Gazte Donostiarren hizkuntzarekiko harremanak

Diskurtso hau A ereduko gazte batzuengan bakarrik aurkitu da eta "kontrako diskurtsoa" deitu diogu euskarareki­ko jarrera urruna eta agresiboa adierazten dutelako. Diskurtso honen posizioa tinko azaldu da nahiz eta azaldu den taldean gutxiengoa izan. Honek esan nahi du gizarte mailan diskurtso honek dituen argudioak errotuak daudela (nahiz eta ezin esan zein kopurutan ematen diren); hori dela eta, A eredukoen artean ere dagoen Indiferentzia dis­kurtsoari aurre egiten dio korronte hone

Euskara komunikazio hizkuntza gisa ez dutenez onartzen, ez diete euskaradunei onartzen euskaraz egitea beraiek tartean egonda; ezta ere denak bat ezik euskaradunak direnean zalantzan jartzea gaztelaniaz egin beharra. Honelako egoera batean, euskarari eustea gatazkatsua izan daiteke, posizio honetako gazteek ez diotelako legitimitaterik ematen

Diskurtso honetan ez da euskara baztertzen, aurrekoan gertatzen zen bezala; Indiferentzia deitura eman diogu euskararekiko inplikazio mota "arduragabekoa" delako: hizkuntzaren gaia sartu denean harridura edo deserosotasuna agertu da, ez diotelako interes berezirik ikusten gai honi. Euskararekiko ikuspegia estatikoa da, hots, hizkuntzaren egoera dagoena da eta, nolabait, egoera finkatua da eta horrela onartzen dute, ez dute aldaketaren beharrik ikusten edo aldarrikatzen

Euskara onartzen den ikasgai bat da, ingelesa bezalakoa. Euskara ikasgaia bezala onartzeko bi arrazoi daude: alde batetik, nortasun/hiritartasunagatik (Autonomi Erkidegoa bizi izanagatik) eta bestetik, ikuspegi pragmatiko batengatik, lana bilatzeko.

Nortasun/hiritartasun arrazoia: bertako "beste" hizkuntza denez egokia da hezkuntza sisteman sartuta izatea; horren arabera A eredua onartzen dute nahi duenarentzat. Ez daude arduratuta euskara maila eskasarekin eta onarpena hori ez da batere sutsua: euskararen ezagupena "zerbait hitz egin/ulertu" maila horretan kokatzen dute eta beste maila bat eskolatik kanpo bilatu behar da (euskalte­gietan

B eredua oso egokia ikusten dute euskara ikasteko arazorik gabe eta esfortzu gutxirekin (A ereduan ez dena egiten) txikitatik egiten duzulako:

Beste aldetik, D eredukoek baino gaitasun txikia­goa dute euskaraz eta hori euren arteko harremanetan nabarmentzen da: B-koek ez dute euren burua ziur sentitzen D-koekin hitz egin behar dutenean euskaraz eta horrek ere bere eragina du hizkuntza aldaketan, azkenean beti gaztelaniaz egiten dute. Argi ikusten da zein garrantzitsua den hizkuntzaren eragina harreman interpertsonaletan; hizkuntza bat ez denean ondo menderatzen edo hizkuntza batean hitz egiterakoan ziurtasunik ez dagoenean sentimendu gutxitua sor daiteke, hots, hobeto dakitenen aurrean konplexua eta horrek hizkuntza hori baztertzera eraman dezake

Eskola barruan eredu biak oso ezberdin­duak agertzen dira; gazte hauen kasuan, B-koak izanik, euren buruaren kokapena D eredutik bereizten dute eta A eredutik gertuago kokatzen dira (gaur egun ez daude B ereduan, A eta D ereduetan baizik, baina, hala ere, euren burua A eredutik gertuago ikusten dute ez A ereduan daudenak soilik, D ereduan daudenak ere bai). Ereduen arteko haustura honelakoa da: A-B // D, hau da, gaztelaniaren mundua eta euskararen mundua

Esparru hauez gain, gazte hauek euskara profil mota batzuekin erlazionatzen dute: "ikastolakoekin", "herrietakoekin" eta "borroka/radikalekin". Hau oso adierazgarria da euren euskararen irudia azaltzeko orduan: alde batetik, ikastolakoak euskarari bereziki lotzerakoan beste motatako ikastetxeak (pribatu nahiz publiko) bigarren maila batean uzten dituzte hizkuntza aldetik; bestetik, hiria/herria dikotomiak hizkuntza­ren kontzeptua banatzen du: euskara herriekin eta gaztelania hiriekin, honela, euskara hiriko normaltasunatik urruntzen da; gainera, herrikoekin lotzen denean, bereziki, baserrikoekin lotzen da, hots, euskarak nekazal kutsua gordetzen duen heinean hiri kutsua galtzen du (edo, hobe esanda, hiri kutsurik ez du lortzen); azkenengo, eta aurrekoarekin lotuta, hirian euskaraz egiten dutenak "borroka-radikal" tribu urbanoarekin lotzen dute, hau da, hizkuntza dimentsio politikoari elkarlotzen diote

Koadrilan euskaradunak eta erdaradunak elkartzen direnez hizkuntza amankomuna aukeratzen da hitz egiteko (gaztela­nia). Argi bereizten dute adiskidetasuna eta hizkuntza, hau da, adiskidetasuna beste edozein balore baino garrantzitsuagoa da, orduan, ez da onartzen lagun batek hizkuntza sartzea harreman horretan (harremana hautsiko luke). Euskaraz hitz egiteko gai ez direnez (D ereduan daudenak izan ezik) gaztelania da beraien komunikazio hizkuntza eta hori aldarrikatzen dute.

Orain arte azaldu dugunaren arabera, diskurtso honetan kokatzen diren gazteentzat, gaztelania da gizarte hizkuntza nagusi eta indartsua; euskara, aldiz, komunita­te -pribatu- arloan murgilduta gelditzen da. Honen arabera, gizarte/banakako ardatzean gaztela­nia gizarte muturrean kokatzen da eta euskara, aldiz, komunitate muturrean

"Borondate oneko asimilazioaren" mekanismoa euskarare­kiko arriskutsua da gizarte legitimitatea baz­tertzen duelako "komunikazio" eta "errespetu" ideiak aldarrikatuz. Honi aurre egitea kontrako diskurtso bati baino zailagoa denez, euskararen normal­kuntzarako oso diskurtso arriskutsua bihurtzen da, integra­zioaren izenean ezberdina dena ukatzen duelako, hots, gehiengoak gutxiengoa irensten du berdintasuna aldarrikatuz. Horregatik, koadrila batean denak euskaradunak badira eta bat bakarra erdaraduna, bakarrik onartzen dute gaztelaniaz egitea

Arazoa sor liteke hiritar batek ez balu euskaraz bezain ondo gaztelaniaz egingo, zeren eta, orduan, euskaraz egiteko legitimitatea izango baitluke. Aipamen honek adierazten duena interesgarria da, bide bat irekitzen duelako euskaradunen gizarte izaera legitimatzeko, hots, gaztelaniaz erreztasun gutxiago izatea; baina, horrek behar duena da gazte euskaradunen kale guneko euskararen eguneroko erabilera eta hori gaur egun ez da gertatzen; horregatik, gazte erdaradunak hiriko erdal giroa ezagutzen dutenez, ez dira arduratzen euskaraz gaitasunik ez izan arren

Hirian euskara ez dago agerian eta agerian dagoenean bi ezaugarri negatiboekin agertzen da: bata, politikari lotuta (bereziki ezker abertzaleari lotuta eta intolerantziaz definitu­ta) eta bestea "edukazio", "errespetu" ezari lotuta. Irudi hau haustea komeniga­rria da euskararentzat, bere erabilerarako oztopoa delako: talde bateko ikur berezia izatea mugatzailea da hizkuntzarentzat talde horrekin identifikatzen ez direnak hizkuntza bera ere alde batera utziko dutelako; horrez gain, banakako maila soilik bereganatzea gizarte edo kolektibo mailako beharrik ez ikustea eta ez onartzea dakar. Hirian, egunerokoan, euskaradun batek esaten badie euskara ikas dezatela, jarrera agresiboa agertzen dute erdaradunek. Motibazioa bultzatzea ezin da esplizitoa izan (edo ez soilik behintzat), inplizitoa baizik, hots, eguneroko ingurunetan euskara agerian balego presentzia horrek euskararen aldeko banakako aukera bultzatuko luke

Euskararen inguruko diagnosia egiterakoan gazte hauen artean bi ikuspegi daude, biak sintonian: batzuentzat, euskarak ez du arazo berezirik gizarte mailan ere hainbat tresna bere alde dituelako, bereziki kazetaritza/komunikazio esparruan. Horren arabera, euskarak eskolaz gain badu beste gizarte esparru batzuk bereganatuta, orduan, ez dago beste ezer egin beharrik; horrega­tik, ez datoz bat euskara "gaizki" dagoela esaten dutenekin balorapen horren azpian motibazio politikoak daudelakoan

Gazte hauentzat euskaldun (vasco) izatea bertako ohiturei, tradizioari, hizkuntzari lotzen zaie; honen inguruan, azpimarratzekoa da jarrera "defentsiboa" agertzen dela, hau da, sentimendu hau Euskal Herriaren berezitasunaren defentsarekin erlazionatzen da, eta hor, hizkuntza barne-barnean dago. Zentzu honetan, euskaldun (vasco) izateko euskararen tokia berezia da: euskara jakitea ez da derrigorrezkoa euskaldun izateko

Euskararen izaera BARNE/KANPO dikotomiak gurutzatzen du. KANPOko muturrean, euskara "berezitasunaren" ezaugarria da, hots, euskaldunak berezkoa duen zerbait, besteengandik ezberdintzen duena (hau, erdaradunek ere azpimarratzen zuten); zentzu horretan, positiboa da. BARNE muturrean euskara gatazkatsua da denek ez dakitelako eta berarekiko jarrera ezberdinak daudelako (kontrakoak ere bai)

ESKOLA.- Gune honetako hizkuntza ohitura gaztelaniazkoa da eredu denetan; eredu euskaradunean ere, nahiz irakaslearekin euskaraz egin, ikaskideen artean, normala, gaztelaniaz hitz egitea da, bi salbuespenekin: bata, irakasleekin, eta bestea, "herrikoekin", azkenengo hauek "sartzen" dute euskara Donostiako gazteen arteko eskolako interakzioan. Donostiako gazte hauek bereizketa bat egiten dute hizkuntzaren ohituraren arabera: hiritarrak (beraiek)/herritarrak; Herritarrek euskarazko ohitura dute, beraien egunerokoa euskaraz delako, orduan, eguneroko ohitura hori eskolako gunera ere eramaten dute; horregatik, eskolan, donostiarrak Donostiakoekin, normalean, gaztelaniaz dena, herrikoekin euskarara bihurtzen da

Ezagun/ezezagun dikotomiak funtzionatzen du euskararen inguruan. Ezagunekin, euskaradunak direla jakinda, euskaraz egingo dute. Ezezagunekin, beti lehenengo hitza gaztelaniaz izango da. Joera honek argi adierazten du euskararen gizarte legitimitate falta; "besteari" ez baldin bazaio euskaradun irudia somatzen gaztelania izango da interakzioaren lehenengo hizkuntza eguneroko egoera "normalean"

Gazte hauen oinarrizko aisialdi harremana koadrilan gertatzen da. Koadrilak, orokorrean, euskaradunez eta erdaradunez osatzen dira, orduan, hizkuntza amankomuna da erabiltzen dena, hots, gaztelania. Koadrila kideak euskaradunak direnean, askotan, gaztelania erabiltzen da (beste batzuetan, euskara). Gune honetako harremanak gaztelaniaz nagusiki gauzatzen badira, harremanaren hizkuntza hori aldatzea oso zaila da; euskararantz aldaketa proposatu eta aurrera eramateko kideen "baimena" behar da, hots, denen adostasuna, bestela, ezinezkoa da, azken finean, kideekin harremana haustea izango litzatekeelako

Euskaradunak, askotan, gaztelaniaz egiten dute beraien artean ere; horren zergatia txikitatik hartutako "ohituran" oinarritzen dute, eta bi faktore agertzen dira bereziki gaztelaniaren ohitura sendotu dutenengan: gaztetxotan "euskaraz hitz egin beharrari"(irakasleek eta gurasoek diotenari) kontra egitearren; horrekin batera, kale gunean gaztetxoa gehiago sartu ahala, koadrilak osatzen dira beste eskolakoekin (erdaradunak, barne) ere bai, eta harreman horiek burutzen dira erdaradunekin amankomunean duten hizkuntzaren bidez.

Kaleko gunea da zailen ikusten dena aldaketarako etorkizunari begira, hor derrigorrezkoak ez duelako lekurik; "motibazioa", "giroa sortu" dira erabiltzen diren hitzak. Azken finean, banakako borondaterik ez badago euskararen erabilera sendotu baino lehen baztertu egingo litzateke. Horregatik, gazte hauek erakundeen laguntza eskatzen dute kaleko erabileraren zailtasun horri aurre egiteko.

Eguneroko harremanetan ez dago istilurik euskaradunen eta erdaradunen artean hizkuntza amankomuna erabiltzen delako; horrela, eguneroko interakzioa ez da hausten eta hau, gazte hauentzat, oso garrantzitsua da. Kontestu honetan, erdaradunen aurrean euskaradunak dira "lotsa" antzekoa sentitzen dutenak, hau da, beldur dira erdaraduna "molestatuko" ote duten, euskarak gizarte legitimitate osorik ez duelako. Honek argi uzten du euskararen gizarte tokia gaur egun ez dagoela argituta.

Euskaradunak erdaraduna errespetatzen duelako gaztelaniaz egiten du elkar ulertzeko eta inor ez baztertzeko, jokabide hori "simetrikoa" izatea eskatzen du, hau da, erdaraduna konturatzea "bestea" dela hizkuntza aldaketa egiten duena beti eta horren ondorioz, erdaradunak ulertzea besteari gaztelania "inposatzen" diola beti; hala eta guztiz, euskaradunak ez dio erdaradunari derrigorrez esijitzen euskara ikastea (egoeraren arabera hainbat arazo egon daitezkeelako) euskara maitatzea baizik; horrela, nahiz gaztelaniaz egin atxikimendu harreman berbera dute euskararekiko (eta hori euskararen alde doa, etorkizunari begira, adibidez: seme-alabak,...).

Gazte euskaradunekiko: euskararen gizarte ziurtasun eza gainditzeko erakundeen euskararen aldeko ekimena beharrezkoa ikusten dute; horrekin, euskarak bere gizarte legitimitatea sendotuko luke eta euskara erabiltzeko ziurtasun handiago sentituko lukete. Zentzu honetan, "babesa" eskatzen dute, beraiek bakarrik ezin dutelako euskararen egoera hobetu.

· Gazte erdaradunekiko: erakundeek (publiko nahiz pribatuek) erdaradunei ezin diete euskara ikasarazi edo derrigortu, aldiz, egin behar dutena euskararen "beharra zuzpertzea" da (euskararen presentzia bultzatuz). Azken finean, bilatzen dena erdaradunaren euskararekiko interesa areagotzea da eta, horretarako, euskara agerian utzi behar da.

euskarari ospea erantsi behar zaio, duen gizarte prestijioa areagotu eta sendotu eta hori goi mailakoen eskuetan dago (politikariak, pertsonai ezagunak, hau da: gizarte prestijiodun guztiak...); goi mailakoek euskarari buruz duten jarrera ahuletaz kexatzen dira gazteok: gutxi erabiltzen dutelako, askok ez dakitelako eta, halakoetan, aldeko interesik ere adierazten ez dutelako

Ezberdintasunak ezberdintasun, hiru diskurtsoetan garrantzi berezia ematen zaio etxeko gunea euskaduna izateari, euskararen "aseguro" bezala funtzionatzen duelako: ezagupena eta erabilera errazten edo bultzatzen dituelako eta, gainera, hizkuntza horren aldeko transmisio ideologikoan (euskararen aldeko motibazioak, umeak D ereduan matrikulatu...) laguntzen duelako.

erabilera horrek legitimitate ezberdinak ditu hizkuntza diskurtso ezberdinen arabera. Horrela, Indiferentzia diskurtsokoek euskara hirian erabiltzeari ez diote legitimitaterik onartzen, batzuk bakarrik dakitelako eta hiria ez dutelako jotzen hizkuntza horren "toki naturaltzat" (hiria gaztelaniaren toki naturala da); euren ustetan, aldiz, herrietan du euskarak bere toki naturala eta horietan euskararen erabilera legitimoa ikusten dute.

