Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea

Euskal Unibertsitate-sistemaren legeak 16. artikuluko eskumena garatze bidean, Euskal Unibertsitate-Sistema goi-mailako irakaskuntzaren Europako sistemaren eremuan arautu du, Euskal Herriak hezkuntza-sistema nazionala izateko eskubidea duela kontuan harturik, eta euskal hezkuntza-sistemaren atal gisa hartuta.

“Euskal Unibertsitate Sistema”; lege-proposamen bezala, presako prozeduraz tramitatua izan da. 2004-02-17ko bilerako batzordearen irizpena 2004ko otsailaren 19an Legebiltzarraren Aldizkarian argitaratu da, eta testu hori 2004ko otsailaren 25ean Legebiltzarrak osoko bilkuran onartu egin du. Jarraian, Legebiltzarraren Aldizkarian argitaratu zen testuaren inguruan arituko naiz, ikuspegi hauetatik: unibertsitate sistema, lurraldetasuna, euskararen garapena, irakasleria, ikasleria, eta beste.

EAEn, ordea, Euskal Unibertsitate-sistemaren Lege-proposamenak oinarrian duen printzipioa hau da: unibertsitateak unibertsitate-sistema bateratu gisa ikusi behar direla, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitate guztien artean osatutako unibertsitate-sistema bateratu gisa, alegia.

"Herri-aginteei dagokie hizkuntza-normalizazioa bermatzea, euskararen aldeko ekintza positiboko hizkuntza-politikaren oinarriak ezarrita". Ondorioz, herri-agintearen eskutan uzten du ez hizkuntza eskubidea bermatzearen ardura baizik eta hizkuntza-normalizazioa bermatzearen ardura; eta nor den arabera, sistemaren helburua ez denez, bermatuko da ala ez

Bestalde, autonomia printzipioak oinarrizko eskubide guztien onarpenean eta bermean oinarrituta egon beharko luke; eta hori horrela baldin bada, lehenengo herri honen hiztunekiko errespetua izan beharko luke abiapuntua. Bestela, gizarte honen interesen alde ez luke egingo, eta orduan, sistemako unibertsitateek noren interesak kudeatuko lituzkete gizarte honi zerbitzu publikoa ematerakoan?

helburuetan adierazi den moduan, ez da hizkuntzen erabilera bermatzen, hizkuntza normalizazioa bermatzen da. Eta unibertsitateek, Euskal Herrian egon arren, berezko hizkuntza bezala hartzen ez badute, eta zentroetan euskara eguneroko hizkuntza bihurtzen ez badute irakaskuntzan, ikerkuntzan, administrazioan, barrurako zein kanporako harremanetan, ez dago normalizaziorik.

Bestalde, ikasleen hizkuntza eskaerari erantzuteko, hizkuntzaren gaitasun-printzipioari egokitu beharko zaizkio pertsonala hautatzeko eta kontratatzeko prozesuak. Lege honek eskatzen duten hizkuntza eskubideen erabilpena bermatzeko gaitasun nahikoa duen pertsonala izan behar du Euskal Unibertsitate-sistemak. Eta bide horretan doaz, ongi, 11.4 eta 11.5 artikuluak.

Euskal Legearen 1. artikulua: "Kontuan harturik Euskal Herriak hezkuntza sistema nazionala izateko eskubidea duela" erreferentzia modura hartuz, bermatu beharko litzateke euskararen erabilera; eta ez uzten den bezala utzi, bermatu barik; eta ondorioz, gaur egun dagoen diskriminazioa luzatzeko bide emanez.

EHUtik kanpoko unibertsitateetako irakasleak edo doktore-titulatu berriak sartzea posibilitatuz. Hau EHUko irakasle eta ikertzaile berrientzat oztopo da; gainera, kontuan hartuz, zenbait arlotan euskaraz EHUn baino ez dela ematen, honek, euskara bultzatu beharrean, aurkakoa eragiten du euskarazko irakasleei beste oztopo bat jarriz, eta EHUkoak ez diren beste unibertsitatekoak eskuzabalik hartuz.

Euskal Legearen 41.a artikuluan, irakaskuntza EAEn ofizial diren hizkuntzetako edozeinetan jasotzeko eskubidea aitortzen da; horretarako xedatutako baliabideak erabiliz. Hots, alde batik eskubidea aitortzen da; eta bestetik, baliabideak (irakasle euskaldunak,...) ez baleude eskubidea ez litzatekeela errespetatuko. Beraz, azken baldintza horrek eskubidea apurtzen du.

Positiboa da 47. h) artikuluan aipatzen dena ere: ikasketa planetan, hizkuntzak ikasteari indarra ematea. Baina hemen, lehenago hizkuntza-diskriminazio lortzea izango zen logikoena. Hau da, erdaldunek ikasi ahal duten gaietan, euskaldunek ere aukera bera edukitzea

Beraz, positiboa izan arren, oinarrizkoak diren hizkuntza eskubideak bete beharko lirateke lehenago

Euskarari dagokionez helburua (hizkuntza eskubidea bermatzea) bidearekin (normalizazioa) erratzen da. Beraz, euskararen aldetik planifikazio zehatza eskatzen du egoerak: dauden AZPko langileek euskaratzeko-planak egoki finantzatuz eta aurreikusiz, eta baita AZPko plantillan euskarazko soslaidun lanpostuetako deialdia eginez

Lege honek ez ditu konpontzen Euskal Herriak goi-mailako irakaskuntzan eta ikerkuntzan dituen erronkak; egia da bideak irekita uzten dituela, araudi-marko hestu batean harrapatuta, baina beti unean uneko Herri Agintarien borondatearen menpean. Legea positiboa da, baina ez nahikoa, gutxiegi da; ez da lege propioa.

IBILBIDEA:

1998ko maiatzaren 25eko Sorbonne-ko adierazpenak goi-mailako hezkuntza-sistemen arkitekturarako harmonizazio urratsa eman zuen, goi mailako hezkuntzaren eremu europarra sortzeko, identitate nazionalen eta interes amankomunen elkarreraginez Europako goi-mailako hezkuntza jarraikorra eta eguneratua eskaintzerakoan unibertsitate europarrak nazioartean erreferentzia izateko, Europaren onerako, bere ikasleen eta bere hiritarren onerako.

 1999ko ekainaren 19an, Bologna-ko adierazpenak gehiago zehaztu zuen: Europako titulu gehigarria erraz konparagarria, kalitatea eta etengabeko hobekuntza, ikasketetan bi ziklo nagusi, ECTS kredituen sistema, mugikortasuna eta ikasketa programen osotasun balioztagarriak, garapen curricularra eta erakundeen arteko kooperazioa bultzatzea, goi-mailako hezkuntzan behar diren neurriak bultzatzeko.

