Kike Amonarrizekin elkarrizketa

Irakaskuntzak ahalik eta corpusik landuena eskaini behar die ikasleei. Ikasleen behar komunikatiboak asebeteko dituen maila komunikatiboa eman behar die eta horrek hizkuntza maila jasoan oinarritu behar du. Alegia, batez ere erabilera formaletarako landu behar den oinarri linguistikoa behar da.

hiru gauza oso nabarmenak dira: oinarrian euskara batua erabiltzen dute euskalkiarekin nahastuta; erabilera informaletan euskalkiarekiko joera oso nabarmena da horrek adierazkortasuna ematen dielako, talde eta nortasun zeinu bihurtua; eta adierazkortasuna lokuzio edo esamoldeen bidez lortu nahi denean, % 90ean erdarazko lokuzioak erabiltzen dira.

Irakaskuntzatik kanpo Euskal Herriko zenbat haurrek entzuten euskara, erdara baino gehiago bere bizitza normalean. Eta euskara erdara baino gehiago entzuten duten haur horiek zer nolako euskara entzuten dute inguruan? Zenbat euskara mota desberdinekin egiten du topo egunean zehar (familian, eskolan, lagunartean, telebistan, liburuetan, aisialdian...)? Heziketa euskaraz jaso arren, adierazkortasuna gehienetan erdaraz datorkie.

teknologia berriekin baditugu bi kode idatzi bata formala eta bestea informala, txateoan, oharretan eta mezuetan erabiltzen dena. Eta horko hizkera talde bakoitzarena da. Erabilera idatzi berri honek hiruzpalau urte ditu, eta mundu guztian ari da hedatzen.

Egoera bakoitzak bere erregistroa du, egoera nazional orokorretan badakigu zein erregistro erabili behar den eta hortik behera askatasun esparru zabal bat utziko nuke.

Gakoa eskolan eta eskolatik kanpo dago. Eskolak oinarria jartzen duenean ezin du ikuspegi gramatikal soiletik egin, ikuspegi komunikatiboa ere kontuan izan behar du.

Baina haur eta gazteen ingurua ere aintzat hartu behar da. Garrantzitsua litzateke proposamen jakin batzuen inguruko adostasuna lortu eta berauek erabiltzeko eta sozializatzeko aukerak sortu eta eskaintzea.

“"Xagua klikatu" jaso genuen Gasteizen nesken masturbazioa izendatzeko. "Klikatu" erdaratik hartutako hitza da, baina konstrukzio hori euskal senetik sortutakoa da eta gaur egungo gazteen ingurune erreferentziala erabiliz, eta hori da garrantzizkoena.

“"EUSKARA ZUZENA ERABILTZEAGATIK, BATERE KOMUNIKATIBOA EZ DEN HIZKERA BAT ERABILTZEN DA"

"“Hizkuntzaren adierazkortasuna eta sormen ahalmena: gazteak eta euskara mendearen hasieran izeneko lana aurkeztuko duzu Ikastolen jardunaldi pedagogikoetan eta hainbat herritan " Eske hau superguaia da, XXI. mendeko gazteen hizkera hiritarra? Hitzaldia eman duzu. Zein da ahalegin horrekin helarazi nahi duzun mezua?

Lehenengo, kezka honen eta lan horien iturria aipatu behar dut. Orain pare bat urte Asisko Urmenetak Mantxut? Lehen liburua argitaratu zuenean, aurkezpen sail bat egin genuen. Geroztik aurkezpen haiek hitzaldi bihurtu eta Antton Olariagarekin batera hainbat hitzaldi ludiko eman dugu, "euskaraz dibertitzeko manerak" izenburuarekin. Kezka hori zen. Lehendik txistegintzan, telebistan nahiz idatziz egindako hainbat saiotan beti somatu genuen kezka honakoa zen: umorea komunikatzeko, adierazkortasuna lantzeko tresnak bagenituela baina tresna horiek askotan motz gelditzen zitzaizkigula eta horien inguruan lanketa bat egin beharra zegoela. Horren inguruan gure mailako teorizazio batzuk egin genituen. Zer geneukan, nondik sor genitzakeen tresna horiek. Arazo oso praktikoekin egin genuen topo: hitz zaharrak erabili behar genituen ala berriak sortu behar genituen; zein neurritaraino erabil zitekeen erdara erreferentzia moduan, ala ez zen erabili behar; zein puntutaraino lortzen genuen komunikazioa; zein neurritan guk erabiltzen genuen hizkuntza ezaguna zen eta komunikatzeko balio zuen. Hainbat kontu.

