Diglosia

Aurrera jarraitu baino lehen, nabarmendu behar da diglosia ez dela hizkuntzaren garapenaren une jakin batean bakarrik gertatzen beti, esate baterako, estandarizazio prozesuan. Diglosia jatorri askotatik sor daiteke, eta hizkuntz egoera klase askotara hel

Esan beharrik ere ez dago izugarri garrantzitsua dela egoera guztietan dagokion aldakia erabiltzea. Esate baterako, ikasiaren ikasiz B ongi eta erraz mintzatera iristen den arrotza, eta gero hori egoera formal batean erabiltzen saiatzen dena, barregarri geratzen da denen aurrean. Orobat gertatzen da hizkuntz komunitate horretako batek G aldakia erabiltzen badu elkarrizketa moduko egoera arrunt batean edo jarduera ez-formal batean (erosketak egitean bezala); barre egiten diote denek

Hizkuntza definitzaile guztietan ohiko jokabidea da norbaitek G-n idatzitako egunkari batetik berri bat goraki irakurtzea, eta gero haren mamiaz B-n jardutea. Hizkuntza definitzaile guztietan ohiko jokabidea da G-n hitzaldi formal bat entzutea, eta gero B-n eztabaidatzea hari buruz, askotan hizlariarekin

Hizkuntza definitzaile guztietan B-n idazten da poesiaren parte bat, eta poeta bakan batzuek bietan idazten dute, baina bi poesia moten estatusak oso ezberdinak dira, eta hizkuntz komunitatearentzat oro har G-n idatzitako poesia bakarrik da "benetako" poesia

Hizkuntza definitzaile guztietan mintzatzaile guztiek G hobetzat daukate B baino hainbat gauzatan. Batzuetan hainbesteraino hala, non G bakarrik baitaukate egiazkotzat, eta B "denik ere" ez baitute aitortzen. Arabiera hiztunek, esate baterako, esango dizute inoiz (B-n, noski) urliak ez dakiela arabierarik. Horrek normalean esan nahi du hark G-z ez dakiela, B-n aise eta primeran moldatzen bada ere

G-ren izatea eta nagusitasuna hain argiro ikusten ez direnean ere, bada beti halako uste bat G nolabait ederragoa dela, logikoagoa, gauza garrantzitsuak esateko adierazpide hobea e. a. Eta iritzi hori bera dute baita ere G-n nekez moldatzen diren hiztunek. Hizketa beti komunikazio onaren eta osoaren ikuspegitik neurtu nahi luketen amerikanoentzat sekulako zartada izaten da zera ikustea, alegia diglosiadun hizkuntzetako mintzatzaile ugarik gogozkoagoa dutela, gehienetan, G-n egindako hitzaldi politiko bat, edozein gairi buruzko jardun formal bat edo poesia errezitaldi bat entzutea; nahiz eta nekezago ulertzen duten B-n egindakoa baino.

Lau hizkuntza definitzaileetako mintzatzaileen artean helduek B erabiltzen dute umeei hitz egiteko, eta umeek ere B erabiltzen dute elkarrekin aritzeko. Esan daiteke, bada, umeek era "normalean" ikasten dutela beren ama hizkuntza. G ere adi dezakete inoiz edo beste, baina hura heziketa formalaren bidez ikasten dute nagusiki, Korana ikasteko eskola tradizionalean, gobernuaren eskola modernoan edo irakasle pribaturen baten laguntzaz

Zenbaitek pentsa lezake diglosia oso aldabera dela, hizkuntz egoera iraunkorrago baterantz jotzen duela beti. Hori ez da hala. Diglosiak normalean zenbait mendez irauten du gutxienez, eta badira frogak kasu batzuetan mila urtetik gora iraun duela erakusten dutenak. Diglosia egoeran sortzen diren komunikazio tirabirak, berriz, zeharo kodifikatu gabeko moldeak, hizkuntzaren erdi bideko formak (Grekoan mikti, arabieran al-lugah al-wusta, Haitieran créole de salon) erabiliz konpon daitezke, eta hitzak G-tik eta B-tik hartuz behin eta berriro

Gramatika sinpletasunaren interpretazio hori onartzen bada, esan dezakegu lau hizkuntza definitzaileetatik hirutan, gutxienez, edozein B aldakiren gramatikazko egitura sinpleagoa dela haren pareko G-rena baino. Horrek ukaezina dirudi arabieraren, grekoaren eta Haitiko kreoleraren kasuetan; aitzitik, aleman estandarra eta Suitzako alemana osoki aztertuz gero, jabetzen gara ez dela hala gertatzen egoera diglosiko hartan, suitzeraren sistema morfofonemiko zabala ikusirik

diglosiaren ezaugarri harrigarrienetako bat zera da, hitz bikote asko topatzea, bat G-koa eta bestea B-koa, kontzeptu nahiko arruntei eta G-n eta B-n erabiltzen direnei dagozkienak, bi hitzen esanahia antzeko samarra dela, non bata edo bestea aukeratu izanak salatzen duen G-z edo B-z ari garen

DIGLOSIA hizkuntz egoera nahiko iraunkor bat dela; hor, hizkuntzaren lehenengo dialektoez (tartean estandarra edo eskualde estandarrak egon daitezke) gainera, badela gainean ezarritako beste ALDAKI oso dibergente bat, ikaragarri kodifikatua, maiz gramatika konplexuagokoa; aldaki hori literatur gorputz handi bat sortzeko bitarteko izan dela, lehenagoko denboretan edo beste hizkuntz komunitate batean; bera hezkuntza arautuaren bidez ikasten dela nagusiki eta xede formaletarako eta idatzizkoetarako erabiltzen, eta komunitateko ezein taldek ez duela elkarrizketa arrunterako erabiltzen

diglosia kasuetan hizkuntz komunitateko ezein taldek ez du normalean G erabiltzen elkarrizketa arrunterako, eta hala egiteko ahalegina pedantekeriatzat edo artifizialtzat jotzen da (arabieran, grekoan), edo, bestela, komunitatearekiko traiziotzat (Suitzako alemanean, kreoleran)

Hizkuntzalari deskribatzaileek, ikasten ari diren hizkuntzaren barne egitura deskribatu behar horretan, askotan ez dizkigute hizkuntza hori bizi den inguru sozio-kulturalaren datu oinarrizkoenak ere ematen. Orobat, deskribatzaileek nahiago izaten dituzte dialekto "garbien" edo hizkuntza estandarren deskribapen zehatzak, hizkuntza mistoak (erdi bideko forma maiz gehiago erabiliak) arretaz ikertzea baino

Diglosia bezalako gaiak ikertzeak izugarrizko garrantzitsua du hizkuntz aldaketaren ulertze prozesuan eta konfrontazio jakingarriak ditu hizkuntzalaritza sinkronikoaren uste batzuekin. Hizkuntzalaritzaren arlo formaletik kanpo, berriz, interes handiko materiala uzten die gizartearen ikertzaileei oro har, batez ere hizkuntz komunitate bateko aldaki desberdinen erabileraren azterketatik erreferentzia marko orokor bat lortzen bada