 2001eko maiatzaren 19an, Pragako komunikatuak, aurrekoen ildoan, Goi Mailako Eremu Europarra 2010erako ezartzeko helburua baieztatu zuen; mugikortasunak ikasleak, irakasleak, ikertzaileak, eta administrazio-aholkulariak hobetuko zituela, goi mailako hezkuntzak barneratzen zituen balore demokratikoagatik, kultura eta hizkuntza aniztasunagatik, eta goi-mailako hezkuntza-sistemen aniztasunagatik.

 Hauek erreferentziatzat harturik, argitaratu zen Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa (2001/12/24ko EBOn), batez ere lau ardatzekin: ikerketa, unibertsitate titulazioak, kalitatea, eta etengabeko hobekuntzaren finkapena, zein goi-mailako hezkuntza iraunkorra. Azken Laugarren Xedapena: bere Lege Organikoaren izaera zehaztuz; baina aldi berean, Lege Organikoaren izaera ez zuten hainbat artikulu zerrendatuz; horrela, erkidego autonomoek, bakoitzak zituen eskumenen arabera, nondik garatu behar zuten 6/2001 Lege Organikoa gidatuz.

 Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren (1979/12/22ko EBO; eta, 1980/01/12ko E.K.N.A.O.) 16. artikuluaren arabera, irakaskuntza -zabalera, maila, gradu era, eta espezialitate guztietan- EAEko Erkidego Autonomoaren eskumena da Espainiako Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, konstituzioaren 27. artikuluari eta bera garatuko duten Lege Organikoei, haren 149.1.30garren artikuluak eta hura betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioak estatuari ematen dizkion ahalmenak kaltetu barik. Euskal Unibertsitate-sistemaren legeak 16. artikuluko eskumena garatze bidean, Euskal Unibertsitate-Sistema goi-mailako irakaskuntzaren Europako sistemaren eremuan arautu du, Euskal Herriak hezkuntza-sistema nazionala izateko eskubidea duela kontuan harturik, eta euskal hezkuntza-sistemaren atal gisa hartuta.

 Irakaskuntzari dagokion eskumen osoa, Espainiako Konstituzioak ezarritako eskumen-sistemaren arabera, eskumen partekatua da: oinarrizko legea estatuak arautuz, eta EAEk hura garatuz. Baina, ahaztu gabe, Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko den EAEko Erkidego Autonomoaren eskumena dela.

 Bidea luzea izan da. Lehenengo, 2001ean “Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa” sailburuaren, Sabin Intxaurragaren, adierazpenek, “Euskal Unibertsitatearen Lege Propioa” izango dugula, itxaropena sortu zuten. Bitartean, 2001eko irailaren 27an eta 28an, “Euskal Unibertsitatea-2021*. Egiten ari garen euskarazko Unibertsitatea” kongresua antolatu zuen "EIRE, Unibertsitateko Irakasleen Elkartea"k, bertan -besteak beste- euskal unibertsitatearen beharrak eta lege propio baten beharra agertaraziz. Eta 2001eko urriaren 10ean Eusko Legebiltzarraren Hezkuntza eta Kultura Batzordean, sailburua den Mª Angeles Iztuetak lege-egitasmo bat prestatzeko hitza eman zuen.

 Gero, 6/2001 Lege Organikoa (2001/12/24ko EAO) eta habilitazio sistema arautzen zuen 774/2002 Erret Dekretua (2002/08/07ko EAO) argitaratu ziren; ondoren, UPV/EHUk bere zirkularretan, Irakasleen Kidegoetako hizkuntza-soslaiari dagokionez, interpretazio itxiak eginez. Azkenean, 2003ko irailean, Eusko Legebiltzarreko Aldizkarian “Euskal Unibertsitate sistemaren Lege Proiektua argitaratu zen. Ondoren, aldi baterako kontratatutako unibertsitate-irakasleei buruzko 247/2003 dekretua argitaratu zen 2003/11/5eko E.H.A.A.-n, LOUk ezartzen zituen baldintza zarratuak baino askoz zarratuagoak jarriz, kasu batzuetan. Baina 2003ko abenduaren 29an Eusko Legebiltzarrak Lege proiektu hura atzera bota zuen.

 Hurrengo egunean, hirukoak, 2003-12-30ean, Eusko Legebiltzarraren erroldan aurkeztu zuen “Euskal Unibertsitate Sistema”; lege-proposamen bezala, presako prozeduraz tramitatua izan da. 2004-02-17ko bilerako batzordearen irizpena 2004ko otsailaren 19an Legebiltzarraren Aldizkarian argitaratu da, eta testu hori 2004ko otsailaren 25ean Legebiltzarrak osoko bilkuran onartu egin du. Jarraian, Legebiltzarraren Aldizkarian argitaratu zen testuaren inguruan arituko naiz, ikuspegi hauetatik: unibertsitate sistema, lurraldetasuna, euskararen garapena, irakasleria, ikasleria, eta beste.

UNIBERTSITATE SISTEMA ETA LURRALDETASUNA

Unibertsitatea herri baten kultura, ekonomia, eta gizartearen garapena bultzatzeko estrategikoa bihurtu da. Horregatik, irakaskuntzaren zein ikerkuntzaren kudeaketan, 2010erako Europaren goi-mailako eremuaren helburua lortzeko, Europako unibertsitateak munduan erreferente izateko eta Europaren bultzatzaile izateko, legeak egiterakoan goi-mailako hezkuntzen sistemen bateratasun irizpideak kontuan hartzea ezinbestekoa bihurtu da, unibertsitateak dauden lurraldeko gizarteko hiritarren hezkuntza eta ikerkuntza etengabearen bitartez euren bizi-kalitatea hobetzerakoan eragina izateko.

 Ikuspegi horretatik, beste Europako estatuek bezala Espainiak ere, 6/2001eko Lege Organikoa atera zuen, unibertsitate sistema espainiarraren araudiaren arkitektura diseinatuz. Argi dago, Espainiako beharrei begiratzen duen araudi-markoa jarri ondoren, besterik ez zegoela Euskal Herriko sistema bat egitea baino, Euskal Herriaren beharrak eta gizartearen berezitasunak kontuan hartuko dituen sistema, Euskal Herriaren zatia den EAEtik arautuz. Kontuan hartuz, beti ere, Euskal Herriko Unibertsitateek hiru egoera administratibo ezberdin dituztela: EAEn, Nafarroan, eta Iparraldean; lehen bietan 6/2001 Lege Organikoaren araudipean; eta hirurak, irakaskuntzaren zein ikerkuntzaren kudeaketan, 2010erako Europaren goi-mailako eremuan.

