Euskal Soziolinguistika Institutuaren proiektua

Soziolinguistika terminoa bere esanahi zabalenean eta integratzailenean ulertu nahi dugu: Hizkuntzen, hizkuntza komunitateen eta hiztunengan gertatzen diren aldaketak aztertzen dituen zientzia. Aldaketen baldintza eta faktore eragileen ezagutzan oinarriturik, etorkizuneko aldaketak aurreikusteko eta bideratzeko eredu teoriko eta metodologikoak eskaintzen ditu soziolinguistikak.

Kataluniak guretzat duen ikasgai nagusia ikerketa (ISC eta Unibertsitatea) eta formazioan (unibertsitatea) egindako bidea da. Izan ere, errealitate soziolinguistikoari bere alor guztietan jarraipena egiteko tresneria garrantzitsua dute.

Esku artean ditugun ekimenek geroz eta formazio eta prestaketa lan handiagoa eskatzen dute. Erronka horri erantzuteko, ordea, badugu gainditu beharreko hainbat gabezia

Euskal Herrian elkarri modu deskonpensatuan eragiten dioten hiru hizkuntza daude. Hizkuntza horiek gizartean funtzio ezberdinak betetzen dituzte eta, horren ondorioz edo horrekin batera, gizarte egoera ezberdinak dituzte. Kasu honetan, euskararen egoera gutxiagotua eta desorekatua da.

Bada zehaztasunez aztertu eta zertan gauden ezagutzea eskatzen duten hainbat gertaera: Hizkuntz hautua hiztun elebidunengan, akulturazio urraspideak, asimilazioa, integrazioa, bereizgoa eta bazterketa, nortasun hizkuntza eta gizarte hizkuntza, nortasun kolektiboa, herritasuna eta lurraldetasuna, dimentsio komunikatibo-pragmatikoa (komunikazio-egoerak...).

Institutuaren misioa euskararen berreskurapen eta normalizaziorako soziolinguistika garatzea da

Sortuko den institutuaren ezaugarri nagusiak honela laburbiltzen ditugu: izaera autonomoa duena; hedadura nazionaleko zerbitzu publikoa izateko bokazioz jardungo dena; bere jardunari errentabilitate intelektuala bilatuko diona; bere ekinbidea era autonomoan zein beste erakunderekin elkarlanean gauzatuko duena; ekimen aplikatua arreta bereziz jorratuko duena.

Euskal Herrian euskara berreskuratzeko lanean diharduten erakunde, elkarte eta gizarte eragileek osatzen duten sare horretan agertu diren behar batzuei erantzuteko eta sare horretan txertaturik bere lana egiteko sortzen da Institutua.

Indarrean jarritako ereduak garatu eta eredu berriak sortzea. Lan honek berreskurapen eta normalizazio ekimenen eraginkortasuna hobetu eta eremu gehiagotara zabaltzeko balio izan behar du.

Garrantzitsua da sozialki zabaltzen diren ideiak eta usteak ongi oinarrituta egotea; hau da, komunitate kultua izatea soziolinguistikari dagokionez; hizkuntza prozesuei buruzko ezagutza baita hiztuna normalizazio eragile bihurtzeko bide nagusietako bat.

Institutuaren eginbeharrak zein diren ikusita normalkuntzan diharduten gainerako eragileekin (euskalgintzarekin, administrazio, unibertsitate,...) izango duen harremana zenbait ardatzen inguruan bil daiteke: elkarlana, koordinazio eta elkar osatzea eta zerbitzua ematea.

Ematen zaion izaera juridikoak erakundearen identitatea babestu eta finantziazio aukerak ahalik eta egokien kudeatzeko balio izan behar du. Fundazioa ote? Kultur elkartea ote, zein beste aukera dago? Patronatua?

LRUpeko unibertsitate institutua izateari hiru oztopo antzematen dizkiot: Euskal Herri osoa ordezkatzeko zailtasuna; unibertsitatearen ohiko burokrazia eta funtzionamendu zurruna erortzearena; edozein motatako partaidek parte hartzeko ezintasuna edo zailtasuna (euskalgintzako ordezkariak...).

Euskal Herri osoko partaideak bildu ahal izatea;

Funtzionamendu malgurako egokia den egitura eraikitzea;

Edozein motatako partaidek ateak irekita aurkitzea;

Finantzabide pribatua lortzeko abantailak.

Askatasunez jarduteko ahalmena

Institutuaren jarduna finantzabideek baldintzatuko dute hein handi batean. Beraz, zer egingo dugun finkatzea bezain garrantzitsua da une honetan hori egiteko dirua nola eskuratuko dugun zehaztea.

kontuan hartu behar da eginkizunak asko direla eta baliabideak, aldiz, mugatuak; beraz, arestian aipatutako funtzioak garatzeko eta arlotan gauzatzeko, lehentasunak finkatuko dituen plangintza estrategiko bat burutu beharko da.

Mendebaldeko gizartearen bilakaerak eta Europaren eraketak dakartzan erronken eragina neurtu eta joerak iragartzea, esaterako: a.- Beste herrietatik datozen hiztunen eragina (Europa nahiz beste edozein kontinentetakoak direla ere); b.- Kultur ekoizpenaren eta hedapenaren eragina euskararen normalkuntzan.

jurilinguistikari buruzko puntuan honako hau erantsiko nuke: "Badu zer eginik: euskaraz bizitzeko eskubidearen lege babesa eta beronen garapena aztertu eta aurrerabideak proposatzea,..."

Euskal Soziolinguistika Institutua

PONENTZIA NAGUSIA (2000ko azaroa)

Aportazioak: Marijose Azurmendi, Tere Barrenetxea, Erramun Baxok, Imanol Esnaola, Nekane Jausoro, Nekane Arratibel, Matilde Sainz, Xabier Mendiguren, Rosa Ramos, Carlos Vilches, Karmele Rotaetxe, Andoni Sarriegi, Koro Zumalabe, Axun Aierbe, Josu Perales,

Bateraketa: Iñaki Martinez de Luna, J. Inazio Marko Juanikorena, Erramun Baxok

1.- Aurrekariak, testuingurua eta justifikazioa

1968an Arantzazun euskararen batasuna gauzatzeko emandako urratsean dugu, zalantzarik gabe euskararen bilakaeraren mugarrietako bat.

