Gaztetxoak eta euskara. Euskara etxeko ala auzoko?

Oharra: Lan Hau Etorkizuna aurreikusten 99 ikerketan (Iñaki Martinez de Luna eta Kontxesi Berrio-Otxoa. 2000, Gasteiz) lagunartea eta familiarekin lotura duten zenbait datu hautatuz osatua da.

gazteek hizkuntz ezberdinen arteko funtzio banaketa zehatza ezartzen dute, hizkuntz bakoitzari arlo finko bat egokitzen diotelarik. Funtzio horiek ezberdintzerakoan eta funtzio bakoitzari dagokion hizkuntza zehazterakoan, hizkuntz ezberdinen arteko mailaketa agerian geratzen da

D eredukoak, ordea, hiru gune edo egoeratan euskaraz ari dira errazago. Hiruretan gehienek euskaraz aritzeko badute erraztasun handiena, alde nabarmena dago eskolatik (%57) koadrilara (%40) edota etxera (%44), gune formaletik informalera, nolabait

Euskal Herrian adin bereko eskualde bereko gaztetxo euskaldunekin elkar ulertzeko nerabe euskaldunen %16k gehienetan ez diola balio dio; %31k eta %20k, hurrenez hurren, Iparraldean eta Nafarroan beste horrenbeste diote

Euskal Herriko gaztetxoen %20k esaten dute dakien euskarak gehienetan ez diola balio elkar ulertzeko bere eskualdetik kanpoko gaztetxo euskaldunekin ari denean.

Euskara batuaren ezagutza maila arakatzeaz aparte, beharrezkoa deritzogu etxeko hizkera jaso duten gaztetxo euskaldunen zenbatekoa aztertzeari. Hala, Euskal Herrian euskaldunen erdiak baino gehiagok (%54) dio ez dakiela herriko euskaraz hitz egiten

Euskal Herriko gaztetxo euskaldunez dihardugula, etxeko kide guztiak edo ia guztiak euskaldunak direnean soilik da euskara etxeko ohiko hizkuntza

Euskal Herriko gaztetxo euskaldun gehienek (%59), euskaraz dakien aitarekin, nagusiki euskaraz jarduten dute. Gaztetxoak zein aitak euskaraz jakin arren, %29k nagusiki erdaraz egiten du.

Ikaskideekin, klasean bertan, hitz egiterakoan, nerabe euskaldunetatik %41ek nagusiki erdaraz hitz egiten du (%19k beti erdaraz eta %22k erdaraz gehiago); nagusiki euskaraz aritzen direnek antzeko pisua dute (%45) (%28k beti euskaraz eta %17k euskaraz gehiago).

Koadrilako lagun guztiek euskaraz jakin arren, gaztetxo euskaldun gehienek (%47) koadrilan nagusiki erdaraz egiten dute (%29k beti erdaraz, eta %18k erdaraz gehiago)

koadrila erabat euskalduna ez denean ere, erdararen erabilera baldin bada ere gailentzen dena, Iparraldean euskara nagusiki erabiltzen da EAEn eta Nafarroan baino hogeita bost puntuz goitik

Ikastetxetik kanpoko informatika eta musika beti erdaraz jasotzen dute gaztetxo gehienek (%40). Beste horrenbeste gertatzen da kirol taldean (%41), parrokia taldean (%44) eta aisialdi ekartean (%35).

gaztetxo euskaldunen %38 beti erdaraz aritzen da gustagarriena zaion jardueraren monitorearekin eta beste %11 erdaraz euskaraz baino gehiago; beraz, gaztetxo elebidunen %49 nagusiki erdaraz aritzen da halako egoeratan

gero eta esparru informalagokoak izan, eta emozioekin eta expresibitatearekin zenbat eta lotura handiagoa izan, orduan eta erdararen erabilera altuagoa dela zeregin horietan.

gaztetxo euskaldunen erdiak esan du, euskarazko jardunean erdarazko esaldiak tartekatzen dituela (%25ek sarritan eta %25ek tarteka). Aldiz, %35ek normalean interferentziarik ez duela erantzun du. Esanguratsua ere iruditzen zaigu, erantzunik eman ez duen euskaldunen multzoa (%15)

Oharra: Lan Hau Etorkizuna aurreikusten 99 ikerketan (Iñaki Martinez de Luna eta Kontxesi Berrio-Otxoa. 2000, Gasteiz) lagunartea eta familiarekin lotura duten zenbait datu hautatuz osatua da.

