Hizkuntz politika Deustuko Unibertsitatean

pausuz pausu, normalizazioa garatuz joan da eta euskara maila zientifikoan landuz. Unibertsitatea bera euskalduntzeko “Hirurteko Planak” egin izan dira ondorioz, eta azkenik, 1999-2000 ikasturtean, “Deustuko Unibertsitateko Euskararen Normalizazio Plana” onartu eta indarrean jarri zen.

1998ko “Hirurteko Planak” ongi argitu eta azpimarratzen du elkarren arteko lotura : «gizarteei zinezko zerbitzua eskaintzen jarraitzeko, arreta berezia jarri behar dugu Unibertsitatean ere euskararen erabilpena normalizatzeko»; «euskal gizarteak bere transformazio ahalegina gauzatzeko laguntza eskatzen digu, eta kultur baloreetan modu kritikoan sakontzeko gonbita egiten digu

Hizkuntz normalizazioaren alderik garrantzitsu eta esanguratsuenetarikoa, unibertsitateak eskaintzen dituen zerbitzuei begira, idatzizko zein ahozko komunikazioarena da. Hala ere, langileekin zerikusia duenez, plangintza epe ertainera nahiz luzera egin zen, helburuak errealitatearen arabera finkatuz eta gainditzeko zailak izan zitezkeen egoera pertsonalak kontuan hartuz.

Irakasle ez direnentzako “Heziketa Plana” eratu zen, lanpostu bakoitzari dagokion hizkuntz eskakizunaren araberako hizkuntz gaitasuna lortzeko. Plan horrek izan ditzakeen lan-ondorioak gogoan izanda, planaren antolaketa arlo desberdinetako arduradunekin koordinatu zen euskalduntze prozesua ahalik eta behaztopa gutxienekin gauzatzeko.

Deustuko Unibertsitateko zentro, fakultate, nahiz eskola guztiek euren HKO dute Euskararen Normalizazio Plana garatzeko. Hauen oinarrizko eginkizuna da zentro bakoitzean ezarritako hizkuntz helburuak aplikatzean laguntza eskaintzea. Ildo horretatik, HKOk planifikatzen du zentroaren euskarazko irakaskuntza lerroa

lehentasuna ematen zaie irakaskuntza euskaraz gauzatzeko gai diren irakasleei. Hizkuntz egokitzapena behar duten irakasleei dagokienez, bakoitzak behar duen laguntza eskaintzen zaio.

Aldi berean, zentroak irakasle eta bekadunak hezteko politika garatzen ari dira, eta horrek epe luzeagoa eskatzen du ezbairik gabe.

Beste alde batetik, Hirugarren Zikloa da unibertsitateko irakaskuntza emateko gai izango diren irakasleen iturburua eta, noski, irakasle elebidunena ere; hortaz, euskaraz egiten diren lanak erabilgarriak dira, dela ikertzaileari eta doktoregaiari begira, dela hizkuntzaren beraren garapenari begira, dela eskolagaiak eskaintzeko aukerari begira.

Bestalde, zenbait ikasketetan ikasleen kopuruaren beherakadak ere, zailagoa egiten du orain arte eskaintzen zen hizkuntz ereduari eustea. Horiez gain, Deustuko Unibertsitateak berak ere Plan Estrategiko berria diseinatzen dihardu, eta eleaniztasunak eta bereziki euskarak toki propioa dute plan horretan.

Esan bezala, unibertsitatean ikasle kopurua, oro har, gutxitu egin bada ere, bere burua euskaldun agertzen dutenen kopurua gero eta handiagoa da. Hala ere, eta horretan bada zerbait astiro aztertzekorik, euskaraz ikasteko aukerari muzin egiten baitio gehiengo handi batek, ausartuko ez balira bezala euskaraz eskaintzen diren gaiak hartzera.

erakunde publikoetatik publikoak ez diren unibertsitateak ere lagundu egin beharko lirateke, ala, agian hobeagoa litzatekeena ongi eginez gero, ikasleak eurak positiboki lagundu euskaraz ikasteko dituzten aukerak har ditzaten. Hori uste dugu Deustuko Unibertsitatean eta horrela erantzun nahi genieke euskararen irakaskuntzaren normalizazio arazoei.

      

1. SARRERA

Urteak dira Deustuko Unibertsitateak euskarari eta euskal kulturari ateak zabaldu zizkiela. Horren lekuko da 1967. urtean sortua izan zen Euskal Kultur Mintegia, zeinek, beste helburuen artean, euskararen irakaskuntza zuen nagusienetakoa. Unibertsitateak, 1978-1979 ikasturtean, Euskal Irakaslegoa deritzan Institutu bihurtu zuen mintegi hori eta, beraz, ikasturte honetan zilarrezko ezteiak ospatzen ditu. Hogeita bost urte nahiz bertako unibertsitariak nahiz kanpoko ikasleak euskalduntzen eta alfabetatzen, handik igaro diren 25000 mila ikasleek haren izen on eta ospea egiaztatzen dutelarik.