Mantxut?-en aurkezpen horiek egin eta gero, Leioan izan ziren jardunaldi batzuetan teorizazio minimo bat egiten ahalegindu nintzen, praktikatik hartutako teorizazioa. Eta orduan, hari horretatik tiraka sortu zen ikastolen jardunaldietan eman beharreko saioa. Hezkuntza munduan landu beharrekoa zer den, non eta nola landu behar den bereizteko. Alegia, hizkuntzaren kalitateaz eta erabileraz hitz egiten dugunean bereizketa asko egin behar da. Landu nahi ditugun erregistroak zein diren zehaztera iritsi behar dugu, zein mailatako aldaera den landu nahi duguna (hizkera formala den, kolokiala...). Eta hor bi ideia nagusi a teratzen zaizkit: Irakaskuntzak ahalik eta corpusik landuena eskaini behar die ikasleei. Ikasleen behar komunikatiboak asebeteko dituen maila komunikatiboa eman behar die eta horrek hizkuntza maila jasoan oinarritu behar du. Alegia, batez ere erabilera formaletarako landu behar den oinarri linguistikoa behar da. Eta behin oinarri linguistikoa landu denean, erabilera ez-formala, horren emaitzetako bat izango litzateke. Oinarriak behar bezala jarriz gero, hortik aterako da hizkera ez-formala. Eta hizkera ez-formala ere lan daiteke oinarri linguistiko sendo eta arauaren ezagupen on baten ondorioz. Alegia, gure haur eta gazteek zenbat eta maila hobea izan, zenbat eta abesti gehiago jakin, zenbat eta espresio gehiago jakin, literatura, tradizioa, egungo euskara zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta baliabide gehiago izango dute bere hizketa ez-formala eraikitzeko. Gazte hizkerak araua puskatu behar du, baina horretarako, nahi ta nahiezkoa da araua zein den ongi ezagutzea. Hori da bidea.

XXI. Mendeko gazte hizkera hiritarra eraiki egingo da. Egin dezagun kontu gure mundu erreferentziala guztiz aldatu dela. Nekazari giro batetik giro hiritar batera pasa gara. Euskara bakarrik jakitetik bi-hiru hizkuntza jakitera pasa gara. Komunikabideen indarra une honetan izugarria da, eta mundu erreferentziala izugarri aldatu zaigu. Ez da nahikoa edukiak ematea, hizkuntzaren sorkuntza mekanismoak sozializatu behar dira. Eta maila horretan iruditzen zait hizkuntza formala oso neurri zorrotzekin irakatsi eta ebaluatu behar den bezala, hizkuntza ez-formalari askoz ere askatasun esparru zabalagoak eman behar dizkiogula. Eta argota edo gazte soziolektoak sortzea nahi baldin badugu, sorkuntzaralp askatasun giro bat behar dute gazteek. Horrek, egoera soziolinguistikoaren arabera, jasoagoa eta egokiagoa izatea ekarriko du, gure baliabideetan oinarrituagoa. Zimentazio lana egoki egiten ez bada, berriz, kanpoko eraginen menpekoagoa izango da. Ezin dugu pentsatu oso inguru erdaldunean bizi diren ikasle batzuk gero kalean euskara jaso eta zuzen batean mintzatuko direnik, soziolinguistikoki ezinezkoa da. Maila horretan, Txepetxen teoria jarraituz, gazte hizkera hori sortu, eraiki eta zabalduko bada, azken batean, hizkuntzaren bizitzarako oinarrizkoak diren baldintzak bete beharko dira. Motibazioan nahikotasun maila bat beharko du, ezagupenean nahikotasun maila baino gehiago ere beharko du eta erabilera dentsitatea beharko du.

Eztabaida eta buruhauste ugari eragiten duen eremu batean sartu zara. Euskalkiaren errealitatea, gazteleraren eragina... Zergatik uste duzu duela horrelako lehentasuna gai horrek?

