EUSKARAREN ERAKUNDE PUBLIKOA

Euskalgintzaren alorrean ekintza publikoa egituratzeko bide horretan, urrats berri bat egin zen hizkuntza politikarako Obragintza Publikoa sortu zelarik, 2001. urtearen hastapenean elkarretaratu zirelarik Estatua, Akitania eskualdea, Departamendua, Hautetsien Kontseilua eta Euskal kultura sostengatzen duen herrien arteko sindikatua. Erakunde horiek elkarretaratzea erabaki zuten, eta hizkuntza politikarako lehen egitura kudeatzea.

Ahalegin hau, euskalgintzaz eta euskal kulturaz arduratzen direnen ekimenetan oinarrituko da. Euskal Herriko gizarte zibilaren partaide askori adierazi behar zaio interes handia lukeela obra honetan parte hartuko balu. Botere publikoen gain da norabideak hartzea eta jarraipena segurtatzea. Helburu honetan dago Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) sorkuntza.

Lurraldeei dagokienez, 2001eko inkestaren arabera:

Baiona – Angelu – Miarritze: elebidunak : % 8.8 / eleb. hartzaileak: % 8.3 / erdaldunak: % 82.9

Lapurdi barnealdea: eleb.: % 28.5 / eleb. hartz.: % 14.5 / erdal.: % 57.1

Baxe Nafarroa eta Xiberoa: eleb.: % 60.9 / eleb. hartz.: % 15.1 / erdal.: % 24

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) Ipar Euskal Herriko botere publikoen maila ezberdin guztiak biltzen ditu; hala nola: Frantses Estatua, Akitania eskualdea, Pirineo Atlantikoetako Departamendua, Euskal Kultura sostengatzen duen herrien arteko sindikatua (honek biltzen dituelarik Ipar Euskal Herriko udalerri guztiak) eta Hautetsien Kontseilua.

2004ko azaroaren 26an, Frantziako Hezkuntza Nazionalak eta Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak hitzarmen bat izenpetzen zuten. Hitzarmen honen helburua Pirinio Atlantikoetako Departamanduaren eta Estatuaren (Hezkuntza Nazionala, goi-mailako irakaskuntza eta ikerketa Ministeritza) arteko elkarlan iraunkor batendako egitura amankomun baten zutik ezartzeko eta ibilarazteko baldintzak finkatzea da, departamendu mailan euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren eskaintzaren garatzeko eta egituratzeko.

Euskararen presentzia bizi sozialean

Gai hori gai berria da Ipar Euskal Herriko botere publikoentzat. Euskalgintzako eragile batzuek landu dute eta hainbat ekintza bideratu, baina botere publikoek iniziatiba gutxi hartu dute (egin izan dena, batez ere: bide seinaleen mailan).

19 hitzarmenen izenpetzea, urtean zehar beren aktibitateak hizkuntza eremuan garatzen dituzten elkarteekin (eskola inguruko aktibitateak, helduen euskalduntzea, euskaraz ari diren irratiak, argitalpena, prentsa, ikasle aita-amen elkarteak, ikas-materiala, ikerketak). Hitzarmen horiek egitura horien funtzionamenduarentzat EEPk eman diru laguntzaren heina eta bi izenpetzaileen arteko partaidetza teknikoaren baldintzak finkatzen dituzte.

Irakaskuntzaren eskaintzaren azterketa egitearen ondorioa euskararen irakaskuntzaren epe luzeko programazioaren lehen atalaren sortzea izan da (2005eko urriaren 20ko Administrazio Kontseiluak aho batez onartua).

Programazio horrek ikasle kopuruak finkatzen ditu hiru sareen bigarren mailako irakaskuntzan, euskarazko irakaskuntza eskaintza sortu ala garatu beharko diren ikastetxeak zehazten ditu, eta irakasle berrien formatzeko beharrak definitzen ditu heldu diren bospasei urteentzat.

• Entrepresa-aditu batek eramango duen hedabideei buruzko azterketa bat: entzuleak, Euskal Herriko biztanleek segitzen dituzten irrati edo telebista saio motak, zenbat denbora egunean,… adin eta lurraldeen arabera. Euskarazko hedabideei buruzko galdeketa gehigarri batek osatuko du inkesta.

• Aldi berean, EEPk ETBko emankizunen hobekiago eta eremu zabalago batean hartzeko baldintzak juridikoki eta teknikoki aztertzeko erabakia hartu du

Hizkuntza Politika bat finkatuko duen mugaz bi aldeetako instituzio publikoen arteko partaidetza baten eraikitzeko parada ikus daiteke. Mugaz bi aldeetako legezko eta instituzionalezko araudi ezberdinak kontuan hartu beharko dira, baina orain arte garatutako konfiantzazko harremanak kontuan hartuz, araudi horiek ez dute oztoporik jarriko, partekatzen dugun hizkuntza baten aldeko elkarlan baikor bat eramateko.

Itzulpengintza arloko formakuntza edota diploma baten sortzearen ahalbideak UPPA Paubeko eta Bordale IIIko unibertsitateekin aztertu.

Arlo pribatuko langileentzat edo zerbitzu publikoetako langileentzat egokituak diren hizkuntza formakuntzen diruztatzeko eta antolatzeko ahalbideak CNFPT, AEK edo beste eragile batzuekin aztertu.

Koherentzia irizpide hau aparte, Erakundeak tokian toki animazio lan bat sustatzeko proiektuen garatzeak osoki sostengatzen ditu. Dudarik gabe, holako euskara teknikarien arteko sare bat aterabide egokiena litzateke hizkuntzaren presentzia bizi sozialean sustatzeko arloan sortuko diren beharrei erantzuteko, bai eta ere itzulpen arloan sortuko direnei.

Irizpide horietan oinarrituz, Euskararen Erakunde Publikoak lehenik herriko elkargoei proposatuko die eskaintza hori; kasuen arabera, bi edo hiru elkargoen artean bil daitezke euskara teknikari lanpostu baten sortzeko.

