Bereizkeria berdintasunaren izenean

Gauzak horrela, UNESCOk Atlas of the World’s Languages in Danger of Disappearing liburuan iparraldeko euskara arrisku bizian dauden hizkuntzen atalean sartu zuen, bai eta Frantziako Estatuan bertan kokatzen diren okzitaniera, bretoiera eta korsikera ere. Aniztasunaren etsaia dugu, askatasunaren eta berdintasunaren sinbolo bihurtu zuten Estatua.

Hizkuntza-eskubideen berme eraginkorrak ordenamendu juridiko egokia behar du benetakoa izan dadin. Edozein hizkuntza gutxituren garapenean oso argi geratu da ezinbestekoa dela corpus juridiko egokia. Ez da, noski, hizkuntza baten normalizazioan aldagai bakarra, baina ezinbestekoa da, are gehiago mendetako asimilazio-prozesuak izan badira.

Hori dela eta, Toubon Legearen bidez une berean bi arazo garbitu nahi izan zituen Estatuak. Batetik, lehen aipatutako beste hizkuntza nagusi bat(zu)en balizko kolonizazioari muga jartzea, eta bestetik, Estatuan bizi ziren beste hizkuntza komunitateak desagerraraztea. Aukera izan zuen Estatuak une hartan lurraldeko berezko hizkuntzak ere arautzeko, ez zuen egin, ordea.

Europar Batasuneko mugak zabaltzen ari diren honetan, instituzio horretako kide izan nahi dutenei baldintzak jarri izan zaizkie. Ez dute neurri bera hartzen, hala ere, Estatu kideei dagokienez. Greziak adibidez Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna sinatu ere ez du egin, Frantziak, aldiz, sinatu duen arren, ez du konpromisorik hartu berretsi ez duelako.

aipatzekoa da Europako Kontseiluak Robert Schuman unibertsitatearekin batera antolatutako mintegian agertutako ondorioak. Izan ere, mintegi horretan Frantziak Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berresteko Konstituzioan aldaketak egin behar direla onartu bazuten ere, berezko hizkuntzen garapenari begira hainbat neurri har litezkeela ondorioztatu zuten, besteak beste, hizkuntza gutxituen errekonozimendua, presentzia publikoa, legitimazioa, prestigioa lantzea, hizkuntza gutxituen eskaintza publikoa ugaltzea.

Larria da oso Frantziako Estatuak horrelako oharrak edo baldintzak jarri izana, baina are larriagoa Nazio Batuen Erakundeak Estatu bati horrelakoak onartzea. Nazio Batuen Erakundeak badaki Frantziako Estatuan frantsesa ez beste hainbat berezko hizkuntza dagoela, eta beraz, onartezina da horri guztiari entzungor egitea.

2001ean Hizkuntza Eskubideen Behatokia abian jarri zenetik, iparraldeko eragileekin harreman iraunkorra izan du Euskal Herriko egoeraren diagnosian bertako egoeraren isla ere izateko. Horretarako, urterik urte izan diren urraketa larrien berri jaso du Behatokiak eta horiek azterturik, egoeraren larritasuna islatu nahi izan du. Hona hemen euskararen normalizazioan diharduten erakundeek agertutako kasu larrienak

Hala ere, Frantziako Estatuaren politikak ez dio bakarrik eragin hezkuntza publikoari. 2004 eta 2005 urteetan zuzenean jo du, gaur egun Iparraldean euskararen ezagutza bermatzen duen irakaskuntza mota bakarrarekin.

Datuen arabera, beraz, ikasleen % 5,50 besterik ez dago matrikulatuta euskararen ezagutza bermatzen duen ereduan, eta ikasleen ia bi herenek ez du inolako harremanik euskararekin.

Aipagarria da Iparraldeko biztanleei euskaraz deklaratzeko eskubidea ukatzen zaien bitartean, Hegoaldeko biztanleei, zenbait prozeduratan, hizkuntza hori erabiltzea ahalbideratzen zaiela eta Frantziako Administrazioa bera dela interpretea eramaten duena. Oraingoan, berriz ere, Frantziako Estatuak bere lur eremuan dituen gutxiengoekiko jarrera agerian geratu da.

Euskalgintzako hainbat eragilek SNCF erakundeko arduradunekin bilerak eta eskabideak egin bazituzten ere, aipaturiko erakundeak ez zion erreparatu horietako bati ere. 2003ko ekainaren 5ean, Eskualdeko Kontseiluko lehendakariorde eta eskualdeko garraioen arduradunak iragarri zuen irailerako zer egiteko prest egongo liratekeen esango zutela. Horretaz gain, SNCF erakundearen arduradunei jarrera berrazterrarazteko konpromisoa agertu zuen.

Arestian azaldutako egoerak eta gertaerek ondorio batera garamatzate: Iparraldeko herritarrek eskubidez gabeturik ikusten dute beren burua. Norberaren hizkuntza-komunitatearen existentzia bera ukatzen duen Estatuaren mende bizitzeak ondorio hori eragiten du zalantzarik gabe.

Datu demolinguistikoek ez diote etorkizun ona opa hizkuntzaren normalizazioari, ez eta Estatuaren jarrerak eskubideen bermeari ere, baina badira elementu positiboak.

Hizkuntza-eskubideen kontzientzia arian-arian gora doa Iparraldean. Horren adibide dugu azken urteotan abiarazitako hainbat dinamika, hain zuzen ere, eskubide kolektiboen aldarrikapenean oinarritutakoak.

“Depuis plus de deux siècles, les pouvoirs politiques ont combattu les langues régionales. Certes, la république a accompli une oeuvre consideráble: la maîtrise de la langue française par le peuple, le recul des obscurantismes et de l’ignorance. Fallait-il pour cela nier les réalités culturelles et linguistiques de nos régions, au prix de la disparition de certaines d’entre elles .” (*1)

 

Jack Lang jaunak esandakoa nahikoa litzateke Iparraldeko euskaldunon hizkuntza-eskubideen egoera islatzeko; izan ere, ideia horretan oinarritu izan da Frantziako Estatuak erabilitako politika lurralde horretako berezko beste hizkuntza-komunitateen eskubideen bermeari dagokionez.

