EKBren ibilbidetik bada zer ikasi

Zein balorazio egin behar dugu azken 25 urteotako euskararen aldeko herri mugimenduek egindako ekarpenaz?.Zein EKBrenaz?. Horra hor BAT aldizkari honetako lagunek erantzuteko jarritako puntuak. Luzamenduetarako aukerarik ez dagoenez, nire jardunak bigarren punturi erantzungo dio, EKBren desagertzeak zer pentsatua eman behar baitigu euskalgintzan dihardugunoi. Barrutik ezagutu ez dudanez, euskalgintzako eskuhartzaile eta agente moduan, saiatuko naiz neure gogoetatxoa plazaratzen.

Hala eta guztiz ere gogoratu beharra dago gerra osteko herri mugimenduak 60. hamarkadaren azken aldera hasten direla azaleratzen: gaueskolen eta ikastolen mugimenduak ziren; biak ere Euskaltzaindiaren euskara batuaren oinarrizko ebazpenen inguruan sortutako giroaren berotasunean. Baina, bazen horren aurretik ere baziharduenik. Eta aukerari muzin egin barik, horietako bat, duela hilabete batzuk zendu den Imanol Laspiur eibartarra ekarri nahi dut gogora, bere izan baitzen aintzindarietako bat euskara eskolak eman, materiala sortu, eta ikastola sustatzen jardundakoa.

EKBren hastapenaren jakin beharrekoak

1983ko martxoan sortu zen Bergarako UNEDen eta bere burua era honetan definitu zuen: orduko euskal kulturan ziharduten talde eta elkarteen elkargune moduan eta talde politiko eta sozialekiko menpekotasunik gabea. Helburuei dagokienez, zeregin nagusiak, honakoak: Giartea jaberaztea: euskararen egoera larria salatuz, guztion eginkizun moduan nabarmendu; Ekintza bateratua: euskal kulturako sail eta taldeen ekintzak bultzatzea indarrak bilduz; Eskakizunak: kultur frente herritar eta bateratua osatzea erakunde ofizialen eta indar sozial eta ekonomikoen aurrean, era koordinatu eta bateratuan jardunez, herritarren eta euskal kulturaren interesak babesteko. Plangintza orokorra: Euskal Herriko erakunde ofizialei euskararen berreskurapen osorako eta normalkuntzarako plangintza orokorra eskatzearekin batera, horretan partehartzeko talde eta elkarteak eratzea.

Dena den, hori guztia burutzeko, "Euskararen normalkuntza bidean: erakunde publikoak eta erakunde herritarrak" gaia jorratuz kaleratutako txostenean, hiru arazo nagusi ikusten dira: lehenengoz, agintaritza politikoa hiru lurralde eta komunitatetan zatitua egoteak ezegokitasuna sortzen du hizkuntza eta kultura nazionalen politika bateraturako; bigarrenez, herritarren sektore politiko garrantzitsu batek erakunde publiko horiek ez onartzea, horrek erakunde herritarren eta publikoen artean tirabirak sortuz; hirugarrenez, bertoko erakundeak sortu aurrez, herri dinamika zela medio sortutakoak onartu beharrean berriak sortzea, horietako batzuk publikoak izateko jaioak izanik. Horra hor bada, ahal bezain ondo laburtuta eta 16 urte pasa eta gero zer pentsatua ematen duten EKB erakundearen oinarri filosofikoak.

Ibilbide erdian, sortu eta 8 urtera, lehen balorazioa eta autokritika

Arestian esandako moduan 1983an sortu zen EKB eta, 8 urteko ibilbidearen lehen balorazio sakona 1991n egin zuen, III. Biltzar Nazionalean. Ordurartekoaz gogoeta eta autokritika egin eta erakundearen berregokitzapena helburu estrategikotzat hartu zuen.

Ordurako hasiak ziren herrietako Euskara Elkarteak eta Herri Aldizkariak sortzen, euren ezaugarriak diakroniaren eskarmentutik ondorioztatutako filosofia zabalago eta funtzionalagoa oinarri zutela, zeregin nagusia euskaldungoa trinkotu eta, komunikazio-kanaletan eraginez, hizkuntza eguneroko funtzionaltasunean txertatzeko helburuarekin.

