EKBren 16 urteko lanaren memoria

Euskal Herri osoan euskararen normalkuntza lortzea helmugatzat edukiz, EKBren helburu nagusia, euskararen normalkuntzan ari diren erakunde sozialak sustatzea eta hauen ahaleginak optimizatzen laguntzea izan da, euskararen normalkuntzarako jarduera amankomun eta koordinatuak bilatuz, zerbitzu amankomunak antolatuz eta erakunde instituzional eta sozialen arteko elkarlana bultzatuz.

Indarren sakabanaketa eta koordinazio eza orokorra zen. Beraz, kezka eta asmo horien haritik sortu zuten EKB euskalgintzako eta euskal kulturgintzako hainbat elkartek 1982 eta 1983an zehar egindako hainbat bileren ostean.

Beraz, bi arrazoi nagusik bultzatu zuten euskalgintzako hainbat elkartek bat egin eta EKB sortzera; euskalgintzan lanean ziharduten elkarte eta erakunde ezberdinak koordinatu eta biltzeko gune baten beharra eta euskararentzat Plangintza Orokorra bultzatu eta erdiestearen premia bestetik.

Sorreratik bertatik ekin zion EKBk Plangintza Orokorrerako pausoak emateari.

EKBk Europako Parlamentuaren eta Komunitateen Komisioaren hizkuntz arazoetarako Erakunde Aholkuemaile Ofiziala den < Bureau Europeen pour les Langues Moins Repandues>eko ordezkaritza darama Hego Euskal Herrian

EKBren Dokumentazio zerbitzuaren xedea euskara eta euskal kulturarekin zerikusia duen era guztietako informazioa biltzea izan da, gurearen antzeko egoeran dauden beste hizkuntzen berri ere bilduz.

Udako euskal Unibertsitatearekin batera argitaratzen duen Soziolinguistika Saila bildumaren xedea soziolinguistikazko gaiei buruzko dibulgaziozko argitarapenen urritasunari aurre egitea izan da.

Publizitateak hizkuntza normalizatu eta normalizatu gabekoen artean jokatzen duen papera aztertzen aritu zen Publizkuntza-91 izeneko Kongresua.

Bi ardatz nagusi izan zituen, bata Nafarroan euskararen ofizialtasunaren alde eta bestea gizarte guztiari zuzendua baina batez ere erdaldunei, euskara euskaraz ez dakitenena era badela azpimarratuz eta euskaraz ikasi eta hitz egiteko eskubidea guztiona dela gogoratuz.

Beren haurrentzat euskarazko eredua (D) aukera dezaten, eskolan lehenengo aldiz matrikulatuko diren haurren gurasoei zuzenduriko informazio eta mobilizazio kanpaina.

Kanpaina honek bi helburu zituen: euskararen imajina hobetzea gizartean eta Nafarroa eta Iparraldeko ikastolen alde dirua biltzea.

EKBk euskararen kale erabilpenaren hiru neurketa egin ditu. Lau urtean behin egiten den neurketa hau Euskal Herri osoan burutzen da, 5.000 biztanletik gorako herri guztietan eta kopuru horretatik beherako lagin batean.

Jardunaldi hauen helburua, alde batetik Vascuencearen Legearen eraginaren azterketa eta arloz arloko ikerketa sakona egitea zen eta bestetik, euskararen normalkuntza prozesuari begira, esparru bakoitzeko lehentasunezko neurriak zeintzuk liratekeen aztertze.

Euskarazko egunkaria egitea errealista zela ikusita eta Eusko Jaurlaritza, garai hartan behintzat, bide horretan pausorik emateko asmorik ez zuela ikusirik, 1989ko urrian egindako EKBren Nazio Batzordean, egunkaria sortzearen aldeko deia egitea erabaki zen.

Publizitate alorrean euskararen egoera ezagutzeko, estamentu inplikatuen jarrera neurtzeko eta ekimen berriak zabaltzeko aukerak aztertzeko antolatu zen Donostian Feria eta Kongresu hau.

1991ean ekin zion EKBk administrazioan lanean ari ziren zenbait teknikari koordinatzeari.

Helduen euskalduntze eta alfabetatze alorrak funtsezko papera du euskararen normalizazioan.

1992an zehar EKBk hainbat helegite judizial sartu zituen, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako perfilen planari jaramonik egiten ez zieten administrazioen kontra.

Hizkuntza Gutxiko hizkuntzen zinemaldiak 1994an izan zuen abiaburu urtea.

Herritarrok euskararekiko dauzkagun hizkuntz eskubide indibidual eta kolektiboak azaltzen eta erreibindikatzeko, 1994ko udaberrian Bizkaiko Abokatuen Bazkunako Euskara Batzordearekin batera egindako kanpaina

1994an hizkuntz politika ofiziala makaltzeko saioak egin ziren Euskal Autonomia Erkidegoan zenbait alderdi politikoren aldetik.

EKBk 1995eko azaroan egindako Nazio Batzordean Plangintza Orokorra gauzatzen hastea erabaki zuen.

EKBk proposamen zehatzak luzatu zizkion Eusko Jaurlaritzari Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa euskalduntzeko.

Gai honekiko kezka lehenagotik bazetorren ere, 1995an behar beharrezkoa ikusi zuen iharduera politikoaren euskalduntzeari ekitea.

Euskal Herrian Euskaraz erakundeak 1995ean egin bileran Euskaraz Bizitzeko Hitzarmenaren ideia mahaigaineratu zuen. EKBk hartu zuen ondoren ekimen honen ardura nagusia.

EKBk burutu duen Eman Euskarari Berea kanpainak bi-hiru hilabete eman zituen herriz herri eta sailez sail euskara eta euskalduntze prozesuaren arazoak azaltzen eta hizkuntzaren normalizazioa bideratzeko borondate politiko ausartagoa aldarrikatzen.

Azken urteotan euskalgintzan eman diren garapen eta urratsek zuzenki eragin diote EKBri ere.

Kontseilua sortu izanak egoera eta marko berri bat zabaldu zuen euskalgintzan.

EKBren Nazio Batzordeak aho batez onartu zuen proposamena eta honela EKB desegiteko erabakia hartu zen.

Hemen jaso diren proiektu eta ekimenak adierazle bat baino ez dira, hauen atzean, itzalean, hamaika bilera eta saiakera gordetzen baita. Saio hutsak ere bai, etxe guztietan bezalaxe.

Ez da, seguruenik, hutsegite hauen arrazoiak eta zioak bilatzeko momentua eta gunea ere baina norbere mugak eta akatsak aitortzea beti da osasuntsu.

Datozen urteak euskararentzat garrantzitsuak eta erabakiorrak izango direlako, ziur gaude EKBren inguruan, era batera edo bestera, bildu eta lagundu duten euskaltzale finak saiatuko direla aurrera ere beren lekukotza uzten.