Aisialdia ere garrantzitsua da euskararen erabilera bultzatzeko, eta kasu honek bi aipamen egitea merezi ditu.

Beste aldetik, kirolaren kasuan entrenatzaileen eragina funtsezkoa da: gazte euskaradunekin entrenadore euskaraduna (euskaraz aritzen dena, hobe esanda) behar da, eta horrekin batera, taldeko partaide guztiak ere euskaradunak izatea.

1. HELBURUAK, METODOLOGIA ETA DISEINU TEKNIKOA

Ikerketa honetako helburu orokorra Donostiako gazteek euskararekiko dituzten jarrerak, irudiak eta motibazioak aztertzea da; hots, bilatuko dira zeintzuk diren gazte hauen praktika diskurtsiboak. Helburu zabal honen barruan beste hainbat helburu zehatzagoak bereiztuko ditugu, besteak beste ondorengo hauek: gazte hauen euskararen irudia, euskararekiko jarrerak eta motibazioak, gaztelania eta euskararen arteko harremanak, euskararen erabilera eta gizarte egoerak, eta bi hizkuntzek dituzten gizarte funtzioak.

Ikerketa honetan informazioa biltzeko erabili den metodologia koali­tati­boa da, diskurtsoen munduan, hots, espazio sinbolikoan sakontzeko egokiena delako. Metodologia honetan dauden tekniketatik eztabaida taldea aukera­tu dugu nagusiki.

Gazte donostiarren kolektiboa nolabait mugatze­ko adin talde batean kokatu dugu ikerketa, 16-19 urtetako gazteak aukeratuz. Horrela, ikasketa mundua, lan mundua, koadrila, aisialdia eta hainbat eguneroko praktikak aztertuko ditugu, beti ere hizkuntzari dagokionez. Ikerketa honek institutu eta lanbide heziketako ikasleak bereziki kontuan izan ditu. Halere, esplorazio gisa unibertsitateko ikasle batzuk kontuan hartu dira, sakontasun gutxiagoarekin baldin bada ere.

Gazte ez unibertsitarien artean diseinuaren ardatz bat osatzen duten bi mundu bereiztu ditugu: bata, BBB eta UBIkoak eta, bestea, Lanbide Heziketa­koak. Banaketa honen zergatia honako honetan datza: euskal eredua askoz ere hedatuagoa eta sendotuagoa dago instituto mailan lanbide heziketa mailan baino eta horrek eragina du hizkuntzarekiko; gainera, lanbide heziketakoen artean lan munduaren hurbiltasunak bere eragin berezia izan lezake, lan esparrua nolabait gaztelaniaren mundua delako.

Diseinuaren beste ardatza hezkuntza sistemako hizkuntza ereduarena da. Aipatutako mailan hizkuntza ereduak bi dira, A eta D ereduak; hala eta guztiz, ikerketaren helburuak direla eta, interes­garria deritzogu ere 8. maila arte dagoen B ereduan ikasi duten gazteak kontuan izateari.

Taldeen profilak osatzeko, bi aldagai kontutan izango ditugu: famili hizkuntza giroarena (guraso euskaldunak ala erdaldunak izatea) eta bizi diren auzoarena (auzo euskaldunagoa ala erdaldu­nagoa). Bi aldagai hauek gazteen ingurune hurbilari dagozkie eta ikasketaz gain egunerokoan (aisialdiko ihardueretan, bereziki) zer gertatzen den ikusteko. Bestalde, gazte unibertsitarien artean, kontuan izango dugu zientzie­tan ala letretan ikasten ari diren, alde batetik, eta bestetik, euskaraz ala gaztelaniaz ikastea aukeratu du­ten.

Diseinuari begira aintzakotzat hartu diren ardatz eta aldagaiak kontuan izanda, 7 eztabaida taldez, talde hiruko batez eta banakako bi elkarrizketa sakonez osatu zen informazioa biltzeko diseinua.

2.- EUSKARAREN INGURUKO GAZTEEN DISKURTSOAK

2.1- Kontrako diskurtsoa

Diskurtso hau A ereduko gazte batzuengan bakarrik aurkitu da eta "kontrako diskurtsoa" deitu diogu euskarareki­ko jarrera urruna eta agresiboa adierazten dutelako. Diskurtso honen posizioa tinko azaldu da nahiz eta azaldu den taldean gutxiengoa izan. Honek esan nahi du gizarte mailan diskurtso honek dituen argudioak errotuak daudela (nahiz eta ezin esan zein kopurutan ematen diren); hori dela eta, A eredukoen artean ere dagoen Indiferentzia dis­kurtsoari aurre egiten dio korronte honek.

Hizkuntzaren irudia

Diskurtso honetako gazteak gaztelaniaz bizi dira eta euskara urrun dago euren egunerokotasunetik; honen ondorioz, "hizkuntzatzat" hartzen dutena gaztelania da eta euskara eskolaz kanpo ez dute ia inon ikusten. Gazteek duten hizkuntzaren egunerokotasuna argiago ikusteko hiru gune bereiztuko ditugu: ETXEA (famili giroa), ESKOLA (ikaske­tak eta lana sartzen dugu gune honetan) eta KALEA (lagunarteko, aisialdiko harremanak).

ETXEA.- Gune hau gaztelaniaz dute eta honen inguruan hedatzen diren harreman sareak ere bai; etnizitate ezberdina indarrez agertzen da, Euskal Elkarte Erkidegokoak izanda ere azken erreferentzia eta etnizitatearen erroa Espainia da: hau etorkinen seme-alabengan agertu da (bigarren belaunal­diko etorkinengan); baina horrek ez du esan nahi etorkinen artekoa soilik denik.

ESKOLA (2)- Gazte hauek euskara gune honetan ia soilik aurkitzen dute eta gainera derrigorrezko ikasgai bezala. Euskarak haientzat ez du beste ezaugarririk eta derrigortasun horren aurrean oso aurkako jarrera gogorra adierazten dute ez diotelako zentzurik, interesik edo balio pragmatikorik:

Alde batetik, lan eremuan lanpostu ospetsuetarako (entre­presa pribatuetarako) euskarak ez du baliorik eta, bestetik, euskarak zerbait balio baldin badu ere Euskal Autonomi Elkartera mugat­zen da eta, bertan, lan oso berezietara (lan publikoa); kanpoan, aldiz, euskarak ez du ezerta­rako balio. Hau dela eta, gaztelania da askoz ere ospetsuagoa lanari begira.

Ez diote balio sinbolikorik edo integratzailerik eransten. Euren nortasun hizkuntza eta baita komunikazio hizkuntza gaztelania da; gaztelania da Espaina osoan denek dakiten hizkuntza eta, horren arabera, euskararen funtsezko irudia "borondatezkoa" izan behar du: derrigorrezko hizkuntza bakarra gaztelania dela (euskara hizkuntza erregionala da, folklorikoa).

KALEA.- Gazte hauen kalea gaztelaniaz da eta gainera horrela ikusten dute izan behar dela; azken finean, komunikazio hizkuntza bat izan behar delako eta berau gaztelania delako. Beste aldetik, euskaradunak(3) direnekin euskara amankomunean dutenez ez dira planteatzen beste hizkuntza-harremanik.

Posizio honetan "komunikazioa" aldarrikatzen da helburu gisa, horretarako gaztelaniaz izan behar du euskaraz ez dakitela­ko eta euskararen irudia borondatezkoa denez honek gizarte hizkuntza gisa ezin du funtzionatu. Horrekin batera, ez dute onartzen leku publikoetan lehenengo hizkuntza euskara izatea, hori gaztelaniaren funtzioa delako.

Etorkizunaz galdetzen zaienean oso etorkizun ona aurrikusten diote euskarari zalantzarik gabe, baina ez beraiek horrela nahi dutelako baizik eta erakunde publikoak derrigortasuna eskatzen ari direlako. Erakundeen euskararen aldeko ekimenak gaitzesten dituzte euskararen gizarte izaera (koofizialtasuna, elebitasuna) onartzen ez dutelako.

Hizkuntzaren funtzioak

Hizkuntza bakoitzak funtzio batzuk bete ditzake gizartean eta hizkuntza bakoitzari zein funtzio mota eransten zaion ikusita ondo uler daiteke hizkuntzari gizarte horretan dagokion lekua.

Jatorrizko funtzioa (Función vernacular): Lekuan lekuko hizkuntza eta berez sortzen dena da: ama hizkuntza, sentimen­duen ezaugarriak batzen dituena. Diskurtso honetan, gaztelaniak betetzen du etxeko, familiako, hots, komunitate hurbileko funtzio hau.

Bestalde, gazte hauen artean, nortasun kolektiboaren erreferentzia bakarra Espainia da, eta bertako hizkuntza gaztelania. Kontestu honetan euskararen lekua hizkuntza erregionalarena da. Honi lotuta beste gai bat agertzen da: "vasco" izatea zer den. Gai honetan eztabaida sutsua dago posizio honetan eta Indiferentzia diskurtsoan kokatzen direnen artean. Kontrako diskurtso honetan daudenek ez dute bereizten "vasco" ala espainola izatea, nolabait espainola izate horrek betetzen duelako nortasun hori; horrela, onartzen dute "vasco" osoak ez direla hainbat elementu falta zaizkielako; azken finean esan gabe adierazten dutena hau da: zuen planteamen­duak ez ditugu onartzen baina horrela nahi baldin baduzue, hala bedi, ez gara "vascos" ez dugulako onartzen "vasco" osoak edo erdiz-perdizkoak egotea.

Kontrako diskurtsoan kokatzen diren gazte hauek "vasco" nortasunean ez dute euskara bereizten funtsezko ezaugarri gisa; euskara "vasco" batzuek duten jatorrizko hizkuntza da (hots, etxekoa, komunitate hurbilekoa), baina eremu pribatuetakoa beti, ez gizarte osoarena.

Transmisioko funtzioa (Función vehicular): Komunikazio hizkuntza, ezagutza dimentsioa da pisurik handiena duena eta ez sentimenduena eta, diskurtso honetan, gaztelaniak betetzen du funtzio hau oso-osorik, bi maila bereiz daitezkelarik:

Alde batetik, BARRUKO maila: Euskal Autonomi Elkartean kopuru gutxi dira euskaradunak, gainera, euren egunerokoan euskaraz oso jende gutxik daki edo erabiltzen du. Horrekin batera, gaztelaniari eransten diote transmi­sioko funtzioa­ren legitimitate osoa eta bakarra (euskarak ez du legitimi­tate­rik horretarako borondatezkoa izan behar duelako).

Bestetik, KANPOKO maila: euren errefe­rentzia Espainia denez kontestu horretan ere gaztelaniak betetzen du komunikazio funtzioa, legitimitate esklusiboarekin, gainera.

Gainera, euskarak kanpoko beste hizkuntza batzuek (adibidez, ingelesa edo alemanera) baino garrantzi gutxiago du, balio pragmatiko gutxiago duelako (lanari begira, atzerrira begira).

Erreferentzia funtzioa: Kultur baten altxor iraunkorra, arbasoei eta kultur tradizioei lotuta (literatura, tradiziozko ipuinak,...). Funtzio hau gaztelaniak betetzen du osotasunean, alde batetik ez dakitelako euskaraz eta bestetik, euskararen edo euskaradunen kultura ez dutelako ezagutzen eta, horrez gain, ez dute inongo interesik ezagutzeko, ez diote erakargarritasunik ikusten (folklore gisa ezik). Euskara asignatura gramatika soilari lotuta dago (nolabait, zailtasunari) eta uko egiten diotenez hizkuntza horrek hedatzen duen kultura dimentsiora ez dira heltzen (ideologikoki, ez dute nahi).

Funtzio mitikoa: Eremu sakratuari dagokiona, hizkuntza magikoa. Gaztelaniak ere betetzen du funtzio hau; bera da nortasun hizkuntza, ospedun hizkuntza, nolabait, ate guztiak zabal dezakeen hizkuntza (atzerrian ere ospeduna, hainbat hiztunekin...). Euskarak ez du funtzio hau betetzen, hain mugatua da bere irudia Kontrako diskurtso honetan.

Laburbilduz, diskurtso honetan gizarte izaera osoa eta bakarra gaztela­niak du; euskarak, aldiz, hizkuntza erregiona­la izanik borondatez­koa izan behar du eta, horren ondorioz, banakako dimentsiora kokatzen dute oso-osorik, mugaketa horretan bi esparru bereiztuta:

Esparru pribatua (nolabait, jatorrizko funtzio­koa): etxea, senitartekoa, harreman hurbilekoa.

Azpi-kultur batena: gizarte garaikidean ematen diren azpitaldeen artean beste azpi multzo bat bezala ulertuta baizik, hau da, banakako eta borondatezko aukera (euskara "kultura produktua" da nahi duenak "kontsumitzeko": jaialdiak, erakusketak, etab.).

Euskaradunen eta erdaradunen arteko harremanak

Euskara komunikazio hizkuntza gisa ez dutenez onartzen, ez diete euskaradunei onartzen euskaraz egitea beraiek tartean egonda; ezta ere denak bat ezik euskaradunak direnean zalantzan jartzea gaztelaniaz egin beharra. Honelako egoera batean, euskarari eustea gatazkatsua izan daiteke, posizio honetako gazteek ez diotelako legitimitaterik ematen.

Euskararekiko inplikazio maila

Arestian ikusi dugunez, posizio honetan kokatzen diren gazteak ez dute euren egunerokoan euskararekin topo egiten eskolan ez bada (eta oso puntualki kalean); euskara urruna ikusten dute eta gainera ideologikoki ere ez diote gizarte garrantzirik ematen. Hori dela eta, inplikazio hutsa dute posizio honetan. Inplikazio kontzeptua bi dimentsio­tan banatu dugu: alde batetik, inplikazio ideologikoa (errepresentazio mailan euskarareki­ko atxikimendu motaren bat izatea) eta, bestetik, inplikazio praktikoa (eguneroko bizimoduko praktiketan non kokatzen duten euskara).

Posizio honetan ez dago inplikazio ideologikorik euskarare­kiko ez delako atxikimendu motarik nabarmentzen. Ez dago ere inplikazio praktikorik, transmisioko hizkuntza bakarra gaztelania delako beraientzat.

2.2.- Indiferentzia diskurtsoa

Diskurtso hau A ereduko gazte gehienengan gehi B ereduko batzuengan ematen da. Diskurtso honetan ez da euskara baztertzen, aurrekoan gertatzen zen bezala; Indiferentzia deitura eman diogu euskararekiko inplikazio mota "arduragabekoa" delako: hizkuntzaren gaia sartu denean harridura edo deserosotasuna agertu da, ez diotelako interes berezirik ikusten gai honi. Euskararekiko ikuspegia estatikoa da, hots, hizkuntzaren egoera dagoena da eta, nolabait, egoera finkatua da eta horrela onartzen dute, ez dute aldaketaren beharrik ikusten edo aldarrikatzen.

Hizkuntzaren irudia

Euskarak bi ezaugarri ditu: bata, Autonomi Elkidegoko "beste hizkuntza" da, hots, lehenengo hizkuntza gaztelania dela; euskara ere bertako hizkuntza da, baina batzuk bakarrik ezagutzen dute. Bigarren ezaugarria, eskolako ikasgaiarena eta onartu beharrekoa bertako hizkuntza delako; euskaldunen ondarea delako.

