Zergaitik eta zertarako erabiltzen ditugu euskara eta gaztelera solasaldi berean?

Ondoko orrialde hauetan euskara eta gazteleraren arteko kode-aldaketak dituen zenbait funtzio pragmatiko aztertuko dugu.

Euskal Herriko zenbait hiztun elebidunei egindako grabazioetan aurkitutakoak aztertuko ditugu.

Kode-aldaketa ikuspegi sozio-politikotik ere aztertu da. Heller-entzat (1992), adibidez, kode-aldaketa (eta hizkuntza-hautaketa orokorrean) estrategia politiko bat da, mugikortasun etnikoa lortzeko erabiltzen dena bereziki.

Ikerketa honen oinarria 1992 eta 1994ko udan Donostian egindako 9 grabazio-ordu izango dira. Lagun-arteko elkarrizketak dira eta adin ezberdinetako hiztunek parte hartu zuten.

Euskarak eta gaztelerak fonologia-mailan dituzten antzekotasunak direla-eta, gazteleratik hartutako mailegu askok ez dute inolako egokitzapenik behar eta horren ondorioz zaila edo ezinezkoa da zenbait kasutan maileguaren eta kode-aldaketaren arteko mugak finkatzea

kode-aldaketa horren atzean arrazoi sakonagoak daude: bere hitzei autoritatea ematea eta esango duena gauza serioa dela adieraztea.

Hortaz, hiztun hauek beste pertsona batzuek esandakoak aipatzeko gaztelera erabiliko dute baina, betiere, hiztuna beste pertsona bat bilakatzen denean, hots, tabernariarena, mekanikoarena edo beste pertsona batena egiten duenean.

lexikoan dituzten hutsuneak betetzeko (behin-behinekoak ala ez) gaztelerara joko dute. Gazteleraren erabilera horietako batzuen aurretik isiluneak edo zalantzak badituzte ere, kode-aldaketa horrela markatzea ez da ohikoa hiztun horiengan

aztertu ditugun datuek azaltzen dutenez kode-aldaketaren zergatiak anitzak dira elebidun horiengan, lexikoan dituzten hutsuneak betetzetik hasi eta diskurtso-mailako funtzio konplexuagoetan amaituz.

SARRERA

70. hamarkadaren hasiera arte, kode-aldaketa baztertuta eta estigmatizatua izan da. Izan ere, “semihiztunek ekoiztutako gramatikarik gabeko hizkuntzen nahasketa edo mordoilotzat hartu izan da (Grosjean, 1982: 157). Ikuspegi horren nagusitasuna erabatekoa izan zen, batez ere Weinreich-ek elebidun idealaz emandako definizioaren ondoren, alegia, “norbanako hori hizketa-egoeran (hots, solaskide, gai, eta abarretan) beharrezkoak diren aldaketak gertatuz gero, kode edo hizkuntza batetik bestera mugituko litzateke, baina inoiz ez aldaketarik jasan ez duen hizketa-egoera baten barruan, eta are gutxiago perpaus bakar baten barruan (Weinreich, 1953: 73).

70. hamarkadatik hona, berriz, ikerketa ugarik erakutsi dute (besteak beste, Gumperz & Hernández Chávez, 1972; Pfaff, 1979; Kachru, 1978; Poplack, 1980; Sánchez, 1983; Scotton & Ury, 1977) perpaus barruko kode-aldaketa elebidunen arteko komunikazioan oso maiz gertatzen den fenomenoa dela. Are gehiago, egile horien arabera gutxi dira kode-aldaketa horiek erabiltzen ez dituzten hiztun edo komunitate elebidunak. Gainera, gai horren inguruan egin diren ikerketa-lanek argi utzi dute kode-aldaketak lege jakin eta zehatzak jarraitzen dituen fenomenoa dela. Funtzio pragmatikoei dagokienez, komunikazio-estrategia bat izan ohi da askotan, eta beraz, diskurtsoaren barrruan hainbat funtzio ezberdin bete dezake. Egitura-mailan, bestalde, kode-aldaketak bere hizkuntza-arau propioak dituela ere frogatu dute zenbait egilek.

Gure lan honetan, Gumperz-ek (1982), Sánchez-ek (1983) eta Romaine-k (1989) erabilitako definizioa jasoko dugu (egile batzuk aipatzeko). Bestela esanda, kode-aldaketa “solasaldi beraren barruan bi gramatika-sistema edo azpisistemari dagozkien hizketa-pasarteak tartekatzea izango da.