Hizkuntz komunitate askotan hizkuntza beraren bi aldaki edo gehiago erabiltzen dituzte mintzatzaile batzuek egoera ezberdinetan. Adibide ezagunena, beharbada, hizkuntza estandarra eta eskualde jakin bateko dialektoa ditugu, italieran edo persieran erabiltzen diren bezala; horietan, izan ere, mintzatzaile askok beren tokiko dialektoa erabiltzen dute etxean edo lagun artean, baina hizkuntza estandarra beste dialekto batzuetako mintzatzaileekin komunikatzeko edo jendaurrean aritzeko. Halere, oso adibide ezberdinak aurki ditzakegu hizkuntz komunitate berak hizkuntzaren bi aldaki ezberdin erabiltzen dituen kasuetan. Bagdaden, esate baterako, arabiar kristauek "kristau arabiera" dialektoa erabiltzen dute beren artean hitz egiteko, baina Bagdadeko arabiera dialekto orokorra, "musulmanen arabiera", talde nahastu batean aurkitzen direnean. Azken urteetan interes handiz ekin zaio berriro hizkuntza estandarizatuen garapena eta ezaugarriak ikertzeari (ikus bereziki Kloss, 1952; estandarizazioaz oro har hark dakarren hitzaurre bikaina), eta interes horrexen ildotik nahi du ikerlan honek ongi aztertu estandarizazio mota jakin bat: komunitate baten barrena hizkuntza baten bi aldaki, bata bestearen aldamenean eta zein bere rolarekin, bizi diren kasua, alegia. "Diglosia" hitza sartu behar dugu hemen, frantsesezko diglossie eredu harturik, hura erabili izan baita egoera horietan, ingelesak ez du eta –oraingoz– fenomeno horrentzako hitz aproposagorik; Europako beste hizkuntza batzuek mota horretako "elebitasuna" adierazteko erabiltzen dute hitz hori normalean. ("Hizkuntza", "dialektoa" eta "aldakia" hitzak definizio zehatzik gabe darabiltzagu hemen. Espero dezagun horiek ezarritako erabileraren araberakoak gertatzea beti, lan honetan zalantzazko pasarterik izan ez dadin. "Gainezarritako aldakia" kontzeptua ere definiziorik gabe darabilgu hemen; esan nahi du aldaki hori ez dela mintzatzaileen lehenengo aldaki jatorrizkoa, baizik eta hartaz gain ikasitako bat. Azkenik, idazki honetan ez gara saiatu antzeko beste egoera bat aztertzen: bi hizkuntza ezberdin (elkarren ahaide edo ez) bata bestearen aldamenean bizi direna, zein bere rol zehatzarekin.

Gu aztertzera goazen egoera dezente hedatua egongo da seguruena hizkuntz komunitate askotan, nahiz eta oso bakan aipatzen den, eta bakanagotan behar bezala deskribatzen. Egoera horren azalpen zehatz eta osoa nahikoa lagungarri gerta dakiguke zenbait problemekin aritzean; esate baterako, hizkuntz deskribapenean, hizkuntzalaritza historikoan eta hizkuntz tipologian. Ikerlan hau atarikotzat jo behar da, oraindik ere datu deskribagarri eta historiko asko bildu behar da eta. Ikerlanaren helburua hau da: diglosia zer den agertzea, horretarako lau hizkuntz komunitate eta haien hizkuntzak (hizkuntza definitzaileak deituak oraindanik) (guk darabilgun kategorian sartzen direnak denak) hartuz, eta –sailkapen horri dagokionean– haiek batak bestearekin zein berdintasun dituzten azalduz. Aukeratu ditugun hizkuntza definitzaileak ondokoak dira: arabiera, greko modernoa, Suitzako alemana eta Haitiko kreolera. (Ikus erreferentziak irakurgai honen azkenean.)

Aurrera jarraitu baino lehen, nabarmendu behar da diglosia ez dela hizkuntzaren garapenaren une jakin batean bakarrik gertatzen beti, esate baterako, estandarizazio prozesuan. Diglosia jatorri askotatik sor daiteke, eta hizkuntz egoera klase askotara hel. Lau hizkuntza definitzaileetatik, arabieraren diglosiak arabiera ezagutzen dugun bezain aspaldikoa dirudi, eta gainezarritako aldakia, hau da, "arabiera klasikoa", nahikoa berdin egon da beti; grekoaren diglosia, aldiz, orain mende asko hasi bazen ere, hemeretzigarren mende hasieran soilik garatu zen erabat, grekozko literaturaren berpizkundearekin eta lehenagoko literatur grekoetan oinarrituriko literatur greko berri baten sortzearekin. Suitzako alemanaren diglosia, berriz, erlijioz eta politikaz aleman hizkuntzaren estandarizazioaren erdiguneetatik luzaz bereizirik egoteagatik gertatu zen. Azkenik, Haitiko kreolera frantses pidgin baten kreoleratzetik etorri zen, eta, geroago, frantses estandarrak gainezarritako aldakiaren rola hartu zuen. Diglosia nola eta zergatik sor daitekeen, ordea, irakurgaiaren azken aldera arituko gara.

Erreferentziak garbi izateko, diglosietako gainezarritako aldakiari G ("goi mailako") aldakia edo G bakarrik deituko diogu beti, eta eskualdeko dialektoak B ("behe mailako") aldakiak edo B soilik deituko ditugu. Hizkuntza definitzaile guztiek dituzte G eta B izendatzeko hitzak, eta horiek ondoko taulan agertzen dira.

Arabiera G izendatzeko hitza: B izendatzeko hitza:
Klasikoa (= G) `al-fushä `al-ämmiyyah,
Egiptoera (= B) `il-fasih, in nahawi ``ad-därij
Suitzako alemana   il-ammiyya
Aleman estandarra(=G) Schriftsprache [Schweizer] Dialekt, Schweizerdeutsch
Suitzera (=B) Hoochtüütsch Schwyzertüütsch
Haitiko kreolera    
Frantsesa (=G) français créole
Grekoa    
G eta B katharévusa dhimotiki

