Errepertorioaren bilakaeraz

Lehen galdea: egoera (subjektibua)

Bai egia da, euskara «jantziak» aspalditik baduela halako prediku eta mintzaldi (dogmatikoetarako) joera bat. Joera hori oso gutxi arte, euskalkietan, batuak iraun zezan ezabatu behar zen euskara ez hain garbian barabara, egunerokotasunaren barabara menturaz, ari zirenen arramantzak mendratzen zuen. «Istripuzko» hiztunak desagertzen doatzin heinean, eta estatistiken zenbakiek erakusten dute norabidea ez dela berehalakoan hobetuko iparraldean bederen, «euskara garbi teatraleta hieratiko» haren maila baino ez zaigu geratzen, irrati, egunkari eta bitxi den arren, telebistan hartzen duguna. Euskarak komunikazio funtzioa galdua du, eta errudunak bilatu behar baldin badira, ez da bakarrik «zapaltzen» gaituzten estado mutil jakobinoengatik.

Euskara Salbatzea helburu duten gure elkarte gehienen bilkuretan euskara nola «tratatzen» dugun aski da ikustea: lehen orenean elebitasuna errespetatzen da, euskarazko erranak frantsesera itzultzen dira, alderantziz ez hargatik; bigaren orenetik hara, frantsesa baizik ez da entzuten, gauzak laster eta pentsatuki erran behar direlako, iragaiten den denborak akidura markatzen duela gure ispirituetan.

Baionako postan lanean nagoela euskara «istripuzko» hiztunekin baliatzen dut usu, euskalkia gehienetan, izan amikuztarra, xiberotarra edo garaztarra, edo Baionako melting-potak sortu duen euskara nahasi-mahasi hura, xiberotarrak lapurtar aditza hartzen duela adibidez. Euskaraz «jantziago» direnekin nekeak nabaritzen ditut eguneroko solasaldi arrunt, eta kasik «debaldezko» batean lerratzeko. Erran nezake, gainera jende horiek ez dutela, dioten bezala, euskararen «etsai amorrarua den posta» maite!

Bigarren galdea: konponbidea (subjektibua).

Ez naiz segur, karrikan milaka bilduz eskatzen den euskararen ofizialtasunak euskara egunerokoan txertatzeko erremedio litekeenik. Euskara gero eta gutxiago erabiltzen/ezagutzen duten militanteak asebeteko lituzke, baina hiztun kopurua edo hauen arruntasun maila ez lezake deusetan alda. Baina, baiezkorra ere izan behar baita, ofizialtasuna baino eraginkorragoa liteke uste dut, euskararen publikotasuna inplizitoa, karriketan, eman dezagun eskoletan, eman dezagun leku publikoetan, publikoa preseski berriz jabe dadin, ikuspegi ideologiko zehatzegiak ezabatuz, bere ontasun linguistikoaz. Hiztunik gabe ordea, publikotasun inplizitoa hutsean dilindin dagoke.

Iduri du aberriaren alde borrokatu direnek euskara "“pribatizatu" dutela, aberri-zalea, hitzaren zentzu osoan ez dena euskararen "“jabe" ez zela sentiarazteraino. Halako desjabeketa bat izan da, beste hitzik ez idazteko bistan dena. Erranen da, ba ikastolak hor dira, irratiak, herri telebistak, egunkariak etab. Norentzat? Herritarren laurden-herena baino gutxiagorentzat, laurden apur horren emendatzeko xederik ez duen elite kultural (eta ekonomiko) horrentzat, diru publikoa eskatzen eta erabilpen pribatua bideratzen duen jende-zati horrentzat.

Egiaren errateko ez dakigu (nik ez dakidala izkiriatzea hobe, naski) zuzen zer egin egoeraren “"konpontzeko": portamodu pribatu eta isolatuetara itzultzeko joera dago, euskararen eguneroko erabilpenean, jendetik jenderateko harremana bermatzen saiatuz. Molde posmoderno egoista eta indibidualista nazkagarria zein konpromesu politiko gabe dela ematen du.

Eta hala da.

Itxaro Borda

BAT aldizkaria: 
42. 2002ko martxoa. Hizkuntza normalkuntza hizkuntza errepert...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Itxaro Borda
Urtea: 
2002