Eskualdetako edo Gutxitutako Hizkuntzen Europako Gutunaren garrantzia politikoa

Egoera hau ez zen arazo izan Antzinako Erregimenarentzat. Herri xeheak zergak ordaindu, noizean behin guda batean parte hartu eta monarkiari leialtasuna adieraziz gero, erregeak ez zuen arazorik herritarrek hautatutako hizkuntzarekin

Deklarazioak argi dio bigarren artikuluan:

“Gizaki orori dagozkio Aldarrikapen honetan adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomi maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik

argi dago gaur egun Europako Batasunean 50 hizkuntza gutxitu baldin badaude hurrengo mendeko lehen hamarkadan kopuru hori bikoiztu egingo dela. Kroazian bakarrik 16 hizkuntza gutxitu daudela eta Errumanian 23 baino gehiago daudela esaten badizuet nire kontuek oinarri aski sendoa dutela ikusiko duzue

Gutuna inplementatzeak benetako erabaki politikoa eskatzen du. Gai hau aipatzen dudalarik, bi gako aipatu nahi nituzke: eskumenez hornitzea eta errealismoa

Eskumenez hornitzeari dagokionez, Belgikakoa adibidea oso interesgarria da. Estatu federala da, hiru eskualde indartsu dituena –Flandria, Walonia eta Brusela- eta ez dio hezkuntza eta kultura alorreko eskumena eskualdeari aitortzen hiru komunitateei baizik –nederlandarra, frantsesa eta alemaniarra-, estatuan dauden hiru hizkuntza talde nagusiei, hain zuzen

Aditu talde bat sortzea proposatzen diot Europako Kontseiluari, hizkuntza sustapenean esperientzia praktikoa duten pertsonez osatutakoa. Talde horretako kideak konponbide gauzagarriak bilatzen lagunduko liekete agintari eta eskualdetako zein gutxitutako hizkuntzen hiztunei

Esan dezakedan gauza bakarra honakoa da: urriaren 23an Belfast City Hall-ean zegoen orok baieztatu egingo du gutunaren garrantzia politiko handia azpimarratzen duen nire argudioa. Eragin hori Europako Batasuna gaindituz, Europa osora iristen da

Oharra: Lan honen jatorria honako dokumentu honetan dago: Dónall O'Riagáin: The political importance of the European Charter for Regional or Minority Languages, in: Implementation of the European Charter for Regional or Minority Languages / . Strasbourg: Council of Europe Publishing, 1999, 14

Eskerrak eman behar dizkiot Europako Kontseiluari gaur hemen zuekin izateko aukera eskaintzeagatik; niretzat ohorea izateaz gain atsegina ere bada. Gutunak zortzi urteko sortze prozesua izan zuen eta denbora epe horretan lana eta diplomazia ugari behar izan genituen. Ferdinando Albanese izan zen gehien lagundu zuena, zeina atseginez ikusten dudan gaur hemen gure artean dela. Badakit bera ez dela minduko gutunaren aitapontekoa izan zela esaten badut. Izan ere, hutsik gabeko bere ahalegina, eta erabateko sineskortasunari esker izan ez balitz, gaur ez genuke gutunik izango.

Izango da esango duenik nazio-estatu modernoaren kontzeptua, burujabetasuna duen erakunde den heinean, eta bere herritar guztiekiko leialtasunari zor zaiona, Westfaliako Bakearen garaian, XVII. Mendean, sortu zela. Nik neronek, auzi horretan nazio-estatu modernoaren benetako prototipoa Frantziako lehen Errepublika dela dioen eskolaren alde egingo nuke. Iraultzaren garaian, Frantzia ez zen oraindik herritarren nazio bat: doi-doi iristen zen probintzien federazio bat izatera[1]. Hemezortzigarren mendearen amaieran populazioaren %30a zen, Ile-de-France izeneko frantsesa mintzatzeko gauza. Gehiengoa gaur egun eskualdetako hizkuntza deitzen ditugun horietako batean mintzo zen: okzitaniera, korsikera (Toskanako hizkuntzatik gertukoa), bretainera, euskara, nederlanderaren aldaera bat, , katalanera, alemaneraren aldaerak Alsazia eta Lorenan, langues d´Ool hizkuntza zaharrak aipatu gabe, alegia, galiera eta pikardera. Egoera hau ez zen arazo izan Antzinako Erregimenarentzat. Herri xeheak zergak ordaindu, noizean behin guda batean parte hartu eta monarkiari leialtasuna adieraziz gero, erregeak ez zuen arazorik herritarrek hautatutako hizkuntzarekin. Iraultzak horrekin guztiarekin amaitu zuen. Une horretan biztanleak herritar ziren, zenbait eskubideren jabe eta estatuari leialtasuna aitortzen zioten.