Argigarria da ikustea zelako lanak ematen dituen hizkuntza horietako hitzak beti zorrotz eta zehatz aipatzeak. Lehenengo, hitzak beren G forman ala beren B forman eman behar dira, ala bietan? Bigarren, baldin eta hitzak beren B forman ematen badira, zein B forma aukeratu behar da? Grekoaren eta Haitiko kreoleraren kasuetan, behintzat, garbi dago Atenaseko eta Port-au-Princeko jende eskolatuaren elkarrizketa hizkera normala behar dela aukeratu. Arabieraren eta Suitzako alemanaren kasuetan, ordea, aukera arbitrarioa izan behar du, eta Kairoko eta Zuricheko jende eskolatuaren elkarrizketa hizkera normala erabiliko da. Hirugarren, zein motatako ortografia erabiliko da B idazteko? Inongo kasutan ez denez orokorrean onartutako ortografiarik B-rentzat, transkripzio fonemiko edo ia fonemikoren bat litzateke egokia. Ondoko aukerak egin ziren. Haitiko kreolerarentzat McConnell-Laubachen ortografia aukeratu zen, ia-ia fonemikoa baita eta tipografia errazekoa. Grekoarentzat, berriz, transkripzioa Greko Mintzatua (Kahane et al., 1945) manualetik hartu zen, hori fonemikoa izateko asmoz egina da eta; grekoaren ortografiaren transliterazioa egiteak okerragoa dirudi, ez soilik ortografia aldakorra delako, baizik eta oso etimologizatzailea delako berez eta nahikoa fonemikoeza. Suitzako alemanarentzat, aldiz, Dieth-ek (1938) proposatu ortografia –ez baditu ere kontraste fonemiko guztiak adierazten eta zenbait kasutan alofonoak adieraz ditzakeen arren– nahiko zorrotza da, eta zuhurki egindako sistematizazioa dirudi, Suitzako aleman dialektoan idatzi gauzetan erabili ohi den ortografiarekin diferentzia gutxi dituena. Arabierak, grekoak bezala, latindarra ez den alfabeto bat erabiltzen du, baina transliterazioa grekotik baino are zailagoa da, hein batean ortografian alde handiak gertatzen direlako berriro, baina batez ere Egiptoko arabiera arrunta idaztean zenbait bokal adierazten ez direlako eta beste batzuk maiz oso era anbiguoan adierazten direlako; hemen aukeratu den transkripzioa semitisten sistema tradizionalari datxekio estuki, eta Al-Tomak (1957) erabilitako eskema da funtsean, egiptoerarentzat apur bat aldaturik.

Laugarren problema G nola errepresentatu da. Suitzako alemanaren kasuan eta Haitiko kreolerarenean aleman estandarraren eta frantsesaren ortografiak erabil daitezke hurrenez hurren, nahiz eta horrek G-ren eta B-ren hotsen arteko antzekotasun batzuk ezkutatzen dituen bi kasuetan. Grekoaren kasuan, berriz, letra grekozko ohiko ortografia erabil daiteke edo transliterazio bat, baina nola greko modernoaren ahoskera gutxiago ezagutua den alemanarena edo frantsesarena baino, ortografiaren mozorrotze efektua larriagoa da grekoaren kasuan, eta transkripzio fonemikoa erabiltzen dugu aldiz. Arabiera da problemarik latzena. Bi aukera bistakoenak hauek dira: (1) arabierazko ortografiaren transliterazioa, bokal idatzi gabeak transkribatzaileak hornitzen dituela, edo (2) arabieraren transkripzio fonemikoa egitea, Kairoko arabiera mintzatzaile batek irakurriko lukeen eran. Lehen metodoa hobetsi da, berriro ere Al-Tomaren prozedurarekin bat.

Funtzioak

G-rentzako eta B-rentzako funtzio banaketa da diglosiaren ezaugarri nagusietako bat. Egoera sorta batean G bakarrik erabil daiteke, eta beste batean B bakarrik, oso salbuespen gutxirekin. Horren argigarritzat, hona ondoren zenbait egoera eta horietan normalean erabiltzen diren aldakiak:

 

G

B

Elizako edo meskitako sermoian x  
Morroiei, zerbitzariei, langileei, enplegatuei eman aginduetan   x
Gutun pertsonaletan x  
Parlamentuko edo mitin bateko hitzaldian x  
Unibertsitateko irakastaldi batean x  
Senitartekoekin, adiskideekin edo lankideekin   x
Albiste saioetan x  
Irratiko antzezkizun batean   x
Editorial batean, albiste baten kontakizunean, ilustrazio batean x  
Egunkariko txiste politiko batean   x
Poesian x  
Herri literaturan   x

Esan beharrik ere ez dago izugarri garrantzitsua dela egoera guztietan dagokion aldakia erabiltzea. Esate baterako, ikasiaren ikasiz B ongi eta erraz mintzatera iristen den arrotza, eta gero hori egoera formal batean erabiltzen saiatzen dena, barregarri geratzen da denen aurrean. Orobat gertatzen da hizkuntz komunitate horretako batek G aldakia erabiltzen badu elkarrizketa moduko egoera arrunt batean edo jarduera ez-formal batean (erosketak egitean bezala); barre egiten diote denek. Hizkuntza definitzaile guztietan ohiko jokabidea da norbaitek G-n idatzitako egunkari batetik berri bat goraki irakurtzea, eta gero haren mamiaz B-n jardutea. Hizkuntza definitzaile guztietan ohiko jokabidea da G-n hitzaldi formal bat entzutea, eta gero B-n eztabaidatzea hari buruz, askotan hizlariarekin berarekin.

(Hezkuntza formalean egoera oraindik askoz konplexuagoa izan ohi da maiz. Mundu arabiarrean, adibidez, unibertsitateko irakaspen formalak G-n ematen dira beti, baina ariketak, azalpenak eta bilerak B-n izan daitezke ia denak, bereziki natur zientziatan, humanitateetan gertatzen denaren alderantziz. Bigarren mailako eskoletan irakasleek B erabiltzea legez debekatuta badago ere zenbait herri arabiarretan, askotan irakasle horien denboraren parte handi bat G-n idatzita dauden liburuen eta irakurgaien edukia B-n azaltzen joaten da.)

Goiko zerrendako azken bi egoerek iruzkintxo bat eskatzen dute. Hizkuntza definitzaile guztietan B-n idazten da poesiaren parte bat, eta poeta bakan batzuek bietan idazten dute, baina bi poesia moten estatusak oso ezberdinak dira, eta hizkuntz komunitatearentzat oro har G-n idatzitako poesia bakarrik da "benetako" poesia. (Greko modernoa salbuespena dugu horretan; B-n egiten da poesia gehiena, eta G-n idatzitakoa artifizialtzat jotzen da normalean). Bestalde, Hizkuntza definitzaile guztietan zenbait esaera, adeitasun formula eta antzeko G-n egon ohi dira, bai eskolatugabeen hizkera arruntean ere. Arabiar herrietako herritar arrunten bost esaeratatik bat bederen G-n egon ohi da (Journal of the American Oriental Society, 1995, 75. liburuk., 124. orr.).