64an abiatu eta 68an behin-betiko bultzada jaso zuen ahalegin hark hizkuntzalaritza hutsaren mugak gainditzen zituen. Euskararen batasun prozesuari ekiteak euskara eta euskaldun herria mende luzez zokoratzeko lagungarri izan zen oztopo bat gainditzea zuen helburu: Diglosia. Lizardik horren poliki adierazi zuen asmo hura “nai aunat noranaikoa» erromantizismo itsua baino benetako egitasmo zentzudun eta arrazoitua zen.

Arantzazun abiarazitako prozesuak hiru hamarkadetan emaitza bikainak erdietsi ditu eta euskararen berreskurapen eta normalizazio bidean urrats nabarmenak ematea erraztu du. Urrun dago, ordea, euskararen berreskurapen eta normalizazioa. Galdera, zalantza, erronka eta oztopo ugari ageri da bide honen aitzinean. Erronka berriek eskatzen dituzten erantzunak, berriz, geroz eta kualifikazio eta zehaztasun maila handiagoz ematera beharturik gaude. Horra hor egungo erronka eta horra hor soziolinguistikaren esparrutik egin beharreko ekarpenaren norabidea.

Nola ulertzen dugun soziolinguistika

Hizkuntza eta gizartearen arteko lotura aztergai duten diziplinak ugari eta oso dira desberdinak. Halaber, diziplina bakoitzaren baitan termino terminoek bere berea den adiera izaten dute. Aditu edo eskola bakoitzak ere terminoei bere beharretara egokitzen zaion adiera ematen dio. Ez da erraza, beraz, termino baten adierarekin aho batez bat etortzea arloan diharduten guztiak. “Soziolinguistika» hitzaren adierarekin, esaterako, horixe gertatzen da.

Proiektu honetan, Soziolinguistika terminoa bere esanahi zabalenean eta integratzailenean ulertu nahi dugu: Hizkuntzen, hizkuntza komunitateen eta hiztunengan gertatzen diren aldaketak aztertzen dituen zientzia. Aldaketen baldintza eta faktore eragileen ezagutzan oinarriturik, etorkizuneko aldaketak aurreikusteko eta bideratzeko eredu teoriko eta metodologikoak eskaintzen ditu soziolinguistikak.

Beraz, ezarrita utziko dugu soziolinguistika terminoarekin adierazi nahi dugula:

  1. Hizkuntza eta gizartearen arteko lotura era batera edo bestera aztertzen eta lantzen duten diziplina guztien artean osatzen duten arloa; elkargunea da, beraz.
  2. Tradizio akademikoari jarraiki, termino bera erabili ahal izango dela eskola zehatzak izendatzeko.
  3. Ikergaiak berak lehentasun osoa izan behar duelakoan, diziplinartekotasuna izango dela nagusituko den jarduteko era.

Beste herrietako adibide eta ereduak

Kanpoko ereduak erreferentzia garrantzitsuak dira bultzatu nahi dugun soziolinguistika institutu honen proiekturako. Bi dira Institutu bati dagokion arlo akademiko-zientifikoa landuz soziolinguistikan bereziki nabarmendu diren adibideak:

Katalunia:

Administrazio, unibertsitate nahiz gizarte mailako eragileak gorpuztu dira azken hamarkada hauetan. Xehetasunetan sartu gabe hiru eremu hauetan honakoa topa dezakegu: Administrazioan: Hizkuntza Politikako Zuzendaritza Nagusia, eta honen baitan, zuzendaritza politikoarekin batera, dokumentazio eta dibulgazio zerbitzuak; ikerketa eta jarraipenerako behatokia; normalizazio lan teknikoa burutzeko egitura.

Eremu akademiko-zientifikoan ikasleak formatu eta ikerketak burutzeko lan ildo ugari disziplina zientifiko nagusienetan (Zuzenbidea, hizkuntzalaritza, psikologia...).

Eremu sozialean, berriz, Katalaneraren berreskurapen eta normalizazio prozesuaren jarraipena egin eta honi buruzko gogoeta egiten duen “Grup de Sociolingüística» dugu, unibertsitea, gizartea eta administrazioko kide esanguratsuz osatua eta izaera autonomokoa.

Administraziotik: DGPL: Zuzendaritza, dokumentazio zentrua, Consorci-a, ISC: Hizkuntza politika zehaztu eta normalizazio ildoak indarrean jarri eta bultzatu. ISCren lana ahalegin horren emaitzak ebaluatzea, Consorciarena herriz herriko normalizazioa burutzea.

Eremu akademiko-zientifikotik: Grup de Sociolingüística eta unibertsitateetako departamendu eta mintegiak. Grup de sociolinguistikan eremu akademiko-zientifikoan entzutetsuenak diren adituak biltzen dira, gogoeta, eztabaida eta ekarpen gunea da. Unibertsitateko departamendu eta mintegietan arloz arloko ikerketa eta formazioa eskaintzen da. Oso aurreraturik dago eremu hau nahiz eta hutsuneak ere badauden (batasunik eza).

Eremu soziala: hainbat iritzi eta lan talde bada, hizkuntza normalizazioa dute hizpide.

Kataluniak guretzat duen ikasgai nagusia ikerketa (ISC eta Unibertsitatea) eta formazioan (unibertsitatea) egindako bidea da. Izan ere, errealitate soziolinguistikoari bere alor guztietan jarraipena egiteko tresneria garrantzitsua dute.

