Hizkuntz komunitate eta errepertorioa

jatorri linguistiko desberdinetako pertsonak hizketa komunitate beraren barruan egon daitezke. Horrela, gazte talde bat, ikastetxe bat, udalerri bat etab, izan daitezke komunitatea, bere kideek –hizkuntz gaitasun, ideologia eta jokabide desberdinetakoak izanik ere– elkarreragin dentsitate handiagoa badute elkarren artean kanpoko jendearekin baino, eta aztura komunikatibo propioak garatzen dituzten heinean.

Hezkuntza sistema gaztelaniatzeagatik eta katalan hizkuntzaren erabilera publikorik ez egoteagatik ez dira ezagutu katalanaren aldaera formalak eta erreferentziazkoak. Hizkuntza nagusiaren aldaerek ordezkatu dituzte aldaera horiek. Orain ere, biztanle gehienek ez dute ezagutzen katalanaren aldaera estandarrik, eta, beraz, ezin dute gainerako aldaerekin alderatu.

Komunitatea barruko komunikazio sare bat izan behar da, eta bertan emandako komunikazio dentsitatea handiagoa izan behar da kanporantz dagoena baino. Komunikazio horiek eman beharko lirateke bai lurraldearen erabileran (eguneroko lan mugikortasunaren dentsitatea, hiri esparrua aisiarako erabiltzeko ereduak, etab) bai harreman publikoetan eta pertsonen artekoetan (sare sozialaz, asoziazionismoa, kultur kontsumoko ereduetako harremanak, ezkontza ereduak, etab) eta baita hiztunen beraien pertzepzioetan ere

Hizkuntz errepertorioa honakoa da: komunitate bateko kideek pasiboki zein aktiboki eskura dituzten hizkuntz eta komunikazio baliabide guztiak –hizkuntza bateko edo gehiagoko aldaerak

Hiriko mapa soziolinguistikoa egiteko, honako datuak izan beharko lirateke eskura: (1) errepertorioko aldaerei buruzko ezagutza, (2) egiten diren erabilerak, eta (3) aldaera bakoitzarekiko ideologia

Oharra: Lan hau Sociolingüística de la lengua catalana (1998, Bartzelona, Ariel arg.) eskuliburuaren “La comunitat i el repertori lingüístic atalaren itzulpena da.

Soziolinguistikan aztertzen dugun unitate soziala hizkuntz komunitatea da: hiztun taldea. Hain zuzen ere, ezaugarritzat bere komunikazio dentsitatea eta, beraz, komunean zenbait bereizgarri dituen hiztun taldea. Bloomfield-ek (1933, ikus 3.4) idazten zuen ordurako:

«Imajina dezagun mapa oso handia eta bertan komunitate bateko hiztun bakoitzeko marka bat jartzen dugula. Eta imajina dezagun edozein hiztunek esaldi bat ahoskatzen duen bakoitzean gezitxo bat agertzen dela mapan, bere puntutik entzule bakoitza irudikatzen duten puntuetarako ibilbidea adierazteko. Denbora tarte jakin baten bukaeran –demagun hirurogeita hamar urte inguru– mapa horrek komunitatearen barruko komunikazio dentsitatea erakutsiko liguke […]. Gezi sistema hori sistema moduan hartuta, esan dezakegu ahultasun lerroek bereizten dituztela azpitaldeak ahots komunikazio sare horretan».

Hizkuntz komunitate bat mugatzea erraza izan daiteke, talde txiki, isolatu eta eginkizun sozial oso finkokoetan eginez gero. Hala ere, hirietako hizkuntz komunitateak mugatzerakoan zailtasunak handiagoak dira –eta Herrialde Katalanetan urbanizazio portzentajeak oso altuak dira–. Hirietan, gero eta indibiduo gehiago daude sare sozial irekietan eta zatituta izaten dituzte eginkizun sozialak. Esan behar ote dugu Andorrako Printzerrian komunitateak elkarren ondoan ezarrita daudela? Edo, bestela, ama hizkuntza desberdinetako hiritarrek osatutako komunitate bakarra dagoela, eremu politiko, komunikatibo eta sozial espezifikoa partekatzen (ikus 3. grafikoa, 74. or.)? Eta galdera bera egin dezakegu Bartzelona, Valentzia, Tarragona eta Reus-eko metropoli barrutiei buruz, bai eta atzerritar asko era egonkor batean finkatuta daudeneko eremu turistikoei buruz ere. Jarraian azaltzen ditugun komunitatearen definizioek alderdi desberdinak nabarmentzen dituzte.