 Euskal unibertsitate-sistema arautu da; baina, zein ikuspegitatik? LOUren 87. artikuluko ikuspegitik (artikulu honek lege organikoaren izaera du), honela dio: "Bakoitzak dituen eskuduntzen arabera, Espainiako Gobernuak, Erkidego Autonomoek, eta Unibertsitateek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte, sistema espainiarraren integrazioa osoa lortzeko goi mailako irakaskuntzaren eremu europarrean". Edo, euskal herritarrok behar dugun ikuspegitik; hots, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuko dituen Euskal Herri osorako unibertsitate sistema, Euskal Herrian dauden unibertsitateen arteko loturak sisteman sendotuz, Europako eremuan erreferente izateko? Edo, Euskal Herri osora begiratuko lukeen sistemari lehentasuna emanez, Euskal Herritik kanpora, euskara ala euskal kultura diasporan irakasten dituzten unibertsitateen eta sistemaren barruko euskal unibertsitateen artean benetako loturak bultzatuz eta sendotuz?

 EAEn, ordea, Euskal Unibertsitate-sistemaren Lege-proposamenak oinarrian duen printzipioa hau da: unibertsitateak unibertsitate-sistema bateratu gisa ikusi behar direla, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitate guztien artean osatutako unibertsitate-sistema bateratu gisa, alegia.

 Bere 2. artikuluan, Euskal Unibertsitate Sistemarena, hiru bereizketa egiten dira. Alde batetik, sistema barrukoak (egoitza EAEn dutenak). Bestalde, sistemaren barruan koordinatuz, Europako beste unibertsitateekin harremanak eta lankidetza sustatuko dira euskararen erabilera bultzatzeko. Horien artean, lehentasuna izango dute Euskal Herrian kokaturiko gainerako unibertsitateek.

 Gainerako unibertsitateak Nafarroakoak zein Iparraldekoak direla ulertu beharko da, artikulu horren gaztelaniazko bertsioan “Euskal Herria” itzuli barik mantentzen delako. Ala, EAEn egoitza izan ez arren, EAEn daudenak ote dira?

 Testuan ez da zehazten Euskal Herriaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren esanahien arteko ezberdintasunik, 1979ko EAEko Estatutuaren 1. artikuluak sortu zuen nahasketaren ondorioz (ikusi 2003ko uztailaren 18ko Euskal Herria izenari buruzko Euskaltzaindiaren Txostena). Beraz, egokia litzateke legezko testuetan Euskal Herria hitzaren esanahia zehaztea, Euskaltzaindiaren txostena oinarritzat hartuz, bederen.

 Ulertu nahi nuke letraren izpiritua hauxe dela: Iparraldeko eta Nafarroako unibertsitateekin harremanak koordinatuz egingo direla, Europako nazioen eremuan. Baina horrela balitz ere, ematen ari zaien tratamendua Polonian euskara bultzatzeko egin daitekeen berbera da, edozein kultur ekimen koordinatu bezala, baina lehentasunez. Tratamendu honek, lehenengo sistematik kanpokotzat hartzen ditu Nafarroa eta Iparraldea; hau da, lehenengo urrundu egiten ditu biak, Europako eremuan; eta gero, eremu horretan bertan, hurbildu.

 Ez dut uste tratamendu egokia denik, historia, kultura, eta batez ere euskara hizkuntza bera izanik. Juridikoki, Espainiako markoan, Lege-proposamena EAEko sistema arautzen ari bada ere, norberaren herri ikuspegitik, Europako eremuan hurbilenen lehentasuna jartzen da lehenengo, eta gero besteak; praktikan ere hori gertatuko da.

 Bestalde, 2. artikuluan bi bider agertzen da "euskararen erabilera bultzatzeko" esaldia, sistematik kanpo dauden unibertsitateekiko harremanak eta lankidetza sustatzerakoan, eta sustatze-lan hori ikasle zein irakasleen arteko mugikortasunaren bidez egingo dela zehazterakoan. Baina, zer gertatzen da sistemaren barruan? Oinarrizko helburuen artean 6.1.e) artikuluak dio: "Jakintza-arlo guztietan euskara sartuz joatea, euskararen erabileraren normalizazioari laguntzeko"; baina erdarazko bertsioan dio: "La incorporación progresiva del euskara...".

 Euskararen erabilera oraintxe bultzatu beharko da, ez da etorkizuneko proiektua; oraingoa baizik. 6.1.e) artikuluan helburu bezala "euskararen erabileraren normalizazioa bermatzea" ez jartzeak, esan nahi du gogo gutxi dagoela benetan euskararen egoera normalizatzeko. Zeren euskararen erabilera ez bermatzeak, berehala hizkuntzaren aldetik euskaldunak pairatzen dugun egoera diskriminatua luzatzea dakar. Helburuetan agertu ez arren, ordea, 11.2.) artikuluak zehazten du "Herri-aginteei dagokie hizkuntza-normalizazioa bermatzea, euskararen aldeko ekintza positiboko hizkuntza-politikaren oinarriak ezarrita". Ondorioz, herri-agintearen eskutan uzten du ez hizkuntza eskubidea bermatzearen ardura baizik eta hizkuntza-normalizazioa bermatzearen ardura; eta nor den arabera, sistemaren helburua ez denez, bermatuko da ala ez, euskaldunen hizkuntza-diskriminazioa luzatuz. Harrigarria da, helburua bidea izatea: "euskara sartuz joatea" eta ez izatea "hizkuntza eskubidea bermatzea". Nahikoa esan nahi du horrek.

 Bestalde, 2. artikuluarekin jarraituz, "beste lurraldeekin, ...irakasleen mugikortasunaren bidez, euskararen erabilera bultzatzeko, ... , Europako nazioen eremuan" dioenean, labur geratzen da. Zeren mugikortasuna Euskal Herri osoan bultzatu behar da, sistemaren barruan zein kanpoan, baina euskararen erabilera bultzatzearen helburua ahaztu barik. Zeren, adibidez, Andaluzian badaude unibertsitate nahiko mugikortasuna bermatzeko; hemen ez, ordea, eta are gutxiago jakintza-arlo batzuetan (adibidez, medikuntzan), eta euskararen erabilera bultzatzeko. Kontuan hartu, irakasleen kontratu-figura baten "irakasle atxikia"n, EHUrekin bi urteko desbinkulazioa eskatzen dela. Beraz, Euskal Unibertsitate-Sistemaren Lege honek ez du, oraindik, mugikortasun hau euskal sistemaren barruan euskararen erabileraren helburuarekin bermatzen.

 Lehen tituluak bi kapitulu ditu; lehena, "Unibertsitate-sistemaren printzipioak, helburuak eta eginkizunak"; eta bigarrena, "Unibertsitateen araubide juridikoa".