2006ko lehen hiruhilabetekoan, EEPko arduradunak Ipar Euskal Herriko herri elkargoko agintariekin bildu dira. Pentsa daiteke lehen euskara teknikari postuak laster sortuko direla.

• Lehenbiziko erronkak, 1/ Hizkuntzaren transmisioa, adin guztietako hiztunen kopurua emendatu nahi du, eta ondorioz aitzineko urteetan inkesta soziolinguistikoek agerian eman bilakaera aldatu.
• Bigarren erronkak, 2/ Hizkuntzaren presentzia eta erabilpena, euskararen presentzia garatu nahi du bizi sozial zein pribatuaren alor guztietan

Bere lehen urtean, Euskararen Erakunde Publikoak hiru sail horiek ireki ditu, norabideak finkatzen hasi da, eta lehen ekintzak eta esperientziak gauzatzen ere bai. Orain doakio ekintza horiek jarraitzea eta garatzea epe luzera.

1. SAR HITZA

1990eko hamarkadan, Euskal Herriko eragile anitz, erakundeak, hautetsiak eta gizarte zibileko ordezkariak, elkarretaratu ziren, urraspide berean lurraldearen geroa asmatzeko, eta ados jarri ziren hizkuntza eta kultura ondareak definitzeko tokiko garapenaren indar nagusi bezala.

Gogoeta honen jarraipenean, Euskal Herriko antolaketa eta garapen eskema idazki estrategiko eta eraginkor bat da, eta "Hizkuntza antolaketa" deritzon kapitulu batean norabide eta ekintza batzuk gorpuztuak dira euskara aitzinarazteko eta bizkortzeko. Ekintza publikoaren beste alorrak bezala, lehen aldikotz euskalgintza lurralde egitasmoaren barnean ofizialki sartu zen.

Estatuak eta tokiko aginteek Euskal Herriko Hitzarmen Berezia izenpetu zuten, kontratuzko urraspide bat aukeratuz antolaketa eskemako ekintzak obratzeko. Abiatua zen jardunbidearen jarraipenean, "Hizkuntza politika" izenburuarekin onartu zuten lehen egitasmo hitzartua, euskalgintzan diharduten eragile publikoak eta pribatuak laguntzeko eta sostengatzeko.

Euskalgintzaren alorrean ekintza publikoa egituratzeko bide horretan, urrats berri bat egin zen hizkuntza politikarako Obragintza Publikoa sortu zelarik, 2001. urtearen hastapenean elkarretaratu zirelarik Estatua, Akitania eskualdea, Departamendua, Hautetsien Kontseilua eta Euskal kultura sostengatzen duen herrien arteko sindikatua. Erakunde horiek elkarretaratzea erabaki zuten, eta hizkuntza politikarako lehen egitura kudeatzea.

Epe horretan zehar, hizkuntzagintzan ari diren egitura askok, maizenik elkarteek, aldaketa horiek biziki lagundu eta akuilatu zituzten. Alor anitzetan beren ekintzak eraman dituzte: eskola inguruko ekintzak, jende helduen euskal ikaskuntza, hizkuntzari buruzko ikerlanak, hedabideak, liburugintza, gizarteko euskararen erabilera, ikas-tresnen ekoizpena…

Aspaldiko hitzarmenei esker, egitura anitz bada oraindik, botere publikoek hobeki laguntzeko xedea baitute.

Hamarkada berean, ama-eskoletan eta lehen mailan, nola eskola publikoetan hala ikaskuntza katolikoan eta ikastoletan, euskarazko ikaskuntzaz baliatu diren ikasleak bikoiztu dira eta gaur egun ikasle guztien bostetik bat osatzen dute.

Halere, ahalegin horiek eta handituz doan mugimenduak ez dute oraindik funtsez geldiarazi euskararen gainbehera: hiztunen kopurua laster ttipitzen ari da, familia barneko hizkuntza jarraipena ez dabil eta erabilera atzera doa Euskal Herriko eskualde guztietan.

Zorionez, euskararen atzerakada itxuraz ez da ezinbestekoa. Alabaina, ezaugarri batzuk badira itxaropena ematen digutenak, datorren hamabost urteetan eramanen diren ahaleginek euskararen ahulezia sendatuko dutela.

Oraindik hemen ditugu adierazle batzuk:

  • azken soziolinguistika inkestan ezaugarri zenbaitek onera egin dute;
  • euskalgintzan diharduten eragileek beren trebetasuna eta kartsutasuna erakusten dute;
  • hiztunen kopurua ez da gutiestekoa;
  • gero eta familia gehiagok beren haurrentzat eskolako euskararen ikaskuntza hautatzen dute edo hauta lezakete;
  • hautetsien eta herritarren andana handi batek, euskara biziberritzeko xedea adierazten dute;
  • berrikitan hizkuntza politika eraikitzen ari da.

Ahalegin hau, euskalgintzaz eta euskal kulturaz arduratzen direnen ekimenetan oinarrituko da. Euskal Herriko gizarte zibilaren partaide askori adierazi behar zaio interes handia lukeela obra honetan parte hartuko balu. Botere publikoen gain da norabideak hartzea eta jarraipena segurtatzea. Helburu honetan dago Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) sorkuntza.

Erronka honi aurre egiteko bildu dira, sindikatu batean dauden Euskal Herriko udalerriak, Hautetsien Kontseiluak ordezkatzen dituen Euskal Herriko hautetsiak, Akitania eskualdeko Kontseilua, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusia eta Estatua, ministeritzarteko urraspide bat eramaten duelarik Barne Ministeritzarekin, Kulturarenarekin eta Hezkuntza Nazionalarekin. Elkarrekin erabaki dute zuzenbide publikozko egitura bat antolatzea eta definitzea, eta euskararen aldeko hizkuntza politika bat obratzea.

Euskararen Erakunde Publikoak segurtatuko du hizkuntza politikaren obragintza, eta, alor bakoitzean, oinarritzat hartuko araberako egitura publikoak eta pribatuak, gai baitira erabaki ziren ekintzak obratzeko.