Quebec:

Quebec-eko egitura Kataluniakoa baino osatuagoa baldin bada ere, funtsean bera da. Administrazioak bere erabakiak hartu eta gauzatzeko hainbat egitura ditu eta horren ondoan unibertsitateko alor desberdinen ekarpena dago ikerketa eta formazioa ziurtatuz. Dena den, bada bereziki interesgarria den elementu bat ikerketa eta formazioaren alorrean. Laval-eko unibertsitatean CIRB (“Elebitasunari buruzko Nazioarteko Ikerketa zentroa») sortu zuten eta horrek ikerketa eta formazioan sakontzeko tresna paregabea eskaini zien. Geroago CIRB izatetik CIRAL (“Hizkuntza Planifikazioari buruzko Nazioarteko Zentroa») izatera pasa zen. Gune honek hizkuntzarekin, eta batez ere, Quebec-en frantsesaren normalkuntzari loturiko ikerketa eta formazio beharrei erantzuteko parada eskaini zien. Egitura honi esker Quebec-eko normalkuntza prozesuak berme teoriko, tekniko eta zientifiko gorena izan du.

Zergatik Euskal Soziolinguistika Institutua

Institutuaren proiektuak euskararen berreskurapen eta normalizazio bidean emandako urratsei erantzuten dio. Zorionez hiru hamarkada hauetan ibilitakoa bide oparo eta emankorra izan da, eta aurrera jotzeko eskakizun maila, berriz, geroz eta handiagoa da. Esku artean ditugun ekimenek geroz eta formazio eta prestaketa lan handiagoa eskatzen dute. Erronka horri erantzuteko, ordea, badugu gainditu beharreko hainbat gabezia:

  • Hutsuneak prestakuntzan. Unibertsitate mailan diziplina desberdinetan gaiari zuzenduriko ikerketa lerro sendo eta iraunkor gutxi egotea. Ondorioz, arloan jardungo diren ikerlari eta profesionalak formatzeko goi-mailako eskaintza iraunkorrik ez egotea izatea.
  • Formazio materiala argitaratzeko lan ildorik ez egotea. Adierazgarria da, gaur egun, soziolinguistikari buruzko euskarazko testu libururik ez egotea. Gaira hurbildu nahi duenak informazioa izugarri sakabanatuta aurkitzen du.
  • Arlo aplikatuan teknikari gaituak izateko zailtasunak. Arlo akademikoan dagoen hutsuneak, bestalde, lan teknikoetan aritzeko eskatu beharrekoaren indefinizioa ere ekarri du.
  • Eztabaidarako eta informazioaren trukerako leku egokirik ez. Euskal soziolinguistikak lan teorikoa baldintza egokietan non azaldu eta eztabaidatu ez du izan. Nahiz eta hori faktore bakarra ez izan, testuinguru horretan bide teoriko ezberdinen jarraitzaileen arteko tirabirak sortu dira.

    Azpiegiturarik gabe, neurri berean, kanpoko eta bertako teoriak eta lanak zabaltasunez ezagutzea zaila izan da; baita diziplinartekotasuna bultzatzea edo gaiarekiko terminologia adostea ere, adibidez.

  • Hutsuneak ikerkuntzan. Lan zientifikoaren oinarri-oinarria jakintzaren metatzean datza, baina hizkuntz ikerkuntzarako gune sendo eta egokirik ezean, ez dago norberaren lanak beste ikerlarien artean aditzera ematerik; beraz, ez dira ezagutzen eta baldintza horietan ez dago ezagutzaren metaketarik. Gabezi horrek ikerkuntzan aurrera egiteko bideak zeharo murrizten ditu.

    Hori ez ezik, egindakoa ezagutu eta kontuan hartu gabe, sarritan ikerlariek antzeko ahaleginetan alferrik jarduten dute; beraz, dauden baliabide mugatuak behar bezala ustiatu gabe xahutzen dira.

  • Hutsuneak aplikazioan. Lan teorikoetan ondo samar ikusitako bideak gero praktikan, egoki, ondo gidatuta, emaitzak ebaluatuz eta zuloak ikusiz ez jartzea.
  • Normalkuntza eta berreskurapen helburua duten proiektu teknikoak sortu, esperimentatu eta frogatzeko lan ildo iraunkorrik ez egotea.

Hor kokatu behar dugu gure egitasmoa, mendebaldeko Europaren bihotzean dagoen gizarte konplexu eta askotariko baten baitan euskararen berreskurapen eta normalizazio lana laguntzeko soziolinguistikaren ikerketa eta formazioaren alorretik ekarpena egin behar duen erakunde zientifiko moduan.

Zertarako Euskal Soziolinguistika Institutua

Euskal Herrian elkarri modu deskonpensatuan eragiten dioten hiru hizkuntza daude. Hizkuntza horiek gizartean funtzio ezberdinak betetzen dituzte eta, horren ondorioz edo horrekin batera, gizarte egoera ezberdinak dituzte. Kasu honetan, euskararen egoera gutxiagotua eta desorekatua da.

Ildo horretatik, euskararen normalizazioan soziolinguistikak egiteko garrantzizkoa izan du orain arte eta etorkizunean ere luzaroan izango du. Gainera, Euskal Herriaren baitako hizkuntza egoerak hain desberdinak izaki eta hizkuntza baten (euskararen) normalizazioa horren korapilatsua izanik, ezinbestekoa zaigu errealitate hori ongi ezagutzea gune bakoitzean nola jokatu behar dugun jakiteko.

Bestalde, beste herri batzuetan egin dena eta agian eredutzat har dezakegunaren berri izateko ere soziolinguistikak garrantzi handiko ekarpenak egin ditzake.

Beraz, Euskal Soziolinguistika Institutuaren ekarpena horrela ulertuko genuke: Euskararen berreskurapen eta normalkuntza prozesuari behar duen informazioa ematea ekimen zientifikoaren bidez –dela egindakoa baloratzeko, dela egoera ezagutzeko, dela aurrerabideak erakusteko-, ekimen horretan jardungo direnei, ikerketan zein edozein normalkuntza arlotan, formazioa ematea eta egun sakabanaturik dagoen esparruari lanerako eta eztabaidarako gune egonkor bat eskaintzea.

