Ahoskera eta arauak. Arauak eta ahoskera

Esango nuke hizkuntzaren zaintzaileak kezkatzen dituen galeran bi atal ikus genitzakeela. Bata da hizkuntzaren ontasuna, kalitatea dei genezakeena eta funtsean gramatika eta hiztegia esan nahi duena. Beste atala euskalkiena da. Lehenengo kezka bateratzailea izaten da eta batipat Euskara Batuaren inguruan dabiltzanengan aurkitzen da. Bigarrena ugaritasunarekin lotzen da, nahiz eta askotan bakoitza berearen alde ibiltzeko justifikazioa izaten den

hizkuntza komunikaziorako erabat erabilgarria izango bada, "normala" izango bada, osoa, aldakorra izan behar du. Ez gara konturatzen (eta, ondorioz ez dugu onartzen) hizkuntzaren, gure eguneroko hizkuntzaren aldakortasunaz, horrela gordetzearen garrantziaz. Sapirrek esan zuenaren erdia bakarrik da egia. Hizkuntza aldakorra da, baina ez da egia edonork dakiela eta ez da kualifikazio kontua: askotan ofizio edo afizioz hizkuntzalari garenak gara honetan baldarrenak.

Badirudi, arauaren aurrean, Batuaren aurrean, gerta daitekeen galera bakarra euskalkiena dela eta, gainera, euskalkiena zentzu diatopikoan bakarrik ulertzen dugula. Hizkuntzaren errealitateari arreta eta sentiberatasun handiagoz begiratuko bagenio, ikusiko genuke egungo euskalkiak ez direla, ez bakarrik behintzat, Bonapartek joan zen mendean sailkatu zituenak. Ez dira ez horiek bakarrik eta ezta horietatik gelditzen direnak bakarrik ere. Bereizkuntza supralokalak ari dira sortzen halabeharrez, hizkuntzak erabilera desberdinei bere aldakortasunaz erantzuten diolako: telebista-irratietako euskara, jende gaztearena, eskoletakoa, euskaltzainena, euskaldun berriena, euskalki guztietatik hartu nahi dutenena, jende ez-ikasiarena, e.a.

heziketaren funtsezko helburu litzateke lortzea Batua euskaldun guztiek ezagutzea, ulertzea, ez arrotz gertatzea (ezagutza pasiboa): prentsa eta literaturaren hartzaile bezala funtzionatzeko gauza izatea, nahiz eta aktibo agian inoiz ez erabili (lotsagatik, gogo faltagatik edo beharrik ez dutelako). Horrela, Batua erreferentzia litzateke, hizkuntza normaletan estandarrari dagokion legez. Batua erreferentzia bihurtzeak lekarke, noski, hiztuna patroi aniztasunera ohiturik, berea ez den hizkera edota ez diren hizkerekin deseroso ez sentitzea. Honek denbora eta alfabetatzea behar ditu (ez edozein motatako alfabetatze), baina ez da ezinezkoa.

Euskarazko ahoskera-araua bilatzea justifikatzen dute batasun beharrak eta erdaratzearen arriskuak. Garbi dago arau bateragilerik gabe, bere horretan, euskalkiak gero eta elkarrengandik urrutiago joango liratekeela. Batuaren beharrak eta erdaratzearen arriskuak ematen dio bada hizkuntzalariari arauemailearen mesedetan lan egiteko baimena. Jende asko dago gure artean ofizio biak bereizten ez dakiena. Oso kontuz ibili behar da egin beharrekoa zuzen betetzeko: ez dugu eskubiderik hizkuntzari gure iritzi eta aurreusteak inposatzeko, hizkuntzaren barne araua bilatu behar dugu, aniztasunean, zenbait baldintzaren arabera aproposena aukeratu ahal izateko.

"Everyone knows that language is variable" (Edonork daki hizkuntza aldakorra dela). Hizkuntza aldatu egiten da. Hori edonork daki. Horrela hasten da behintzat Edward Sapirrek, izan den hizkuntzalaririk onenetako batek, 1921ean argitaratu zuen "Language" liburuaren kapitulu politenetako bat.