Halere, ez dago euskararekiko nortasun sentimendu berezirik eta "vasco" izatea ez dago euskarari lotuta; nortasunaren harreman horretan euskara "beste batzuek" (abertzale erradikalek) sartzen dute desoreka gatazkatsua sortuz eta hori ez dute onartzen. Euskaldun izaeran euskara jakitea sartzea "limitazio" bezala ikusten da, azken finean euskaldun denek ez dakiten hizkuntza delako: euskal kultura (cultura vasca) bi hizkuntzez osatzen da eta gaztelania jakinda gero ezagutzen duzu kultura hori; kontestu honetan, euskararen ezagupenak ematen dizun gauza bakarra kultura horren azpi-kultura bat ezagutzea da, hau delako kultura euskaradunaren irudia diskurtso honetan; orduan, azpi-multzo hori ez bada ezagutzen ez diote horrelako garrantzi­rik ematen multzo orokorra (gaztelaniaz, noski) ezagutzen delako.

Hala ere, aipa ditzakegu bi dimentsio ezberdin non euskarak baduen leku berezia, KANPO/BARRU dikotomiak eragiten dituenak: gazte hauentzat, KANPOAN, euskarak bai ematen diela zerbait, eta hori da, besteekiko berezitasuna. BARRUAN, aldiz, euskarak mekanismo berbera eragiten du baina zentzu alderantzizkoan: euskara ez da nortasun amankomuneko eragile funtsezkoa, "gu" bat eraikitzen laguntzen duena, "bereizketa" baizik, hots, batzuk dakitena eta beste batzuk ez.

Bereizketa hori dela eta bere erabilera ez da "erosoa" eta, gainera, ez du balio erantsirik: diskurtso honetan ez diote garrantzirik ematen euskaraz ala gaztelaniaz harremanak izateari, hizkuntza tresna bezala ikusten delako eta komunikazioa aurrera eramateko ez da bereizten hizkuntza bakoitza; beraien komunikazio hizkuntza bakarra gaztelania da eta ez dute zalantzan jartzen "normaltasun" hori.

ETXEKO GUNEA.- Diskurtso honetako gazte hauek ez dira familia erdaldunekoak soilik, familiaz euskaradun direnak ere badaude baina A eredura doaz; familiaz erdaradunak ala euskaradunak izanda diskurtso berberan kokatzen dira.

Diskurtso honetan familiaren hizkuntzak garrantzi berezia du, ez bakarrik euskaradu­nen ikuspegitik baizik eta erdaradunen ikuspegitik baita ere: etxeko gunean euskara edukitzea "erraztasun edo abantaila" bezala ikusten da euskara ikasteko orduan.

ESKOLA GUNEA.- Gune honetan gaztelania da harreman hizkuntza bakarra, hala ere, A ereduan eta B ereduan daudenak ezberdinduko ditugu, diskurtso berberan kokatu arren euren euskararekiko harremana ezberdina delako.

A ereduko gazteak: Euskara onartzen den ikasgai bat da, ingelesa bezalakoa. Euskara ikasgaia bezala onartzeko bi arrazoi daude: alde batetik, nortasun/hiritartasunagatik (Autonomi Erkidegoa bizi izanagatik) eta bestetik, ikuspegi pragmatiko batengatik, lana bilatzeko.

Nortasun/hiritartasun arrazoia: bertako "beste" hizkuntza denez egokia da hezkuntza sisteman sartuta izatea; horren arabera A eredua onartzen dute nahi duenarentzat. Ez daude arduratuta euskara maila eskasarekin eta onarpena hori ez da batere sutsua: euskararen ezagupena "zerbait hitz egin/ulertu" maila horretan kokatzen dute eta beste maila bat eskolatik kanpo bilatu behar da (euskalte­gietan).

Lanari begira euskararen balio pragmatikoa oso argumentu motela da beraientzat; Kontrako diskurtsoan bezala, BARRU (HEMEN)/KANPO (HAN) dikotomia agertzen da, non euskarak posizio ahulena duen hizkuntza da.

Beste hizkuntza bat ezagutzea kultura gehiago dela onartzen dute gazte hauek, baina kultura euskaraduna ez zaie erakargarria (ez dute ezagutzen eta ez dute ezagutzeko interesik). Euskararen balio bakarra banakako sentimenduen mailan kokatzen dute, bere ezagupenak eman dezaken "poza".

Institutu mailako gazte batzuentzat -ez denentzat- euskaraz ikasteak desaban­taila bakar bat du eta da unibertsitateari begira: unibertsitatearen irudia gaztelaniaz agertzen da, hots, ikasketa denak edo gehienak gaztelaniaz daudela eta horren arabera euskaratik gaztelaniara igarotzea gogorra izango delakoan daude. Alderantziz, gaztelaniaz ikasteari ez diote abantaila berezirik ikusten, baina euskararen kasuan agertzen den arrazoi ezberdinagatik: "normala" denez ez du arrazoirik behar; abantaila bakarra, euskararen alderantzizkoa: unibertsitatean hobeto moldatzea gaztelaniaz delako ere, hots, gaztelaniaren irudia -abantaila- malgutasunarena da, egoera ezberdinetan laguntzen dizun hizkuntza dela (euskara, aldiz, ez da egoera guztietara­ko, eta orduan, arazo gehiago sor dezake). Lanbide heziketako gazteek ez diote ezta abantailarik ikusten euskaraz ikasteari, euren ikuspegi bakarra pragmatikoa denez. Entrepresetako praktikak ezagutzeak ziurtasuna ematen diete errealki zer gertatzen den ikusteko, hau da, kontestu horretan gaztelania da nagusi.

Euskaradunen artean ere badaude kexa batzuk euskara ikasgaia ikasteko orduan zailtasunak dituztelako; euskara batua ikasi behar dutenez, idatzi mailan bereziki esfortzua egin behar dute eta, etxeko mailarekin konformatzen direnez, esfortzu horren saria ez dute ikusten.

B ereduko gazteak: Gazte hauek gaur egun A eta D ereduan daude baina denak O.H.O.ko B eredutik datoz. Euren B eredua gaztelaniaz izan da, hau da, harreman hizkuntza -ikasgelakoa barne- gaztelania izan da (eta jarraitzen du izaten). Horrekin batera, euren hizkuntzarekiko kokapena bereizten dute bai A eredukoetatik bai D eredukoetatik: bi eredu horietatik erdi-bitartean daude, hau da, A eredukoek baino euskara gaitasun handiagoa dute baina D eredukoek baino euskara gaitasun txikiagoa dute. Honek esan nahi du A eredukoek baino hurbiltasun gehiago dutela euskararekiko; gaitasun gehiago dutenez euren burua Akoekiko distantzia batean mantentzen dute, eurek badakite hitzegiten (nahiz oso ondo ez hitzegin), azken finean "betidanik" dakite euskaraz, eta Akoek, aldiz, ez dakite ia ezer.

Zentzu honetan, B eredua oso egokia ikusten dute euskara ikasteko arazorik gabe eta esfortzu gutxirekin (A ereduan ez dena egiten) txikitatik egiten duzulako:

Beste aldetik, D eredukoek baino gaitasun txikia­goa dute euskaraz eta hori euren arteko harremanetan nabarmentzen da: B-koek ez dute euren burua ziur sentitzen D-koekin hitz egin behar dutenean euskaraz eta horrek ere bere eragina du hizkuntza aldaketan, azkenean beti gaztelaniaz egiten dute. Argi ikusten da zein garrantzitsua den hizkuntzaren eragina harreman interpertsonaletan; hizkuntza bat ez denean ondo menderatzen edo hizkuntza batean hitz egiterakoan ziurtasunik ez dagoenean sentimendu gutxitua sor daiteke, hots, hobeto dakitenen aurrean konplexua eta horrek hizkuntza hori baztertzera eraman dezake. Ziurtasun handiagoa dute ikasketak gaztelaniaz (orain dauden A ereduan) ja­rraitz­eko eta, horrekin batera, ziurtasun (=lasaitasun/erosotasun) handiagoa harremanak gaztelaniaz gauzatzeko. Eta azken hau oso eraginkorra da hiztunen arteko harremanak bideratzeko hizkuntzaren aukeraketaren prozesuan.

B ereduak badu bere irudi propioa "eredu autonomo" bezala eta gazte hauek une batean hizkuntz eredu bat hautatu behar izan dute eta pauso hori geroago izatea gustatuko litzaieke: B eredua UBIrarte luzatzea desio bezala agertzen da. Desio honek ezkutatzen du beraientzat B eredua A eredua bezain erosoa dela (gaztela­niaz hitz egiten zuten ia beti), baina ezaugarri positiboarekin: euskara maila A-koek baino altuagoa dutela; horren arabera, A ereduan ez dute ezer asko irabazi eta bai zerbait galdu -euskara maila-. Horrela, B ereduan jarraitu ahal izanez gero hizkuntza biak lortuko zuten nahiz eta elebitasun hori maila ezberdinetan izan: gaztelania osorik eta euskara erdi maila batean (Akoek baino gehiago, Dkoek baino gutxiago) eta hitz egiteko arazoekin. Hala ere, gaitasun desoreka hau ez ditu bereziki arduratzen, beraientzat "oreka" da, eta azken finean, A ereduan baino euskara maila hobeagoa izango zuten.

A ereduan euskaraz lortutako maila galduko dutela asumitzen dute: euskarak ikasgai bezala duen eskakizun maila euren maila baino baxuagoa da eta horrek, alde batetik, ikasgai hori gainditzeko erraztasuna ematen badie, beste aldetik maila bera galtzea dakar. Galtze prozesu honen aurrean bi jarrera agertzen dira: gazte batzuei ez zaie larregi inporta euskara maila galtzea, aukera bat egin dute eta abantaila gehiago ikusten diote aukera honi; beste batzuei, aldiz, inporta zaie daukaten maila galtzea, nahiz eta hori ez izan arrazoi nahikoa beste eredua aukeratzeko.

D ereduko gazteak: Gaur egun D ereduan daudenak arrazoi nagusi bat aipatzen dute B- tik D eredurako aukeraketa hori justifikatzean: ikasketetan lortutako euskara maila ez galtzea. Ez da hainbeste estimatzen euskaraz jarraitzea edo bizitzea, euren euskara mailari eustea eta ikasitakoa hobetzea baino (bestela, A ereduan bezala daude, gaztelaniaz bizi dira bai etxean bai eskolan).

Horrez gain, D-koek euskaraz ikastearen bigarren abantaila aipatzen dute: antolaketari begira, talde txikiak direla eta horrek eragina du irakaskuntzaren kalitatean: talde txikiek kalitate hobea eta banakako atentzioa ahalbidetzen dute.

Hirugarren abantaila aipatzen da, baina, gazte hauek ez dute abantaila erreala edo hurbila bezala ikusten (po­tentziala edo teorikoa, bai) azken hau: lanaren inguruan kokatzen da, hau da, euskaraz gaitasuna izanda lana errezago bilatzeko posibilita­tea dago.

A/D eredukoen arteko harremanak

Interesgarria deritzogu eredu bietakoen arteko harremanak azaltzeari, azken finean, gune berezi batean kokatu arren gero azalduko dugun harreman zabalagoen (kaleko euskaradun/erdaradun harremanak) islada delako. Eskola barruan eredu biak oso ezberdin­duak agertzen dira; gazte hauen kasuan, B-koak izanik, euren buruaren kokapena D eredutik bereizten dute eta A eredutik gertuago kokatzen dira (gaur egun ez daude B ereduan, A eta D ereduetan baizik, baina, hala ere, euren burua A eredutik gertuago ikusten dute ez A ereduan daudenak soilik, D ereduan daudenak ere bai). Ereduen arteko haustura honelakoa da: A-B // D, hau da, gaztelaniaren mundua eta euskararen mundua: A/B-koak "españolitos" eta "los castellanos" omen ziren D-koentzat; hauek, berriz, "los vascos" A/B-koentzat. B ereduan izandakoen ustetan, D eredukoek bi ezaugarritan ezberdintzen dira: "itxiak" eta "politizatuak" dira (inplizitoki ulertzen da, beraiek "irekiak" eta "ez-politizatuak" direla).

Euskararen inguruan zerbait egitea edo esijitzea, gazte hauentzat "politika edo itxikeria" da, beraientzat "normala" gaztelania delako eta euskarari ez diotelako horrelako garrantzirik ematen. Hori dela eta, Dkoekiko ezberdintasuna horretan datza: D-koek -guztiek ez, gutxi batzuek baizik (halere, irudi istilutsua D-ko guztiei erasten zaie)- euskara "instrumento político" gisa erabiltzen dute.

Ezberdintasun honen azpian euskararen irudi ezberdina dago: A/B eredutakoentzat, euskara/banakako dimentsiokoa eta bigarren hizkuntza da; D-koek, berriz, euskara/gizarte dimentsioa eta lehe­nengo hizkuntza dute.

KALEA.- Gazte hauen eguneroko kale giroa gaztelaniaz da; betebeharraren esparruak gaztelaniaz dira, dendak eta zerbitzuak batez ere. Esparru horietan, gainera, ez dute onartzen bestearen erantzuna euskaraz: beraiek gaztelaniaz hitz egiten badute besteari hizkuntza berbera erabiltzea esijitzen diote. Euskarazko erantzuna "probokazio" gisakoa zaie eta honen azpian, euskararen kaleko legitimazio falta dago, Donostian euskara oso agirikoa ez delako, hots, "gutxiengoarena" delako. Horregatik, "normala" gaztelania da, "gehiengoarena" delako, azken finean, Donostia "hiria" da eta beti dago "euskara ez dakien norbait". Hala ere, euren egunerokoan euskara agerian gelditzen da esparru batzuetan eta hor gazte hauek onartzen dute "beste hizkuntza" ere hor dagoela. Euskararen esparruak bi motatakoak dira: bata, erakunde ofizialak; bestea, alde zaharreko tabernak. Halakoetan, gazte hauek ez dira beste gazte euskaldunak bezalakoak sentitzen.

Esparru hauez gain, gazte hauek euskara profil mota batzuekin erlazionatzen dute: "ikastolakoekin", "herrietakoekin" eta "borroka/radikalekin". Hau oso adierazgarria da euren euskararen irudia azaltzeko orduan: alde batetik, ikastolakoak euskarari bereziki lotzerakoan beste motatako ikastetxeak (pribatu nahiz publiko) bigarren maila batean uzten dituzte hizkuntza aldetik; bestetik, hiria/herria dikotomiak hizkuntza­ren kontzeptua banatzen du: euskara herriekin eta gaztelania hiriekin, honela, euskara hiriko normaltasunatik urruntzen da; gainera, herrikoekin lotzen denean, bereziki, baserrikoekin lotzen da, hots, euskarak nekazal kutsua gordetzen duen heinean hiri kutsua galtzen du (edo, hobe esanda, hiri kutsurik ez du lortzen); azkenengo, eta aurrekoarekin lotuta, hirian euskaraz egiten dutenak "borroka-radikal" tribu urbanoarekin lotzen dute, hau da, hizkuntza dimentsio politikoari elkarlotzen diote; honek esan nahi du, tribu urbano horrekin ez bada nahasterik nahi ezin dela euskararen aldeko jarrera sutsurik adierazi; euren burua tribu horretan sartua ikusi nahi ez dutenak euskara -beste ikur batzuen artean- alde batera utzi beharko du.

Bestalde, kaleko harreman sare garrantzitsuena gazte hauen egunerokoan koadrila da; koadrilarekin igarotzen dira aisialdiko ordu gehienak. Koadrilan euskaradunak eta erdaradunak elkartzen direnez hizkuntza amankomuna aukeratzen da hitz egiteko (gaztela­nia). Argi bereizten dute adiskidetasuna eta hizkuntza, hau da, adiskidetasuna beste edozein balore baino garrantzitsuagoa da, orduan, ez da onartzen lagun batek hizkuntza sartzea harreman horretan (harremana hautsiko luke). Euskaraz hitz egiteko gai ez direnez (D ereduan daudenak izan ezik) gaztelania da beraien komunikazio hizkuntza eta hori aldarrikatzen dute.