Nazio-estatu modernoa burokratikoa eta zentralista zen. Garrantzia handia aitortzen zion ordura arte inoiz ukitu gabeko bizitza esparruetara iristeari, esaterako, hezkuntza, administrazio publikoa edo merkataritza. Nahiz eta Frantziako iraultzaileak benetan liberala zen agenda batekin hasi, Gregoire abadearen moduko jendeak eraginda, berehala bihurtu zuten bere eredua autoritario eta zentralista. Estatua eta nazioa, herritartasuna eta nazionalitatea sinonimotzat jotzen ziren. Estatu bat, nazio bat, eta, bistan da, hizkuntza bat. Batasunak uniformitatea esan nahi zuen. Alemania, Erresuma Batua eta Italian (zenbait kasu aipatzearren) batutako nazio-estatu sortzearekin, XIX. mendean zehar Europako hizkuntza komunitate txikien gainbehera ikus daiteke. Salbuespen nabarmen bakarrak Austro-Hungariar eta Otomandar inperioa izan ziren. Izan ere, bi horietan horren handia zen hizkuntza aniztasuna elebakartasun politika ezartzea ezinezko egiten zuela.

Lehen Mundu Gerrak konpondu gabe konponduta baino arazo gehiago utzi zuen. Mugak era guztiz arbitrarioan aldatu ziren, sarri eragindako herriaren nahiarekin ardurarik txikiena adierazi gabe. Estatu gizon britainiar batek, Versaillesko Itunaren negoziazioan aritutakoa, ezaguna da bere ofiziale batengana zuzenduz honakoa esateagatik: “"Gogorarazi iezadazu, lagun zahar hori, gaur goizean Silesia Garaia ala Silesia Behereatik atera gara?". Hitlerrek oker hauetako zenbait eraginkortasun lotsagabeenarekin erabili zituen. Esaterako, Südateland-en alemaneradun gutxiengo bat egotea aitzakia bihurtu zitzaion Txekoslovakia inbaditzeko. Indar garaileek beren lehen akatsetatik ikasi beharrean, bigarren mundu gerraren amaieran itsuturik ziruditen eta gutxiengoekin aurretik baino mesfidantza handiagoa zuten. Europan egonkortasuna ziurtatzeko modurik egokiena gutxiengoak geldirik edukitzea zela uste zuten eta nazio-estatuen batasunari lehentasuna ematea erabaki zuten. Stalin, Franco, Tito eta Salazarren moduko jendeak nolabaiteko "“egonkortasuna" eragin zuen bere estatuen baitan, baina giza askatasun eta duintasunari dagokionez izutzeko moduko ordainarekin.

Bigarren Mundu Gerrako hautsak baretzen hasitakoan aholku burutsuagoak hedatzen hasi ziren. Orain lau egun ospatu genuen Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 50. urteurrena. Deklarazioak argi dio bigarren artikuluan:

“Gizaki orori dagozkio Aldarrikapen honetan adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomi maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik.