Hizkuntza aldatu egiten da. Berez eta ezinbestean, hizkuntza aldatu egiten da. Aldatzen ez den hizkuntza ez dago bizirik, mogitzen ez den umea edo irekitzen ez den lorea bezala. Hizkuntzaren, giza-lengoaiaren izaeraren ezaugarri da aldakor­tasuna, naturaz, izaeraz dagokion osagai funtsezkoa.

Aldakortasunaren ardatzak

Hizkuntzaren aldakor­tasuna denboran zehar gauzatzen da, historian. Denok dakigu hizkuntzak beren historian zehar mendez mende aldatu egiten direla. Baina, denboran bezala, lekuan zehar ere aldatzen da. Hizkuntza bati arretaz eta nahikoa begi zabalaz begiratzen dionak beste askotan baino hobeto ikusten du lekua eta denbora zein estu korapilaturik dauden.

Hiztunak banaka hartuta ere ikusten da hizkuntzaren aldakortasuna lekuaren ardatzean eta denborarenean, ez baitu inork bere aldamenekoak bezalaxe hitzegiten (hiztegi aukerak, esaldi egituraketa, atzizki baten maiztasuna, hotsen moldaketa, e.a.) eta norberaren hizketa ere ez baita beti berdina. Aldatu egiten da inguruaren arabera, hizketalagunaren arabera, gaiaren arabera, nekearen arabera... Ez zaio berdin hitzegiten haurrari eta zaharrari, ezagunari eta kanpotarrari, maiteari eta beldurtzen gaituen epaileari... Ziurrenik eguneroko aldakortasun txiki, diskreto, labur horretan datza epe luzeagoan eremu zabalagoaren ezaugarri bihurtuko den aldaketaren hazia.

Zerbaitegatik, ordea, hobeto ikusten da eta errazago onartzen hizkuntzaren aldakortasunarena iraganari begira eta erdaretan, besteren hizkuntzetan, euskara ez direnetan. Gertuen daukagunaz, gazteleraz, banan bana eta zalantzarik gabe baiezta ditzakegu orain arteko guztiak. Edonork onartuko luke Cervantes eta Maruja Torresek ez dutela berdin hitzegiten, Sevillakoek eta Valladolidekoek ere ez. Agian hobeto ezagutzen ditugu beste garaietako hizkerak (idazkerak behintzat), badakigu halaber beste hizkuntza batetik datorrela eta zein beste hizkuntzatatik datorren. Egia da euskararen kasuan zenbait gauza ikustea beste batzuetan baino zailago gertatzen dela: historia (dokumentatuari dagokion zentzu estuan) laburra da gurea oso eta kontuan izanik hizkuntzen bizitza gurea baino askoz luzeagoa dela eta prozesu linguistikoen abiadura, gizakion biologiarena baino motelagoa, perspektiba txiki gelditzen zaigu. Hizkuntzak denboran zehar izan duen aldaketaren lekukotasun gutxi daukagu begibistan.

Bada gainera, hizkuntzaren aldakortasunaren "ezkutatzeaz" kontuan hartu beharreko beste zerbait. Euskara murriztu egin digute eta murriztu egin dugu. Euskalkien arteko harreman gutxi izan da eta, oro har, euskara eremu batzuetan bakarrik erabili da, hizkera maila batzuetarako (ofizialagoetarako, formala­go­eta­ra­ko, jasoagoetarako) estilorik ere ez delarik garatu. Horrek kontraste estilistiko eskaseko hizkuntza utzi digu.

Hiztunen artean, klaseak ere ez dira egon beste hizkuntza batzuen proportzioan. Ez dut uste oraindik ere hizkuntza normalen neurrira iristen garenik.

Honek guztiak, besteak beste (eta tribu kutsua gustagarri gerta lekioke baten bati), aldakortasun soziofonologikoa eta fonoestilistikoa kentzen dio hizkuntzari.