Izan ere Frantziako Estatuak, Greziak edo neurri handia batean Italiak edo Alemaniak bezalaxe, elebakartasuna helburu duen hizkuntza-politika du indarrean. Akaso, Frantziako Estatuko jarrera are bortitzagoa da, politika elebakar horrek gaur egun lurraldean dauden hizkuntzen desagerpena duelako helburu nagusi. Frantziako Estatuak ez du onartu nahi lurraldean bertan duen hizkuntza-aniztasuna eta talde horien existentzia bera ere ukatu egiten du neurri handi batean.

Horrek guztiak eragin zuzena dauka bai herritarren pertzepzioan, bai eta hizkuntzaren beraren biziraupenean ere, hein handi batean eskubideen bermea zein hizkuntzaren normalizazioa herritarren eta herri-eragileen esku uzten duelako.

Gauzak horrela, UNESCOk Atlas of the World’s Languages in Danger of Disappearing liburuan iparraldeko euskara arrisku bizian dauden hizkuntzen atalean sartu zuen, bai eta Frantziako Estatuan bertan kokatzen diren okzitaniera, bretoiera eta korsikera ere. Aniztasunaren etsaia dugu, askatasunaren eta berdintasunaren sinbolo bihurtu zuten Estatua.


1. HIZKUNTZA BAT ETA BAKARRA

Liberté, Égalité, Fraternité. Hamazortzigarren mendean hiru hitz horiek iraultza eragin zuten mendebaldean eta hiru hitz horiek erabili izan dira herritarren arteko berdintasuna adierazteko. Hizkuntzei dagokienez, aldiz, hitz horiek izan dira Estatuak lurraldean dituen berezko hizkuntza-komunitate gutxiagotuak ukatzeko eta, beraz, herritarren eskubideak urratzeko erabilitako oinarrizko argudioa.

Izan ere Frantziako Estatuak aldarrikatzen duen berdintasunaren arabera, Frantziako Estatuan ez dago frantsesa ez den hizkuntza-komunitate bakar bat ere. Herritar guztiak berdinak badira, ez dago talde bereizgarririk eratzerik. Talde edo kolektibo bati eskubideak aitortzea ezinezkoa ei dute, horrela hautsi egingo bailitzateke berdintasun printzipioa.

Frantsesak berdinak dira hizkuntzari dagokionez, frantsesa da Estatuak onartzen duen hizkuntza bakarra, beraz, beste hizkuntza baten aldeko edozein politikak ere hautsi egingo luke herritarren arteko berdintasuna. Horrela, lurralde horretan aldarrikatzen den demokrazia bermatzeko biderik zilegiena elebakartasuneranzko politika da, hain zuzen ere, Estatuak daramana. Hizkuntza ezin izan daiteke berdintasunezko herrialde batean herritarrak banatzeko elementua.

Berdintasun edo Égalité horren ondoriozkoak dira Estatuak hartu dituen erabaki guztiak; herritarren arteko bereizkeriarik sortu nahi ez izatea ei da hainbat herritarren existentzia bera ere ukatzeko zioa.

Frantsesa Estatu hizkuntza da, menperatzailea. Ez du beste hizkuntzekiko funtziorik konpartitzen, bera baita botere publikoaren, administrazioaren, hedabideen, eremu sozioekonomikoaren... hizkuntza. Errepublikak hizkuntza bakarra dauka eta botere publikoen hizkuntza bat da, ondorioz, horiekiko harremana frantsesez besterik ez da izango.


2. LEGEA HIZKUNTZA-ESKUBIDEEN URRATZAILE

Hizkuntza-eskubideen berme eraginkorrak ordenamendu juridiko egokia behar du benetakoa izan dadin. Edozein hizkuntza gutxituren garapenean oso argi geratu da ezinbestekoa dela corpus juridiko egokia. Ez da, noski, hizkuntza baten normalizazioan aldagai bakarra, baina ezinbestekoa da, are gehiago mendetako asimilazio-prozesuak izan badira.

Joan Mari Torrealdairen El libro negro del euskara argitarapenari begirada egin, eta adibide anitz ikusiko ditugu Frantziako Estatuak euskaldunekiko izandako jarreraz. Horri erreparaturik, bai eta azken hamarkadetan garatzen ari den politikari ere, Estatuaren jarrera beste hizkuntzekiko ez dela tolerantea ondoriozta dezakegu. Aitzitik, Estatuak urtetan aurrera eramandako politika elebakartasunari begira egon da, horrek herritarren oinarrizko eskubideen urraketak eragin baditu ere. Jack Lang jaunak esan bezala, frantsesaren normalizazioak bidean aurki ditzakeen hizkuntzen desagerpena justifikatzen du.

Izan ere, historikoki behin baino gehiagotan agertu izan dira frantsesa ez beste hizkuntzak desagerrarazteko neurriak, besteak beste, 1539ko Villers-Cotterêts Ordenantza, 1794an Barrere-k Osasun Publikoaren komitearen izenean esandakoa, Osasun Publikoaren Batzordeak hizkuntzari buruz egindako txostenean paratutakoak, Gregoire abadeak 1794an adierazitakoa, edota Thermidorren (*2) dekretuak jasotakoa.

Hala ere, arestian aipatutako elebakartasuneranzko politikak isla izan du Estatuko ordenamendu juridikoan. Hori egiaztatzeko honako hauek ditugu adibide:


2.1. Bas-Lauriol legea

1975eko abenduaren 31n onartu zen Bas-Lauriol Legea, eta lehen aldiz, frantsesaren babeserako arautegia jarri zuten indarrean. Are gehiago, Bas-Lauriol Legearekin batera atera zuten agiriak propio agertu zuen frantsesak behar zuen babesa, beste hizkuntza batean edota atzerriko hitzak zituzten testuei aurre egiteko.