Gure iritziz, kode-aldaketa ez da fenomeno berri bat euskara eta gazteleradun hiztun elebidunentzat. Gai horri buruzko ikerketa gutxi egin den arren, badira erabilera hori hainbat esparrutan gertatzen dela jaso dutenak, adibidez, emakumeen edo gazteen hizkeran, eskola-umeen artean, abesti eta jolasetan. Interes eza horren jatorrian erabilera horren estigmatizazioa dago hain zuzen ere, “horrela hitz egitea ez baita ez desiragarria, ez euskara “ona.

Ondoko orrialde hauetan euskara eta gazteleraren arteko kode-aldaketak dituen zenbait funtzio pragmatiko aztertuko dugu. Horretarako, beste hizkuntza batzuetan argitaratu diren lanetan oinarritu eta kode-aldaketak dituen funtzio nagusiak ikusiko ditugu lehenik. Ondoren, Euskal Herriko zenbait hiztun elebidunei egindako grabazioetan aurkitutakoak aztertuko ditugu.

KODE-ALDAKETAREN FUNTZIOEI BURUZ EGIN DIREN IKERKETAK

Romaine-k (1989) dioenez, orain arteko ikerketen arteko ezberdintasun nagusia hauxe izan da: kode-aldaketa guztiei esanahi jakin bat eman nahi izan zaien ala ez. Beste hitz batzuetan esanda, Poplack-entzat (1985), adibidez, “benetako kode-aldaketak ez luke inolako esanahi pragmatikorik izango. Bestetik, McConvell-ek (1988) kode-aldaketa guztiek nolabaiteko esanahia dutela esango du. Bi mutur horien artean Gumperz (1982) izango genuke, hots, kode-aldaketak informazioa ematen digula uste badu ere, ez zaio iruditzen kode-aldaketa bakoitzak esanahi jakin bat duenik.

Gumperz-en (1982) ustetan, kode-aldaketa diskurtso-mota bat da, hau da, hizkuntz komunitate bateko hiztun elebidunek komunikaziorako hautatu dezaketen aukera bat, hiztun elebakarrek erregistro edo dialekto ezberdinen artean mugitzea edo batetik bestera aldatzea aukeratu dezaketen antzera. Egile horren iritziz, ikuspegi horretatik ikertu beharko lukete hizkuntzalariek kode-aldaketa. Hiztun elebakar nahiz elebidunentzat hizkuntza-sistema edo azpisistema batetik bestera aldatzeak funtzio adierazkorra izango luke, eta beraz, funtzio pragmatikoa. Norveian egindako ikerketa batean, Blom eta Gumperz (1972) kode-aldaketa “transakzionala edo “metaforikoa izan daitekeela aipatu zuten (beste egile batzuek “egoerarekin zerikusia duena eta “egoerarekin zerikusirik ez duena terminoak erabiltzen dituzte). Kode-aldaketa transakzionala, solasaldiaren osagaien mende dago, h.d., gaia, solaskideak, eta abar. Bestetik, kode-aldaketa metaforikoaren bidez, hiztunak ondorio jakin bat eragin nahi izaten du (adb. beste hiztun batzuen aipamenak adieraztea, interjekzioak eta hizketan erabili ohi diren makuluak nabarmentzea, esandakoa errepikatzea mezua argitu edo azpimarratzeko, eta abar).

Kode-aldaketak elebidunen diskurtsoan betetzen dituen funtzio zehatzak aztertu duten beste ikerketa batzuk ere badira (Sánchez, 1983; Maschler, 1991 & 1994; Nishimura, 1995; beste batzuen artean). Sánchez-ek (1983), adibidez, Estatu Batuetako hego-mendebaldeko komunitate txikanoan kode-aldaketak betetzen duen funtzioa eta hizketa-ekintza nahiz estilo ezberdinekin duen harremana aztertu zuen. Ondorioetan aipatzen duenez, kode-aldaketaren zergatiak anitzak dira: hizketa-ekintzaren araberakoak (erronka, eskaera, adostasuna, eta abar), estiloaren araberakoak (narrazioa edo balorazioa), eta konnotazioen araberakoak.[1] Nishimura-k (1995) eta Maschler-ek (1991, 1994) kode-aldaketaren antzerako erabilera aurkitu dute ingelesa-japonesa eta hebraiera-ingelesa hiztun elebidunen artean ere.

Kode-aldaketa ikuspegi sozio-politikotik ere aztertu da. Heller-entzat (1992), adibidez, kode-aldaketa (eta hizkuntza-hautaketa orokorrean) estrategia politiko bat da, mugikortasun etnikoa lortzeko erabiltzen dena bereziki. Bere ikuspegiaren arabera, komunitate jakin batean kode-aldaketak duen zeregina eta garrantzia ulertu ahal izateko ezinbestekoa da ezagutzea erabilera horrek komunitate horretan duen hedadura. Funtsezkoa izango da, era berean, aztertzea hedadura horrek zein lotura duen gizarte horretako talde ezberdinek baliabide garrantzitsuak (adb. lanpostuak, gizarte-mugikortasuna, eta abar) eskuratzeko dute aukerarekin. Ildo horri jarraituz, komunitate jakin batean kode-aldaketa erabiltzea edo ez erabiltzea alderdi sozio-politikoen mende egon daitekeela aldarrikatuko du.