Arauaz

Orain euskara salbatu nahi dugu. Mendetako zulotik ateratzeko inoiz baino parada hobea dugu itxuraz. Orain da historia osoko bidegabekeria konpontzeko garaia. Horren antzeko kontsentsoa dagoela esango nuke. Ea baina salbatu nahian ito egiten dugun, gehiegi zaintzen den haurra bezala ("ez zaitez erori, ez zikindu, korrika ibili, etzazu hitz zatarrik esan, lagun horiek zaizkizu komeni")... Ez diezaiogun eska besteri eskatzen ez zaiena, ez dezagun ahaztu haurra haurra den bezala, hizkuntza hizkuntza dela.

Pentsa dezagun zertarako salbatu behar den euskara. Bizi dadin. Zer da hizkuntza bizitzea? Jendeak komunikatzeko (besterekin eta nor bere buruarekin) balia ahal izatea. Zertatik salbatu behar da euskara? Galzoritik. Zer da galtzeko zorian dagoena? Hizkuntza bera, hizkuntza bera bere osagai funtsezkoenetatik hasita (hotsak ateratzeko gaitasuna edo fonologia, hitzak osatzeko gaitasuna edo morfologia eta esaldiak egituratzekoa edo sintaxia).

Esango nuke hizkuntzaren zaintzaileak kezkatzen dituen galeran bi atal ikus genitzakeela. Bata da hizkuntzaren ontasuna, kalitatea dei genezakeena eta funtsean gramatika eta hiztegia esan nahi duena. Beste atala euskalkiena da. Lehenengo kezka bateratzailea izaten da eta batipat Euskara Batuaren inguruan dabiltzanengan aurkitzen da. Bigarrena ugaritasunarekin lotzen da, nahiz eta askotan bakoitza berearen alde ibiltzeko justifikazioa izaten den.

Iruditzen zait hizkuntza murriztuarenak --alegia, gutxik eta batez ere eremu gutxituetan ibiliarenak (ahulduarenak, estilorik gabearenak, komunikaziorako gutxituarenak)-- inor gutxi larritzen duela eta ziurrenik lehen aipatu dudan kontzientziarik ezagatik da. Halere, hizkuntza komunikaziorako erabat erabilgarria izango bada, "normala" izango bada, osoa, aldakorra izan behar du. Ez gara konturatzen (eta, ondorioz ez dugu onartzen) hizkuntzaren, gure eguneroko hizkuntzaren aldakortasunaz, horrela gordetzearen garrantziaz. Sapirrek esan zuenaren erdia bakarrik da egia. Hizkuntza aldakorra da, baina ez da egia edonork dakiela eta ez da kualifikazio kontua: askotan ofizio edo afizioz hizkuntzalari garenak gara honetan baldarrenak.

Euskararen hizkuntz negozioetan dabilen jendeak jokatzen du aldakortasun bakarra geografikoa balitz bezala (bai aldaerak gordetzearen defendatzaileak eta bai Batuarenak). Badirudi, arauaren aurrean, Batuaren aurrean, gerta daitekeen galera bakarra euskalkiena dela eta, gainera, euskalkiena zentzu diatopikoan bakarrik ulertzen dugula. Hizkuntzaren errealitateari arreta eta sentiberatasun handiagoz begiratuko bagenio, ikusiko genuke egungo euskalkiak ez direla, ez bakarrik behintzat, Bonapartek joan zen mendean sailkatu zituenak. Ez dira ez horiek bakarrik eta ezta horietatik gelditzen direnak bakarrik ere. Bereizkuntza supralokalak ari dira sortzen halabeharrez, hizkuntzak erabilera desberdinei bere aldakortasunaz erantzuten diolako: telebista-irratietako euskara, jende gaztearena, eskoletakoa, euskaltzainena, euskaldun berriena, euskalki guztietatik hartu nahi dutenena, jende ez-ikasiarena, e.a.