 Euskararen inguruko kezkaren eta geroztik egin izan den bidearen erakusgarri bezala, aipagarria da baita ere 1974.ean, Deustuko Unibertsitateak, Bizkaitar Ikasketa Departamenduaren barnean, “Euskal Linguistika Katedra” sortu zuela, berau izan zelarik abiapuntu 1976-1977 ikasturtean Euskal Filologia ikasketa eta titulu berriarekin Bilboko zein Donostiako campusetan hasteko, aldez aurretik inolako ofizialtasunik lortu gabe, noski. Titulazio honek ere bete zituen hogeita bost urteak 2001-2002 ikasturtean. Geroztik, eskolak euskaraz ematen, fakultate desberdinetan, 1980an hasi ziren, eta 86an Euskal Errektoreordetza sortu zen. Hortik aurrera, pausuz pausu, normalizazioa garatuz joan da eta euskara maila zientifikoan landuz. Unibertsitatea bera euskalduntzeko “Hirurteko Planak” egin izan dira ondorioz, eta azkenik, 1999-2000 ikasturtean, “Deustuko Unibertsitateko Euskararen Normalizazio Plana” onartu eta indarrean jarri zen.

 Unibertsitateak gizartearen egituratzaile behar du izan, ez gizartearen beharrizanei eta eskakizunei erantzunez bakarrik, bere jokabideetan gizartearen eredu ere bilakatuz baizik. Beraz, “normalizazioa” esaten denean, “normalizazio” hitzak erabilera arruntean hartu ohi zuen esanahi orokor eta esanguratsua jaso nahi izan zen egin zen planean. Bi alderdi nagusi hartzen ditu erabilera horrek: batetik, gizarte jakin bateko kideek hizkuntza hori erabiltzeko benetako aukera eta askatasun osoa erdiestea eta, bestetik, erabilera bera erraztu, ugaritu, eta hedatzea. Horrenbestez, “DUn euskara normalizatzeak” honako hau esan nahi du, oro har: DUn euskara komunikazio tresna normala bihurtu behar dela edozein harremanetarako eta aukera hau sendotuz eta euskararen erabilera indartuz joan behar dela planean finkatu ziren helburuen eta egitekoen arabera.

 Nolanahi ere, Unibertsitatearen helburu propioei dagokienez -horien artean heziketa delarik garrantzitsuenetarikoa- hizkuntza, edozein hizkuntza, tresna bat baizik ez da. Bere izatez komunikazio-tresna delako, noski; baina, horrez gain, hizkuntzaren inguruan eratzen diren espezialitateetan izan ezik, besteetan hizkuntza bera ez delako ikas ala aztergai, ikaslearen prestakuntzarako bide edo ezinbesteko lanabes baizik. Hala eta guztiz ere, ezin da ahantzi komunikazio-gaitasuna berez dela berebiziko garrantzia duen balioa eta egungo unibertsitarioen lanbide-gaikuntzan baztertezina bihurtu den trebetasuna.

 Burutapen horiek, oro har, hizkuntzari buruzkoak ziren heinean euskarari ere aplika zitzaizkiokeen; eta, Deustuko Unibertsitateak hizkuntza-normalizaziorako plana garatzean, hor azaldu diren bi helburuak izan zituen begien aurrean: batetik, zerbitzuetan oro euskararen erabilera-aukera ziurtatu eta indartu, eta, bestetik, ikasleen formazioan, hots, nor bere espezialitatean eta horri zegozkiokeen lanbidetan, euskara egoki erabiltzeko prestatu eta trebatzeko aukera ikasleei eskaini.

 Deustuko Unibertsitateak gizarte osoari zerbitzua eskaintzeko  eta, batez ere, Unibertsitatea bera hartzen duenari, betidanik duen helburuaren baitan kokatzen da Normalizazio Plana, tokian tokiko historiari zein kultur baloreei zor zaien begirunea izanez eta beharrezko duten laguntza eskainiz. Estatutu Orokorrek honela zehazten dute asmo hori: «Euskal Herriaren berezko kultura suspertzea».

 Gisa bertsuan, “Deustuko Unibertsitatearen Egitasmoan” ere lehentasun bezala aipatzen da gizartearekiko zerbitzua, eta, azkenik, 1998ko “Hirurteko Planak” ongi argitu eta azpimarratzen du elkarren arteko lotura : «gizarteei zinezko zerbitzua eskaintzen jarraitzeko, arreta berezia jarri behar dugu Unibertsitatean ere euskararen erabilpena normalizatzeko»; «euskal gizarteak bere transformazio ahalegina gauzatzeko laguntza eskatzen digu, eta kultur baloreetan modu kritikoan sakontzeko gonbita egiten digu, unibertsitate mailan euskararen hazia ereiteko ahalegin berezia galdatuz».