Beste ikerketa batzuk (esaterako, Scotton and Ury, 1977; McConvell, 1988) “gizarte-esparruak eta “estrategia kontzeptuetan oinarrituko dira. Hiru izango dira gizarte-esparru nagusiak: identitatea, boterea, eta transakzioa. Hiztun batek arrazoi ugari izan ditzake kode batetik bestera mugitzeko, hala nola, solasaldia gizarte-esparru jakin batera egokitu nahi izatea edo, alderantziz, solasaldia inolako gizarte-esparruri lotu nahi ez izatea. Bestela esanda, kode-aldaketa neutralitatea lortzeko estrategia izan daiteke, edo egoera jakin batean zein den kode edo hizkuntzarik egokiena eta onargarriena jakiteko bide bat. Esate baterako, erabili beharreko kodearen inguruan zalantzarik egonez gero, zenbait hiztunek kode-aldaketaren bidea jarraitzea erabaki dezakete eta beste solaskidearen eskutan utzi solasaldiaren hizkuntza zein izango den hautatzea. Testuinguru horretan proposatzen du Myers-Scotton-ek (1993b) bere “Markatze Eredua. Arrazoi sozio-psikologikoak ardaztzat hartuz, egile hori kode-aldaketa mota ezberdinak bereizten saiatuko da. Bereizketa garrantzitsua dugu hori, izan ere, kode-aldaketaren funtzioak ez dira berdinak komunitate guztietan. Ikuspegi horrek lehen aipatu ditugun Scotton eta Ury (1977) eta McConvell (1988) jarraituko ditu eta kode-aldaketa jakin bati inolako esanahia egotzi baino lehen, komunitate horretan hizkuntza-hautaketa ez-markatuak edo ohikoak zein diren azaltzen saiatuko da.

Laburbilduz, ikerketa-mota ugari aurkituko dugu kode-aldaketaren ezaugarri edo funtzio pragmatikoen azterketan. Batetik, kode-aldaketei funtzio zehatz eta jakinak egozten dizkieten egileak izango ditugu (Blom and Gumperz, 1972; Sánchez 1983, beste askoren artean ) eta bestetik, kode-aldaketa eta hizkuntza-hautaketa estrategia politikoak direla esaten dutenak (Heller, 1992). Bi joera horien artean kokatzen diren beste hainbat lan ere aipatu ditugu (McConvell, 1988; Myers-Scotton, 1993b; and Scotton and Ury, 1977). Azken horiek diskurtsoaren barruan kode-aldaketak izan ditzakeen funtzioak (hasarrea, autoritatea, enfasia eta antzekoak adieraztea) kontuan izango dituzte baina ez dute ahaztuko kode-aldaketak komunitate horren hizkuntza-hautaketaren testuinguruan duen kokalekua zein den. Hots, egoera jakin batean ohiko hizkuntza-hautaketa zein izango litzatekeen ezagutzen saiatuko dira kode-aldaketak interpretatzen hasi aurretik (adibidez, baliteke kode-aldaketa izatea ikertzen ari garen hizketa-egoera horretan eskuarki ageri den jokabidea). Gumperz eta bere lankideek ez bezala, ikuspegi horrek lehenik kode-aldaketa ezberdinak bereizi egingo ditu eta, ondoren, funtzio pragmatikoak aztertuko ditu.

IKERKETA

1. Ikerketa honen oinarria 1992 eta 1994ko udan Donostian egindako 9 grabazio-ordu izango dira. Lagun-arteko elkarrizketak dira eta adin ezberdinetako hiztunek parte hartu zuten. Alde batetik, 20 urte inguruko hiru gizonezko eta emakumezko bat eta bestetik, 50 urte inguruko hiru gizonezko eta emakumezko bat. Hiztunak elebidunak dira erabat eta euskara nahiz gaztelera erabiltzen dituzte beren eguneroko jardunetan. Bi datu-mota jaso genituen: (1) narrazioak, hots, hiztunek beren bizitzako hainbat pasarte kontatu zizkiguten, eta (2) elkarrizketak edo hainbat gairen inguruko talde-eztabaidak[2], (gaztetako kontuak, tabernak eta jatetxeak, txutxu-mutxuak …)

2 Poplack-i jarraituz (1980) hiru kode-aldaketa mota bereiziko ditugu: makuluen aldaketa, perpausen arteko aldaketa, eta perpaus barruko aldaketa.

