Bakioko toponimoen azentueraz

Hemen aurkezten duguna akulturazio mota bat besterik ez da, Euskal Herriaren akulturazio eta asimilazio prozesuan urrats bat. Zergatiak aztertu beharko lirateke sakon, azterketa horrek behar honen mugak gainditzen dituena badakigu eta gu baino prestatuago diren beste batzuek egiteko utzi beharko dugu.

Toponimoen ahoskeraren, edo zehatzago, toponimoen azentueraren alor honetan akulturazioa neurtzea izan da gure hemengo helburu nagusia. Horretarako esperimentu txiker bat prestatu dugu arazoarekin lehen hurbilpen bat egiteko.

Gaztelaniaren eraginez beheranzko diptongoak desegiteko joera egoten da eta goranzko diptongoak sortzeko joera indartsua; Bakion, berriz, beherazkoan beti egiten dira eta goranzkoak desegiteko baliabideak sortu dira

Bertako etxe-izenen azentuera, irakurtzen denean, zenbateraino gordetzen den eta bertako arauen geroa aurreikustekotan 25 etxe-izen aukeratu genuen, silaba kopuru desberdinen arabera eta informatzaileei eman genien irakurtzeko eta azentuatzen duten lekuan tildea markatzeko

Euskaldun zaharren taldearen informatzaileek 270 aukeratik 49 ondo erantzun dituzte, hau da, % 18,14.

bakiotar euskaldun gazteen ezagutza neurtu gura da. Informatzaile batek % 100 erantzun du ondo, baina gainerako informatzaileen erantzun kopuruak ez dira oso baikorrak

Egin dugun esperimentuaren ondorioak nahikoa kezkagarriak dira; batetik, erdaldun eta euskaldun berrien emaitzetan ez dago alderik; bestetik, gainerako euskaldun zaharren emaitzak ez dira, alderatuta, askoz hobeak (aldea puntu bikoa da) eta bertako gazteak ere, bizimoduaren aldaketek eraginda seguruenik, bertako izenen azentuera galtzen hasi dira desezagun zaizkien kasuetan.

0. SARRERA

Behar honetan Bakioko toponimoen azentueraren gainean egin dugun ikerketa txiker baten emaitzak erakutsi gura ditugu. Ikerketa honek Bakiorako erakusten dituen emaitzak beste leku askotara zabal daitezkeelako gogorra daukagu.

Behin honezkero, Bakioko Udalaren ekimenez bertako toponimoak jasotzeko egiten dihardugun ikerketan 66 inkesta burutu ditugu 89 informatzailerekin; gure asmoa herrian diren etxe guztietara joatea bada[1]ere, orain arteko ibilbideak erakutsi dizkigunak aprobetxatu gura izan ditugu oraingo behar hau burutzeko. Informatzaileak aukeratzeko edadea faktore garrantzitsua izan da, izan ere, nagusienak dira gehien dakitenak eta ondoen ezagutu dutenak herriaren bilakaera.

Argi daukagu toponimoen normalizazioaren arazoa ez dena gure beharra, horretarako Euskaltzaindia eta beharbada erakunde administratiboak daude. Guk informazioa batu, egiaztatu eta sailkatu baino ez dugu egingo, legokiokeenak esan beharko du zein den era normalizatua. Edozelan ere, hizkuntzalaritza egiteko era bi gutxienez daudela jakinik, hots, kanpotik egiten dena, inplikatzen ez dena bata eta, berriz, bestea barru-barrutik inplikatu egiten dena; guk bigarrena hobetsita, inplikatu egin gara, inplikatuta gaudelako, eta gure proposamena irudikatuko dugu; honetan gure kultura eta nortasuna jokoan direlako. Euskalki eta barietateen defentsan, azkenaldion euretan euskara osoa aberasteko baliabideak aurki daitezkeela aipatu da eta euskalkien eta batuaren arteko erlazioak hobetu behar direla esan da; guztiz bat gatoz ideia honekin eta gure egiten dugu ezelako arazo barik; hala eta guztiz ere, desberdintasunerako joera eta ideia erromantikoak ere baztertu egin behar direla esaten izan zaigu aldi berean; guk uste dugu euskalkiek eta barietateek euskara osoa aberasteko eta hobetzeko ez eze, gu geu hiztun komunitatean errotzeko eta txertatzeko ere balio dutela. Ez dakigun zein zientziaren izenean deitoratzen diren; gure desberdintasun, ezaugarri, arkaismo, berrikuntza eta bitxikerien bidez talde linguistikoan integratzen gara eta taldearen partaide sentitzen gara; Amazoniako batzuei gertatu zaiena guri gertatzea nahi ez badugu, hau da, deserrotzearen ondorioz gure burua, kulturalki edo haien moduan fisikoki, hiltzeko behartuta ikusi nahi ez badugu ikerlariok inplikatu behar dugu eta konponbideak bilatzen lagundu behar dugu.