 3. artikuluan, aipatzekoa da era positiboan "goi-mailako unibertsitateko hezkuntza ematea, zerbitzu publikoaren moduan" definitzen dela. Zeren horrek, besteak beste, kontratu-programen bidezko finantziazioa bideratzea dakar, titulartasun publikoa duen unibertsitatean zein ez-publikoetan, helburu jakin batzuk lortzeko; adibidez, euskararen erabilera bultzatzeko eta sustatzeko.

 4. artikuluan, unibertsitate-autonomiari buruzkoan, kontuan hartu behar da LOUren 2. artikuluak (lege organikoaren izaerarekin) arautzen duela oso era hertsian. Eta LOUren 3. eta 4. artikuluak hitzez hitz hartzen dira Euskal Legearen 4.1 eta 4.3 ahapaldietan. Ondorioz, unibertsitateek autonomia daukate, beren helburuak, beren interesak, eta beren zerbitzuak kudeatzeko autonomia, ordenamendu juridikoan ezarritako eremuaren barruan; murriztua, beraz, LOUren eraginez. Ikus Euskal Legearen 9. artikulua ere.

 Bestalde, autonomia printzipioak oinarrizko eskubide guztien onarpenean eta bermean oinarrituta egon beharko luke; eta hori horrela baldin bada, lehenengo herri honen hiztunekiko errespetua izan beharko luke abiapuntua. Bestela, gizarte honen interesen alde ez luke egingo, eta orduan, sistemako unibertsitateek noren interesak kudeatuko lituzkete gizarte honi zerbitzu publikoa ematerakoan?

 Euskal sistemako unibertsitateek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak) zerbitzu publiko moduan finantziazioak lor ditzakete, adibididez, kontratu-programen bitartez erakunde publiko zein pribatuekin, Euskal Herrikoak zein kanpokoak izan (6.2. art.); baina, autonomia dute zerbitzua kudeatzeko.

 Helburuetan aipatu dut 6.1.e) artikuluak ez duela euskaldunen hizkuntza eskubidea bermatzen; beraz, normalizazio-egoera atzeratu egiten du, benetako helburuaren ordez (hizkuntza eskubidea bermatzea), "euskara sartuz joatea" helburutzat jartzerakoan.

 Printzipio gidarietan, 7.f) artikuluan, "Unibertsitateko irakaskuntza euskaraz jasotzeko eskubidea benetan beteko dela bermatzeko eta zaintzeko herri-aginteek duten erantzukizuna; horretarako, beharrezko deritzen arau bidezko garapenak eta ekintza positiboko neurriak sustatu beharko dituzte, unibertsitate-politika orokorraren barruan".

 Hemen mailaketa bat dago: lehenengo, helburua (6.1.e); gero, printzipio gidaria (7.f), eta gero, hizkuntza-politikak (11.2). Mailaketa helburua betetzeko baldin bada, eta helburua bidea baldin bada, maila bakoitzean dagoen herri-aginteen eskuetan, borondatearen eskuetan, uzten da ezer bermatzea; hori, helburua berme bezala ez jartzeagatik da.

 Bestalde, printzipio gidarietan, 7.i) artikuluan, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko unibertsitateekiko elkarlan eta koordinazio hitzarmenak bultzatzea eta garatzea, eta horietako ikasleek euskal unibertsitate-sisteman onartzeko bide normalizatuak ezartzea ageri da. Positiboa da, berriz, kontuan hartzea unibertsitatera sartzeko 37.3 artikuluan eta 38.c) dirulaguntzen programa berezietan. Halaber, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren eginkizunen artean agertzea ere: 65.2.h) "Beste unibertsitate batzuekin euskal kulturaren arloan elkarlanean aritzeko egitasmoak bultzatzea". 65.2.l) artikuluan "Unibertsitate-erakundeen arteko euskal sarea bultzatzea, irakaskuntza, ikerkuntza, eta kultur ekimenen koordinazioaren eta aipaturiko unibertsitate-erakundeetako ikasle eta irakasleen mugikortasun bidez, euskara eta euskal kultura bultzatzeko asmoz". 66.3. artikuluan, berariazko batzorde bat egongo da, eta besteak beste, irakaskuntza, ikerkuntza, eta kultur ekimenen koordinazioa eta aipaturiko unibertsitate-erakundeetako ikasle eta irakasleen mugikortasuna sustatuko ditu, euskara eta euskal kultura bultzatzeko asmoz".

 8. artikuluan, irakaskuntza jaso eta aukera-berdintasuna izateko eskubideaz, positiboa da beti, oro har; baina, zehazki, triste samarra da euskaldunek irakaskuntza euskaraz jasotzeko aukera-berdintasunik ez edukitzea, agian, unibertsitateek beren eskumenen eremuan ezarritako irizpideekin bat ez datozelako. Agian, benetan aukera-berdintasuna egoteko, unibertsitateek ezarritako irizpideak ez daudelako eskubideak bermatzeko helburuz ezarrita.

EUSKARAREN GARAPENA

Hizkuntzen erabilera 11. artikuluan arautzen da.

 11.1.         artikulua: "euskara, Euskal Herriko berezko hizkuntza denez, eta gaztelania hizkuntza ofizialak dira Euskal Unibertsitate-sisteman."

 Iruzkina: helburuetan adierazi den moduan, ez da hizkuntzen erabilera bermatzen, hizkuntza normalizazioa bermatzen da. Eta unibertsitateek, Euskal Herrian egon arren, berezko hizkuntza bezala hartzen ez badute, eta zentroetan euskara eguneroko hizkuntza bihurtzen ez badute irakaskuntzan, ikerkuntzan, administrazioan, barrurako zein kanporako harremanetan, ez dago normalizaziorik.

 11. 2. artikuluak zehazten du: "Herri aginteei dagokie hizkuntza normalizazioa bermatzea, euskararen aldeko ekintza positiboaren hizkuntza politikan oinarriak ezarrita". Alde batetik, herri aginteen borondatean uzten da bermatzea, helburuetan hauxe agertzen ez denean.

 11. 3. "Unibertsitateek beharrezko diren neurriak hartuko dituzte, araudian eta berariazko planetan gai honi buruz ezarritakoarekin bat etorriz, bere osotasunean bermatuz euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea".

 Testutik ondorioztatzen denez, unibertsitateek hizkuntza normalizazioan indarrean dagoen legediaren arabera beharrezko neurriak hartu behar dituzte. Eta indarrean dagoen legediak ez badu neurririk ere bermatzen, legea kate-maila hutsa denez, progresibitate-, eraginkortasun-, eta ikasleen hizkuntza eskaerari erantzuteko irizpideen arabera egingo dute.

 11.6 "Unibertsitateen gaian eskumena duen sailak eta unibertsitateek (...) beste hizkuntza batzuk jakitea sustatuko dute, eta unibertsitatearen jarduera akademikoetan sartuko dute hizkuntza horien erabilera”.

