HITZAURRE GISA 39. ZKIA.

BAT aldizkariak bere buruari jarritako erronken artean guretzat argigarri edo aberasgarri diren beste herrietako esperientziak jasotzea dago. Zenbaki honen dosierrak Esloveniari oratu dio. Izan ere, aurreko zenbakietan Irlanda, Beljika, Suomi... jorratu ondoren horren ezagunak ez izan arren guretzat arras interesgarriak diren kasuak badira Europan.

Horien artean dago Eslovenia. Biztanle kopuruaren ikuspegitik Euskal Herriaren oso antzekoa izateaz gain, geu bezala potentzia indartsuagoen eraginpean bizi da eta kultura indartsuagoekiko asimetria egoeran bizitzea zer den badakite. Herri txikia baina sendoa dugu Eslovenia. Badugu, beraz, euskaldunok zer ikasi Esloveniatik.

Jernej eta Iriondoren artikuluak egungo hizkuntza politikaren iturburua eta hedapena zer nolakoa den erakusten digu. Bi egileok egungo hizkuntza politikari erreparatu diote bereziki. Izan ere, aipatzekoa da, Eslovenia estatu txikia izan arren gutxiengoen babeserako Europako legerik garatuenak dituela. Tollefson irakaslearen lanarekin egindako laburpenak, aldiz, ukipen egoerak Eslovenierari berari eta Esloveniako herriari ekarritako gora-beherak biltzen ditu. Izan ere, eslovenierak, euskarak bezala, hizkuntza txikia izanik, indartsuagoen bultzadari ahalik eta sendoen erantzunez eutsi behar izan dio bereari. Jar bitza irakurleak gaztelera edo frantsesa serbo-kroaziera nahiz alemaniera aipatzen diren lekuan eta ederki ulertuko du zein izan den herri honek egin behar izan duen bidea. Bilakaera horretan, eta aldizkari honetan herriei buruzko dosierrean ohi dugunez, hizkuntza batasuna eta kodifikazioaren gaia ere jorratu nahi izan dugu Bañeres soziolinguista saiatuaren lana laburbilduz. Lan honek eslovenierak historian egin duen ibilbidea erakusten digu. Irakurleak bertan topatuko du euskararekiko parekotasun nabarmenik, baita aldeak ere. Denak, dena dela, irakurle euskaldunarentzat jakingarri, eta euskara egiten ari den bidearentzat argigarri.

Dosierretik kanpo ondoren datozen lanek etxeko kontuei eta atzerrikoei heltzen diete. Erlantz Urtasunek, euskararen historia soziala argitzeko bidea urratzen ari den garai honetan, alor honek duen arazo handietako bat astintzen du: datu historikoen sinesgarritasuna, edo bestela esanda, datu historikoen baitan ezkutatzen den errealitatearen interpretazioa. Nafarroako hainbat eskualdetako informazioa hartu eta gurutzatuz ondorio interesgarriak ateratzen ditu. Egileak, emandako frogen bidez, ederki erakusten digu euskararen historia sozialean murgildu nahi duen orok, datuen bilketatik haratago joan beharra duela aspaldi euskara galdu zuten eskualdeetako euskararen galbidea azaltzeko; eta areago, euskara bizirik ikusi nahi ez dutenen asmakizunen hedatzaile izan ez gaitezen.

Europa eraikitzen ari den honetan, eta Hizkuntzen Urtearen muinean gaudelarik, Europan nahiz munduan hizkuntza gutxituen eta beren hiztunen eskubideak babesteko hamaika dei egin da. Aldarrikapenetik ekintzara, ordea, bide luzea dago egiteko eta aurreko zenbakian ikusi bezala, oraindik asko dira eskubide horiek murriztu edo urratzen dituztenak. Hizkuntza Eskubideen Behatokia Euskal Herrian euskal herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea zertan den eta urraketak dauden kasuetan babesa emateko sortu da. Zinez ekimen txalogarria eta beharrezkoa hizkuntza eskubideak murrizte bidean edo hozkailuan sartu nahi dituzten honetan. Oraingoan hemen dakarkiguna egitasmoaren aurrerapen bat besterik ez bada ere, Behatokia bidea urratzen hasi orduko izango dugu berri zehatzagorik.