 Ospea

Hizkuntza definitzaile guztietan mintzatzaile guztiek G hobetzat daukate B baino hainbat gauzatan. Batzuetan hainbesteraino hala, non G bakarrik baitaukate egiazkotzat, eta B "denik ere" ez baitute aitortzen. Arabiera hiztunek, esate baterako, esango dizute inoiz (B-n, noski) urliak ez dakiela arabierarik. Horrek normalean esan nahi du hark G-z ez dakiela, B-n aise eta primeran moldatzen bada ere. Arabiera ez dakien batek hizkuntza hori irakasteko eskatzen badio arabiar eskoladun bati, arabiarrak normalean G formak irakatsiko dizkio, horiek bakarrik erabili behar direla behin eta berriro esanez. Anitzetan, arabiar ikasiek esango dizute berek ez dutela sekula B erabiltzen; haien solasei eta elkarrizketei erreparatzen badiezu, ordea, jabetuko zara noiznahi eta etengabe erabiltzen dutela. Era bertsuan, Haitiko kreoleraren mintzatzaile eskolatu askok diote kreolerarik ez dela, berak frantsesez aritzen direla beti. Ez dezagun jarrera hori galdetzailea engainatzeko ahalegintzat har, eta bai haiek beren burua engainatu izanaren ondoriotzat. Erantzulea ondo beharrean ari bada, askotan erraza izaten da jarrera horiek apurtzea, galdetzen badiogu, adibidez, ea zein hizkera erabiltzen duen bere umeekin, zerbitzariekin edo amarekin. Erantzun guztiz argigarria honelatsukoa izan ohi da normalean: "A, baina haiek ez dakite [G eran edo dena delako horretan] hitz egiten".

G-ren izatea eta nagusitasuna hain argiro ikusten ez direnean ere, bada beti halako uste bat G nolabait ederragoa dela, logikoagoa, gauza garrantzitsuak esateko adierazpide hobea e. a. Eta iritzi hori bera dute baita ere G-n nekez moldatzen diren hiztunek. Hizketa beti komunikazio onaren eta osoaren ikuspegitik neurtu nahi luketen amerikanoentzat sekulako zartada izaten da zera ikustea, alegia diglosiadun hizkuntzetako mintzatzaile ugarik gogozkoagoa dutela, gehienetan, G-n egindako hitzaldi politiko bat, edozein gairi buruzko jardun formal bat edo poesia errezitaldi bat entzutea; nahiz eta nekezago ulertzen duten B-n egindakoa baino.

Kasu batzuetan G-ren nagusitasuna erlijioarekin loturik doa. Grekoan, Itun Berriko hizkuntza eta katharévusa bat jotzen dira funtsean, eta 1903an Grezian dhimotiki-ra itzulitako Itun Berri bat argitaratu zenean, ikaragarrrizko istiluak piztu ziren. Haitiko kreolera mintzatzaileak frantsesezko Bibliara ohiturik egon ohi dira normalean, eta Elizak kreolerara jotzen duenean ere katiximak eta antzekoak egiteko, oso ortografia frantsestua erabiltzen du. Arabieran, G Koraneko hizkuntza da, eta sinestun gehienen ustetan Jainkoaren beraren hizkuntza, espazioaren eta denboraren mugetatik at dagoena, hau da, munduaren hasiera baino lehenagokoa.

Literatur ondarea

Hizkuntza definitzaile guztietan literatur gorputz handi bat dago G-n idatzirik, hizkuntz komunitateak oso begiko duena, eta, bestalde, egungo idazleek G-n idatziz sortu duten literatur produkzioa ere aurretik egin zen literatura horren partetzat jotzen da. Literatura hori aspaldian egina izan daiteke, komunitate horren antzinako denboretan, edo etengabe egiten ari dena, G hizkuntza estandartzat daukaten beste hizkuntz komunitate batean. Literatur gorputz horrek denbora luzea hartzen duenean, arabieran edo grekoan bezala, egungo idazleek –eta irakurleek– zilegitzat daukate literatur historiako epe jakin batean bakarrik erabili ziren hitzak, esaldiak eta egiturak erabiltzea, horiek egun ia inork ez darabiltzan arren. Hala, bai kazetaria editorial bat idazten ari denean, bai poeta poema bat asmatzen ari denean, ikaragarri janzten du testua greko klasikozko partizipiozko egitura konplexu bat erabiltzeak edo hamabigarren mendeko arabiera esaera bitxi bat tartekatzeak, jakinik irakurle eskolatu arruntak ez duela ulertuko baldin eta bere kasa ikertzen ez badu. Erabilera horren ondorioetako bat irakurle batzuen miresmena da: "Halakoak bai errotik ezagutzen duela grekoa [edo arabiera]", edo "Halakoaren azken editoriala, edo poema, oso greko [edo arabiera] dotorean zagok/n".

Ikastea

Lau hizkuntza definitzaileetako mintzatzaileen artean helduek B erabiltzen dute umeei hitz egiteko, eta umeek ere B erabiltzen dute elkarrekin aritzeko. Esan daiteke, bada, umeek era "normalean" ikasten dutela beren ama hizkuntza. G ere adi dezakete inoiz edo beste, baina hura heziketa formalaren bidez ikasten dute nagusiki, Korana ikasteko eskola tradizionalean, gobernuaren eskola modernoan edo irakasle pribaturen baten laguntzaz.

Ikasteko metodoen arteko aldeak garrantzi izugarria du. Mintzatzailea oso eroso aurkitzen da B-n, eta sekula ez hala G-n. B-ren egitura gramatikala inongo ahaleginik gabe edo gramatikazko azalpenik gabe ikasten da; G-ren gramatika, ostera, beti errespetatu beharreko "arauen" eta ereduen bitartez.

Zaila dirudi, bada, G-ren erabilera orokor batera iristea, aurrez errotiko aldaketa bat egiten ez bada hizkuntza ikasteko eran. Adibidez, arabiar askok, modu sutsuan, B baztertu eta funtzio guztietarako G ezar dadin nahi dute, baina nekez gertatuko da hori berek ez badute G erabili nahi beren umeekin. (Iradoki izan da, eta egia itxurarik ez zaio falta, hizkuntz bitasun horrek ondorio psikologiko nabarmenak dituela hiztunengan. Fenomenoak merezi du behintzat ikerketa sakon bat. Gai hori dela eta, ikus Shoubyren (1951) artikulu biziki eztabaidagarria, uste baitut badakartzala egia izpi garrantzitsu batzuk, eusterik ez dagoen beste hainbat gauzarekin nahasturik.)

Estandarizazioa

Hizkuntza definitzaile guztietan hizkuntzaren G forma gramatika bidez ikasteko ohitura indartsu bat dago. Badituzte gramatikak, hiztegiak, ahoskeraren, estiloaren, e.a-ren gaineko hausnarketak eta hala. Badira arau zehatzak hitzak ahoskatzeko, gramatika alorrean eta hiztegi mailan, eta muga batzuen barruan bakarrik onartzen dira aldaketak. Ortografia oso zehazturik dago, eta aldaketa gutxi du. Aitzitik, B-ri buruzko ikerketa deskriptiborik eta arauen mailakorik ia ez da, eta baldin bada, nahikoa egin berriak eta gutxi. Gainera, horiek, maiz, hizkuntz komunitateaz kanpoko adituek eginak izaten dira, eta hizkuntza arrotzetan idatzirik aurkitzen dituzu. Horietan ez da ortografia finkaturik eta bai, aldiz, ugaritasun ikaragarria ahoskeran, gramatikan eta hiztegian.

