Hizkuntza Errepertorioaz

“"EUSKARA (HIZTUNA) BEREZIKI HAURTZAROAN, JARDUERA FORMALEAN ETA SINBOLIKOAN GELDITZEN ARI DEN BITARTEAN, ERDARAK (HIZTUNAK) ERREALITATE BIZIAN DIRA HAZTEN"

1) Gaia propioki testuinguratzeko zantzuak

Hizkuntza sozietate erakundea da. Haren arazoak, elkarri lotuak, corpus eta status motakoak dira; egokitze-arautzeari eta normalizazioari dagozkienak, hurrenez hurren. Egokitze-arautzearen behar larrian dagoen hizkuntza, ia beti, sozietate mailan normalizatu gabe dagoelako da; diglosiazko egoeran. Arauturik ere, normalizazioaren behar larrian dagoenik ez da falta.

Hizkuntza zinez bizirik dagoenean egokitua da, akademiazko mailatik datozkeen arauak gora-behera; eta bizirik egoteak indartsu eta osasuntsu (hizkuntza aldaerak propioki integratzeko gai) dela erran nahi du, eta, beraz, datxekion eskumen mailan (boterean) ez bada, hurran dela. Ordezkatze bidean den hizkuntza batean, aldiz, corpusa egokitzearena, hizkuntzaren bizian grabitatzen duen diglosia aintzakotzat hartu ezean, ez ohi zaio behar bezain onuragarria gertatzen.

Egokitze eta eguneratze behar larri hori, bestalde, diglosian (erdi)bizitzen diren hizkuntzetan gertatu ohi da eta, ia beti, hura goitik behera arautzeko joera nagusitzen da (ildo eta arauak akademiak-edo finkatzen dituelarik). Normalizaturik daudenen artean, aldiz, ia beti, behar hura hain larria ez izateaz gain, behetik gora egin ohi da (akademiak-edo, gutiz gehienetan, onartu eta bedeinkatu baino ez baititu egiten behetik -hizkuntzaren bizitasunetik- datozkion erak).

Normalizazioaren auzian, erran gabe doa, (suerte anitzeko eraginen amaraunean aldatu-egokituz doan) gizartearen nahia ezinbestekoa da, hizkuntza horretan osotoro bizitzea eta bizi nahi izatea, alegia (maiz ez da aski; baina hura gabe ezinezkoa da). Gizarteak zinez nahi ez badu (hizkuntzaren alde mintzatuz, baina erdaran bizituz, adibidez; funtsean, itxura bat baino ez delarik), alferrik da, hizkuntza hori onenean ere (osasuntsu eta normalizatu egoeratik urrun) aldarrikapen eta sinbolo mailan (erdi)bizitzerat kondenatua da.

Euskararen nazioari datxekionez, garbi da haren izaera mendratua dela, dagokion boterea ordezkatua dela. Hizkuntza ere (hiztungoa) horren arabera da: dagokion botererik gabe, ordezkaturik; sozietate eremuetan murgilduago eta ordezkatuago. Eta boterea, hizkuntzek (hiztungoek) behar dituzten egituraketa, eskumen eta babesa baizik ez da. Zinezko hizkuntz-artekotasunezkoean behar lukeen babesa.

2) Hizkuntza errepertorioaren egoeraz

Besteak beste, egunoroko beharrizan komunikatiboetan nabarmentzen den gabezia ez da hainbat hizkuntzaren beraren higaduraren ondorioa, nola kondairan zehar, diglosiaren eraginez, mamituriko hizkuntzaren status ez-nahikoarena.

Hiri eta herri handietan gutiz gehienak erdaraz bakarrik bizi dira egungo egunean; gutiengo bat euskaraz ere bizi daiteke, baina aisago eta, bereziki, askoz gehiago erdaraz da bizi; eta, hondarrik, edozein tokitan dela, gehien bat euskaraz bizi diren gutxiak erdaraz ere etengabe bizitzerat behartuak dira. Haurrena sail berezia da. Elebakartasunetik abiaturik, sozializatzen hasi orduko (ikastetxe-karrikan) erdararekin dute topo egiten eta, hazi ahala, elebitasun orekatuari bainoago elebitasun desorekatuari ohi dira lotzen. Euskara (hiztuna) bereziki haurtzaroan, jarduera formalean eta sinbolikoan gelditzen ari den bitartean, erdarak (hiztunak) errealitate bizian dira hazten. Ereduak eta joerak erdarazkoak izatea kausa adina ondorioa da. Ordezkatze prozesoa areagotzen duen gurpila.

Hala ez denean, adorea eta hizkuntza-maila uztartzen direnean, abiapuntuan euskalki desberdinak izanagatik ere, jardun kolokial edota formala bizi eta aberatsa izan ohi da. Euskaraz bizi direnen artean egunoro frogatzen den bezala.