Euskal Kulturaren Batzarrearen (EKB) ibilbidea laburbildu eta jaso nahi da ondoko memoria honetan. 16 urtetan zehar euskara eta euskal kulturaren berreskurapen eta normalkuntzaren alorrean lanean diharduten erakunde sozialen Konfederazioa izan den erakunde honen emana lerro gutxi batzuetan biltzea ez da lan erraza, eta egindako hamaika ahalegin eta ekimen aipatzeke uzteko arriskua dago gainera. Ezinbestean, hainbat eta hainbat jarduera, zailtasun, oztopo, lorpen eta bizipen itzalpean geldituko dira. EKBk euskarari eta euskalgintzari egindako ekarpenaren islada izan nahi du bilduma honek. Ekarpen horren atzean, noski, hamaika erakunde-elkarte eta euskaltzale dago, dinamizatzaile, arduradun, ordezkari, laguntzale, babesle zein lankide gisa lan eskerga egin dutenak urte hauetan guztietan. Bereziki gogoratu nahi ditugu EKBren sorreratik bertatik bultzatzaile izan ziren Eusebio Osa eta Joxemi Zumalabe lagunak. Izan zirenei eta direnei, guztiei, eskerrik beroenak EKBren izenean.

Hainbat urtetan euskararen normalizazioa helburu lanean jardun duen erakunde bat desegiteko erabakia hartzea lan nekeza da. Azken urteotan euskalgintzan eman den garapenak eta eman diren urratsek eraman dute EKB horrelako erabaki bat hartzera. Ez dugu erakunde honen desegitea porrot gisara ulertzen inondik ere, aitzitik, euskalgintzan eman den eta ematen ari den garapenaren ondorio logikoa da. EKBren helburu behinenak lortzen ari dira edo lortze bidean dira. Tamalez, oraindik ere euskararen garapen osoa eman dadin ibilbide luzea dago egiteko. Baina bitartekoetan, egituretan eta antolakuntzan urrats nabarmena, aurrerakoia eman du euskalgintzak. Horiexek izan dira EKBren desagerpena erabakitzeko arrazoi nagusiak, aurreraurratsak beraz, euskararen normalizazio lanean indarberriz eta itxaropentsu jarduteko bultzada ematen digutenak.

EKBren helburua eta funtzioak

Euskal Herri osoan euskararen normalkuntza lortzea helmugatzat edukiz, EKBren helburu nagusia, euskararen normalkuntzan ari diren erakunde sozialak sustatzea eta hauen ahaleginak optimizatzen laguntzea izan da, euskararen normalkuntzarako jarduera amankomun eta koordinatuak bilatuz, zerbitzu amankomunak antolatuz eta erakunde instituzional eta sozialen arteko elkarlana bultzatuz.

Helburu nagusia izan dena erdiesteko, honako funtzioak izan ditu EKBk betekizun:

  • Euskal Herri osoko euskalgintzako erakunde sozialen artikulazioa eta indar bilketa bultzatzea.
  • Euskal kulturaren sektore ezberdinetatik bideratutako jardueren arteko koordinazioa lantzea.
  • Erakunde eta sektore arteko jarduera eta ekintza bateratuak bultzatzea.
  • Erakunde eta sektore arteko komunikazioa bultzatzea.
  • Euskalgintzako erakundeei bere lanerako lagungarri izango zaizkien zerbitzuak sortu eta eskaintzea: dokumentazio, informazio, formazio, laguntza juridiko, komunikazio eta harreman alorrekoak.
  • Lurralde zein sektore mailako euskararen normalkuntzarako plangintzaren prestaketa bultzatu eta parte hartzea.
  • Hizkuntza eta kultur eskubideen sustapena eta garapena bultzatzea
  • Hizkuntza eta kultura minorizatuen defentsa eta berreskurapena helburu duten Europa eta munduko beste erakundeekin harremanak bideratzea.
  • Euskara eta hizkuntza minorizatuei buruzko ikerketa eta argitalpenak bultzatzea.
  • Erakunde sozial eta instituzionalen arteko harremana eta elkarlana bultzatzea.

Zeintzuk osatu duten EKB

  • AEK (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea)
  • Argia, informazio orokorreko astekaria
  • Arrano Beltza Euskal Tokia
  • Bagare Euskal Tokia
  • EHE (Euskal Herrian Euskaraz), euskararen defentsa erakundea
  • Euskaldunon Egunkaria
  • Goierriko Euskal Eskola
  • IKA (Ikas eta Ari), euskalduntze alfabetatzerako elkartea
  • Ilazki euskaltegia
  • Jakin aldizkaria
  • Kalegana, itzulpen bulegoa
  • Maizpide euskaltegia
  • Oinarriak, Nafarroako euskalgintzaren erakundea
  • UEU (Udako Euskal Unibertsitatea)
  • Urrats euskaltegia

EKBren osaketan, gerora desagertu ziren Euskal Antzerki Taldeen Biltzarra eta Irakasle Elkartea ere aritu ziren. Halaber, EKB elkarlan estuan aritu da bazkide ez diren honako talde hauekin ere: Unibertsitateko euskara taldeak, Bizkaiko Abokatuen Kolegioko Euskara Botzordea, Zaldiko Maldiko Iruñeako euskal tokia, eta herri mailako hainbat euskara elkarte.

EKBren Osaketa eta organigrama

Ikus artikuluaren amaieran

EKBren ibilbidea eta jarduera

SORRERA PROZESUA ETA HASTAPENEKO JARDUERA (1982-1987)

EKB 1983ko martxoaren 12an sortu zen, Bergarako UNEDen egindako sortzezko bileran. EKBren asmoa ez zen kezka erabat berrietatik sortu. Bazuen bere aurrehistoria, diktaduraren garaian herrian sorturiko eta bizkorturiko talde, elkarte eta erakundeak bateratu eta koordinatu nahian egindako ahalegin eta urratsetan. Ahalegin horietako batzuk aipatu besterik ez dugu egingo: 1976an euskararen ofizialtasuna eskatuz egindako eta zabalduriko agiria eta sinadura bilketa; urte berean, UEUk bultzaturik, Durangon egindako batzarrea; euskal kultur talde eta sailetako elkarte eta erakundeak elkartzeko eta koordinatzeko egindako bilerak, Euskal Herri osoko kultur indar handia eratu nahian. Nafarroatik etorri zen azken asmo hau, eta berartatik eragin zen bereziki Etxepare deitu zitzaion ekimena.

Asmo eta ekinaldi horiek aparte, euskalgintzako talde eta elkarte herritarrak eta sailak elkarrengandik bereiz zebiltzan gehienetan, bakoitza bere lanari eta dinamikari eutsiz, bakoitza bere arazoei erantzunez eta bere eskakizunak aurrean ipiniz. Indarren sakabanaketa eta koordinazio eza orokorra zen. Beraz, kezka eta asmo horien haritik sortu zuten EKB euskalgintzako eta euskal kulturgintzako hainbat elkartek 1982 eta 1983an zehar egindako hainbat bileren ostean. Prestakuntzarako lehen bilera formala 1982ko apirilaren 2an egin zen, eta ondoren urte osoan zehar ekin zitzaion lanari. Aurkezpen publikoaren egunaren aurretik, 1983ko otsailaren 25eko data azpimarratu beharra dago: egun horretan sail ezberdinetako ordezkarien artean < Euskararen Normalkuntzaren aldeko Agiria> izenekoa onartu zen, EKBren sortzezko agiritzat jo daitekeena hain zuzen.

Esan dugunez 1983ko martxoan Bergaran egindako sortzezko bilera izan zen EKBren I. Biltzar Nazionala. Bertan finkatu eta onartu ziren EKBren ildo nagusiak izango zirenak eta baita funtzionamendurako filosofiaren oinarriak ere.