Makuluen aldaketa izango dugu hizkuntza batean gauzatzen ari den solasaldi baten barruan beste hizkuntza bateko makuluak erabiltzen direnean, hala nola, “hau da, ez? eta abar. Schiffrin-en (1987) ildoari jarraituz, gure sailkapen honetan, gainera, diskurtsoaren markatzaileak ere sartuko ditugu, adibidez, “ondo, ba …, ados eta antzerakoak, eta horiekin batera baiezkotasuna/ezezkotasuna adierazten duten elementuak ere (bai, ez …) talde honetan sartu ditugu.

Perpausen arteko aldaketak perpausaren edo esaldiaren mugen arteko aldaketa esan nahi du, horrela, perpaus edo esaldi bakoitza hizkuntza batean egongo litzateke (Romaine 1989).

Perpaus barruko aldaketa izango litzateke perpausaren edo esaldiaren barruan kodez aldatzea. Aldaketa hori hitzaren mugen barruan ere gerta daiteke (adib. Izen sintagma, aditz sintagma, izena, adjektiboak eta abar solasaldiarena ez den beste hizkuntza batean agertzea) (Romaine 1989).

Kode-aldaketa eta mailegua bereizteko irizpidea Poplack-ek 1980an erabilitako bera da. Alegia, maileguak xede-hizkuntzaren fonologia-, morfologia- eta sintaxi-arauetara egokitutako elementuak diren bitartean, kode-aldaketak ez du horrelako egokitzapenik jasango dira. Irizpide horrek, ordea, ez du asko laguntzen lexikoaren esparruan maileguak eta kode-aldaketak bereizterakoan. Euskarak eta gaztelerak fonologia-mailan dituzten antzekotasunak direla-eta, gazteleratik hartutako mailegu askok ez dute inolako egokitzapenik behar eta horren ondorioz zaila edo ezinezkoa da zenbait kasutan maileguaren eta kode-aldaketaren arteko mugak finkatzea:

  • (1) panorama, pelea, pareja, problema, postura, plan, cuchillo, portero, juerga, equipo, tarta, espectaculo, guapo, tema …

Zailtasun horri aurre egiteko, kode-aldaketen artean gazteleraren sintaxi eta morfologia-arauak jarraitzen dituzten elementuak soilik sartzea erabaki genuen:

  • (2)taberna guzti-tan egon behar dira /extintor-es[3].

2. adibidean, esaterako, “extintores hitza kode-aldaketatzat hartu genuen, izan ere, gazteleraren morfologia ageri baitu eta ez du euskarazko plural-markarik.

Era berean, gazteleratik hartutako elementuak kode-aldaketak izango dira aztertzen ari garen elkarrizketa edo solasaldi horretan euskarazko hitza ere erabiltzen den kasuetan.

Amaitzeko, gainerako zalantzak hiztunei beraiek erabaki zituzten galdetegi baten bidez.

EUSKARA ETA GAZTELERAREN ARTEKO KODE-ALDAKETAREN FUNTZIOAK

Lehenengo begiradan argi geratzen da kode-aldaketa zenbaiten zergatia linguistikoa dela erabat, hau da, hiztunek gaztelerara jotzen dute kontzeptu edo objekturen bat euskaraz adierazteko gai ez direnean:

  • (3) gaia: mendira egindako txango bat
  • jm: baino/ behintzat/ nehiko garbi egoten da/ ba/ zea/ mosquito ta/ gauza/ hauetaz ezta?

Kode-aldaketa horien aurretik eskuarki, baina ez beti, isiluneak eta zalantzak ikusiko ditugu. 4. adibideak azaltzen duen bezala, hiztunak burura datorkion lehen elementu lexikoa erabiliko du.

  • (4)gaia: hiztunaren haurtzaroa
  • jm: elurra ta iten zunen ba / han ez zeon / eskiko / ezer / egiten genuen / tabla-/ ola batzuk hartu / ola / zahar batzuk ....

Beste zenbaitetan kode-aldaketaren arrazoia elkarrizketaren gaian (5. adb.) edo konnotazioen esparruan aurkituko dugu, esate baterako, esapide jakin batzuek duten adierazkortasun handian (7. adb.).