2. EUSKARAREN ERAKUNDE PUBLIKOAREN ANTOLAKETA

2.1. Testuingurua

Lehenik eta behin, Euskararen Erakunde Publikoaren ekintza zein testuingurutan kokatzen den aipatzeak garrantzi handia dauka.

• Egoera administratiboa:

 

03TittoBetbeder59

 

Ipar Euskal Herria Pirineo Atlantikoetako (Pyrénées Atlantiques erdaraz) departamenduaren zati bat da; departamendua kokatzen delarik Akitania eskualdean (région Aquitaine).

  • • Biztanleriari dagokionez, 2001. urtean, 262.311 jende bizi ziren Ipar Euskal Herrian; horietarik:
  • 112.403 biztanle Baiona – Angelu – Miarritze herrietan (biztanleriaren % 43),
  • 46.002 biztanle Lapurdiko hego kostaldean (% 18),
  • 66.276 biztanle Lapurdi barnealdean (% 25),
  • 24.159 biztanle Nafarroa Beherean (% 9),
  • eta 13.471 biztanle Xiberoan (% 5)
• Egoera soziolinguistikoa:
04TittoBetbeder59


Iturria : Euskal Herriko soziolinguistikazko inkestak

Emaitza orokor horiek erakusten digute elebidunen kopurua ttipitu dela Ipar Euskal Herrian 10 urtez; beherakada horrek arrasta ematen duelarik.

Lurraldeei dagokienez, 2001eko inkestaren arabera:

  • Baiona – Angelu – Miarritze: elebidunak : % 8.8 / eleb. hartzaileak: % 8.3 / erdaldunak: % 82.9
  • Lapurdi barnealdea: eleb.: % 28.5 / eleb. hartz.: % 14.5 / erdal.: % 57.1
  • Baxe Nafarroa eta Xiberoa: eleb.: % 60.9 / eleb. hartz.: % 15.1 / erdal.: % 24

 

• Euskarazko eta euskararen irakaskuntzaren egoera:

05TittoBetbeder59

2004 – 2005 Ikasturteko datuak

Hiztegia:
"lehen irakaskuntza" eredua: ordu bat / hiru ordu euskaraz astean, sare giristino eta publikoan proposatua (A edo X ereduen antzekoa).
"parekotasuneko elebidun" eredua: denbora erdiz euskaraz; sare giristino eta publikoan proposatua (B eredua)
"murgiltze" eredua: D eredua; Seaska federazioko eskoletan

Irakaskuntzaren eskaintzaren bilakaerari dagokionez,

 

 

06TittoBetbeder59

 

1993 urtean, 2.907 ikasle «parekotasuneko elebidun» eta «murgiltze» ereduetan eskolatuak ziren.
2004 urtean, eredu horietan 6.149 ikasle eskolatuak ziren


2.2. Erakundearen osaketa

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) Ipar Euskal Herriko botere publikoen maila ezberdin guztiak biltzen ditu; hala nola: Frantses Estatua, Akitania eskualdea, Pirineo Atlantikoetako Departamendua, Euskal Kultura sostengatzen duen herrien arteko sindikatua (honek biltzen dituelarik Ipar Euskal Herriko udalerri guztiak) eta Hautetsien Kontseilua.

07TittoBetbeder59
Erakunde bakoitzeko ordezkariek osatzen dute EEPren Administrazio Kontseilua. Erakundeek dute EEP diruztatzen; EEPren aurrekontua 1.733.000 €-koa da eta horrela banatzen da:

  • Estatuak (Hezkuntza, Kultura, Lurralde politika) % 30
  • Akitaniako eskualdeak % 30
  • Pirinio Atlantikoetako departamenduak % 30
  • Herrienarteko Euskal Sindikatak % 9
  • Hautetsien Kontseiluak % 1


Administrazio Kontseiluak ditu helburuak finkatzen, norabideak definitzen eta erabakiak hartzen. Horren gauzatzeko EEPk talde tekniko bat antolatu du: lau langile eta zuzendari batek osatzen dutena.

Bestalde, Administrazio Kontseiluko kideen xedea izan da aholku egitura bat eraikitzea eta animatzea, euskalgintzan diharduten eragileekin eta adituekin. Aholku Batzorde horren helburua da eraman gogoetak aberastea, euskalgintzako eragileek daukaten esperientzia eta gaitasunetan oinarrituz. Horrela, Aholku Batzordeak funtzio bikoitza du:

  • kontzertazio eta gomendio funtzioa
  • aditu funtzioa


2.3. Euskararen Erakunde Publikoaren lan arloak

a. Dirulaguntzen banaketaren kudeaketa

Sail honetan, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) lehen arduratzat dauka Obragintza Publikoak, 2001ean Hitzarmen Bereziko Hizkuntza Politika atala kari, bultzatu dituen engaiamenduen segida segurtatzea. Hitzarmen Berezia 2001 – 2006 epealdirako izenpetua izan da eta ondorioz, EEPk 2006 urteraino hartu engaiamenduak gauzatu behar ditu. Hitzarmen Bereziak lau arlo nagusi jorratzen zituen:

  • Euskararen erabilera aisialdian eta eskolaz kanpoko ekintzetan,
  • euskarari dagozkion lan ikerketak,
  • euskal hizkuntzaren komunikazio eta hedapen tresnak,
  • helduen euskalduntze-alfabetatzea.

Bere araudien arabera, EEPk hizkuntza politikako arlo guztiak dauzka bere gain. Beraz, Hitzarmen Berezian ez ziren arloak ere lagundu behar ditu. Ondorioz, dirulaguntzek arlo zabalagoak hunki ditzakete. Bigarren aldaketa, Hitzarmen Bereziaren antolaketari dagokionez, modus operandi desberdina dela: Hitzarmen Bereziarekin, eragileek instituzio ezberdinei helarazi behar zizkieten diru eskaerak; orain, Euskararen Erakunde Publikoa da solaskide bakarra. Horrek errazten ditu diru-eskaeren tramitazioak eta azterketak, eta euskalgintzako eragileekiko harremanak sustatzen.


b. Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren garatze eta egituratzea

2004ko azaroaren 26an, Frantziako Hezkuntza Nazionalak eta Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak hitzarmen bat izenpetzen zuten. Hitzarmen honen helburua Pirinio Atlantikoetako Departamanduaren eta Estatuaren (Hezkuntza Nazionala, goi-mailako irakaskuntza eta ikerketa Ministeritza) arteko elkarlan iraunkor batendako egitura amankomun baten zutik ezartzeko eta ibilarazteko baldintzak finkatzea da, departamendu mailan euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren eskaintzaren garatzeko eta egituratzeko.

