Iragana bukatu gabeko historiaz beterik dago

inguru sozialean oinarria zukeen ikaskuntza eta, aldi berean, inguru sozial horretan eragina zeukakeena jartzen genuen xedetzat.

Herri ikaskuntzaren bidezko metodologia horretarako goitik laguntzarik ez genuenez sumatzen, halako proiektuarekin ados egon zitekeen jendearen indarrak biltzera jo genuen, eta hortik EKB bultzatzea.

EKBren beste ekarpen bat, oso garrantzitsutzat daukadana, euskararen normalkuntzarako plan orokor baten beharra plazaratzea izan zen, horren aldeko manifestazioak eginez, planteamentuak arrazoituz, beste nazio batzuetako jendearekin harremanak eginez...

filosofia bikoitza antzeman ahal izan dut nire esperientzian zehar. Bata, gobernua (edozein arlotakoa) herri-energien zerbitzu gisara jotzen duen ikuspegia; eta bestea, ordea, gobernua botere-eragiketa gisara dakusana.

benetan "demokratikoa", ikuspegi horizontala litzateke: gizarteak sortzen du energia guztia, eta gizarte horretako behin-behineko agintariak energia horren zerbitzura daude.

EKB beste erakunde batzuei bide eman eta apalki erretiratu da. Bere historia, halere, bukatugabeko horietarikoa dela uste dut. Duela milioka urte iraungi arren, beren argia eta gaia bidaltzen darraiten izar horiek bezalaxe.

Horretaz lehendik sinetsita banegoen ere, orain, EKBren sorrerako zertzeladez gogoratzea eskatu didatenean eta oroitzapenak astindu ditudanean, konbentzimendu hori berretsi egin zait.

Donostiara bidaiak.

Oso gogoan ditut garai hartako bilerak, 80ko hamarkadan, antzinako UZEIko lokaletan eta abar. Gogoan ditut Pauloren txostenak euskaren normalkuntzari buruz eta plangintza orokorraren premiari buruz. Gogoan euskararen inguruko herri taldeak sustatu eta koordinatu beharrari buruzko solasak, Euskararen Eguna antolatzeko aukerei buruzkoak...

Erakunde eta euskara talde ezberdinetako jendea biltzen ginen, nahiz eta gutxitan suertatu asko batera biltzea. Ni neu AEKko ordezkari gisa joaten nintzen, eta orain esango dizuet zein asmorekin.

Historia pixka bat.

Egin kontu 1983an gaudela. Lau urte lehenago, AEKk bere "Birreraketako Aurreproiektua" aurkeztu zion Eusko Kontseilu Nagusiari (EKN), gure irakakuntza alternatibaren ildo nagusiak azalduz. Honako hauek, alegia: a) irakaskuntza autonomia. Hots, irakaskera autonomoa, dirigismo bertikaletik barik, ikas-elkarteetatik letorkeelarik protagonismoa eta aberastasuna; funtzionamendu demokratikoa, kargu ezarrien ordez; ikas-talde eta ikas-elkarteen dinamika hormatuko ez zukeen kontrol mota... eta

b) herri dinamika. Hots, Euskal Herri osoko eremua hartzea, sektore guztiengana iritsiz (lan mundua, komunikabideak, hezkuntza...), planteamendu akademiko hutsak gaindituz; eskola herriratzea, kaleratzea, eta kalea euskalduntzea xedetzat jarri hizkuntz irakaskuntzaren helburu eta estrategiatzat; lan horretan, Administrazio berriaren eta herri dinamikaren elkarlana finkatu...

EKNren aldetik negoziazioak hormatuta geratu ziren eta haren jarraian sortu zen Eusko Jaurlaritzak ere ez zuen eman erantzunik. Hobeto esanda, 1981ean HABE sortu zuen, AEK ordezkatzeko asmo garbiarekin.

Inguruarekin loturiko helduen irakaskuntza eta EKB.