  • (5) gaia: zergak
  • p: ez baina nik jarri det ehuneko hogeitahamabosta/kutxak ordaintzen duna/ta hori da...el tipo medio/ta horrekin kutxak ordaintzen du ba bueno/ por hacer sus negocios por... tal tal tal/comisiones de tal/por cada ingreso/treinta y cinco por cien/ hacienda/bien/ vale/ tallerrak/treinta y cinco por cien de... lo que gana después de facturar/y/descontar los gastos y tal/treinta y cinco por cien a hacienda/ muy bien/vale impuestos normativos ez impuestos (...) / taberna/por su actividad normal/que tiene más decibelios o tiene más abierto por la noche/o más impuestos/vale bueno / impuestos normales/ servicio de bebidas al por menor// esto para el gobierno/bakoitzak bere mailan lana egiten du

5. adibidea 52 urteko gizonezko batek ekoiztu zuen, kontularia. Gazteleraz ikasi zuen eta zergei nahiz kontuei buruzko bere ezagutza guztiak hizkuntza horretan jaso ditu. Hortaz, euskaratik gaztelerara aldatzea gaiak eragin duela pentsa genezake, izan ere, baliteke hiztun horrek arlo horretako terminologia ez ezagutzea edo ez erabiltzea. Hala eta guztiz ere, gazteleraz ekoiztutako pasarte horretan hiztunak ageri duen “hitzaldi-tonua da azpimarragarriena (hots, “neuk esango dizut zergak zer eta zertarako diren, neu naiz hemen aditua, horixe da hiztunaren jarrerak eta intonazioak adierazten dutena). Hau da, kode-aldaketa horren atzean arrazoi sakonagoak daude: bere hitzei autoritatea ematea eta esango duena gauza serioa dela adieraztea. Arrazoi bera aurkituko dugu kontzeptuak definitzerakoan egiten diren kode-aldaketen inguruan (6. adb.):

  • (6) p: tabernariak ze obligazio dauka?/ servicio de bebidas al por menor /ho- horregatik ordaintzen da / besteak / tallerrak zer dauka?/ pues arreglo de automóviles o venta de automóviles o ...

7. adibideak, bestalde, idea bera euskaraz edo gazteleraz adierazteak izan dezakeen konnotazio ezberdinak garbi uzten du, h.d., euskarak ez du gaztelerazko esapide horren adinako indar adierazkorra duen egiturarik. Gainera, gazteen hizkuntzaren esparruan sartuko litzatekeela esapide hori eta ez dugu ahaztu behar euskal hiztuned arlo horretan dituzten gabeziek eragin sakona dutela kode-aldaketan.

  • (7) gaia: taberna-jabeak

  • g: egiten du mogollón de pasta!

Beste kasu batzuetan, hiztunek hizkuntzaz aldatuko dute esandakoaren konnotazio negatiboak leuntzeko (8. adb.) edo umorea/ironia adierazteko (9. adb.).

  • (8)gaia: hiztunaren arreba

  • p: bai bai/ o sea/oronda y lironda!

  • (9)gaia: hiztunaren lagunik onena, lanbidez kazetaria dena.

  • p: el periodista / tío! / el reportero! / oi ba ni ez nitzan enteratu / vale vale!

8. adibidean hiztunak gaztelerazko esapide bat erabiltzen du bere arrebaren pisuaz hitz egiteko. Euskaraz esan izan balu (potxola-potxola edo antzekorik), emaitza zakarragoa izango zen eta konnotazioak guztiz negatiboak. Gaztelerazko esapide zehatz horrek leundu egiten du hiztunak esandakoa eta gainerako solaskideen barrea eragiten.

9. adibidean, bestetik, hiztunak gaztelera erabiliko du bai umorea eta bai ironia adierazteko, izan ere, bere lagunik onena “kazetaria izan arren beti omen da lagunen/ezagunei buruzko txutxu-mutxu edo berriak ezagutzen azkena.

Ildo horri jarraituz, 10. eta 11. adibideetan ikus daitekeenez, hiztunek gaztelera erabiltzen dute egoera kontestualizatuak adierazteko. Bestela esanda, gai edo idea jakin bat garatzeko orduan hainbat egoera/elkarrizketa asmatzen dituzte hiztunek. Balizko elkarrizketa horiek beti gazteleraz adieraziko dituzte (eguneroko bizitzan euskaraz nahiz gazteleraz gerta badaitezke ere).

  • (10)gaia: tabernak

  • p: harek esan dezake/ yo a ti no te sirvo y a la calle

  • (11) gaia: tabernak

  • p: bat joaten zaio /... oye! voy a ir a/mear al bater // no

    pues/jode tengo la bomba estropeada y no se que]

Hortaz, hiztun hauek beste pertsona batzuek esandakoak aipatzeko gaztelera erabiliko dute baina, betiere, hiztuna beste pertsona bat bilakatzen denean, hots, tabernariarena, mekanikoarena edo beste pertsona batena egiten duenean.

12. adibidean, berriz, gaztelera benetako elkarrizketak (euskaraz nahiz gazteleraz gertatu direnak) aipatzeko erabiltzen da. Are gehiago, zenbait kasutan hiztun edo elkarrizketa bera lehenik hizkuntza batean eta gero bestean aipatzen da.

  • (12) gaia: mendira egindako txango bat.

