HITZAURRE GISA 40. ZKIA.

Aniztasuna goraipatu eta sustatu beharraren aldarria egiten da egun. Kultur aniztasuna eta hizkuntza aniztasuna. Anitz herriak eta anitz hizkuntzak, arazoak, ordea, berdinak. Horixe da burura datokidana esku artean duzun soziolinguistika aldizkari honek biltzen dituen edukiak aipatzerakoan. Izan ere, Quebec-eko frankofilo nahiz anglofiloek euren komunitatearen iraupena ziurtatzearren eskatzen dituztenak euskaltzaleok gure egingo genituzke ingelesa edo frantsesa, anglofono nahiz frankofono jartzen duen lekuan euskara, euskaldunak eta Euskal Herria jarriz gero.

Dosierrak Quebec-en une honetantxe mahai gainean dituzten gai nagusiak bildu nahi izan ditu: batetik frantsesaren geroratzeari begira beharrezkotzat jotzen duten lege babesa, bestetik anglofonoek komunitate gisa bizitzen jarraitzeko aldarrikatzen dituzten eskubideak eta azkenik etorkinen fenomenoak Quebec-en duen eragin soziolinguistikoa. Hirurak dira biziki jakingarriak eta hirurek dituzte egungo Euskal Herriak haragi bizitan sentitzen dituen arazoak ulertzeko gakoak. Lege babesa eraginkorra izan dadin zenbaterainokoa behar duen jakiteko aski dugu anglofono nahiz frankofonoen eskaerei erreparatzea. Bestalde, etorkinen fenomenoak egoera soziolinguistikoan duen eraginaz Jean Dorion adituak emandako azalpenak guri zer datorkigun iragartzeko balio dutelakoan nago.

Gainerako artikulu guztiak Euskal Herriari buruzkoak dira eta bosten artean badago lotura egiten duen hari gotor bat: ezagutza, jarrera eta portaeraren artekoan dagoen harremana. Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa aldatzen ari da, ezin esan geldirik dagoenik. Iñaki Martinez de Luna eta Estibaliz Amorrorturen lanek ederki erakusten digute gazteen artean euskararen erabileran aurrera egiteko aukera berriak sortzen ari diren bezalaxe oztopo berriak ere sortzen ari direla. Orohar euskara eguneroko bizitzan txertatzeko tresna gaitza bihurtzen ari dela diote gazteek. Koldo Zuazok ederki dio zertan den auzia: arazo hori euskararen batasun prozesuan euskalkiei eta hizkuntzaren erabilera funtzionalari (funtzio kolokialetan batez ere) beharbesteko garrantziarik ez eman izanak eragina dela. Zergatik jabetu gara, ordea, horren berandu? Bistan da gure nahia eta ahalemenaren artean alde handia dagoela, baina, horrezaz gain, baliteke, Josu Peralesek bere lanean aipatzen dituen zenbait gabeziarekin loturik ere egotea. Batetik ikerketa kuantitatibo orokorrak lehenetsi izanagatik, tokian tokiko ikerketen kaltetan, eta bestetik ikerketa kualitatibo gutxi egin izanagatik. Jose Felix Diaz de Tuestaren lanak, auzi honen muinarekin bat egiten du, izan ere, nola iritsi egoera eta honen bilakaera ezagutzera? Adierazle sistema orokor eta trinko baten beharra azpimarratu da erakunde desberdinetatik azken urteotan eta Arrasatekoa, beharbada, bide horretan argi egiten lagun dezakeen ekarpena izan daiteke.

Hitzaurre xume hau amaitu aurretik aldizkariaren zuzendari aldaketa aipatu nahi nuke. Txillardegik hamar urte luze eta zailetan bere eskutan izan duen kargua utzi du eta Mari Jose Azurmendik beteko du honen lekua aurrerantzean. Zalantzarik gabe, ongi merezitako atsedenaldia da Jose Luisena. SEI elkartearen zuzendaritzak Jose Luisen lana eta ekarpena goratu nahi ditu, aldizkari honen izena eta izanari dagokionez bederen, erabatekoa izan baita bere ekarpena. Dena den, ziur gaude, Mari Jose Azurmendik lan bikaina egingo duela zuzendaritzan.

Amaitu aurretik hobekuntza bi aipatu nahi genituzke. Ingelesezko laburpenak aurrerantzean luzexeagoak eta osoagoak izango dira atzerrian gure berri ere izan dezaten. Euskarazko testuak, halaber, laburpen hori bera izango du artikuluaren amaieran, beronen irakurketari ekin aurretik edukia ezagutu nahi duenarentzat. Laburpen horrek, bestalde, bost gakoz osatutako erreferentzia izango du hasieran irakurleak hobeto koka dezan.

BAT aldizkaria: 
40. 2001eko iraila. Quebec
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2001