Hitzarmen horren gauzatzeko ardura Euskararen Erakunde Publikoari doakio, eginbehar zehatz batzuekin:

  • Dagoen irakaskuntza eskaintzari buruzko informazioaren hedapena lagundu;
  • Euskarari eta irakaskuntza elebidunari buruzko sentsibilizazio eta sustatze kanpainak antolatu;
  • Euskararen eta euskarazko irakaskuntza eskaeraren aztertzeko inkestak eta iritzi-ikerketak antolatu;
  • Ikaslearen ikasturte ezberdinetan zehar koherentzia, osotasuna eta jarraipena segurtatuko duen irakaskuntza eskaintzari buruzko epe luzeko programazio bat sortu eta proposatu;
  • Oinarri horietatik abiatuz, epe luzeko programazioa gorpuzten duen irakaskuntzen karta bat proposatu: irakaskuntza gune kopurua finkatu eta gune horien kokatzearen hautatu;
  • Epe luzeko programazioan finkatu gune irekitzeak prestatu, lan hitzartu bat eramanez beharrezko altzari edo lur-eraikin inbertsioetan inplikatuak diren tokiko erakundeekin, sentsibilizazio lan bat eginez familietan eta izen-emaite jardunbide egokiak zutik ezarriz;
  • Hitzartze esparru bat sortu euskararen alorrean ari diren elkarteekin, bereziki irakaskuntza elebiduneko hiru sareetako guraso elkarteekin.

Hitzarmen horrek balio du hiru irakaskuntza sareentzat (publikoa, giristino pribatua, Seaska) eta azpimarratu behar da Frantses Estatu mailan ez dela beste esperientziarik non irakaskuntzaren konpetentzia Estatuaren eta lurralde kolektibitate baten artean partekatua den. Eginmoldeak, jardunbideak, norabideak, dena asmatzekoa da.

Bestalde, irakaskuntza arlo honetan, sartzen dira ere ikas-materialaren sortze eta ekoizpenari buruzko gaia (Hitzarmen Berezian barne zena), eta hiru sareetako guraso elkarteen laguntzak.

c. Euskararen presentzia bizi sozialean

Gai hori gai berria da Ipar Euskal Herriko botere publikoentzat. Euskalgintzako eragile batzuek landu dute eta hainbat ekintza bideratu, baina botere publikoek iniziatiba gutxi hartu dute (egin izan dena, batez ere: bide seinaleen mailan).

Araudiek finkatzen zuten EEPk abian ezarriko dituela gogoetaldi urraspideak eta animazioak eragile publikoei eta pribatuei buruz, euskararen erabilera aitzinarazteko:

  • jarduera alor berezi bati buruzko ekintzak, bertan lanean ari diren profesionalekin batera;
  • eremu publikoko edo pribatuko langileen formakuntza egitarauaz arduratzen diren egiturei buruzko laguntza;
  • ekimen eta gogoetaldi kanpainak;
  • hedabide publikoei eta pribatuei buruzko sustapenak;
  • aitzin-ikerketak lan-tresnak eta zerbitzuak sortzeko: itzulpenak, formakuntzak …


d. Beste:

Hiru alor nagusi horien gain, EEPk beste eginbehar batzuk bete behar ditu:

  • Behatoki eta jarraipen funtzioak (adierazle kuantitatiboak euskalgintzari buruzko ekintzak neurtzeko, hizkuntzaren erabilera …).
  • Harremanak herri hizkuntzetaz arduratzen diren Frantzia behereko edo Europako eragile publikoekin edo pribatuekin.
  • Harremanak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako Foru Erkidegoko hizkuntza eragileekin; 2003an izenpetu den Obragintza Publikoaren eta EAEren arteko lankidetza hitzarmenaren jarraipenean, kontratu urraspideak abian ezar daitezke EEPren eta Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikaren sailburuordetzaren artean.
  • Neurketa funtzioak, euskararen aitzinarazteko egiten diren egitarauak neurtzeko, molde kuantitatiboan eta kualitatiboan.

3. LEHEN BILAN BAT

Euskararen Erakunde Publikoak ofizialki abiatu du bere jarduera 2004ko azaroaren 26an. Ondorioz, 2005 urtea izan da bere lehen ibiltzeko urtea.

3.1. Aurrekontuaren gauzatzea

Lehenbiziko egintza politikoa 2005eko aurrekontua aho batez onartzea izan da, 1.733.000 €-ko aurrekontua.

Aurrekontu hori osoki gauzatua izan da. Administrazio Kontseiluaren erabakiek dituzte aurrekontu horren betetzeko urratsak erabaki, 2005. urtearentzat Euskararen Erakunde Publikoak finkatu zituen hiru lan sail nagusietan:

  • Hizkuntzako eragileekin dauden partaidetzak
  • Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren garapena
  • Euskararen presentzia bizi sozialean

Horra nola laburbiltzen ahal diren 2005. urtearentzat hartuak izan diren aitzinkontuaren baliatzeko erabakiak:

  • 19 hitzarmenen izenpetzea, urtean zehar beren aktibitateak hizkuntza eremuan garatzen dituzten elkarteekin (eskola inguruko aktibitateak, helduen euskalduntzea, euskaraz ari diren irratiak, argitalpena, prentsa, ikasle aita-amen elkarteak, ikas-materiala, ikerketak). Hitzarmen horiek egitura horien funtzionamenduarentzat EEPk eman diru laguntzaren heina eta bi izenpetzaileen arteko partaidetza teknikoaren baldintzak finkatzen dituzte.
  • 14 hitzarmenen izenpetzea erakunde publiko ala pribatu, eta elkarte batzuekin, hizkuntza proiektu batzuen obratzeko (ikas-materiala argitaratzeko programak, informazio eta komunikazio tresna berrien inguruko proiektuak, euskararen presentzia bizi sozialean)

Hizkuntzagintza alorrean ari diren edo hizkuntza inguruko proiektu batzuk obratzen duten nagusiki elkarte egituran ari diren eragileen funtzionamendua laguntzeko orotara muntatuak izan diren 33 hitzarmenek Erakundearen aurrekontuaren ¾ hartzen dute.