Horrela bada, euskara beste edozein hizkuntza bezala aldatu egiten da eta aldatzeak diferentziak dakartza: leku ezberdinetako jendeen arteko diferentziak, adinaren araberako diferentziak, estilo diferentziak, erregistro edo maila diferentziak, modak, e.a. Diferentziak elkarren ondoan, azpian edo gainean, batera bizi daitezke eta, hartara, hiztun bakar batek eredu bat baino gehiago, aukera bat baino gehiago izan ditzake eskura, nolabait, gauza bera esateko modu bat baino gehiago. Izan ere, hizkuntza ez da mezua adierazteko modu bat, asko baizik. Modu bakarra dagoenean -modu hori perfektoa, akasgabea, bada ere- hizkuntza ez da osoa. Hizkuntz diferentziak, aldaerak, hiztunen baliabideak dira, hiztunak jakinaren gainean edo bestela, konsziente edo inkonszienteki bere hizkerari kolore bat edo beste emateko tresnak.

Baliabideok hiztunaren eskura egon behar dute. Hizkuntzak ematen dizkion bideen artean hautatzeko aukera ez lioke inork ukatu behar.

Arriskuak bi dira: batetik, jarrera arauemaile estuegi eta linealegiak; bestetik, kanpotikako ereduak. Bigarren hau hizkuntzarentzat da mehatxu, ez da hiztunarentzako arriskua, ez du hiztunak aukera galtzen: hiztunak batean ez duena bestetik hartzen du, hiztun arruntak ez dio uko egiten lengoaiak bere duenari. Hortxe legoke hizkuntz zaintzaileentzat lana: hizkuntzak duena bilatu eta hiztunari erakutsi (egungo euskaradunen artean hiztun galdu asko baitago, hiztun berri asko, hiztun zaharrentzat ere eremu berri asko). Hor dago gure kasuan arauaren behar eta justifikazioa. Hori baino areago, hizkuntzaren kalitatearen izenean edo nahi denaren izenean, hizkuntzari bere aldakortasunerako behar duen espazioa murrizten bazaio, hizkuntza bera murrizten da, hizkuntza aldaketa baita. Paradojikoki, arau zorrotzegiak babestu nahi duen hizkuntza ahuldu egin dezake, hiztunak beste hizkuntzatik atera behar baditu berean ukatzen zaizkion aukerak.

Ahoskeraz

Hizkuntza komunikatzeko tresna da. Gure gorputzean arnaserako eta jateko dauden organuez baliatzen ikasi dugu giza jendeak komunikatzeko ere. Aho-sudurretik kanporatzen dugu, hots-uhin akustiko bihurtua, mezua. Hotsak atera eta kateatuz hitz egiten dugu (hotsak kateatuaz, morfemak; morfemak kateatuaz, hitzak; hitzak kateatuaz, esaldiak; esaldiak kateatuaz, diskurtsua).

Hotsak atera eta kateatze horretan, ahoskeran, dira agian aukerak inkonszienteen. Ez da, ordea, aukeratzea dagoela bakarrik askotan ahaztutzen zaiguna. Sarritan ahoskera bera ere hizkuntzaren osagai osoa eta nortasun betekoa dela ez da aintzat hartzen. Alegia: hizkuntza batek bere hiztegia moldatzen du, begibistakoa denez. Gramatikan ere izaten ditu erregelak: bere hitzak osatzeko moduak (aurrizkiak ala atzizkiak, e.a.), bere esaldiak antolatzeko bideak. Era berean, hizkuntza batek zein hotsez (zein kontsonantez, zein bokalez, zein tonuz, e.a.) baliatuko den eta zein eratan, zein erritmo eta zein kateatan josiko dituen aukeratzen du.

Horren jakitun izateak hizkuntza normaldu gabeko batez eta besteren menpe dagoenaz aritzean, bultzatzen gaitu fonologilariok, hizkuntzak bere duen horren bila. Ez dira aukera guztiak diferente izaten hizkuntza batetik bestera, hain zuzen ere anatomia beraz ateratako hots kateez ari gara, baina izaten dira oraindik arrazoia aurkitu ez zaien diferentzia linguistikoak (ziurrenera hizkuntzaren ezaugarri tipologikoekin globalki lotuak).