Hala ere, erantzun hau nahikoa motz gertatzen zaigu, izan ere, asmo eder horiek zertan gauzatzen dira? Labur zuhurrean honela irudika daiteke soziolinguistikaren ekarpena:

  • Euskarak euskal gizartean duen egoera eta egiten ari den bidearen irudi ahalik eta osoena eskaintzea, oraingo egoerei erantzun egokia eman ahal izateko eta sortuko diren egoera berriei aurrea hartzeko:
    • -Soziolinguistika historikoa (euskararen historian gertatu diren prozesuak, eragileak...).
    • -Demolinguistika (ezagutza, transmisioa, hizkuntzen statusa); hiztun komunitateak (ezaugarriak, harremanen trinkotasuna eta hedapena...);euskal eta erdal hiztunen arteko harremanak....
    • -Hizkuntzaren inguruan sortu eta hedatzen diren gizarte diskurtsoak aztertu (legitimazio arazoak, diskurtso-komunitateen arteko harremanak, atxikimendu komunitateak, gizartearen iritzi eta jarrerak...).
    • -Gizartearen indarguneak eta ahuleziak euskararekiko, gizarte mugimendu eta arlo politikoaren ekintzak, hizkuntz beharrak, hizkuntz borroka...
    • -Euskal hiztunak eta corpusa (hizkuntz ziurtasun ezaren arazoa...).
    • -Hizkuntz antolaketa: hizkuntz plangintza, hizkuntz politika,"aménagement linguistique",...
    • -Jurilinguistika: Eurobatasunaren eraginez konstituzioak eta legediak aldatzen ari diren momentu honetan hizkuntza zuzenbideari garrantzia handia eman behar zaio. Badu zer eginik: bi estatuetako legediek eskaintzen dituzten ahalbideak/oztopoak aztertu; Europako hizkuntz eta kultur zuzenbideari (Europarlamentuko erabakiak, Eurokontseiluko hitzarmenak) jarraipena egin... Horrezaz gain, jurilinguistika konparatiboa sakon jorratzea biziki argigarri gerta dakiguke.
    • -Ukipen egoeretako prozesuak: ukipen egoera desberdinen azterketa egiteak honelakoetan gertatzen dena hobeto ezagutu eta datorkeena aurreikusteko argibide sendoak eman diezazkiguke.
    • -Hizkuntz jokabideak. Bada zehaztasunez aztertu eta zertan gauden ezagutzea eskatzen duten hainbat gertaera: Hizkuntz hautua hiztun elebidunengan, akulturazio urraspideak, asimilazioa, integrazioa, bereizgoa eta bazterketa, nortasun hizkuntza eta gizarte hizkuntza, nortasun kolektiboa, herritasuna eta lurraldetasuna, dimentsio komunikatibo-pragmatikoa (komunikazio-egoerak...).
    • -Arloan-arloko eta tokian-tokiko normalizaziorako proposamen teorikoak landu.
    • -Metodologia eta ikerketa teknikak: metodologia kuantitatiboaren ikuspegia eta ikuspegi formala gaindituz betiere; ebaluaketarako metodologia: normalkuntza plangintza eta planen eragin-ondorioa (hizkuntz irakaskuntzaren ondorioak...)
  • Ikerlarien lana bultzatu eta erraztu, beraien lan zientifikoan ikuspuntu teoriko zein ikerketa aplikatuan bide berriak urra ditzaten.
  • Normalkuntza lanetan jardun behar duten profesionalei informazioaz gain formazioa eta material teorikoak eskaini. Normalkuntza lan teknikoa hartzen ari den indarra ikusita, euskalgintzako elkarte eta enpresetako teknikariak (Elhuyar, Emun, Ttakun, Ikastolak...) nahiz administraziokoak (udal, mankomunitate, aldundi...) formazioan sakontzea.
  • Unibertsitateko ikertzaile berriei soziolinguistika esparrura hurbil daitezen informazioa eta baldintza egokiak eskaini, euren jardun zientifikoan soziolinguistikaren ildotik pauso berriak eman ditzaten.
  • Arloa zeinen dinamikoa eta askotarikoa den kontuan hartuz, halaber, garrantzitsua da topagune bat eskaintzea eztabaida eta esperientziak elkar trukatzeko.
  • Aintzat hartu beharrekoa da, bestalde, nazioarteko soziolinguistikaren plazan harremanak estutzeak duen garrantzia. Besteen esperientziak ezagutu, gureen berri eman... Ezin dugu esparru horretatik orain arte bezain urrun jarraitu.
  • Jakintza arloan landutako eta lortutakoa gizarteratu: euskarak bizi dituen egoeren berri zehatzaz gizartea jakinaren gainean jarri, denon ardura izan behar duen normalizazioari buruzko gogoeta eta kontzientzia hartzea ahalbidetuz.
  • Azterlan teorikoak, saiakuntzak eta gisakoak egin ondoren, emaitzek markatzen dituzten ildoetako egitarauak gizarteratu, bai herri-erakundeak eraginez eta baita arlo pribatukoak eraginez ere. Azterlan teorikoak bildu eta zentralizatu, ondorioak atera, ondorioen arabera irtenbideak diseinatu, irtenbide horiek praktikan gauzatzeko egitarauak egin, egitarau horiek abiarazten lagundu.
  • Behar den lekuetan, eta bereziki zonalde ahulenetan (Iparraldean), hizkuntz estrategia eraginkorrak antolatzen lagundu.

2.- Institutuaren definizioa eta ezaugarriak

Misioa

Institutuaren misioa euskararen berreskurapen eta normalizaziorako soziolinguistika garatzea da, horretarako azpiegitura, baliabide eta baldintza egokiak sortu eta bultzatuz, arlo teoriko eta aplikatuaren arteko zubia eraikiz eta gizarte eragile guztientzako hausnarketarako eta lankidetzarako bilgunea eraikiz.