  • jm: iriki zun atia ta aiba / inor ez / ez ote dute ematen jaten edo hola? / ta,/ bitarte hortan ba emakumia,/ta / que, no se puede entrar a comer?/ y si si ...

Rol-aldaketa eta aipamen zuzenak egiteko garaian gaztelera erabiltzeak, beraz, elebidunen solasari bizitasuna eta benetakotasuna ematen diotela dirudi.

Beste adibide batzuek erakusten dutenez, kode-aldaketa esandakoa indartzeko (13. adb.) edo arbuiatzeko (14. adb.) estrategia bat ere izan daiteke.

  • (13) gaia: tabernarien irabaziak

  • g: festak egongo ez balira baino askosez gehiago irabazi. / que es lo que cuenta a fin de cuentas

  • p: asko gehiago / baina askoz gehiago ordaindu ere
  • g: bai, baino irabazi / que es lo que cuenta
  • (14) gaia: tabernarien irabaziak
  • g: egia ez dala erreala? / eso es otra cosa!

Esandakoa indartzeaz edo arbuiatzeaz gain, 13 eta 14. adibideek beste mezu bat ere badute berarekin: hiztunaren iritziz, eztabaidan aurrera egiteko garaia heldu dela adieraztea. Kode-aldaketaren funtzio hori 15. adibidean ere ikus daiteke:

  • (15) gaia: tabernarien irabaziak

  • p: seguro irabazten dula! / dudik gabe! / baina irabazten du asko / ordaintzen du asko / irabazten du gutxi / ordaintzen du gutxi!
  • e: bueno venga! / joe segi! / que estais todo el rato con lo mismo!

Antza denez, elebidun hauentzat elkarrizketaren norabidea zuzentzeko eta negoziatzeko estrategia ere bada kode-aldaketa, hau da, beren diskurtsoa antolatzeko edo egituratzeko bide bat. Kode-aldaketa mota hori (alegia, diskurtsoa antolatzeko eta egituratzeko hizkuntzaz aldatzea) 16. adibidean ere islatzen da. Adibide horretan, hiztunak eztabaida-gai berriak aurkezteko nahiz azpimarratzeko gaztelera erabiltzen du.

  • (16) gaia: tabernek komuna izan behar dute?

  • p: fabrika baten/ere/da/ un servicio al público//edo zuen tallerrean da un servicio al público/ ez du esan nahi komuna euki beharra daukatela jendearentzat!
  • g: es que un servicio público daude gauza asko al servicio del público

16. adibidea ekoiztu zuen hiztuna (“p ikurra daramana, alegia) izan zen zerbitzu publikoen izaera eztabaidara eramaten lehenengoa. Azpimarratzekoa da une horretatik aurrera gai hori aipatzen zen guztietan “servicio público izen sintagma beti aipatu ez ezik (hots, ez du inoiz izenorde batek ordezkatuko edo isilpean geratuko), beti gazteleraz azalduko dela (nahiz eta euskaraz esateko inolako zailtasunik ez egon). Gauza bera gertatuko da hiztunek eztabaidatzeko puntu berriak erantsi nahi dituzten guztietan: elementu berri hori gazteleraz aurkeztuko da eta gazteleraz aipatuko da eztabaidan ageri den guztietan. Ondorioz, gazteleraz bakarrik dakien pertsona batek ez luke inolako arazorik izango eztabaida hori orokorrean ulertu ahal izateko.

Kode-aldaketa gai batetik bestera mugitzeko edo hizketa-gai berriak eransteko erabiltzeaz gain, hiztun horiek gazteleraz baliatuko dira elkarrizketan zehar beren txanda mantentzeko edo amaitzeko. 17. eta 18. adibideek erakusten dutenez, “e hizkiak ordezkatzen duen hiztunak gaztelera erabiliko du (ahotsaren tonua igotzearekin batera) helburu hori lortzeko (17. adibideko gainerako solaskideek ez dute entzun ere egingo hiztun hori euskaraz esaten ari dena[4]). Hau da, 18. adibidean gazteleraz ekoizten duen pasarteak “Oraindik ez dut bukatu! esanahi ezkutua duela dirudi. Solaskide bat isildu egingo da eta “e hiztunak euskaraz jarraituko du baina solaskide horrek berak berehala moztuko dio berriz ere diskurtsoa. Hortaz, gazteleraz hasiko da berriz ere eta hizkuntza horretan adieraziko du eztabaidan ezin parte hartzeak sortzen dion hasarrea. Apur bat geroago, “e hiztunak eztabaidan parte hartu eta alde egingo du. Azpimarra dezagun, hiztun horren eskuhartzerik luzeena gazteleraz izan zela. Beraz, hiztun horretzat gaztelera estrategia bat izango dela, hizketarako txanda mantentzeko nahiz beste solaskideen arreta bereganatzeko.