Artikulu honetan legea bera aztertuko ez badugu ere, interesgarria da, adibide moduan, lehen artikuluak jasotzen duena erakustea:

1. Dans la désignation, l’offre, la preséntation, la publicité écrite ou parlée, le mode d’emploi ou d’ utilisation, l’étendue et les conditions de garantie d’un bien ou d’un service, ainsi que dans les factures et quittances, l’emploi de la langue française est obligatoire.
Le recours à tout terme ètranger ou à toute expression étrangère est prohibé lorsqu’il existe une expresssion ou un terme approuvés dans le...

Bas-Lauriol Legeak hiru eremu arautu zituen bereziki, eta helburu nagusia kontsumitzaile eta langile frantsesak babestea izan zen.

2.2. Konstituzioaren aldaketa

Maastrichteko Itunaren ostean eta globalizazio-prozesuak hartzen zuen garrantziari erreparaturik, kezkak sortu ziren Frantziako Estatuan. Horri aurre egiteko eta frantsesak omen zituen arerioei aurre egiteko mekanismoei eutsi zion, beraz, Estatuak. Zer esanik ez dago, mekanismo horiek guztiek lurralde horretako berezko hizkuntzetan ere eragin handia izango zutela, ordura arte eramandako politikari indar handiagoa besterik ez baitzion ematen.

Horrela, 1992ko ekainaren 25eko legearen bidez, Estatuko Konstituzioaren bigarren artikuluan aldaketa egin zuen Errepublikak. Ordura arte idatzita ez zegoena jaso zuten: “La langue de la République este le français”.

Ordura arte Frantziako Estatuak izandako jarrera kontuan hartuta, Konstituzioan egindako aldaketak itxuraz ezer berririk ez zekarrela ondoriozta genezake. Hala ere, Itunari egindako aldaketa hori oso baliagarria izan zaio Estatuari urte horretatik aurrera hartutako hainbat erabakitan, besteak beste, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna ez berresteko edota Toubon Legea bera onartzeko. Ondorioz, Konstituzioaren bigarren artikuluaren aldaketa Estatuko berezko hizkuntza gutxiagotuen aurkako neurri berria besterik ez zen izan.

Behin eta berriro agertu behar izan dute frantsesaren nagusitasuna. Gogora ekar genezake 1999an Frantziako hizkuntzen erabileraren inguruan prestatutako txostena aurkeztutakoan orduko hezkuntza ministroak adierazitakoa:

Le français est par excellence la langue de la liberté, de la culture et de la création- Parce qu’elle exprime le rayonnement de la France et de tous les pays qu l’ont en partage, elle est le vecteur de la diversité culturelle dans un monde d’ou la pluralité des langues répond aux polyphonies de l’esprit. (*3)


2.3. Toubon legea

Horren ostean etorri zen abuztuaren 4ko 94-665 Legea, frantsesaren erabilera arautzeko Toubon lege ezaguna. Toubon Legeak Bas-Lauriol Legea ordezkatu zuen eta 1992an Konstituzioan egindako aldaketa hartu zuen oinarri. Halaber, aurrekoak baino askoz ere eremu gehiago arautu zituen.

Azken hamarkadetako bilakaera historikoak hainbat urtetan frantsesak izandako inperio hizkuntzaren izaerari tokia kendu izan zion. Ikuspegi ekonomikotik dagokionez, beste zenbait hizkuntzek frantsesak kudeatutako esparruetan gero eta toki gehiago hartu zuten. Horrekin batera, herrialdeen arteko mugen desagertzeak edota herritarren lekualdatzeak ez zion ondorio onik ekarri frantsesari, ez gutxienez, inperio bateko hizkuntza izateko grina izan zuenari. Globalizazioa bera beste hizkuntza batean mintzo zen, ingelesez, eta arrisku horiei guztiei aurre egiteko jarri omen zuten indarrean Toubon Legea. Bitxia da oso arrazonamendu hori erabiltzea, izan ere, Estatuak aski garbi zuen frantsesaren galbidea ez zela berezko hizkuntza gutxiagotuen nagusitasunarengatik.

Hori dela eta, Toubon Legearen bidez une berean bi arazo garbitu nahi izan zituen Estatuak. Batetik, lehen aipatutako beste hizkuntza nagusi bat(zu)en balizko kolonizazioari muga jartzea, eta bestetik, Estatuan bizi ziren beste hizkuntza komunitateak desagerraraztea. Aukera izan zuen Estatuak une hartan lurraldeko berezko hizkuntzak ere arautzeko, ez zuen egin, ordea.

Legearen edukiari dagokionez, Frantziako hizkuntza-askatasunak mugatzen dituen araudia dela esan genezake, eta biziki aipagarria da eremu pribatuan jartzen duen indarra. Horrela, frantsesaren derrigorrezko erabilera ezarri zuen eremu pribatuko hainbat jardueratan, beti ere, zerbitzu publikorako direla justifikatuz.

Anekdota gisa bada ere, aipagarria da Behatokiak orain dela hilabete bat Sud Oest egunkarian iragarkia jarri nahi izan zuela, eta euskara hutsean jartzea legez debekatuta zegoela jakinarazi ziotela arduradunek. Arduradunei iragarkiaren hartzaileak euskaldunak zirela adierazi eta frantses elebakarrentzako informaziorik ez zuela jakinarazi arren, izan ere, Behatokian lan egiteko deialdia zen, euskara hutsean jartzerik ez zegoela berretsi zuten.


3. JARRERA ITXIA NAZIOARTEAREN AURREAN

Europar Batasuneko mugak zabaltzen ari diren honetan, instituzio horretako kide izan nahi dutenei baldintzak jarri izan zaizkie. Ez dute neurri bera hartzen, hala ere, Estatu kideei dagokienez. Greziak adibidez Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna sinatu ere ez du egin, Frantziak, aldiz, sinatu duen arren, ez du konpromisorik hartu berretsi ez duelako. Hala eta guztiz ere, inork ez du zalantzan jartzen Estatu horien demokrazia eta gutxi batzuek adieraziko lukete Estatu horiek herritarren oinarrizko eskubideen urraketak legearen bidez ahalbideratzen dituztela.