1. Hizkuntza beraren ezagutza. Soziolinguistika abiarazi zutenetako bat den Heinz Klossentzat (1977: 225), hizkuntz komunitatea honakoa zen: “ama hizkuntza moduan hizkuntz sistema jakina duten pertsonen multzoa; hizkuntza sistema horrek bere aldaki dialektalak, soziolektalak eta abar ditu. Ez du zehazten pertsona horiek talde berean egon behar diren edo ez. Hori da terminoaren ohizko erabilera «Salses-etik Guardamarrera “egun on esaten dugu» esaten dugunean. L’Alguerreko katalandunak komunitate soziolinguistiko katalanaren zati dira, zentzu horretan ulertuta, nahiz eta ez dauden eta ez duten elkarreragiten gainerako katalandunekin.

2. Elkarreraginaren intentsitate erlatiboa. John Gumperz-ek (1971: 101) hizketa komunitatearen terminoa erabiltzen du (berak speech community terminoa erabiltzen du) aipatzeko «elebakarra edo elebiduna izan daitekeen talde soziala. Talde sozial hori elkarreragin sozialaren egituren maiztasunaz lotuta dago eta, era berean, inguruan dauden tokiekin komunikazio maiztasun hori txikiagotzen delako markatuta dago. Hizketa komunitateak aurrez aurreko elkarreraginak lotutako talde txikiez egon daitezke osatuta, edo eremu handiez, ezarri nahi dugun abstrakzio mailaren arabera».

Definizio horren arabera, jatorri linguistiko desberdinetako pertsonak hizketa komunitate beraren barruan egon daitezke. Horrela, gazte talde bat, ikastetxe bat, udalerri bat etab, izan daitezke komunitatea, bere kideek –hizkuntz gaitasun, ideologia eta jokabide desberdinetakoak izanik ere– elkarreragin dentsitate handiagoa badute elkarren artean kanpoko jendearekin baino, eta aztura komunikatibo propioak garatzen dituzten heinean.

3. Hizkuntz ideologia partekatuak. Labov-en arabera (1972b: 120-121) hizkuntz komunitatea, «ez da definitzen hizkuntz elementuen erabileran adostasuna ematen delako, baizik eta arau multzo bat partekatzen delako. Arau horiek ikus daitezke berariazko balioztatzeetan edo aldaketa eredu abstraktuetan; azken horiek erabilera maila partikularrekiko iraunkorrak dira». Horrela, adibidez, New Yorkek hizkuntz komunitate bat osatzen du –bertan bizi den populazio ingelesduna, bederen–, forma aldakor berdinen aldaera desberdinak erabiltzeko joera badute ere, newyorkar gehienak bat datozelako aldaera horiei buruzko balioespen edo iritzietan. Gogora dezagun, 1.2.5. puntuan azaldun den moduan, aldaera bat forma abstraktu edo aldakor beraren aukeretako bat dela. Forma aldakor hori irudikatu ohi da estandarretik hurbilen dagoen errealizazioaz. [in] aldaerak, I’m walkin «ibiltzen naiz» esaldian, prestigio gutxiago du aldagai beraren [i§] errealizazioak baino. Plana de Vic-eko katalan zentralean, antzeko esanahi soziala dute treballar edo poll hitzen (l) aldagaiaren aldaerek. Iodizaziodun aldaerak baztertzen dira, eta errealizazio sabaikari albokariak, ordea, positiboki balioztatzen dira. Beraz, aipatutako lehenengoak bere atzerapen prozesu zaharrari eusten dio (Vilà 1989; Pons 1992). Beste modu batera esanda, suposatzen da hiztun guztien adostasuna dagoela arau sozialetan, baina ez arauen segimenduan.