 Kasu honetan ez da arautu unibertsitatearen kanpo harremanetan hizkuntza erabilerari dagokion irizpiderik. Eta egokia zatekeen euskararen erabilera sustatzeko, zein hizkuntzaren irudia kanporatzeko.

 Bestalde, ikasleen hizkuntza eskaerari erantzuteko, hizkuntzaren gaitasun-printzipioari egokitu beharko zaizkio pertsonala hautatzeko eta kontratatzeko prozesuak. Lege honek eskatzen duten hizkuntza eskubideen erabilpena bermatzeko gaitasun nahikoa duen pertsonala izan behar du Euskal Unibertsitate-sistemak. Eta bide horretan doaz, ongi, 11.4 eta 11.5 artikuluak.

 Baina 11.4 artikuluak, benetan labur ez geratzeko, unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen euskararen erabilera arautzerakoan, eskatu beharko du bederen bi hizkuntza ofizialen ezaguera bere eginkizun akademikoak eskatzen dion soslaiarekin, irakasle bisitaria eta antzeko kasuetan izan ezik. 1/2003 Kataluniako Unibertsitate Legeak (EBO; 2003-03-11) 6.4 artikuluan eskatzen duen antzera, eta ez EHUko zirkularretako tratamenduen antzera.

 Maiz esaten digute, hizkuntza, esan nahi duguna transmititzeko tresna hutsa dela; hori horrela esaten digute, edo esaten digutena zabalkuntza handiagoa duen hizkuntzakoa delako edo -konplexuz beterik- geure hizkuntzak hizkuntza nagusiaren transmisio-paper bera eduki dezakeen informazioa ematearren konbentzitzen saiatzen garelako, geure burua hizkuntza menperatutzat hartuz eta, nahigabe, besteei hizkuntza nagusiaren papera emanez. Baina hizkuntza hori baino garrantzitsuagoa da; ez da horrela gutxietsi behar.

 Hizkuntza (euskara), herri edo nazio baten (Euskal Herria) ahozko komunikazio-sistema da. Sistema izateagatik, hizkuntzak herri horren kultura transmititzeko eta herri horren loturak sendotzeko balio du; hizkuntza, herriaren kulturaren oinarrizko identitatea da. Euskara Euskal Herriaren (euskal/euskarazko) kulturaren oinarrizko identitatea da. Hizkuntza (euskara) barik ez dago herririk (Euskal Herria), ez dago naziorik. Eta Euskal Legearen 1. artikulua: "Kontuan harturik Euskal Herriak hezkuntza sistema nazionala izateko eskubidea duela" erreferentzia modura hartuz, bermatu beharko litzateke euskararen erabilera; eta ez uzten den bezala utzi, bermatu barik; eta ondorioz, gaur egun dagoen diskriminazioa luzatzeko bide emanez.

 Azkenean, geure buruari galdetu behar diogu ea legegileek benetan euskara maite duten edo ohitura hartu duten gutxiesten-gutxiesten, normala delakoan gutxika-gutxika joatea eskubideak berehala bermatu beharrean. Egoera luzatu eta euskara hil zorira daramate, agian erkidegoko hizkuntza propioa menperatutzat hartuz eta nahigabe besteei hizkuntza nagusiaren papera aitortuz eta emanez. Baina hizkuntza (euskara), hori baino garrantzitsuagoa da; alde batetik, herri (nazio) honen oinarrizko identitatea da, eta bestetik, gizarte honetako hiztunei errespetua zor diegu.

IRAKASLERIA

LOUn, 6/2001 Lege Organikoan, IX. titulua arautua dator. Titulu honek bi kapitulu ditu: 1. kapitulua: unibertsitate publikoena; eta 2. kapitulua: unibertsitate pribatuena. Lehen kapituluak, unibertsitate publikoenak, ez du lege organikoaren izaerarik; lege organikoaren izaera du, ordea, bere bigarren kapituluak, unibertsitate pribatuenak; hain zuzen 72. artikuluan (ikus LOUren laugarren azken xedapena). Pribatuetan, irakasleen %25ak doktorea eta ebaluazio positiboa izan behar dute.

 Euskal Unibertsitate-sistemaren Legeak 12. artikulutik 34. artikulura arautzen ditu unibertsitate publikoko irakasleak eta ikertzaileak. Bi taldek osatzen dute: unibertsitateko irakasleen kidegoetako irakasleek eta lan-zuzenbidezko araubidearen arabera kontratatutako irakasleek eta ikertzaileek. EHUko estatutuetan bermatu behar da kontratatuak eta kidegoetakoak antzeko baldintzetan egongo direla gobernu-organoetan.(13. art.).

 Kontratuen kategorien aukera-eremu zabala ematen da: unibertsitate karrera, lehia publikoen sistema, irakasle-kategoria bakoitzari dagozkion eginkizunak. Eta azkenik, irakasle batzuk administrazio-zuzenbidearen menpe daude eta beste batzuk lan-kontratuaren menpe. Horregatik, oinarrizko legedian, lan-kontratuko langileei irakasleen kidegoen araubide juridikoa luzatzen die: urteko ordu-kopuruan, lizentziak, baimenei eta oporrei dagokienez. Unibertsitate kidegoetako irakasleak, LOUren 56. artikulutik 71. artikulura arautua daude, gehi 774/2002 Erret Dekretuak habilitazio sistema arautzen du.

Kontratatuen sailkapenenean figura hauek ditugu:

 a)            Irakasle osoa. Denbora osokoa, ahal dela. Doktorea, eta hiru urteko esperientzia agregatu modura edo irakasle-kidegoetan; ebaluazio positiboa eduki behar du. Gero, hautaketa-probak hiru aldi ditu: merezimenduak eta historiala; proposatutako irakaskuntza-programa eta ikerketa-proiektua edo proiektuak; eta azkena, jakintza-arloko jatorrizko ikerketa-lan bat aurkeztu eta eztabaidatu. Kontratuak epe-mugarik gabeko iraupena du.

b)            Irakasle agregatua. Denbora osokoa, ahal dela. Doktorea, eta hiru urteko esperientzia unibertsitateko irakaskuntza eta ikerketa jardueretan; ebaluazio positiboa eduki behar du. Gero, hautaketa-probak hiru aldi ditu: merezimenduak eta ikasle, irakasle eta ikertzaile moduan duen historiala, baita irakaskuntzarako eta ikerketarako bere proiektua ere, dena delako jakintza-arlokoa edo espezialitateetakoa; bigarrenik, batzordearen aurrean azaldu eta eztabaidatu aurkeztutako programatik zozketan ateratako hiru gaietatik bat, berak aukeratuta; eta hirugarrenik, batzordeari aurkeztutako jatorrizko ikerketa-lan bat eztabaidatu. Kontratuak epe-mugarik gabeko iraupena du.

c)            Irakasle atxikia. Denbora osokoa ahal dela. Irakaskuntza eta ikerkuntzako eginkizunekin karrera akademikoa hasten dutenentzat erreserbatua. Hauek behar dituzte: doktore-titulua; bi urtez loturarik eza EHUrekin, eta gainera aldi horretan (bi urtetan) irakaskuntza-lanak zein ikerkuntza-lanak egin izana EHUrekin lotuta ez dauden zentroetan edo doktore-titulua EHU ez den beste unibertsitate batek eman izana. Horretaz gain, sailaren aldeko txostena; kalitate-ebaluazio positiboa; merezimenduak azaldu; eta kontratua gehienez lau urterako izango da, urte horiek ez dute zertan bata bestearen segidakoak izan behar. Muga hori zenbatzeko, ez dira kontuan hartuko, kontratuak dirauen artean aita eta ama izatea gertatzen bada, erditu ondoko hamabi hilabeteak.