Hizkuntz komunitate nahikoa txikietan eta komunikazio zentro garrantzitsu bakarra dutenetean (Grezian eta Haitin, esate baterako), ager liteke B estandar moduko bat, beste dialektoetako mintzatzaileek imitatzen dutena eta edozein aldaki estandarizatu bezala hedatzen dena; hala ere, aldaki hori B-ren funtzioetarako mugatua izango da beti.

Komunikazio zentro nagusi bakar bat ez duten hizkuntz komunitateetan, eskualde bakoitzeko B bana ager daiteke. Arabieraren hiztun komunitatean, kasurako, ez dago Atenasko dhimotiki eskolatuaren ordainezko B estandarrik, baizik eta estandar bana eskualde bakoitzeko. Hala, Kairoko arabiera da Egipto osorako B estandarra, eta Egipto hegoaldeko pertsona ikasiek G aldakia ez ezik Kairoko B ere ikasi behar dute egiptoar guztiekin komunikatzeko. Suitzako alemanean ez da estandar jakinik, eta "eskualdeko estandarra" kontzeptuak ere ez dirudi egokia, baina zenbait kasutan hiri edo herri bateko B-ak eragin indartsua izan ohi du inguruko landako B-n.

Iraunkortasuna

Zenbaitek pentsa lezake diglosia oso aldabera dela, hizkuntz egoera iraunkorrago baterantz jotzen duela beti. Hori ez da hala. Diglosiak normalean zenbait mendez irauten du gutxienez, eta badira frogak kasu batzuetan mila urtetik gora iraun duela erakusten dutenak. Diglosia egoeran sortzen diren komunikazio tirabirak, berriz, zeharo kodifikatu gabeko moldeak, hizkuntzaren erdi bideko formak (Grekoan mikti, arabieran al-lugah al-wusta, Haitieran créole de salon) erabiliz konpon daitezke, eta hitzak G-tik eta B-tik hartuz behin eta berriro.

Arabieran, esate baterako, egoera erdi formaletan eta dialektoen arteko komunikazioan asko erabiltzen den arabiera mintzatu molde batek oso hiztegi klasikoa du, flexiozko bukaerarik gabekoa edo gutxikoa, sintaxi klasikoaren zenbait ezaugarri dituena, baina oinarri funtsean kolokialekoa bai morfologian bai sintaxian, eta hiztegi kolokialetik hitz ugari hartzen dakiena. Grekoan, ostera, bi aldakien arteko nahasi moduko bat hartu du egokientzat prentsaren munduak.

G-ren hiztegiko hitzak B-rako mailegatzea ez da oraingo kontua; lehen ere antzekoak, edo berdinak, izan ziren. Gogora bestela nola latinezko hitz kultuak igaro ziren erromantzeetara, eta sanskritotik tatsamak indo-ario erdikora eta berrira. (Mailegatze prozesu horren izaera zehatza kontu handiz aztertu behar da, G-ren ahoskeraren eta gramatikaren "iragazte handi bat" gertatzen baita "erdi-bideko hizkera" horietan, eta hizkera horiexek izaten dira gero zubi maileguak B "garbira" igarotzeko.)

Gramatika

Gamatika egituran ikusten da G eta B arteko diferentziarik harrigarrienetako bat hizkuntza definitzaile guztietan: G-k baditu gramatikazko kategoria batzuk B-n aurkitzen ez direnak, eta badu halaber izenen eta aditzen sistema flexiozko bat B-n oso murriztua edo erabat falta dena. Esate baterako, arabiera klasikoak hiru kasu ditu izenean, bukaerez markatuak; dialekto kolokialek ez dute batere. Aleman estandarrak lau kasu ditu izenean eta indikatibozko bi aldi ez-perifrastiko aditzean; Suitzako alemanak hiru kasu ditu izenean eta indikatibozko aldi sinple bakarra. Katharévusak lau kasu ditu, dhimotikik hiru. Frantsesak generoa eta numeroa ditu izenean, kreolerak ez bata ez bestea. Gainera, hizkuntza definitzaile guztietan, badira alde harrigarriak hitzen ordenan bai eta diferentzia sorta sistematikoak ere sarrerazko eta loturazko partikulen erabileran. Lasai asko esan daiteke, bada, diglosian diferentzia handiak izaten direla beti G-ren eta B-ren gramatika egituren artean. Hori egia da, bai lau hizkuntza definitzaileetan, bai aztertu ditutan beste diglosia kasu guztietan ere.

Hizkuntza definitzaileez bezainbatean, beste baiezpen bat ere egin daiteke gramatikazko diferentzien gaian. Arriskutsua da beti gramatikaren konplexutasunaren gainean generalizazioak egiten ausartzea, baina merezi dezake lau hizkuntza definitzaileei aplikatzeko moduko baiezpen bat formulatzen saiatzea, nahiz eta baiezpen hori beste diglosia kasu batzuetarako baliozkoa ez izan (ikus Greenberg, 1954).

Hizkuntzalari gehienak bat etorriko dira seguruena honekin: A hizkuntzaren gramatika egitura D-rena baino sinpleagoa da baldin eta, beste gauza batzuk berdinak izaki,

A-ren sistema morfofonemikoa sinpleagoa bada, hau da, morfemek alternante gutxiago badituzte, alternantzia erregularragoa bada, automatikoagoa (adib.: turkierazko –lar –ler sinpleagoa da ingelesezko pluralen markak baino);

morfemez edo komunztaduraz markaturiko obligaziozko kategoria gutxiago bada (adib.: persiera, izenordainean generorik ez duela, sinpleagoa da Egiptoko arabiera baino, arabierak maskulinoa eta femeninoa izan baititzake singularrezko bigarren eta hirugarren pertsonetan);

paradigmak simetrikoagoak badira (adib.: hizkuntza bat, haren deklinazio guztiek kasu bereizgarri kopuru bera dutena, sinpleagoa da aldaketak dituen bat baino);

komunztadura eta rektioa zorrotzagoak badira (adib.: preposizio guztiek kasu bera hartzen dute, ez kasu ezberdinak).

Gramatika sinpletasunaren interpretazio hori onartzen bada, esan dezakegu lau hizkuntza definitzaileetatik hirutan, gutxienez, edozein B aldakiren gramatikazko egitura sinpleagoa dela haren pareko G-rena baino. Horrek ukaezina dirudi arabieraren, grekoaren eta Haitiko kreoleraren kasuetan; aitzitik, aleman estandarra eta Suitzako alemana osoki aztertuz gero, jabetzen gara ez dela hala gertatzen egoera diglosiko hartan, suitzeraren sistema morfofonemiko zabala ikusirik.