Hizkuntz komunitatearen definizio hori ezin da aplikatu Valentziako, Kataluniako eta Uharteetako hiri handietan. Orain arte honako eremuetan aplikatu da: eremu elebakarretan edo argi nagusitu edo ezarri den hizkuntza duten eremuetan. Aipatutako bi kasuetan hizkuntz ideologia oso trinkoak daude. Lurralde katalandunetan, berriz, hizkuntz ideologiak ez daude hain partekatuta edo adostuta: pitzadura gehiago daude eta arauetako nahasketa handiagoa da frantsesa edo gaztelera moduko hizkuntzetan baino. Erreferente arau emailerik ezaren eraginez, adibidez, katalan estandarreko hedapenak konbentzionalismo plus bat dakar berekin. Gure lurraldean ia biztanleria guztiak ezagutzen du beste hizkuntza ofiziala, katalanaz gain, eta hizkuntz gatazka dago. Horrek argitzen du erreferentziazko arauak aldakorrak edo banaketa oso desberdinekoak izatea. Hezkuntza sistema gaztelaniatzeagatik eta katalan hizkuntzaren erabilera publikorik ez egoteagatik ez dira ezagutu katalanaren aldaera formalak eta erreferentziazkoak. Hizkuntza nagusiaren aldaerek ordezkatu dituzte aldaera horiek. Orain ere, biztanle gehienek ez dute ezagutzen katalanaren aldaera estandarrik, eta, beraz, ezin dute gainerako aldaerekin alderatu.

4. Hizkuntz erabilera eta gune soziopolitiko partekatuak. Berrutoren arabera 1995:72), hizkuntz komunitatetzat honakoa ulertu behar da: «hizkuntz aldaera sorta bera partekatzen duten eta gune soziopolitikoren baten inguruan elkartzen diren pertsonen multzoa, mugatu gabeko hedadurakoa. Aldaera multzoa eta aipatutako gunearen hedapena aldatuko dira kasurik kasu». Berrutoren definizio eklektiko horrekin komunitate-tzat hartuko lirateke neurri aldakorretako herriak, herri txikietatik eremu handietaraino, hala nola Perpinyà , Bartzelonako metropoli barrutia edo Katalunia osoa. Dena den, dimentsio politikorik ez duten gune sozial txikiak alde batera utziko lituzke (gazte taldeak, ikastetxeak).

5. Identitate ekintzak. Azkenik, hainbat autorek uko egiten diote hizkuntz komunitate motarik aipatzeari (eta beste hainbat kontzeptu ere, adibidez, hizkuntza, erregistro, dialekto). Basil Le Page eta Andrée Tabouret-Kellerrek (1985) proposatzen dute elkarrekintza bakoitzean hiztunek aukeratzen dutela erabilgarri dituzten aldaera anitzetako bat –ezaugarri lexiko, diskurtsibo, morfologiko edo fonetiko jakina–, sinbolikoki elkartu nahi duteneko taldearen identitatearen arabera. Esaldi bakoitza izango da, hortaz, identitate ekintza. Horrela, itxaron daiteke indibiduo batek bere autoidentifikazioa aldatzea testuinguruaren arabera –sare sozialaren eta eremuaren arabera–, erreferentzia taldeen arabera eta bere buruarekin aldera ditzakeen alderdi nabarmenen arabera. Jarrera hori bat dator autore horien ikerketa eremuekin. Biek ikertu dituzte pidgin eta kreolera moduko hizkuntz aldaerak. Aldaera horiek ez dute barruko aldaketa berdintzen duen erreferentziazko ahots edo idatzizko aldaerarik izaten.