Beraz, bi arrazoi nagusik bultzatu zuten euskalgintzako hainbat elkartek bat egin eta EKB sortzera; euskalgintzan lanean ziharduten elkarte eta erakunde ezberdinak koordinatu eta biltzeko gune baten beharra eta euskararentzat Plangintza Orokorra bultzatu eta erdiestearen premia bestetik. Bi ardatz horien inguruan antolatu zen EKB, eta astapeneko urteetan azpiegitura eta bitarteko oso mugatuekin jardun bazuen ere lanean, bi ardatz horien osagarri gisa bultzatu ditu geroztik beste hainbat eginkizun eta funtzio. Ondoren aurkezten direnak dira hasierako urteotako ekimenen artean azpimarratzekoak:

Euskararen Egunak (1983-1986)

Euskal Herri osoan zehar antolaturiko euskararen jaiak izan ziren Euskararen Egunak. Bertan gizarte eta kulturaren sektore ezberdinek hartu zuten parte eta kale mobilizazio handiak izan ziren.

Euskararen Plangintzarako oinarriak (1985)

Sorreratik bertatik ekin zion EKBk Plangintza Orokorrerako pausoak emateari. 1985eko urtarrila-martxoan argitaratu zen Jakin aldizkariaren 34. zenbakian Euskararen Plangintzarako Oinarriak izeneko dossier berezia. Bertan, euskara eta herri dinamika, euskararen normalkuntza eta plangintza, elebitasuna eta euskararen berreskurapena, euskararen ofizialtasuna, euskararen estandarizazioa eta modernizazioa, euskararen irakaskuntza eta alfabetizazioa, euskara irakaskuntzan, euskara komunikabide sozialetan, euskara administrazio publikoan, euskara gizarte zerbitzuetan, euskara lan munduan, euskararen plangintzaren abiaburuak, administrazio publikoei eskabideak eta EKBren ekinbidea ziren atal nagusiak.

Dossier honek urte askotan EKBren filosofiaren funtsa isladatu du eta oraindik gaur egun baliagarria da plangintzari buruzko kontzeptzioen oinarriari dagokionez.

EKB Europan

EKBk Europako Parlamentuaren eta Komunitateen Komisioaren hizkuntz arazoetarako Erakunde Aholkuemaile Ofiziala den < Bureau Europeen pour les Langues Moins Repandues>eko ordezkaritza darama Hego Euskal Herrian.

<<Hizkuntza Gutxituen Bulego Europarra>> 1982an sortu zen Europar Komunitateko hizkuntza gutxiagotuak zaindu eta bultzatzeko.

1987-1997

1987an azpiegitura sendotzen ahalegin berezia egin zen eta ondorioz lan talde iraunkor bat osatu zen urte horretatik aurrera antolatuko diren ekimenak bideratzeko. Jauzi honek hainbat dinamika sortuko du ondoren jasotzen diren eta azpimarragarrienak diren ekimenak lekuko.

Urte tarte honetan bi Biltzar Nagusi egin ziren. 1988an II. Biltzar Nazionala izango zena, zeina bi fasetan burutu zen. Lehendabizikoa martxoan Donostiako Filosofia eta Hezkuntz Zientzien Fakultatean eta bigarrena uztailan, UEUko Iruñeako ikastaroen baitan. Biltzar honek finkatu zituen EKBren ernealdiaren oinarriak eta epe ertainerako estrategia. Biltzar honetan ere, urte bete lehenago argitaratutako Jose Maria Sanchez Carrion en hizkuntzaren teoria soziala aztertu eta EKBren dinamikan lagungarri gerta zedin eztabaida burutu zen.

III. Biltzar Nazionala 1992ko martxoan egin zen Donostiako Filosofia eta Hezkuntz Zientzien fakultatean. Han finkaturiko lan ardatzak izan dira ondoko urteetako EKBren egitasmoa erabakitzeko erabili direnak.

Jarraian azpimarratzen diren ekimen hauek guztiak eta aipatzeke gelditzen diren beste hainbat, EKBko lantalde ezberdinetan landu eta mamitu dira. Lantaldeek proposatu eta eman izan diete forma EKBk sail bakoitzean egiten dituen dinamikei. Iharduera orokorreko ekimenak, hertsiki sail bati lotuta ez daudenak, lantaldetan ere aztertu izan dira baina Nazio Batzordeak finkatzen zituen.

Dokumentazio zerbitzua (1987)

EKBren Dokumentazio zerbitzuaren xedea euskara eta euskal kulturarekin zerikusia duen era guztietako informazioa biltzea izan da, gurearen antzeko egoeran dauden beste hizkuntzen berri ere bilduz.

Dokumentazio zerbitzuaren gaiak:

  1. Euskara eta euskal kulturari buruzko berri guztiak. Euskararen normalkuntza prozesuarekin zerikusia duten gaiak biltzen dira nagusiki. Garrantzia berezia dute herri mailako talde eta elkarteek burutzen dituzten ekimenak.
  2. Mundu zabaleko hizkuntza gutxituei buruzko dokumentazioa, bereziki normalkuntza prozesua abian daukatenena.

Zerbitzuak

Prentsa boletina. Ohiko boletina astero atertzen da. Astero biltzen diren 400 berrien artetik, 80 bat hautatzen dira boletinerako. Boletin espezializatuak ere argitaratu ohi dira: herrietako jarduerei buruzkoa, antzerkia, liburugintza, musikagintza… Boletin hauek harpidetza bidezkoak izan dira. Urte amaieran boletik guztiak Cdan eskuratzeko aukera eskaini izan zaie harpidedunei.

Dokumentazio bilketa. 37.000 prentsa albisteri eta 1.600 dokumenturi buruzko fitxa osatu du EKBk. Fitxa horien guztien artean bilaketa egiteko aukera eskaini du

Informazioaren hedapen selektiboa. Aurrez adostuta, euskalgintzako elkarteei eskaini zaien dohaneko zerbitzua izan da. EKBra halako edo bestelako gaiari buruzko informazioa iristi orduko, horren erreferentzia zabaldu zaie zerbitzu hau eskatu dutenei.

Liburutegi eta hemeroteka zerbitzua. EKBko kontsultarako aretoan, 1.600 dokumentu eta prentsako 128.000 artikulu egon da aztergai. Erreprografia zerbitzua ere eskaini da.

BAT soziolinguistika aldizkaria (1989tik aurrera)

Soziolinguistikan eta glotopolitikan espezializatutako aldizkaria. 1989an kaleratu zen lehenengo zenbakia eta. Bertan, Euskal Herrian nahiz atzerrian gai hauetaz burutzen den lanketa teoriko zein gauzatzen diren esperientzia praktikoak jasotzen dira.

Soziolinguistika Saila liburu bilduma

Udako euskal Unibertsitatearekin batera argitaratzen duen Soziolinguistika Saila bildumaren xedea soziolinguistikazko gaiei buruzko dibulgaziozko argitarapenen urritasunari aurre egitea izan da. Argitaratu diren liburuak honakoak izan dira:

  • Hizkuntz normalkuntzarako ekinbideak udalerri mailan. Planifikaziorako orientabideak
  • Soziolinguistika gazteentzat
  • Giro urbanoko gazteak eta euskara
  • Gerra aurreko gizarte-hizkuntzalaritza Euskal Herrian
  • Soziolinguistika matematikoa
  • Lluís Aracilen idazlan hautatuak

“Euskaldunaren Hizkuntza Eskubideak. Euskara tu derecho! L´euskara est votre droit! liburua. (1990)

“Publizkuntza, publizitate eta hizkuntza ez normalizatuei buruzko Kongresuaren aktak. (1992)

Publizitateak hizkuntza normalizatu eta normalizatu gabekoen artean jokatzen duen papera aztertzen aritu zen Publizkuntza-91 izeneko Kongresua. Esku artean duzun argitalpenaren orrialdeetan aurkituko dituzunak, Publizitatea eta Hizkuntza ez normalizatuei buruzko Nazioarteko I Kongresuan esanikoak dira.