Aurrekontuaren ¼ osatzen duten beste gastuak banatzen dira, alde batetik ikerlan batzuen egiteko eta Erakundeak berak egindako ikerketen eramaiteko eta argitaratzeko engaiatu gastuetan, eta beste aldetik ohiko funtzionamendu gastuetan (langileak, bide gastuak, lan egiteko materiala, telefona…).


3.2. Lan alor berri batzuen irekitzea

Horrek ez du erran nahi Euskararen Erakunde Publikoak euskararen aldeko politika publikoan ekartzen duen balio gehitua 2001/2004 garaiari parekatuz ageri den aitzinkontuaren emendatzean edo diru laguntzen kudeatzeko eginmoldearen hobetze kualitatiboan mugatzen dela.

Aldatzearen funtsa, dudarik gabe, Euskal Herriko hitzarmen bereziak finkatu koadroan ezin sortuak eta 2005. urtean zehar Euskararen Erakunde Publikoak eraman dituen ekimenetan eta egintzetan datza.

a) Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren eskaintzaren garatzea

2005. urtean bereziki azpimarratzekoak izan dira euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren egituratze eta garatze alorrean Euskararen Erakunde Publikoari emana izan zaion misio berriaren kari eraman dituen lehenbiziko lanak.

EEPren Administrazio Kontseiluak erabaki du irakaskuntzaren arlo honetan lehentasuna ematea 2005 urtean. Bi lan nagusi eramanak izan dira:

  • "Euskararen eta euskarazko irakaskuntza eskaintzaren azterketa kuantitatiboa" txostenaren sortzea

Edozein jarduera abiatu baino lehen, beharrezkoa zen Ipar Euskal Herriko irakaskuntzaren eskaintzaren argazki zehatz bat ukan, batez ere euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren eskaintzarena: ikasle eta irakasle kopuruak sare publiko eta kontratupeko pribatuetan antolatu irakaskuntzan, euskararen irakaskuntza bat jarraitzen dutenen heina ikaslego osoarekin parekatuz, azterketa zehaztua eskualdeka…

Argitaratu txostenak 2004 – 2005 ikasturteko irakaskuntzaren azterketa zehatza egiten du. Orain arte egin ez den lan horrek adierazle batzuk finkatzen ditu, eta urte guztiz eguneratua eta segitua izango da.

Azkenik, azterketaren bideratzeari esker, parada izan da hiru irakaskuntza sareetako arduradunekin elkarlanean aritzeko: Hezkuntza Nazionaleko Ikuskaritza eta Errektoretza, irakaskuntza giristinoaz arduratzen den zuzendaritza, eta Seaska Federazioa.

  • "Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren eskaintza – epe luzeko programazioa 1. zatia"


Irakaskuntzaren eskaintzaren azterketa egitearen ondorioa euskararen irakaskuntzaren epe luzeko programazioaren lehen atalaren sortzea izan da (2005eko urriaren 20ko Administrazio Kontseiluak aho batez onartua).

Programazio horrek ikasle kopuruak finkatzen ditu hiru sareen bigarren mailako irakaskuntzan, euskarazko irakaskuntza eskaintza sortu ala garatu beharko diren ikastetxeak zehazten ditu, eta irakasle berrien formatzeko beharrak definitzen ditu heldu diren bospasei urteentzat.

Lehen mailako irakaskuntzari dagokionez, programazioak, irakaskuntza publikoarentzat eskualdez eskualde definitzen du ikasgune elebidun berrien irekitzearen aztertzeko eta irekitze horren antolatzeko moldeak. Bestalde, Irakaskuntza Giristinoko Zuzendaritzari eta Seaskaren Federazioari proposatzen die partaidetza molde praktiko batzuk dituzten euskararen irakaskuntza sareen indartzeko eta garatzeko.

Lan honek hiru oinarri nagusi ditu:

  • Familiei eskola libreki hautatzeko parada osoa errespetatzea
  • lurralde-estaldura orekatua segurtatzea
  • irakaskuntzaren segida segurtatzea (ama eskolatik lizeora)

Euskararen Erakunde Publikoak lehentasuna emango du programazio horren norabideen gauzatze eta jarraitzean. Lehen urratsak 2005eko azaroan eta abenduan abiatuak izan dira.

Euskarazko eta euskararen irakaskuntzaren egoeraren azterketaren bigarren atala (parte kualitatiboa) 2006. urtean landua izango da. (oren-banaketak, irakatsitako gaiak, egutegiak, irakasleen formakuntza, postuen banaketa,..).

b) Euskararen presentzia bizi sozialean

Euskararen irakaskuntza arloan eramanak izan diren jardueren gain, eta araudiek finkatzen duten bezala, Euskararen Erakunde Publikoak garatu behar duen «Euskararen presentzia bizi sozialean sustatzea» arloari doazkion lehen gogoetak eta jarduerak abiatu ditu 2005. urtean:

  • EEP sortuz geroztik, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) eta Euskal Kultur Erakundea (EKE) erakundeek hitzarmen bat izenpetzen zuten. Hitzarmen honen helburu nagusia da erakunde bakoitzaren ardura zehaztea eta hizkuntza eta kultura garatzeko ikuspegi hitzartu bat finkatzea.
  • Erakunde Publikoak bi desmartxa abiatu ditu hedabideei buruz:
    • • Entrepresa-aditu batek eramango duen hedabideei buruzko azterketa bat: entzuleak, Euskal Herriko biztanleek segitzen dituzten irrati edo telebista saio motak, zenbat denbora egunean,… adin eta lurraldeen arabera. Euskarazko hedabideei buruzko galdeketa gehigarri batek osatuko du inkesta.
• Aldi berean, EEPk ETBko emankizunen hobekiago eta eremu zabalago batean hartzeko baldintzak juridikoki eta teknikoki aztertzeko erabakia hartu du: analogiko eta numeriko medioen arteko konparaketa, itzal-guneen estaltzea, hedagailu zaharren aldatzea …

 

d) Partaidetzen gauzatzea

 

Sortu denetik, Euskararen Erakunde Publikoak bi funtzionamendu irizpide gauzatu izan nahi ditu, jarduera arlo guztiak hunkitzen dituztenak:

  • Hizkuntza politika baten gauzatzeaz hunkituak diren eragile publiko eta pribatuekin hitzartze funtzio iraunkor bat sortzea. 2005eko udaberrian sortua izan den Aholku Batzordearen ardura nagusia funtzio horren gauzatzea da; 2005ean, Aholku Batzordeko lau lan bilkura antolatuak izan dira.
    Aholku Batzordeak bere paper osoa bete ahalko du 2006 urteko lehen zatian, 2007/2010 Hizkuntza Politika proiektu berria finkatzeko, proiektu horrek EEPren norabideak gidatuko dituelarik heldu diren urteei begira. Erabakien eta hautuen ardura Administrazio Kontseiluari dagokio, baina, Aholku Batzordeko kideen ekarpenak beharrezkoak izango dira, gogoeten sakontzeko.
  • Hizkuntza Politika arloan diharduten Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) erakunde publikoekiko partaidetza bat sortzea. 2003 urtean Obragintza Publikoko lurralde kolektibitate eta EAEren artean izenpetu hitzarmena hirugarren aldikotz gauzatua izan da 2005 urtean. Euskararen Erakunde Publikoaren sortzeak eta bere eginbeharren zabaltzeak (Euskal Herriko Hitzarmen Berezian finkatu eginbeharrekin konparatuz) protokolo horren arraberritzea behartzen dute 2006 urtetik goiti.
    Hizkuntza Politika bat finkatuko duen mugaz bi aldeetako instituzio publikoen arteko partaidetza baten eraikitzeko parada ikus daiteke. Mugaz bi aldeetako legezko eta instituzionalezko araudi ezberdinak kontuan hartu beharko dira, baina orain arte garatutako konfiantzazko harremanak kontuan hartuz, araudi horiek ez dute oztoporik jarriko, partekatzen dugun hizkuntza baten aldeko elkarlan baikor bat eramateko.


4. ONDOKO ERRONKAK

2005 urtean, lehentasuna argiki izan da euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren eskaintzari buruzko hitzarmena gauzatzea. 2006 urtean, nahiz eta irakaskuntzaren arloaren lanak (bereziki, epe luzeko programazioaren norabideen gauzatzea), bai eta ere beste eginbeharrak, segituko diren (euskalgintzako eragileekiko partaidetzak, behatoki funtzioak, EAEko Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekiko partaidetza berri baten lantzea), bi erronka nagusi agertzen dira:

4.1. Euskara bizi sozialean

Irakaskuntza bigarren arlo bezala, hirugarren jarduera arlo hau bigarren lan sail berria da EEPn bilduak diren botere publikoentzat. Arauek finkatzen duten bezala, helburua da euskararen erabilera bizi sozialean sustatzeko polítika bat garatzea, eragileen borondatezko hautatzearen printzipioa errespetatuz.

Hirugarren lan arlo hori irakaskuntzakoa baino gutxiago landua izan da 2005 urtean; hala ere, lehen harremanak hartuak izan dira eta eramanak izan diren gogoetek lan programa koherente bat finkatzen dute.

2005 urtea trantsizio urte bat bezala hartua izan da, EEPk hobeki finka ditzan bere jarduerak, Euskal Konfederazioak eta Euskal Kultur Erakundeak jadanik garatzen dituzten ekintzen jarraitzean eta osagarritasunean.

2005ean izenpetuak diren hitzarmenak biziki baliagarriak izan dira, orain arte baliatuak diren desmartxak ezagutzeko eta lotu zailtasunetaz ohartzeko.

Euskararen sustatzea bizi sozialean arlo honetako arrakasta tokian toki mobiliza daitekeen animazio ahalbideei azkarki lotua zaie. Politika publiko bat ondoko irizpideen inguruan oinarritu behar da:

  • kasuen arabera molda daitekeen "zerbitzu-eskaintza" bat eragile ezberdinei proposatu, solaskidearen nahiak errespetatuz.
  • prestaketa faseen kalitatea zaindu, barne egoeraren azterketak gauzatzeko faseetan, eragile bakoitzaren sentsibilitatea kontuan hartuz, egin nahi diren eta egin ahal diren gauzen egituratze hoberenaren ikerketan.
  • borondatezko eragileen engaiamenduak eta EEPk ekar litzakeen diruz mailako eta teknikoko laguntzak finkatu.
  • jarraitze eta ebaluaketa tresnak antolatu.

Herriko etxeekin garatua izan den lanak argiki agertzen du zein diren holako desmartxa baten helburuak eta zein diren gainditu behar diren oztopoak. Metodologiako kontu horiek aparte, euskararen presentziaren garatzeak galdera batzuk agerian uzten ditu, EEPren eginbeharrak hunkitzen dituztenak:

  • Itzulpen arloan geroz eta gehiago agertuko diren beharrei nola aurre egin, bai kopuruen aldetik, baita ere kalitatearen aldetik?
  • Terminologi teknikoak nola egokitu eta hizkuntz onarpen bat nola segurtatu, kontuan hartuz Iparraldeko hizkuntza praktikak eta sozial eta administratibo egoera berezia?
  • Euskararen erabileraren aldeko urratsak hartzen dituzten eragile publikoko zein pribatuko langileen formakuntzen beharrei nola aurre egin?