Ordurarteko ibilbidean, EKBk , Herri erakundeei dagokienez, hainbat gabezia eta oker atzeman zituen: alde batetik, Herri mugimenduaren indarrekiko larregizko konfidantza eta instituzio eta erakunde ofizialekiko aurkari jarrera eta, ondorioz, inkomunikazioa harreman urria medio; beste aldetik, ostera, konpaktazio eta koordinazio eza zela eta, euskarak abertzale arduratsuen afera bilakatzen ziharduela ikusten zen

Erakunde ofizialen garapen eragozletza honako puntuetan kokatu zuen EKBk: instituzionalizazioaren gehiegizko garrantzia eta horri loturiko elebitasunaren helburu eta jarduera alde batetik, eta, bestetik, plangintza orokorraren gainean ezer eza.

Egindako gogoetaren ondorio nagusia estatutuak aldatzea izan zen, era horretan konfederazio bihurtuz, herrietako Euskara Elkarteak bere baitan koordinatzeko asmotan. Baina, Elkarte horiek, EKBren tartekako harremanez gain, euren bide autonomoa egitea erabaki zuten.

Ibilbidearen bigarren zatiaz

EKB saiatu zen, erakundearen bizitzaren 2. zatian, bere koordinakunde izaerari lotuta, batzutan, elkarteak eta taldeak erakartzen eta beste batzutan bere ahaleginez sortu eta kordinazio zeregina betetzen. Baina, gehien bat herri oinarri ezak eta sektoreen euren eta kideen espezializazio eta profesionalizazioak, zaildu egin zuen berari zegokion funtzio nagusiaren betetzea eta sektore bat edo bestetan izan ezik, kordinazio-funtzioak garrantzia galtzeari ekin zion neurrian, bestelako bidea hartu zuen EKBren zereginak: poliki-poliki, koordinakunde izaera-zereginak urritu ahala, hizkuntz zerbitzuen zeregina lekua hartzen joan zen EKBn. Horren lekuko, dokumentazio-zerbitzua, aholkularitza juridikoa, instituzioen aurrekontuen azterketa eta kritika, BAT aldizkaria, euskararen kale-erabileraren neurketa... Beraz, eragin baino, koordinakunde bati dagokiona, egin. Era horretan, azkenean, funtzioa baino garrantzitsuagoa bihurtu zen organoa eta, horren izana justifikatzeko eta eusteko, zeregin espezialduak eta beste inork burutzen ez zituenak eta behar-beharrezkoak zirenak, hezur mamitzeari ekin behar.

Azaldutako kontestu horrek euskalgintzaren herri mugimenduaren baitan joera bi markatuko ditu: bata kontrabotere joerakoa ( politikagintzako sektore batekiko lerratze politikoduna, bertako kide zenbaiten militantzia bikoitza irakutsiz, presioaren eta salaketaren bidetik abanguardiaren joerari eusten diona) eta, bestea, integratzailea (diskurtso propioa, osagarritasunaren kontzeptua barneratua duena, euskal komunitatea subjektutzat hartzen duena eta gizarte harremanetan interbenituz, euskarari behar duen "tornuia" ematen saiatuko dena).

Bitartean, goi erakunde publikoek eurenari eusteaz gainera, interbentzionismoa handitzen saiatzen jarraitzen dute, gizarteari protagonismoa kenduz. Izan ere, gizarteak ez baitu gune erreferentzialik. Ostera, Udalen kasuan, batzutan behintzat, jarrera-aldaketa hasia da somatzen, integrazioa oinarri duen errealitatearen aurrean zailagoa baita ezetz esatea.

Kontestu horretan ekiten da, han hemenka, elkarlanaren ideia zabaltzen, auzolanaren sinboloa azaleratzen, honako faktoreok eraginda: esperientzia eta eskarmentuaren ikasgaiaren ondorioak, banatzen gaituen alderdi-politikaren joera orozurrupatzaileak hainbaten okidura ekarri eta gogoeta piztu du, energia batzuk elkartzen gaituen euskararenganantz hurbildu dituelarik; Euskal Herriaz kanpoko hizkuntza gutxitutuen gaineko berreskurapen-informazio handiagoa dago; teoria arloan ezagutza gero eta zabalagoa eta sakonagoa da, batez ere, "Txepetx"en liburu eta bere inguruan osaturiko gogoeta eta ikastaroen guneari esker.

Hala eta guztiz ere, eremu urritik kanpo, benetako elakarlanak, itxaron egin beharko du, bakotxak bereari eusten diolako eta, salbuespenak salbuespen, sokatira-harremanak dira oinarri.

Ondorio gazi-gozoak.