3.1. Europako kontseiluan

Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunari dagokionez, 1992an onartu zuen Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak dokumentua, eta orduan ere Frantziako Estatuak ez zuen Itunaren alde egin eta abstenitu egin zen.

Ondoren, Estatuak 1999ko maiatzaren 7an sinatu zuen Ituna. Hain zuzen ere, Europako Kontseiluaren berrogeita hamargarren urteurrena probesteko. Horrela, Itunak proposatzen dituen 98 konpromisoetatik Frantziako Estatuak 39 berretsiko zituela adierazi zuen. Horrekin batera, Itunaren berrespena 2000 urtean egingo zela adierazi zuen Gobernuak.

1999ko apirilean Bernard Cerquiglini jaunak, Institut National de la Langue Française erakundeko zuzendariak, Frantziako hizkuntzei buruzko txostena aurkeztu zuen. Aipaturiko txostenean Frantziako Estatuko lurraldeetan 75 hizkuntza identifikatu zituen. Horien artean, batzuetan ehundaka mila baina bestetan ehundaka hiztun zirela adierazi zuen. Batzuek literatura zutela esan zuen, beste batzuk, aldiz, idatzi ere ez zirela egiten. Interesgarria da jakitea, txosten horren arabera, Estatuko hizkuntzen bi herenak kontinentetik kanpoko kolonietakoak zirela: Kaledonia Berria, Frantziako Polinesia etab. Halaber, ez zituen bereizi Frantzia kontinentaleko berezko hizkuntzak (euskara, bretoiera...) eta beste hizkuntzak (juduera, bereberea, arabiera dialektala...). Hizkuntzak identifikatzeaz gain Bernard Cerquiglinik Euroitunean hartu beharreko konpromisoak zein hizkuntzari aplikatu beharko litzaizkiokeen agertu zuen

Hala eta guztiz ere Frantziako Estatuak ez zuen hitza bete, ez zuen Ituna berretsi, eta, ondorioz, ez zuen konpromisorik hartu.

1999ko ekainaren 15eko 99-412 erabakian ezarri zituen Itun hori ez berresteko arrazoiak.

• Konstituzioaren lehen artikulua: Frantzia banaezina, demokratikoa eta Errepublika soziala da. Herritarren legezko berdintasuna bermatu behar du. Frantziako herria bakarra da eta ez dago subirautza nazionala eskatzerik.

• Printzipio horien arabera, ez dago hizkuntzan, kulturan edo sinesmenean eratutako ezelango talderi eskubideak aitortzerik.

• 1789ko Eskubideen Itunaren 11. artikulua, adierazpen askatasunari buruzkoa, egungo Konstituzioko 2. artikuluarekin ahokatu beharra dago. Adierazpen askatasuna bermatzea omen da, herritarra hizkuntza batean komunikaraztea.

• Administrazio publikoek eta zerbitzu publikoa ematen duten pribatuek frantsesa erabili behar dute.

Konstituzioaren aurka datozen hainbat artikulu agertzen dira Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunean, eta beraz, ez zuela sinatzerik ondorioztatu zuen.

Bestalde, badira Frantziako Estatuaren jarrera diskriminatzailea egiaztatzen duten beste hainbat elementu. Horien artean, aipatzekoa da Europako Kontseiluak Robert Schuman unibertsitatearekin batera antolatutako mintegian agertutako ondorioak. Izan ere, mintegi horretan Frantziak Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berresteko Konstituzioan aldaketak egin behar direla onartu bazuten ere, berezko hizkuntzen garapenari begira hainbat neurri har litezkeela ondorioztatu zuten, besteak beste, hizkuntza gutxituen errekonozimendua, presentzia publikoa, legitimazioa, prestigioa lantzea, hizkuntza gutxituen eskaintza publikoa ugaltzea.

Dena den, aipatu behar dugu bertan proposatzen ziren neurriak, positiboak izan arren, ez direla nahikoak euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta egiturazko aldaketak direla beharrezkoak benetako bereizkeriarik egon ez dadin.


3.2. Nazio Batuen erakundean

Aski ezaguna da Frantziako Estatuak Nazio Batuen Erakundeak indarrean jarritako nazioarteko itunetan izandako jarrera. Larria da oso Estatu batek 457.030 Km2-ko bere lurraldean beste hizkuntza komunitaterik ez dagoela esatea, baina are larriagoa da Nazio Batuen Erakundeak onartzea.

Ikus dezagun, bada, Frantziak gizakion oinarrizko eskubideen zaintzarako abian jarritako itunetan gutxiengoei aitortu eta bermatu beharreko eskubideekin lotutako artikuluei jarritako oharrak:

Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 27. artikuluari dagokionez: In the light of article 2 of the Constitution of the French Republic, the French Government declares that article 27 is not applicable so far as the Republic is concerned . (*4)

Haurren Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 30. artikuluari dagokionez: The Government of the Republic declares that, in the light of article 2 of the Constitution of the French Republic, article 30 is not applicable so far as the Republic is concerned. (*5)


4. JARRERA ALDAKETEN ESKAERA NAZIOARTEKO ERAKUNDEETATIK

Larria da oso Frantziako Estatuak horrelako oharrak edo baldintzak jarri izana, baina are larriagoa Nazio Batuen Erakundeak Estatu bati horrelakoak onartzea. Nazio Batuen Erakundeak badaki Frantziako Estatuan frantsesa ez beste hainbat berezko hizkuntza dagoela, eta beraz, onartezina da horri guztiari entzungor egitea.

