“Tokian tokiko aktibazioaren gakoak” euskaltzaleen mugimenduari eta administrazioko teknikariei aurkezten

“Tokian tokiko hizkuntza-aktibazioa” ikerketaren emaitzak aurkeztu genituen maiatzaren amaiera. Ikerketaren txostenak (hainbat hizkuntzatan) eta eskuorri tolesgarriaren bertsio digitala eskura daude  deskargatu nahi dituenarentzat.

2015-2019 urte bitartean garatutako ikerketa horren emaitzak ahal bezainbeste zabaltzeari berariazko garrantzia eskaini zaio. Izan ere, eskuratutako ezagutza baliagarri suerta daiteke herritarrak euskararen jiran aktibatzeko eragin nahi duten taldeentzat: euskara batzordeak, elkarteak, administrazioko langileak eta bestelako eragileak.

Ekainean hainbat saio birtualetan parte hartu du Soziolinguistika Klusterrak: Euskaraldia antolatzen dabiltzan batzorde guztiek partekatzen duten foroan, Gipuzkoako udaletako euskara teknikarien UDALEKIN sarean eta Bizkaiko teknikarien ALKARBIDE sarean aurkeztu dira ikerketa-emaitzak.

Horrez gain, aktibaziorako gakoak eta prozesua modu laburrean jasotzen dituen esku orriaren paperezko bertsioaren banaketa hasi da. Egunerokoan kontsultagai izateko eta lana errazteko bokazioz sortu den eskuorria behar eta nahi duen ororengana iritsi dadin saiakera egingo da hurrengo asteetan ere.