    

2. DEUSTUKO UNIBERTSITATEKO EUSKARAREN NORMALIZAZIO PLANA (1999-2004)

Aipatu diren helburu orokorren gidaritzaz, honako helburu zehatzak definitu ziren hizkuntz normalizazio planean:

  •   Deustuko Unibertsitateko komunikazioei gagozkiela, hirurtekoaren zentro guztietako idatzizko komunikazio ofizialak euskaraz ere egitea
  • «Kohesiorako Hizkuntz Organoak» eratzea.
  • «Kohesiorako Hizkuntz Organo Nagusia» eratzea.
  • Deustuko Unibertsitateko zentro bakoitzean hizkuntz eredu egokia ezartzea, honako eskakizun hauek betez:
  • . Talde biko zentroetan: gutxienez enborrezko edo derrigorrezko ikasgai bat euskaraz eskaini Lehenengo Zikloaren seihileko bakoitzean.
  • . Talde bakarreko zentroetan: Lehenengo Zikloaren seihileko bakoitzean, ikasgai bat euskaraz eskaini.
  • Irakasleentzako hizkuntz heziketarako plana egitea. Heziketa horretan, besteak beste, laguntza eskainiko zaie kasuan kasuko ikasgaiak euskaraz emango dituzten irakasleei.
  • Hizkuntz ereduaren harira, ikasgai bakoitzean erabiltzen diren eskuliburuen hizkuntz kalitatea bermatzea, ikasgai horretako hiztegi zientifikoa arreta bereziz hartuz.
  • Terminologia zentroa eratzea, eskuliburuen prestakuntzarako eta irakasleen lagungarri.

 Eta ildo horretatik jarraituz, Unibertsitatean Euskara Normalizatzeko Plana aplikatzeko, alde eta zeregin hauek kontutan hartu zituen:

  • Ohiko komunikazioari dagokionez, euskara Unibertsitateko komunikazio guztietan —ofizial, ez­ofizial, barneko nahiz kanpokoetan— erabili behar zela.
  • Administrazio zerbitzuetan, kasuan kasuko arreta euskaraz ahalbideratzea bermatu behar zela.
  • Ikasleen alorrean, heziketa egokia ematea, euren lanbidea euskaraz garatzeko gai izan zitezen.
  • Irakasleei begira, zentro bakoitzak bertako normalizazio planen araberako gaiak emateko adina langile izan behar zituela.
  • Euskaraz eman beharreko gaiak kasuan kasuko plangintzetan zehaztu eta normaltasun osoz sartu behar zirela zentro bakoitzaren ikasketa planetan; halaber, zentro horretako organo eskudunei zegokiela gai horien jarraipena egitea, gaztelaniaz ematen diren gaien kasuan egiten den bezala.
  • Amaitzeko, eskolagai egokien prestakuntza zaindu behar zela: eskuliburuen argitalpena, kontsulta nahiz irakurketarako lanak, etab.

 Helburu horien arabera hiru esparru nagusitan bereizten da Plana: Komunikazioarena eta Zerbitzuena,  Irakaskuntzarena, eta Ikerkuntzarena.

2.1. Komunikazioaren eta Zerbitzuen esparrua

Esparru honetan bereizten diren bi arlo hauek, komunikazio idatziak eta zerbitzuak, izan duten garapena horrelakoa izan da.

 Komunikazio idatzian, aurretik ezarria zegoen azken “Hirurteko Planean” zentro guztietako komunikazio ofizialen %100 elebiduna izan behar zela. Edonola ere, helburu hori hizkuntz normalizazioaren prozesuan sartzen da, eta horrexegatik, komunikazioen «ofizialtasuna» ez da esangura hertsian ulertu behar, esangurarik zabalenean baizik; horrenbestez, erdietsi behar da egiten diren komunikazio idatzi guztiak elebidunak izatea.

 Zerbitzuen esparrurako ezarri diren helburuen artean, esan bezala, garrantzi berezia du ahozko komunikazioak —ikasleak hartzea, administrazio leihatilak, idazkaritzak, bedelak, liburutegia, taberna, fotokopiak, komunikabideekin harremanak eta abar—; alde horretatik begiratuta, ahozko komunikazioa ez dago idatzizkoaren atzetik. Nolanahi ere, ahozko harremanen arloa hain da konplexua eta anitza, ezen aintzat hartu behar diren pertsonen egoera eta beharrizan erabat desberdinak.

 Beraz, komunikazio eta zerbitzuen esparruari dagokion jarduketa plana hau da:

a) Irakasle ez direnen hizkuntz eskakizunak

Hizkuntz normalizazioaren alderik garrantzitsu eta esanguratsuenetarikoa, unibertsitateak eskaintzen dituen zerbitzuei begira, idatzizko zein ahozko komunikazioarena da. Hala ere, langileekin zerikusia duenez, plangintza epe ertainera nahiz luzera egin zen, helburuak errealitatearen arabera finkatuz eta gainditzeko zailak izan zitezkeen egoera pertsonalak kontuan hartuz.