Horren harira aipatzekoa da, 2001eko azaroaren 12tik 30era Nazio Batuen Erakundeko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak izen bereko hitzarmenaren betetzeari buruzko gomendioak helarazi zizkiola Frantziako Estatuari. Gomendio horietarik bik jarrera jakobinistari uzteko eskatu zioten Estatuari:

• Batzordeak iradoki egin zuen Estatuak gutxiengoen taldeekiko jarrera berrikusi beharko lukeela, hain zuzen ere, gutxiengoen taldeek izateko eta babestuak izateko duten eskubidea bermatuz. Horrela, Komiteak Estatuari eskatu zion Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean jarritako oharra ken zezala. Halaber, Europako Kontseiluko Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen-markoa eta Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berresteko eskaera egin zion. (*6)

• 26. batzordeak gomendioa egin zion Estatuari erregio edota gutxiengoen kulturak eta hizkuntzak babesteko ahaleginak handitzeko, bai eta hezkuntza hizkuntza horietan edo hizkuntza horien irakaskuntza sustatzeko neurriak hartzeko ere. (*7)

Hala ere, bost urte igaro dira eskabide horiek egin zitzaizkionetik eta aldaketarik ez da izan Gobernuaren politikan.


5. DISKRIMINATZAILE PETOA

Frantziako Estatuak elebakartasuneranzko politika eta ordenamendu juridikoa indarrean jarri arren, horrek ez du esan nahi bereizkeriarik eragiten ez duenik. Eskubide zibil eta politikoen eremuan zoritxarrez ohikoa izaten da zenbait estatuk eskubide horien urraketa legearen bidez eragitea.

Hala ere, eskubideak aitortzen dituzten beste neurgailu batzuk erabiliz Frantziako Estatuak duen jarrera diskriminatzailea egiazta daiteke. Jarraian, Behatokian kudeatutako espedienteen ondorioz Estatuak urratzen dituen nazioarteko standardak jaso nahi izan ditugu:


• Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala: 7. artikulua

• Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna: 2., 14., 26. eta 27. artikuluak

• Haurren Eskubideen Deklarazio Unibertsala: 29. eta 30. artikuluak

• Gutxiengo Nazional, Etniko Erlijioso edo Linguistikoetako partaide diren Pertsonen Eskubideei buruzko Deklarazioa: 1. artikulua

• UNESCO erakundearen Kultur Aniztasunari buruzko Deklarazioa

• Hagako Gomendioak, Gutxiengoek hezkuntzaren eremuan dituzten eskubideei buruzkoak: 4. gomendioa

• Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen-markoa: 4, 10. eta 26 artikuluak

• Giza Eskubideen Oinarrizko Askatasunen Babeserako Hitzarmena: 5, 6 14. artikulua

• Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako ituna: 8, 9, 10. artikuluak

• Arraza-diskriminazio Oro Ezabatzeko 1965ko abenduaren 21eko nazioarteko Konbentzioa (*8): 2, 4 eta 5. artikuluak.

Horietaz guztiaz gain, gaur egun indar juridikorik izan ez arren, Bartzelonan 1996an onartutako Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsala osoki urratzen duela gogoratu behar dugu


6. BOST URTEKO ZENBAIT ADIBIDE

2001ean Hizkuntza Eskubideen Behatokia abian jarri zenetik, iparraldeko eragileekin harreman iraunkorra izan du Euskal Herriko egoeraren diagnosian bertako egoeraren isla ere izateko. Horretarako, urterik urte izan diren urraketa larrien berri jaso du Behatokiak eta horiek azterturik, egoeraren larritasuna islatu nahi izan du. Hona hemen euskararen normalizazioan diharduten erakundeek agertutako kasu larrienak:

6.1. Hezkuntza

Hezkuntzaren eremua zutabea da hizkuntzaren berreskurapenean, eta, noski, normalizazioan. Horren jabe ere bada Frantziako Estatua, eta horren ondoriozkoa da indarrean abian jarri duen politika bortitza.

Gaur egun, Frantziako legeriak hala ezarri zuelako, legez kanpokoa da eremu publikoan murgiltze sistema bidezko irakaskuntza. 2002ko abenduan Frantziako Estatuko Kontseiluak bi erabaki hartu zituen. Horien arabera, eremu publikoko eskoletan murgiltze bidezko irakaskuntza elebiduna eskaintzea atzera bota zuten. Hain zuzen ere, 2001eko irailaren 5eko 2001168 zirkularra baliogabetu egin zuten. Aipaturiko zirkularrak erregioetako hizkuntzak dauden tokietako eskola publikoetan murgiltze bidezko irakaskuntza martxan jartzea ahalbideratzen zuen. Halaber, uztailaren 31ko erabakia ere bertan behera utzi zuen. Aipaturiko erabakiak irakaskuntza elebiduna martxan jartzeari bide ematen zion.

Horretarako, Estatuko Kontseiluak Hezkuntza Kodearen, Code de l’Education, irakurketa zurrunari eutsi zion eta murgiltze bidezko irakaskuntza aipatutako kodeari kontrajarri eta legez kanpokoa dela justifikatu zuen. Horrela, frantsesa ez beste hizkuntzen irakaskuntza baimentzen zuen arren, irakasteko hizkuntza frantsesak izan behar duela azpimarratu zuen. Frantsesa ez den beste hizkuntza bat erabil litekeela agertu zuen, baldin eta horren bidez frantsesa ikastea ahalbideratzen bazen: “Les mâitres sont autorisés à recourrir aux langues régionales dans les écoles primaires et maternelles chaque fois qu’ils peuvent en tirer profit pour leur enseignement, notamment pour l’étude de la langue française (*9)”

Horrela, Estatuko Kontseiluak indarrean dagoen legean oinarrituz, euskara hezkuntza publikoan transmisio bidez irakasteko eskaintzen zituen zirrikituak itxi zituen. Horretan ere, hartutako erabakiak Errepublikan indarrean zegoen legeari eusteagatik hartu zituela erakutsi arren, garbi dago nazioartean indarrean dauden gomendioen eta arauen kontra jo zuela bete-betean.

Hala ere, Frantziako Estatuaren politikak ez dio bakarrik eragin hezkuntza publikoari. 2004 eta 2005 urteetan zuzenean jo du, gaur egun Iparraldean euskararen ezagutza bermatzen duen irakaskuntza mota bakarrarekin.