2000. urteko abenduan Etorkizuna aurreikusten 99: Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara (Mtz. de Luna, I.; Berrio-Otxoa, K.; Larrañaga, N.; Fernandez, J.M., 2000) izeneko ikerlana ezagutzeko aukera izan genuen. Lan mardula da, zalantzarik gabe. Eta bere baitan bada aski jakingarriak diren hainbat datu.

Horien artean arakatuz dosier honen ardatza osatzen dutenak bildu nahi izan ditugu. Alegia, hizkuntzaren aldaera eta erabilera eremuekin zerikusia dutenak.

Ondoren datorrena, beraz, lan horretan bildutako datu multzoaren baitan egindako bilduma baizik ez da. Guk hemen jasotakoak bertan agertzen diren datuak eta hauei emandako azalpenak dira. Dena den, gaian interesaturik dagoenak jo beza iturrira bertara.

Hizkuntz ezagutza: "(...)Orokorrean euskararen irakaskuntzak azken urteotan izan duen garapena nabarmendu beharko litzateke: Prozesu horretan parte hartu dut en agente eta indarrak ezberdinak lirateke: euskarazko hizkuntz ereduen hedapena, helduen alfabetatzea, administrazio ezberdinen ekimenak... Aldagai guztien artean gazteei dagozkien bi alderdi azpimarratu beharko lirateke: batetik, hizkuntz ereduen hedapena; bestetik, eredu, nahiz egoeraren berrantolaketa.

Lehenengo gaiari dagokionez, hizkuntz eredu ezberdinek euskarara hurbiltzeko eskaintzen dituzten aukera ugariak nabarmendu beharko lirateke. (...) (65. Or)

Honen guztiaren ondorioz, gazteen euskararen ezagutza inoiz baino hedatuagoa dagoela eta hizkuntzarekiko harremana inoiz baino estuagoa dela esan daiteke. Dena den, homogeneotasun horrek ez du inolaz ere esan nahi, euskara dakiten gazte guztien artean antzekotasunik ematen denik. Ezagutzaz gain, erabilera edo motibazioari dagozkien dimentsioen arteko ezberdintasunak nabariak baitira (...) (65-66. Or)

Euskararen erabilera: "(...) Gazteek azpimarrratzen duten moduan, bere ingurunea -bai kultura, bai hizkuntzei dagokionez-, gero eta anitzagoa da, hizkuntzek tradizionalki ezarri dituzten mugak gero eta ahulago bihurtu baitira. Egoera berri horren ondorioz gazteak esaldiak, nahiz mezuak hiru edo lau hizkuntza ezberdinetan ikusten ohitu egin dira." (66. Or.)

Izan ere gazteek hizkuntz ezberdinen arteko funtzio banaketa zehatza ezartzen dute, hizkuntz bakoitzari arlo finko bat egokitzen diotelarik. Funtzio horiek ezberdintzerakoan eta funtzio bakoitzari dagokion hizkuntza zehazterakoan, hizkuntz ezberdinen arteko mailaketa agerian geratzen da, hizkuntz bakoitzari atxikitzen zaion garrantzia eta estatusa azaleratuz. Hori dela eta, gaztelera edo ingelesari atxikitzen zaizkion funtzio eta balio komunikatiboak eta praktikoak -erabilerari zeharo lotuta dauden dimentsioak- azpimarratu beharko lirateke, euskarari atxikitzen zaizkion baio eta dimentsio mitikoekin, politikoekin edo identitate emaileekin -hau da hizkuntz erabilerari baino motibazioa edo sentimenduei lotuak- desberdinduz. (66. Or.)