Har ditzagun esaterako hitz katea hauek: "noraino irits daitezkeen" "zehatz dezatela". Hizkuntzak ahoskera bideak izango ez balitu bezala, alegia hau ahoskatu beharrean "irakurri" egiten badugu, aukera luketen euskal fonologiaren bilakabide bi ukatzen ditugu (hitzen artekoez bakarrik ari naiz). Baina kontua ez da hor amaitzen: ez dago ahoskera neutralik: gertatzen dena ez da zerbait ez dela egiten, beste zerbait egiten dela baizik. Hotsak beti daude kateaturik, fonetika akustikoak garbi erakusten duen moduan hizketan ez dago apenas etenik, normalean ez ditugu ixiluneak egiten hitzen artean (are gutxiago aditza eta laguntzailearen artean). Besterik gabe, hor beste era batera kateatzen ditugu unitateak, "tz-d" bilkurak sortzen ditugu irakurriaren eraginaz eta ahoskeraren ahuleziaz (alemanezko Metzger, Satzbildung, Schatzkammer bezalakoak). Irakurriaren eragina irakurtzen ez duenari ere iristen zaio sarritan (irakurtzen dakitenak izaten dute prestijio handiena irakurle gutxi dauden hiztun komunitateetan). Ez da txantxetakoa, bestalde, oraindik erabat ezabatu ez den idatziaren aldeko jarrera.

Interesgarria da pentsatzea ahoskeraren ahultzea nola gauzatzen den, zer gertatzen den alegia: hizkuntzak bere dituen hots eta hots kateatzeari uzten dio. Gutxi pentsatu dugu honetaz, euskararen pizkunde didaktikoan gutxi eman diogu ahoskerari: hiztegia, deklinabidea eta atzizkiak ikasi, irakatsi ditugu, esaldien joskera, komunztadura eta horrelakoak ere bai, ahoskera apenas.

Estandarra eta hiztunak

Estandarra (gure artean Batua deitzen den hori) ez da denok beti erabiltzeko. Ez dakit hori gogoan daukaten "gipuzkoarkeria" eta antzekoak kritikatzen dituztenak. Esan nahi dudana da Lehendakariak bizkaiera erabiltzea kritikatzeko modukoa dela euskaldun guztiontzako diskurtsua egiten ari bada (aldez aurretik prestatua daitekeena batipat), baina ez bere senide edo adiskideekin ari bada, agian ezta kazetariekin ari bada ere giro informalago batean.

Ahozkoan ezin du inork erabat erabili estandarra, norma hila baita eta hizketa bizia, bata aldakora eta bestea, erreferentzia delako eta hala dagokionez, finkoa.

Erreferentzi araua, norma, hiztun batzuek nahiko estu hartuko dute edo beharko lukete. Beste batzuk gutxiago lotuko zaizkio edo tarteka bai eta tarteka ez. Beste batzuek ez dute sekulan erabiliko.

Egoera normaletan estandarra gutxieneko erreferentzia hori izaten da, kolektiboarekiko, hiztun-taldearen identifikazio patroia. Kontua da identifikazio-taldetzat hartzen dena (subjektu hiztuna non kokatzen den) ez dela beti berdina, konstantea. Batua erabiltzeak suposatuko lukeen aukera da identifikazio taldea euskaldungo osoa izatea (edo, gutxienez, hurbilenekoa, etxekoa baino zabalagoa), baina horrek ez du esan nahi euskaldun batek mintzo den guztietan talde hori duenik talde: esparru eta erabilerak daude intimoenetatik zabalenetara. Hiztun batzuen bizimoduagatik edo gogoagatik taldea ez da bailara baino zabalagoa izango inoiz.

Alfabetatzearen hurrengo pausuak, proposamena

Egoera zailean dagoen hizkuntzak bestek baino beharrezkoagoa du hiztun komunitate ikasia eta hezia. Horrela funtzionatuko du estandarrak eta aberasle izango da murrizle eta uniformatzaile baino areago.