Hiztegia

Oro har hitz eginez, G-k eta B-k hiztegi-zati handiena berdintsua dute, formatan aldaketak eta erabileran eta esanahian diferentzia batzuk direla noski. Ez da harrigarria, haatik, G-k sekulako hitz tekniko eta kultu mordoa edukitzea bere hiztegi osoan, B-n ordainik ez dutenak, horiei dagozkien gaiak inoiz ez baitira B-ren bitartez erabiltzen. Era berean, ez da batere harrigarria B-k izugarrizko herri esaera mordoa eta etxeko eta toki jakinetako gauzakien izenak edukitzea bere hiztegian, G-n ordainik ez dutenak, horiei dagozkien gaiak nekez ukitzen dira goi mailako aldakian eta. Baina diglosiaren ezaugarri harrigarrienetako bat zera da, hitz bikote asko topatzea, bat G-koa eta bestea B-koa, kontzeptu nahiko arruntei eta G-n eta B-n erabiltzen direnei dagozkienak, bi hitzen esanahia antzeko samarra dela, non bata edo bestea aukeratu izanak salatzen duen G-z edo B-z ari garen. Adibidez, arabieran, "ikusi" adierazteko G hitza ra'ä da, eta B hitza säf. Bada, ra'ä hitza sekula ez da elkarrizketa arruntean agertzen eta, orobat, säf ez duzu inoiz idatzizko arabiera normalean ikusiko. Hala, säf hitza zeukan iruzkin bat prentsan aipatzen bada, ra'ä hitzaz ordezkatzen da idatzizko aipamenean. Grekoan, "ardoa" adierazteko G hitza inos da, eta B hitza krasi. Menuan inos agertuko da idatzirik, baina bezeroak krasi eskatuko dio zerbitzariari. Amerikako ingelesean aurkitzen ahal ditugun horien paralelo hurkoenak hauek dira: illumination - light, purchase - buy, edo children - kids, baina kasu horietan bi hitzak idatz daitezke eta biak erabil daitezke elkarrizketa arruntean: leizea ez da diglosiako hitz bikoteen artekoa bezain zabala. Bestalde, ingelesa bezalako hizkuntzetan formala-ezformala dimentsioa continuum bat da, eta hitz bikoteetan hitz bien arteko muga ez da toki berean gertatzen beti, hots, illumination, purchase eta children ez dira erabat paraleloak formala-ezformala erabilera eskalan.

Hainbat hitz bikote aukeratu ditugu hizkuntza definitzaileetarik hirutik eta behean eman. Hizkuntza bakoitzetik bina izen, aditz bana, eta bina partikula.

Grekoa G   B
  Ikos etxe Spiti
  Idhor ur Neró
  Éteke erditu zen Eyénise
  Alá baina

 

Arabiera hi8ä'un oinetako Gazma
  `anfun sudur Manaxir
  8ahaba joan zen Räh
  zer `eh
  `al'äna orain dilwa'ti

 

 

 

Kreolera homme, gens lagun, jende moun (ez du mundua-rekin loturarik)
  Âne asto Bourik
  Donner eman Bay
  Beaucoup asko, mordo Âpil
  Maintenant orain kou-n-yé-a

 

 

 

Osa liteke antzeko hitz bikote zerrenda bat Suitzako alemanarentzat ere (adib.: nachdem – no "ondoren", jemand – öpper "norbait", e.a.), baina horrek irudi faltsua emango luke. Suitzako alemanean G eta B arteko diferentzia fonologikoak oso handiak dira, eta hitz bikoteak sortzeko era normala jatorri bereko hitzak erabiltzea da (klein – chly "txikia", e.a.).

 

Fonologia

Datuen aniztasuna ikusirik, ez dirudi erraza egoera diglosiko bateko G-ren eta B-ren fonologien arteko loturez inongo generalizaziorik egitea. G-ren eta B-ren fonologiak nahikoa antzekoak izan daitezke, grekoan bezala; ezberdin samarrak, arabieran edo Haitiko kreoleran bezala; edo elkarrengandik oso bereziak, Suitzako alemanean dakusagunez. Azterketa sakonago batek, ordea, bi baiezpen egiteko moduan jartzen gaitu. (Alferrikakoak gertatuko dira biak menturaz, aurreko ezaugarriak zehazki azaldu izan direlako fonologiari buruzko baiezpenak zuzenean haietatik ondorioztatzen ahal direnean.)

G-ren eta B-ren hots sistemek egitura fonologiko bakarra osatzen dute; hor B-ren fonologia da oinarrizko sistema, eta G-ren fonologiaren ezaugarri dibergenteak edo azpisistema bat edo parasistema bat dira. Gogoan izanik goian aipatu diren forma mistoak eta, bestalde, esaldi jakin bateko hitz jakin bat G-koa edo B-koa den ebazteko dauden zailtasunak, beharrezkoa dakusagu onartzea, batetik, mintzatzaileak hitz kontrajarri zerrenda oso bat daukala G-B batasun osorako eta, bestetik, interferentzia ugari gertatzen direla bi aldeetarantz fonemak hitz jakinetan banatzean. (Arabierazko interferentzia fonologikoen zenbait alderdiren xehetasunak nahi badituzu, ikus Ferguson, 1957).

G-ko hitz "garbiek" zenbait fonema badituzte, B-ko hitz "garbietan" aurkitzen ez direnak, B-ko fonemek maiz ordezkatzen dituzte horiek G mintzatuan, eta tatsamatan, berriz, erregularki. Adibidez, frantsesak badu aurreko bokal itxi eta biribildu fonema bat /ü/; Haitiko kreolera "garbiak" ez du fonema hori. Bada, kreolera mintzatzaile eskoladunek Luk (/lük/ San Lukasen Ebanjelioagatik) bezalako tatsamatan erabiltzen dute bokal hori, eta aldiz, eskolarik gabeko mintzatzaileek bezalaxe, zenbaitetan /i/ erabiltzen dute horretarako, frantsesez ari direnean. Bestalde, /i/ da bokal erregularra kreolerazko linèt "betaurrekoak" bezalako tatsamatan.

G-k hein handi batean B-ren lehenagoko etapa bat ordezkatzen duenean, baliteke hiru bideko ordainak agertzea. Esate baterako, Siriako eta Egiptoko arabierak /s/ erabiltzen dute maiz /q/ erabili ordez arabiera klasikozko ahozko jardunetan, eta /s/ dute tatsamatan, baina /t/ daukate klasikoa ez den antzinako arabieratik datozen hitzetan. (Ikus Ferguson, 1957.)

Orain, diglosiaren berezko ezaugarriak gainetik azaldu ditugu eta, errazagoa da definizio zehatzagoa ematen saiatzea. Esan dezagun, bada, DIGLOSIA hizkuntz egoera nahiko iraunkor bat dela; hor, hizkuntzaren lehenengo dialektoez (tartean estandarra edo eskualde estandarrak egon daitezke) gainera, badela gainean ezarritako beste ALDAKI oso dibergente bat, ikaragarri kodifikatua, maiz gramatika konplexuagokoa; aldaki hori literatur gorputz handi bat sortzeko bitarteko izan dela, lehenagoko denboretan edo beste hizkuntz komunitate batean; bera hezkuntza arautuaren bidez ikasten dela nagusiki eta xede formaletarako eta idatzizkoetarako erabiltzen, eta komunitateko ezein taldek ez duela elkarrizketa arrunterako erabiltzen.