Datuen arabera, beraz, ikasleen % 5,50 besterik ez dago matrikulatuta euskararen ezagutza bermatzen duen ereduan, eta ikasleen ia bi herenek ez du inolako harremanik euskararekin.

Hizkuntzaren berreskurapenari begira datu beltzak izan arren, Frantziako Estatuak hainbat oztopo jarri izan dizkie. 2004an esaterako, Baionako Etxepare lizeoak ez zuen bere zegokion postu kopurua lortu eta horren ondorioz. bi irakasle postu eman zizkion Seaskari 76 gazte eskolaratzeko; lehen mailako hezkuntzan lanpostu erdia eman zaio Seaskari 47 ikaslerentzat. 2005ean ere antzeko neurriak hartu zituen Administrazioak, Gobernuaren erabakiek Seaskaren garapena ekiditeaz gain, gelak ixteko arriskua eragin zuten. Euskaraz eskolatzen diren ikasleen kopurua nabarmen emendatu den arren, Frantziako Gobernuko Hezkuntza agintariek ez zuten Seaskako lehen mailako irakasle kopurua emendatu, eta bigarren mailari 20 ordu kendu zizkion. (*10)


6.2. La Poste

La Poste erakundeak euskaldunei eragiten dien bereizkeria Nazio Batuen Erakundera eraman zuen Behatokiak 2002 urtean, eta oraindik tramitatzen ari dira orduan agertutakoa. Hala ere, ondorengo urteetan ere La Poste erakundeak euskaldunon hizkuntza-eskubideen aurkako jarrera irmoari eutsi dio.

Ipar Euskal Herriko enpresa batek bidalketa bat egin behar zuela eta, euskarazko toponimoak erabili zituen. La Poste erakundetik deia jaso zuten toponimoek frantsesez egon behar dutela esateko. Are gehiago, euskara hutsean idatziz gero, eskutitzak ez zituztela igorriko mehatxu egin zuten erakunde publiko horretatik.

Horretarako bi argudio nagusi erabili zituen:

• Arrazoi teknikoak: makinak frantsesez idatzitako toponimoak besterik ez dituzte identifikatzen.

• Arrazoi politikoak: Frantziako 1958ko konstituzioaren arabera frantsesa da zerbitzu publikorako hizkuntza.

Lehena La Poste enpresako sindikatu nagusiek ezetsi zuten 1999ko otsailaren 8an, izan ere, arazo tekniko hori gainditzea aski erraza da, baina inolako ahaleginik ez da egin diskriminazio hori gainditzeko. Bigarren arrazoiaren inguruko epairik ez da egon orain arte.

Gauzak horrela, aferak Nazio Batuen Erakundeetako Arraza-Diskriminazioaren Aurkako Taldean jarraitzen du, Convention internationale du 21 décembre 1965 sur l'élimination de toutes les formes de discrimination raciale delakoaren lehen artikulua zuzenean urratzen zuelako La Poste erakundearen jarrerak.

Horren aurrean, Frantziako Errepublikako Gobernuak emandako erantzunak ez dio erantzun sakoneko arazoari, une oro prozeduran forma-akatsak daudela agertu izan du, eta, beraz, Nazio Batuen Erakundeko batzorde horri ezer jakinaraztea legezkoa ez dela agertu du.

Hala eta guztiz ere, La Poste erakundeak euskarazko toponimoak erabili nahi dituzten enpresak mehatxatzen jarraitzen du eta 2004 zein 2005 urteetan hainbat erakunderekin harremanetan jarri da euskarazko toponimoak erabiliz gero eskutitzak ez dituztela igorriko jakinarazteko.


6.3. Ministère de la Justice

Frantziako Justizia Administrazioan Iparraldeko euskaldunek ez dute euskara erabiltzerik prozedura juridiko zein penaletan. Halaber, euskaraz deklaratu nahi dutenei ez die ez eta interpreterik ere onartzen.

Aipagarria da Iparraldeko biztanleei euskaraz deklaratzeko eskubidea ukatzen zaien bitartean, Hegoaldeko biztanleei, zenbait prozeduratan, hizkuntza hori erabiltzea ahalbideratzen zaiela eta Frantziako Administrazioa bera dela interpretea eramaten duena. Oraingoan, berriz ere, Frantziako Estatuak bere lur eremuan dituen gutxiengoekiko jarrera agerian geratu da.

Euskara erabiltzeak eragindako ondorioei dagokienez hainbat adibide ditugu aztertzeko. Batetik, 2002ko azaroaren 7an Baionako auzitegi batean euskaraz deklaratzeko eskubidea aldarrikatzeagatik ondorio latzak pairatu zituzten bertaratu ziren herritarrak: poliziaren tratu txarrak, kolpeak edota gas negarreragileak. Gertaera hori ez zen isolatua izan, bi urte beranduago, 2004ko urtarrilean irudi lazgarri horiek errepikatu zirelako Baionako epaitegian, eta beste behin hizkuntza-eskubideak aldarrikatzen zituzten herritarrak aretotik bota zituzten negar-gasak eta bortizkeria baliaturik.

Alboko kalte ondorio horiek akusatuek ere pairatu izan dituzte, horren adibidea da epaile batek hamasei aldiz biderkatu izana auzi bateko parte zibilak eskatutako kalte ordainaren diru kopurua, akusatuek euskaraz deklaratzeko eskubidea aldarrikatzeagatik.

Frantziako jurisprudentzian euskararen (hizkuntza gutxiagotua) aipamenik ez dagoenez, herritarrei zuzenean urratzen zaie hizkuntza hori erabiltzeko eskubidea. Are gehiago, hizkuntza-eskubidea eskubide subjektibo publikoa den heinean, Justizia Administrazioak eskubide horien bi formak urratzen ditu, alegia, forma aktiboa (herritarrak berezko hizkuntza erabiltzeko eskubidea), bai eta forma pasiboa ere (herritarrak jakinarazpenak hautatutako hizkuntzan jasotzeko eskubidea).