Horretarako heziketaren funtsezko helburu litzateke lortzea Batua euskaldun guztiek ezagutzea, ulertzea, ez arrotz gertatzea (ezagutza pasiboa): prentsa eta literaturaren hartzaile bezala funtzionatzeko gauza izatea, nahiz eta aktibo agian inoiz ez erabili (lotsagatik, gogo faltagatik edo beharrik ez dutelako). Horrela, Batua erreferentzia litzateke, hizkuntza normaletan estandarrari dagokion legez. Batua erreferentzia bihurtzeak lekarke, noski, hiztuna patroi aniztasunera ohiturik, berea ez den hizkera edota ez diren hizkerekin deseroso ez sentitzea. Honek denbora eta alfabetatzea behar ditu (ez edozein motatako alfabetatze), baina ez da ezinezkoa. Zergatik egiten zaio "arraro" ETBkoa etxekoandreari eta kulebroi benezolarrak garden-garden (diferente, baina inolako haserrerik gabe) hartzen ditu? Hor ikusten da nola dakien gazteleraren bidez iragazten, filtratzen eta euskaraz ez: patroi ugariagoa "irakatsi" zaiolako gaztelaniaz, bide askotatik sartu zaizkiolako espainol diferenteak.

Eredu askotarikoa behar dugu eta alfabetatzeak ez du inoiz izan behar norberarena ukatzea, Batua eta norberarena harmonizatzen irakastea baizik: desastrea egin dugu irakurtzen ikasi duena herrira herrikoa ukatuaz itzultzean.

Apika borondate onez, batzuek euskararen jatortasun mitikoa gorde nahian, beste batzuek aberastu nahian, beste batzuk euskalkiren baten inperialismoaren kontrako gurutzadan hizkuntzari adierazgarritasuna kentzen dion artifizialtasuna saldu digute. Zalantzarik gabe ongi dago euskararen baliabideez ikastea, gureaz aparteko euskalkietan gauzak nola diren norbaitek kontatzea, geure kabuz ez baikara gauza jakiteko. Era berean, ongi dago euskaltzainak egotea, zaindu behar dena zaintzeko; hizkuntzalariak, ikertu behar dena ikertzeko eta filologilariak, hizkuntzaren lehen aldiak erakusten diguna ateratzeko; baina horretaz landa hizkuntza hiztunena da.

Hizkuntzaz aritzean errazegi jotzen dugu linealtasunera, errealitatea murriztera, ezagutzearen aurretik gehiegitan juzkua jarri ohi dugu eta eskatzen diogu euskarari besteri eskatzen ez zaiona, hizkuntzari eta hiztunei ezin eska dakiekeena. Hizkuntzaren errealitatea ez da zuzen / oker, jatorra / erdarakada bezalako bikoteetan ahitzen. Hizkuntzak ezin du dekretuz bakarrik funtzionatu, maila batzuetan beste batzuetan baino gutxiago gainera.

Ahoskera da horietakoa. Ahoskera ezin da erabat araupetu, baina ez dago sistemarik gabeko ahoskerarik eta hizkuntza normalduetan (maila batean edo bestean, komunitate batek guztientzako onartu duen neurrian behintzat) arauren bat, nolabaiteko eredua izaten da.

Euskara arautzean, komeni zaigu hizkuntza beraren bideak ezagutzea. Batetik, Lengoaia bera eta fonetika-fonologiaren bideak (giza ahoskerari buruzkoak) ezagutu behar dira; bestetik euskararen aukerak eta ezaugarriak.

Euskarazko ahoskera-araua bilatzea justifikatzen dute batasun beharrak eta erdaratzearen arriskuak. Garbi dago arau bateragilerik gabe, bere horretan, euskalkiak gero eta elkarrengandik urrutiago joango liratekeela. Batuaren beharrak eta erdaratzearen arriskuak ematen dio bada hizkuntzalariari arauemailearen mesedetan lan egiteko baimena. Jende asko dago gure artean ofizio biak bereizten ez dakiena. Oso kontuz ibili behar da egin beharrekoa zuzen betetzeko: ez dugu eskubiderik hizkuntzari gure iritzi eta aurreusteak inposatzeko, hizkuntzaren barne araua bilatu behar dugu, aniztasunean, zenbait baldintzaren arabera aproposena aukeratu ahal izateko.