Euskararekiko jarrerak: Aipatu bezala, aurreko hizkuntzekiko jarrera eta jokaerak aztertuz gero, bi diskurtso nagusien arteko lehia azpimarratu behar da: euskararen aaldeko sentimenduak adierazten dituzten jokaera eta diskurtsoak egongo lirateke batetik eta euskararen aurkako jarrera edo antzeko sentimenduak bestetik. (...). Lehengo adostasunezko eta aurkakotasunezko bi jarrera horiek orain azpimultzo ezberdinen artean banatzen dira. Hori horrela izanik, lehenago euskararen ezagutzak, erabilera eta motibazio mota batekin bat egiten bazuen, orain aldagai bakoitzaren barruan jokaera eta joera ezberdinak aurki daitezke. (67.or)

2.4.1.- Ikasgelako hizkuntz ereduaren arabera

Gainera, 2.7 taulan ikus daitekeenez, eta elebidunek lau trebetasunetan duten erraztasun erlatiboari ereduka erreparatuz, bi hizkuntzetan erraztasun maila berdinarekin aritzeko gai direnen multzorik handienak D ereduan aurkitzen ditugu; adibidez, hitz egiteko garaian, euskaraz zein erdaraz erraztasun berdintsua duten hiru gaztetxotatik bik D ereduan ikasi dute.

Bestalde, B eta D ereduetako elebidunak aztertuta soilik[1], hizkuntz trebetasun bakoitzean gazte horiek duten erraztasun erlatiboa azter dezakegu (2.8. taula). Lau trebetasunetan nerabeok duten erraztasun erlatiboa nahikoa ezberdina da B eta D eredukoen artean: B ereduko gehienek erraztasun andiagoa erdaraz adierazten duten bitartean, D eredukoen artean bi hizkuntzetan berdintsu edo moldatzen direla nabarmentzen da.

2.9 taulan toki edo egoera ezberdinetan hitz egiteko erraztasun erlatiboa dugu, B eta D ereduetako elebidunentzat. Eskolako gaiez B ereduko gehienek diote (%48) bi hizkuntzetan erraztasun maila bertsuarekin ari daitezkeela. Koadrilan (%74) zein etxean (%71) ere bi hizkuntzetan berdintsu ari daitezkeela dioskute.

D eredukoak, ordea, hiru gune edo egoeratan euskaraz ari dira errazago. Hiruretan gehienek euskaraz aritzeko badute erraztasun handiena, alde nabarmena dago eskolatik (%57) koadrilara (%40) edota etxera (%44), gune formaletik informalera, nolabait (2.9 taula). Baliteke gaztetxoen elebitasun hori hanka-motz gelditzea euskararen erregistro ezberdinen aldetik; hau da, ikastetxeetan lortutako euskarazko trebetasunak formalak eta eduki akademikoetarako aproposak izan daitezke, baina ez -neurri berdinean, bederen- lagunarteko jardunari dagokion hizkera arruntaren berezitasunetarako.[2]

2.5 Hizkuntz gaitasun komunikatiboa

Jarraian euskaraz dakiten gaztetxoek duten euskararen ezaugarriak nolakoak diren aztertuko dugu. Horretarako, hizkuntza horretan zenbateraino komunika daitezkeen mota guztietako solaskide euskaldunekin galdetu diegu. Erantzunen joerarengatik ez da oso garbi geratzen gaztetxoek dakiten euskararen balioaren inguruan emandako erantzuna, beraien euskararen nolakotasun edo gaitasunari lotuta eman duten, edota dakiten euskarak beraien inguruan komunikatzeko (horietako askorentzat dauden erabilera erreal murritzaren arabera) duen balioa kontuan hartuz erantzun ote duten; muga horietaz jabetuta, ikus ditzagun jasotako emaitzak zeintzuk diren.

2.5.1 Bere eskualdeko adin berekoekin

Euskal Herrian adin bereko eskualde bereko gaztetxo euskaldunekin elkar ulertzeko nerabe euskaldunen %16k gehienetan ez diola balio dio; %31k eta %20k, hurrenez hurren, Iparraldean eta Nafarroan beste horrenbeste diote (2.22 taula).