Nire lanarekin errealitatea azaldu nahi izan dut. Gauza bat da guk zer nahi dugun eta bestea zer den. "Eske hau superguaia da" gure gazte gehientsuenek erabiltzen dute eta hori ez bada oso antzekoa den beste bat. Baina ez hori bakarrik, hau bezala une honetan lokuzio gehienak gazteleraz erabiltzen dira. Hilabete hauetan, Lekeitio, Gernika eta Tolosako gazteek elkarri idazten dizkioten oharrak bidali dizkidate; baita txateatzerakoan edo telefono mugikorrez mezuak bidaltzerakoan erabiltzen dituzten ereduak. Hor hiru gauza oso nabarmenak dira: oinarrian euskara batua erabiltzen dute euskalkiarekin nahastuta; erabilera informaletan euskalkiarekiko joera oso nabarmena da horrek adierazkortasuna ematen dielako, talde eta nortasun zeinu bihurtua; eta adierazkortasuna lokuzio edo esamoldeen bidez lortu nahi denean, % 90ean erdarazko lokuzioak erabiltzen dira. Hori diagnostiko hutsa da.

Gazte hiritarren gaiari heldu diozu. Zergatik uste duzu duela horrenbesteko lehentasuna gai horrek?

Gaur egungo gazteen erabilerak markatuko duelako euskararen beraren etorkizuna. Une honetan euskararen eguneroko erabileraz hitz egiten dugunean, eta etorkizunaz ari garenean daukagunari begiratu behar diogu. Orain hirurogei urte euskararen esparru geografikoa dezente murritzagoa zen. Orain hogeitabost urte Tolosako gazteon artean ez genuen euskararik egiten, kaleko gazte kuadrila guztiak erdaraz ari ginen. Beraz, hor aurrerapauso bat badago. Guk ez genuen "eske hau superguaia da " esaten, guk erdaraz egiten genuen zuzenean, eta kitto. Baina ez guk bakarrik. 1930eko izkribu bat badago, Tolosako lehen ikastola eraiki zen garaikoa, eta hor esaten denez, garai hartan harrigarria zen haur edo gazteren bat euskaraz entzutea Tolosako kaleetan. Alde horretatik aurrerapena nabarmena da. Txanpon honek ere ordea, badu beste alde bat. Orduan, orain hirurogei urte euskara sozialki nagusi zen lekuetan euskara askoz aberatsagoa eta jatorragoa zen. Gure ondareari askoz atxikiagoa, baina mundu erreferentzial bati zegokion, eta herri-hirietan euskaraz egiten zutenak ere, nekazal munduari oso lotutako egitura linguistikoa zerabilten.

Hiritartu eta esparruak irabazi ditugunean maila batean bakarrik egin dugu: kantitatean irabazi egin dugu, gazte euskaldun gehiago dago, gazte horien artean euskara gehiago egiten da eta orduan sortzen zaigu arazoa. Zer-nolako euskara darabilte? Nire ustez, eta ikuspegi soziolinguistikotik, normala da darabilten euskara erabiltzea. Zergatik? Erdararen eragin izugarria hor dagoelako, euskara hutsez bizi diren gazteak ere minoria direlako herrietan. Euskal Herri osoa aintzat harturik, gazte euskaldun gehienen gurasoak erdaldunak edo bikoteak mixtoak dira, edo euskaldun berriak... Euskara gutxien menderatzen duen belaunaldiaren seme-alabak dira. Irakaskuntzatik kanpo Euskal Herriko zenbat haurrek entzuten euskara, erdara baino gehiago bere bizitza normalean. Eta euskara erdara baino gehiago entzuten duten haur horiek zer nolako euskara entzuten dute inguruan? Zenbat euskara mota desberdinekin egiten du topo egunean zehar (familian, eskolan, lagunartean, telebistan, liburuetan, aisialdian...)? Heziketa euskaraz jaso arren, adierazkortasuna gehienetan erdaraz datorkie. Komunikabideak, zinema, musika... nagusiki erdaraz kontsumitzen dituzte eta “Operación Triunfo bezalako bat datorrenean, dena bereganatzen du, gure kultur proposamenak ikusezin bihurtuz. Hegoaldean, gainera, adierazkortasuna lortu nahi denean Madril inguruko eredua kopiatzen da eta ez dugu besterik ezagutzen. Hori, indar koerlazioaren ondorio da. Asier Larrinagak txelismoa deitu izan dio fenomeno honi. Esate baterako, euskarazko medioetan, askotan errazkeria handiz jotzen da erdarazko lokuzio eta esamoldeetara, Hori nola gainditu? Hizkuntzaren zimentazio lan ona eginez, euskarazko kontsumo kulturala bultzatuz eta haurren ingurunea ahalik eta gehien euskaldunduz txikitandik hasita, alegia, bost urtetako haur batek komunikatzeko behar dituenak emanez, esaterako abestiak, sokasaltoan edo futbolean aritzeko hitzak, haserretzerakoan erabili beharreko moldeak,... Hortik gora hasiko gara gure historia, literatura... lantzen.