 Hori dela bide, lanpostuek ikasleekin eta jendearekin dituzten zuzeneko harremanak eta, oro har, lanpostuen beharrizanak kontuan hartuta ezarri zen administrazio lanpostuen hizkuntz eskakizuna. Horretarako metodologia hau erabili zen:

 1) Irakaskuntzaz kanpoko antolaketa arloak sailkatu ziren:

  •   Jendea hartzeko arloak: horien eginkizun nagusia jendeari,  bereziki unibertsitateko ikasleei, ahozko nahiz idatzizko harrera eskaintzea da.
  • Gizarte arloak, bereziki Unibertsitatearen harremanak: dela barne-harremanak —hots, erakunde eta kudeaketa izaeradunak—, dela Unibertsitatearen kanpo-harremanak.
  • Arlo bereziak: halakoak dira mantenimendu, obra, nahiz garbiketa zereginak eskuz gauzatzeko zerbitzu instrumentalak.

 2) Lanpostu bakoitzari dagozkion eginkizunak betetzeko euskara maila zehaztu zen. Horretarako, lau hizkuntz trebetasun definitu ziren: ahozko ulermena, idatzizko ulermena, ahozko adierazpena eta idatzizko adierazpena.

 3) Trebetasun bakoitzari dagokion gaitasun maila finkatu zen: baxua, ertaina eta altua.

 4) Azkenik, maila horiek trebetasunekin konbinatuz, administrazio lanpostu desberdinei aplikatu beharreko hiru hizkuntz eskakizun ezarri ziren.

 b) Irakasle ez direnen azterketa eta jarduketa plana

Behin administrazio lanpostuen hizkuntz eskakizunak zehaztu eta gero, kasuz kasu aztertu ziren lanpostu bakoitzari eratxikitako hizkuntz eskakizunaren eta lanpostu hori betetzen zuten pertsonen hizkuntz gaitasunaren arteko lotura.

 Herri Administrazioetan Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Plana arautzen duen Dekretua abiaburutzat hartuta, lehentasunak erabakitzeko oinarrizko irizpideak ezarri ziren, baita adinaren arabera kasuan kasuan ezarritako eskakizunetik salbuetsita garatzeko irizpideak ere. Horrela, antolaketa arloan lehentasuna eman zitzaien jendaurrean bilakatu beharreko lanpostuei; barneko nahiz kanpoko gizarte-harremanetarako postuetan, euskara zerbitzu­hizkuntza moduan bultzatzea, batez ere ikasleak hartzean.

 Euskara erabiltzeari buruz aipatutako dekretua eta Gizarte­hizkuntzazko II Mapa jarraituz, honako jarduketa plan hau onartu zen:

  •  Irakasle ez direnentzako “Heziketa Plana” eratu zen, lanpostu bakoitzari dagokion hizkuntz eskakizunaren araberako hizkuntz gaitasuna lortzeko. Plan horrek izan ditzakeen lan-ondorioak gogoan izanda, planaren antolaketa arlo desberdinetako arduradunekin koordinatu zen euskalduntze prozesua ahalik eta behaztopa gutxienekin gauzatzeko.
  • Kasuan kasuko hizkuntz eskakizuna erdiesteko, langileen ikasketa erritmoa eta euskalduntze epeak zehaztu ziren.
  •   Hizkuntz gaitasunerako ikastaro desberdinak antolatzen dira.

 Normalizazio Planarekin eta horren helburuekin bat etorriz, kontratazio berrietan kontuan hartzen da lanpostu bakoitzari eratxikitako hizkuntz eskakizuna.

 d) Idatzizko komunikazioa

Unibertsitatean, idatzizko agiri ugari egin ohi dira —ofizialak, ofiziosoak, zirkularrak, abisu nahiz ohar publikoak, kalifikazioak, etab.—, horien iturriak anitzak direlarik instantzien arabera. Helburuen muinean dago idatzizko komunikazio guztiak elebidunak izatea:

  •   Aurren­aurrenik, jendaurreko komunikazioak elebidunak dira; egin­eginean ere, horien bitartez normalizazioaren benazko helburuari ekiteaz gain, Unibertsitatearen irudi publikoa zaintzen da esangura honetan: iragarpen tauletan abisuak jarriz, komunikabideetan iragarpenak nahiz publizitatea eginda, ikasleei idazki nahiz zirkularrak bidaliz eta abar.
  •   Halaber, zuzendaritza kargu nahiz taldeetatik, Idazkaritza Orokorretik, Administraziotik, Dekanogoetatik, Departamentuetatik eta abarretatik datozen komunikazioak elebidunak dira.
  •   Irakasle nahiz pertsona zehatzengandik datozen komunikazioak eta jendaurrean azaldu beharreko komunikazio guztiak elebidunak izatera jotzen da.
  • Aldizkako argitalpenetan eta informazio buletinetan euskararen agerpena nahikoa izateko ahaleginetan ari da.
  •   Zentroetako ikasketa planak zabaltzeko argitalpenak —Unibertsitateko Gida, Fakultate, Eskola edota Idazkaritza Orokorreko liburuxkak etab.—  eta web orria elebidunak dira.

