahi duen euskalgintzak. Plangintzaren izaera tekniko egokiak ez du gauza handirik balioko, hizkuntzaren beharra maila ideologikoan (barnerapen psikosoziala) eta juridikoan (legitimazio formala) bermatuxeak ez dauden bitartean. Puntu honetan Kontseiluaren jarduna euskalgintzaren betiko behaztoparrian zangotrabatu dela esango nuke: gorago azpimarratu bezala, kulturbitasunaren auzia alde batera utzita, lanari ekin baitio buru-belarri. Gogoetari muzin egin diola dirudi, ekinaren ekinaz ezina egin ahal izango duelakoan. Geroa lekuko.

Lau

Euskalgintza Euskal Herriko kultura-identitatearen enborretik bakarrik eraiki daitekeen ibilbidea baldin bada, abertzaletasunaren eduki-baloreak tartean egongo dira nahitaez. Eta hemen naziogintzaren etika-arazoekin egingo dugu topo. Nolako euskaltasuna garatu nahi dugu? Zein da herrigintza horren erreferentzia morala eta politikoa? Nondik datozkigu prozesu horretan, aldez edo moldez, txertatuko zaizkigun helburuak eta erreferentziak? Hori ez baita ezerezaren gainean eraikitako kultura-jarduna. Inplikazio sozialak eta nazionalak ditu bere joan-etorrian, eta, horrenbestez, gizartean hegemonikoak diren arau-baloreak bereganatuz mamituko du euskarak bere bidea, edota euskalgintzako eragileen eskutik gizarte-molde etikoago eta demokratikoago baten aldeko norabidea lehenetsiko du hizkuntzagintza horrek. Euskalgintza ez da neutrala: ez maila etikoan, ez sozialean, ez nazionalean, eta ez kulturalean. Hizkuntza ez baita jadanik mamituak dauden esanahi-sistemak transmitituko dituen komunikazio-tresna hutsa, sistema horien mamikuntzan bitartekotza lanean diharduen elementu eraikitzailea baizik. Zertatik sortzen da, izan ere, aipatua bezain goraipatua den hizkuntza-leialtasuna edo atxekimendua? Euskarak nekez bereganatzen duen sentiera eta jarrera hain zuzen, kultura-korrespondentziarik gabeko hizkuntzen atarramendu hitsa horixe izaten delako.

Bost

Azkeneko hitzak isuri aurretik, euskalgintzaren barrutian behin eta berriz ahotan hartua izan den auzia berplanteatu nahi nuke. Hona laburki eta zuzen adierazia: erakunde ofizialen eta herri-mugimenduen arteko harremanek sortu izan dituzten gora-beherak direla medio, herri-erakundeen aldetik maiztxo sumatu izan dudan noraeza.

Eusko Jaurlaritzaren euskara-politikak dakarren eta, oker ez banago, luzaroan eraman dezakeen gabeziarik larriena honakoa da: ez du ausardiarik erakutsi euskararen aldeko elebitasunaren garapenean prozesu horri ezinbestez zor zaion kulturbitasuna oinarritzeko. Esan dezagun, horrenbestez, oinarririk gabeko euskalgintza sustatu duela bere jardunbide nagusienetan. Horien artean, dena dela, bat nabarmentzen da oroz gain: oinarrizko irakaskuntzari dagokion hezkuntza-sistema. Sistema hauxe dugu euskalgintzaren ardatz nagusia, eta hemen ere huts berbera egin du: curriculumaren esparrua larrugorritan egon da euskal ikuspegiaren identitatea sortzeko gaitasunik gabe, eta egun ere funtsean egoera horretan dago euskal hezkuntzaren norabidea.

Herri-erakudeen aldetik euskalgintzaren alderdi hori da balioztatu behar dena Jaurlaritzarekin jarduteko orduan. Dena delako plangintzen oinarrian zer dagoen arakatu behar da. Zer hori zertan den aztertu, eta zertarako balio lezakeen ikusi. Herri mugimenduak ezin dio men egin Jaurlaritzatik datorkion edozein plangintza eta jardunari, delako euskalgintza horren azalkeriak itxuragabeko euskara-politika daramalako bere soinean. Edukiak balioztatu eta neurtu behar ditu, beraz, eta horien arabera erabaki, elkarlanerako baliagarriak diren euskara-estrategiak sumatu dituelako. Hementxe datza elkarlanaren gakoa. Hauxe baita arrakastaren edo porrotaren bidegurutzea. Eta bidegurutzean bide egokia hartzen ez duenak, erakunde ofizialen legitimazio-lana egingo du, erakunde ofizial horiek orain arteko bidetik jarraitzeko asmotan baldin badabiltza bederen.

BAT aldizkaria: 
31. 1999ko uztaila. Euskararen aldeko gizarte-mugimendua eta EKB
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Joxe Manuel Odriozola
Urtea: 
1999