Diglosia definitzen bukatu dugunez, orain gogoeta labur bat egin behar dugu hiru gai osagarriri buruz: Zertan bereizten da diglosia, hizkuntza estandar bat eta eskualdeko dialektoak ditugun egoera ezagunetik? Zenbateraino dago hedaturik diglosiaren fenomenoa espazioan, denboran eta hizkuntz familietan? Zein ingurunetan sortzen da diglosia eta zein hizkuntz egoeratarantz jotzen du normalean?

Hizkuntza baten aldaki estandarrak (edo estandarrek) duen rol zehatza, eskualdeetako edo gizarteko dialektoekiko buruz burukan, asko aldatzen da hizkuntz komunitate batetik bestera, eta harreman horren zenbait kasu diglosiatik gertu egon daitezke edo, areago, diglosiatzat jo daitezke. Eman dugun definizioaren arabera, bada, diglosiak alde handi bat du gehiago hedatua den estandarra-eta-dialektoak ereduarekiko: diglosia kasuetan hizkuntz komunitateko ezein taldek ez du normalean G erabiltzen elkarrizketa arrunterako, eta hala egiteko ahalegina pedantekeriatzat edo artifizialtzat jotzen da (arabieran, grekoan), edo, bestela, komunitatearekiko traiziotzat (Suitzako alemanean, kreoleran). Estandarra-eta-dialektoak kasu maizkoagoan, estandarra askotan eskualde bateko –edo gizarteko talde baten– aldakiaren antzekoa izan ohi da (adib.: Teherango persiera, Kalkutako bengalera). Estandar hori elkarrizketa arrunterako erabiltzen du naturaltasun gehiagoz edo gutxiagoz gizarteko talde handi batek, eta gainezarritako aldaki gisa beste batek.

Diglosia, itxuraz, ez dago munduko eskualde jakin batzuetara edo hizkuntz familia batzuetara bakarrik mugaturik. (Nik ezagutzen ditudan ongi dokumentatutako kasu guztiak hizkuntza idatzizko komunitateetan daude, baina litekeena dirudi antzeko egoera bat gertatzea hizkuntza idatzizkoa ez den komunitateetan ere, non ahozko literatura gorputz batek beste komunitatean idatzizkoak jokatzen duen rol bera jokatuko lukeen.). Beste garai eta toki batzuetako hiru diglosia kasu aipa ditzakegu hemen, kontzeptu horren baliagarritasunaren erakusgarritzat. Lehenengo, har dezagun tamilera. Hizkuntza hori, egun India hegoaldeko milioika tamilek erabiltzen duten eran, primeran egokitzen zaio definizioari. Hor bada literatur tamilera bat, G modukoa, idazteko eta zenbait hizketa formaletarako erabiltzen dena, eta bada kolokial estandar bat (eta tokiko B dialekto mordoa), B modukoa, elkarrizketa arrunterako erabiltzen dena. Bada literatura gorputz bat G-n, orain mende asko hasi zena, eta egungo tamileradunek asko goratzen dutena. G-k ospea dauka, B-k ez. G gainezarria da beti; B bere kasa ikasten da, lehenengo hizkuntza moduan edo kolokial estandar gainezarri gisa. Gramatika diferentzia harrigarriak eta fonologiazko zenbait daude bi aldakien artean. (Antza denez, tamileraren bi aldakien arteko harremanen deskripzio onik ez dago; egiturazko diferentzia batzuen xehetasunak Pillaik (1960) demaizkigu. Bide batez, esan liteke tamileraren diglosia orain mende asko hasi zela itxura denez, alde ikaragarriak baitaude antzinako literatur hizkuntzaren eta orduko inskripzioetakoaren artean, inskripzioetakoa orduko hizkuntza mintzatuaren islatzat jo baitaiteke.). Egoera apur bat gehiago korapilatzen da, gainera, G-ko zenbait funtzioetarako sanskritoa eta ingelesa erabiltzen direla gogoan badugu; korapilo mota bera dugu arabieraren munduan, non frantsesa eta ingelesa edo zenbait erlijio hizkuntza (siriakoa, koptoera) erabiltzen diren G-ren funtzio batzuetarako.

Bigarren, horra latina eta latinetik sortu ziren erromantzeak; Europako toki askotan latina eta bertako erromantzea elkarren ondoan egon ziren zenbait mendez. Erromantzea elkarrizketa arrunterako erabiltzen zen; latina, aldiz, idazteko eta mintzaldi formaletarako. Latina zen Elizaren eta haren literaturaren hizkuntza, latinak zuen ospea, gramatikazko diferentzia handiak egon ohi ziren toki bereko bi aldakien artean, e.a.

Hirugarren, txinera behar da aipatu, zeren hura baita seguruena aztertutako guztien artean diglosia kasurik neurriz handiena. (Chao (1947, 1–17 orr-ak) liburuaren hitzaurrean duzue txineraren egoera konplexuaren deskripzio labur eta bikain bat.). Weu-li da hizkuntza horretako G aldakia, eta mandarin kolokiala B estandar bat. Badira haleber eskualdeetako B aldakiak, eta beren artean hain ezberdinak gainera, non "hizkuntza diferenteak" dei baitaitezke, arabieraren dialektoak baino ezberdinagoak baitira, eta latinetik sortu ziren erromantzeak bezain ezberdinak gutxienez. Txinera, ordea, greko modernoa bezala, diglosiatik urruntzen ari bide da, eta estandar-eta-dialektoak egoerarantz lerratzen; B estandarra edo aldaki nahasia gero eta gehiago erabiltzen da idatzizko gauzetarako, hots, egiazko estandar bilakatzen ari da.

Hizkuntz komunitate jakin batean hiru baldintza hauek ematen direnean sortzen da diglosia: (1) Literatur gorputz zabal bat badago, komunitatearen berezko hizkuntzarekin estuki lotua (edo are berdina) den hizkuntza batean idatzia, eta literatura horretan biltzen badira, iturri bezala (adb.: jainkoaren agerpenez), nahiz indargarri gisa, komunitatearen balore funtsezkoenak. (2) Elite txiki bat bakarrik bada alfabetatua. (3) Denbora egokia (zenbait mende) igarotzen bada (1) eta (2) artean. Aise frogatuko genuke seguruena hiru baldintza horien konbinazoa ehundaka aldiz gertatu dela iraganean, eta diglosia izan dela normalean konbinazio horren ondorioa. Horren adibideak dozenaka ditugu egun, eta etorkizunean ere izango dira.