Euskararen etorkizuna

Hizkuntza baten etorkizunaren irudian berarekiko atxikimendu eta harremana nabarmentzen dira. Diskurtso honetan kokatzen diren gazteak bi ikuspegi ezberdinak dituzte euskararen etorkizunaren inguruan:

Ikuspegi baikorra: geroa, etorkizuna, ona izango da euskara­rentzat. Etorkizun positibo hori mintzaira mailarekin eta eskolarekin (ikastola bereziki) erlazionatzen dute.

Ikuspegi ezkorra: etorkizuna oraina bezalakoa ikusten dute. Ikuspegi honen azpian dagoen arrazoia zera da: gaur egun euskara ez dakiten (eta ikasten ez duten) asko daude -A eredu­koak- eta horren arabera geroa ezin izango da asko aldatu.

Hizkuntzaren funtzioak

Diskurtso honetan euskara eta gaztelania aurreko diskurtsoan agertzen zuten beste posizio bat agertzen dute:

Jatorrizko Funtzioa: Diskurtso honetan kokatzen diren gazteentzat funtzio hau bi hizkuntzek betetzen dute: erdaradunentzat gaztelaniak eta euskaradunentzat euskarak. Hizkuntza bati funtzio hau betetzea suposatzen dio etxeko gunea bereganatzea, eta familiaren hizkuntza oso garrantzit­sua da hizkuntza baten transmisioan.

Funtzio Mitikoa: Gaztelaniak, funtzio hau betetzen du bere "zabaltasunaren" irudiagatik (ia ate guztiak irekitzen ditu, nolabait esateko, mugagabea da): lanaren esparrua dela, komunika­zio (hiztunen kopurua) esparrua, etab. Gaztelania hizkuntza mitikoa da bere transmisioko funtzioagatik nabarmenki (horrez gain, bere ezaugarri pragmatikoengatik), hots, azken funtzio honek eransten dio bere ezaugarri mitikoa. Euskarak, aldiz, funtzio mitiko mugatua du. Honekin zera esan nahi dugu: euskararen ezaugarri mitikoa bere "berezitasunak" eransten diola (jatorri ezezagunak eta bere berezitasun morfologikoak).

Transmisioko Funtzioa: Transmisioko hizkuntza, bete betean, gaztelania da, denek dakitena, eta euskara, aldiz, bigarrena da, hots, batzuk bakarrik dakitena. Funtzio hau kale guneko funtzio berezia, hau da, gizarte esparru eta gizarte interak­zioak betetzen dituena eta funtzio hori ahalik eta osotasun zabalenean betetzetik datorkio garrantzia hizkuntza bati. Gazte hauen egunero­koa gaztelaniaz izateaz gain, euren euskara eta gaztela­niaren gizarte onarpena ezberdinak dira:

· Gaztelania hiri hizkuntza da, komunikazio hizkuntza nagusia (lanerako, goi mailako ikaskete­tarako, erosketetara­ko...), hau da, euren eguneroko interakzioaren hizkuntza eta kaleko gunean legitimatua dena (denek dakitelako).
· Euskarari, aldiz, legitimita­te ezberdina onartzen dizkiote, ez hirikoa, horretan denek ez dutenez ezagutzen ez dute onartzen transmisio­ko funtzio hau berak betetzea hiri mailan; gune honetan euskara era­biltzen dutenak estigmatizatuta daude itxiak eta kolore politiko jakin batekoak bezala, hots, etiketa mugatzaileak ezartzen zaizkie. Transmi­sioko hizkuntzari, berriz, hiru kontzep­tuok eransten dizkiote gizarte interakzioa aurrera erama­teko eta hori ez oztopatzeko: "edukazioa", "errespetoa" eta "komunikazioa". Eta balio hauek hizkuntza amankomun eta inor baztertzen ez duenari bakarrik errekonozitzen zaizkio (gaztelaniari). Bestalde, herrietan euskara elementu "normala" da, nolabait esateko, herriak (nekazari/arrantzaleak) dira euskararen "toki naturala" han nagusitzen delako eta inguru horretan euskarari komunikazio legitimitate osoa ematen diote.

Berezitasun hau murriztailea da euskararentzat, bere hiztun legitimoak herri/baserri ingurura baztertzen ditu eta, hau da, euren egunerokoa ez den kontestuetara soilik (azken finean, euskaradun kontestu horietara gutxitan joaten dira eta ez zaie asko interesatzen: baserri giroa da eta). Horrez gain, gazte hauen egunerokotasun erdalduna "normala", legitimoa bihurtzen du.

Euskararen transmisioko funtzioa ez dute gaztelaniarena bezala ulertzen. Azken honek betetzen du funtzio hau oso-osorik, hots, hizkuntza erregistro ezberdinen gaitasuna eta erabilera egoera ezberdinetan. Euren kasuan euskararen transmisio funtzioa, bi gaitasun motetara mugatzen dute soilik: herrietan, zerbait hitz egiteko gai izatera ("chapurrear", "hacerte entender"); hirian, aldiz, ez da hainbeste norberak hitz egitea, euskaradunari ulertzea baizik. Ez da bilatzen euskararen gaitasun osoa edo zabala, egoera batzuei erantzuna ematea baizik

Beste alde batetik, lanari begira, onartzen dute euskararen transmisioko funtzioa zerbitzu/erakunde mailatan, baina, ikuspegi batetik soilik: bezeroari erantzuna emateko, hau da, mintzaira mailan; beste laneko mailak (idatzia, harremanak...) gaztelania­rekin erlazionatzen dute bereziki, horregatik, ez dira arduratzen euskararen gaitasunaz arlo horretan.

Erreferentzia Funtzioa: Gaztelaniak betetzen du funtzio hau osorik: kultura euskaraduna ez zaie bereziki interesatzen, gainera, ezagutu ere ez dute ezagutzen: A eredukoek ez dute gaitasunik ulertzeko eta B eredutik etorri direnak, maila hobeagoa duten arren -bereziki D ereduan daudenak-, ez dute interes berezirik agertzen (rock euskaraz eta bertsola­ritza dira aipatuak: batzuei gustatzen zaie eta beste batzuei ez). Euskara kulturari lotzen zaio oso era murriz­tuan: euskara = gramatika/aditzak (hots, Transmisioko hizkuntza soilik) versus euskara = kultura (ohiturak, tradizioak, bizimodua..., hots, erreferentzia funtzioa). Ez diote garrantzirik ematen euskararen kultura dimentsioari, kultura euskaraduna banakako "kontsumo" hautaketari dagokiolako.

Orain arte azaldu dugunaren arabera, diskurtso honetan kokatzen diren gazteentzat, gaztelania da gizarte hizkuntza nagusi eta indartsua; euskara, aldiz, komunita­te -pribatu- arloan murgilduta gelditzen da. Honen arabera, gizarte/banakako ardatzean gaztela­nia gizarte muturrean kokatzen da eta euskara, aldiz, komunitate muturrean.

Gazte hauek nortasun kolektiboa ez dute euskararekin erlazionatzen, "vasco" izateak ez dakar berarekin euskara jakitea. Euskarak borondatezko aukera izan behar du, hau da, banakako mailako aukera; bestelakoak, derrigorrezkoak ezin ikusiak ekar lituzkeelako.

Euskaradunen/erdaradunen arteko harremanak

Eskola mailan ereduen araberako ezberdintasunak (etiketak) agertzen diren bezala, kale mailan beste egoera bat gertatzen da, hots, Donostiako kalean gaztelania da nagusi eta gazte hauek lasai bizi dute euren egunerokotasuna euskararik gabe gaztela­niaz. Koadrila da kaleko, aisialdiko, harreman sare garrantzit­suena eta bertan hizkuntza amankomuna erabiltzen da denetarik dagoelako (euskaradunak, erdaradu­nak...) eta, gainera, erdaradu­nak gehiengoa direlako. "Komunikazioa" aldarrikatzen dute beste edozein gauzaz gain eta hori gaztelaniaz soilik lor dezakete. Euskararen aukera ez dute ez erreala ezta potentziala ikusten ere; "euskaradunekiko errespetoaren" kontzeptua ez dute ez ulertzen ezta onartzen ere: euskaradunak elebidunak direnez bi hizkuntzatan hitzegiteko aukera dute (beraiek ez dutena). Ikuspegi honetatik, interakzio mailan euskaradunak -elebidu­nak- amore eman behar du erdaradunaren -elebakarraren- aurrean, eta horretan kokatzen dute "hizkuntz errespetoa".

Honekin batera "borondate oneko asimilazioa" gertatzen da: gazte hauek, euskaradunen "diferentzia" onartzen dute (hots, euskara dakitela), baina, banakako ezaugarri gisa. Unibertsitatean, adibidez, euskal adarra egotea ikasleen arteko harremane­kiko "murriztailetzat" jotzen da; gazteeen ustetan, harreman hauek zabalagoak izango lirateke eredu ezberdinik ez balego, hau da, denak gaztelaniaz ikasiko balute. Honek ez du esan gura euskal adarra ez denik onartzen, baina, integrazioaren ideia hor dago eta ezberdintasunak onartu beharrean berdintasunak bilatzen dira. "Borondate oneko asimilazioaren" mekanismoa euskarare­kiko arriskutsua da gizarte legitimitatea baz­tertzen duelako "komunikazio" eta "errespetu" ideiak aldarrikatuz. Honi aurre egitea kontrako diskurtso bati baino zailagoa denez, euskararen normal­kuntzarako oso diskurtso arriskutsua bihurtzen da, integra­zioaren izenean ezberdina dena ukatzen duelako, hots, gehiengoak gutxiengoa irensten du berdintasuna aldarrikatuz. Horregatik, koadrila batean denak euskaradunak badira eta bat bakarra erdaraduna, bakarrik onartzen dute gaztelaniaz egitea.

Hirian, euren egunerokoan, euskara ez dago agerian, hau da, euskaradunen eta erdaradunen artean ez dago "gatazkarik" euskaradunak gaztelaniaz egiten dutelako, eta gazte hauek euskaradunen jarrera hau "normaltzat" jotzen dute erdaradunekiko errespetoaren arabera. Hiriko gazte euskaradunek ez dute legitimaziorik euskaraz egiteko erdaradunen aurrean interakzioa apurtuko litzatekelako eta elebidunak direlako (euskaraz egin dezakete baina euskaradunek, baina euren artean).

Nahiz eta eguneroko harremanetan gatazkarik ez izan, horrek ez du esan nahi euskaradunen eta erdaradunen artean arazorik ez daudenik. Gazte hauek kexa bat agertzen dute euskaradunekiko, hauek euskara "bereizketa" gisa erabiltzen dutela: erdaradunen aurrean daudenean euskaraz egiten dute eta gero bakarrik daudenean gaztelaniaz. Jarrera hau onartezina zaie, nolabait, "gutxiagotuak" sentitzen dira ez dutelako ulertzen edo ez direlako lasai sentitzen. Jarrera hau dela eta, euskaradunek legitimazioa galtzen dute euskaraz hitzegiteko nahiari buruz, nahi hori benetazkoa balitz euskaldunek euren artean beti euskaraz egingo luketelako. Ageriko gatazkarik ez bada ere, maila sakon batean gatazkaren elementuak daude; euskaradunek euskara non-nahi erabiltzeko errespetoa ez dute onartzen euskaradunak elebidunak direlako, erdaradunak erasotuak sentiaraziz eta haien artean jarrera agresiboa ere sortuz.

Azken finean, euskaradunen eta erdaradunen arteko harremanetan euskara oztopo bat da gazte hauentzat (gaitasun gutxi edo batere ez dutelako); oztopo praktikoa eta teorikoa (bere gizarte legitimi­tatea mugatua delako). Euskarak zailtasunak besterik ez du sortzen euren harremanetan.

Besteari euskaraz erantzutea legitimotzat jotzen dute, nolabait, euskararen eremuan kokatuta daudenen kasuan: besteak gaztelaniaz ez badaki edo gaizki hitzegiten badu; hala ere, herriko/baserriko egoera isolatu hori salbuespena da beraien bizimoduan. Hori berbera, hirian, ez dute onartzen bestea beti elebiduna delako. Arazoa sor liteke hiritar batek ez balu euskaraz bezain ondo gaztelaniaz egingo, zeren eta, orduan, euskaraz egiteko legitimitatea izango baitluke. Aipamen honek adierazten duena interesgarria da, bide bat irekitzen duelako euskaradunen gizarte izaera legitimatzeko, hots, gaztelaniaz erreztasun gutxiago izatea; baina, horrek behar duena da gazte euskaradunen kale guneko euskararen eguneroko erabilera eta hori gaur egun ez da gertatzen; horregatik, gazte erdaradunak hiriko erdal giroa ezagutzen dutenez, ez dira arduratzen euskaraz gaitasunik ez izan arren.

Hirian euskara ez dago agerian eta agerian dagoenean bi ezaugarri negatiboekin agertzen da: bata, politikari lotuta (bereziki ezker abertzaleari lotuta eta intolerantziaz definitu­ta) eta bestea "edukazio", "errespetu" ezari lotuta. Irudi hau haustea komeniga­rria da euskararentzat, bere erabilerarako oztopoa delako: talde bateko ikur berezia izatea mugatzailea da hizkuntzarentzat talde horrekin identifikatzen ez direnak hizkuntza bera ere alde batera utziko dutelako; horrez gain, banakako maila soilik bereganatzea gizarte edo kolektibo mailako beharrik ez ikustea eta ez onartzea dakar. Hirian, egunerokoan, euskaradun batek esaten badie euskara ikas dezatela, jarrera agresiboa agertzen dute erdaradunek. Motibazioa bultzatzea ezin da esplizitoa izan (edo ez soilik behintzat), inplizitoa baizik, hots, eguneroko ingurunetan euskara agerian balego presentzia horrek euskararen aldeko banakako aukera bultzatuko luke.

Euskararekiko inplikazio maila

Gazte hauen euskararekiko inplikazio maila "arduragabekoa" dela definitu dugu eta honekin esan nahi da gazte hauen euskararekiko harremana ez dela negatiboa -positiboa baizik- baina zentzu "eroso" batean, hots, eurentzat arazorik edo ahaleginik izan gabe. Inplikazio mota honetan bi arlo berezi ditugu:

· Inplikazio ideologikoa: ideologikoki euskarari onartzen zaio leku bat gizarte mailan nahiz eta mugatua izan, horrekin kontrako diskurtsoan kokatzen diren gazteek baino pausu bat gehiago ematen dutela euskararekiko. Arestian ikusi bezala, euskarareki­ko inplikazio ideologikoa bi alde hauetatik datorkie: hitz egiteko maila minimoa (herrietarako) eta ulermen maila (hirirako).
· Inplikazio praktikoa: Inplikazio ideologikoa, maila batean behintzat, baldin badago, gero hori gauzatzeko ez dute beste pausurik ematen. Ez dira euskararekin inplikatzen ez "gazte" bezala: galdetzen zaienean euskarak gazteekin zerikusirik duen beste belaunaldiekin lotzen dute hizkuntza, "todo lo contrario, es de generaciones para atrás"; ez geroko "gurasoak" bezala: ez dute garrantzizkoa ikusten eurak euskara jakitea euren seme-alabak euskalduntzeko; hori eskolari eransten behar dioten funtzioa dela, pentsatzen dute, salbuespen batzuek salbu.

Orain ezagutzen ez dituzten premia berriek (lanak, harremanek) ez badituzte derrigortzen edo bultzatzen ez dute pausu hori emango; horretarako, euskararen "beharra" ezinbestekoa zaie: euskara agerian eta hurbil sentitzea.

Hau da, euskararen "beharra" areagotzen duten bi eragile aipatzen dira: bata, euskararen -presentzia- hurbiltasuna eta bestea norberaren erabakia izatea (banakako maila hor dago: euskara ikastea/erabiltzea banakako aukera izan behar du, bestela, inposizioa izango litzateke eta hori ez dute onartzen). Baina, azken finean, eragile biak osagarriak dira: euskararen hurbiltasunak (harremanetan bereziki, baina, beste arlo batzuetan baita ere: dendak, kartelak...) "presio sinbolikoa" (gizarte mailakoa dena) sortarazten du euskararen aldeko banakako aukera bultzatuz.