2.5.2. Bere eskualdeko heldu eta adinekoekin

Gaztearen eskualdeko adineko pertsonekin euskaraz aritzerakoan elkar ulertzeko arazoak ditu Euskal Herriko gaztetxoen %37k, Iparraldean %41ek, EAEn %36k eta Nafarroan %42k (2.24 taula).

2.5.3. Beste eskualdeetako adin berekoekin

Euskal Herriko gaztetxoen %20k esaten dute dakien euskarak gehienetan ez diola balio elkar ulertzeko bere eskualdetik kanpoko gaztetxo euskaldunekin ari denean. Iparraldean %39ari ez zaio nahikoa dakien euskara bere ingurukoa ez den solaskide gaztetxo batekin ondo komunikatzeko. EAEn erantzun hori gaztetxoen %20k ematen du eta Nafarroan %16k (2.26 taula).

2.5.4. Beste eskualdeetako heldu eta adinekoekin

Gaztetxo euskaldunek norberaren eskualdetik kanpoko heldu eta adineko pertsonekin harreman gutxiago dituzte eta, dituztenean, gehiago dira dakiten euskararekin gehienetan ondo komunikatzeko gauza ez direnak: Euskal Herria osoan gaztetxoen %29, Iparraldean %47, EAEn %28 eta Nafarroan %29 (2.28 taula).

2.5.5. Gaztetxo euskaldunek euskara batuaren edota etxe/herriko euskararen ezagutza

Ikus daitekeenez, Euskal Herriko nerabe euskaldunen %81ek euskara batua badakiela dio; EAEn eta Nafarroan proportzio berdintsuak agertzen zaizkigu. Iparraldean, berriz, erdira dator kopuru hori, %41ek baitio euskara batua dakiela; hortaz, esan genezake, Iparraldeko gaztetxo euskaldunetatik gehienek ez dakitela euskara batua hitz egiten. Esandakoaren harira, kontuan hartu beharrekoa da zenbatekoa den Iparraldean ikasketak euskaraz egiten diharduten gaztetxoen kopurua (2.31 taula).

Euskara batuaren ezagutza maila arakatzeaz aparte, beharrezkoa deritzogu etxeko hizkera jaso duten gaztetxo euskaldunen zenbatekoa aztertzeari. Hala, Euskal Herrian euskaldunen erdiak baino gehiagok (%54) dio ez dakiela herriko euskaraz hitz egiten eta berdintsu EAEn eta Nafarroan (%55 eta%53 hurrenez hurren). Iparraldean, berriz, bestelakoa ageri zaigu: lautik hiru gaztetxok (%72) badakite herriko euskaraz hitz egiten eta lautik batek dio ez duela ezagutzen hizkera mota hori (2.32 taula).

3.1.1. Pentsamendu hizkuntza

Jardunaren euskarria pentsamendua delakoan, euskaraz hitz egiteko lain dakiten Euskal Herriko gaztetxoei -hau da, gaztetxo euskaldunei- pentsatzeko zein hizkuntza erabiltzen duten galdetu diegu. Hala, nagusi dira beti edo gehienetan erdaraz pentsatzen dutela diotenak (%44). Beti edo gehienetan euskaraz pentsatzen duela %35ek esaten du (3.1. taula).

Taulan ageri diren emaitzen arabera, Iparraldeko gaztetxo euskaldunen artean gehiago dira batik bat erdaraz pentsatzen dutenak (%41) gehienetan euskaraz pentsatzen dutenak baino (%30); edozein kasutan, gaztetxo gehienek bi hizkuntzetan berdin pentsatzen dutela dioskute. EAEko nerabe euskaldunek ere nagusiki erdaraz pentsatzen dutela diote (%46); gainera, gehienek beti erdaraz pentsatzen dutela erantzun dute (%30). Nafarroako gaztetxo euskaldun gehienek (%32) euskaraz zein gazteleraz, bietan berdin pentsatzen omen dute; EAEn bezalatsu, lau gaztetxo euskaldunetatik batek beti euskaraz pentsatzen du.