Beste argitalpenak

EKBerriak: Hizkuntz normalkuntzarako lanen inguruan EKBk bultzatu eta burutzen dituen ekimen eta jarduerei buruzko informazio orokorra ematen duen aldizkaria.

Euskara Guztiona Guztiontzat (1987)

Urtean zehar egindako mobilizazio eta presio kanpaina izan zen honako hau. Bi ardatz nagusi izan zituen, bata Nafarroan euskararen ofizialtasunaren alde eta bestea gizarte guztiari zuzendua baina batez ere erdaldunei, euskara euskaraz ez dakitenena era badela azpimarratuz eta euskaraz ikasi eta hitz egiteko eskubidea guztiona dela gogoratuz. Iruñean egin zen manifestazio jendetsu batekin eman zitzaion amaiera kanpaina honi.

Euskaraz Jaun eta Jabe / Euskara el idioma para enterdernos (1987)

Euskalduntze eta alfabetatzeko elkarte eta euskaltegi ez publiko guztiek 1987ko irailean elkarlanean egindako matrikulazio kanpaina. Kanpaina honek ez zuen halako edo bestelako euskaltegiren aldeko mezu zuzenik eman; mezu berezitua zabaldu zuen euskaldunen artean alfabetatzeari begira eta erdaldunen artean euskalduntzeari begira. Lankide aurrezkiaren babesa izan zuen, DV, Egin, El Correo, Deia eta Navarra Hoy egunkarien laguntza berezia eta hainbat pertsona ezagunen partaidetza.

D ereduaren aldeko kanpainak (1997-1999)

Irakaskuntzako maila ezberdinetara zuzendutako hainbat kanpaina antolatu ditu EKBk. 1987tik aurrera eskolaurreko kanpaina <<Etorkizuna euskaraz dator / El futuro habla euskara>> lelopean. Beren haurrentzat euskarazko eredua (D) aukera dezaten, eskolan lehenengo aldiz matrikulatuko diren haurren gurasoei zuzenduriko informazio eta mobilizazio kanpaina. Irakaskuntza alorreko talde, elkarte eta erakundeekin eta udal ezberdinekin lankidetzan antolatu izan da.

1988tik aurrera, < Euskara hire aukera> lelopean ertainetako ikasleei zuzendutako motibazio kanpainak antolatu dira, irakaskuntza ertainean euskarazko adarren aukeraketa sustatu asmoz.

1997tik aurrera Lanbide Heziketan euskararen eskaintza indartzea helburu duen kanpaina antolatu du EKBk <<Euskaraz hazi, bizi, hezi eta lan>> lelopean.

Hizkuntza Gutxituen normalkuntzari buruzko nazioarteko Topaketak (1987)

Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñean ospatu ziren Topaketa hauek, beste hizkuntz normalizazio prozesu batzuk ezagutzearren antolatu zituen EKBk. Bertan egon ziren besteak beste: Katalunyako AEPA; Group de Lingua Catalana; Asociacion Socio-Pedagoxica Galega; Jorge Lizama, Maputxe herriko ordezkaria; Luzmila Carpio, Aymara herriko ordezkaria; Lluis Aracil irakasle katalana; Timo Riho irakaslea, Helsinkiko Unibertsitatekoa eta Ned Thomas, irakasle galesa.

Erasoen aurka ekin euskarari kanpaina (1988)

Euskarari egindako erasoen aurrean 1988an antolatutako mobilizazio eta presio kanpaina izan zen hau. Iruñean amaitu zen mobilizazio jendetsu batez.

Bateginik (1988)

Ikastolen Elkarteak eta EKBk elkarlanean eta PNV, EA eta HB alderdi politikoen babesaz antolatutako kanpaina erraldoia. Kanpaina honek bi helburu zituen: euskararen imajina hobetzea gizartean eta Nafarroa eta Iparraldeko ikastolen alde dirua biltzea. Dozenaka milioi pezeta jaso ziren eta euskararen aldeko 300.000 sinadura baino gehiago bildu Europako Parlamentuko lehendakariari aurkeztuz zitzaizkionak urte horretako abenduan egindako ekitaldi berezian.

Herri-Administrazioen Hizkuntz Plangintzari buruzko Biltzarra (1988)

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Idazkaritza Nagusiarekin, EUDEL eta IULArekin lankidetzan antolatutako Nazioarteko Biltzarra ospatu zen Donostian. Bertan Eusko Jaurlaritzak gerora <<Hizkuntz Perfilen plana>> bezala ezagutua izan denaren zirriborroa aurkeztu zuen. Besteak beste honakoek hartu zuten parte: Lluis M. de Puig, Katalunyako parlamentaria; G.Racine irakaslea, Quebecekoa; G. Plastre irakaslea, Kanadakoa; M. Gorter, Frisiakoa; T.Widen irakaslea, Finlandiakoa; S.Bajiko irakaslea, Yugoslabiakoa; M.Strubell, Generalitateko Hizkuntz Politikarako zuzendaria; M.Karmen Garmendia, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Zuzendaria.

Euskararen kale erabilpenaren neurketa (1989, 1993 eta 1997)

EKBk euskararen kale erabilpenaren hiru neurketa egin ditu. Lau urtean behin egiten den neurketa hau Euskal Herri osoan burutzen da, 5.000 biztanletik gorako herri guztietan eta kopuru horretatik beherako lagin batean. Neurketan guztira 300.000 lagun inguru neurtzen da. Hainbat aldagai hartzen da kontuan, hala nola, adina, sexua, talde tamaina, haurren presentzia taldean…Emaitza guztiak lurraldeka zein herrika jasotzen dira.

Udalerri euskaldunen mugimendua eta UEMa (1989tik aurrera)

1989an Euskal Herriaz Euskaraz erakundeak euskararen aldeko mozioak aurkeztu zituen Euskal Herriko ehun bat herri euskaldunetako udaletan, aurrerantzean euskara ohizko lan hizkuntza eta bakarra izan zedin. Udal askok onartu zuten mozioa eta hori kontuan izanik hasi zen EKB lanean, hartutako erabakiak hutsean gera ez zitezen. Hasieratik EKBk Aholkularitza Juridiko zerbitzua antolatu zuen estatuak egindako errekurtsoei aurre egiten laguntzeko eta handik gutxira osatu zuen planifikazio zerbitzua ere. Zerbitzu horren lanaren fruitu izan zen handik gutxira sortuko zen, 1992ko martxoaren 5ean hain zuzen, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. 1994an Leitzan ospatu zen Udalerri Euskaldunen Egunean alderdi politiko abertzaleek EAJ, EA eta HBk UEMAri babes, laguntza eta bultzada osoa eskaintzeko konpromezua sinatu zuten.

Soziolinguistika Jardunaldiak (1989)

Jardunaldi hauen helburua, alde batetik Vascuencearen Legearen eraginaren azterketa eta arloz arloko ikerketa sakona egitea zen eta bestetik, euskararen normalkuntza prozesuari begira, esparru bakoitzeko lehentasunezko neurriak zeintzuk liratekeen aztertze. Honekin batera, gure hizkuntza berreskuratu ahal izateko Euskal Herri osoari zuzenduta legokeen Plangintza Orokorraren beharra plazaratu zen.