Euskararen inguruko diagnosia egiterakoan gazte hauen artean bi ikuspegi daude, biak sintonian: batzuentzat, euskarak ez du arazo berezirik gizarte mailan ere hainbat tresna bere alde dituelako, bereziki kazetaritza/komunikazio esparruan. Horren arabera, euskarak eskolaz gain badu beste gizarte esparru batzuk bereganatuta, orduan, ez dago beste ezer egin beharrik; horrega­tik, ez datoz bat euskara "gaizki" dagoela esaten dutenekin balorapen horren azpian motibazio politikoak daudelakoan.

Ildo beretik, erabilera falta aipatzen denean, hori banakakoa, borondatez­ko aukeratzat hartzen dutenez ez dute onartzen ezer egin daitekeenik, bestela, inposizioa izango litzate­ke eta. Halere, beste batzuk, aldiz, azpimarrat­zen dute erabilera falta bereziki eta horren arabera erabilera bermatzea aipatzen dute, baina haien aldetik ez dago inplikazio praktikorik adierazpen horietan, nolabait, inplikazio ideologiko mailakoa da; honek esan nahi du, posibilitate potentzialak adierazten dituztela eta ez errealak, egoerak ez dituelako horretara "behartzen".

Euskararen etorkizuna positiboa ikusi arren, ez da euren inplikazio praktikoagatik; euskararen etorkizuna eskolaren eraginagatik dator bereziki: txikitatik ikasten baldin bada ez da zaila eta geroago, aldiz, esfortzu eta denbora handia behar dira.

Diskurtso honetan kokatzen direnak ez dira "errudun" sentitzen euskaraz ez dakitelako, hizkuntza horretaz gaitasun handiagoa lortzea euren eskuetan izan ez delako: alde batetik, etxeak (famili giroa) ez die lagundu euskaraz egiten etxe erdaradunak dituztela­ko; bestetik, eskolak ez die gaitasun maila nahikoa eskaini (A ereduan daudenen kasuan). B eredukoak ere jarrera honekin bat datoz nahiz eta gaitasun maila altuagoa izan, bereziki etxeko giro euskaldunik ez dutenen artean.

Euskararen aldeko ekintzak onartzen dituzte baldintza batzuk betez gero: "modu ludikoan" eta "borondatezkoa" izatea.

Indiferentzia diskurtsoa "ezagupenaren" diskurtsoa da (kontrako diskurtsoa, berriz, maila honetara ere ez da heltzen); honek esan nahi du euskararen oinarrizko irudia ezagupenean kokatzen dela (eta ez euskaraz bizitzean), bigarren hizkuntza ofizial gisa; honekin batera, euskararen inguruan arduragabeko jarrera agertzen da.

2.3.- Euskaltzale diskurtsoa

Diskurtso hau D eredukoen artean nagusitzen da, baina B eredutik etorritakoen artean ere agertzen da (gaur egun D ereduan daudenak edo -zenbait kasuetan- A ereduan egon arren). Diskurtso honetan kokatzen diren gazteak ardura eta interesa nabarmenak dituzte euskara gaia sartu denean. Hizkuntzarekiko ikuspegi dinamikoa dute, hots, egoera, gaur egun, dagoena da, baina, arrazoi batzuengatik (arrazoi historiko-politikoak aipatzen dira), eta horregatik, alda daiteke edo aldatu beharra dago. Diskurtso honen ardatza ez da aurrekoan bezala pragmatismoa; euskararekiko atxikimendu mundua da hau eta euskararekiko nortasun sentimendua dagoela.

Hizkuntzaren irudia

Gazte hauentzat euskarak balio berezia du, ez dute ikusten beste hizkuntzen parean (ingelesa edo alemanera); euskara Euskal Herriko hizkuntza da eta, horregatik, gazte hauek euren hizkuntzatzat hartzen dute; euskararen subjetu gisa adierazten dute euren burua. Euskal Herriko lehenengo hizkuntza euskara da, gaztelania, aldiz, bigarrena.

Gaztelaniaren irudia bikoitza da, alde batetik, bertan dagoen "beste" hizkuntza da (onartzen dena, bigarren hizkuntza gisa), eta bestetik, "inposatutako" hizkuntza da (ezinbestez onartu behar dena euskararen gaurko egoera ikusita); hizkuntza bien artean, euskarari ematen diote lehentasuna.

Euskararen irudi hau talde denetan agertzen da, euskaradun osoak izan ala ez, hau da, euskaraz hitz egiteko gaitasuna izan ala ez. Hau horrela izan liteke irudi hau desio mailan kokatzen delako; ez da gaur egungo egoeraren irudia, etorkizun bateko irudia baizik ("horrela izan beharko litzateke"). Beste bi diskurtsoetan kokatzen diren gazteek euskara "politikarekin" elkarlotzen duten bezala (zentzu peioratibo batean adierazita, bereziki "erradikala" eta "biolentzia" ezaugarriak adieraziz), diskurtso honetako gazteek euskara politikarekin elkarlotzen dute ere, baina, zentzu ezberdinean: ez dute aipatzen politika praktika instrumental hutsa bezala, praktika ideologikoa bezala baizik: "abertzaletasunarekin" elkarlotzen dute, era positiboan. "Abertzale izatea" "euskara jakitea" bezain garrantzitsua da (gazte batzuentzat, garrantzitsuagoa).

Euskara "sentimenduen", afektibitatearen munduan kokatzen dutela, orduan, sentimenduez kanpo dauden motibazioak (pragmatiko-instrumentalak) ez dituzte oso begi onekoak nahiz eta beharrezkoak ikusi: hizkuntza ez bada maitatzen, gero ez da erabiliko eta erabilera falta da gainditzea nahi dena.

Gazte hauentzat euskaldun (vasco) izatea bertako ohiturei, tradizioari, hizkuntzari lotzen zaie; honen inguruan, azpimarratzekoa da jarrera "defentsiboa" agertzen dela, hau da, sentimendu hau Euskal Herriaren berezitasunaren defentsarekin erlazionatzen da, eta hor, hizkuntza barne-barnean dago. Zentzu honetan, euskaldun (vasco) izateko euskararen tokia berezia da: euskara jakitea ez da derrigorrezkoa euskaldun izateko.

Gazte hauek "euskaradunen" eta "erdaradunen" arteko bereizketa egin beharrean, dikotomia hau hiru muturrera zabaltzen dute: euskaradun / euskaltzale /erdaradun; honek esan nahi du erdaradunen arteko multzo bat bereizten dutela euskararen aldekoa, nahiz eta euskara ez jakin. Beste aldetik, euskaradunen artean multzo bat badago euskaltzalea ez dena. Gazte hauen ikuspegitik, euskaldun (vasco) izaeran euskarak toki oso berezia du, ezaugarri funtsezkoena ez izan arren. Euskal nortasuna, hau da, "gu" berezi bat, ez dago "hizkuntza komunitatean" (hots, hizkuntza bera erabiltzen duten subjetuak) bereziki oinarrituta, alderantziz, "atxikimendu komunitatean" (hots, sentimendu berezi bat erkidetzen duten subjetuak) oinarrituta baizik. Honek esan nahi du, garrantzitsuagoa dela "atxikimendu komunitateko" erkide izatea "hizkuntza komunitatekoa" baino. Gazte hauek bi "atxikimendu komunitate" bereizten dituzte: "euskararen atxikimendu komunitatea", kasu honetan, euskal-abertzale munduari soilik lotuta ("euskaltzaleak" izango lirateke), eta "gaztelaniaren atxikimendu komunitatea", kasu honetan, euskal-ez-abertzale munduari lotuta (hots, ez-euskaltzaleak nahiz eta euskaradunak izan). Honen arabera, euskaradunak komunitate bietan daude (gehiago daudela euskararen atxikimendu komunitatean azpimarratu arren), eta hori horrela izanik, atxikimendu mota hizkuntza baino gehiago azpimarratzen dute (euskaltzalea izan ala ez).

Euskararen ezagupenean bi mundu bereizten dituzte: bata, umeen/gazteen mundua, hots, gaur egun eskolaren bidez euskalduntzea ahal dutenak; hauek euskaraz ez jakitea ez dute ondo ikusten, nahiz eta, euskaltzaleak baldin badira, azkenean onartu; gaur egungo gazteek eskolan ez badute ikasi ez da euren "errua" izan; "errua" gurasoena da ez diotelako euskal adarrari garrantzirik eman euren seme-alaben heziketarako. Bestea, helduen mundua, hauek zailago izan dute euskaraz ikastea eta horren arabera onartzen dute euskarazko gaitasunik ez izatea. Euskararen inguruan dauden hitzak hauek dira: "saiatu", "errespetatu", "sentitu", "maitatu". Hori baldin badago, euskara ez jakitea barkatzen da, eskolatik kanpo euskaraz ikastea oso zaila ikusten dutelako; horregatik eskola gunea azpimarratzen dute hizkuntzaren ikasketarako (errazagoa delako). Denak ezagutzen dute hurbiletik (familiakoa edo laguna dela) euskaraz ez dakien norbait eta, hala ere, euskara maitatzen duena, orduan, malgutasun gehiago dago euskara jakiteari.

Bi jarrera ezberdinak daude (nahiz eta sintonian bata bestearekin) euskararen garrantziari buruz, hots, euskarak zer ematen dienari buruz:

· Euskaradun ez-osoak (B mailako euskara dutenak eta gaur egun A ereduan daudenak), nortasun mailan kokatzen dute euskarak ematen diena: "la satisfacción que estas hablando en tu lengua"; azken finean, gaztelaniatik pausu bat eman dute euskararantz nahiz eta azken hau ez menderatu.
· Euskaradun osoak diren batzuentzat "poza", "harrotasuna" eta "berezitasun handiena" ematen die euskarak; besteei, berriz, ez die ezer berezirik ematen, hau da, euskara oinarrizkoa da beraientzat -ideologia mailakoa-.

Euskararen izaera BARNE/KANPO dikotomiak gurutzatzen du. KANPOko muturrean, euskara "berezitasunaren" ezaugarria da, hots, euskaldunak berezkoa duen zerbait, besteengandik ezberdintzen duena (hau, erdaradunek ere azpimarratzen zuten); zentzu horretan, positiboa da. BARNE muturrean euskara gatazkatsua da denek ez dakitelako eta berarekiko jarrera ezberdinak daudelako (kontrakoak ere bai); orduan, BARNEAN euskara identifikazio elementua da gizarte multzo batekoa ("euskararen atxikimendu komunitatekoa", soilik). KANPOAN positiboa den bereizketa, BARNEAN ez da onartzen bestea euskaraduna ez izan arren euskaltzalea baldin bada legitimatuta dagoelako; horrez gain, euskara ez da erosoa arazoak dakarzkielako: egunerokoan, normaltasuna bilatzen den arabera, bereizketa/ berezitasuna alde batera uzten da.

Euskaradunen artean bi ikuspegi nabari daitezke, BARNEko "berezitasun" honi buruz. Bata, pragmatikoagoa (bere inguru hurbila erdaraduna da): euskara jakiteari ez dionak nortasun garrantzi berezirik eransten, hau da, euskaraz daki esfortzurik gabe ikasita, eskolaren bidez, eta horregatik abantaila batzuk ditu eta pozik dago.

Bestea, sinbolikoagoa (bere inguru hurbila euskaraduna da), euskara bere nortasun hizkuntza da bereziki eta hori azpimarratzen du beste ezeren gainetik; ezberdintasunaren legitimitatea aldarrikatzen da, baina, "itxikeria" alde batera utziz.

Ondoren, gune bakoitza azalduko dugu gazte hauen euskararekiko harremana hobeto ulertzeko.

ETXEA. Gune honetako hizkuntza ohitura gurasoen arabera dator; guraso erdaradunak (edo euskaradun ez osoak) etxea erdaraduna, guraso euskaradunak, aldiz, etxea euskaraduna. Etxeko gunea euskaraduna izatea abantaila bezala ikusten da talde denetan, hots, "aseguroa" da euskara errazago erabiltzeko eta bere praktika ez galtzeko. Gazte hauek euren egunerokoa nagusiki gaztelaniaz bizi dutenez, orduan etxea erdaraduna dutenak euskararen praktikaren faltan daude eta hizkuntza maila galtzen dutela konturatzen dira.

Etxeko gunea "aseguro" izateaz gain, eraginkorra ikusten dute euskararen irudiaren transmisioaren inguruan: alde batetik, gurasoen euskararekiko jarrera ideologikoa hizkuntzaren irudi sinbolikoa bermatzeko edo ezeztatzeko orduan. Bestetik, euskararen etxeko erabilera hizkuntzaren transmisiorako oinarrizkoa da gaur egun eta baita etorkizunari begira ere.

ESKOLA.- Gune honetako hizkuntza ohitura gaztelaniazkoa da eredu denetan; eredu euskaradunean ere, nahiz irakaslearekin euskaraz egin, ikaskideen artean, normala, gaztelaniaz hitz egitea da, bi salbuespenekin: bata, irakasleekin, eta bestea, "herrikoekin", azkenengo hauek "sartzen" dute euskara Donostiako gazteen arteko eskolako interakzioan. Donostiako gazte hauek bereizketa bat egiten dute hizkuntzaren ohituraren arabera: hiritarrak (beraiek)/herritarrak; Herritarrek euskarazko ohitura dute, beraien egunerokoa euskaraz delako, orduan, eguneroko ohitura hori eskolako gunera ere eramaten dute; horregatik, eskolan, donostiarrak Donostiakoekin, normalean, gaztelaniaz dena, herrikoekin euskarara bihurtzen da.

Bereizketa honek bere alde ona du, hots, euskarazko ohitura bermatzen du ikaskideen artean, baina, bere alde txarra ere badu: gazte hiritar euskaradunari ez dio mesede handirik egiten irudi hori ez delako erakargarria berarentzat.

Azalpenaren argitasunagatik, ezberdinduko ditugu B eredukoak eta Dkoak, ezaugarri amankomunak eduki arren ezberdintasunak ere badituztelako.

B ereduko gazteak:eredu honetatik datozenak, lehenago azaldu dugun Indiferentzia diskurtsoko Bko gazteak bezala, A eta D ereduetako erdibidean sentitzen dira euren euskara mailari buruz: A eredukoek baino gehiago dakite baina D eredukoek baino gutxiago. Gazte hauen artean, eredua aukeratu behar izan zutenean, aurreko gazteen artean agertu diren arrazoi berberak agertzen dira bata ala bestea aukeratzeko: A eredua aukeratu zutenak, euskara mailaren ziurtasun faltagatik izan zen; D eredua aukeratu zutenak euskara maila ez galtzeagatik izan zen eta arduratu egiten dira euskararen egoeraren inguruan; horregatik, euren egoera bizi eta gero, azpimarratzen dute B ereduan laguntza berezia behar dela euskararen ziurtasuna sendotzeko.

D ereduko gazteak: euskaradunak dira, baina ondo bereizten da etxea eta ingurune hurbila euskaraduna dutenak eta ez dutenak, azken hauek hitz egiteko erraztasun gutxiago dutelako (ez dute etxeko "asegurorik"). Gazte hauek euskarazko eskola materialaren eskasiarekin kexa dute: gaztelaniaz dagoelako edota edizio zaharrak direlako. Hau arazo bezala bizi dute materiala itzuli beharra dutelako. Puntu hau garrantzitsua da euskal adarraren kalitatea eta irudia sendotu nahi badira, euskal lerroa gaztelaniakoa bezain normalizatua egon dadin.

Beste kezka bat ere azaldu dute: euskarazko hitz teknikoen erabilgarritasun eza; ikasten dute hitz tekniko bereziak, hots, euskaraz badaude, baina, erabiltzeko -gogoratzeko- zailak dira, hitzaren eta objetuaren arteko loturarik ez dagoelako (alderantziz, gaztelaniazko hitzak du objetuarekin lotura, ez euskarazkoak). Honen arrazoiak izan daitezke gaztelaniazko erreferentziak barneratuagoak dituztela edota euskarazko erreferentziak oso urrun daudela eguneroko euskaratik.