Honakoa hizkuntza berdintasuna eta eskualdeko nahiz gutxitutako hizkuntzak mintzo direnen eskubideak aldarrikatu zituen agirien artean lehena besterik ez zen izan. Testu hauen bilduma bat argitaratu berri dut eta benetan itxaropentsua deritzot ikustea ez soilik zeinen ugari diren, baita zeinen iturri desberdinetatik etorri diren ere: Europako Parlamentua, Europako Kontseilua, Nazio Batuak, UNESCO, Lanaren Nazioarteko Erakundea, eta Europako Eskualdeen Batzarra, horietako zenbait aipatzearren. Miresgarria zen ikustea testu horiek hainbat alderditan zeinen antzekoak ziren; nola aitortzen zuten hizkuntza eta kultura aniztasuna gordetzearen garrantzia, helburu hori erdiesteko egin beharrekoaz jabetzea, hizkuntza zein kultur eskubideak estatuen burujabetza kaltetu gabe. Testu hauetariko zenbait aholku edo aldarrikapen hutsak dira, beste batzuk, berriz, erabaki formalak (Europako Parlamentuaren erabakiaren modukoak, esaterako). Bien bitartean, zenbaitek nazioarteko hitzarmenek emandako lege estatusa eskuratu zuen. Hitzarmen horiek berretsi zituzten estatuak sinatutakoa betetzera legez beharturik daude orain. Izan zen gutxiengoen auzi arantzatsuari adarretatik heldu zion agiririk eta horietan lasai mintzo ziren gutxiengo nazional, erlijioso, linguistiko edo kulturalez. Dokumentu zehatz hauen sustatzaileek, ordea, berauen onespenak dakarren ordaina onartu egin behar izan zuten –gauza lauso eta ahula ere izatearena-. Achleitner andereak arestian aipatu du zenbateko aldea dagon Lanerako Gidoia berretsi dutenak eta gutuna berretsi dutenen artean. Benetan gertaera nabarmena. Gutxiengo Nazionalen Babeserako Lanerako Gidoiari ongi etorri esan eta babestu egin dut. Dena den, errealista naizenez, onartu egin behar dut agiriak muga handiak dituela. Izan ere, "“gutxiengo nazionalak" zer esan nahi duen zehazteari uko egiten dion agiria da eta hitzarmena berretsi duten estatuei maila oso orokorrean betetzea besterik ez die eskatzen.

Aldiz, Europako Eskualdetako edo Gutxitutako Hizkuntzen Aldeko Europako Gutunak bere sinadura berretsi duten estatuei eginkizun zehatzak jartzen dizkie. Are gehiago, jarraipen sistema eraginkorra du, zein eginkizun bete den ikusteko. Bestalde, ez ditu bere baitan “"gutxiengo nazional", “"volskgruppen, “groupes ethniques", ez eta "“hizkuntza komunitate" moduko kontzeptuak jasotzen. “"Hizkuntzaz" mintzo da soilik. Hizkuntza hauen “"erabiltzaileez"» mintzo da besteren artean, baina hiztunik gabeko hizkuntzak bizitzerik ez duenez, inplizituki edo zeharka eremu urriko hizkuntzen hiztunei (eskualdetakoak edo gutxitutakoak) zenbait eskubide aitortzen dizkie. Jesuitena dirudien hurbilpen-modu honek estatu-nazioetako gobernuak kezkatzen dituen auziak saihestu eta adostasun zabala duten gaiei lotzen zaio.

Europako Batasunak ez luke gutxietsi behar gutunaren garrantzia politikoa eta honek eskualdetako edo gutxitutako hizkuntzen auziari egiten dion hurbilpena. Europako Batasuna nazio-estatuen federazio bat da, edo laster iritsiko da izatera. Batasunak aldi oro oreka hauskor batean jardun behar du Europako Batasuna eta honekin lehian dagoen nazio mailako burujabetzaren artean. Oreka gordetzeko ahalegin hau are hauskorragoa bihurtuko da Batasunaren hedapenarekin eta, poliki bada ere, handitzen ari den zentralizazioarekin. Kultura eta hizkuntza aniztasunari leku egitea gaur egun Europako Batasunak duen erronkarik handienetako bat da, nahiz eta jendaurrean nekez aitortzen den. Agenda 2000-ren baitan egindako kasuen azterketak errealitate deserosoak ezkutatu baditu ere, argi dago gaur egun Europako Batasunean 50 hizkuntza gutxitu baldin badaude hurrengo mendeko lehen hamarkadan kopuru hori bikoiztu egingo dela. Kroazian bakarrik 16 hizkuntza gutxitu daudela eta Errumanian 23 baino gehiago daudela esaten badizuet nire kontuek oinarri aski sendoa dutela ikusiko duzue. Etengabeko garapena bizi duen egoera honetan sentiberatasuna handitzen joango da. Egoera honen baitan, halaber, zenbait herrik Europako Parlamentari gutxiago izango dute, beharbada komisario bakar bat ere ez, eta onartu egin beharko dute Bruselaren esku eskumen gehiago uztea. (Ekonomiaz ikasitakoan oinarrituz, sinestaturik nago txanpon bakarra indarrean jartzeak ezinbestean presio jasanezinak eragingo dituela prozesua bizkortu eta integrazio politiko handiagoa lortze aldera). Honi benetako subsidiaritatea handitzeko aldarrikapena erantsiz gero, edonork ikusiko ditu benetako dilema baten osagaiak. Egoera honek lege tresna baten garrantzia azpimarratzen du. Hots, estatuen lurralde batasuna zintzo errespetatzeaz gain, hizkuntza eta kultura arloko giza eskubideak babesteko formula bat eskainiko duena, eta, aldi berean, Europan onarpen handia duten baloreak berretsiz, estatuen baitako egonkortasun politikoa lagunduko duena.