Hemen aurkezten duguna akulturazio mota bat besterik ez da, Euskal Herriaren akulturazio eta asimilazio prozesuan urrats bat. Zergatiak aztertu beharko lirateke sakon, azterketa horrek behar honen mugak gainditzen dituena badakigu eta gu baino prestatuago diren beste batzuek egiteko utzi beharko dugu. Hala ere, intuizioz baino ez bada zergati horietariko batzuk aipatzeko nahikoa datu daukagula uste dugu.

Bata historian topa dezakegu, Bakioko euskaldunak, garaitekoen antzera, gizaldirik gizaldi eskolatu direnean gaztelaniaz egin dira, irakurtzen ikasi dutenean, eurona izan ez den beste hizkuntza baten arauen arabera ikasi dute. Euskaraz guztiz analfabetoak dira. Talde honetakoak dira, bestalde, hizkuntza ondoen dakitenak eta informaziorik fidagarrienak ematen dizkigutenak. Hala ere, informazio horiek kontu handiz erabili behar dira, informatzaile berak etxe baten izena "bengurjéne" dela esango digu, hau da, paperetan inoiz idatzita ikusi duen izena irakurri egingo digu "je" diptongoa eginez, eta gero berbaz dabilenean izen bera "bénguridxene" erabiliko du. Kontraesan hori arau multzo desberdinak aplikatzen direlako baino ezin uler daiteke.

Beste hiztun talde bat dugu euskaldun eskolatuena, talde honek alfabetatzea edo eskolatzea egin du euskaraz; baina talde honek ez du ikasi irakurtzen euskal fonologiaren arauen arabera; euskal berbak gaztelaniaren arau fonologikoen arabera ebakitzen ikasi du sistematikoki (gainera molde hau goraipatzen da jatorra delakoan, betiko euskaldunen ebakera baserritarkeriatzat arbuiatzen den bitartean). Izena ezaguna denean, ahoz ondo ahoskatzen jakin dezakete, baina izena desezaguna denean, ahoskatu behar badute gaztelaniaren arabera egiten dute beti.

Honekin kargututa behar hau egitea bururatu zitzaigun hiztun talde desberdinen arteko aldea zelakoa den ikertzeko; oinarritzat orain arte egin ditugun inkestak erabili ditugu eta izen batzuen ahoskera zein den erabaki behar izan dugu gero molde horiek gainerako informatzaileen artean zelan egiten diren ikusi ahal izateko.

Toponimoen ahoskeraren, edo zehatzago, toponimoen azentueraren alor honetan akulturazioa neurtzea izan da gure hemengo helburu nagusia. Horretarako esperimentu txiker bat prestatu dugu arazoarekin lehen hurbilpen bat egiteko.

Lana ondoko era honetara banatuta aurkezten da; lehen atalean toponimoen ahoskeran aurkitu ditugun arazo batzuk azalduko dira, bigarren atalean Bakioko sistemaren azentueraren ezaugarri nagusiak deskribatuko ditugu, hirugarren atalean etxeen izenetan zelan betetzen diren azentueraren ezaugarriak aztertuko da. Laugarren atalean esperimentuaren diseinua eta metodologia ikusi eta ostean, bosgarren atalean emaitzak aurkeztuko dira. Azkenik, seigarren atalean ondorio orokorrak eta proposamenak egingo ditugu.