Horrez gain, kultura orokorreko euskarazko hitzen falta ere nabaritzen dute ("ikusi genuen txori bat eta jendeak "nola esaten da halcón euskeraz?" eta jendeak ez zekien eta hain gauza xinpleak, ze halcón bat zuk badakizu zer den halcón bat); kultura orokorra eskolan -ere- ikasten da, baina, gero, ezagutza hori erabilerarekin oinarritu behar da, bestela, galdu egiten da.

D ereduko gazte hauek arrazoi sinbolikoak azpimarratzen dute euskaraz ikastearen inguruan; "zure hizkuntza" denez euskaraz ikastea "normala" da (edo izan beharko litzateke). Horrez gain, beste arrazoi batzuk -praktikoak- aipatzen dira: euskaraz ikasteko "erraztasuna" eta hizkuntza ezberdinak jakiteak ematen duen "aberastasuna". Hala ere, abantaila bezala, bereziki, lana bilatzeko aukera zabalagoak aipatzen dira; halere, ñabardurak daude abantaila horren inguruan: lanaren munduan euskararen tokia mugatua delako (lan publikoetara bereziki). Euskaraz ikastearen kontrakoak lanaren inguruan kokatzen dira, lanbide heziketakoek dituzten praktiketako esperientzian oinarrituta: oso entrepresa gutxi dira euskaraz eskatzen dutenak.

Gaztelaniaz ikasteak ez du bestelako desabantaila praktikorik, baina, hala eta guztiz, gazte hauentzat pena merezi du euskaraz ikasteak, beraientzat nortasun balioa oso garrantzitsua delako, horrek lagunduta euskaraz ikasteak dituen kontrakoak gainditzen dituzte.

KALEA.- Gazte hauek bizi duten kalea edo esparru publikoa gaztelaniaz da eta egoera horri aurre egitea ezinezkoa zaie. Euren posizioa kontraesanetan dagoela onartzen dute, hots, diskurtso mailan -ideologikoki- euskara erabili behar dela aldarrikatzen dute, baina, gero, egunerokoan, gaztelania da beraien komunikazio hizkuntza nagusia. Gaztelaniaz egitea "automatikoa" da bi zentzuetan: batetik, euskaraz erraztasunik ez dutenek gaztelaniaz ez dute "pentsatu" behar adierazpenak nola egin (euskaraz bai); bestetik, batzuek euskaraz erraztasuna izan arren, ingurunearen eraginez gaztelania automatikoa.

Euskaradunaren irudia aztertzerakoan adierazgarria da beraiek bezalako gazteak ez daudela irudi horretan edo ez behintzat irudi horren oinarrian. Euskaraduna "herrikoa" da bereziki, baserriko ezaugarriak bilduz. Hiriko euskaradunak beste ezaugarri batzuk ditu. Adinarena: zaharra edo gaztetxoa (gaztea ere bai, baina bigarren mailan) izatea (heldurik ez daude). Euskaradunen jazkera "ez pijoa" da: "hippie", "normal", "más sencillo", "más cómodo"; hau da, janzkera "modernoa" ez zaio automatikoki euskaradun irudiari lotzen. Kokapenaren aldetik, Alde Zaharreko tabernetan ibiltzen da. Ideologia aldetik, nazionalista edo abertzalea.

Ezagun/ezezagun dikotomiak funtzionatzen du euskararen inguruan. Ezagunekin, euskaradunak direla jakinda, euskaraz egingo dute. Ezezagunekin, beti lehenengo hitza gaztelaniaz izango da. Joera honek argi adierazten du euskararen gizarte legitimitate falta; "besteari" ez baldin bazaio euskaradun irudia somatzen gaztelania izango da interakzioaren lehenengo hizkuntza eguneroko egoera "normalean".

Kale mailan, "oztopoak" eta "eragileak" daude euskaraz egiteko. Alde batetik, euskaradun ez osoak (B eredutik A-ra igaro direnak) oztopo berezia dute euskaradun osoekin (D eredukoekin): alde batetik, lotsatzen dira euskaraz ez dutelako komunikazio gaitasunerako ziurtasunik; baina, bestetik, euskaradun osoak dira arazoa, ez dutelako euskarazko interakzioa bultzatzen beraientzat aspergarria delako. Euskaradun osoen jarrera hori -ulergarria bada ere- desmotibatzailea da komunikazio gaitasunaren bila doan euskaldunarentzat praktika eta ziurtasuna mozten dizkiotelako.

Alderantziz, bi eragile agertzen dira euskararen erabilera, nolabait, bultzatzeko: bata, ingurune euskaldunean egotea jai giroan, edanaren inguruan..., hau da, "oztopo razionalak" baztertu ahal dituzten egoeran. Bestea, antzeko euskara maila dutenekin hitz egitea, orduan, hizkuntz hierarkiarik gabe lasai hitz egin dezakete, lotsarik gabe eta bata bestea aspertzera iritsi gabe.

Euskaradun osoen artean haiei ere dagozkien aipatutako oztopoetaz gain, ondorengo beste hauek dira azpimarratuenak. Hiriko interakzioan parte hartzen duten "euskararen kontrakoak" (ez dute nahi euskaraz egiterik nahiz eta jakin); baita "kanpotarrak" ere (ez dakite euskaraz; batzuk, euskaltzaleak dira -hauei, barkatzen zaie ez jakitea- eta beste batzuk kontrakoak). Euskarak duen herriei lotutako irudia, halaber, ere ez zaie erakargarria egiten hiri kutsukoak diren gazteei, euren adierazleak eta pizuko erreferentziak hirikoak (gaztelaniazkoak) direlako.

Bestalde, euskararen erabileran parte hartzen duten "pertsona motak" ondoko hauek dira: herrietako jendea, ikastolako gazteak (badirudi, ikastoletako oraingo gazteek ohitura gehiago dutela euskara erabiltzeko) eta euskaradun inplikatuak.

Hiriko "toki" berezituek ere hizkuntza baten ala bestearen erabilera eragiten dute. Erosketen mundua orokorrean eta, bereziki erdi-aldekoak, gaztelaniari loturik doaz.. Diskoteken giroa "ezezagunen" giroa da bereziki eta ezezagunen artean euskaradunek gaztelaniaz egiten dute "bada ez bada". Azkenik, jende aurreko edo esparru publikoan agerian dauden adierazle guztiak (kartelak, pegatinak, trafiko seinaleak, iragarkiak, paper ofizialak, etab.) gaztelaniaz daude nagusiki, hots, "ikusten" dutena ere gaztelaniaz dagoela.

Euskara erabiltzea laguntzen duten hiriko toki bereziak, alde zaharreko tabernak aipatzen dira eta festak (herrietakoak zein Donostiako bertako batzuk ere).

Diskurtso euskaltzale honetako gazte hauek aisialdiaren parte bat alde zaharreko tabernetan ematen dute bertan giro euskalduna aurkituz: kartelak, pegatinak, musika. Horrez gain, eskaera beti euskaraz da, nahiz eta tabernariak euskaraz hitz egiten jakin ez; azken finean, eskariak "konsigna" bezala funtzionatzen dute ("zurito bat", "gorri bat"...) eta hori errez adieraz eta uler daiteke.

Kirola da gazte hauen aisialdirako beste ekintza garrantzitsua. Kirola arloko euskara erabileraren inguruan oinarrizko faktorea da monitorea (4). Taldekideek euskaradunak badira ere, monitoreak ezarriko du harreman hizkuntza zein den.

Azkenik, baina ez garrantzi gutxiena duena, koadrila harremana. Gazte hauen oinarrizko aisialdi harremana koadrilan gertatzen da. Koadrilak, orokorrean, euskaradunez eta erdaradunez osatzen dira, orduan, hizkuntza amankomuna da erabiltzen dena, hots, gaztelania. Koadrila kideak euskaradunak direnean, askotan, gaztelania erabiltzen da (beste batzuetan, euskara). Gune honetako harremanak gaztelaniaz nagusiki gauzatzen badira, harremanaren hizkuntza hori aldatzea oso zaila da; euskararantz aldaketa proposatu eta aurrera eramateko kideen "baimena" behar da, hots, denen adostasuna, bestela, ezinezkoa da, azken finean, kideekin harremana haustea izango litzatekeelako. Koadrilaren hizkuntza aldaketa posible izan dadin ezaugarri minimo batzuk behar ditu: kide denek edo gehienek euskarazko komunikazio gaitasun maila bat edukitzea eta aldaketa horrek suposatzen duen esfortzua asumitzea. Ezaugarri hauek daudenean ere, euskaraz hasi baina gaztelaniaz bukatzen dute, eta horrek frustrazioa dakarkie. Interakzioa "lana" bezala hartzen baldin bada ("euskaraz egin behar dugu") interakzioaren oinarrizko ezaugarria apurtzen da (espontanietatea) eta orduan oztopo bihurtzen da aldaketa gainditzeko.

Koadrilan mistoetan -euskaradunak eta erdaradunak daudenean- hizkuntza aldaketaren planteamendua oso zaila da adiskide batzuk baztertuta geldituko liratekeelako, eta adiskidetasuna hizkuntzaren gainetik dago. Euskaradunak dira hizkuntza biak dakitenak, orduan, normalean, eurak bukatzen dute gaztelaniaz egiten. Halere, koadrila mistoetan, nahiz eta normalean gaztelaniaz egin, salbuespenak ere izaten dira: azpitaldeetan (euskaraz egiteko ohitura dutenekin) banakako edo binakako interakzioetan euskara erabiltzen dute (nolabait, koadrilako azpi-taldeetan); gainera, gazte hauek ez dute begi onez ikusten azpi-taldeko interakzio hau erdaradunek apurtzea, hots, gaztelaniara aldatzeko eskaera egitea, "errespetu" falta dela kontsideratzen dute.

Ikusten denez, koadrila izan daiteke eragile edo oztopo euskararen erabilera bermatzeko. Gaur egun, badirudi, eragile baino gehiago oztopo dela, alde batetik, gaztelania delako komunikazio hizkuntza nagusia, eta bestetik, adiskideen artean hizkuntza aldaketa eskatzea ez delako onartzen.

Euskaradunak, askotan, gaztelaniaz egiten dute beraien artean ere; horren zergatia txikitatik hartutako "ohituran" oinarritzen dute, eta bi faktore agertzen dira bereziki gaztelaniaren ohitura sendotu dutenengan: gaztetxotan "euskaraz hitz egin beharrari"(irakasleek eta gurasoek diotenari) kontra egitearren; horrekin batera, kale gunean gaztetxoa gehiago sartu ahala, koadrilak osatzen dira beste eskolakoekin (erdaradunak, barne) ere bai, eta harreman horiek burutzen dira erdaradunekin amankomunean duten hizkuntzaren bidez.

Gazte euskaraduna ez da bere hizkuntzarekin eroso sentitzen gizarte interakzio mailan, azken finean, badakielako euskara gutxik dakitela eta gaztelania, aldiz, denek. Orduan, euskaraz egiten badu gizarte eredua hausten du eta haustura hori beti arazotsua da. Horregatik, euskara agerian izatea eskatzen dute, hots, "bestea" euskaraduna den ala ez jakitea, hizkuntza bat ala bestea erabiltzeko.

Euskararen etorkizuna

Gazte hauen artean jarrera ezkorrak eta baikorrak daude euskararen etorkizunari buruz. Jarrera ezkorra B eredutik A eredura igaro direnen artean agertzen da. Geroari buruz ez dute aldaketa nabarmenik ikusten: gaur egun ikastetxe asko daudela ez dutenak euskara ondo irakasten (ikastetxe pribatuak aipatzen dira: colegio inglés, francés...); horregatik, gaurko gaztetxo-gazte horiek biharko egunean euskaraz ez dute jakingo. Orduan, etorkizuna gaurkoaren antzekoa izango da, eta gaurkoa ez da oso baikorra -erabilera faltagatik, bereziki, baina, ezagupenaren faltagatik ere bai, eskoletan ez delako sendo irakasten-. Herrikoak direnek ere jarrera ezkorragoa agertu dute hirian euskarak duen etorkizunez hiriko gazteek baino, eta hori erabileraren hedapenik ikusten ez dutelako (dakitenek askotan ez dute erabiltzen).

Jarrera baikorrekoek uste dute etorkizuna gaur egungo egoera baino hobea izango dela euskararentzat. Hau bi faktoretan oinarritzen da: alde batetik, ezagupenaren kopurua handitzen doalako (jende gehiagok ikasten du euskara, eta horrekin batera, jende gehiagok ulertzen du nahiz eta ez hitz egin), eta bestetik, datozen belaunaldiek euskararen ohitura gehiago dutelako. Bi faktore hauek bi gune berezietan kokatzen dira: lehenengoa, eskola gunean, hots, eskolaren eragina oinarrizkoa izango da txikitatik euskalduntzeko esfortzurik gabe, horrez gain, euskaltegien lana ere eraginkorra da; bigarrena, etxeko gunean, hots, familia -gurasoak- gehiago inplikatuko dira etxeko giroa euskaraz izateko, orduan, euskararen ezagupena eta erabilera ere bermatuko da.

Jarrera biak, ezberdinak izanik, ez dira kontrakoak, gaurkoaren elementu ezberdinak azpimarratzen dute soilik. Biak bat datoz gaurko egoeraren ebaluaketan: gaur egun euskararen egoera ez da ona, euskararen erabilera falta da bereziki. Etorkizuna ez da erreza ikusten (jarrera baikorrean ezta), hau da, azken finean, egoera geroz eta hobeto doa, baina, "prozesu" bat da eta "zaila" eta "luzea" izango da. Zentzu honetan, "desio" mailak eta "errealitate" mailak elkar jotzen dute.

Kaleko gunea da zailen ikusten dena aldaketarako etorkizunari begira, hor derrigorrezkoak ez duelako lekurik; "motibazioa", "giroa sortu" dira erabiltzen diren hitzak. Azken finean, banakako borondaterik ez badago euskararen erabilera sendotu baino lehen baztertu egingo litzateke. Horregatik, gazte hauek erakundeen laguntza eskatzen dute kaleko erabileraren zailtasun horri aurre egiteko.

Azkenik, esparru politikoaren inguruan egiten den zatiketa horrek euskarari ez dio laguntzen: euskara politikarekin erlazionatzen dute eta bereziki esparru abertzalearekin. Banaketa honen ondorio bat euskara ez dela gizarte (osoko) mailako ezaugarria da, eta horrek hizkuntzaren gizarte normalkuntza bera baldintzatzen du.

Hizkuntzaren funtzioak

Atal honetan euskarak eta gaztelaniak betetzen dituzten funtzioak aztertuko ditugu, gizarte/banakako ardatza hizkuntzekiko nola kokatzen duten ikusteko.

Jatorrizko Funtzioa: Diskurtso honetan kokatzen diren gazte batzuek euskara dute etxeko hizkuntza eta besteek, berriz, gaztelania. Eta etxeko izate hori oinarrizkoa da funtzio hau betetzerakoan: batetik, euskararen transmisio praktikoa ziurtatzen delako, eta bestetik, euskararen transmisio ideologikoa ziurtatu daitekeelako (gurasoen inplikazioa umeak D ereduan sartzeko). Horregatik, gazte hauek etxearen garrantzia, hots, jatorrizko funtzioaren garrantzia, azpimarratzen dute. Etxeko hizkuntza gaztelania dutenen artean, euskara eskolan ikasirik, euren jatorrizko hizkuntza gaztelania da, baina, euskarak betetzen du jatorrizko-sinboliko funtzioa (abertzale sentimendua adierazten dutenek besteek baino sutsuago azpimarratzen dute euskararen izaera hau).

Funtzio Mitikoa: Gazte hauen artean euskarak betetzen du bereziki funtzio hau: izaera "berezia" du hizkuntza zaharra delako; bereizten zaituen hizkuntza da oso gutxik ezagutzen dutelako; jasan duen egoerak ere bere mitikotasuna elikatzen du: gal-zorian, arriskuan, zanpatu-zorian egon den hizkuntza. Funtzio hau betetzea garrantzitsua da hizkuntza gutxiagotu batentzat ezagupena/erabilera bultzatzen lagun dezakeelako. Diskurtso honetan, gaztelaniak ez du betetzen funtzio hau, beste bi diskurtsoetan gertatzen zen bezala.