 Helburu hori betetzearen gaineko erantzukizuna bulegoei dagokie; bulego bakoitzak —Idazkaritza Orokorrak, Idazkaritza Teknikoak, Administrazioak, Dekanogoak, etab.— zaindu behar izaten du horren betebeharra.

 Idatzizko komunikazio elebidunak dakartzan beharrizan bereziei aurre egiteko, honako jarduketak nahiz zerbitzuak jarri dira abian:

  •    Idazkari euskaldunentzat, euren eginkizunaren araberako hizkuntz trebetasuna erdiesteko ikastaroak antolatu dira, itzulpen zerbitzuekiko menpekotasuna gainditu eta kudeaketan autonomia handiagoa izateko.
  •  Agiri ofizial orokorrak anitzak direnez, Euskara Erretoreordetzaren menpeko “Batzorde Teknikoa” eratu zen, agiriotan hizkuntzaren erabilpenaren irizpideak finkatu —itzulpena, normalizazioa, sistematizazioa eta terminologi baterakuntza— eta horien jarraipena egiteko.

 Azkenik, “Itzulpen Zerbitzua” Unibertsitate osoaren zerbitzura dago, komunikazioen zein zerbitzuen esparruari lotutako kontsultei erantzuteko eta horren inguruko eskakizunak betetzeko.

 e) Jendaurreko ekintzak

Arlo horretako hizkuntz normalizazioaren helburuek dakarte jendaurreko ekintzetan euskarak begirunezko agerpena izatea, batik bat bertara doazen pertsona nahiz komunikabideak parte hartzeko aukera eskaintzen duten ekintzetan.

 2. 2. Irakaskuntzaren esparrua

Irakaskuntzaren xede nagusia da ikasleak hezi eta trebatzea Deustuko Unibertsitateak eskaintzen dituen jakintzagaietan eta lanbide-gaikuntzarako behar dituzten gaitasunetan. Azken hauen artean garrantzitsuenetarikoa da bakoitzaren espezialitateari dagokion hizkuntz gaitasun zientifiko­teknikoa. Irizpide hau funtsezkoa da arlo honen garapenean.

 a) Hizkuntz Kohesiorako Organoak (HKO)

Deustuko Unibertsitateko zentro, fakultate, nahiz eskola guztiek euren HKO dute Euskararen Normalizazio Plana garatzeko. Hauen oinarrizko eginkizuna da zentro bakoitzean ezarritako hizkuntz helburuak aplikatzean laguntza eskaintzea. Ildo horretatik, HKOk planifikatzen du zentroaren euskarazko irakaskuntza lerroa, instantzia eskudunek berori onets dezaten. Horretarako, organo horrek euskarazko irakaskuntza lerroa zehaztu, irakasleen hizkuntz eskakizun teknikoak finkatu eta haien heziketa eratu, irakasgaien prestakuntza antolatu eta ikerkuntza bultzatu dira, besteak beste, gauzatu behar dituen eginkizunak.

 b) Hizkuntz Kohesiorako Organo Nagusia (HKON)

HKONa Euskara Erretoreordetzaren menpe dago zentroetako hizkuntz helburuak modu koordinatuan aplikatzeko, hizkuntz arloko irakaskuntza helburuen segimendu orokorra egiteko eta Unibertsitateko erakundeei aholkuak emateko. Organo hau Euskara Erretoreordeak, HKO bakoitzeko koordinatzaileak, eta idazkariak osatzen dute.

 d) Irakasleak

Irakaskuntzaren alorrean, unibertsitatearen giltzarria irakasleek osatzen dute. Horregatik, irakasle elebidunak hezteari indarrez ekitea, irakasleen hizkuntza heziketarako plana eratzea eta irakaskuntza behar bezala gauzatu ahal izateko laguntza eskaintzea egiteko nagusiak dira. Beraz, lehentasuna ematen zaie irakaskuntza euskaraz gauzatzeko gai diren irakasleei. Hizkuntz egokitzapena behar duten irakasleei dagokienez, bakoitzak behar duen laguntza eskaintzen zaio.

Aldi berean, zentroak irakasle eta bekadunak hezteko politika garatzen ari dira, eta horrek epe luzeagoa eskatzen du ezbairik gabe.Azkenik, aipaturiko helburu zehatzen eta Deustuko Unibertsitatearen hizkuntz normalizazioaren helburu orokorraren ondorioz, irakasle berrien kontratazioan euskara kontutan hartzen da.

 e) Eskolagaiak

Praktikan, euskarazko eskolagai oinarrizkoak eta kontsultarakoak prestatzea zeregin garrantzitsua eta ezinbestekoa da ikasleari bere lanbidean euskaraz jarduteko gaitasuna eman nahi bazaio.

 Edonola ere, zeregin hori zaila bezain beharrezkoa da. Hizkuntz zientifikoak bere terminologia du eta, euskararen kasuan, terminologia hori oraino garatze bidean dago. Horrela, ahalegin bereziak egiten ari dira instantzia desberdinetan ia espezialitate guztietako terminologiak finkatzeko; horrek dakarren arriskua da hizkuntz zientifikoak izan beharreko eraberekotasuna lortu beharrean, terminologia anitza eskain daitekeela.