3.1.2. Etxeko hizukuntza

3.1.2.1. Denak elkarrekin daudenean

Iparraldeko gaztetxo euskaldunen familia gehienetan (%28) euskaraz baino gehiago frantsesez egiten dute eta EAEko zein Nafarroako gaztetxo euskaldunen familia gehienetan ere (%46 eta %43 hurrenez hurren) beti gazteleraz egiten dute. Gainera, ikus daiteke Iparraldean nagusiki euskaraz egiten duten familiak (%35) gehiago direla EAEn eta Nafarroan baino (%26 eta %22). Azken emaitza hauei erreparatuta eta jakinik erabileran eragiten duen faktoreetako bat harreman sareko euskaldun dentsitatea dela, pentsatzekoa da Iparraldean euskara dakiten gaztetxoen familia kide gehienek ere euskara badakitela, familiako harreman sarean euskaldunen dentsitatea handiagoa dela alegia, EAEko eta Nafarroako gaztetxo euskaldunen familietan baino.

Euskal Herriko gaztetxo euskaldunez dihardugula, etxeko kide guztiak edo ia guztiak euskaldunak direnean soilik da euskara etxeko ohiko hizkuntza, %43k beti euskaraz eta %25ek euskaraz gehiago egiten baitute. Beste kasu guztietan euskararen erabilera erabat murrizten da (3.6 taula).

3.1.2.2. Etxeko solaskideekin banaka

Dugun informazioari erreparatzen badiogu, solaskide bakoitzarekin euskararen erabilera zenbatekoa den eta zein solaskiderekin den altuena jakin nahian, gaztetxo euskaldunek gehiagotan anai-arrebekin (%32) eta aitona-amonekin (%31) erabiltzen dute euskara nagusiki[3], aita-amarekin baino (%29 eta %27, hurrenez hurren). Erdararen erabilera zein solaskiderekin den altuagoa ikusi nahi izanez gero, berriz, alderantzizkoa dela ikus dezakegu; amarekin nagusiki erdaraz aritzen direnak %65 dira, aitarekin nagusiki erdaraz %63k egiten du, aitona-amonekin %55ek eta anai-arrebekin 545ek (3.7 taula).

Hau horrela izanik, familiako solaskideak euskaldunak dituzten nerabeen[4] kasua lantzea interesatzen zaigu bereziki (3.7 taula). Euskal Herriko gaztetxo euskaldun gehienek (%59), euskaraz dakien aitarekin, nagusiki euskaraz jarduten dute. Gaztetxoak zein aitak euskaraz jakin arren, %29k nagusiki erdaraz egiten du. Azken datu hau baloratzerakoan, kontuan hartu behar da aitaren eta seme-alabaren arteko hartu-emana gutxitan gertatzen dela beste kideekiko isolatuta; hortaz, arruntena baldin bada familiako beste kideak presente izatea, besteak beste, kide horien hizkuntz ezagutzak (eta aita eta gaztetxoaren hizkuntz gaitasunak ere) eragingo du aita-nerabearen arteko solasaldiaren hizkuntzan.

Solaskidea ama denean, Euskal Herriko gaztetxo euskaldun gehienek (%65) nagusiki erdara erabiltzen dute -beti edo gehienetan- hitz egiteko. Hori jakinik, oraingoan ere, nahitaezkoa da amak euskara dakien ala ez bereiztea. Ama euskalduna bada, bi gaztetxo euskaldunetatik (%55) batek nagusiki euskaraz egiten du; bestalde, gaztetxo euskaldun guztietatik heren batek nagusiki erdaraz hitz egiten du amarekin, honek euskara jakin arren.

Anai-arrebekin gaztetxoak dituen harremanetan zein hizkuntza duten solasbide jakin nahirik, ikusi dugu gaztetxo euskaldunen artean %32k nagusiki -beti edo gehienetan- anai-arrebekin euskaraz egiten duela. Nagusiki erdaraz aritzen direnak, aldiz, %45 ditugu. Anai arreba guztiek edo gehienek euskaraz jakin arren, gaztetxo euskaldun gehienak (%46) erdaraz aritzen dira nagusiki beraiekin, eta gehiago dira nagusiki euskaraz anai-arrebekin egiten dutenak baino (%41).