Horiek hola, hizkuntza errepertorioen auzia eta haren egoera ezin bereizizkoak dira, orobat beharrizan komunikatiboena eta gainerako esparruak. Hizkuntzaren corpus-statusean higadura mailak elkar-loturik doaz, unez une eta gunez gune. Egun, adibidez, aspaldi deseuskaldundu eskualdeez landarat, hiriburuetan ematen da higadurarik sakonena, nahiz bertan izan euskaraz bizi daitekeen eta bizi den gazte kopururik handiena. Dena den, hizkuntza gaitasun-erabileraren norabideak ez dira berdinak: erdaraz bizi diren guneetatik azken zokoraino iristeko gisako autobide zabala doa; euskaraz bizi direnetatik abiaturik, berriz, oro malkor, estu, hesi eta bihurgunez betea. Beharrizan komunikatiboak, bizi garen munduan, gero eta gehiago, hizkuntzan bilbatzen diren esperientzia konpartituen masa kritikoarekin zerikus estuan, norabide horien antzeko gisan doaz. Bata goitik behera, kupidagabe, erdararena etengabe haziz eta hedatuz, bestea behetik gora, setioan gero eta urriagoak diren uharteetan, nekez jori loratuz.

Maila lokalean euskalkiak badu(ke) errepertorioaren auzian eredu izateko aski indarrik, baina nazio mailan ez da halakorik gertatzen; eta egun, froga begien bistakoa da, nazio mailarik gabe -eta ukanik ere, ikuskizun date- ezin ordezkatze prozesoa geldi. Ondorioz, nahiz garrantzizko zenbait arlotan aitzinatu izan, gutiz gehienetan (artifizial kutsua duen eta erregistro informalez eskas den) standarra erabili beharrean erdarara da jotzen, hizkuntzararen bizitasunaren kaltetan.

Baina egoera hori, ez gaitezen tronpa, ez da hainbat bateratzearen errua nola diglosiarena (hemen ere hainbat eta nola). Hori begi bistatik galtzea, diglosia-menpekotasunaren amaraunetik ezin jalgiz ibiltzea da, berau ezkutatzea, eta elikatzea; diglosiazko egoerak berean baitirau. Hortik denok pairatzen dugun -esparru guztietan, maila guztietan, egungo molde eta beharrizanetan, errepertorioan-, euskararen bizitasun mendratua, zangoak herren eta baldar, ahoa idor eta murritz, hegalak ahul eta flako.

3) Osabideaz

Inondik etortzekotan, benetako politikazko maila lortzetik datorke. Hizkuntza giza kondizioaren muinean da; haren statusari dagozkion arazoak politika jitekoak dira. Usuegi erraten denaren aitzi (are euskaldungoan), euskarak behar duena, beste edozein hizkuntzak bezala, ez da politika gutiago, politika txar eta eskas gutiago eta mailako politika on gehiago baizik. Egungo egunean, agerian edota ezkutuan, indarrean direnak ez bezalako politika osatuago baten baitako hizkuntza politika on gehiago, hain zuzen.

Eta osabidea, arlo bietan, eskarmentutik ikasiz eta segidako jarduera gaitasunez jaunzten bermatuz da jorratzen; eztabaida leial eta jatorra tarteko. Eta hizkuntza hiztunik gabe deus ez denez, hori euskararen (hiztun mota guztiak kontuan hartzen dituen) hiztungoari luzatu behar zaio.

Auzia hobetzeko neurriek, beraz, testuinguru horretan dukete zentzu, energia eta atarramentu onik aski. Besteak beste, euskalkiak balioestea, sustatzea eta sozietate ildoetan (eskola, komunikabide lokalak, etab) propioki txertatzea; hortik abiatuta, hurrenen dauden esparruetan (hezkuntza sistema, komunikabideak, literatur bideak, kultur arloak, etab) alfabetizatze-kulturizatze eta bateratze urratsak uztartuz garatzea; esperientziak konpartitzearena areagotzeko eta kualifikatzeko -normal bizituz- gune sortzaile eta integratzaileak egitea; eta beste hameka...

Hizkuntzaren aldeko jarrera osatu eta areagotzeko erronkan, azkenik, gizarte balore eta arauak gako dira; inoiz baino gehiago bizi baloreetan oinarrituagoko bideetan ibiltzea. Eta hor, gizartearen izan nahiaren muinerat iristen gara, azken buruko erantzukizuna haren borondatean baitatza. Sendotu, osasundu edota besterendu eta ahuldu daitekeen borondatea...

Jose Angel Irigaray

BAT aldizkaria: 
42. 2002ko martxoa. Hizkuntza normalkuntza hizkuntza errepert...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Jose Angel Irigaray
Urtea: 
2002