Beste askok ez dute diagnostiko bera egiten. Beste zenbaitek herriko euskara eta euskalkia landu eta hedatzeari lehentasuna ematen diote. Antagonikoak ote bi ikuspegiak?

Nik uste euskalkiaren arazoa arazo nagusiago baten atal bat besterik ez dela. Atal bat dela diot, izan ere, euskalkiaz ari garenean zertaz ari garen ere esan behar dugu. Alegia, zein da gaur egun hemezortzi urte dituen belaunaldiaren euskalkia? Jar gaitezen Bilbon, jar gaitezen Lekeition, Tolosan, Baionan... Ez da hirurogei urtekoena, eskolatu eta alfabetatuak dira eta denek menperatzen dute gutxi edo gehiago euskara batua, beste euskalkietako erreferentziak dituzte eta erabiltzen dituzte eta gaur egun jendearen mugikortasuna askoz ere handiagoa da. Hibridazio hori gero eta handiagoa da. Bestalde, euskalkia da gaur egungo gazteek beren hizkerari euskaratik bertatik adierazkortasuna txertatzeko duten baliabiderik garrantzitsuena eta emankorrena. Are gehiago, euskalkia da gazteen arteko hizkera kolokialaren oinarri sendoenetako bat. Euskalkien ondarea hor dago beraz, baina nola erabili behar ditugu? Orain arte oso argi izan dugu euskara batua erabilera formaletarako zela eta euskalkiak erabilera informaletarako zirela. Nik uste gauzek horrela jarraitu behar dutela.Gauza bat argi izan behar dugu ordea, euskalkiak euskara batua bera baino dezente gehiago aldatuko direla. Zergatik? Erabilera informaletan eta egunerokoan erabiliko direnez jasoko duten kanpoko eragina askoz handiagoa izango delako. Baina nik horri ez diot batere beldurrik. Une jakin batean, Tolosako gazteei askoz erabilgarriagoa gerta dakieke bizkaierazko esamolde bat gipuzkerazko bat baino, eta niri hori egokia eta aberasgarria iruditzen zait. Une honetan darabilgun hitz asko eta asko ez dakigu zein euskalkitakoak diren. Gaur egun "ilbeltza" ez du inork esaten eta "otsaila" zein euskalkitakoa den ez galdetu, ez baitakit. Erabilera estandarrean txertatu da. Tolosako ikasleen arteko ohar idatzietan "“zelan?" edo “ "zer moduz zagoz" bezalako esamoldeak aurki daitezke, telebistaren eraginez. Niretzat oso oso positiboa da.

Euskalkiek indar izugarria dute gazteen hizkera jazteko orduan, baina arautzen baldin baditugu eta euskalkiak estandarizatzera jotzen badugu daukaten indar hori galtzeko arriskua ere eduki dezakegu. Eta are gehiago, jendea nahasteko arriskua ere izan dezakegu. Alegia, bi kode idatzi maneiatu behar izatea. Batekin nahikoa arazo badugu eta bigarren bat arautu nahi izateari arrisku handiak ikusten dizkiot. Ez dut esan nahi euskalkiak erabili behar ez direnik, eta are gehiago, ez dut horrekin esan nahi euskalkiak gehiago txertatu behar ez direnik euskara batuan, eta herri aldizkari batean bertako euskalkiaren erabilera egin behar ez denik. Baina beldurra ematen dit, orain, bat batean tarteko araudiak sortzeak, lokalak ez direnak, nazionalak ere ez eta oso ongi ez dakigunak zein espazio geografiko hartu beharko luketen. Nire ustez, ez du arazoa konpontzen eta okerragotzeko arrisku handiak ditu.