Izaera

Sortuko den institutuaren ezaugarri nagusiak honela laburbiltzen ditugu: izaera autonomoa duena; hedadura nazionaleko zerbitzu publikoa izateko bokazioz jardungo dena; bere jardunari errentabilitate intelektuala bilatuko diona; bere ekinbidea era autonomoan zein beste erakunderekin elkarlanean gauzatuko duena; ekimen aplikatua arreta bereziz jorratuko duena.

Institutua ez da sortzen ikerketa eta formazioaren alorrean diharduten erakundeekin konkurrentzia egiteko bere ekarria beroiekin elkarlanean eta osagarritasunez garatzeko baizik. Izan ere, ESIa txosten honetan aipatu dugun hutsune zenbaiti erantzuteko eta urrats kualitatibo berria emateko sortuko da.

Bestalde, eta euskararen berreskurapen eta normalizazioan ikerketa eta formazioaren alorrean Euskal Herriaren eremu geografiko osoa bere baitan biltzen duen erakunde bat ez dagoenez, institutuak euskal eremu osoko unibertsitateetako ikasle eta ikerlariak nahiz normalizazio lanetan diharduten teknikari profesionalak zein euskaltzaleak formazioz eta informazioz janzteko lagungarri izan behar du.

Halaber, Euskal Herrian euskara berreskuratzeko lanean diharduten erakunde, elkarte eta gizarte eragileek osatzen duten sare horretan agertu diren behar batzuei erantzuteko eta sare horretan txertaturik bere lana egiteko sortzen da Institutua.

Helburu Nagusiak

Misio orokorraren baitan biltzen diren helburu nagusiak, honako hauek izango dira:

  1. Euskarak euskal gizartean bizi duen egoera ezagutu eta garapenari jarraipena egin.
  2. Horretarako behar diren ikerketak eta esperimentazioak bultzatu, eta eredu teoriko nahiz metodologiko berriak garatzen lagundu –gizarte bizitzaren edozein arlotan eta gizartea aztergai duen edozein diziplinetatik-.
  3. Euskararen berreskurapen eta normalizazioan urrats berriak eman ahal izateko behar den formazioa eskaini.
  4. Behar diren formazio eta informazioa eskaini (ikastaroak mintegiak, argitalpenak, eztabaida-guneak...).
  5. Euskararen berreskurapen eta normalizazioan ari diren eragile eta ikertzaile guztiontzako bilgunea sortu, bertan lan-harremanak estutu ahal izateko eta, horren bidez, egindako ahaleginaren osagarritasuna eta eraginkortasuna areagotzeko.
  6. Euskal Herriko esperientzien berri kanpoan eman eta atzerrikoak Euskal Herriratu nazioarte mailako harremanak garatuz.
  7. Euskal gizartean soziolinguistikaren dibulgazio lana egin, horren bitartez gizarteak euskararen normalkuntzan izan behar duen parte hartzea bultzatuz.
  8. Herri ekimenez edo instituzioen ekimenez egiten dena, edota berez gertatzen dena perspektibaz aztertu eta aurrerabideak argitzea.

Lan ildoak

Funtzio nagusi horiek garatu eta gauzatu ahal izateko ondoren aipatzen diren lan-ildoak proposatzen dira:

Ikerketa:

Ikerketa ildoak sortu eta hauen itzalean ikerketa taldeak nahiz ikerketa indibidualak bultzatu (tesina, tesi, nahiz kalifikazio akademikorik gabeko lanak). Ikerlanak bi ardatz izango ditu: euskararen egoerari jarraipena egitea eta ekimen normalizatzaileen ebaluazio teknikoa egitea.

Garapena:

Indarrean jarritako ereduak garatu eta eredu berriak sortzea. Lan honek berreskurapen eta normalizazio ekimenen eraginkortasuna hobetu eta eremu gehiagotara zabaltzeko balio izan behar du. Jarduera honek ikerketa eta garapen lanetan ariko diren talde eta lanak sustatzetik abiatu behar du: bekak eskaini, adituen aholkularitza eta laguntza eskaini... Landu gabeko eremu berriak urratu eta esku hartzeko ekinbide esperimentalak finantzatu eta sustatu.

Formazioa:

Arloan dihardutenei nahiz jarduteko asmoa dutenei oinarrizko formazioa zein espezifikoa eskaintzea (etengabeko formazioaren ikuspegia funtsezkoa izango da), bai eta horretarako baliabideak ere (informazioa, dokumentazioa...). Betiere soziolinguistika arloan lanean ari direnen eginbeharrak oso desberdinak direla jakinda: diziplina jakin bateko ikasleak soziolinguistika arloan behar duen formazioak, hizkuntz plangintza burutu behar duen planifikatzaileak edo gizarte-arlo bat euskalduntzeko asmoz programa bat dinamizatu behar duen teknikariak zein euskaltzaleak, bista denez, ez dituzte premia berdinak.

Gogoeta eta hausnarketa:

Ikerlarien eta adituen gogoeta, komunikazioa eta esperimentazioa bultzatu: ikerketa taldeak, mintegiak, hitzaldi sorta eta kongresuak... Jada indarrean dauden egitasmoak (ikerketa proiektuetarako metodologiak, normalizazio proiektuak...) hobetzeko nahiz egitasmo berriak martxan jartzeko (behar diren informazioak eskuratzeko tresneria teoriko eta praktikoa, normalizazio proiektu berriei ekiteko eredu prototipikoak...). Lan teoriko eta aplikatuen arteko harremanak areagotu egin behar da, batek zein besteak aurrera egin dezaten harreman horiek ezinbestekoak direlako. Arlo publiko eta pribatua, politiko eta soziala, akademiko eta soziala, administrazioa eta zientzia uztartzeko topagunea izan behar du, egungo gizarte eredu meharrak gaindituz elkarren arteko ezagutza eta esperientzia-trukaketa bultzatzeko

Argitalpenak:

Formazio zientifikorako euskaraz behar diren materialak sortu/euskaratu eta argitaratu. Burutzen diren ikerketak argitaratu. Soziolinguistikarekin loturiko argitalpen ildoa, edozein formatutan dela ere, abian jarri behar da. Horrezaz gain, komunitate zientifikoari begira, euskaraz ez ezik, atzerriko beste hizkuntzetan argitaratzea ere garrantzitsua dateke, gure lana nazioartean ezagutua eta eztabaidatua izan dadin.