1. AHOSKERA ARAZOAK

Gure behar honen gunea azentueraren azterketa izanda ere, ezin aipatu barik utz ditzakegu toponimoen ahoskeran aurkitu ditugun beste arazo batzuk. Arazootan garrantzitsuenak honako hauek izan dira: fonema arrotzen erabilera, diptongazio eta silabifikazioa

Bakioko fonemen inbentarioaren taula ondoko era honetara eman dezakegu[2]:

Ezpain Hortz/albeo (aurre)sabaikaria Belarea
p t   k
b d   g
m n ñ  
  s x/Z[3]  
  tz tx/dZ  
  l/ll    
  r/rr    

Etxeen izenetan jatorrizko fonemen ordez gaztelaniaren eraginez ondoko hauek erabiltzen dira:

tz> tx kurtxikene, urkitxe kurtzikene, urkitze
ll> y ibiyaurre ibillorre
dx> j jauregi, jauregizar dxauri, dxausarre
x>s musikena muxikene

Horrez gain gaztelaniaren "z" hortzen artekoa ere agertzen da, ondoko adibideetan ikusten den moduan:

tz----> z

arza---artza
ardanza---ardantza
ormaza---ormatza
bidekurzio---bidekurtzio
urkizaur---urkitzaurre

s----> z

azeretxo---asitxo
luzarraga---lusarra
zubiaur---subidxorre

Beheranzko eta goranzko diptongoen arazoa da gure ustez sano garrantzitsua, izan ere, hizkuntza bietan kontrako joerak gertatzen dira, honekin batera silabifikazioaren arazoa dugu. Adibiderik oinarrizkoena herriaren izenak ematen digu, bertakoek "ba.ki.dxó" ebakitzen dute eta "dx" txertatzeko ez daukaten euskaldun askok "ba.ki.o" silabifikatzen dute. Erdaldunek eta erdararen eraginez "bá.kjo" ebakitzen dute, hots, silaba bi eta azentua 2] arauaren arabera txertatuta. Gaztelaniaren eraginez beheranzko diptongoak desegiteko joera egoten da eta goranzko diptongoak sortzeko joera indartsua; Bakion, berriz, beherazkoan beti egiten dira eta goranzkoak desegiteko baliabideak sortu dira; ondoko adibideetan kontrako joera bi horien emaitza batzuk ikus daitezke

Bakio Gaztelania
sai.txú sa.í.tu.a
séuba se.ú.ba
bén.gu.ri.dxe.ne ben.gu.rjé.na
u.dxar.té edo ú.dxar.te u.rjár.te
má.ku.ne ma.kwé.na
sú.bi.dxo.rre edo
sú.bi.dxau.rre
zu.bjáwr

2. AZENTUERAREN EZAUGARRIAK

Bakioko azentuera Bizkaiko iparraldeko Getxo-Gernika barietatearen barruan kokatzen da. Barietate hau doinu azentuduna da eta beronen ezaugarririk garrantzitsuenak honela laburbil daitezke (Gaminde 1999):

a. Bereizketa lexikoa: Morfemak (erroak eta atzizkiak) [+am] edo [-am] izan daitezke, [+am] atzizkiek azentua aurreko silaban ezartzen dutelarik.
b. Hitzak [+am] morfema bat baino gehiago badauzka, lehendabizikoak erabakitzen du azaleko azentuaren kokagunea. Hitzean eratorpen atzizki bortitz bat badago, atzizki honek oinarri osoaren azentuera erabakitzen du.
c. [+am] morfemarik ez badago, talde prosodikoaren azken silabak jasotzen du azentua

Azentuera honen gauzapen fonetikari dagokionez, esan dezakegu berba bakartuetan edo galdegaigunean daudenean H*L tonua txertatzen dela silaba azentudunean; tonu honekin batera bigarren silaban H- tonua txertatzen da (tonu hau da H*L tonua jo arte eskumatara hedatzen dena) eta, azkenik, lehen silaban %L muga tonua txertatzen da; hau guztia ondoko arauaren arabera labur daiteke[4]:

%L (H-) H*L

/úrkitzaurre/ an be beko etzie da/

Sistema honen pertzepzioak badauzka arazo batzuk berorretan trebatuta ez dauden hiztunentzat (Hualde, Elordieta eta Gaminde 1998). Euskararen beste barietate batzuen eraginez eta, batez ere, gazteleraren eraginez; lehen %L eta bigarren H- tonuaren arteko igoera azentutzat hartzeko joera egoten da (har bedi kontutan azentuarekin tonu beherakada lotzen dela) gaztelaniaz gertatzen den moduan; era horretara ondoko adibideetan dauden kontrasteak ezabatu egiten dira tonu igoera azentuarekin lotzean:

la/gunená (sg.)   la/gúnena (pl.)
lagúnena    lagúnena

3. ETXEEN AZENTUERA

Gure esperimentua burutzeko etxeen izenetara mugatu garenez gero, esan beharra dago ezen, sistemaren azentueraren ezaugarriak oso-osoan gordetzen direla; izen azentudunak eta azentubakoak topatuko ditugu; areago, izen bereko etxe bi azentuaren bidez bereizten dira:

udxarté (Urkitzaurre auzoan) údxarte (Goitisolo auzoan)

Era berean, atzizki aurreazentuatzaile eta azentu biltzaileak ere ikus ditzakegu; ondoko adibideetan ikusten den moduan izen batzuetan agertzen den TXU aurreazentuatzailea da eta ÁLDE atzizkiak berak batzen du azentua, baina ez arau nagusiaren arabera.

Jarraian Bakioko etxe izen batzuk aurkezten ditugu silaba kopuruen arabera eta azentubako/azentudun bereizketa kontutan hartuta[5]:

Izen azentubakoak

o-ó

bastéi beitxí goitxí lorré
mintxú saitxú torré astxó[6]

o-o-ó

aldekó armurú asutxí balandá
basarté basidxó bekortá bekotzé
besondá gabantxó goiketzé goikolá
gorrondá otzatéi panainé sabalé
udxarté ugeldé urgitxí usiñá

o-o-o-ó

artxokortá elespurú inyarrené kitroyené
landabasó torresarré trabensarré uribarrí

o-o-o-o-ó

errenteridxé

dolapitxiñé

Izen azentudunak

ó-o

árbe ártza bénta bísko
dxáuri éitza gárai séube

o-ó-o

agárre amétza ardántza atxúlo
bartúren larrábe olátxu ormátza
ortúbe orúbe saitxútxu ugérte
urgúru uríbe urkítze  

ó-o-o

ártetze bídetze búturtze dxáusarre
gáraitxu gáratei górtene górtene
íntxarra kátxone lárrondo lúsarra
mákune órbita óstiñe pértxene
pósoa sáitxune súbita súmusu
údxarte úreta úreta úsarta

o-ó-o-o

abároa agárretxu algórtane arítzeta
bastérretze bidékurtze elórreta etzébarri
gastáñeta godxénetze ibíllorre itxúrridxa
mendígune olábarri talléridxe  

o-o-ó-o

andramíta bengoléa errotátxu mendiálde
mintxuátze otzatéitxu sandxoálde udxartétxu

ó-o-o-o

álardone gérekane kátikene kúrtzikene
múxikene pórtuondo súbidxorre úrkitzaurre

4. ESPERIMENTUAREN DISEINUA

Bertako etxe-izenen azentuera, irakurtzen denean, zenbateraino gordetzen den eta bertako arauen geroa aurreikustekotan 25 etxe-izen aukeratu genuen, silaba kopuru desberdinen arabera eta informatzaileei eman genien irakurtzeko eta azentuatzen duten lekuan tildea markatzeko; aukeratu diren izenak honako hauek izan dira:

Silaba bikoak: garai, lorre, seuba
Hiru silabakoak: agarre, artetxe, basigo, bidetxe, gabantxo, larrondo, zabale, zumuzu, larrabe, urkizaur
Lau silabakoak: uribarri, uriarte, olabarri, mendiguren, makuena, abaroa, alardone, telleria, gatikene, kurtzikene
Bost silabakoak : benguriene, iturriaga

Etxe-izen horietariko 15 baino ez ditugu erabili gure azterketa burutu ahal izateko; hona hemen aukeratu ditugunak azentu ereduen arabera (bertako ahozko tradizioaren arabera azentuatuta ematen ditugu):

  • o-ó: lorré
  • ó-o: gárai, séuba
  • o-o-ó: basigó, zabalé, gabantxó
  • o-ó-o: agárre
  • ó-o-o: ártetxe, bídetxe, lárrondo, zúmuzu
  • o-ó-o-o: abároa, telléria
  • ó-o-o-o: álardone, gátikene

Informatzaileak lau taldetan banatuta agertzen dira; erdaldunak (6), euskaldun berriak (10), euskaldun zaharrak (18) Abadiño, Areatza, Arteaga, Aulesti, Bermeo, Derio, Erandio, Larrabetzu (2), Gatika, Gernika (2), Igorre, Jatabe, Lekeitio eta Mungia (2) eta, azkenik, bertako gazte taldea (8), azken talde honetakoak Bakioko euskaldun zaharrak dira 19 eta 25 urte artekoak (4 neska eta lau mutil). Denetara 42 informatzaile eduki ditugu eta 630 erantzun aztertu dira.

5. ESPERIMENTUAREN EMAITZAK

Atal honetan esperimentuaren datuak aurkezten dira informatzaile taldeen arabera lehenengo eta behin eta gero orokorrean.

Erdaldunak

Erdaldun taldearen informatzaileek 90 aukeratik 14 ondo erantzun dituzte, hau da, % 15,55.

  Ondo %
o-ó 1 16,66
ó-o 3 25
o-o-ó 0 0
o-ó-o 6 100
ó-o-o 0 0
o-ó-o-o 4 33,33
ó-o-o-o 0 0

o-ó taldean "lorré"ren ordez "lórre" aukeratu dute gaztelaniaren 2] arau nagusiaren arabera. ó-o taldean gaztelaniaren joera nagusi bi direla eta, ez da kopuru altuagoa lortu izan ere 2] araua aplikatuta denak ondo egin behar zituzten; baina, "garai" izenaren kasuan azken diptongodun silabak astuntzat hartzeko dagoen joeragatik eta "seuba" izenaren kasuan "eu" diptongoa desegiteagatik ez dute ondo egin; halandaze, hemen ere, logikoa den moduan, gaztelaniaren arauak nagusitu dira, "garái eta "seúba" azentuerak hobetsiz.

Hiru silabako izenetan gaztelaniaren 2] arauarekin bat datorren kasu bakarrean (agárre) baino ez dute ondo egin; ez dute behin ere asmatu ez o-o-ó denean ez eta ó-o-o denean ere.

Lau silabakoetan joera nagusia 2] dugu, hala ere, o-ó-o-o kasuan zenbaitetan asmatu dute; ó-o-o-o kasuan behin ere ez dute ondo egin, izan ere, azentuera hau gaztelaniaz ezinezkoa da.

Euskaldun berriak

Euskaldun berrien taldearen informatzaileek 150 aukeratik 24 ondo erantzun dituzte, hau da, % 16.

  Ondo %
o-ó 3 30
ó-o 6 30
o-o-ó 0 0
o-ó-o 10 100
ó-o-o 0 0
o-ó-o-o 5 25
ó-o-o-o 0 0

Euskaldun berrien emaitzak erkatzen baditugu erdaldunen emaitzekin ikusten da ez dagoela alde nabarmenik:

  Erdaldunak Eus. Berriak
o-ó 16,66 30
ó-o 25 30
o-o-ó 0 0
o-ó-o 100 100
ó-o-o 0 0
o-ó-o-o 33,33 25
ó-o-o-o 0 0
Guztira 15,55 16

Emaitza hauek era batera baino ezin uler daitezke, hots, euskaldun berriek euskal izenak irakurtzen dituzte gaztelaniaren arauak aplikatuaz.