  • (17) gaia: tabernarien irabaziak.
  • g: vale?/ba orduan/irabazten dutela/diru mordoa/argi eta garbi//
  • e: bueno baino ez da bere [(...)]
  • p: [ta ordaintzen dutela] diru mordoa/argi eta garbi
  • (18) gaia: tabernek komuna eduki behar al dute?
  • e: baino taberna batean/edaria ematen dizute!/besterik gabe
  • g: joe eta
  • e: y si lo ponen más bonito eta musika polita/jende gehiago juteko!/ beraiek diru gehiago irabazteko!
  • p: claro!
  • g: itxoin,baina joe!
  • e: eta komuna jartzen dute/jendea ere juteko!
  • g: bai/komunera juten dan jendea!/jendea juten da edatera/eta
  • edatera/eta edaten dezunean gauza bat gertatzen da
  • e: baino zu askotan.juten zera taberna batera/egun normal batean/
  • [(...)]
  • g: [zergatik/joe/zergatik/ joe]
  • e: joe/es que encima no me escuchan!

 

ONDORIOAK

Lan honetan ikusi dugunez, kode-aldaketa ohikoa da euskara-gaztelera elebidunengan. Gure datuen arabera, erabilera horren zergatia hiztunen euskarazko gaitasun urria baino sakonagoa izango litzateke.

Aztertu ditugun hiztunek arrazoi linguistikoak izango dituzte hizkuntzaz aldatzeko (3,4 adb). Alegia, lexikoan dituzten hutsuneak betetzeko (behin-behinekoak ala ez) gaztelerara joko dute. Gazteleraren erabilera horietako batzuen aurretik isiluneak edo zalantzak badituzte ere, kode-aldaketa horrela markatzea ez da ohikoa hiztun horiengan. Dena dela, gazteleraren beste erabilera batzuk hobeto uler daitezke hizketa-gaia (5. adb.) eta hiztunak adierazi nahi duen jarrera (esaterako, seriotasuna edo autoritatea) konbinatuz gero (6. adb.).

Gainera, bi hizkuntzetan antzeko esanahia duten esapideek hizkuntza bakoitzean dituzten konnotazioak direla-eta, elebidun horiek kodez aldatzea erabakiko dute zenbait kasutan. Aldaketa horien artean gaztelerazko gazte-hizkeraren lexikoa eta esapideak topatuko ditugu (7. adb.). Bestalde, kodez aldatzea tresna garrantzitsua da esandakoaren konnotazio negatiboak leuntzeko garaian (8. adb.), edo umorea eta/edo ironia adierazteko (9. adb.).

Ildo berari jarraituz, egoera kontestutalizatuak azpimarratzeko (10, 11 adb.) eta beste pertsonen aipamenak jasotzeko (12. adb.) hiztun horiek elkarrizketaren hizkuntza aldatu egiten dutela ikusi dugu. Gogora dezagun, gazteleraren erabilera horrek ez duela derrigorrez islatzen elkarrizketa horien (benetakoak nahiz balizkoak direnak) benetako hizkuntza gaztelera izan zenik. Kode-aldaketaren beste erabilera batzuek esandakoa indartzea (13. adb.) edo arbuiatzea (14. adb.) dute helburu.

Azkenik, kode-aldaketa diskurtsoa antolatzeko eta egituratzeko tresna izango da hiztun horientzat. Hau da, kodea aldatuz hiztun horiek elkarrizketaren garapena negoziatuko dute (esaterako, gaztelera erabiliko dute gaiaz aldatzeko ordua heldu dela iradokitzeko) (13,14,15. adb.), gai berriak sartuko dituzten (16. adb.), eta hizketarako txanda mantendu eta bukatu egingo dute (17. adb.).

Laburbilduz, aztertu ditugun datuek azaltzen dutenez kode-aldaketaren zergatiak anitzak dira elebidun horiengan, lexikoan dituzten hutsuneak betetzetik hasi eta diskurtso-mailako funtzio konplexuagoetan amaituz. Beste hizkuntza batzuetan egin diren lanetan ere kode-aldaketak antzerako funtzioak dituela ikusi denez gero (Gumperz, 1982; Sánchez, 1983; Romaine 1989; Maschler, 1991 & 1994; Nishimura, 1995 besteak beste.), euskal soziolinguistikaren atal honek ikerketa sakonagoa merezi duela iruditzen zaigu.

Gure lan honek, kode-aldaketa aurkezpen orokor bat egiteaz gain, euskara-gaztelera elebitasunaren beste ikuspegi bat azaldu nahi izan du eta euskal soziolinguistika garatzeko lagungarria izango dela espero dugu.