 Beste erakunde batzuetan itzultzen eta egiten ari diren gaiak erabil daitezkeen arren, Deustuko Unibertsitateak eskolagaiak prestatzeko plan berezia egin du, zentro bakoitzeko hizkuntz plangintzarekin bat etorriz, eta euskaraz ematen diren irakasgaiak gogoan izanda. Ahalegin horri esker, ikasleei mesede egiteaz gain, irakasle eta bekadunen hizkuntz heziketan aurrerapausoa eman da. Edonondik begira dakiola ere, testuen itzulpenak eta, batik bat, gai berrien sormenak duen garrantzia kontuan hartuta, testuon hizkuntz kalitatea bermatzeko neurriak hartu dira. Horrela, lexikologiaren esparruan trebatuak diren adituek ikuskatzen dituzte lan horiek, eta irakasleek nahiz bekadunek euskarazko irakaskuntzaren “Laguntza Gunea”ren laguntza eta aholkuak hartzen dituzte. Deustuko Unibertsitatea, halaber, ahalegintzen da irakaskuntzaren hizkuntz egokitasuna bermatzeko behar diren eskuliburu nahiz testuak urtero argitaratzeko.

 f) Hizkuntz ereduak

Zentroetako egoerak guztiz desberdinak dira matrikulaturiko ikasleen kopuruen arabera. Baina, horrez gain, irakaskuntzaren hizkuntz normalizaziorako eta ereduak ezartzeko bestelako faktoreek ere eragina dute, esaterako, euskarazko irakasgaien garapenak, kreditu kopuruak, eta eredua ezartzeko epeak. Ohartarazi behar da irizpideok ez direla elkarrengandik lokabeak; kontrara, kredituen kopurua, beste kari batzuen artean, gaien izaeraren araberakoa izan ohi da, eta gaiek nahiz kreditu kopuruak baldintzatzen dute eredua ezartzeko epea.

 Gaien izaerari dagokionez, espezialitate bakoitzaren terminologia sendotzea ahalbideratzen duten irakasgaiak aukeratu ziren, terminologia horren barruan karrerako termino orokorrak nahiz espezialitatearen termino bereziak sartuta. Era berean, irakasgaia enborrezkoa, derrigorrezkoa, edo aukerazkoa izan behar den zehaztean, kontuan izan ziren ikasleen lanbide heziketaren gain eragin handiagoa duten jakintzagaiak.

 Euskaraz eman beharreko kredituen kopurua erabakitzean, ikasketen izaera, gaien hizkuntz eta terminologi garapen maila, lan eskaintza desberdina, edota euskarazko irakasleen kopuru urria izan behar dira begien aurrean. Eta garrantzi berezia hartzen du ikasketa mota bakoitzak duen ikasle kopuru osoak, honek baldintzatzen baitu, alderdi orotarik, planaren bideragarritasuna zentro desberdinetan. Horregatik, plangintza errealista eta zuhurra egin behar izan zen.

 Irizpide guzti horiek behartzen zuten epe desberdinak zehaztera zentro eta espezialitateen  arabera, eredua epe barruan ezartzeko neurriak aldez aurretik hartu ahal izateko. Horrenbestez, hona nola gelditu diren ereduak eta hauen aplikazioak:

  •   1. eredua: karrera osoan euskarazko lerroari ekiten zaio, arreta berezia jarriz bai ezagutza arloen araberako aplikazio irizpideei, bai lanbide gaitasun egokia eskaintzeko terminologia zientifikoari. Irakasgaiak enborrezkoak izan behar dira batik bat.
  •  2. eredua: karrerako maila bakoitzean irakasgai bat eskainiko da euskaraz, zentroaren ahalbideen arabera. Irakasgai mota: enborrezkoa, derrigorrezkoa edo aukerazkoa.
  •   3. eredua: irakasgaiak 2. ereduarenarabera eskaintzeaz gain, euskara bestelako jardueretan erabil daiteke: irakurgaietan, zuzendutako lanetan, ikerkuntzan, etab. 

2. 3. Ikerkuntzaren esparrua

Ikasleak lanbide heziketa eta gaitasuna erdietsi dituenean, nahi izanez gero, heziketaren Hirugarren Zikloa egin dezake, ikerkuntza gaitasunari dagokiona alegia, ikasketei buru emateko. Ziklo horretan, teorian bederen, ez da beharrezko hizkuntz plangintzarik, ikertzaileak berak —eta, hala denean, doktoregaiak— aukeratzen baitu erabili beharreko hizkuntza. Zernahi gisaz, Unibertsitateak hizkuntza aukeratzeko askatasuna eman behar du eta ikerkuntza lanak zuzendu ahal izateko zentroetako irakasleen gaitasun elebiduna beharrezkoa bilakatzen da.

