Lagunarteko hizkerarekin jolasean

Gazte askok ez diote bizitasunik topatzen euskarari, ez dute hizkuntzarekin jolastea lortzen, eta beraz, hizkuntzak ez die balio jolasteko.

Saioak erabat dinamikoak eta partehartzaileak dira. Lehentasunezkoa da gazteek ondo pasatzea saio hauetan, benetan helburuak lortu nahi badira. Horregatik, azalpenak oso gutxi dira (esamoldeak berak aztertzen direnean soilik ematen dira azalpenak), eta beraien esperientzia eta esamoldeetatik abiatuz, jolas, antzerki eta dinamiken bidez, lortu nahi diren helburuetara iristen ahalegintzen gara.

Ahalik eta gauzarik logikoena eta errazena egiteko asmoz, esamoldeen bilketa bat egin da, ahalik eta zerrenda luzeena osatuz. Zerrenda honetatik, hasiera batean, hizkuntz aldetik onartzea zaila egiten direnak soilik kendu dira: erdaraz diren esamoldeak edo erdarakada nabarmenak direnak.

Ingurune ez euskaldunetan gazteen euskara erabilera ez da oso handia eta kasu batzuetan euskaraz aritzeko erraztasunik ere ez dute, eta beraz, oso zaila da hizkera informala modu natural eta atsegin batean erabiltzea.

Horretara iristeko modu bakarra saioetatik kanpo egitasmoari jarraipena ematea izango litzake.

ZER DA LAGUNARTEKO HIZKERAREKIN JOLASEAN EGITASMOA?

Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean egitasmoa Nafarroako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuaren egitasmo bat da. Bertatik eginiko deialdiari erantzunez, Ttakun Kultur Elkarteak eta Urtxintxa Aisialdiko Hezitzaileen Eskolak elkarlanean eraman dute aurrera 2002 urte honen lehenengo hiruilabetekoan.

1- Labur eta zehatz azalduta, hauxe da Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean egitasmoa:

  • 10 ordutako modulu bat: 2 orduko 5 saio egiten dira.
    • Erregistro kolokiala lantzea bilatzen da. Hiru gairen inguruan hain zuzen ere: adarra jotzea, haserretzea eta ligatzea. 13-14 urteko gazteei zuzentzen zaie. Ikastetxeetan eta klase orduetan emateko prestatua (nahiz eta oso erraza den formatu horretatik kanpo egin ahal izateko egokitzea). Aisialdiko metodologian oinarritzen da, eta jolasean ari diren bitartean lantzen dituzte gazteek esamoldeak.

2- Baina zertan oinarritzen da egitasmo hau? Zein da egitasmo honekin hastearen arrazoia?

Azken urteetan, euskararen normalizazioan lanean ari den jendearen artean, eta batez ere gazteekin lan egiten dutenen artean, egoera informaletan euskarazko erregistro kolokiala lantzearen beharra nabarmen ikusten da.

Herri euskaldunenetan ere, gazteek erregistro kolokiala gazteleratik hartzeko joera dute, nahiz eta euskarak erregistro hori izan eta beraiek esamolde berriak sortzeko gai izan. Hori, noski, askoz nabarmenagoa da euskararen egoera horren ona ez den lekuetan. Ingurune horietan erregistro kolokial gehiena gazteleratik jasotzen dute, eta oso gutxi dira gai euskarazkoa erraz erabiltzeko.

Gazte askok ez diote bizitasunik topatzen euskarari, ez dute hizkuntzarekin jolastea lortzen, eta beraz, hizkuntzak ez die balio jolasteko.

Bestalde, erregistro kolokial hori jaso ahal izateko, ingurunea eta familia izan daitezke elementu garrantzitsuenak. Baina, kontutan hartzen badugu, hainbat eta hainbat gazteren ingurunea nahiko erdalduna dela eta gehiengo baten kasuan gaztelerak indar handiagoa duela, transmisio horrek huts egiten du neurri handi batean.

Komunikabideak izan daitezke erregistro kolokiala zabaltzeko eta indartzeko beste bide bat, baina ez da askorik garatu gai hau, eta kasu batzuetan, gazteleran oinarritzen diren esamoldeak zabaltzea lortzen da euskarazko komunikabide batzuetatik.

Azkenik, ikastetxeak eta eskolaz kanpoko jarduerak dauzkagu transmisioa lantzeko bide bezala. Eskolaz kanpoko jarduerak oso interesgarriak izan daitezke gai hau lantzeko (kirola, aisialdiko ekintzak...) egoera informaletan oinarritzen baitira asko, eta leku askotan interesa ere izango dute gai honekin, baina baliabide nahiko gutxi dituzten arloak izanik nahiko motel joan daitekeen prozesu bat izan daiteke.