Hizketa mailei begira, hizketa bizia, berezko elkarrizketetako ahoskera ezin da arautu, hiztuna mezura, edukira dago, ez da ahoskeraz, formaz, berariaz arduratzen, ez dio arretarik jartzen. Hain zuzen ere horixe da hizkera bizienen ezaugarri eta horregatik deitzen zaio arduragabe ahoskera horri. Hizketa hori ezin da arautu kanpotik, arautua dago: ahoskera aberatsagoa da, ordezkatze gehiago dago, fonologikoki garatuago dago.

Elkarrizketa bizietan oparotasun handiagoa duten ordezkatzeak oro har hotsen ekoizpena errazten duten bilakabideak izan ohi dira, ahalegin artikulatorioa gutxitzen laguntzen dutenak, hizketaren erritmo bizia eta doinuaren adierazkortasunaren mesedetan gertatzen direnak. Horrelakoetan, hiztunak bere arreta osoa mezuan, esaten ari denean jartzen du eta oharkabean ateratzen dira euskalkien ahoskeraren fenomeno mordoa.

Baina ez da hortik atera behar beste hizkera mailetan ahoskerarik ez dagoenik eta dagozkion ezaugarriak zaindu behar ez direnik. Batuaren historian, oharturik edo ohartzeke, hori uste izan dela esan genezake.

Batua ikastean, ikasi dugu gramatika arau jakin batzuen bidez egituratzen gure esaldiak eta gero eta lotuago datorkigun hiztegi baten bidez azaltzen gure kontzeptuak. Ahoskerazko arauen ezean letrak, ortografia aurkitu-berria hartu dugu gidari. Ez dugu gure ahoskera baliatu euskara berria geureganatzeko. Ez du nork berea erabili: nola "det" esan beharrean "dut" esan behar den eta "neban" esan beharrean "nuen", [esta] esaten zuenak [ezda] esaten du, telefon[ua] esaten zuenak telefon[oa].

Alegia hizkuntza estandartzeko eman arau gramatikalak betetzean, ahoskerari lekua ukatu zaio Batuan. Aldaketa gramatikal hutsak esan nahiko luke [estet]-etik [estut]-era pasatzea, ez gehiago. Nik dakidala, honen aurrean zerbait esan zuen bakarra Txillardegi izan zen.

Hizkuntzak maila zaindurik izan ez duenean, inoiz baino beharrezkoago gertatzen zaigu ikustea bestek (maila guztiak bizirik dituzten hizkuntza normalduek) zer egiten duten. Fonologiatik dakigu, ahoskera arauak egon badaudela, baina bestelakoak izan ohi direla: katea mintzatuko elementuen elkar eraginak, esaterako, ez dira berdintzaileak bereizleak baizik izaten, horrela bilatzen dena ahoskatua ongi entzutea delarik, ahoskatzeko indar gehixeago egin behar bada ere.

Hizkera zaindua maila formalagoetan erabili ohi da, esaten denari eta esateko moduari arreta jartzen zaion horietan, irakurriak eskaintzen duelarik honetarako parada egokiena. Entzuleari baino gehiago paperari begiratzen zaionean, inor partikularrik ez den entzulego ezezagunari hitzegiten zaionean, mikrofonoa edo pantailak distantzia markatzen dutenean, errazagoa izaten da katea mintzatuan elementu bakoitzari berea ematea. Gertatzen da, gainera, egokiera horiek izaten direla estandarra erabiltzea eskatzen dutenak, entzulegoa handiagoa eta nahasiagoa izaten baita.

Hizkuntza normalduetan, estandarra aspalditik dutenetan, ez da horren beharrezko honelako gauzak irakastea. Euskaradun modernoak ere, hizkuntza eremu berrietan sartu behar izan duenean, "instintiboki" egin du maila bereizkuntza, baina ahoskera arau formalik ezean, idatziaren "irakurketara" jo du (ohartu gabe euskal letren irakurketa hori erdal ahoskeraren arabera josten zuela).