Euskaldun zaharrak

Euskaldun zaharren taldearen informatzaileek 270 aukeratik 49 ondo erantzun dituzte, hau da, % 18,14. Jarraian emaitzak eskualdeka emango ditugu euskalkiak eragina eduki dezakeen ikusteko:

  Mungialdea Busturialdea Lea-Artibai Txorierri Arratia Durangaldea
o-ó 50 25 50 0 50 0
ó-o 50 25 50 50 25 50
o-o-ó 16,66 0 0 0 0 0
o-ó-o 100 75 100 100 50 50
ó-o-o 12,5 18,75 0 0 0 0
o-ó-o-o 0 0 50 12,5 0 25
ó-o-o-o 12,5 0 0 0 0 0
Guztira 25 15 23,33 15 10 16,66

Gainerako eskualde eta herrietako euskaldunen emaitzak nahikoa eskasak dira Mungialdekoak arean altuxeagoak dira (har bedi gogotan Bakio eskualde bereko herria dela eta sistema bera erabiltzen dena). Emaitzok ikusita, badirudi euskaldun on-onak direnek ere nekez asma dezaketela zein den toponimo desezagun baten ahoskera zuzena.

Bakiotarrak

Jarraian bakiotar euskaldun gazteen ezagutza neurtu gura da. Informatzaile batek % 100 erantzun du ondo, baina gainerako informatzaileen erantzun kopuruak ez dira oso baikorrak; Bakioko gazteen arteko harremanak erdaraz izaten dira, erdara da kalean zein etxe askotan nagusi, horren ondorioz toponimoen erabilera urria eta okerra da. Askok ez dakite etxe asko non dauden, hori ez eze, beste batzuek etxe askoren izenak ere ez dakizkite. Informatzaileek 120 aukeratik 55 ondo erantzun dituzte, hau da, % 45,83.

  Ondo %
o-ó 7 87,5
ó-o 8 50
o-o-ó 10 41,66
o-ó-o 5 62,5
ó-o-o 13 40,62
o-ó-o-o 5 31,5
ó-o-o-o 7 43,75

Guztiak
  Erdaldunak Euskal. Beriak Euskal Zaharrak Bakiotarrak
o-ó 16,66 30 27,77 87,5
ó-o 25 30 41,66 50
o-o-ó 0 0 3,7 41,66
o-ó-o 100 100 94,44 62,5
ó-o-o 0 0 6,9 40,62
o-ó-o-o 33,33 25 11,11 31,5
ó-o-o-o 0 0 2,77 43,75
Guztira 15,55 16 18,14 45,83

Emaitza orokorrak ondoko grafikoan ikus daitezke:

6. ONDORIOAK

Egin dugun esperimentuaren ondorioak nahikoa kezkagarriak dira; batetik, erdaldun eta euskaldun berrien emaitzetan ez dago alderik; bestetik, gainerako euskaldun zaharren emaitzak ez dira, alderatuta, askoz hobeak (aldea puntu bikoa da) eta bertako gazteak ere, bizimoduaren aldaketek eraginda seguruenik, bertako izenen azentuera galtzen hasi dira desezagun zaizkien kasuetan.

Kontutan hartu behar da urtean-urtean milazak kanpotarrak joaten direla Bakiora uda pasatzera; kanpotar horiek, erdaldunak kasu gehienetan, euren ohitura fonologikoak inposatzen dituzte[7]. Euskaldunak izanda ere, nekez jakin dezakete zein den izenen jatorrizko azentuera ezelako adierazpen grafikorik ez badago.

Horregatik guztiagatik uste dugu izenak normalizatzen direnean, izen horiek ahoskatzean jatorrizko azentuera gorde gura bada (eta gorde gura ez bada hala adierazi beharko litzateke), derrigorrez adierazi behar dela grafikoki tildearen bidez; edo ikusten bada aukera hoberik, horixe proposatu beharko litzatekeela.