Dibulgazio lana:

Nazioarte mailan, Euskal Herrian bertan sortutakoa ezagutzera eman edo atzerrikoa gureganatzea. Euskal Herriko bertako euskal eta erdal hiztunen artean soziolinguistika dibulgatu; neurri batean edo bestean, guztiok egiten dugu "kaleko soziolinguistika" (entzundako ideiak eta topikoak errepikatzen ditugu). Garrantzitsua da sozialki zabaltzen diren ideiak eta usteak ongi oinarrituta egotea; hau da, komunitate kultua izatea soziolinguistikari dagokionez; hizkuntza prozesuei buruzko ezagutza baita hiztuna normalizazio eragile bihurtzeko bide nagusietako bat.

Dokumentazio eta datu baseak:

Informazioa bildu, osatu, antolatu eta eskura jarri: atzerrian nahiz Euskal Herrian argitaraturiko materialak eta landutako ekarpen teoriko edo metodologikoak. Jada abian dauden beste zentroen berri bildu eta eskaini; halakoekin harremanetan jartzeko eta bertara hurbiltzeko aukerak erraztu.

Kanpo harremanak:

Nazioarteko komunitate zientifikoarekin harremanak sakondu, ikuspegi teoriko eta aplikatuen aurrerapausoak elkarrekin trukatzeko eta baita herrien arteko lankidetza bultzatzeko ere. Egun, Euskal Herria erreferentzi puntu bihurtu da Europan eremu urriko hizkuntzak dituzten lurralde askorentzat. Proposa liteke, beraz, hasiera-hasieratik martxan dauden harreman-guneekin kontaktatzea edota, konkurrentziarik ez balego, Europako eremu urriko hizkuntzetarako soziolinguistikaz jardungo duen elkarte edo federazio bat osatzea.

Ekimenak bultzatu:

Herri-erakundeei eta arlo pribatukoei ekimenak proposatuz, berek onartuz gero diseinatzen lagunduz eta benetan gauzatzeko gomendioak emanez nahiz urratsak adieraziz. Elkarlanean jardun, eskura dagoen ezagutza eta teknologia ekimen berriak abian jartzeko erabiliaz.

Asmo mardul hauek zein ekintza eta programatan gauzatzen den ezartzea ez da erraza. Arloaren garapenak berak esango digu zein den egin beharreko bidea aldiro.

3.- Institutuaren egituraketa

Erakundetzeko hautatzen den bidea edozein dela ere, ezinbestekoa da proiektuarekin atxikimendua duten pertsona/erakundeak biltzea, beraz ez luke aski izan behar dirua ematea elkarteko zuzendaritzan parte hartzeko.

Indarrean jartzen den egituraketak diziplina bakoitzaren lehentasun eta ika-miketatik landa instituturen ekimenak euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesuaren martxa abiapuntutzat hartuta gidaritza intelektuala egin beharko du.

Gauzak honela, bistan da elkarlana eta prestigioa hartzeak denbora eta lan serioa eskatzen dutela, beraz, egituraketa ikuspegi progresibo batetik ulertu beharko dugu. Mugikortasuna erraztearren, eta konfiantza gureganatzeko hasieran behintzat dauden zailtasunekin, hoberena egituraketa txiki eta oinarrizko batekin hastea izango da. Beraz, lehen eginkizuna lan-ildoak abian jarri eta horietatik kapital intelektuala biltzea izango da, hori proiektu orokorrari gehitu eta itzala emateko geroz eta eragile gehiagorengana iritsi eta zerbitzua/elkarlana eskaintzeko/emateko.

Eraketa eta funtzionamendurako zenbait proposamen

Arestian egindako gogoetaren haritik eta dauden aukerak neurtuz, egituraketa gauzatzeko irtenbiderik errealistena honako hau izan daiteke: institutuaren egitasmoan parte hartzen dutenen ordezkapen orekatuaren bidez, morrontza edo menpekotasunik gabeko zuzendaritza bat eratzea. Honek erakundeei institutuaren martxan parte hartzea eskainiko lieke eta elkarlanean aritzeko guneak sortuko lituzke, etengabeko harremana landuz eta zerbitzua emanez. Egitura mota honek zuzendaritzako partaideen prestigio sendoa eskatzen du.

Lan taldeetan soldatapeko langileak eta bazkide kolaboratzaileak batera aritzea interesgarria izan daiteke. Honela, bazkideek, kuota ordaintzeaz gain, zenbait lan (Institututik ongi koordinatuak) egin ahalko lituzkete.

Institutuak normalkuntzan diharduten gainerako eragileekin harreman iraunkorrak izan beharko lituzke, hasiera batean egiten denaren informazioa igorriz, eta, beranduago, parte hartze zuzena bideratuz.

Harremanak gainerako eragileekin

Institutuaren eginbeharrak zein diren ikusita normalkuntzan diharduten gainerako eragileekin (euskalgintzarekin, administrazio, unibertsitate,...) izango duen harremana zenbait ardatzen inguruan bil daiteke: elkarlana, koordinazio eta elkar osatzea eta zerbitzua ematea. Elkarlana eragile bat baino gehiagori dagozkion lanak burutzeko, koordinazio eta elkar osatzea lanak ez errepikatzeko eta zerbitzu ematea eragileek euren baliabidez asetu ezin dituzten lanak betetzeko.

Babesleak diren erakundeekin lan estuagoa egingo litzateke, maiztasun bateko bilerak ezarriz (zuzendaritza eta babesleen arteko harremanak izango lirateke).