John Gumperz (1962: 30-32) eta beste hainbat autoreren arabera, onuragarriagoa da (hizketa) komunitate kontzeptua erabiltzea lehen mailako harremanetako komunitate txiki lokalak izendatzeko. Momentuz, eraginkorrena izango da (hizkuntz edo hizketa) komunitateek taldeak (soziolinguistikoak) eratzen dituztela pentsatzea. Talde horiek neurri desberdinetakoak dira, lagun talde batetik Herrialde Katalan guztietara. Era berean, hizkuntz erabileretan desberdintasun esanguratsuak daudela froga dezakete. Azterketa bakoitzean, beste gizarte zientzietako frogetara jo behar da. Izan ere, froga horiek hizkuntz komunitate jakin bat dagoelako ustearen inguruan eraikitako hipotesia indar dezakete. Komunitatea barruko komunikazio sare bat izan behar da, eta bertan emandako komunikazio dentsitatea handiagoa izan behar da kanporantz dagoena baino. Komunikazio horiek eman beharko lirateke bai lurraldearen erabileran (eguneroko lan mugikortasunaren dentsitatea, hiri esparrua aisiarako erabiltzeko ereduak, etab) bai harreman publikoetan eta pertsonen artekoetan (sare sozialaz, asoziazionismoa, kultur kontsumoko ereduetako harremanak, ezkontza ereduak, etab) eta baita hiztunen beraien pertzepzioetan ere.

Soziolinguistek aldez aurretik beste gizarte ikertzaileek mugatutako auzo edo komunitatea hartu ohi dute abiapuntu. Horrela egin izan dute hainbat ikerketa bariazionista?? Herrialde Katalanetan (ikus Petrerren (Gimeno i Montoya 1989), Pons de Suert-en (Alturo i Turell 1990) eta Benicarlón (Pradilla 1993) hizkuntz aldaketari buruz egindakoak). Ezin bagara aldez aurretik egindako gizarte ikerketetan (fidagarrietan) oinarritu, aztertu egin beharko da zein punturaino gizarte unitate bat den erabilera eta arau soziolinguistikoen unitatea ere. Gerta litekeena da egokitasun eta parte hartze unitateak egotea elkarren gainean ezarrita. Jende gehienak katalanez hitz egiten dueneko Segriàko herri bateko lagun bat ikaslea izan daiteke lanegunetan Bartzelonan, katalan zentralera egokituta dagoela, eta aholkularitza juridiko batean lan egin dezake, gaztelaniaz hitz egiten. Halaber, asteburuetan, goi mendiko eskalada talde bateko kidea izan daiteke, hizkuntz aldaera espezializatu bereziarekin, eta gauerdian ingelesez nabiga dezake interneten. Pertsona horren hizkuntz erabilerek jarduera horiek eta parte hartzen dueneko esparru ugaritasun hori adieraziko dituzte. Batik bat biztanleriaren heterogeneotasun soziokultural handiko eremuetan balioetsi beharko da, hartzen dugun hizkuntz komunitatearen definizioaren arabera, katalana (edo gaztelania edo frantsesa) bigarren hizkuntza dutenak edota elebidun familiarrak bereizita edo batera kontsideratu behar diren hizkuntza bateko bertako hiztunekiko.

Hizkuntz errepertorioa honakoa da: komunitate bateko kideek pasiboki zein aktiboki eskura dituzten hizkuntz eta komunikazio baliabide guztiak –hizkuntza bateko edo gehiagoko aldaerak–. Errepertorioaren aldaera horiek ez dira mugatzen euren jatorriengatik edo euren unitate estrukturalarengatik, baizik eta hizkuntz komunitate jakin batean duten erabilera edo eginkizunengatik. Soziolinguistari ez zaizkio barruko mugak interesatzen, baizik eta hizkuntz desberdintasunek dakartzaten arazoak eta esanahi sozialak. Hizkuntz errepertorioa deskribatzeko, honako elementuen arteko lotura erakutsi behar da: botere sozial eta politikoaren banaketa eta hitz egin eta idazteko modu zehatzen balioztatze eta ezarpena. Aipatutako bi faktoreak historikoki aldatzen dira. Kode edo aldaera bakoitzak azalduko du edo azaldu ahal izango du esanahi sozial jakin bat. 2. grafikoan Bartzelonako zonako errepertorioaren proposamen bat erakusten dugu (Tusón 1985):