 Beste alde batetik, Hirugarren Zikloa da unibertsitateko irakaskuntza emateko gai izango diren irakasleen iturburua eta, noski, irakasle elebidunena ere; hortaz, euskaraz egiten diren lanak erabilgarriak dira, dela ikertzaileari eta doktoregaiari begira, dela hizkuntzaren beraren garapenari begira, dela eskolagaiak eskaintzeko aukerari begira. Edonola ere, doktoradutza kurtsoetan, gai batzuk euskaraz ere eman behar dira programa guztietan, aukeraturiko ikerkuntza gaia jorratzeaz gain, ikasleek hizkuntzaren erabilera ere lan dezaten.

 Ikerkuntzari lotuta, zeharo garrantzitsua da lehen aipaturiko lan zientifikoak argitaratu ahal izatea. Ikerkuntza lanak —eta, bereziki, doktore tesiak— argitara daitezke. Horrenbestez, berebiziko interesa du lan horiek euskaraz egiteko laguntza eskaintzea; duda­izpirik gabe, lan horiek erabilgarriak dira, egilearen banakako ikuspegiari nahiz ikuspegi orokorrari begira.

 Hori guztia dela bide, ikerkuntza lanetan hizkuntzaren erabilpena arautu ezin den arren —ez banaka egindakoetan, ezta taldeka gauzatutakoetan ere—, irakasleei halako ekimenak bultzatzeko eskatzen zaie, euskarazko doktore tesiak zuzenduz edota euskaraz ikertuz. Orobat, ontzat hartzen da Departamentuek kasuan kasuko HKOekin elkarlanean aritu eta euskarazko ikerkuntza lerroak garatzea, edota euskararekin zerikusia duten lanak bultzatzea.

 Helburu hori betetzeko, Deustuko Unibertsitateak honako irizpide honi eusten dio: ikerkuntza lanen lehentasunezko lerroan, laguntza emango zaio euskarazko ikerkuntza lan bati gutxienez.

 2.4. Argitalpenak

Deustuko Unibertsitateko Hizkuntz Normalizaziorako Planak euskarazko argitalpenak aipatzen dituenean, ez dakartza hizpidera plan orokorrak, ezpada zuzenean irakaskuntza helburuei eta ezagutza nahiz garapen zientifikoari lotutako planak; halere, zentzuzkoa denez, ez dira bazter utzi behar unibertsitateko argitalpen plan orokorrean sartzen diren lanak.

 Jakinekoa denez, unibertsitatea da heziketa zein ikerkuntza instantziarik gorenena, eta horren helburuen artean aipa daiteke irakaskuntzarako nahiz hedapenerako testu zientifikoak prestatzea eta argitaratzea. Bada, Normalizazio Planaren barruan, Deustuko Unibertsitateak egiteko hori euskaraz ere gauzatu nahi du, ondoko helburuak erdiesteko: batetik, bertako nahiz beste unibertsitate batzuetako irakaskuntza beharrizanak asetzea; eta, bestetik, euskara beharrizan zientifiko nahiz kultur beharrizan berriei egokitzeko zereginean, lehen mailako ekarpena egitea.

 Euskararen esparruan, unibertsitateko irakaskuntzak sortarazten duen beharrizanik larrienetarikoa da testuliburuak nahiz gai erantsiak hizkuntza horretan eskaintzea. Argi dago gai zientifikoak hizkuntz zehatz batean idazten badira, zientzia bera hobeto ezagutu ahal dela hizkuntza horretan. Horregatik, bekadunen heziketa eta behar diren eskolagaien prestaketa modu koordinatuan gauzatzen dira. Gaztelaniazko irakasgaiak zehazten dituen planaren arabera prestatzen dira eskuliburuak eta eskolagaiak, horrela bermatzen delarik irakaskuntzaren kalitatea eta, ondorenez, ikaslearen heziketa. Guztiarekin, zentro bakoitzeko HKOk bertako beharrizanen araberako argitalpen plana egiten du, kasuan kasuko departamentuaren onespenarekin eta hizkuntz normalizaziorako ereduarekin bat etorriz. 

3.       EGUNGO EGOERA

Hiru urte igaro dira Euskararen Normalizazio Plana Deustuko Unibertsitatean ezarri zenetik. Ordutik hainbat gauza aldatu dira unibertsitate mailan. Besteak beste, unibertsitatearen sistema Europarantz abiatu beharrak aldaketa bortitzak eragin eta eragingo ditu. Bestalde, zenbait ikasketetan ikasleen kopuruaren beherakadak ere, zailagoa egiten du orain arte eskaintzen zen hizkuntz ereduari eustea. Horiez gain, Deustuko Unibertsitateak berak ere Plan Estrategiko berria diseinatzen dihardu, eta eleaniztasunak eta bereziki euskarak toki propioa dute plan horretan. Horrenbestez, euskararen normalizazioari dagokionez, datozen lau urteetarako Euskararen 2. Normalizazio Plana eratzea da xede nagusia momentu honetan.