Transmisioko Funtzioa: Funtzio hau nagusiki gaztelaniak betetzen du; honek esan nahi du, egunerokoan gaztelaniaz bizi direla nagusiki eta esparru publikoan are nabarmenago. Funtzio hau komunikazioarena denez harremanak burutzea du helburu; "bestea" erdaraduna edo euskaraz erraztasunik ez duena baldin bada komunikazio hori gaztelaniaz burutuko da (euskaraduna baldin bada, askotan, ere bai). Komunikazio funtzio hau garrantzitsua da hizkuntza baten normalkuntzan eta gazte hauek, nahiz eta gaztelaniaz bizi, euskararen komunikazio funtzioa -gizarte erabilera- eskatzen dute bi arrazoiengatik: bata, bere nortasun balioagatik ("gure" hizkuntza); bestea, legediaren arrazoiaz ("hizkuntza ofiziala"). Gazte euskaradun hauek ez dute komunikazio legitimitaterik sentitzen euskaraz egiteko, nahiz eta hori izan euskararekiko euren helburu ideologikoa.

Hizkuntza batek transmisioko funtzioa betetzeko hizkuntza hori gizarte osoak edo gehienak ezagutu behar du eta, horrekin batera, hizkuntza hori transmisioko funtzioa betetzeko legitimoa dela onartu behar da. Euskara gaztelania den bezalako transmisioko hizkuntza izatea ez dute gazte denek legitimatzen, diskurtso euskaltzalean kokatzen diren gazteak izan ezik. Gazte hauek kontraesanetan ikusten dute euren burua, euskaltzaleak direlako eta, halere, gaztelaniaz bizi direlako; euskaraz bizitzea dute helburu, baina ezin dute gaztelaniak inguratzen dituelako. Zentzu honetan, erakundeen laguntza eskatzen dute, euskarak gizarte legitimitatea lor dezan komunikazio hizkuntza ere izateko.

Erreferentzia Funtzioa: Gazte hauen artean gaztelaniak betetzen du funtzio hau maila handi batean, kultur erreferentzia gehienak gaztelaniaz ezagutu eta bizi dituztelako (literatura dela, aldizkariak, telebista, zinema...). Euskarak ere betetzen du funtzio hau, baina, era ezberdinean gazte hauek duten euskara gaitasunaren arabera:

· Euskaradun ez-osoak: euskarazko kultura-erreferentziak euskal musikari dagozkio bereziki. Irakurketa, adibidez, ez dute ondo ezagutzen (Bernardo Atxagaren izena, adibidez, gutxi batzuk ezagutzen zuten) eta bere irudia interesik gabekoa da. Bestalde, euskaraz irakurtzeko gaitasun maila handirik ez dute eta horrek ere oztopatzen du. Gainerako euskal kultura nekazal irudiari lotuta doa (herri kirolak, bertsoak); salbuespen bezala, pilota dute gogoko, hots, herri kiroletako kirol "modernoena", telebistan presentzia duena, nolabait, modan dagoena... Horrela, euskal kulturak interesik gabeko eta modernotasunik gabeko kulturaren irudia du gazte hauengan; hau da, ez zaie batere erakargarria eta, erakargarritasunik ezean ezagutzeko pausurik ez da emango.
· Euskaradun osoak: euskaraz erraztasuna duten gazteek ez dute onartzen euskal kulturak nekazal ezaugarriak dituela soilik; herri kirolak, tradizioak, erakargarriak dira, baina, horrekin batera, gaur egungo gaiak ere interesatzen zaizkie eta ezagutzen dituzte euskaraz.

Bien arteko ezberdintasuna honetan datza: euskaraz errez egiten ez dutenak ez daude unibertso euskaldunean murgilduta (ez dute harreman sendorik mundu horrekin) eta, berriz, euskarazko erraztasuna dutenak, bai. Hala eta guztiz, azpimarratu beharra da euskal mundu horretatik kanpoz euskal kulturaren irudia mugatua dagoela, ez dela eskaintzen duen guztia ezagutzen, eta gabezi hori arazo garrantzitsua da euskararentzat, hiritar gazte askok modernotasun ezari muzin egiten diotelako.

Diskurtso honetan kokatzen diren gazteak dira gizarte/banakako ardatzean euskara bi muturretan kokatzen dutenak (beste diskurtsoetan, ikusi dugunez, gizarte muturra ez da kontuan hartzen edo oso era mugatuan hartzen da). Euskara banakako mailakoa da, hots, bakoitzak erabaki behar du euskara ikasi edota erabili, bestela, derrigorrezko izatea euskararen kontrakoa izango litzateke; beste aldetik, euskara gizarte mailakoa da, hots, "herri" baten hizkuntza da, orduan, lurraldetasun bat du, "Euskal Herria". Euskarak komunikazio eta erreferentzia funtzioak mugatuak dituenez, euskararen gizarte izaera errealitatean baino gehiago desio mailan kokatzen da.

Euskaradunen/erdaradunen arteko harremanak.

Diskurtso honetako gazteak gehiengo erdaradunaren artean "irla euskaradunak" dira, batek bestea euskaraduna den jakin gabe. Eguneroko harremanetan ez dago istilurik euskaradunen eta erdaradunen artean hizkuntza amankomuna erabiltzen delako; horrela, eguneroko interakzioa ez da hausten eta hau, gazte hauentzat, oso garrantzitsua da. Kontestu honetan, erdaradunen aurrean euskaradunak dira "lotsa" antzekoa sentitzen dutenak, hau da, beldur dira erdaraduna "molestatuko" ote duten, euskarak gizarte legitimitate osorik ez duelako. Honek argi uzten du euskararen gizarte tokia gaur egun ez dagoela argituta. Horregatik, gazte euskaradun hauek "txarteltxoaren" eskaera egiten dute, hau da, euskaraduna agerian uzteko prozedurak (ikurrak) hedatzea eskatzen dute; horrela, "bestea" euskaraduna dela ikusten badute euskaraz egin diezaiokete estuasunik gabe.

Erakunde publikoetan jarrera ezberdina adierazten dute; zerbitzu publikoetan ez da "ziurtasun eza" sentitzen: halako erakundeetan euskaraz atenditua izatea "derrigorrezkoa" da beraientzat, orduan, euskaraz egiten dute eta, askotan, frustrazioa dago esparru horretan euskaraz ez dietelako erantzuten.

Lagunartean, erdaradunen eta euskaradunen arteko harremana ez da gatazkatsua, adiskidetasuna hizkuntzaren gainetik dagoelako. Honek esan nahi du, hizkuntza amankomuna erabiltzen dela.

"Itxikeria" baztertuz, "irekitasunak" eguneroko eta aurrez-aurreko interakzioan funtzionatzen du, hots, euskaraduna elebiduna denez elebakarrarekin hizkuntza amankomunera jotzen du, bestelakoa egitea "itxikeria" da, eta gazte hauek hori ez dute onartzen egunerokoa hautsiko lukeelako. Lagunei "esijitzen" zaiena euskararekiko atxikimendua adieraztea da: euskara maitatzea eta saiatzea -lortu ez arren-.

Euskaradunek bi elementu azpimarratzen dituzte garrantzitsuak direnak euskaradunen eta erdaradunen arteko harremanetarako: "errespetua" eta "euskararen balorapen positiboa". Euskaradunak "errespetoa" eskatzen du baina ez banakako mailan, kolektiboki baizik (Indiferentzia diskurtsoan zentzu kolektiborik ez dago, azaldu dugun bezala): euskarak, bertako lehenengo hizkuntza bezala, eta euskaradunak euskal hiztun bezala, eskubide batzuk dituzte eskubide kolektiboak direnak, horren ondorioz, euskararekiko "errespetuaz" eta "balorapen positiboaz" gain, euskaradunekiko errespetua ere eskatzen da, hots, euren eskubidea euskaraz hitz egiteko besteak gaztelaniaz egiteko duen bezala. Euskaradunak erdaraduna errespetatzen duelako gaztelaniaz egiten du elkar ulertzeko eta inor ez baztertzeko, jokabide hori "simetrikoa" izatea eskatzen du, hau da, erdaraduna konturatzea "bestea" dela hizkuntza aldaketa egiten duena beti eta horren ondorioz, erdaradunak ulertzea besteari gaztelania "inposatzen" diola beti; hala eta guztiz, euskaradunak ez dio erdaradunari derrigorrez esijitzen euskara ikastea (egoeraren arabera hainbat arazo egon daitezkeelako) euskara maitatzea baizik; horrela, nahiz gaztelaniaz egin atxikimendu harreman berbera dute euskararekiko (eta hori euskararen alde doa, etorkizunari begira, adibidez: seme-alabak,...).

Eguneroko harremanetan ez dagoela arazorik adierazi dugu hizkuntza amankomuna erabiltzen delako, baina, horrek ez du esan nahi euskaradunen eta erdaradunen artean arazorik edo gatazkarik ez dagoenik. Euskaradunen errespeto faltaren kexaren azpian "harreman simetrikoen" aldarrikapena dago, hau da, bi aldetatik elebidunak izatea euskaraz egiteko posibilitatea ere irekitzeko.

Gatazka sor daiteke euskaradun ez-osoen eta euskaradun osoen artean ere: lehenengoek euskaraz egitea onartzen dute, baina zerbait ulertu ezean beraiei -erdaraz- ez azaltzea, ez. Jarrera agresiboa da beraientzat ez direlako errekonozituta sentitzen ez subjetu bezala ezta maila bateko euskaltzale bezala ere.

Beste aldetik, euskaradunen artean ere arazoak daude batzuk besteak baino euskararekiko inplikazio handiagoa dutelako, orduan, batek euskararen erabilera bultzatzerakoan besteak erdaraz erantzuten badio, azkenean, hizkuntza ahuleneko hiztunak lehenago uzten dio bereari erdara joz.

Euskaradunen eta erdaradunen arteko harremanak aztertzean ezin dugu aipatu gabe utzi Indiferentzia diskurtsoan hedatu den "borondate oneko asimilazioaren" mekanismoa. Horri aurre egiteko gazte euskaltzaleak arazoak dituztelako. Hizkuntza bietan harreman simetrikoak izateko denek elebidunak izatea ezinbestekoa dela, eta bitartean, gazte euskaradunek oztopo bati aurre egin behar diote: euskara aldarrikatzen denean (kolektibo bezala) "diferentziaren" eskubidea esijitzen da "asimilazioaren" aurrean (topagune propioak edo berezituak...); baina, "diferentzia", gaur egun, beste diskurtsoetan kokatzen diren gazteek "bereizketa" bezala ulertzen dute eta horrek eragina du euskaradun gazteen jarreran, azken finean, "bereizkeria" ez dute eurek ere onartzen. Orduan, "diferentzia/asimilazio" dikotomiaren arabera euskaradun gazteak "bakarrik" eta kontraesanetan "galduak" sentitzen dira.

Norabiderik gabeko egoera honen aurrean, gizarteak orokorrean eta erakunde publikoek bereziki, lagundu behar dute euskararen nahia areagotzen eta zeregin horren atzetik bi bide dituzte:

· Gazte euskaradunekiko: euskararen gizarte ziurtasun eza gainditzeko erakundeen euskararen aldeko ekimena beharrezkoa ikusten dute; horrekin, euskarak bere gizarte legitimitatea sendotuko luke eta euskara erabiltzeko ziurtasun handiago sentituko lukete. Zentzu honetan, "babesa" eskatzen dute, beraiek bakarrik ezin dutelako euskararen egoera hobetu.
· Gazte erdaradunekiko: erakundeek (publiko nahiz pribatuek) erdaradunei ezin diete euskara ikasarazi edo derrigortu, aldiz, egin behar dutena euskararen "beharra zuzpertzea" da (euskararen presentzia bultzatuz). Azken finean, bilatzen dena erdaradunaren euskararekiko interesa areagotzea da eta, horretarako, euskara agerian utzi behar da. Erakundeen erdaradunekiko interbentzioak zuzena izan partez "zeharkakoa" izan behar du (euskaradunen bidea erraztuz), bestela arrisku bat dago: beste diskurtsoetan kokatzen diren gazteek "inposizio" bezala ikus dezaketela.

Zentzu honetan, euskarari ospea erantsi behar zaio, duen gizarte prestijioa areagotu eta sendotu eta hori goi mailakoen eskuetan dago (politikariak, pertsonai ezagunak, hau da: gizarte prestijiodun guztiak...); goi mailakoek euskarari buruz duten jarrera ahuletaz kexatzen dira gazteok: gutxi erabiltzen dutelako, askok ez dakitelako eta, halakoetan, aldeko interesik ere adierazten ez dutelako (Jordi Pujol eredutzat hartzen dute, telebistan beti katalanieraz egiten duelako).

Euskararekiko inplikazio maila.

Gazte hauen euskararekiko inplikazioa "arduratua" da, hots, euskara beraientzat garrantzitsua da eta bere egoeraz interesatzen eta kezkatzen dira. Zentzu honetan, euskara arazo bat da hauentzat nahiko lukeen egoera sendoan ez dagoelako.

Bi inplikazio mota berezitu ditugu: bata, inplikazio ideologikoa (euren nortasun hizkuntza da) eta zentzu honetan, euskararen "subjetuak" dira, euskararen "berpizkundean" parte hartzen ari dira, eta horrek "harrotasun ukitu bat ematen die. Euskara eta Euskal Herria loturik daude eta batarentzat ala bestearentzat lan egitea gauza berbera da.

Bestea, inplikazio praktikoa; hau egunerokoari loturik doa eta, egunerokoa erdaraduna izateak zailtasun propioa eransten dio; beraz, euskararekiko inplikazioa ez da erreza. Ikastearekiko inplikazioa erabilerari dagokiona baino "errazagoa" ikusten da, baina ez lehenengoa erreza ikusten delako. Inplikazio praktikoaren inguruan bi jarrera hedatu dira eta bien arteko ezberdintasuna banakako dimentsioari ezartzen dioten pisuan datza; jarrera batean, banakako dimentsioa alde batera uzten da euskararekiko inplikazio erreala arazotsua delako, euren egunerokoa hausten duelako (gazte hauek ingurune erdaradunekoak dira -euskararen erraztasun txikiagoa dute). Beste jarrera batean, banakako mailari garrantzi handia ematen diote, maila horretan ez bada ezer egiten gizarte mailara iristea zailagoa izango delakoan. Jarrera honetan kokatzen diren gazteak ingurune euskaradunekoak eta erdaradunekoak dira eta euren egunerokoaren haustura inplikazio errealak ere suposa lekieke.

Erabilera dimentsioko inplikazioak ikuspegi ezberdina du euskaradun ez-osoen eta euskaradun osoen artean:

· Euskaradun ez-osoek beraien beharra azpimarratzen dute: euskarazko erraztasuna lortu eta hitz egiteko lotsa gainditu, horretarako euskarazko ekintza erakargarriak eskatzen dute ("tailerrak": argazkigintza, informatika...; irteerak,...) eta lagun euskaradun berriak egin beharra errekonozitu.
· Euskaradun osoak: gazte hauek euskararen erabilera gehitu behar dutela azpimarratzen dute; euren egunerokoan gaztelaniaz bizi dira euskaradunak izan arren (beste euskaradunekin ere gaztelaniaz egiten dute), baina, ingurunearen eragina dela esanaz gainditzen dute, ez da euren errua. Egoera hori iraultzeko hiru ekintza mota aipatzen dira: bata, lagunartean, talde osoak gaztelaniaz hitz egin arren, binaka, hirunaka euskaraz hitz egiten hasi, horrela, pausu bat ematen da euskara agerian uzteko eta besteek ikus dezaten; bigarrena, lagunak motibatu, "euskal kontzientzia" sortu koadrila mailan, lagunaren motibazioa sendotzeko eta bere euskararekiko jarrera bultzatzeko; hirugarrena, euskararen aldeko erakunde edo taldeetan parte hartu.

3.- ONDORIOAK.