Beraz, inguru sozialean oinarria zukeen ikaskuntza eta, aldi berean, inguru sozial horretan eragina zeukakeena jartzen genuen xedetzat. Hau da, batetik, talde dinamikan eta herri dinamikan oina hartzen zuen ikaskuntza, gizarte sektore ezberdinak parte hartuz ikas prozesuan; eta, bestetik, Euskal Herria euskalduntzean, euskararen normalkuntzan, eragina izan zezakeena."Euskararen normalkuntza ez datza soilik ikas metodologian -genioen-, baina badira normalkuntzari begira dauden metodologiak (baita normalkuntzari bizkar emanda dihardutenak ere)".

Herri ikaskuntzaren bidezko metodologia horretarako goitik laguntzarik ez genuenez sumatzen, halako proiektuarekin ados egon zitekeen jendearen indarrak biltzera jo genuen, eta hortik EKB bultzatzea. Argi genekusan euskararen ordezpen prozesuaren erasoa. Eta ez AEKk ez euskaltegi isolatuek ezin lor zezaketela prozesu horri buelta ematea eskola-orduez soilik baliatuz. Gainera, kulturgintzan oinarritutako metodologiak askoz emaitza hobeak ematen zituela euskara ikastean ere. Baina horretarako gizarte sektore euskaltzale anitz inplikatu beharra zegoen.

EKBren ekarpena

Beraz, Euskal Kulturaren Batzarra sortu zen 1983an. Euskarazko kulturaren inguruan ziharduten elkarteak harremanetan jartzeko, sail ezberdinetako talde zein erakundeak elkarri laguntzeko, talde berriak sortzeko... Asmoen laurdenik ere ez zen bete. Halere, herri eta auzoetako taldeekin egin genituen harremanak bapo etorri zitzaizkigun kulturgintzan oinarrituriko ikaskuntza hura dinamizatzeko. EKBren beste ekarpen bat, oso garrantzitsutzat daukadana, euskararen normalkuntzarako plan orokor baten beharra plazaratzea izan zen, horren aldeko manifestazioak eginez, planteamentuak arrazoituz, beste nazio batzuetako jendearekin harremanak eginez...

Azkenez, EKBk bere filosofia utzi zigun. Instituzioen eta herri mugimenduen arteko elkarlana ezinbestekoa zela. Herri taldeetan sortzen dela euskararen aldeko energia handiena; horren bultzatzaile eta zerbitzari izan behar dutela instituzioek. Ez da gutxi filosofatzea.

Izan ere, filosofia bikoitza antzeman ahal izan dut nire esperientzian zehar. Bata, gobernua (edozein arlotakoa) herri-energien zerbitzu gisara jotzen duen ikuspegia; eta bestea, ordea, gobernua botere-eragiketa gisara dakusana.

"Herri Gaztediko" esperientzia izan nuen lehena. Han ikasi genuen egituraketa horizontalaren arabera funtzionatzen, guztien iritziak mahairatzen eta horren ondorioetara egokitzen. Geroago, lan munduan izan nuen esperientzian, enpresako "asanbladen" praktika horizontala bizi izan nuen, eta orduantxe eman zitzaien hasiera, 1978 inguruan, filosofia hori modu erabakigarrian alboratuko zuten praktikei.

Azkenez, euskalgintzan izan dudan esperientzian ere gauza bera antzeman dut. Batzuek ikuspegi piramidala erakutsi dute: goian gobernua dago erabakiak hartzen eta prozesua zuzentzen, eta gainerako eragile guztiak haren aginduetara. Herriaren onerako, baina herriaren protagonismorik gabe. Aldiz, benetan "demokratikoa", ikuspegi horizontala litzateke: gizarteak sortzen du energia guztia, eta gizarte horretako behin-behineko agintariak energia horren zerbitzura daude. Halere, azken filosofia hau ez da nagusi gure gizartean; maiz, gobernu-instituzioetatik at sortzen denari errezeloa izan ohi zaio, lehia eragingo bailuen. Horrexegatik diot EKB bezalako planteamenduek beren meritua daukatela.

Beraz, EKB beste erakunde batzuei bide eman eta apalki erretiratu da. Bere historia, halere, bukatugabeko horietarikoa dela uste dut. Duela milioka urte iraungi arren, beren argia eta gaia bidaltzen darraiten izar horiek bezalaxe.

BAT aldizkaria: 
31. 1999ko uztaila. Euskararen aldeko gizarte-mugimendua eta EKB
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Jesus Naberan
Urtea: 
1999