 Azken kontratu hau LOUren 52. artikuluko irakasle kontratatu doktorearekin konparatzen badugu, Euskal Legeak baldintza gehiago jartzen ditu LOUk baino. Zeren LOUren 52. artikuluak “irakasle kontratatu doktorea” izateko eskatzen ditu: doktorea izatea, hiru urteko esperientzia, ANECA edo ebaluaziorako euskal agentzia; baina LOUk ez du desbinkulaziorik eskatzen eta ez dio kontratuari eperik jartzen.

 Beraz, Euskal Legeak bi urteko desbinkulazioa eskatzen du edo bi urte horietan EHU ez den beste unibertsitate bateko doktore-titulua; baina harrigarriena da lau urteko muga jarri diola kontratuari, LOUk mugarik jarri ez duenean. Desbinkulazioaren baldintza honek eskatzen du euskal sistemak mugikortasuna eta desbinkulazioa sistemaren barruan egitea bermatzea. Bestela, EHUkoek Espainiako sistemako beste unibertsitateek dituzten baldintza zorrotzagoak izango zituzketen, oztopoak jarriz bertako irakasleei eta EHUn doktore-titulu berria atera dutenei figura honetan sartzeko (desbinkulatuta egon behar direlako bi urte); eta, alderantziz, EHUtik kanpoko unibertsitateetako irakasleak edo doktore-titulatu berriak sartzea posibilitatuz. Hau EHUko irakasle eta ikertzaile berrientzat oztopo da; gainera, kontuan hartuz, zenbait arlotan euskaraz EHUn baino ez dela ematen, honek, euskara bultzatu beharrean, aurkakoa eragiten du euskarazko irakasleei beste oztopo bat jarriz, eta EHUkoak ez diren beste unibertsitatekoak eskuzabalik hartuz. Hau ez da berdintasun-aukera, ez EHUkoentzat ez euskara bultzatzen dutenentzat. Bukatzeko, LOUk jarri ez duen baldintza jarri du Euskal Unibertsitate Legeak, besteak beste, euskara bultzatzearen kaltetan.

 d)            Irakasle laguntzailea (kolaboratzailea). Lan-aldi mota irakaskuntzako beharrizanen arabera zehaztuko da: lanaldi partziala ala osoa, irakaskuntza lanak betetzeko; Liz., ark., ing., dipl. ark. tek, ing. teknikoen artean. Bi kontratu mota aurreikusten dira: bata, epe-mugarik gabekoa, eta bestea, aldi baterakoa. (LOUren 51. artikuluak ez du mugarik jarri eta ez du esaten aldi baterako denik ere). Kategoriara iristeko aldeko kalitate-ebaluazioa behar da. Eta epe-mugarik gabeko kontratatuetan: hautaketa-batzordeari aurkeztu eta eztabaidatu izangaiaren irakaskuntza-programa, eta zehazki, zozketaz bere programatik ateratako hiru ataletatik berak aukeratutako atal bati buruzko azalpena eta eztabaida. Ez du ezer aipatzen aldi baterako kontratuetarako.

 e)            Irakasle elkartua. Denbora-zati bateko lanaldia izango dute (arduraldi partziala dute). Irakaskuntza zereginak betetzeko ez beste ezertarako, beren lanbide-jarduera unibertsitatetik kanpo betetzen dutela egiaztatzen duten gaitasun ezagutuko espezialisten artean hautatuta. Kategoriara iristeko behar dira: aldeko kalitate-ebaluazioa, gaitasun ezagutuko espezialista dela esanez (LOUk bere 53. artikuluan, ez du kalitate ebaluaziorik eskatu). Kontratuaren gehieneko iraupena hiru urtekoa izango da, nahiz eta kontratua amaitu ondoren beste kontratu bat lortu ahal izango duen irakasle elkartu moduan lanpostu horretan bertan zein besteren batean. Ez dago mugarik bata bestearen atzean kontratuak egiteko.

 f)             Irakasle bisitaria. Kontratua aldi baterako izango dute, ospe zientifiko zein tekniko ezagutua duten irakasleen eta ikertzaileen artean, beste unibertsitate edo ikerketa-zentro publiko zein pribatu batzuetatik badatoz. Kontratuon iraupena hiru urtekoa izango da gehienez, nahiz eta kontratua amaitzean beste kontratu bat izenpetu ahal izango den.

 g)            Irakasle emeritua. Unibertsitateak, bere estatutuetan ezarritakoarekin bat etorriz, irakasle emerituak kontratatu ahal izango ditu EHUn edo beste unibertsitate batean zerbitzu nabarmen aipagarriak egin dituzten irakasle erretiratuen artean, diren funtzionario edo kontratatuak, beti ere 75 urte baino gutxiago badute. Kontratuon iraupena hiru urtekoa izango da gehienez, nahiz eta kontratua amaitzean beste kontratu bat izenpetu ahal izango den. Nolanahi ere, 75 urte betetzen dituztenean amaituko dira, eta baldintza honen berariazko aipamena jaso behar da kontratuan. (LOUk eskatzen du funtzionario jubilatua izan behar duela; beraz, oso ongi egin du kasu honetan eskakizun hori kentzerakoan, lan-kontratatuei aukera hau zabalduz, zeren zerbitzu nabarmen aipagarriak eduki ditzake funtzionarioak zein lan-kontratadunak).

h)            Laguntzailea. Prestakuntzan ari den langilea da. Ia besterik gabe doktore-tesia egiten ari da (ondorioz, doktoretza-ikasketak burututa). EHUko kide diren katedradun, irakasle titular, irakasle oso eta irakasle agregatuek osatutako Batzordeak hautatuko du. Ez zaie kalitate-ebaluaziorik eskatzen ez LOUn (49.art.), ez hemen.