Gauzak horrela, esan behar dugu erabat larria dela Frantziako Justizia Ministerioak euskal hiztunekiko duen jarrera arras baztertzailea, oinarrizko eskubide guztiak urratzen dituelako eta auzi batean nork bere burua defendatzeko duen eskubidea ere ukatu egiten duelako.

Eremu honetara ekarri nahiko genituzke hainbat adibide. Esaterako, 2004ko apirilaren 15eko epaiketan prokuradoreak kapritxotzat jo izana euskaraz mintzatzeko eskubidea baliatzea eta bestetik, prokuradore berak frantsesaren erabilera justifikatzeko François Lehena erregeak 1539an frantsesaren erabilera agindu zuela adierazi izana (*11). Edota, Parisen auziperatuek euskaraz deklaratzeko nahia agertu arren, administrazioak aukerarik eman ez izana, are gehiago, ingelesez egiteko aukera eskaini zitzaien.

Azkenik, biziki kezkagarria da 2005 urtean jasotako gertakaria, izan ere, Parisko Court D’Appel-eko epailearen galderei euskaraz erantzun izana terrorismo helburuekin bat etortzearekin lotu zuen epaileak eta preso baten espetxealdia luzatzeko baliatu zuen.

Horrelako beste hainbat gertaera izan dira berriki. Esaterako, 2005eko maiatzean Parisen eginiko epaiketa batean. 14 euskal preso zeuden deklaratzera deituak. Euskaraz mintzatzea ETAren aldarrikapena zela argudiatu zuen prokuradoreak eta euskaraz hitz egin nahi izatea ETAren helburuekin bat etortzea zela ondorioztatu zuen. Urte bereko azaroaren 16an ere argudio horiek errepikatu zituzten Pariseko epaitegi batean hiru euskal presoren aurkako epaiketan.


6.4. SCNF: Société Nationale des Chemins de Fer

2000. urtetik aurrera Ipar Euskal Herriko zenbait erakundek SNCFen ere Hizkuntza Antolaketa Eskema bere osotasunean gauza dadin hasi ziren aldarrikatzen. Sindikatuekin bilerak eginda, jakin zuten, estatu mailako bidaientzako oharrak ele bietan egotea zaila izanen zela, baina eskualde mailako trenen inguruko informazioa ele bietan egotea, berriz, lorgarria. Gainera, 2002 urtetik aurrera eskualdeko trenen kudeaketa Eskualde Kontseiluaren esku, hots, Akitaniako Kontseiluaren esku, izanen zela jakin zuten.

2003ko martxoaren 16an 630 herritarrek, 20 bat elkarte, sindikatu, eta erakunde politikorekin batera, gutun bat igorri zuten Baionako suprefektura euskararen erabilera bermatzeko gutxieneko neurriak har zitzatela eskatzeko.

Beste hainbat ekimen aurrera eraman zituzten, baina SNCFeko zerbitzuetan zein geltokietan ez zen inolako aldaketarik gertatu.

Gauzak horrela, aipatzekoa da P.B. Tritschler jaunak, SNCFeko Baionako zuzendariak, eskaera horien inguruan prentsari egindako zenbait baieztapen:

• Linea handietan elebitasuna ezinezkoa da, nazioarteko akordioek hizkuntza nagusiak erabiltzera behartzen dutelako.

• Ahozko mezuak informazioa emateko dira, euskara sartzea gauzak nahastea litzateke.

• Eskualdeko informazioetan aitzinamenduak egin daitezke, baina zaila da toki faltagatik.

Euskalgintzako hainbat eragilek SNCF erakundeko arduradunekin bilerak eta eskabideak egin bazituzten ere, aipaturiko erakundeak ez zion erreparatu horietako bati ere. 2003ko ekainaren 5ean, Eskualdeko Kontseiluko lehendakariorde eta eskualdeko garraioen arduradunak iragarri zuen irailerako zer egiteko prest egongo liratekeen esango zutela. Horretaz gain, SNCF erakundearen arduradunei jarrera berrazterrarazteko konpromisoa agertu zuen. Halaber, Donibane Garazi eta Baiona arteko geltokietan toponimoak euskaratuko zituztela ziurtatu zuen.

2003ko irailaren 30ean Louis Gallois jaunak, SNCF erakundeko lehendakariak, Ipar Euskal Herriko geltoki handietan euskara erabiltzeko asmorik ez zuela jakinarazi zuen. Aipaturiko geltokiak nazioarteko bezero askok erabiltzen dituzte; hortaz, seinaleetan beste hizkuntzaren bat jartzekotan espainola edo gaztelania izan beharko litzatekeela adierazi zuen.

Azkenik, aipatzekoa ere bada, euskal hiztun komunitateak dagozkion hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeagatik kalte ekonomikoak izan dituela. SNCF kasuari dagokionez, 2003ko maiatzaren 15eko epaiaren arabera herritarrek 200 euro eta 400 euro arteko isunak ordaindu behar izan zituzten, edota urriaren 2ko epaian jarritako 848 euroko isuna.

Berriki SNCF erakundeko lehendakariak, Euskal Herriko geltoki handietan euskara erabiltzeko asmorik ez duela jakinarazi du, atzerriko erabiltzaile asko daudela eta beste hizkuntza bat erabiltzekotan ingelesa edo gaztelania izango zela adierazi zuen.


7. ORDUAN, ZER?

Arestian azaldutako egoerak eta gertaerek ondorio batera garamatzate: Iparraldeko herritarrek eskubidez gabeturik ikusten dute beren burua. Norberaren hizkuntza-komunitatearen existentzia bera ukatzen duen Estatuaren mende bizitzeak ondorio hori eragiten du zalantzarik gabe.

Autopertzepzio hori ez da arraroa, izan ere, munduko beste hainbat herrialdetan Estatuek beren lurraldeetako kolektiboei existentzia bera ukatzen dienean, eta Estatu horietako ordenamendu juridikoak eskubideak legez urratzen dituenean, herritarrek eskubideekiko duten pertzepzioa erabat aldatzen da.