Iruñean burutu ziren jardunaldi hauek, honako hizlarien parte hartzea izan zuten: J.M. Sanchez Carrion <<Txepetx>>, soziolinguista, Linguistikan doktorea, unibertsitateko irakaslea eta idazlea: Juan Luis Larraza, Ikastolen Elkarteko arduraduna; Yvo Peter’s irakasle flandiarra, Europako Hizkuntza Minorizatuen batzordeko kidea; J.L.Alvarez Enparantza <<Txillardegi>>, hizkuntzalaria, Linguistikan doktorea, EHUko irakaslea eta idazlea; Eugenio Arraiza, Eusko Ikaskuntzako ordezkaria; Aingeru Epaltza, Navarra Hoy-ko kazetaria, Mikel Bujanda, Euskal Herria irratiko zuzendaria eta Jose Felix Diaz de Tuesta, arrasateko udalean euskara teknikaria eta AEDko kidea.

Nazioarteko ikasketa bisitak (1989tik aurrera)

<<Bureau Europeen pour les langues moins repandue>> erakundearekin lankidetzan Europako Komunitateen Komisioaren laguntzarekin antolatzen diren ikasketa bidaiak. Bidaia hauen helburua Europako herri eta hizkuntza gutxituen arteko ezagutza areagotzea da. Horrela, batetik aukera ematen zaie atzerritar bekadun batzuri Euskal Herria ezagutzeko astebeteko egonaldi batean eta alderantziz, euskaldunek ere beste herrialde bateko egoera ezagutzeko aukera dute.

Egunkaria Sortzen (1989-1990)

1989ko udazken hasieran ezagutarazi zituen Argia astekariak CIES ikerketa soziologikoen enpresak euskarazko egunkariari buruz Eusko Jaurlaritzarentzat egindako merkatu ikerketaren datuak. Euskarazko egunkaria egitea errealista zela ikusita eta Eusko Jaurlaritza, garai hartan behintzat, bide horretan pausorik emateko asmorik ez zuela ikusirik, 1989ko urrian egindako EKBren Nazio Batzordean, egunkaria sortzearen aldeko deia egitea erabaki zen. Azaroaren 1erako deitu zuen EKBk lehen bilerara euskaltzale andana bat; Joxe Miguel Barandiaran lizeoan egin zen bilera horretan honako erabakiak hartu ziren: 1) euskarazko egunkariaren sorrera herri ekimenetik bultzatzea, egunkari ez-publiko bat sortzea alegia; 2) euskarazko egunkariaren ezaugarriak lantzen hastea; 3) prozesu guztia elkargune zabal berri batek bultzatzea.

Honela Euskal Liburu eta Diska azoka aprobetxatuz, 1989ko abenduan egin zen Durangon bigarren bilera. Bilera honetatik sortu zen Egunkaria Sortzen izeneko talde eragilea. Euskaldunon Egunkariak 1990eko uztailaren 15ean argitaratu zuen 0 zenbakia, eta urte bereko abenduaren 6tik aurrera hasi zen egunero kaleratzen. Urte bete luze horretan EKBko azpiegitura eta giza baliabideak ekimen honen zerbitzuan jarri ziren neurri handi batean. Geroztik, euskaldunon Egunkariako akzionista izan da EKB.

Gobernu autonomikoen euskara aurrekontuen azterketa (1990-1999)

EKB 1990tik aritu da Eusko Jaurlaritza eta Nafar Gobernuaren aurrekontuak aztertzen. Eusko Jaurlaritzari dagokionean, Kultura Saileko Hizkuntz Politika, Hezkuntzaren euskalduntzerako aurrekontuak eta Administrazio Sailetik beronen euskalduntzerako bideratzen dena aztertu izan du; Nafar Gobernuari dagokionean berriz, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren eta Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuaren aurrekontuak hartu izan dira kontuan.

Euskalduntze eta Alfabetatzeari buruzko I. Jardunaldiak (1990)

Lehen aldiz elkartu ziren Leioan helduen euskalduntze eta alfabetatzeko erakunde guztiak alor honetako hainbat gai aztertzeko: euskalduntze alfabetatzearen egoeraren diagnosia, administrazioen politika, irakaskuntza metodoak, euskara ikasteko motibazioak, irakaslegoaren prestakuntza,… Parte hartze handiz burutu ziren jardunaldiok eta bertan jarri ziren aurrerantzean ere elkarlanean jarduteko zenbait oinarri garrantzitsu, hala nola, irakaslegoaren prestakuntzarako diplomatura eta euskalduntze alfabetatzerako oinarri berrien ekimena.

Publizkuntza 91. Publizitatea eta Hizkuntza ez normalizatuei buruzko Nazioarteko I. Kongresua

Publizitate alorrean euskararen egoera ezagutzeko, estamentu inplikatuen jarrera neurtzeko eta ekimen berriak zabaltzeko aukerak aztertzeko antolatu zen Donostian Feria eta Kongresu hau. Ferian dozenaka iragarle, publizitate agentzia eta atzerriko ordezkarik hartu zuten parte, eta milaka ikusle izan zituen. Nazioarteko kongresuan aportazio oso interesgarriak aurkeztu ziren, batez ere Quebec-eko, Flandriako, Kataluniako eta Euskal Herriko ordezkarien partetik. Kongresuko aktekin eta ponentziekin liburu bat argitaratu zen. EKBrekin batera, UPV-EHUko Ikusentzuteko Komunikazio eta Publizitate Saila izan zen Publizkuntza Kongresu honen antolatzailea eta Europako Batasuna eta HIZGABE izan ziren babesleak.

Udalerri mailako Hizkuntz Normalkuntzari buruzko Jardunaldiak (1991)

Euskara elkarteak elkarren artean eztabaidan sakontzeko elkartu ziren lehendabiziko aldiz 1991eko urtarrilean Zarautzen. Eztabaidagaiak honakoak izan ziren: euskara elkarteen funtzioak, eta planifikazio eta antolakuntza ereduak. Bertan, 25 euskara elkarte bildu ziren eta hauen iritziz jardunaldien helburua guztiz bete zen, Jardunaldi hauen emaitzen berri BAT soziolinguistika aldizkariaren 3/4 zenbakian argitaratu zen.

Euskararen Nazioarteko Informazio Boletina (1991-1999)

<<Hizkuntza Gutxituen Aldeko Bulego Europarra>> erakundearekin lankidetzan eta Europako Komisioaren laguntzarekin, euskararen egoera eta euskararen normalkuntzaren alde egiten diren lan ekimen ezberdinetaz atzerrian informazioa zabaltzea helburu duen aldizkaria argitaratu izan du EKBk. Aldizkari hau lau hizkuntzatan kaleratzen da: euskaraz, ingelesez, frantsesez eta gazteleraz. Urtean hiruzpalau aldiz argitaratzen den boletin hau gehienbat Europa eta Ameriketan banatzen da.

Euskalduntze eta Alfabetatze II.Jardunaldiak. Helduen Hizkuntz Trebakuntzaren oraina eta geroa. (1991)

Euskalduntze eta Alfabetatzeari buruzko I. Jardunaldien ondotik etorri ziren beste hauek. Zarautzen ospatu ziren 1991ko irailean eta aztergai nagusiak, motibazioa, eskaintza bereziak eta alfabetatzerako metodologiak izan ziren. Jardunaldi hauen ondorioetan aipatzen ziren ekinbideak jarraipen gabe izan ziren denbora batean, baliabide faltaz. Ondoko urteetan ekin zion EKBk berriz ildo honi.