Badago beste arazo bat. Han hemenka somatu izan dudanez, gaur egungo irakurle gazteek euskalkian idatzitako artikuluak askotan ez dituzte irakurtzen. Gazteei kode zaila egiten zaie. Oñatin, gazte euskaltzale talde bati herriko aldizkarian oñatieraz idatzitako artikuluak irakurtzen ote zituzten galdeginda, erantzuna oso argia izan zen: ez. Kosta egiten zaie. Baina horrek ez du esan nahi euskalkiaren esamoldeak eta ikutuak sar ez daitezkenik. Gazte horiek beraiek, beraien hizkeran idazten dute, eta ez da ez batua ez oñatiera, tarteko zerbait da. Orain une honetan fenomeno berri bat gertatzen ari zaigu. Orain arte kode idatzia kode formala zen, baina teknologia berriekin baditugu bi kode idatzi bata formala eta bestea informala, txateoan, oharretan eta mezuetan erabiltzen dena. Eta horko hizkera talde bakoitzarena da. Erabilera idatzi berri honek hiruzpalau urte ditu, eta mundu guztian ari da hedatzen. Soziolekto idatzi berri bat ari da sortzen, baita euskaraz ere. Interneteko foro euskaldunetan, txatetan, telefono bidezko mezuetan idazten direnak, esaterako, erabat arautugabeko euskaran idazten dira eta horrek du indarra, hori arautzera joko bagenu, horiek ez lukete jarraituko araubide hori eta hizkera eraikitzeko duten indar hori murriztu egiten dela sentituko lukete. “"Heavyjje" hitza hitzetik hortzera erabiltzen dute Bizkaiko zonalde euskalduneko gazteek. Bada, Iurretako institutuko ikasleei nola idazten zuten galdetu eta zazpi era desberdin azaldu ziren. Hori arautu nahi izatea ordea, sorkuntza bide berri hori antzutzea litzateke.

Batuaren zurruntasuna ere apurtu beharra dago, bereiztu beharrekoak dira araubidea eta estandarra. Estandarrean bestelako elementuak txerta litezke. Une jakin batean araubidea bera ere apur dezaketenak, baina orduan erabilera desberdinak izan behar ditugu kontuan. Zein erregistro eta zein erabilera erabili. Egoera bakoitzak bere erregistroa du, egoera nazional orokorretan badakigu zein erregistro erabili behar den eta hortik behera askatasun esparru zabal bat utziko nuke. Ez ote da esate baterako maiz gertatzen euskarazko komunikabideetan, euskara zuzenena erabiltzeagatik, batere komunikatiboa ez den hizkera bat erabiltzen dela, eta hain zuzen ere horrek atzentzen gaituela euskaldunak? Behin zuzentasuna bermatu eta gero, uste dut, adierazkortasuna landu behar dugula zuzentasuna bera baino gehiago.

Ez al da urrats berri bat emateko unea iritsi. Euskara batuaz hitz egin beharrean ez ote genuke euskararen errepertorioaz hitz egiten hasi beharko? Normalizaziorako dugun erreferentziak ez al luke estandarizazioa gainditu eta errepertorioaren eraikuntzari begira egon behar?

Hori da. Eztabaida hau aurrera egin dugulako sortu da, eztabaida positiboa da orain hogei urte geunden lekuan ez gaudelako sortu da. Komunikabideei begira ere, ezin da hizkera bera erabili "Gaur egun" batean, "Goenkale" batean edo "Hasiberriak" batean. Badakit ez dkituztela hizkera mota berak erabiltzen, baina oraindik ere, bide luzea dugu aurretik, egoera komunikatibo erosoetara iristeko. Idatzizko medioetan, esaterako, euskara batuak izan behar du oinarri eta horren gainean jatorri desberdineko osagaiak txerta daitezke.

Komunikazioarekin estu loturik zabiltza zure egiteko profesionaletan. Zer nola bizi duzu egungo egoera? Alegia, zer nola bizi duzu euskara estandar baten inguruko adostasuna egon arren errepertorioaren gainerako eremuetan dagoen hutsunea?

Egoera hau erronka bat da, bizipozez hartzeko moduko eronka. Andu Lertxundiri askotan entzun diot hizkuntza minoritarioetan lan egiten dugunok badugula zorte bat, erderetan dena eginda dagoen bezala guk hemen sortu egin genezakeela eta proposamenak egin. Eta alde horretatik ez dugu geure burua mugatu behar. Nik bizi horrela bizi dut. Zer gertatzen da? Arazoak ere batzutan larriak direla. Proposamen bakoitzak, produktu bakoitzak, programa bakoitzak hizkera eta errepertorio desberdinak eskatzen ditu, eta ahaleginak eta bi egin arren, askotan ez da erraza ereduak sortzea eta gainera, asmatzea. Txiste kontalari ibili ginenean, askotan Bizkaitik deitzen ziguten eta batzutan arazoak izaten ziren ulertzeko. Errepertorioa batzuk zabalagoa genuen eta besteek murritzagoa eta txiste kontalariak, bertsolariak bezala, horri buelta ematen jakin behar du. Baina hori, ikuspegi nazional batetik, iragan beharreko aroa da. Ezin dugu XXI. mendeko hizkera XIX. mendeko parametro linguistiko eta kulturalekin eraiki. Hori, dena den, egoerari egokituz egin behar da.