XXI. mendean mendebaldeko Estatu bateko herritarrek pertzepzio hori izateak, luzez bizitutako gutxiagotasun eta mendekotasunak, egoera naturalizatzea ekarri du eta, beraz, askotan oinarrizko eskubideen urraketaren afera ez da eztabaidagai bihurtzen. Aitzitik, herritar edo kolektibo horiei leporatzen zaie beste herritarrekiko diskriminatzaileak izatea eta tratu pribilegiatua eskatzea. Horrek ere, zalantzarik gabe, eragina du kolektibo horietako norbanakoen autopertzepzioan.

Datu demolinguistikoek ez diote etorkizun ona opa hizkuntzaren normalizazioari, ez eta Estatuaren jarrerak eskubideen bermeari ere, baina badira elementu positiboak.

Hizkuntza-eskubideen kontzientzia arian-arian gora doa Iparraldean. Horren adibide dugu azken urteotan abiarazitako hainbat dinamika, hain zuzen ere, eskubide kolektiboen aldarrikapenean oinarritutakoak.

Bestalde, badira euskaldunon hizkuntza-eskubideak herri mailan bermatzeko ekimenak eta bereziki aipagarria da hainbat Herriko Etxek, Euskal Konfederazioarekin batera, eskubideok bermatzeko engaiamenduen bidez abian jarri dituzten dinamikak. Horrekin batera, ezin ahantz dezakegu Bai Euskarari Akordioa Herrietan eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren hedapenak bai eskubideen bermeari bai eta normalizazioari berari ere egiten dion laguntza.

Aurki Behatokiak ere Iparraldean bertan lan egiteko erronkari eutsiko dio. Gaur egun abian jarrita dauden dinamika horien osagarri. Artikuluan zehar agertutako egoera kontuan harturik hainbat lan-ildo zabaltzeko asmoa du Behatokiak:

• Hizkuntza-eskubideak kontzeptuaren gizarteratzea.

• Egoerari buruzko diagnosi berezituak prestatzea eta horien berri erakundeei helaraztea.

• Euskararen Telefonoa zerbitzua abian jartzea

• Frantziako Estatuaren jarrera nazioartean salatzea

• Beste hizkuntza-komunitate gutxiagotuetako erakundeekin harremanak lantzea.

Horietarik garrantzitsuena hizkuntza-eskubidea kontzeptuaren gizarteratzea dela uste du Behatokiak, izan ere, hegoaldean euskalgintzaren lanari esker lortu da hizkuntzaren auzia parametro horietara ekartzea, hain zuzen ere, eskubideen eremuan kokatzea. Iparraldean ere ezinbestekoa da herritarrak, gizartea, erakundeak, instituzioak... parametro horren inguruan solastea.

2005 urteko txostenaren ondorioetan Hizkuntza-eskubideak urratzea merkea dela adierazi zuen Behatokiak 800 espedientetik gora bideratu ostean. Iparraldean ezinbestekoa da mezu hori ere hedatzea eta Estatuak orain arte abian jarritako hizkuntza-politika elebakarrak ondorio horrekin bat egiten duela zabaltzea. Hizkuntza-eskubideak geure egin behar ditugu Euskal Herri osoan eta horrela horien bermea exijitu behar dugu.

-------------------------------------------------------------

OHARRAK

(*1)Frantziako Hezkuntza ministro ohi Jack Langek esana 2001eko apirilaren 25ean. “Duela bi mende baino gehiagotik, botere publikoek erregioetako hizkuntzei egin diote aurre. Errepublikak lan aipagarria egin zuen: herriak frantsesaren kontrola izatea, obskurantismo eta ezjakintasunean atzera egitea. Horretarako nahitaezkoa izan zen geure eskualdeetako hizkuntza- eta kultur errealitateak ukatzea, horietako zenbait desagerrarazi izan behar baziren ere.”

(*2) “Nul acte public ne pourra, dans quelque partie que ce soit du territoire de la République, être écrit qu'en langue française”. Errepublikako lurraldeko edozein argibide publiko frantsesez besterik idatzita egon ahal izango da.

(*3) Frantsesa askatasun-, kultura- eta sorkuntza-hizkuntzetan nagusiena da, Frantziaren eta hizkuntza hori bere duten herrialde guztien dizdira adierazten duelako. Espirituaren polifoniei erantzuten dien munduko kultur aniztasunaren zutoina da.

(*4) Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren harira, Frantziako Gobernuak dio 27. artikulua ezin aplika daitekeela Errepublikari dagokionez.

(*5) Ídem iv.

(*6) The Committee suggests that the State Party review its position with regard to minorities by ensuring that minority groups have the right to exist and to be protected as such in the State party. The Committee recommends that the State party withdraw its reservation with regard to Article 27 of the International Covenant on Civil and Political Rights, and that it ratify the Council of Europe’s Framework, as well as the European Charter for Regional or Minority Languages.

(*7) The Committee also recommends that the State part increase its efforts to preserve regional or minority languages, and that it undertake measures to improve education on, and education in, these languages.

(*8) Oso interesgarria da Frantziako Estatuko EBLUL erakundeak Itun horren inguruan prestatutako eta 2005eko martxoaren 11n Nazio Batuen Erakundean aurkeztutako txostena: Rapport sur la discrimination linguistique et culturelle à l’égard des personnes appartenant à des groupes ou minorités en France.

(*9) Irakasleei baimena ematen zaie lehen mailako eta haur hezkuntzan erregio hizkuntza erabiltzeko, baldin eta frantsesaren ikaskuntzarako baliatzen badute.

(*10) Oso interesgarria da Iparraldeko hezkuntzaren inguruan Iñigo Urrutia Libaronak Derechos lingüísticos y euskera en el sistema educativo liburuan egiten duen azterketa.

(*11) Gogora dezagun François Lehenak 1539an justiziako testuetan frantsesa latinaren ordez erabiltzeko agindu zuela.

 

BAT aldizkaria: 
59. 2006ko ekaina. Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian
Egilea(k): 
Paul Bilbao
Urtea: 
2006