Harreman hori institutuan bertan elkarlanerako guneak sortuz nahiz institututik kanpoko elkarlaneko guneetan parte hartuz gauzatuko da. Garrantzitsua izango da, halaber, etengabeko komunikazioan aritzea horretarako sortzen diren aukerez baliatuz edo aukera berriak sortuz eta sustatuz.

Izaera juridikoa

Ematen zaion izaera juridikoak erakundearen identitatea babestu eta finantziazio aukerak ahalik eta egokien kudeatzeko balio izan behar du. Fundazioa ote? Kultur elkartea ote, zein beste aukera dago? Patronatua? LRUpeko unibertsitate institutua?

Ponentzia honi egindako aportazioetan bost aukera ezberdin proposatu dira:

  • 1.Zerbitzu elkartea, EKB zen bezala.
    Talde profesional txiki batekin baina gune askotarik etorri laguntzaileekin.
  • 2.Unibertsitate institutua, Quebecen CIRAL den bezala.
    Institutua ez da fakultate bat, hain zuzen diziplinartekoa baita. Institutuak bere administrazioa badu eta ikaskuntza, ikerketa eta zabalkunde egitarauak eskaintzen dizkio unibertsitateari. Ikasleak, ikerleak eta irakasleak beste fakultatetarik datoz, hitzarmen berezi batzuen ondorioz. Jende hauek beren lanerako behar dituzten tresnak institutuan aurkitzen dituzte: dokumentutegia, artxiboa, demolinguistika laborategia eta beste. Oinarrizko printzipioa da fakultateen arteko lankidetza: hizkuntzalaritza, soziologia, zuzenbidea, hezkuntza eta psikologia dira bereziki inplikatuak. Helburua da beste unibertsitate eta hizkuntz erakundeekiko elkarlana.
  • 3.Institutu autonomoa, Frantzian "Institut Pasteur" den bezala.
    Eredu honek suposatzen du Institutua zerbitzu publiko bezala onartuko dela. Alabaina talde profesional zabal bat eta tresneria handi bat beharrezkoak dira. Horretarako erakundeak bere "errentabilitate intelektuala" frogatu behar luke.

  • 4.Fundazioa, (edo Eusko Ikaskuntza bezalakoa?).

  • 5.Klusterra
    Interes amankomuna duten hainbat erakunderen artean sortuko luketen ente berria, pertsonalitate juridiko propioa eta bere osatzaileengandik berezitua izango lukeena. Klusterra, erakundeen agrupazio gisa ulertuta. Inguruan baditugu horrelako adibideak oso lagungarriak gerta dakizkigukenak eta geure diseinua prestatzeko erreferente izan daitezkeenak, hala nola: Zamudioko Ezagutzaren Clusterra.

Bost aukera aztertuz bakoitzaren aldeko eta aurkako iritziak jaso dira aportazio egileen aldetik. Horiek ondoko eskeman ageri dira:

  Abantailak Ahuleziak
Zerbitzu Elkartea  
  • Ez dut gaizki ikusten baina, hala ere, nik gaur egun, etorkizunari begira, institutuari beste instituzionalizazio mota bat eskatuko nioke.
  • Ahulegia litzateke administrazioen aurrean edo mundu pribatuko erraldoien aurrean.
  • Dirua lortzeko zailtasunak.
Unibertsitate Institutua
  • Unibertsitarioa izanez gero, bada (izan behar) bai zientifikoa eta bai aplikatua (bi horien arteko dikotomiarik ba al da?)
  • LRUpeko unibertsitate institutua izateari hiru oztopo antzematen dizkiot: Euskal Herri osoa ordezkatzeko zailtasuna; unibertsitatearen ohiko burokrazia eta funtzionamendu zurruna erortzearena; edozein motatako partaidek parte hartzeko ezintasuna edo zailtasuna (euskalgintzako ordezkariak...).
  • CIRAL antzeko bat gustatzen zait, unibertsitateko kutsua duelako, diziplinartekoa; baina, ez dakit horrelako zerbait hemen egin daiteken era autonomo batean (hots, sailak alde batera utzirik).
  • Partziala, astuna eta geldia izango litzateke.
  • Euskal Herrian ez dago unibertsitate bakarra, asko baizik, eta hauek erdaldunak (batzuk elebiduntzen ari diren arren).
  • Unibertsitateen arteko konpetentzia.
  • Euskal Herri osora iritsi ezina.
  • Juridikoki izango lukeen eraketak balio handiko pertsona asko utz ditzake kanpoan.
Institutu Autonomoa
  • Askatasunez jarduteko ahalmena.
  • Autonomoa.
  • Euskal Herri guztirako eta pertsona interesgarri guztiak biltzeko modukoa.
  • Mundu pribatuan eragiteko hobea.
Ongi deritzot, baina ez dakit hori ez den zaila izango gaur egun (aurrekontu aldetik, finanziazio aldetik,..).
  • Izen ona irabazi beharra.
  • Agian administrazio batzuek ezkerreko begitik hartzea.
  • Dirua biltzeko arazoak
Fundazioa
  • Euskal Herri osoko partaideak bildu ahal izatea;
  • Funtzionamendu malgurako egokia den egitura eraikitzea;
  • Edozein motatako partaidek ateak irekita aurkitzea;
  • Finantzabide pribatua lortzeko abantailak.
  • Askatasunez jarduteko ahalmena
 
Clusterra
  • Institutu Autonomo eta Fundaziorako aipatu diren berberak
  • Enpresa munduan Clusterrekin dagoen ezagutza eta esperientzia positiboa.
  • Pribatua eta publikoa lotzeko ahalmena.
 