Azkenik, gaztetxo euskaldunek aiton-amonekin hitz egiten dutenean, gehienek nagusiki erdaraz egiten dute (%55). Aitona-amona guztiek edo gehienek euskaraz dakitenean %70ek nagusiki euskaraz egiten du eta nagusiki gazteleraz, berriz, %19k.

3.1.3 Lagunarteko hizkuntza

Ikaskideekin, klasean bertan, hitz egiterakoan, nerabe euskaldunetatik %41ek nagusiki erdaraz hitz egiten du (%19k beti erdaraz eta %22k erdaraz gehiago); nagusiki euskaraz aritzen direnek antzeko pisua dute (%45) (%28k beti euskaraz eta %17k euskaraz gehiago). Aldiz, ikasgelatik kanpoko ikaskideekin nagusiki euskaraz berba egiten dutenak gutxiago dira (%31) (3.7 taula). Euskararen erabilera ikasgelari lotzen diotela adierazten du, gure ustez, hamalau puntuko alde horrek.

Nerabeek bizi diren auzoko bizimoduan bertako beste gazte gehienekin dituzten harremanetan ere, gaztetxo euskaldun gehienek erdaraz hi tz egiten dute nagusiki (%56).

Eskola giroa alde batera utzita, gaztetxoek, euskaraz dakiten arren, beraien koadrillakoekin solaserako (ikaskideek koadrilako lagun ere izan ditzake), nagusiki erdara erabiltzen dute (%58) (3.12 taula).

Beraz, ikaskideekin ikasgelan bertan izan ezik, gainontzeko ingurune edo egoeretan erdararen erabilera nagusitzen da Euskal Herriko gaztetxo euskaldunen artean.

Koadrilako lagun guztiek euskaraz jakin arren, gaztetxo euskaldun gehienek (%47) koadrilan nagusiki erdaraz egiten dute (%29k beti erdaraz, eta %18k erdaraz gehiago); halere, egoera eta baldintza horietan euskara nagusiki erabiltzen dutenen pisua ez dabil oso urrun: %42k euskara erabiltzen du nagusiki (%31k beti euskaraz et a %11k euskaraz gehiago). Koadrilan, denek jakin beharrean, gehienek baldin badakite ia bikoiztu egiten da erdararen presentzia nagusia (%81) eta ia desagertu euskararena (%8) (3.18 taula).

Auzoko neska-mutilekin, denak euskaldunak badira, nerabe gehienek (%47) nagusiki euskaraz egiten dute (%36k, beti euskaraz, eta %11k, euskaraz gehiago); halere, ia beste horrenbeste (%43) dira nagusiki erdaraz aritzen direnak: (%30 beti erdaraz eta %13 erdaraz gehiago). Euskaraz dakiten auzotar gaztetxoak denak izan gabe, gehienak direnean euskaraz dakitenak, euskararen erabilera nagusia 20 puntu jaisten da (%25) eta erdararena 25 hazi (%65) (3.18 taula).

Aipagarria izan daiteke ikustea Iparraldeko gaztetxo euskaldunen koadrila barneko erabilera nagusiki euskaraz direneko kasuak kide denak euskaldunak direnean EAEkoen eta Nafarroakoen erabilera baino hamabost puntu altuagoa dela. Gainera, koadrila erabat euskalduna ez denean ere, erdararen erabilera baldin bada ere gailentzen dena, Iparraldean euskara nagusiki erabiltzen da EAEn eta Nafarroan baino hogeita bost puntuz goitik (Iparraldean %33, EAEn %7 eta Nafarroan %8).

3.1.4. Eskolaz kanpoko jardueretako hizkuntza

3.1.4.1 Ikastetxean bertan egiten diren jardueretan

Ikastetxean bertan antolatutako eskolorduz kanpoko jardueren artean kirola da gaztetxo euskaldunek gehien egiten dutena (%57), ondoren informatika eta musika (%38); eskola partikularrak (errekuperazioak, hizkuntzak...) (%36) eta, azkenik, dantza eta abesbatza bezalako kultur jarduerak dira gaztetxo gutxien biltzen dituztenak (%19).