Balorazioa egiteri ekin aurretik, beste edozein erakunderen azterketa egin behar denean lez, kasu honetan ere, EKB sortu zeneko sasoi eta kontestuari erreparatu behar diogu lehenengoz. Alde batetik, giro politikoa eta horrek eskatzen zuen morrontza eta, bestetik, konturatu beharra daukagu EHEren baitatik, 1981ean, egin zela lehen planteamendua, gero EKB deituko zena sor zedin; era bat laburtuz honakoa: euskararen erabilpenaren aldeko dinamika sortu beharra dago, era razional eta zientifikoz antolatuz, plangintza izango delarik dinamika hori sortzeko tresna. Oinarri horrekin dei zabala egitea proposatzen zaio EHEri, hortik erabilpenaren normalizaziorako proiektu herrikoi eta bakarra atera dadin, ondoren praktikara eramateko.

Beraz, faktore bi horiek kontuan hartuz: kontestua eta aitabitxiarena, esan genezake EKB bere sasoiko enborraren ozpala dela.

Dena den, atzerago begiratzen badugu, Xabier Erizeren "Nafarroa euskararen historia soziolinguistikoa, 1863-1936" liburu interesgarrian, konturatuko gara, aurreko mendearen amaiera aldeko foruzaleek, gero nazionalistek egingo zuten bezala, "euskararen aldarrikapena gainerako helburu politiko orokorrek itzalita edota horiekin nahasita agertu dutela gehienetan (...) Bestalde, euskaltzaleen "hitzei maiz zerien paternalismo edota elitismo doinua". Mugimendu euskaltzaleen mugez diharduela hona zer dioen: "Elite kaletar izaerari lotuta, sustrai txikiak zituzten herri euskaldunetan, eta hau ere ezaugarri iraunkorra izan da bilakaera osoan. Eten garbi samarra zegoen populazio euskaldunaren eta mugimendu euskaltzaleen artean. Bide batetik zihoan euskaldunen multzo nagusia eta beste batetik auskararen aldeko mugimendua eta, neurri handi batean, euskararen iraupena euskal hizkuntz komunitatearen berezko faktoreei zor zai, euskaltzaleen eraginari baino askoz gehiago."

EKBrekin ere antzeko zerbait gertatuko da. Jakina, beste era batera, garaia ere beste bat delako, baina akatsak ildo bertetik darraite: mugimendu euskaltzalearen menpekotasun politikoa eta euskal hizkuntza komunitatearen subjektotasun eza. Dena den EKBri aitortu behar zaio, neurri batean behintzat, euskara tresna eta helburu duen izanaren diskurtsoa martxan jarri izana. Gero praktikan beste zerbait islatu arren.

EKBk ikastolen esperientziaren iturritik edan izan balu, beste oilar batek egingo zukeen kukurruku. Hori izan da nire iritzirako akatsik nagusiena.

Transbertsalizazio politikoak, estiloak eta jokabide ezintegratzaileak atomizazioa, euskal komunitatea artikulatu beharrean segmentarizatzea, inkomunikazioa eta zubi-premia gorria, denboraren bektorean inpasaren luzamendua, "Bateginik" "Batezinik" bihurtzea... lirateke ondori kaltegarri nagusiak.

Hala eta guztiz ere onurak ere aitortu behar zaizkio. Eta horien artean, hona hemen nik neuk , besteak beste, azpimarratuko nituzkeenak:

  • ¨ Arestian esan bezala euskararen beraren diskurtso propioaren ideia lantzea, alegia, euskara tresna eta helburutzat hartze duena.
  • ¨ EHEren ekintzarako joera orohartzailea baztertu ez arren, koordinazioaren eta planifikazioaren kontzeptuak euskalgintzara ekarri izana.
  • ¨ Hizkuntza zerbitzuen ideia euskalgintzan txertatzea eta horien artean aipagarriak honakoak: dokumentazio zentrua, goi instituzioen aurrekontuen jorraketa eta horien gaineko kontrapuntua azaltzea eta euskararen kale-erabileraren neurketa.
  • ¨ Hainbat publikazio eta ikastaro eskaini izana. Horien artean UEUkoak eta aldizkari hau berau.
  • ¨ Baina, lanik eraginkorrena, niri begintantzen zaidanez, UEMAren bitartez bideratutakoa da.

Etorkizunerako zerikasia

Nire ustez EKBren ibilbide, estilo eta ondorioetatik badugu zer eta non ikasia ugari baina, nik honako ikasgaiok azpimarratu gura ditut:

Gizarte erakunde eta Instituzioen arteko dikotomiarena da lehenengo gainditu beharreko ikasgaia. Horri dagokionez, Euskal Herriaren zati batean, guztiz proiekto komuna ez bada ere, jardunbide adostu eta benetako elkarlana lortu beharra daukagu, euskarak derrigorrezkoa duelako eta, bestalde, inoiz baino lorgarriago izan litekeelako. Orain, daukagun aukera ez dezagun erre eta, berriro ere, beste inpas bat sortu.