 Edonola ere, lehengo eta behin, oraindik indarrean dirauen Planaren azken ebaluaketa egin behar da nahi eta nahi ez. Helburuak, nahiz orokor nahiz zehatz, zenbateraino erdietsi diren esparru bietan neurtu: irakaskuntzan, lorpenak, eta, horrela balegokio, porrotak ere halaber onartuz eta, edozein kasutan ere, arrazoiak sakonki aztertuz. Komunikazio eta zerbitzuen esparruari urtetik urterako jarraipen hurbilagoa egin ahal izan zaion arren, lanpostuen eta bakoitzerako eskatzen den profilaren ebaluaketa eta berrikusketa egin behar da, eskatu beharko den profila doi-doi ahokatu dadin aldatuz doan egoerara.

 Ondoren, irakaskuntzari dagokionez, helburuak zehaztu eta diseinu berria egin behar da. Horretarako, zentro bakoitzean datozen lau urteetarako plan berria egin behar da, aurreikusten duten eta egin beharko den eskaintza aztertuz eta horren kudeaketarako beharrezko diren errekurtso guztiak kontuan hartuz. Beti ere, Plan Estrategikoaren ardatz nagusia den ‘Deustuko Formazioaren Eredura’ egokituz.

 Izan ere, ‘Formazio Ereduak’ eskakizun berriak ditu. Lortu nahi diren konpetentzien diseinua egin; ikasketa eta lanbideko profiletan euskararen presentzia espreski kontuan izan, eta baita ikasleen curriculumean hizkuntzen konpetentzia ere. Eta horren inguruan hainbeste puntu, irakaslegoaren gaikuntza eta prestakuntza barne.

 Irakaskuntzaren esparrua ez litzateke osotasunean eratuko ikerketaren alorra alde batera utziko balitz. Datozen lau urteetarako ikasmaterialen prestakuntza bereziki landu nahi da. Eskuliburuen edizioarekin jarraitu eta, horrekin batera, hiztegiak eta terminologiazko datu-bankua garatuz joan. Hitz gutxitan esanda, Deustuko Unibertsitatean ALUD deitzen den irakaskuntzako plataforman curricularrak diren titulazio denak euskaraz idatziriko materialez hornitu nahi dira.

 Komunikazioaren esparruan, batez ere unibertsitatearen baitakoan, orain arte egin den lanaz baliatuz, idatzizko komunikazioen estilo-liburua prestatu nahi da hizkuntzaren erabilera formala arautzeko lagungarri. Eta, horren jarraipen gisa, hizkuntz erabileraren behatokia sortu eta, beti ere, idazkarien hizkuntz formakuntzarekin jarraitu.

      4. GEROAZ ZER?

Honaino, beraz, Deustuko Unibertsitatea egiten saiatu dena  eta, aitzin hurbilera begiratuz, egin nahi duena. Aitzinago begiratuz, berriz, etorkizuna ez da ez hain garbi ez eta hain itxaropentsu ikusten ahal. Esan bezala, unibertsitatean ikasle kopurua, oro har, gutxitu egin bada ere, bere burua euskaldun agertzen dutenen kopurua gero eta handiagoa da. Hala ere, eta horretan bada zerbait astiro aztertzekorik, euskaraz ikasteko aukerari muzin egiten baitio gehiengo handi batek, ausartuko ez balira bezala euskaraz eskaintzen diren gaiak hartzera. Ez ote dakarte, ala hori uste dute, behar adinako hizkuntz prestaketarik? Gizartean eta inkestetan euskarazko klaseen eskakizuna gehituz doa, baina, gero, hautaketa ordua iristen denean, erabakia hartzen duena ikaslea bera izaten da, eta joera ez da hain tinko euskararen aldekoa izan ohi. Arazo hori aztertu eta irtenbideren bat bilatu beharko zaio lehenbailehen.

 Eta horrekin loturik, publikoa ez den gurea bezalako unibertsitate batentzat aski zaila da talde txikien eskolak finantzatzea. Unibertsitateen Lege berriak, aurrera ateratzen bada, ikasleen hizkuntz eskubideak eta euskararenak ere zaintzen ditu. Beraz, gerora begira, eskubide horiek errespetatu nahi badira, aipaturiko erronka horri erantzun arteza eman ahal izateko, erakunde publikoetatik publikoak ez diren unibertsitateak ere lagundu egin beharko lirateke, ala, agian hobeagoa litzatekeena ongi eginez gero, ikasleak eurak positiboki lagundu euskaraz ikasteko dituzten aukerak har ditzaten. Hori uste dugu Deustuko Unibertsitatean eta horrela erantzun nahi genieke euskararen irakaskuntzaren normalizazio arazoei.

 Deustuko Unibertsitateak badu aspalditik jasoa gizartearen oniritzia, eta betitik jokatu du gizarte horren zerbitzura, pertsona eta profesional onak osotasunean prestatuz. Eta zerbitzu eta osotasun horietan sartzen da, hain zuzen, profesional euskaldunen heziketa ere.

 

BAT aldizkaria: 
50. 2004ko martxoa. Unibertsitatea eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Rosa Miren Pagola
Urtea: 
2004