Ikastetxeei dagokionez, ez dago zalantzarik euskararen transmisioan sekulako garrantzia duela. Haur eta gazte askok euskararekin duten ia lotura bakarra ikastetxeak ematen die. Gainera, ikastetxean bertan, erregistro kolokiala erabiltzeko egoera informal asko aurkitu daitezke (atseden orduak, txangoak, eskolara sartu eta ateratzeko garaia...). Horiek oso gune egokiak izan daitezke euskarazko erregistro informalak erabiltzeko, baina gazteek ez dituzte jaso erregistro horiek, eta beraz, ezinezkoa da erabiltzea.

Galdera beraz, honakoa da, ikastetxeetan lagunartean erabiltzeko hizkera landu al daiteke? Txertatu al daiteke gai hau irakaskuntza formalaren barruan? Eta egin ezkero eraginik izan al dezake?

Galdera hauei erantzun nahi zaie Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean egitasmoarekin. Familiatik, kaletik eta komunikabideetatik erreferentzia horiek jaso ezin dituzten gazte asko daudela eta, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzutik deialdi bat zabaldu zuten 2000. urtean ikastetxeetan gai hori lantzea proposatuz.

Deialdi horri erantzunez, Ttakun Kultur Elkarteak eta Urtxintxa Aisialdiko Hezitzaileen Eskolak, gaia elkarrekin lantzea erabaki zuten.

3- Hauek dira saioen helburuak:

  • Gai jakin batzuen inguruan gazteekin esamolde batzuk lantzea: adar jotzea, ligatzea eta haserretzea gaiak landuko dira. Gai horietan beraiek erabiltzen dituzten esamoldeak ikusi eta aukera berri batzuk eskainiko zaizkie.
    • Gazteak egoera informaletan euskarazko erregistro kolokiala erabili dezaten animatzea: euskarazko esamolde erakargarriak eskainiz, gazteak esamolde horiek erabiltzen hastea. Horretara pausua emateko, ezinbestekoa da, saioetan gazteak entzule baino partehartzaile zuzenak izatea, etengabe esamoldeak erabili behar izatea. Gazteei hizkuntzarekin jolastu eta ondo pasa daitekeela erakustea: saioetan ondo pasatzea oso garrantzitsua izango da, hizkuntzarekin jolastu eta ondo pasa daitekeela ikusteko. Modu horretan, errazagoa izango da aurrerantzean ere landutako esamoldeak erabiltzea, edota beraiek berriak bilatu edo sortzea ere. Gazteak euskarazko erregistro kolokiala erabiliz gustura sentitzea: euskarazko esamoldeak landu eta ikasteaz gain, erabiltzea eskatuko zaie, eta helburua, erabiltzen duten bitartean ondo sentitzea eta beraientzako gauza atsegina izatea ere bada. Horrek, aurrerantzean esamolde hauek erabiltzen jarraitzea erraztu dezake. Saioetatik kanpo erregistro kolokiala euskaraz erabili dezaten bideak jartzea: askorentzat egoera erabat informaletan euskarazko erregistro kolokiala erabiltzea, hasiera batean behintzat, nahiko zaila izan daitekeenez, eta horren zaila ez denentzat ere gaia etengabe lantzen jarrai dezaten, saioetatik kanpo esamoldeak lantzen jarraitzeko ideiak eman eta proposamenak egingo zaizkie. Horietan, garrantzi berezia izango du egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeetako gazteen arteko harremana bultzatzeak:

4- Aisiako metodologian oinarritzen da egitasmoa:

Saioak erabat dinamikoak eta partehartzaileak dira. Lehentasunezkoa da gazteek ondo pasatzea saio hauetan, benetan helburuak lortu nahi badira. Horregatik, azalpenak oso gutxi dira (esamoldeak berak aztertzen direnean soilik ematen dira azalpenak), eta beraien esperientzia eta esamoldeetatik abiatuz, jolas, antzerki eta dinamiken bidez, lortu nahi diren helburuetara iristen ahalegintzen gara.

Metodologia ez da ikastetxean erabiltzen den ohikoa, aisialdiarekin zerikusi gehiago duena baizik. Azken batean erregistro kolokiala lantzeko giro informalak sortzen ahalegindu behar dugu. Modu horretan, egoera komunikatibo naturalak sortzen ahaleginduko gara, eta egitasmo antolatu bat izatean egoera erabat naturalak sortzea ia ezinezkoa izan arren, egoera horietatik gertu daudenak probokatzea posible da.

Adibide moduan, hiru gaietako bat lantzerakoan horrelako prozesu bat eta modu honetako ariketekin egiten dugu:

  • 1. pausoa: Beraiek ezagutzen eta erabiltzen dituzten esamoldeak jaso. Ariketa ereduak: ideien ekaitza, irain edo piropo lehiaketa... 2. pausoa: Ezagutzen dituzten eta erabiltzen dituzten esamoldeen azterketa eta proposamen berriak egitea. Ariketa eredua: beraiek aurretik aipatu dituzten esamoldeak banan bana aipatu. 3. pausoa: Egokitzat jotzen diren esamoldeak erabili eta hizkuntzarekin jolastu. Ariketa eredua: 1-2-3 jolasa, Hitz debekatuaren jolasa... 4. pausoa: Landutakoa errepasatu: ikastetxea girotzea, Hitzontzia...