3.23 taulan jarduera mota bakoitzean aritzen diren EAEko eta Nafarroako -Hego Euskal Herriko- neska-mutiko euskaldunei erreparatuko diegu, horrela, jarduera horretan aritzen direnetatik, bertako monitorearekin zein hizkuntzatan hitz egiten duten jakin nahian. Hartara, eskola partikularrak jasotzen diituzten nerabe horien erdiak (%50) beti euskaraz egiten du bertako irakaslearekin; informatika eskoletara edota musikara joaten diren gaztetxo gehienak (%37) beti erdaraz aritzen dira bertan, baina, ia beste horrenbeste dira (%34) beti euskaraz jasotzen dituztenak eskola partikular horiek. Dantza-taldean edo abesbatzan parte hartzen duten gehienek (%40) beti euskaraz egiten dute jarduera horren ardura duenarekin. Azkenik, eskolorduz kanpo ikastetxean kirol talderen batean aritzen diren nerabe euskaldun gehienek (%38) beti erdaraz egiten dute hango entrenatzailearekin eta beti euskaraz egiten dutenak %30 dira.

3.1.4.2. Ikastetxetik kanpoko jardueretan

Dimentsio hau aztertzeko Euskal Herria osoa kontuan hartuta, eskolorduz eta ikastetxetik kanpo egin daitezkeen jardueren artean, berriz ere, kirola da gaztetxo euskaldun gehienek egiten dutena (%57), ondoren udako kanpaldiak datoz (%46), hirugarren lekuan eskola partikularrak (%39, laugarrenik aisialdiko elkarteak (%34), bosgarrenik informatika edo musika jarduerak (%35) eta azkenik, jarduera ez ohikoena parrokia taldean parte hartzea litzateke (%18).

Halako jardueretan parte hartzen duten gaztetxo euskaldunak bakar bakarrik aztertuz gero, ikastetxetik kanpoko eskola partikularretan heren batek (%33) beti euskaraz egiten du bertan eta beste heren batek (%33) beti erdaraz bertako irakaslearekin. Ikastetxetik kanpoko informatika eta musika beti erdaraz jasotzen dute gaztetxo gehienek (%40). Beste horrenbeste gertatzen da kirol taldean (%41), parrokia taldean (%44) eta aisialdi ekartean (%35). Bestelako egoera da udako kanpaldietan ageri zaiguna, horietan gaztetxo gehienek diote (%39) beti euskaraz egiten dutela monitorearekin (3.26 taula).

Laburbilduz esan liteke, eskola partikularrak eta udako kanpaldiak albo batera lagata, ikastetxeak esku hartzen ez duen eskolaz kanpoko jardueretan erdara dela nagusi; bestela esanda, ikastetxetik aparteko gaztetxo euskaldunen mundu antolatua, nagusiki erdaraz antolatuta aurkitzen da.

3.1.4.4. Gustukoena den jardueran

a) Gainerako gaztetxoekin

Gaztetxo elebidunek gustukoena duten jardueran gainontzeko kideekin nagusiki (%47) erabiltzen duten hizkuntza erdara da; horien artean badaude diferentziak: %32 beti erdaraz aritzen da eta %15 erdaraz euskaraz baino gehiago. Euskara nagusiki erabiltzea zertxobait apalagoa da (%37) (3.35 taula).

b) Bertako monitorearekin

Gustukoena duen jardueran bertako monitorearekin zein hizkuntzatan ere aritzen den aztertu dugu. Horrela, gaztetxo euskaldunen %38 beti erdaraz aritzen da gustagarriena zaion jardueraren monitorearekin eta beste %11 erdaraz euskaraz baino gehiago; beraz, gaztetxo elebidunen %49 nagusiki erdaraz aritzen da halako egoeratan (3. 36 taula).