Egin izan ditugun hutsen artean ez dago bakarrik idatziaren menpekotasun handiegia. Batuaren gehiegizko erabilera ere hor dago. Ahoskera arazoa bakarrik ez den hau, ahoskerarenean areagotu egiten da. Izan ere, ahoskeraren kasuan gainerako osagaietan baino areago estutzen da estandarraren eremua eta bere monopolioa ere areago mugatu beharko genuke. Nolabait esan, posible eta guztiz zilegi da Batuan idatzia "euskalkiaren" arabera ahoskatzea, egoera ez bada neutro-formal horietakoa. Hori irakasteko gauza izan beharko genuke.

Batua, euskalkiak, ahoskera

Ahozko Batua ez da bat, asko baizik, ez da bera Baionako hiztunaren ahotan edo Lekeitiokoarenean eta hala behar du.

Euskara Batua euskalkiz jazten, Batuari euskalkietako kolorea ematen ikasi beharko genuke behar diren maila eta neurriak errespetatuz. Mailak esan nahi du gehiago zaindu behar direla arauak erabilera formaletan, neurriak esan nahi du gehiago edo gutxiago hurbildu behar gatzaizkiola Batuari edo euskalkiari hizkera mailaren arabera.

Hori ikastea hizkuntzaren iraupen osorako inbertsio ona litzateke. Euskalkiekiko konpatibilitateak, euskalkiekiko zubiak egingo du Batua gure errejistroetako bat, bat gehiago, bizia eta erabilgarria, ez arrotza. Zubiak, bestalde, aterako ditu euskalkiak etxeko zokotik eta jarriko ditu gorago hiztunaren balioztatze linguistikoan (alegia, bihotza eta lotura politikoak baino haruntzagoko horretan). Azkenik, uste dut zubitasun hori behar duela hizkuntzak garaiko baldintzei aurre egiteko, eskola- edo telebista-hizkuntza izatetik errekreo, jolas eta lige-hizkuntza ere izan dadin. Alegia, hiztunak hartzaile eta ekoizle izan daitezen, hizkuntza malgua eta erabilgarria behar dugu.

Orain dugu aukera Batuaren arroztasuna gainditzen hasteko, euskalkien gainbeherari eusteko Batuarekin uztartuz ahoskeraren bidez eta euskarari, XXI.aren azkenera osasuntsu iristeko, hizkuntza modernoaren indarra emanez.

Euskaltzaindiak arauak ematen dituenerako gogoan izan behar dugu ezin diogula euskaldun berriari iruzur egin eta eredu bakarreko hizkuntza irakatsi. Ezin zaio hizkuntzari, euskarari, hori egin. Beraz, beharrezkoa da mailak finkatzea eta bakoitzari dagokion lekua ematea.

Dogmatismoa, intolerantzia beti dira murrizle, beti dira txar. Hizkuntzaren eremuan agertzen direnean, hizkuntzari adierazkortasuna kentzen diote. "Burua" esan beharrean "burue" esateak eta "diruba", "mendixe", "eon" edo "etxia" bezalakoek lasaitasuna eta gertutasuna komunikatzeko balio dute. Zergatik ditu, bestela, hizkuntzak horrelako ahoskerak ateratzeko ahalmena? Bere burua jakintsutzat duen bati entzuna diot horiek hizkuntzaren "bulgarismoak" direla... eta egia da, kontua da horrek zer esan nahi duen. Aldakortasuna "bulgarra" da, baina ez da mespretxuz adierazi beharreko zerbait. Aldakortasunik gabeko hizkuntza, adierazgarritasunik gabeko hizkuntza da eta adierazgarritasunik gabeko hizkuntza hilzorian dago.

* Lan honen lehen bertsioak Euskaltzaindiaren Jardunaldietako (1994.X) ahoskera baturako proposamenen inguruan (ik. "Ahoskera araupetzeaz", Euskera 39 (2. aldia), 1994, 1589-1605) 1994-1995 ikasturtean zehar Bergarako UNEDen, Donotiako IRALEn eta Iurretako ETBn egin ziren mintegi eta hitzaldietan aurkeztu ziren. Nere eskerrik beroena antolatzaile eta partehartzaileei eman zidaten inspirazio eta indarragatik.

BAT aldizkaria: 
27. 1998ko ekaina. Euskara Batuak 30 urte
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Lourdes Oñederra
Urtea: 
1998