Killilea Erabakiak, 1994ko otsailaren 9an Europako Parlamentuak onartutakoa, Europako Elkarteko Hizkuntza eta Kultura Gutxituei buruzkoa, honela dio Parlamentuari buruz[2]:

  • “"Europako Erregioetako eta Gutxitutako Hizkuntzen Gutuna babesten du, Europako Konbentzioa izeneko lege formula onartu zuen, eremu urriko hizkuntzak babestu eta bultzatzeko tresna eraginkor eta malgutzat hartuz."

Eta honakoa ere badio, [Parlamentuak]:

  • “"Oraindik hori egin gabe duten Kide diren Estatuetako gobernuei dei egiten die sina dezaten eta beren parlamentuek Konbentzioa berrets dezaten, beti ere, delako hizkuntza komunitateen behar eta helburuei ondoen egokitzen diren paragrafoak bere eginez".

Erabaki honek gehiengoaren babesa izan zuen: 321 bozka alde, 6 abstentzio eta bozka bakar bat kontra. Nekez pentsa genezakeen berrespen nabarmenagorik Europako Batasunak duen benetan demokratikoa den erakunde bakarrean.

Europako Komisioa une honetan egintza juridiko baten testua apailatzen ari da, zeinak, Europako Batasuneko erakunde nagusiek onartzen badute, eskualdetako edo gutxitutako hizkuntzei zuzenduriko urte-anitzeko ekimen programa bati oinarri legala emango dion. Honek gure hizkuntzen alde 1982az geroztik Komisioak eta Europako Parlamentuak egindako lan aipagarria sendotu egingo du. Testua 1999. urteko hasmenetan onartzekoak dira. Honelako ekimen egitasmo batek lan lerroak zein diren adieraziko duen irizpide multzo bat behar du. Errespetu osoz, adierazi nahi dut gutunak lan lerro horiek eskaintzen dituela. Eta Komisioak aintzat hartu behar luke, ekimen egitasmo honen eraginez etor daitekeen edozein baliabideren erabilera egokia erabakitzerakoan, Estatuek III. atalean jasotako neurriak gauzatzeko agertu duten konpromisoa.

Gutuna inplementatzeak benetako erabaki politikoa eskatzen du. Gai hau aipatzen dudalarik, bi gako aipatu nahi nituzke: eskumenez hornitzea eta errealismoa. Utz iezadazue azaltzen. Nire aburuz, gutunak adierazten dituenak gauzatzen hasteko modurik eraginkorrena edozein gobernurentzat hizkuntza horietan mintzo direnak eskumenez hornitzea da, horren bitartez, behar diren neurriak indarrean jar ditzaten. Esan nahi baita gobernu zentralak eskumen garrantzitsuak eman beharko lizkiekeela eskualdetako, probintzietako eta herrietako agintariei edo eskualdetako zein gutxitutako hizkuntzen hiztunak ordezkatzen dituzten erakunde egokiei. Udal Mailako Autogobernuaren Europako Gutunak[3], Europako hogeita hamar demokraziak berretsitakoa, gai honi buruzko argibide zehatzak eskaintzen dizkigu. Udal eta Eskualdetako Agintarien Kongresuak argi idatzi zuen bere 43. Gomendioan, 1998ko maiatzaren 27an onartutakoa. Gomendio honek adierazten du Kongresuak:

  • "“kontuan hartuz lurralde autonomiaren kontzeptuak ez duela ezinbestean esan nahi gobernu maila jakin bati – dela udal, probintzia edo eskualde mailakoa- emandako eskumenak beti berdinak izan behar dutenik, autogobernu maila berari dagokionez, botereak era desberdinean bana daitezke premia ekonomiko, geografiko, historiko, sozial, kultural eta linguistikoen arabera…"

… gomendatzen du:

  • (a) kide diren estatuei, estatuaren barne antolaketa egin zuten garaian, lurralde eremu jakin batean gutxiengo batek bertako populazioaren zati garrantzitsua osatzen baldin bazuen, babes neurri zehatzak justifikatzen dituela;
  • …(b) aipatu agintariei lege bidez zehaztutako eskumen multzo zabala onartzea, gutxiengo horretako kideak behar bezala babesteko jardun daitezkeen esparru guztietarako, eta bereziki hizkuntza, hezkuntza eta kultura arlorako;
  • …(d) gutxiengoak bizi diren lurraldeetan, gutxiengo horien berezitasuna adierazten den eremu nagusiak gobernatzeko lege xedapen bereziak indarrean jartzeko zilegitasuna aintzat hartzea,
  • …(e) autoritate horiek ezaugarri berdinak dituzten beste batzuekin elkartzeko duten eskubidea onartzea, kultura eta hizkuntza sustatzeko eta, mugan dauden autoritateen kasuan, antzeko autoritateekin auzoko estatuetan mugaz gaindiko loturak ezartzekoa;
  • (f) eskualdetako edo gutxitutako hizkuntza horien erabilera arautzeko autoritate hauek duten eskumena berrestea, [honako esparru hauetan:] bere hautetsi taldeetan eta administrazioan,herritarrekin dituzten harremanetan eta, Europako Eskualdetako eta Gutxitutako Hizkuntzen Gutunaren 10. artikuluaren 2g paragrafoaren arabera, eskualdetako edo gutxitutako hizkuntzetan leku izenen tradiziozko izendapen zuzenak ezartzerakoan, eta hala behar izango balitz, hizkuntza ofiziale(t)an duen izenarekin batera;

Eskumenez hornitzeari dagokionez, Belgikakoa adibidea oso interesgarria da. Estatu federala da, hiru eskualde indartsu dituena –Flandria, Walonia eta Brusela- eta ez dio hezkuntza eta kultura alorreko eskumena eskualdeari aitortzen hiru komunitateei baizik –nederlandarra, frantsesa eta alemaniarra-, estatuan dauden hiru hizkuntza talde nagusiei, hain zuzen. Hizkuntza auzietan historia gatazkatsua izan duen arren, badirudi Belgikak konponbide gauzagarria aurkitu duela, eskumenak aitortuz hizkuntza komunitateok etxeko arazoei konponbidea bertan eman diezaieten.

Espainiako Konstituzioak ez du ezer zirraragarririk esateko Espainiako estatuan dauden eremu urriko hizkuntzei buruz. 3.2 artikuluak honela dio:

  • "“Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien Erkidego Autonomoetan berauen Estatutuei dagozkien eran."

Baina, handinahirik gabeko paragrafo honek, eskualdetako hizkuntzen ardura bere hiztunei aitortuz, munduan ezagutzen den hizkuntza normalkuntza eta berreskurapen politika progresibo, dinamiko eta arrakastatsuenari bidea ireki zion. Bistan da, Katalunia, Galizia eta Euskadiko Autonomia Erkidegoan.

Aipatu dudan bigarren gakoa errealismoa zen. Honek eskualdetako edo gutxitutako hizkuntzen sustatzaileei dagokie, bai eta agintariei ere. Legedia, baita gutuna bezalako nazioarteko hitzarmen bat denean ere, ez da hizkuntza arazoentzat panazea. Arazo hauek konpontzeko bide bat besterik ez digu eskaintzen. Eta konponbideak alde guztietan horretarako borondatea eta asmo onak daudenean bila daitezke. Aditu talde bat sortzea proposatzen diot Europako Kontseiluari, hizkuntza sustapenean esperientzia praktikoa duten pertsonez osatutakoa. Talde horretako kideak konponbide gauzagarriak bilatzen lagunduko liekete agintari eta eskualdetako zein gutxitutako hizkuntzen hiztunei. Zerbitzu honek eskuragarria izan behar du, ez gutuna dagoeneko sinatu edo berretsi duten estatuentzat bakarrik, baita eskatzen diren irizpideak gauzatzeko arazo praktikoak izan arren, gutuna berretsi nahi duten estatuentzat ere.

Gure erakundeak, Hizkuntza Gutxituen Aldeko Europako Bulegoak, bazkidetza modu berezi bat sortzea erabaki du. Bazkidetza hori eskualdetako, probintzietako edo udal mailako agintarientzat zabalik dago, bai eta hizkuntza planifikazioa egiten duten agentzia eta antzeko erakundeentzat ere. Gure asmoa bazkidetza hau 1999an zabaltzen hastea da. Gure ustez, honek zuen moduko jendeari hizkuntza sustapenari dagozkion arazo praktikoak eztabaidatu eta taldean jorratzeko foro bat eskainiko lioke. Bilera, konferentzia eta argitalpenek eskainiko ligukete behar den informazio eta esperientzia trukea egiteko modua.