Llobera jaunaren lanak identitate nazionala eta hizkuntzaren arteko lotura azpimarratzen digu. Biziki interesgarria da irakasle honen ekarpena egun hizkuntza gutxiagotuen defentsan dihardugunok jasan behar izaten ditugun irain eta isekak funtsik gabe uzten baititu (“nazionalismo etniko” eta “zibikoa”ren arteko dikotomia errotik erauzten du). Guztiz egoki datoz egileak berak, ingelesa eta frantsesa hizpide hartuta, hizkuntza horien nagusitzea azaltzeko ematen dituen azalpenak. Azken batean nagusitu diren hiru hizkuntza horiek bere alde jarri izan dute estatuaren botereak eskaintzen duen indar guztia. Badugu lan honetan zer ikasi hizkuntza aitzakia hartuta eraso zitalean dabiltza hamaika intelektual ustekoei erantzuteko.

Enbor bereko ezpala da Xavier Vila irakasle jaunak bere artikuluan erakusten diguna. Beljikako estatu burujabearen egituratzean flandeseraren biziraupena ziurtatu eta normalizazio maila gorenera eramateko funtsezkoak izan ziren urrats historikoak azaltzen dizkigu. Izan ere, flandesera Beljikan frantsesarekiko menpekotasun sozioliguistiko, politiko eta ekonomiko sakona bizitzetik bizi-indar betea duen hizkuntza izatera iritsi da. Badugu euskaldunok zer ikasia flandestarren ibilbidetik, batik bat, hizkuntza eskubideak eta lurraldetasunaren defentsa irmoak ukipen egoera asimetrikoan dagoen hizkuntza gutxituaren geroratzean duen garrantziari dagokionez.

Aldizkariaren azken atalean bi elkarrizketa jaso ditugu. Lehenak Joxe Manuel Odriozolaren hitzak biltzen ditu. Aldizkariko jarraitzaile zaharrenek ongi ezagutzen duten gizona dugu Joxe Manuel eta elkarrizketa honen harian bere azken urteotako ekarpenetan etengabeko agerpena izan duen ardatza jorratu nahi izan dugu: Hizkuntza eta kultura, bihotza gorputzari lotzen dio arteria. Begirada zorrotz eta sakonez Joxe Manuelek azken urteotako euskalduntze politikak alor honetan egin dituen hutsak aztertzen ditu. Zinez, elkarrizketa aberasgarria arlo honetan diharduzuenontzat.

Bigarren elkarrizketak, berriz, Valentzian bizi duten hizkuntza gatazkaren muinean hatza sartuz argitaratu berri den ikerketa baten emaitzak eta gogoetak eskaintzen dizkigu. Aitana Guiá i Conca abokatu eta historialaria dugu elkarrizketatua. Emakume honek, ongi ezagutzen ditu Katalan Herrietan hizkuntzak bizi dituen egoerak, Valentziakoa bereziki. Eta bertan dugu, inon izatekotan, helburu politiko argiak dituen “hizkuntza zatiketa” prozesu ezagunenetako bat. Hortik gurera dagoen aldea handia bada ere, irakurleak berehala somatuko du zein den azken bi urteotan gurean entzundako adierazpen zenbaiten iturria. Hizkuntza zatiketa, aspaldiko kontuan izan arren, Valentzian bezala Euskal Herrian ere, oraindik bizi-bizi dagoen arriskua da ez baitzaio falta bere alde egin dezakeen sustatzaile indartsurik.

Honaino, beraz, aldizkari honek biltzen duenaren azalpen laburra.

BAT aldizkaria: 
39. 2001eko ekaina. Eslovenia
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2001