Beraz, une historikoak heldutasunez eta erantzunkizunaren artikulazioa posible egiteko moduan jokatzea eskatzen digu denoi.

Horrez gain, ondorengo kontzeptuotan oinarrituko nuke dikotomia gainditze hori:

Euskara balore, tresna eta helburu izango den diskurtsoaren garapenean, horren erakarmen indarrak kontsentimendutik konbentzimendura garamatza eta.

Osagarritasunaren kontzeptua barneratu eta garatu beharra daukagu, bakotxaren joko-zelaia adostuz.Era horretan "aurkari" jokaera baztertu, eragina handitu eta norabide beretsuan jardutea lortuko dugu.

Metodoa da, bestalde, jarduerarako tresna ezinbestekoa eta horri dagokionez, komunikazioak eta adosasunerako borondateak izan behar ditu oinarri.

Kooperazioa da maila operatiboan garatu beharreko beste kontzeptu bat eta, horretarako, hitzarmen-politika gauzatu beharra dakusat, horrek jarraipen-batzorde mistoak dakartzalako eta, horien bidez, baliabideen azterketa eta adosteko premia dela medio denok jimnasia egin beharra, harremanak sakontzeko aukera damaigulako eta kolaborazio-bideak ahalbidetzen dituelako. Azken batean, -KIN egiteak izan behar du helburu.

Hori guztia litzateke, gizarte erakundeen et Instituzioen artean, garai berriek eskatzen duten hizkuntza politika osatu berrirako oinarria.

Gizarte mailako erakundeen arteko gainegiturari dagokionez, arestian esandakoa bere egiteaz gain, EKBren ikasgaietatik ikasiz, onuragarri eta eraginkorra gertatu behar da, barne zein kanpora begira, organoa eta funtzioak integratuz eta benetako eta zalantzakor egingo ez den alderdi-politikarekiko autonomia izan behar du.

Bere eginkizun nagusietakoak euskalgintzaren sektore eta erakundeen artikulazioa eta, horrekin batera, euskararen aldeko erantzunkizuna sozializatzen eta defizit funtzionala gainditzen lagunduko duen masa kritikoa osatzea lirateke, hori burutzeko euskararen komunitatea subjektu eraginkor eginez eta horren bizi nahia eta desideratuma bideratzeko tresna behar du izan gainegiturak.

Horretarako ezinbestekoa da euskalgintzan diharduten elkarte, talde eta entrepresen sinergia-bideak jorratu eta gauzatzea sektore bateko zein sektore desberdinen ekimen-subjektoen arteko optimiozazioa errealitate egin dadin. Horrek ekarriko du eta, izaera sozialeko entitateen artikulazioa eta benetako elkarlana: kudeaketa konpartitua. Izan ere, hori baita benetako paradigma: alde batetik, elkarlanean esanetik ekintzara pasatzea eta, bestetik, beharrezko kohesio-emaile.

Baina, horrez guztiorrez gain, iragan hurbilean ustel gertatu diren zenbait joera zuzendu egin behar dira. Hala nola, izaera sozialeko entitateen arteko zilborreztea, konpaktazioa, eten barik landu beharra dago, hori inpaktazioa baino aurrekoa da eta; kudeaketa-eredua eta estiloa dela eta, iraganeko inertziak errepikatu barik ideia sortzaileak hobestea komeni da; egin-eragin bektoreen azterketa eta mugak marraztea onuragarri gertatuko da bitartekoak helburu bilaka ez daitezen; -KIN egitea da jardueraren giltza, besteak egon ez daitezen gure zerbitzuan, geu euren zerbitzuan egon beharrean, horren ondorioz sentitzen baita gainegiturako eta bere kideen arteko sentitu behar den sintonia eta sinkronia: bere txapelpean daudenek gertu sentitzea; gogoeta eten bakoa egin behar da hiru mailatan: estrategikoan, funtzionalean eta diskurtsiboan, gogoeta funtzioa gainegituraren muinean kokatuz; paranoiatik urrun baina autokritikarako eta neurri zuzentzaileak ohiko jardunean txertatzeko mekanismo eta moduak jarri beharra dago, pertzepzio-kontrastea arnas-bide da eta.

BAT aldizkaria: 
31. 1999ko uztaila. Euskararen aldeko gizarte-mugimendua eta EKB
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Fernando Muniozguren
Urtea: 
1999