KATALANA

  • Hiztun ez-katalandunak Hiztun katalandunak
    • AUZOA:
      • herrikoia (xava) aberaskumea (esnob)
      ADINA:
      • adinekoak (bartzelonarrak) gazteak (ikastetxean katalana darabilten edo ez)
      KULTUA:
      • garbizalea katalanista amorratua

GAZTELANIA

  • Hiztun ez-gaztelaniadunak Hiztun gaztelaniadunak
    • JATORRIA:
      • andaluziarra extremadurarra aragoiarra galiziarra…
      ADINA:
      • etorkinen 1. 2. 3. belaunaldia
      ESTANDAR KULTUA, BOEkoa
    - Katalan gaztelaniatuak

2. grafikoa. Bartzelona hiriko hizkuntz errepertorioa. Iturria (Tusón (1985b: 63-85)

Grafiko horretan autoreak Bartzelona hiriko hizkuntz aldaeren aurkibide proposamen bat aurkezten zuen. Hiriko biztanleria gaztelaniadunaren elebiduntasun prozesua aintzat hartuta (biztanleria katalandunarena lehenago gertatu zen), eta bertan jaio eta gaztelania lehen hizkuntza duten biztanleak gero eta gehiago direla kontuan hartuta, proposamen horrek eboluzionatu egin du dagoeneko.

Hiriko mapa soziolinguistikoa egiteko, honako datuak izan beharko lirateke eskura: (1) errepertorioko aldaerei buruzko ezagutza, (2) egiten diren erabilerak, eta (3) aldaera bakoitzarekiko ideologia (ikus 4.2). Hiru alderdi horiek aztertu beharko lirateke euren gaur egungo harremanetan eta baita euren harreman historikoetan ere, jakiteko, adibidez, nola balioztatu izan den soziolekto bat modu konkretu batean. Kasu bakoitzean, biztanleriaren gaur egungo banaketa sozialaren arabera eta hiri eta gizarte bilakaeraren arabera aztertu beharko lirateke hiru faktore horiek. Ezagutzari dagokionez, baditugu biztanleriaren erroldako datuak. Datu horiek auzo eta errolda unitate mailan ematen dira (ikus, adibidez, Bartzelonako auzoetako datuak Reixach-engan 1997). Ostera, Bartzelonako hizkuntzei eta hizkuntzarteko aldaerei dagokienez, bai sozialak bai funtzionalak, gauza gutxi dakigu oraindik (prentsan Boix, Payrató (koord.) 1998). Hizkuntz ideologiei dagokienez, Ballart (1996) xava delakoa ikertzen ari da. Badaude ere zenbait ikerketa hizkuntzen alternantzia eta hautaketei buruz, bai berezko harremanetan (Woolard 1992a) bai komunikabideetan (Calsamiglia et al. 1997). Badago, beraz, asko deskribatzeko Bartzelonako errepertorioan eta hizkuntza katalanaren lurralde osoan. Erantzunik gabeko galdera batzuk honakoak dira: Zerk desberdintzen ditu, belaunaldien arabera, Katalunian hitz egiten den gaztelaniaren aldaera desberdinak? Zeintzuk dira xava edo neoxavaren zein aberaskumeek erabiltzen duten aldaeraren ezaugarriak eta zein sektore sozialetako hiztunek erabiltzen du bakoitza? Nola aldatu dira ikaste prozesua eta ondoriozko aldaera, adibidez, lehenengo hizkuntza katalana duen biztanleriak erabiltzen duen gaztelania? Zeintzuk dira zonako elebidun familiarren hizkuntz erabilerak eta ideologiak? Zerrenda bukaezina da, zalantzarik gabe.

BAT aldizkaria: 
42. 2002ko martxoa. Hizkuntza normalkuntza hizkuntza errepert...
Kokapen geografikoa: 
Katalunia
Egilea(k): 
Emili Boix; Xavier Vila
Urtea: 
2002