Administrazio Saila (1991-1999)

1991ean ekin zion EKBk administrazioan lanean ari ziren zenbait teknikari koordinatzeari. Hauen artetik sortutako lan taldeak normalkuntza egitasmoak landu izan ditu eta ondoren ezagutzera eman. Besteak beste, sail honen lanak izan dira: <<Euskararen udal azpiegitura hiriburuetan eta herri handietan>> (BAT 5. zbk ); <<Gazteak euskalduntzeko egitasmoa>> (BAT 7/8 zbk.) eta Euskal Autonomi Erkidegoko administrazioa euskalduntzeko planaren balantzea eta aurrera begirako proposamenak.

Euskalduntze eta alfabetatzerako diplomatura (1992tik aurrera)

Helduen euskalduntze eta alfabetatze alorrak funtsezko papera du euskararen normalizazioan. Irakaskuntzaren kalitatea hobetuko bada irakasleen formazioari arreta berezia jarri behar zaiola begi bistakoa da. Horretaz oharturik, EKBren inguruan biltzen ziren euskaltegi eta erakundeek irakasleen formazio beharrari era koordinatu batez heltzea deliberatu zuten orain dela urte batzuk eta hortik sortu zen Diplomatura hau.

Administrazioa euskalduntzearen aldeko errekurtsoak (1992)

1992an zehar EKBk hainbat helegite judizial sartu zituen, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako perfilen planari jaramonik egiten ez zieten administrazioen kontra. Nahiz eta EKB plan horrekin kritikoa izan, gutxienekoa iruditu zitzaion plan hori betearaztea. Jarritako errekurtsoen emaitza onak izan zituzten eta kasu askotan gainera salatutako administrazioak EKBrekin harremanetan jarri eta bide judiziala bertan behera utzita eman zitzaion euskalduntze premiari konponbidea

Euskalduntze alfabetatzerako Oinarri Berrien proposamena (1993)

EKBren iritziz euskalduntze alfabetatze arloa egoera larrian aurkitzen zen, batetik heldu gutxik ziharduelako euskara ikasten, bestetik lan horretan aritzen diren euskaltegi eta erakundeen arteko elkarlana urria zelako eta azkenik administrazio publikoen partetik laguntza eskasa jasotzen zutelako Nafarroan eta EAEn eta hutsa Ipar Euskal Herrian. Hori zela eta, euskaltegi eta erakunde ezberdinetako kidez osatutako lantalde batek <<Oinarri Berriak>> izeneko txostena plazaratu zuten, besteren artean helduen euskalduntze eta alfabetatzea lehentasunezkotzat jo behar zela defendatuz.

Eremu Urriko Hizkuntzen Zinemaldia (1994-1997)

Hizkuntza Gutxiko hizkuntzen zinemaldiak 1994an izan zuen abiaburu urtea. Mundu mailan hizkuntza gutxituetan egiten diren filmeak ezagutaraztea eta eta lan honetan euskarazko filmagintzarako lagundu dezaketen esperientziak ezagutaraztea zen zinemaldi honen helburua. Zinemaldi honen erakunde sortzaileak honako hauek izan ziren: Euskal Zine Ekoizleen Elkartea, Euskal Aktoreen Batasuna, EKB, Euskal Idazleen Elkartea, ASIFA Euskadi eta ADEADE. Zinemaldiko hizkuntza arloaz arduratu zen EKB.

Hizkuntz eskubideen informazio kanpaina (1994)

Herritarrok euskararekiko dauzkagun hizkuntz eskubide indibidual eta kolektiboak azaltzen eta erreibindikatzeko, 1994ko udaberrian Bizkaiko Abokatuen Bazkunako Euskara Batzordearekin batera egindako kanpaina da hau. Hau bezalako kanpainak garatu ahal izateko 1990ean Hizkuntz Eskubideen Gidaliburua argitaratu zuen EKBk euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.

Aseguruak euskaraz kanpaina (1994)

Aseguruak euskaraz egitearen aldeko kanpaina izan zen hau eta bertan aseguru artekariek eta aseguru etxe batek hartu zuten parte.

Soziolinguistikazko formakuntza

  • EKB Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroen baitan, urtero hartu du parte Soziolinguistika mintegian.
  • Soziolinguistika eta hizkuntz plangintzari buruzko graduondoko Diplomatura baten antolaketa, UPV-EHUko Soziologia Sailarekin lankidetzan.
  • Euskalduntze eta Alfabetatzeari buruzko garduondoko diplomatura baten antolaketa, UPV-EHUko Hezkuntza Teoria Sailarekin lankidetzan.
  • Hizkuntz Plangintzari eta Kataluniako Plangintza Orokorraren prozesuari buruzko ikastaroak.
  • Hizkuntz dinamizazio eta motibazio teknikei buruzko ikastaroa
  • Hitzaldi eta konferentziak.

Internet zerbitzua (1995etik aurrera)

1995ean EKBk Eusnet sare telematikoaren proiektua ezagutu zuenean, euskalgintzako talde eta elkarteentzako laguntza handikoa izatera irits zitekeela ikusi zuen. Geroztik Eusnetek eskaintzen dituen ahalbideen berri ematen aritu da euskalgintzan eta euskarazko kulturgintzan.

Euskal Konfederazioa / EKB akordioa (1995)

1995ean Ipar Euskal Herrian Euskal Konfederazioa sortu ondoren, EKB eta Konfederazioak akordio bat sinatu zuten hiru punturen gainean: Elkarren informazioa iraunkorki eta sistematikoki izatea; Euskal Herri mailako zenbait ekimen elkarlanean burutzea eta elkarren zuzendaritzetan ordezkari bana izatea.

Hizkuntz Politika bizkortzeko 69 proposamen Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari (1996)

1994an hizkuntz politika ofiziala makaltzeko saioak egin ziren Euskal Autonomia Erkidegoan zenbait alderdi politikoren aldetik. 1995eko udaberrian hauteskunde foralak izan ziren Nafarroan eta gobernu berria osatu. Bi egoera horiek kontuan hartuta, EKBk hizkuntz politika bizkortzeko zenbait proposamen landu zituen 1995 urtean zehar. Halaber gaiari dagokionean harremanak landu ziren euskalgintzako elkarteekin, alderdi politiko, sindikatu eta gobernuko hizkuntz politika arduradunekin.

Plangintza Orokorrari ekiteko egitasmoa (1995-1997)

EKBk 1995eko azaroan egindako Nazio Batzordean Plangintza Orokorra gauzatzen hastea erabaki zuen. Izan ere, EKBren ustez, nahiz eta Plangintza Orokorraren ardura erakundeek ere baduten, gizarte osoak hartu behar du parte hizkuntzaren normalizaziorako plangintza horren diseinuan eta gauzapenean. 1993tik EKBk arreta bereziz bi prozesu aztertu zituen. Batetik, Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzordeak (garai hartan deuseztaturik zegoena) osatu zuen < Euskararen politikarako oinarrizko irizpideak> izeneko txostena. Bestetik, Kataluniako Generalitateak 95eko martxoaz geroztik indarrean jarri zuen katalanaren normalizaziorako Plangintza Orokorra.