BIBLIOGRAFIA

Blom, J-P & Gumperz, J.J. (1972), "Social meaning in linguistic structures: code-switching in Norway", J. J. Gumperz, D. Hymes (eds.), Directions in Sociolinguistics, New York, Holt,Reinhart and Winston.

Grosjean, F. (1982), Life with two languages: an introduction to bilingualism, Cambridge, Harvard University Press.

Gumperz, J. (1982), Discourse Strategies, Cambridge University Press.

Gumperz, J. & Hernández Chávez E. (1972), "Bilingualism, bidialectalism and classroom ineraction", J. Gumperz (ed.), Language in social groups, 311-39, Stanford, Stanford University Press.

Heller, M. (1992), "The politics of code-switching and language choice", Journal of multilingual and multicultural development, 13, 123-142.

Hualde, J. I. (1991), "Phonologically unmotivated changes in language contact: Spanish borrowings in Basque", ms.

Kachru, B. (1978), "Code-mixing as a communicative strategy in India", in: International dimensions of bilingual education, James E. Alatis (ed.), 107-24, Washington DC, Georgetown University Press.

Maschler, Y. (1991), "The language games bilinguals play: language alternation at language game boundaries", Language and communication, 11, 263-289.

------------- (1994), "Apreciation ha'araxa 'o ha'arátsa? [valuing or admiration]. Negotiating contrast in bilingual disagreement talk", Text, 14 (2), 207-238.

McConvell, P. (1988), "MIX-IN-UP: Aboriginal code-switching,old and new", Code-switching: Anthropological and Sociolinguistic Perpectives. M. Heller (ed.), 97-151, Mouton de Gruyter.

Myers-Scotton, C. (1993), Social motivations for code-switching: Evidence from Africa, Oxford & New York, Oxford University Press

Nishimura, M. (1995), "A functional analysis of Japanese-English code-switching", Journal of pragmatics, 23, 157-181.

Pfaff, C. (1979), "Constraints on language mixing: intrasentential code-switching and borrowing in Spanish-English", Language, 55, 291-318.

Poplack, S. (1980), "Sometimes I'll start a sentence in English y termino en español: Toward a typology of code-switching", Linguistics,18, 581-616.

------------- (1985), "Contrasting patterns of code-switching in two communities", in: H. J. Warkentyne (ed.), Methods V: Proceedings of the V International Conference on Methods in Dialectology, Victoria, University of Victoria Press.

Romaine, S (1989), Bilingualism, Oxford, Blackwell Publishers.

Sánchez, R. (1983), Chicano Discourse, Rowley, Newbury House.

Scotton, C. & Ury, W. (1977), "Bilingual strategies: The social functions of code-switching", International Journal of the Sociology of Language, 13, 5-20.

Schiffrin, D. (1987), Discourse Markers, Cambridge, Cambridge University Press.

Weinreich, U. (1953), Languages in contact, New York, Linguistic Circle of New York.

 


 

[1] Adibidez:

-. ¿Dónde trabaja tu papá?

-. En el Hilton.

-. ¿Qué hace ahí?

-. Es un manager y un bartender.

Sánchez-en lanetik (1983) hartutako adibide hori aztertzeko aldera ditzagun (a) Mi papá es un bartender eta (b) Mi papá es cantinero . Kode-aldaketa hori ulergarriago izango zaigu baldin eta konnotazioak kontuan hartzen baditugu. Kasu horretan, ingelesezko eta gaztelerazko hitzek gizarte-estatus ezberdina adierazten dute. Bestela esanda, “cantinero hitzak ez du inolako prestigiorik komunitate horretan, baina “bartender esateak gizarte-mugikortasuna adieraziko luke, batez ere Hilton hotela aipatzen bada. Hiztunak “cantinero esan izan balu, aitak auzoko taberna txikanoan lan egiten zuela uler zezakeen beste solaskideak!

[2] Zenbaitetan hiztunek ez zekiten grabatzen ari ginenik, beraz, lan honetan grabazio horiek erabili ahal izateko baimena eskatu egin zitzaien.

[3] Tanskripzioetan erabilitako ikurren esanahia hau da:

/: isilune laburra

//: isilune luzea

(…): grabazioan ondo ulertzen ez den pasartea.

…: hiztunaren zalantza, eh… um… eta antzerakoak.

-: hiztunak amaitu ez duen hitza edo pasartea.

[ ]: hiztun baten baino gehiagok batera hitz egiten ari dira.

[4] Bost aldiz saiatu ondoren, “e hiztunak ez zuen lortu eztabaidan parte hartzea eta gelatik alde egin zuen. Beste solaskideek ez zioten ezer esateko aukerarik eman.

BAT aldizkaria: 
42. 2002ko martxoa. Hizkuntza normalkuntza hizkuntza errepert...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Inma Muñoa
Urtea: 
2002