Diglosia ongi onartzen dela dirudi, ez dela "problematzat" jotzen alegia, harik eta joera batzuk agertzen diren arte; joera horien artean ondokoak aipatuko ditugu: (1) alfabetatze orokorrago bateranzkoa (arrazoi ekonomikoak, ideologikoak edo besteren batzuk direlako); (2) komunitateko eskualdeen eta gizarteko taldeen arteko komunikazioa gehitzekoa (arrazoi ekonomikoek, administraziozkoek, militarrek edo ideologikoek bultzaturik); (3) nazio hizkuntza estandar osoki garatu bat edukitzekoa, autonomiaren edo subiranotasunaren ezaugarritzat.

Joera horiek azaltzen direnean, komunitatearen aitzindariek hizkuntzaren batasunaren alde dei egiten dute, eta, ondorioz, batasuneranzko urratsak hasten dira. Aitzindari horiek, normalean, G edo B-ren formaren bat proposatu ohi dute estandar izateko; gutxiagotan G-ren edo B-ren aldaketaren bat, hau da, nolabaiteko aldaki mistoren bat. Ematen dituzten argudioak, berriz, ia-ia berdinak izan ohi dira diglosia kasu guztietan.

G-ren proposatzaileek diote G hartu behar dela noski estandartzat, aldaki horrek bere iragan aintzatsuarekin eta mundu komunitate osoarekin lotzen omen du komunitatea eta; aldaki hori batasun faktore omen delako, ez banagarria B dialektoak bezala. Bi argudio nahiko sendo horiez gainera, maiz aditzen dira beste batzuk G-ren alde, komunitatearen usteetan oinarritutakoak; aldaki hori ederragoa dela, adierazkorragoa, logikoagoa, zeruaren onespena duela, e.a. Zorrotz aztertzen badira azken multzoko arrazoi horiek, ikusten da horien balioa nahiko eztabaidagarria dela; nahiz eta berorien garrantzia handia izan halere, komunitate horretan oso zabalduak diren jarrerak islatzen baitituzte.

B-ren aldekoek B-ren formaren bat proposatzen dute estandartzat, forma hori herritarren gogotik eta bihotzetik hurrago omen dagoelako; aldaki horrek errazago bihurtzen omen du heziketa, herritarrek txiki-txikitatik ikasia izaten omen dute eta; gainera, komunikazio-tresna indartsuagoa omen da maila guztietan. Argudio on samar horiez gainera, asko azpimarratzen dira beste batzuk garrantzi gutxikoak: metaforek elkarrizketa hizkuntzan duten bizitasuna, beste "herri moderno" batzuek ere ia mintzatuaren antzera idazten dutela, e.a.

Bi joeren aldekoak, eta hizkuntza mistoaren aldekoak berdin, sinetsita daude –beti ez badute esaten ere– posible dela legez soilik komunitate bati hizkuntza estandar bat ezartzea. Maiz, ordea, hizkuntza estandar baten garapenean indarra izango duten joerak abian izaten dira jadanik, eta ez ohi datoz bat ikuspegi bateko edo besteko eledunek iragartzen dutenarekin.

Diglosiak iraganean izan duen bilakaeraren azterketak eta egungo joeren hausnarketatxo batek iradokitzen digute garapen forma gutxi batzuk bakarrik gauza daitekezkeela benetan. Lehenengo, gogoan izan behar dugu egoera bere horretan egon daitekeela luzaroan. Baina goian aipatutako joerak azaltzen badira eta indartsu bilakatzen, gerta daiteke aldaketa bat. Bigarren, G-k kasu batean bakarrik lortuko du estandar bihurtzea: dagoneko hala bada beste komunitate batean, eta diglosia dagoen –arrazoi linguistikoengatik edo ez linguistikoengatik– komunitateak harekin batzera jotzen badu. Bestela, G ezkutatu egiten da eta hizkuntza eruditu edo erlijiozko bilakatzen, zientzialariek eta adituek soilik ikasia, eta normalean komunitateko inork erabiltzen ez duena. B-ren formaren bat edo aldaki mistoren bat bilakatzen da estandar.

Hirugarren, komunikazio zentro bakarra badago hizkuntz komunitate osoan edo antzeko asko badaude dialekto-eremu berean, erdiko B aldakia izango da horietan guztietan estandar berriaren oinarri, dela nahikoa garbirik edo G-rekin dezente nahasirik. Aldiz, dialekto-eremu diferenteetan halako hainbat zentro badaude, bat garbiki nagusitzen ez dela, litekeena da orduan hainbat B aldaki estandar bihurtzea, hizkuntza diferenteak bezala.

Hona lau hizkuntza definitzaileei datorren berrehun urterako (2150. urterako) iragartzen dieguna:

SUITZAKO ALEMANA: Nahiko egonkor egongo da.

ARABIERA: Hizkuntza estandar anitzetarantz joango da poliki-poliki, horietako bakoitza B aldaki batean oinarritzen dela, baina G-tik hitz asko hartzen duela. Hiru izango dira segur asko: magrebera (Rabateko edo Tuniseko? aldakian oinarritua), egiptoera (Kaioroko aldakian oinarritua), ekialdekoa (Bagdadeko? aldakian oinarritua); iragarri ezinezko bilakaera politiko-ekonomikoek beste batzuk ere ekar litzakete: siriera (Damaskoko? aldakian oinarritua), sudanera (Omdurman-Khartumeko aldakian oinarritua), e.a.

HAITIKO KREOLERA: Estandar batu baterantz joango da astiro, eta estandar hori Pot-au-Princeko B aldakian oinarritua egongo da.

GREKOA: Estandar batu bilakatuko da osoki, Atenaseko B aldakian oinarriturik, baina G-tik ere hitz asko hartzen duela.

Ikerketa hau diglosia eta horren ingurukoak sakonkiago aztertzeko dei batekin bukatzen da.

Hizkuntzalari deskribatzaileek, ikasten ari diren hizkuntzaren barne egitura deskribatu behar horretan, askotan ez dizkigute hizkuntza hori bizi den inguru sozio-kulturalaren datu oinarrizkoenak ere ematen. Orobat, deskribatzaileek nahiago izaten dituzte dialekto "garbien" edo hizkuntza estandarren deskribapen zehatzak, hizkuntza mistoak (erdi bideko forma maiz gehiago erabiliak) arretaz ikertzea baino. Diglosia bezalako gaiak ikertzeak izugarrizko garrantzitsua du hizkuntz aldaketaren ulertze prozesuan eta konfrontazio jakingarriak ditu hizkuntzalaritza sinkronikoaren uste batzuekin. Hizkuntzalaritzaren arlo formaletik kanpo, berriz, interes handiko materiala uzten die gizartearen ikertzaileei oro har, batez ere hizkuntz komunitate bateko aldaki desberdinen erabileraren azterketatik erreferentzia marko orokor bat lortzen bada. Baliteke datu gehiago biltzeak eta ikerketa sakonagoak lan honetan azaldu diren iritziak zeharo aldatzea, baina hala balitz ere ikerketa eta gogoeta abiarazi izanaren meritua geratuko zaigu.

BAT aldizkaria: 
27. 1998ko ekaina. Euskara Batuak 30 urte
Egilea(k): 
Charles A. Ferguson
Urtea: 
1998