2006 urterako, Erakunde Publikoak lehentasuna emango du ondoko puntuetan:

  • Euskaltzaindiarekin aterabide zehatzak aztertu:
    - Gai ezberdinei buruzko lexiko tematiko batzuk lantzeko eta sortzeko
    - Hizkuntza onarpen gaiaz arduratuko den aditu-batzorde bat antolatzeko
  • Itzulpengintza arloko formakuntza edota diploma baten sortzearen ahalbideak UPPA Paubeko eta Bordale IIIko unibertsitateekin aztertu.
  • Arlo pribatuko langileentzat edo zerbitzu publikoetako langileentzat egokituak diren hizkuntza formakuntzen diruztatzeko eta antolatzeko ahalbideak CNFPT, AEK edo beste eragile batzuekin aztertu.
  • Animazio lan bat segurtatu (trukaketak, formakuntza arloan koordinaketa lan bat antolatu, prezio mailan, terminologia): itzulpengintzan jadanik diharduten eragile batzuei buruz, eta osa daitekeen sare bati buruz. Sare horretan sartuko lirateke itzulpen lanak egin ditzaketen jadanik lanean ari diren pertsona batzuk.
  • Lehen hitzarmenak izenpetu 2005 urtean kontaktatu eragileekin.
    2005 urtean abiatu harremanak 2006 urteko hastapenean gauzatuko dira, euskararen aldeko desmartxa batean (seinaletika, jendeen harrera, idazkiak…) sartu nahi duten eragile publiko edo pribatu eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko hitzarmen baten izenpetzearekin. Animazio lan hori 2006 urtean segituko da, euskara teknikarien kontratatzeak kontutan hartuz
  • Euskara teknikari batzuen sare baten osaketa.
    Hainbat gogoeta abiatuak izan dira lurralde ezberdinetan:
    • Hendaiako herriak jadanik erabaki du teknikari postu baten sortzea, batez ere itzulpen lanen beharrei aurre egiteko.
    • Ber gisako proiektu bat aztertzen ari da Baxe Nafarroa Garapen Kolektiko Egitasmoan (Amikuze – Iholdi – Garazi Baigorri herri elkargoak) antolatu hautetsi eta eragileen arteko batzorde bat
    • Xiberoako herri elkargoak Ikas zentroarekin batera denbora erdiko lan postu bat diruztatzen du, zentroak daukan bulegoarentzat Xiberoan; asmoa da lanpostu horren eginbeharrak zabaltzea.

Euskararen Erakunde Publikoa sortua izan da politika publiko koherente bat finkatzeko eta gauzatzeko, erabaki botere maila guztiak elkartuz desmartxa amankomun batean.

Hari beretik, baitezpadakoa da tokian tokiko beharrei erantzuten dituzten desmartxa eta gogoeta horiek koordinatzea baina ongi antolatuz, EEPk bultzatzen duen politikarekin Ipar Euskal Herriko mailan.

Koherentzia irizpide hau aparte, Erakundeak tokian toki animazio lan bat sustatzeko proiektuen garatzeak osoki sostengatzen ditu. Dudarik gabe, holako euskara teknikarien arteko sare bat aterabide egokiena litzateke hizkuntzaren presentzia bizi sozialean sustatzeko arloan sortuko diren beharrei erantzuteko, bai eta ere itzulpen arloan sortuko direnei.

Gainera, garrantzitsua da tokian toki garatuak diren ekintzek EEPk daraman desmartxarekin bat egin dezatela, printzipio eta metodoen ikuspundutik.

Horregatik, Euskararen Erakunde Publikoak holako desmartxa batean sartu nahi duten lurralde kolektibitateak laguntzea proposatzen du, ondoko jardunbidean oinarrituz:

  • Lurraldea ongi estaltzeko eta herrien gehiengoak (barne ttipienak) erabil dezakeela helburuak betetzeko gisan, eskaintza hori Ipar Euskal Herriko herri elkargoei proposatua izango zaie (kasuen arabera, bi edo hiru elkargo bil daitezke elkarrekin jardunbidea martxan ezartzeko).
  • Euskara teknikari baten eginbeharrak ondokoak izaten ahal dira:
    • Bere lurraldearen tokiko kolektibitateen itzulpen lanak kitorik segurtatzea (galdeen arabera, eragile pribatuentzat ere).
    • Euskal Konfederazioak daraman lana segitzea eta garatzea euskararen erabileraren aldeko desmartxa batean sartu diren herriko etxeetan.
    • Euskararen presentzia bizi sozialean sustatzeko arloan, EEPk Euskal Herriko mailan bultzatzen dituen ekintzak tokian tokiko eragileengana garatzea.
  • Euskara teknikari horiek sare bat osatuko dute. EEPren ardura sare honen animazioa izanen da ondoko eginbeharrak segurtatuz:
    • Printzipio mailan (borondatezko engaiamendua, politika publikoaren araudi juridikoak,…) egokitua den desmartxa baten gauzatzea.
    • tokian toki bultzatuak diren ekintzak eta Ipar Euskal Herriko mailan EEPk garatzen dituen jardueren arteko koherentzia.
    • esperientzien trukaketa eta denen konpetentziak metatzea.
    • tresnen eta metodologien harmonizazioa: azterketa, itzulpen, ebaluaketa,…
  • Proposamen hori funtzio tekniko batzuk politika publiko batean egituratzeko dela kontuan hartuz, baitezpadakoa da teknikari horiek lurralde kolektibitate batzuei lotuak izan daitezen (adibidez, herri elkargo bat bere lurraldeko herrientzat, edo herri bat lurralde zabalago batentzat)
  • Asma daiteke EEPko ordezkariak eta teknikari horien lanaren segimena arduratuko diren hautetsiak bilduko dituzten lan batzorde batzuen antolaketa. Hautatuak izanen diren pertsonak lurralde funtzio publikoko kontratuko langile bezala kontratuak izanen dira.