Hala ere, 14.2. artikuluaren arabera, lan eta zerbitzu jakinetarako irakasleak eta ikertzaileak nahiz teknikariak edo bestelako langileak ere kontratatu ahal izango dira, zientzia eta teknika ikerketetarako proiektu jakinak egiteko.

 Bestalde, ikertzaileen artean, kontratatu gabekoak eta kontratatuak ditugu:

 Ikertzaile kontratatuetan, aldeko kalitate-ebaluazioa izan behar da, eta bi kontratu-mota ditugu: doktore ikertzailea (irakasle agregatuek dituzten eskubide berak izango ditu) eta ikerketako irakaslea (irakasle osoek dituzten eskubide berak izango ditu).

 Kontratatu gabeko ikertzaileetan, ikertzaile hasi berriak eta ikertzaile esperientziadunak ditugu. Ikertzaile hasiberriak Euskal Unibertsitate-sistemako doktoretzako bekadunak izango dira; hala ere, hori ez dute oztopo izango laguntzaile gisa kontratatu ahal izateko. Eta ikertzaile esperientziadunak, itun, hitzarmen, edo bestelako lankidetza-mota baten bitartez unibertsitatean ari diren doktore ikertzaileak izango dira.

 Bestalde "irakurle"aren figura ere aipatzen da, behin. 

IKASLERIA

LOUren VIII tituluko 42. artikulutik 46.3 artikulura artekoek lege organikoaren izaera dute; 46.4 artikuluak, ordea, ez.

 Euskal Legearen 41.a artikuluan, irakaskuntza EAEn ofizial diren hizkuntzetako edozeinetan jasotzeko eskubidea aitortzen da; horretarako xedatutako baliabideak erabiliz. Hots, alde batik eskubidea aitortzen da; eta bestetik, baliabideak (irakasle euskaldunak,...) ez baleude eskubidea ez litzatekeela errespetatuko. Beraz, azken baldintza horrek eskubidea apurtzen du.

 Bere 43. artikuluan, informazio akademikoa EAEko bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko eskubidea zehazten da. Baina ez da zehazten informazio hori eskatzerakoan berak aukeratutako hizkuntzan hitz egingo dioten: AZPko langilerik egongo den, baizik, bere hizkuntza eskubidea osorik errespetatua izateko.

 Titulazioaren aldetik oso positibotzat hartzen da Europako gehigarriaren diploma (46.2 art.), eta baita ere funts publikoz finantzatutako titulu berriak ezartzerakoan, taldeak finkatzeko euskara erabiltzea lehentasunezko irizpide bezala.

 Positiboa da 47. h) artikuluan aipatzen dena ere: ikasketa planetan, hizkuntzak ikasteari indarra ematea. Baina hemen, lehenago hizkuntza-diskriminazio lortzea izango zen logikoena. Hau da, erdaldunek ikasi ahal duten gaietan, euskaldunek ere aukera bera edukitzea, bederen bakoitzak aukeratu duen hizkuntzan titulua ateratzeko. Eta hizkuntzari dagokionez diskriminazio-eza bermatuz gero, orduan hautazko bezala irakasgaiak beste hizkuntzetan ere eskaintzea, aukera berean erdaldun zein euskaldun ikasleei. Beraz, positiboa izan arren, oinarrizkoak diren hizkuntza eskubideak bete beharko lirateke lehenago; eta oraingoz, ikasle euskaldunak diskriminatuta jarraitzen du bere herrian.

 Hau lortzeko bidean, oso positiboa da 67.2. artikulua, lau urteko unibertsitate-planarena, EHUri helburuak betetzeko eta kalitatea hobetzeko finantzaketa-eredu bat bermatuz.

BESTE

 79. artikuluan, Euskal Unibertsitate-sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia zuzenbide pribatuko ente publiko gisa sortzen da. Aipatzekoa da, Agentziaren jardueraren kanporako harremanak Zuzenbide Zibilaren, Merkataritza Zuzenbidearen eta Lan Zuzenbidearen pean egongo direla. Oro har, ordea, ebaluazio, egiaztapen, eta ziurtatze egintzetan eta ahal publikoak erabiltzea dakarten egintzetan Zuzenbide Publikoaren pean izango dira.

 VII. titulazioan, finantza araubidean printzipio orokor bezala administrazio-izaera izango duten programa-kontratuak hitzartu ahal izango dira. Berez baldintzapeko dirulaguntzak dira, unibertsitate publikoei zein ez-publikoei zerbitzu publiko zehatza emateagatik; baina baldintzak, gutxienez, publikoari ezarritako berberak izango dira.

Bestalde, unibertsitate publikoari dagokionez Jaurlaritzak erabakiko du aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako hornidura, Unibertsitateko Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak txostena egin ondoren. Ez zaio unibertsitate publikoari finantziazioa bermatzen.

 Publikoak ez diren unibertsitateak VIII. tituluan arautzen dira. Hamargarren Xedapen gehigarrian, Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea 2005/2006an EHUra bildutako 6/2001 Lege Organikoaren aplikazioan. Bertan, irakasleen eta zerbitzuetako langileen egoerak arautzen dira.

 Eta azkenean, aldi baterako Bigarren eta Hirugarren Xedapenetan, EHUn dauden 1.200 irakasle-kontratatuen egoerari irtenbidea eman nahi zaio; eta aldi baterako Laugarren eta Bosgarren Xedapenetan, berriz, EHUko AZPko langileei. Honela:

 Aldi baterako Bigarrenean Xedapenean, 6/2001 Lege Organikoa indarrean sartzean osoko irakasle elkartu zirenak, Euskal Lege hau indarrean sartzen den unean (EHAAn argitaratu eta handik 20 egunetara), denbora osoko irakasle elkartu edo irakasle elkartu doktore bezala kontratuta dauden EHUko irakasleak irakasle laguntzaile edo irakasle atxiki bezala kontratatuak izango dira, bere doktore-egoeraren arabera, baldin eta unibertsitate horretan gutxienez bost urtean irakasle edo ikertzaile lanetan aritu direla egiaztatzen badute, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate-Agentziaren aldez aurreko kalitate-ebaluazioaren txostena baldin badute.

 Ezarritako denbora-baldintza egiaztatzen ez duten EHUko irakasleak, edo antzinatasun hori izan arren (bost urte) legea indarren sartzean EHUk kontratatuta ez dauden irakasleak, aldi baterako irakasle laguntzaile moduan edo irakasle atxiki moduan izango dira kontratatuak, beren doktore-egoeraren arabera. Legea indarrean sartzean kontratatuta ez dauden irakasleei dagokionez, xedapen honek bi urteko indarraldia izango du, lege hau argitaratzen denetik kontatzen hasita. Horiek guztiek Euskal Unibertsitate-sistemaren Kalitate-Agentziaren ebaluazioa pasa beharko dute, beren titulazioaren arabera kontratu iraunkorren figura batzuetara edo besteetara iritsi ahal izateko.