Guk badakigu, morrontza kulturaletik irteteko, euskal fonologiaren arauak eta arau horien arabera irakatsi behar dena irakurtzen eskoletan zein euskaltegietan; badakigu irakasle batzuk ahalegin itzelak egiten dabiltzana daukagun egoera hobetzeko, baina ahalegin horien emaitzak heltzen diren artean, belu baino lehen, zer edo zer egin behar delakoa daukagu. Eta ausartegitzat edo arinkeriatzat joko bagaituzte ere, esan behar dugu guk geuk ez dugula beste konponbiderik ikusten tildea idaztea baino toponimia izenetan.

Tildea erabiltzekotan hiru aukera nagusi ikusten dira; bata, bertako sistemaren arabera (1) markatzea azentudun izenak, aukera honen arazo nagusia gainerako euskaldunentzat bertako arau nagusia ezagutu beharra izango litzateke; beste aukera bat gaztelaniaren (2) arabera markatuak direnak adieraztea izango litzateke, era honetara erdaldunek ondo egingo lituzkete; azkena, gure iritziz egokiena, denak markatzea izango litzateke (3). Hona hemen aukera guztien araberako emaitzak:

(1) (2) (3)
lorre lorré lorré
gárai gárai gárai
séuba séuba séuba
basigo basigó basigó
zabale zabalé zabalé
gabantxo gabantxó gabantxó
agárre agarre agárre
ártetxe ártetxe ártetxe
bídetxe bídetxe bídetxe
lárrondo lárrondo lárrondo
zúmuzu zúmuzu zúmuzu
abároa abároa abároa
telléria telléria telléria
álardone álardone álardone
gátikene gátikene gátikene

Hau guztia eztabaidakizun utzi gurako genuke, gure honek zer dakarren ikusteko eta horren argitara geroa gobernatzeko.

AIPAMENAK

Gaminde, I. (1999): "Bakioko Azentuaz". FLV-80, 73-94. or.

Hualde, J. I.; Elordieta, G. eta Gaminde, I. (1998): "Euskal Azentua Gaur eta Bihar" Euskera-43, Euskaltzaindia, Bilbo

Kerexeta de, Jaime (1992): Fogueraciones de Bizkaia del Siglo XVIII, Labayru, Bilbo



[1] Esan dezagun, bide batez baino ez bada ere, herri osoa daukagula bere kultura lantzeko prest, bere denbora eta jakitatea doan opesten duena, interes bakarra kultura jagotea, gordetzea eta hurrengoei pasatzea dela; ez dakigu honelakorik muduan beste inon aurki daitekeenentz, baina kasu honetan, gehienetan legez, bakiotarren jarrera eredugarria da. Horregatik guztiagatik bihoazkie gure eskerrik bihozkorrenak izan ditugun informatzaile guztiei.

[2] Ahal den neurrian idazkera ortografikoa erabiliko dugu.

[3] "Z" honen ordez "dx" erabiliko dugu testuan

[4] H- tonua aukeran ipini dugu, batzuetan ez dagoelako silabarik H*L tonuaren aurrean berori txertatzeko.

[5] Ematen ditugun izenak ez dira diren guztiak; bestalde, ahozkeran gertatzen diren aldaki guztiak ez ditugu adieraziko hemen.

[6] asitxó ere bai.

[7] Inposaketa hau ez da berria XIII. mendeko fogerazioetan agertzen diren berba azentudunak oso esanguratsuak dira (Kerexeta, 1992): armorúa/armurúa, rentería, errementería/rementería, zaitúa/saitúa, beitía, bengo uría, echabarría, goitía, jaureguízar, minitúa, basío, orúe, tegería

BAT aldizkaria: 
42. 2002ko martxoa. Hizkuntza normalkuntza hizkuntza errepert...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Bizkaia
Egilea(k): 
Iñaki Gaminde; Iñaki Martiartu; Esther Elgoibar; Ander Olalde
Urtea: 
2002