    Sistema hori, bortxaz esperimentala dena, hiru urteko antolatua izanen da. Hiru urteko epe hau bukatu aitzin, ebaluaketa kuantitatibo eta kualitatibo bat eramango da. Horri esker, arduradunek (tokiko hautetsiak eta EEP) erabaki ahalko dute zein segida eman desmartxari (segitu, aldatu, gelditu)
  • Hautatuak izanen diren pertsonak lurralde kolektibitateetan baliatuak diren araudietan oinarrituz kontratatuak izanen dira. Teknikariaren hautuak kolektibitatearen eta Erakunde Publikoaren oniritziak lortu beharko ditu.
  • Euskararen Erakunde Publikoak lanpostuaren gastuen % 50 hartuko du bere gain, ekarpen hori 15.000 €-ra urtean mugatuz.

Irizpide horietan oinarrituz, Euskararen Erakunde Publikoak lehenik herriko elkargoei proposatuko die eskaintza hori; kasuen arabera, bi edo hiru elkargoen artean bil daitezke euskara teknikari lanpostu baten sortzeko.

2006ko lehen hiruhilabetekoan, EEPko arduradunak Ipar Euskal Herriko herri elkargoko agintariekin bildu dira. Pentsa daiteke lehen euskara teknikari postuak laster sortuko direla.


4.2. 2007-2010 Hizkuntza politika berriaren proiektua

Proiektuak bi helburu ditu:

• 2006. urtean zehar hizkuntza politika bat definitzea 2007–2010 urteentzat:

  • 2006. urtean Euskal Herriko Hitzarmen Berezia bururatzen da, eta harekin batean hizkuntza ataleko hamar egitasmoen baitan programatuak ziren egintzak;
  • Euskal Herria 2010 prospektiba desmartxatik garapen eta antolaketa eskema sortu eta hamar urte berantago, 2006. urte
    honetan Lurralde Egitasmo berri bat ekoiztuko da; «Euskal Herri 2020» Lurralde Egitasmoaren II zatiaren ekoizteak hiru ardatz estrategiko finkatu ditu:
    - lurraldeen arteko elkarrekilakotasuna;
    - mugaz bi alderdietako kooperazioa;
    - garapen iraunkorra.
    Hizkuntza politika proiektua, langintza bereizia ez delakoan, Euskal Herria mailan eramaiten den lurralde desmartxa batean kokatzen da. Horra zergatik hizkuntza politika proiektuaren apailatzeak Lurralde Egitasmoaren hiru xedeak bereganatzen dituen.
  • 2007–2010 finkatua izan den iraupena Euskararen Erakunde Publikoaren egutegian sartzen da, alabaina lehenbiziko urrats batean EEP 2010 arte sortua izan da.

• Egitasmoen egitarau bat apailatzea:

  • politika hori egitasmoz eta egutegiz gorpuzten duena; obratzearen jarraitzeko adierazleak aitzin ikusten dituena;
  • 2007–2010 urteetan lehentasuna ukan beharko duten diru isurtzeak bideratzen dituena.

Eramandako lehen gogoetek lau erronka estrategiko nagusi definitu dituzte:

08TittoBetbeder59
 
• Lehenbiziko erronkak, 1/ Hizkuntzaren transmisioa, adin guztietako hiztunen kopurua emendatu nahi du, eta ondorioz aitzineko urteetan inkesta soziolinguistikoek agerian eman bilakaera aldatu.
• Bigarren erronkak, 2/ Hizkuntzaren presentzia eta erabilpena, euskararen presentzia garatu nahi du bizi sozial zein pribatuaren alor guztietan:
- hizkuntza gehiago ikusia eta entzuna izan dadin;
- gisa horretan, dinamika berri bat sortzeko hiztunek euskara gehiago balia dezaten;
- hizkuntzak urratsez urrats bere komunikazio funtzioa berriz eskura dezan.
• Hirugarren erronkak, 3/ Hizkuntzaren kalitatea, hizkuntzaren kalitatea begiratu eta handitu nahi du, ahoz idatziz bezala, erabiltze publiko zein pribatuko sail ezberdinetan.
• Laugarren erronka, 4/ Gogoa, nahikeria, zeharkakoa da. Alabaina, nolazpait aitzineko hiru erronken baitan erdietsiko den kausitzea baldintzatzen du. Helburua da nahikeria bultzatzea, gizartearen atxikimendua azkartzea, aitzineko beste lan sail guztietan eraginkorragoak izaiteko gisan.

Proiektu horren gauzatzeko metodologia 2006ko otsailaren 22an aurkeztua izan zaie Aholku Batzordeko kideei. Asmoa da lan hori guztia euskalgintzako eragileekin batera eramatea. Horregatik, hamar lan talde gaika antolatuak izan dira (irakaskuntza, euskararen presentzia bizi sozialean, aisialdiak, famili transmisioa, sentsibilizazioa, …). Aholku Batzordeko kideak gomitatuak izan dira haien izenak ematea.


5. AZKEN HITZA

Epe motz batez, Euskararen Erakunde Publikoak hiru desafio gainditu behar zituen:

  • jadanik bultzatuak izan ziren ekintzen jarraipena segurtatzea eta garatzea,
  • botere publikoentzat berriak ziren arlo berriak (irakaskuntza eta euskararen presentzia bizi sozialean) ikertzea eta norabideak eta ekintzak gauzatzea.
  • Hitzarmen Bereziari segida bat definitzea, 2007–2010 epealdirako hizkuntza politika proiektu berri bat landuz.

Bere lehen urtean, Euskararen Erakunde Publikoak hiru sail horiek ireki ditu, norabideak finkatzen hasi da, eta lehen ekintzak eta esperientziak gauzatzen ere bai. Orain doakio ekintza horiek jarraitzea eta garatzea epe luzera.

 

BAT aldizkaria: 
59. 2006ko ekaina. Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian
Egilea(k): 
Titto Betbeder
Urtea: 
2006