Euskararen etorkizuna belaunaldi berrien erabileran dago, eta hauek diotenez, eskolatik jaso duten euskarak ez ditu asetzen. Non dago gakoa?

Gakoa eskolan eta eskolatik kanpo dago. Eskolak oinarria jartzen duenean ezin du ikuspegi gramatikal soiletik egin, ikuspegi komunikatiboa ere kontuan izan behar du. Haur eta gazteek gizartera irteten direnean erabili ahal izateko baliabideak behar dituzte. Hori ere prozesu graduala da.

Baina haur eta gazteen ingurua ere aintzat hartu behar da. Garrantzitsua litzateke proposamen jakin batzuen inguruko adostasuna lortu eta berauek erabiltzeko eta sozializatzeko aukerak sortu eta eskaintzea. "“Hori egina zagok", edo "emoistaxux mosutxuek" kaleratu zirenean berehala zabaldu ziren, asko entzun zirelako, asko zabaldu zirelako eta adierazkorrak zirelako. Momentu batean telebistatik gauzak sozializa litezke, baita musika edo haur eta gazte liburuen bitartez ere. Horrek denbora bat beharko du eta horrek behar du haur horiek eskola orduz kanpoko jardueretan euskaraz egitea, kaleko erabilera handitzen joatea eta hizkuntza politika eta gizarte dinamika oso bat. Azken batean, gazteen erabilera % 60-70ekoa balitz aukera oso garbiak izango genituzke gazte hizkera sendoago bat eraikitzeko baldin eta hori eraikitzeko mekanismoak sortuko bagenitu. Horrek erabilera dentsitate bat eskatzen du. Nekez sortuko da euskarazko argotik Tuteran, askoz errazago sortuko da Ondarroan edo Tolosan. Euskara proportzio handietan erabiltzera iristen den egunean ordea, aurreikus genezake, bizi ditugun baldintza soziolinguistikoetan erabiliko den euskara kolokiala ez dela izango guztiz zuzena, ez baitago horretarako aukerarik. Zenbat eta gehiago entzun eta erabili ordea, orduan eta aukera gehiago euskara hori euskararen baitako osagaiez mamitua izateko. Euskarazko medioak gehiago kontsumituko direlako, euskarazko musika gehiago entzungo delako... Horiek guztiak sozializatzen diren neurrian zabalduko da, baina hori egin ezean ezinezkoa da.

Komunikabideek zeregin handia dute horretan. Bere baitan bi aldaera nagusi sortuko dira, formalak eta informalak. Eta horretan erabileraren eragina dago. Corpusaren inguruko ezagupen maila zenbat eta handiagoa orduan eta euskara hobea, Mitxelenak esan bezala "aldi eta alde guztietako euskara ezagutu", eta hori zenbat eta hobeto ezagutu orduan eta euskara hobea erabiliko da. Arazoetako bat beste hizkuntzen eraginari zenbat leku egin behar diogun izango da, eta hor denok ez gara bat etorriko. Bestalde, euskal senetik abiatutako sorkuntzan izan dugun etena azpimarratu egin behar da. Azken boladan gazteen artean emandako hitzaldietan harriturik gelditu naiz "“kanpaia jo" esamoldea ezagutzen ote zuten galdetu eta zonalde euskaldunetako zenbat gaztek esan duen, ez duela ez hori eta ezta euskal jatorrizko beste baliokiderik ezagutzen."“Lasto bat egin" edo "“paja bat bota" dira hegoaldean erabiltzen direnak. Eta hala ere, hasi dira proposamen berriak sortzen. Asisko Urmenetak "partxisean aritu" edo "santageda jo" bildu ditu esate baterako. “"Xagua klikatu" jaso genuen Gasteizen nesken masturbazioa izendatzeko. "Klikatu" erdaratik hartutako hitza da, baina konstrukzio hori euskal senetik sortutakoa da eta gaur egungo gazteen ingurune erreferentziala erabiliz, eta hori da garrantzizkoena.

BAT aldizkaria: 
42. 2002ko martxoa. Hizkuntza normalkuntza hizkuntza errepert...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2002