Nire aurkezpena istorio bat kontatuz amaitu nahi nuke –egiazko istorioa. Ipar Irlandako istorio tragikoa zuetako gehienontzat ezagunegia da. Gatazkaren erro nagusiak auzi politiko eta etnikoetan zeuden bitartean horrek bazuen oihartzunik hizkuntza eta kulturan. Irlandar/nazionalista komunitate katolikoak irlandera hartzen zuen bere antzinako hizkuntzatzat eta eguneroko bizitzan onarpena eta leku duina nahi zituen honentzat. Komunitate Unionista/protestanteak, bestalde, onarpen hori bera nahi zuen Ulster-scots hizkuntzarentzat. Hamazazpigarren mendean Eskoziako hegoaldetik etorritako kolonizatzaileen ondorengoek zerabilten hizkuntza. Berehala esan behar dut honakoa orokortze aski ankerra dela, izan ere, bada irlanderadun unionistarik, eta baita Ulster-Scots-dun nazionalistarik ere, baina hauek araua berresten duen salbuespena baino ez dira. Ostiral Santuko Itunak badu hainbat aipamen on irlandera eta ulster-scots-ari dagozkienak. Ekainean, Erresuma Batuko Gobernuak gutuna sinatu eta berresteko asmoa adierazi zuenean, Hizkuntza Gutxituen Aldeko Europako Bulegoak bake prozesuari ekarpen bat egitea erabaki zuen gutunak eskaintzen zituen aukerekin baliatuz.

Antolaketa batzorde txiki bat sortu genuen, bi hizkuntza komunitateen ordezkaritza izango zuena eta lanean hasi ginen. 30-50 lagun bilduko zituen ekitaldi xume bat aurreikusi genuen, baina oker genbiltzan. Hedapen handiko konferentzia bihurtu zen, 220 lagunek eman zuten izena –pentsakera politiko orotako pertsonak-. Agur ekitaldia gaurko konferentziaren antolatzaileetako batek egin zuen, Philip Blair jaunak. Philik eta neuk jatorri politiko eta erlijioso desberdinak izateak ez zuen ezer aldatu. Partitura orri beretik ari ginen kantari –gutuna alegia-. Batzorde antolatzaileko kide batek konferentziari buruzko artikulu bat idatzi zuen eta bertako aipua itzulita emango dizuet (irlanderatik): “Batzuek baziruditen ez zutela “"beste aldearen" berri izan nahi, baina, jakin minak besteak elkarrizketan sartzera bultzatu zituen. Eta? Esan dezakezue. Utz iezadazue gogorarazten pertsona horietako zenbaitek ez zuela inoiz sentitu elkarrekin mintzatzeko eremu komunik. “Ez zioten elkarri hitz egin laurehun urtez, pertsona argi batek esan zidan bezala. Baina egun horretan eztabaida bat hasi zen, gutunaren inguruko eztabaida bat, eta Jaungoikoaren laguntzaz, aurrera egingo du datozen hilabete eta urteetan eta ekimen onak ekarriko ditu. Esan dezakedan gauza bakarra honakoa da: urriaren 23an Belfast City Hall-ean zegoen orok baieztatu egingo du gutunaren garrantzia politiko handia azpimarratzen duen nire argudioa. Eragin hori Europako Batasuna gaindituz, Europa osora iristen da.

Gure esku dago berau erabili eta aniztasunean batutako Europa bat eraikitzea.

 


 

[1] The Ancien Régime in Europe – E.N. Williams (Penguin Books, Londres, 1970).

[2] Europako Elkarteko Hizkuntza eta Kultura gutxituei buruzko erabakia, 1994ko otsailaren 9an hartutakoa, OJC 061, 110. Or (A3-0042/94).

[3] The European Charter of Local Self-Government (122. zenbakia). 1985-10-15.

BAT aldizkaria: 
45. 2002ko abendua. Europako Batasunaren Geroa II Hizkuntza...
Kokapen geografikoa: 
Europa
Egilea(k): 
Dònall O´Riagáin
Urtea: 
2002