3.1.5. Beste zenbait zereginetarako hizkuntza

Gaztetxo euskaldunek telefonoa erantzun eta eskutitzak idazteko, nagusiki, euskaraz egiten dute. Gainerako zereginetarako nagusiki erdara darabilte (ohar bat utzi, % 47k erdaraz; gai intimoez hitz egin, %56k; dendan eskatu, %51k; haserrea agertu, %59k; txisteak kontatu, %55ek; piropoak bota % 62k) (3.37 taula). Aipatutako azken hiru zereginei erreparatuz, ikus dezakegu gero eta esparru informalagokoak izan, eta emozioekin eta expresibitatearekin zenbat eta lotura handiagoa izan, orduan eta erdararen erabilera altuagoa dela zeregin horietan. Hau horrela, adierazi gura dena adierazteko, euskarazko argot falta izan daiteke gaztetxoek erdarara jotzeko duten arrazoia.

3.2. Erabilerarako erraztasun erlatiboa giro sozial ezberdinetan

Jakina da, ukipen egoeran dauden hiztunek dakizkiten hizkuntza guztietan ez dituztela hizkuntza funtzioak neurri eta gaitasun berberekin betetzen. Hori dela-eta, gaztetxo euskaldunei hiru esparru edo egoeratan antzematen duten erraztasun erlatiboaz galdetu zaie.

Eskolako gaiez gaztetxo euskaldunak euskaraz aritzen dira errazago (%36); koadrilako lagunekin hitz egiterakoan, bi hizkuntzetan erraztasun bertsuarekin ekin diezaioketela diote gehienek (%41), eta etxean ere bi hizkuntzetan antzerako erraztasuna dute (%36) (3.38. taula).

3.3. Erabilera erregistroak eta kalitatea

Beraien euskarazko jardunaren "zuzentasunaz" edo "garbitasunaz" gazteek duten ustea jakin nahi izan dugu. Horretarako, euskaraz hitz egiten dihardutenean, erdarazko esaldiak tartekatzen ote dituzten galdetu diegu.

Laburbilduz, gaztetxo euskaldunen erdiak esan du, euskarazko jardunean erdarazko esaldiak tartekatzen dituela (%25ek sarritan eta %25ek tarteka). Aldiz, %35ek normalean interferentziarik ez duela erantzun du. Esanguratsua ere iruditzen zaigu, erantzunik eman ez duen euskaldunen multzoa (%15) (3.39 taula). Datu hauek guztiak ikusita, eta gaztetxoen subjektibotasuna jokoan dela jakinda, egiazko gutxieneko interferentzia maila adieraz diezagukete honako hauek eta, ziur aski, egiazko interferentzia-maila hortik gorakoa izango da.

4.6. Zenbait jardun komunikatibori esleitutako hizkuntza.

Ikus dezagun zer adierazi zuten gaztetxoek zenbait jardunei hizkuntza esleitzerakoan.

198-199-200. orrialdeetako taulak

 


 

[1] A eredua alde batera uzten da jatorri erdalduneko ikasleak euskalduntzera iristen ez delako eta, gure azterketa ildoari eutsiz, eredu horretako ikasleak honetan sartzeak ez luke inongo ekarpenik egingo.

[2] Anjel Lertxundik dioen bezala "modu ezberdinez espresatzen gara idatziz eta ahoz, eta, edukia eta jasotzailea nolako, molde horietako bakoitzak jenero eta baliabide desberdinak ditu " (Lertxundi 1999:25).

Interesgarria izan daiteke, era berean, Eskola hiztun bila liburua, bertan ondo azaltzen baitira euskarazko irakaskuntzaren bidez jasotako ahozko gaitasunaren gabezien arrazoiak (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila 1991: 32).

[3] Gogoan izan Nagusiki euskaraz diogunean, Beti euskaraz eta Euskaraz erdaraz baino gehiagotan multzoak bat eginda adierazten ditugula. Beste horrenbeste erdarazko erabilerari dagokionez.

[4] Gaztetxoak esana da solaskideok euskaraz hitz egiten badakitela (gaitasun maila zehazteke).

BAT aldizkaria: 
42. 2002ko martxoa. Hizkuntza normalkuntza hizkuntza errepert...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2002