Bide horretan, 1997an Euskararen Unibertsoaren plangintza lantaldeak, Talde eragileak eta EKBtik bertatik egindako lanari esker, plangintza diseinatzera eta aplikatzera iristeko egitasmoaren ardatza osatu zen.

Prozesu honetan mugarri garrantzitsuak izan dira <<Hizkuntz dinamizazioaz>> eta <<Ikastetxeetako Hizkuntz Normalkuntzaz>> antolatutako formazio ikastaroak.

Administrazioa euskalduntzeko proposamenak (1995)

EKBk proposamen zehatzak luzatu zizkion Eusko Jaurlaritzari Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa euskalduntzeko. Hamaika puntutan laburbiltzen ditu EKBk proposamenak. EKBren ustetan administrazioaren euskalduntzea plan orokor batetan integratu behar litzateke. Eusko Jaurlaritzak gizarte erakundeekin elkarlanean eta Nafarroako Gobernuarekiko eta Ipar Euskal Herria hartzen duen administrazioarekiko lankidetza bilatuz, lehentasunez heldu behar lioke Plangintza Orokorra prestatzeari, gainerakoan hizkuntz politika deslotua, partziala eta kontraesankorra gertatuko baita.

Politikoak eta goi karguak euskalduntzeko kanpaina (1995-1998)

Gai honekiko kezka lehenagotik bazetorren ere, 1995an behar beharrezkoa ikusi zuen iharduera politikoaren euskalduntzeari ekitea. Euskararen normalizazio bidean ordezkari politikoek euskara jakitea ezinbestekoa da. Ekimen honek hori zuen helburu: politikoek, goi kargudun eta konfidantzazko karguek euskara ezagutu dezaten gero erabiltzeko. EKBren ustetan alderdietako hautagaiak euskaldunduz joan behar dira, bestalde instituzio politikoetako hizkuntz erabilpena handitu eta bultzatzeko neurriak eskatzen zituen eta azkenik politikoen hedatzaile diren komunikabideei euskaldunen adierazpenak hizkuntz horretan jasotzea eskatzen zitzaien. Hauek izan ziren landutako ardatz nagusiak.

Euskaraz Bizitzeko Hitzarmena (1995-1999)

Euskal Herrian Euskaraz erakundeak 1995ean egin bileran Euskaraz Bizitzeko Hitzarmenaren ideia mahaigaineratu zuen. EKBk hartu zuen ondoren ekimen honen ardura nagusia. Hastapeneko egituraketa eta antolakuntza lanak finkatu ondoren, hartu zuen gorputza hitzarmenak eta geroztik EKB sinatzaile bat gehigo izan da, zuzendaritzan ere parte hartu duelarik.

Hitzarmenak zera du helburu: “euskaraz funtzionatzen duten elkarte, talde, erakunde, enpresa, ikastetxe… biltzea eta guztien indarrak bateratuz entitate hauen hornitzaileak, banatzaileak, aseguru etxeak e.a. beren zerbitzua euskaraz eskain diezaioten lortzea. Sinatzaileok dugun indar, kapazitate ekonomikoa erabili nahi da orain arte erdaraz funtzionatu duten beste hainbat zerbitzu euskalduntzen has daitezen eragiteko.

Eman euskarari berea (1996)

EKBk burutu duen Eman Euskarari Berea kanpainak bi-hiru hilabete eman zituen herriz herri eta sailez sail euskara eta euskalduntze prozesuaren arazoak azaltzen eta hizkuntzaren normalizazioa bideratzeko borondate politiko ausartagoa aldarrikatzen. Kanpaina honek bi helburu zehatz zituen: batetik, euskarak arlo ezberdinetan bizi zuen egoera kaleratzea gizarte osoaren aurreran, eta bestetik administrazioak presionatzea euskararen aldeko neurri ausartagoak har zitzaten. Kanpainak, halaber, hainbat herritan eta hainbat esparrutan euskararen aldeko herri dinamika handitzeko balio izan du.

Abenduan egin zen manifestazioaren helburua gizarteko agente erabakitzaileak dagokiena egin dezaten presionatzea zen: administrazioko arduradunak, buruzagi sozio-ekonomikoak, alderdi eta sindikatuak… Honekin batera, sektore askotan euskarak bizi duen egoera larriaz ohartuta, euskararen garapena eman dadin Plangintza Orokor baten beharra aldarrikatu eta gizarteartu nahi izan zen.

Helduen euskalduntze eta alfabetatzea: eskaintza eta eskariaren egoera eta etorkizunerako aurrikuspenak (1996)

Helduen Euskalduntze eta alfabetatzeari buruzko azterketa hau, Siadecoren eskutik eta EKBk koordinatuta, ondoko euskaltegiek bultzatuta egin zen: AEK, Bilbo Zaharra, Gabriel Aresti, Hitzez, IKA, Ilazki, Juan Mateo Zabala, Maizpide, Ulibarri eta Urrats.

Helduen euskalduntze eta alfabetatzeari buruz egindako lehenengoa azterketa izan zen hau eta beraz estrainekoz lortu ziren egoeraren azterketa eta etorkizuneko aurrikuspenak datu objetiboetan oinarrituz egitea.

1997-1999

Azken urteotan euskalgintzan eman diren garapen eta urratsek zuzenki eragin diote EKBri ere. Ez da ordea bapatean suertatutako jazoera. Jadanik 1995ean burutu zen EKBren Nazio Batzordean Plan Orokorraren diseinu eta aplikazio prozesuari lehentasunez heltzea berretsi zen. Erabaki honekin batera ordea, prozesu honi EKB baino gune zabalago batetik ekin ahal izateko bide egitea onartu zen.

Garai horretan bertan, Egunkaria Sortzenek deitutako bileran, euskararen egoerari buruzko azterketa oso kezkagarria egin ondoren, bilera berezi baterako gonbitea luzatu zitzaien euskalgintzako erakunde garrantzitsuenetako ordezkariei. Ordutik egindako bilerek, Euskararen Unibertsoa mugimendua sortzea ekarri zuten. Behin Euskararen Unibertsoaren jardunaldiak egin zirelarik, erakundetu eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortu zen 1997ko abenduan.

Kontseilua sortu izanak egoera eta marko berri bat zabaldu zuen euskalgintzan. 1997ko irailean egin zen EKBren Nazio Batzarrean, oraindik Kontseilua bera sortzeke zegoela, jadanik eztabaida sakon bat burutu zen EKBn, bilgune berri honek, halabeharrez eta logikaz, euskalgintzako bilgune ezberdinen funtzio eta egitasmoen birdefinizio eta birkokapen berri bat egiteko beharra baitzekarren. Horrela ekin zitzaion EKBren aurrera begirako betekizun eta funtzioei buruzko eztabaidari. Kontseilua oraindik sortzeke zegoela ikusirik eta prozesu horrek zer ematen zuen eta zein funtzio beteko zuen ikusi arte EKBk bere dinamikarekin eta eginkizunekin jarraitzea erabaki zen, beti ere egoera eta gertakizunen garapenaren baitan, euskararen eta euskalgintzaren beharren baitan, EKBren aurrera begirako eginkizunari buruzko eztabaidari berriz ere ekiteko.