 Aldi baterako Hirugarren Xedapenean, lege hau indarrean jartzen den unean irakasle laguntzaile gisa lanean ari direnak, baina kalitatea ebaluatzeko kasuan kasuko agentziaren aldeko txostenik eduki gabe, lan hori egiten segitu ahal izango dute, dagokien hezkuntza-arloan, euren eskaera Euskal Unibertsitate-sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak ebatzi arte.

 Aldi baterako Laugarren Xedapenean, EHUko behin-behineko edo aldi bateko lan-kontratudun AZPkoari funtzionario edo behin betiko lan-kontratupekoa izateko aukera ematen zaio; prestaturiko zerbitzuak baloratuko dira EHUko oposizio-lehiaketa publikoetan oposizioan lor daitekeen %45a gehien jota. Balorazio hori hiru deialditan aplikatuko da. Baina, aldi berean, agindutakoa bete arte, behin-behineko edo aldi bateko lan-kontratudun langileek oraingo zerbitzu-harremanari eutsiko diote, betetzen ari diren lanpostuetan, eta beren soldatak legeak aurreikusitako erregimenari egokituko zaizkio.

 Xedapen honek AZP kontratudunen "egonkortasuna"ren antzekoa dakar; eta beraz, AZPko langile hauentzat euskalduntze-programa berezia beharko da, kontuan hartuz azken deialdia orain dela hamabost urte inguru izan zela. Bestalde, kontuan hartuz beste unibertsitateekin konparatuz EHUn AZPren portzentaia oso txikia dela, deialdietan Euskararen Legea eta Administrazio Publikoetarako Hizkuntza Araubidearen Dekretua beteko dituen soslaiekin eskatu beharko lirateke, administrazioko eta zerbitzuetako pertsonala euskaratzeko ahaleginetan; AZPko langile berri euskaldun gehiago, alegia.

 Aldi baterako Bosgarren Xedapenean, karrerako funtzionarioak eta lan kontratuko langile finkoak plantilla laboralean sartu edo dagokien kidegoko funtzionario izatera iritsi ahalko dira. Salbuespen gisa konbokatuko dira hautatze-proba murriztuen bidez; Lege hau argitaratu eta hurrengo sei hilabeteko epearen barruan egingo da deialdia. Baina, probetan parte hartzen ez dutenek lehengo egoeran jarraituko dute.

 Eta azkenik, Aldi baterako Seigarren Xedapenean, Legea indarrean sartzen denetik kontatzen hasita, hiru hilabeteko epearen barruan eratuko da Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia.

 Ondorioz, alde positiboa dauka langileen egonkortasunaren aldetik, baina euskararen egoera ez da behar bezala bermatzen, eta larregi uzten da une bakoitzean egon daitezkeen Herri Agintarien eskuetan. Euskarari dagokionez helburua (hizkuntza eskubidea bermatzea) bidearekin (normalizazioa) erratzen da. Beraz, euskararen aldetik planifikazio zehatza eskatzen du egoerak: dauden AZPko langileek euskaratzeko-planak egoki finantzatuz eta aurreikusiz, eta baita AZPko plantillan euskarazko soslaidun lanpostuetako deialdia eginez, soslaien moratoria barik; zeren egonkortasunaren antzekoa bermatuta daukate hiru deialdietan AZPko kontratupeko langileek. Aldi berean, kontratu-programen bidez, Euskararen Plangintzaren beharrak agertzen dira EHUn, eta baita Euskal Uniberstitate-sistemako beste unibertsitateetan euskararen presentzia handituz joateko plangintza zehatzak ere, noski, dagokion finantziazioaz. Ez da Euskal Unibertsitate-sisteman, erreferentea den unibertsitate publikoaren finantziazioa bermatzen. Bestalde, LOUn lege organikoaren izaera ez duten hainbat artikulu ez ditu arautzen, EAEko autonomia estatuaren 16. artikuluak  uzten dion bezala. Eta batzuetan, LOUk jartzen dituen jarrera zarratuak baino zarratuagoak agertzen dira artikulu batzuen testuetan. Bestalde, sistemaren ikuspegia positiboa izan daitekeen arren, koordinazioaren aldetik Euskal Unibertsitatea erreferente bihurtzeko Europako eremuan goi-mailako irakaskuntza zerbitzu bezala definituz, ez dio euskararen eskubideei eta finantzazio-arazoei irtenbide bermatzailerik ematen. Legeak alde positiboak eduki arren, oso hurbileko arazoei konponketa edo oxigenoa ematen diolako, irakasle kontratatuen egoera ebaluazioaren menpean uzten du: egoera kolektiboa egoera indibidual bihurtu nahi du, horrela arazoa atzeratuz. Ikusiko da zer gertatzen den oraindik irizpiderik ez duten ebaluazioekin, zeren Euskal Agentzia sortzear baitago.

 Baina Euskal Herriak Euskal Herri osoaren, eta bere hiritar/herritarren identitatea, hauen hizkuntza-eskubideak, eta berezitasunak errespetatzen dituen unibertsitate-sistema behar du, Europako eremuan erreferente izango den unibertsitate-sistema. Gizartearekin elkar lanean goi-mailako irakaskuntzan eta ikerkuntzan gehiago inbertitu behar du, finantzabide egokiekin eta unibertsitate publikoari sisteman erreferente izateko bere funtzioak betetzeko finantziazioa bermatuz. Halaber, hezkuntza, eta honen barruan goi-mailako hezkuntza, zerbitzu publiko modura definituz Euskal Unibertsitate-sistema, gizartearen zerbitzura, bere motore bihurtu behar du.

 Lege honek ez ditu konpontzen Euskal Herriak goi-mailako irakaskuntzan eta ikerkuntzan dituen erronkak; egia da bideak irekita uzten dituela, araudi-marko hestu batean harrapatuta, baina beti unean uneko Herri Agintarien borondatearen menpean. Legea positiboa da, baina ez nahikoa, gutxiegi da; ez da lege propioa. Artikulu batzuetan, LOU baino zarratuagoa da; eta arautzea posible zituen beste artikulu batzuk (LOUn lege organikoaren izaera ez zutenak) arautu barik utzi ditu; agian, etorkizunean lasaiago arautzeko aukera izango da. Epe laburrera begira egindako legea da; agian, 2010era soilik begira, Europako eremuan, irteeran posizioak hartzeko egina. Euskal Herriak lege estrategiko bat behar du, epe luzera begira; baina, aldi berean, epe laburreko eta ertaineko erreferenteak galdu barik: lege propioa, berea.

 

BAT aldizkaria: 
50. 2004ko martxoa. Unibertsitatea eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Europa
Euskal Herria
Egilea(k): 
Alberto Bilbao
Urtea: 
2004