5- Nolako erregistroak lantzen dira?

Landu beharreko erregistroak zeintzuk diren eta zein eredu eskaini behar zaien izan daiteke egitasmo honen gairik zailena eta eztabaida gehien sortu ditzakeena. Ahalik eta gauzarik logikoena eta errazena egiteko asmoz, esamoldeen bilketa bat egin da, ahalik eta zerrenda luzeena osatuz. Zerrenda honetatik, hasiera batean, hizkuntz aldetik onartzea zaila egiten direnak soilik kendu dira: erdaraz diren esamoldeak edo erdarakada nabarmenak direnak.

Hortik aurrerako guztiak hizkuntz aldetik egokiak direla eta eredu moduan eskaini daitezkeela erabaki da.

Hala ere, ikastetxeetan egiteko prestatua egotean, eta ikastetxe askorentzat oso zaila izatean bere klase orduetan hainbat esamolde lantzea onartzea, bigarren hustuketa batean baloreen aldetik oso egokiak ez diren hitzak baztertu dira: sexistak, arrazistak... Saioetan, zerrendatik kanpo horregatik utzitako hitzen bat gazteren batek proposatzen badu, hizkuntz aldetik egokia dela baina guk eredu moduan ezin dugula eskaini esaten zaio, eta aukerarik baldin badago bestelako esamolderen bat ere proposatzen zaio.

Eredu moduan eskaintzen diren esamolde guztiek ezaugarri hauek betetzea bilatzen da:

  • Lantzen diren esamoldeak gazteentzako gertukoak izan behar dute, benetan erabiltzeko aukera izango dutenak. Esamolde erakargarriak eskaini behar dira. Gazteei grazia egin behar diete esamoldeek, benetan adierazi nahi duten hori adierazteko balio dietela konturatu. Hitanoak presentzia duen inguruneetan, hika erabiltzea bultzatuko da.

6- Zein da orain arte eginiko esperientziaren ebaluazioa?

Orain arteko esperientziaren ebaluazioa oso positiboa da. Saio hauekin bilatzen ziren helburu nagusienak lortu direla esan daiteke (kontutan hartu behar da 10 ordutan egiten den egitasmo bat dela, eta beraz, muga asko dituela): gazteekin gai jakin batzuen inguruko esamoldeak landu dira, gazteak erregistro horiek erabiltzera animatu dira, eta hizkuntzarekin jolastu eta ondo pasa daitekeela ikusi dute.

Azken helburua berriz, gazteak euskarazko erregistro kolokiala erabiliz gustura sentitzea, ingurune euskaldunean soilik lortu da. Lau ikastetxetan frogatu da egitasmoa, eta bat ingurune euskaldunean dago, eta beste hirurak nahiko ingurune erdaldunean. Ingurune ez euskaldunetan gazteen euskara erabilera ez da oso handia eta kasu batzuetan euskaraz aritzeko erraztasunik ere ez dute, eta beraz, oso zaila da hizkera informala modu natural eta atsegin batean erabiltzea.

Horretara iristeko modu bakarra saioetatik kanpo egitasmoari jarraipena ematea izango litzake. Baina puntu hau ez da oraindik garatu, eta ideiak badauden arren, martxan jarri eta frogatu egin beharko dira.

Saio hauekin zerbaitetan asmatu bada metodologian izan da. Aisialdiko metodologia da baina ikastetxeetara egokitua. Dudarik gabe baditu hutsune batzuk, baina modu honetako gaiak lantzeko oso egokia da. Gazteek oso ondo pasa dute saioetan eta esamoldeak landu eta erabiltzeko aukera eman zaie. Oso egokia izan da, era berean, hiru gai hartzea eta gai horiek benetan eguneroko errealitatean gertukoak izatea (eta gazteentzat erakargarriak): adarra jotzea, haserretzea eta ligatzea.

Aurrera begira egitasmo hau gehiago garatu nahi da. Hau bi bide desberdinetatik egin daiteke: gai berriak sartuz, edo dinamika eta jolas gehiago sartuz, eta moduluaren ordu kopurua handituz.

Oso gai interesgarria eta erakargarria da lagunarteko hizkerarena. Gainera, euskarazko lagunarteko hizkera landu beharrarena gero eta argiago dagoen gaia da. Egitasmo honekin arazo horri aurre egin nahi zaio, muga asko dituen egitasmoa dela onartuz, baina oso gauza politak lortu daitezkeela jakinda.

BAT aldizkaria: 
42. 2002ko martxoa. Hizkuntza normalkuntza hizkuntza errepert...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Iñaki Eizmendi
Urtea: 
2002