Zorionez, eta EKBk ere ahalegin berezia egin zuen Kontseiluaren prozesua bultzatu eta erdietsi zedin, Kontseilua sortu eta bere egitasmoa finkatu eta abian jarri zen. Bitarte honetan EKBk segida eman zion sailetako hainbat dinamikari, besteak beste:

  • D ereduaren aldeko kanpainak
  • Dokumentazio zerbitzua
  • BAT aldizkaria
  • Irakurzaletasuna bultzatzeko kanpaina
  • Irakaskuntza osoa euskalduntzeko agiria
  • Justizia administrazioa euskalduntzeko oinarriak
  • HIZGABEren ordezkaritza
  • Euskararen Erabileraren Kale Neurketa
  • Dinamizazio eta motibazio tekniken formazio ikastaroa
  • Politikoak euskalduntzeko proposamena
  • (…)

Bitartean EKBren aurrera begirako betebeharraren eztabaidak mahaigainean zirauen. Kontseiluaren egitasmoa eta helburuak arrakastaz betetzen joateak ere, euskalgintzan gorpuztu zen egoera berriari finkotasuna ematen zion. Jadanik errealitate ziren EKBren helburu nagusiak izan diren euskalgintza osoa edo ia osoa bilduko duen gune bat izatea batetik, eta Plan Orokorraren prozesua (orain plan estrategikoa) abian izatea bestetik, biak ere Kontseiluaren eskutik.

EKBko Batzorde Iraunkorrak euskalgintzaren antolamendu berri honi eta EKBren aurrera begirako eginbeharra aztertzeko hainbat bilera egin ondoren, eta zuzenki EKBko bazkide izan diren elkarteekin bildu eta gaia aztertu ondoren, 1999ko otsailaren 27an egin zen EKBren Nazio Batzordeko bilerara proposamen zehatz bat eraman zuen. Proposamenak EKB desegitea onesten zuen, jadanik EKBren helburu nagusiak Kontseiluaren eskutik betetzen ari zirela edo betetze bidean zirela ikusita eta EKBk betetzen zituen beste hainbat funtzio zein zerbitzu beste gune batzuetatik ere bultzatu eta segida eman ziezaiekeela iritzita.

EKBren Nazio Batzordeak aho batez onartu zuen proposamena eta honela EKB desegiteko erabakia hartu zen. Hala ere, eskuartean zituen hainbat ekimeni amaiera ematea eta hainbat zerbitzu intzuldatzeko erabakia hartu zen, guzti honen zuzendaritza eta jarraipen lanak egiteko kitapen-batzorde berezi bat aukeratu zelarik.

Sarreran ere esan dugu EKBren ibilbide osoa gisa honetako memoria batean isladatzea ezinezkoa dela. Hemen jaso diren proiektu eta ekimenak adierazle bat baino ez dira, hauen atzean, itzalean, hamaika bilera eta saiakera gordetzen baita. Saio hutsak ere bai, etxe guztietan bezalaxe. Hastapenetik EKBren eginkizun nagusienetakoa izan den euskalgintzako bilgune izatea ez da lortu, eta behar bada ez da asmatu ikuspegi eta filosofia ezberdinen arteko loturak egiten ere. Ez da, seguruenik, hutsegite hauen arrazoiak eta zioak bilatzeko momentua eta gunea ere baina norbere mugak eta akatsak aitortzea beti da osasuntsu.

Akatsak akats, EKBk urte hauetan guztietan bultzatu dituen ekimen eta proiektuek euskararen garapenari begira garrantzitsuak eta eraginkorrak izan direla uste dugu. EKB erreferente garrantzitsua izan da urteetan, bere hausnarketa eta iritziek, egindako harreman eta topaketek lekukotasuna izan dute euskalgintzan.

Horrexegatik, EKBk euskarari eta euskalgintzari egin ekarpena positiboki baloratzen dugulako, ez dugu beronen desegitea burumakur bizi. Aitzitik, eta EKB desegitearen arrazoi nagusiak, euskalgintza ia osoa biltzen duen gune berria sortu izanak eta Plangintza Estrategikoaren prozesua abiatuta ikusteak, oraindik ere baikor eta itxaropentsuago egoteko motiboa ematen dute. Zalantzarik ez dugu euskalgintzako erakunde ezberdinek urteetan egindako ekarria eta lortutako eskarmentuari esker eman direla euskalgintzan azken urteotan eman diren urratsak. Datozen urteak euskararentzat garrantzitsuak eta erabakiorrak izango direlako, ziur gaude EKBren inguruan, era batera edo bestera, bildu eta lagundu duten euskaltzale finak saiatuko direla aurrera ere beren lekukotza uzten. Berriz ere, mila esker guzti guztioi EKBren izenean.

Euskal Kulturaren Batzarrea

1999ko Iraila

EKBren osaketa eta organigrama

Biltzar Nazionala[ ]

Nazio Batzordea[1]

Lehedakaria[2]

EKBko bazkideak

 

 

 

Batzorde Iraunkorra[3]

     

Idazkari nagusia

Idazkaritza teknikoa[4]

Helduen euskalduntze-alfabetatze lantaldea[5]

 

 

Administrazio saileko lantaldea

 

 

Irakaskuntza lantaldea

 

 

Politikoak euskalduntzeko lantaldea

             

 


 

[ ] Biltzar nazionala ez da, zentzu hertsian, organu erabakitzaile bat. Berez, EKBk Biltzar Nazionala erabat modu irekian egin izan du beti, EKBkideak eta EKBkoak ez direnak, nahiz elkarteetako ordezkariak eta EKBko lan talde ezberdinetako partaideak gonbidatuz, betiere euskalgintzan gogoeta prozesu sakon bat burutzeari begira.

[1] Nazio Batzordea: EKBren organu gorena, azken ahalmen erabakitzailea duena. Urtean behin bildu da ohiko bileran. Euskararen normalizazio prozesuaren azterketa egin, EKBren urtebeteko balantzea aztertu eta hurrengo urterako egitasmoa eztabaidatzea izan du eginkizun. Bi urtean behin EKBren zuzendaritza hautatu ohi du: Batzorde Iraunkorra. Nazio Batzordean EKBko bazkide guztiek har zezaketen parte, elkarte zein pertsonek.

[2] Hiru Lehendakari izan ditu EKBk bere ibilbidean. Paulo Aguirrebaltzategi, Juan Mari Mendizabal eta Jose Antonio Lekue.

[3] Batzorde Iraunkorrak bete ditu EKBren zuzendaritza lanak. Hilean behin biltzen da eta euskalgintzako ia sail guztietako lagunek hartu ohi dute parte.

[4] Idazkaritza teknikoari egokitu zaio EKBren egitasmoa aurrera ateratzeko ajekuzioaren ardura, dinamizazioa eta koordinazioa. Idazkaritza teknikoa, Lehendakariak, idazkari nagusiak, idazkari teknikoek, prentsa arduradunak eta Dokumentazio Zerbitzuko zuzendariak osatu dute.

[5] Sailetako lantaldeak. EKBk hainbat sailen euskalduntzea eta koordinazioa bultzatzeko lantaldeak izan ditu. Lantaldeak, sail horretan aditu diren 6-7 pertsonak osatu dituzte EKBko dinamizatzaile teknikariarekin batera. EKBk hainbat lantalde izan du martxan: Administrazioa euskalduntzeko lantaldea, Irakaskuntza lantaldea, Politikoak euskalduntzeko lantaldea, Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzeko lantaldea, Unibertsitateko lantaldea, Plangintza lantaldea eta erasoen aurreko lantaldea.

BAT aldizkaria: 
31. 1999ko uztaila. Euskararen aldeko gizarte-mugimendua eta EKB
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
EKB
Urtea: 
1999