Donostiako gazteen diskurtsoan dagoen hizkuntzarekiko haustura ardatza nagusia ereduen artekoa izan da. Honek ez du esan nahi bi mundu homogeneo berezitu direnik, hauxe esan nahi du, ordea: bi mundu orokor direla A eta D ereduen inguruan (B ereduko taldeak banatu egin dira alde batera batzuk eta beste alde batera besteak) baina, halere, mundu horietako bakoitzean posizio ezberdinak agertu direla. Lanbide Heziketako eta BBB/UBIkoen artean, aldiz, euskararekiko ezberdintasun nabarmenik ez da agertu.

Gazte hauentzat hiria, Donostia, gune erdalduna da; gaztelania sentitzen da eta ikusten da "normala", eta bi arrazoik babesten dute ideia edo sentipen hau: jende gehienak euskaraz ez dakiela (hots, euskaraduna gutxiengoa dela eta, gainera, gutxiengo sentitzen da, azken sentimendu honek bere euskararekiko jarrera baldintzatuz) eta kanpoko jende asko dagoela (hots, erdaraduna dela eta euskarareki­ko atxikimendurik ez duela).

Gure azterketa honetan, gazteen euskararekiko hurbiltasun baxuagoak edo handiagoak hizkuntza horrekiko irudiak eta jarrerak baldintzatzen ditu. Hurbiltasun kontzeptua zentzu ezberdinetan ulertu behar dugu: hurbiltasun "fisikoa edo espaziala" (kalean, etxean eta eskolan pertsona euskaradunekin ibili ala ez) nahiz hurbiltasun "ideologikoa" (euskararekiko atxikimendurik izan ala ez). Azken hurbiltasun mota hau oso loturik doa euskararekiko inplikazio mota ezberdinei. Gazte hauek hiri berdinean bizi dira baina euren egunerokoa era ezberdinetan bizi eta definitzen dute; euskararekiko distantziaren arabera, urrunetik hurbilenera, hiru diskurtso orokor ezberdin nabaritu ditugu: KONTRAKO DISKURTSOA, INDIFERENTZIA DISKURTSOA eta DISKURTSO EUSKALZALEA.

Gazte hauek hiru zentzu-mundu ezberdinetan bizi dira (diskurtso bakoitzak hedatzen duen zentzu munduan), eta hor euskarak definizio ezberdinak ditu, batzuk kontrajarriak eta beste batzuk osagarriak.

Ezberdintasunak ezberdintasun, hiru diskurtsoetan garrantzi berezia ematen zaio etxeko gunea euskaduna izateari, euskararen "aseguro" bezala funtzionatzen duelako: ezagupena eta erabilera errazten edo bultzatzen dituelako eta, gainera, hizkuntza horren aldeko transmisio ideologikoan (euskararen aldeko motibazioak, umeak D ereduan matrikulatu...) laguntzen duelako.

Ikasketen inguruan ere, euskaraz ikasteari buruz adostasuna dago: hots, euskara esfortzurik gabe ikas daitekeela eta aukera hori galduz gero zaila eta lan mardula dela eskola edo familiaz kanpo ikastea. Horrekin batera, gure ikerketako gazteak -euskaradunak eta erdaradunak- bat datoz beste ideia batean: gazte erdaradunak ez direla errudun sentitzen euskaraz ez dakitelako, bi arrazoiengatik: etxean, gurasoek ez dietelako irakatsi eta ez dituztelako euskal eredu batera bidali; eta, horrekin batera, eskolak ez dielako euskarazko gaitasunik eman.

Halere, iritzi ezberdinak ere badaude: A eta B ereduetan euskaraz ikasteak gaztelania galtzea ez ote duen ekarriko beldurra dago. Karrerako goiko mailetan eta lan munduari begira (hitz teknikoak euskaraz ikasiz gero gaztelaniaz lan egiteko oso arazotsua ikusten da, oposaketak gaztelaniaz dira...). Euskara, aldiz, esparru publikoko lanarekin soilik erlazionatzen da: funtzionari, magisteritza, kazetaritza... D eredukoek, berriz, azpimarratzen dute euren ereduan hizkuntza biak menderatzen direla eta elebitasun horrek beti dituela abantailak Euskal Herrian bizitzeko eta lan munduari begira ere.

Lan munduaren irudiak eragina du unibertsitatean hizkuntza hautaketa egiteko orduan: euskararen presentzia oso mugatua ikusten da eta gaztelaniarena, aldiz, nagusiagoa eta zabalagoa (esparru pribatuan gehi Euskal Herritik kanpokoan). Halere, diskurtso euskaltzalean kokatzen diren gazteek dikotomia hau euskararen alde gainditzen dute, hizkuntza honen nortasun balioa azpimarratuz.

Bestalde, B eredutik datozenek euskaradun osoen aurrean euskararen ziurtasun falta nabaritzen dute. Hori gainditzeko harreman estuagoak lortu behar dira, bien arteko euskararen erabilera normaltzeko, lotsa gainditzeko: adibidez, ekintzetan bildu. Norberaren gaitasunaren konfidantza areagotuz gero B eredutik D eredura igarotzeko aukera zabalduko litzateke. Halaber, beharrezkoa izango litzateke B ereduan ikasi ondoren A ala D ereduen artean hautatu behar dutenei jakinaraztea aukeraketa errazenak (A eredura pasatzeak) epe motzean euskara galtzea dakarrela.

"Borondate oneko asimilazioa" ematen da euskaradun eta erdaradun gazteak normaltasun inguruan biltzen direnean; komunikazio eta integrazioaren inguruan "diferentzia" baztertzen da elementu amankomunen alde eta, hizkuntzari dagokionez, amankomun bakarra gaztelania da. Mekanismo horretatik irtetea zaila da; gazte euskaradunak bere "diferentzia" azpimarratzen du euskaradun bezala (kolektiboki) eta hizkuntza horren hiztun bezala errespetua eskatzen dute, baina, bestaldetik, "diferentzia" hori "berezikeritzat" jotzen dute euskaltzale ez diren gazteek. Eta gazte erdaradunek oso sentikorrak dira euskaradunaren aurrean: kexa bat dago, euskaradunek erdaradunak baztertzeko hauen aurrean soilik egiten dutela euskaraz, euren arteko harremanetan gaztelaniara jotzen duten bitartean. Horrekin, euskarak erabilerarako legitimitatea galtzen du.

Horrez gain, adiskidetasuna hizkuntzaren gainetik dago: euskararen ezagupena eta erabilera banakako mailan kokatzen da, derrigorrezkorik gabe. Zentzu honetan, euskaradunek elebidunak direnez euskara ez duten lagunen aurrean amore ematen dute hizkuntza amankomuna -gaztelania- erabiliz.

Indiferentzia diskurtsoko gazteek D eredukoen irudia politikarekin erlazionatzen dute, orokorrean euskararen irudia politikarekin erlazionatzen delako: alde batetik negatiboki (erradikaltasun eta biolentziarekin), beste batetik, positiboki (herri eta nazio propioarekin). Identifikazio hau oztopoa da euskararentzat honen alde zerbait egiteari -ekintza ezberdinei- zentzu politikoa eransten zaiolako; era horretan, ulermen honek hizkuntzak duen zentzu sinbolikoa aukera politiko zehatz batera mugarazten dio.

Bestalde, euskaradunaren irudia, orokorrean, herriko edo baserriko irudiari loturik doa eta "kaxero" hitza entzun izan da taldeetan; irudi hori ez da erakargarria hiriko gazteentzat. Euskara eta euskaradunaren irudiari "modernotasun" eta "hiritartasun" kutsuak falta zaizkie. Muga hori gainditzeko, euskaraz egiten den kultura ezagutzera eman behar da (estereotipoek funtzionatzen dute gaur egun euskal munduan benetan zer dagoen ez delako ezagutzen) eta agerian gelditzen dena erakargarria izan behar du (gai modernoak, gaurkoak, gazte hiritarraren gustukoak).

Irudi hutsune horren ondorioz –eta euskararen presentzia urriagatik ere-, gazte euskaradunak ez dira legitimatuta sentitzen nortasun hori agerian uzteko (horregatik, adibidez, ezezagunarekin lehenengo hitza gaztelaniaz egingo du).

Euskararen erabilera aipatuz, erabilera horrek legitimitate ezberdinak ditu hizkuntza diskurtso ezberdinen arabera. Horrela, Indiferentzia diskurtsokoek euskara hirian erabiltzeari ez diote legitimitaterik onartzen, batzuk bakarrik dakitelako eta hiria ez dutelako jotzen hizkuntza horren "toki naturaltzat" (hiria gaztelaniaren toki naturala da); euren ustetan, aldiz, herrietan du euskarak bere toki naturala eta horietan euskararen erabilera legitimoa ikusten dute. Ikuspuntu hau mugatzailea da euskararentzat hiritik baztertua gelditzen delako. Hau guztia, berriz ere, oztopoa da gazte euskaradunentzat, euskara ez dutenak erasota senti daitezkeelako, era horretan bi gazte mota horien artean amildegi linguistikoa irekitzeko arriskua piztuz. Euskaltzale diskurtsokoentzat, aldiz, euskararen tokiek hiria eta herria izan behar dute, bertako komunikazio hizkuntza euskarak izan behar duelako.

Gazte euskaradunek euskararekiko nortasun balioak azpimarratzen dituzte bereziki. Euskararen erabilerarik eza barkatzen dute euskararekiko maitasuna, errespetua, sentimendua baldin badago; zentzu honetan, gazte euskaradunak ez du hizkuntza komunitatea azpimarratzen, atxikimendu komunitatea baizik. Hau, euskararen erabileraren normalkuntzarako oztopo bat izan da, azken finean, euskararen ezagutza eta erabilpena praktikan ez direlako azpimarratzen (nahiz eta horien garrantzia maila ideologikoan onartu), euskararen aldeko sentimendua izatea baizik.

Gazte euskaradunentzat euskarak Euskal Herrian bertan nahiz kanpoan badu balioa: kanpoan nortasun berezi baten ezaugarria delako, norbera arro sentiarazten duena; Euskal herrian, aldiz, denek ez dakitenez ezaugarri bereizgarria da; halere, kasu hau negatiboa izan daiteke ez duelako "gu" bat eraikitzen, baizik eta diferentzi banatzailea.

Euskararekiko inplikazio maila ezberdinak daude: inplikaziorik gabeko neska-mutilak, alde batetik (hauek euskararekiko kontrako diskurtso ideologikoa dute). Beste aldetik, inplikazio Indiferentzia diskurtsoak onartzen euskarari toki bat gizartean, nahiz eta mugatua izan: herrietan gizarte legitimitatea du eta horrelakoetan euskaraz jakitea beharrezkoa da (chapurrear, hacerte entender); hirietan euskara jakitea ez da beharrezkoa, ez diote gizarte legitimitaterik onartzen komunikazio hizkuntza denek ezagutzen duten hizkuntza (gaztelania) delako (hirian, euskara ulermen mailan interesatzen zaie soilik). Euskaltzale diskurtsokoek inplikazio ideologikoa handia dute euskararekiko beraien nortasun hizkuntza delako, herri baten hizkuntza, eskubide batzuk dituen hizkuntza.

Inplikazio ideologikoez gain, inplikazio praktikoa nola moldatzen den interesgarria da: Kontrako eta Indiferentzia diskurtsoak dituztenek inplikazio praktikorik ez dute nabarmendu; ez gazte bezala, ez etorkizuneko guraso bezala. Euskara ez da galdu behar baina beste batzuen -ez norberaren- inplikazioaren bidez salbu egongo da. Euskaltzale diskurtsokoek, aldiz, inplikazio praktikoa ere azpimarratzen dute, nahiz eta gauzatzeko zailtasun ugari ikusi. Maila ezberdinetan kokatzen dute inplikazio praktikoa: euskal adarrean ikasten jarraituz, lagunartean euskara erabiliz, motibazioa zuzpertuz...

Euskaltzale diskurtsoan kokatzen diren gazteek euskararekiko inplikazioa gizarte eta banakako dimentsioetan kokatzen dute, dimentsio bien elkarren arteko eraginean. Euskara banakako erabakia izan behar du baina erabaki horri laguntza eman behar zaio eta hor gizarteak (erakundeek, talde ezberdinek,...) parte hartu behar du. Gazteak erakundeen babesa eskatzen du eta horrekin bere euskaradun edo euskaltzale nortasunaren gizarte ziurtasunik eza agerian gelditzen da.

Eskaera, batetik euskara agerian uztera zuzentzen da: kaleko nahiz barruko seinale eta iragarkiak, zerbitzuetan dauden euskaradunek txartel edo txapa bat gainean eraman dezaten. Bestetik eskatzen da ere euskal elkarguneak sortu euskaradunak biltzeko ekintza erakargarrien inguruan. Arlo honetan, interesgarria da kultur etxeekin harremanak izatea, bertan hainbat ekintza bidera daitezkeelako.

Aisialdia ere garrantzitsua da euskararen erabilera bultzatzeko, eta kasu honek bi aipamen egitea merezi ditu. Bata, umeekin egiten diren aisialdi taldeak: badirudi, auzo batzuetan umeak ereduen arabera banatu gabe daudela, eta denak batera daudenez hizkuntza amankomuna (gaztelania) aukeratuko dute. Umeak hizkuntzaren arabera banatzeak merezi du euskara erabilpenaren ohitura bultzatzeko; horretarako, antolamendua eta baldintza egokiak (euskaradunak taldeka biltzea...) behar dira. Beste aldetik, kirolaren kasuan entrenatzaileen eragina funtsezkoa da: gazte euskaradunekin entrenadore euskaraduna (euskaraz aritzen dena, hobe esanda) behar da, eta horrekin batera, taldeko partaide guztiak ere euskaradunak izatea.

Euskarari gizarte ospea eman behar zaio, horretarako, pertsonai publiko edo ezagunen laguntza behar da: politikariek, telebistakoek, kirolariek, etab., jende aurrean (edo komunikabideetan) euskara erabil dezaten.

Azkenik, Euskaltzale diskurtsoan kokatzen diren gazteentzat erakunde publikoen euskararen aldeko interbentzioa "babesa" den bitartean, gauza berbera Indiferentzia diskurtsoan kokatzen diren gazteek "inposizio" bezala uler dezakete. Erakundeek ezin dute arrisku hau ahaztu euren ekimenetan, eta ahalegin berrien eraginkortasuna kontutan hartzeaz gain kontrako diskurtsorako elikagai ez direla bihurtzen ere aintzat hartu beharko dute.

 


Oharrak

[1]Idazlan hau Donostiako Udaletxeko Euskara Patronatoak agindutako eta ordaindutako argitaratu gabeko ikerketa baten laburpena da; ikerlan hori, 1995eko uztailean bukatu zen.

[2]ESKOLA gune honetan ertaineko maila bakarrik kontuan izan dugu, unibertsitateari buruzko informazioa idazlan honetan sartzeko lekurik ez dagoelako.

[3]Euskaradunak -eta ez, euskaldunak- erabiltzen dugu, "euskaldun" kontzeptuak erderaz bi ordainak dituelako -bata "vasco" eta bestea "quien sabe euskara"- balizko nahasketak sahiesteko lagun-garria delakoan. Simetria bat gordetzearren, euskararik ez dakienentzat "erdaradun" erabili dugu.

[4] Gizarte Sareen metodologiaren arabera, halako harreman sareetan monitoreak erdiguneko kokapena betetzen duelako. Harreman sareek hizkuntza harremanetan duten aplikagarritasunaz gehiago jakiteko kontsulta daiteke: Martínez de Luna, Jausoro, Berrio-Otxoa eta Idirin (1998): “Gizarte sareak eta hizkuntzaren erabilera: ueskarari eta gaztelaniari egokitutako hurbilketa in Bat Soziolinguistika Aldizkaria, 26.zbk.

BAT aldizkaria: 
27. 1998ko ekaina. Euskara Batuak 30 urte
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Gipuzkoa
Egilea(k): 
Nekane Jausoro; Iñaki Martínez de Luna; Andrés Dávila
Urtea: 
1998