Iritzi Orokorrak
  • Nire ustez, Administraziotik autonomoa izan beharko litzateke, bere funtzionamenduan. Hortik dela-eta, Unibertsitate-Institututzat hobeto ikusten dut eta Sail batzuen (ez baten) Institutua: Soziologia I eta I, Politika eta Administrazio Zientzien Sailenpean, alde batetik eta, bestetik, Hizkuntzalaritza Arloa eta Euskal Filologia, azken bi hauek, momentu honetan, Soziolinguistikaz eta Euskal Soziolinguistikaz dihardutelako
  • Unibertsitate barruan zerbait irekia eta malgua barnekoekiko eta kanpokoekiko ezin baliteke egin, orduan, Institutu autonomoa edo bestela Fundazioa (Eusko Ikaskuntza antzekoa?)aukeratuko nituzke, bi era hauetan zaindu litezkeelako diziplinartekotasuna eta funtzionamendu irekia eta malgua. Niretzat, garrantzitsuena zera da: zerbait irekia egitea bilgune bezala funtziona dezan. Euskal Herri osora begira, diziplinartekoa eta egitura malguarekin. Azken finean, gizarte mailan erreferentzia bat izan dadila soziolinguistika aldetik, eta bereziki, euskararen soziolinguistika aldetik.
  • Bertan azaltzen diren arrazoiengatik, hirugarrenak dirudi bidezkoena: fundazioa.
  • Esango nuke Euskal Soziolinguistika Institutuak unibertsitarioa (unibertsitatean diharduen jendeaz ari naiz eta ez nahitaez unibertsitatearen baitako institutu izateaz), zientifikoa, aplikatua eta abar izan behar duela (osagai askoko entsalada edo plater konbinatua), izan ere, gurea bezalako herri txiki batean (plater bakarra baldin badugu) proiektu bateratzaileen premia dugu, ziurrenik ez baitago aukera handiegirik, oraingoz behintzat, izaera ezberdineko institutuak sortzeko. Institutuak izan beharko lukeen izaera juridikoaz, iruditzen zait fundazio-egitura izan daitekeela egokiena, bereziki aipatu diren abantailengatik
  • Nire iritziz onena (beharbada benetako aukera on bakarra) institutu autonomoa edo fundazioa da, horrek ematen duelako askatasunez jarduteko ahalmena. Burujabetza horretatik abiatuta, hitzarmenak egin beharko lirateke herri mugimenduko erakundeekin (Institutuaren egituran txertatuta ez dauden neurrian), unibertsitateekin eta instituzio publikoekin.
  • Argi eta garbi egiten dut 3. proposamenaren alde, hots, nire ustez, INSTITUTU AUTONOMOA izan beharko luke eta gero Euskal Herri osoko herri-erakundeak laguntzera bultzatu beharko lirateke gaur egun Euskaltzaindia bezala eta hobeto ahal izanez gero.


Finantzabideak

Institutuaren jarduna finantzabideek baldintzatuko dute hein handi batean. Beraz, zer egingo dugun finkatzea bezain garrantzitsua da une honetan hori egiteko dirua nola eskuratuko dugun zehaztea. Finantziazioak iturri ezberdinak izan beharko ditu:

  • Instituzioen diru laguntzak autofinantzarako aukerarik eskaintzen ez duten proiektuentzat.
  • Hitzarmenak ekonomia munduko eragileekin
  • Bazkideen ekarpenak.
  • Produktoen eta zerbitzuen salmenta: enkarguzko ikerlanak, materialak, jardunaldiak, ikastaroak...
  • Edozein motatako erakundeekin egindako hitzarmen puntual edo sektorialak.

Hori guztia egiazko bihurtzeko lan gaitasun eraginkorra jarri beharko da indarrean.

4.- Institutua sortzeko lehentasunezko lan ildoak eta egitasmoa

Sortzeko eta gorpuzteko egitasmoa

(Institutuak nolakoa izan behar duen erabaki ondoren, hau sortzeko zen plan jarraitu –ardatz nagusitan-).

Kongresua egin eta gero honako urratsak izan daitezke eman beharreko hurrengoak:

  • Egitasmoaren inguruan biltzen diren behin-behineko partaideak identifikatu, horretarako epe mugatu bat emanda.
  • Horien artean behineko zuzendaritza zedarritu eta eratuko litzateke.
  • Ponentzia nagusiaren inguruan adostutasunik balego, zuzendaritza egitasmoa abian jartzen hasiko litzateke; adostasunik ezean, proposamen kontrajarrien artetik egitasmoaren inguruan biltzen diren partaideen artean bat hautatu eta adostu.
  • Ponentzian proposatutako egitura (behin-behinekoz bada ere) martxan jarri eta alde juridiko eta ekonomikoak landu.
  • Koordinazio teknikoak ponentzia nagusian azaldutako helburu, lehentasun eta lan ildoak garatu eta epe baterako institutuaren plana proposatu.
  • Eraketa prozesua bukatu: aspektu juridiko eta bestelakoak bideratu eta lehenengo aldirako plana onartu (bazkide eta babesleen onarpena ?).

Egitura juridikoa finkatu. Bideragarritasun plana egin eta garapen plan estrategikoa egin. Harreman eta elkarlan plana egin. Lehentasunezko lan ildoak

Horretaz guztietaz hitz egin ahal izateko, partaidetzak, eraketa, funtzionamendua, finantzabideak eta gainontzekoak argi utzi behar dira lehendabizi.

Hori ez ezik, kontuan hartu behar da eginkizunak asko direla eta baliabideak, aldiz, mugatuak; beraz, arestian aipatutako funtzioak garatzeko eta arlotan gauzatzeko, lehentasunak finkatuko dituen plangintza estrategiko bat burutu beharko da.

Lehentasunei begira, eta ikerketa-ildoak gogoan, jadanik zirriborra liteke premiazko ikergaien zerrenda. Hala, emigrazioek izango duten eragina eta emigranteen integrazioa eremu urriko hizkuntzak dituzten lurraldeetan aztertzekoa da (Frantzian, hiztun magrebiarren eta euskaldun + bretoi + katalandar hiztunen ehunekoak...), haurren aisialdia, tokian tokiko egoerak: Iparraldea, Araba etab.

Ekarpenak

1.- Lan ildoen atalean, ikerketari buruzko puntua honela berridatziko nuke:. Egoeraren jarraipena demolinguistika hutsa gaindituz disziplina zientifiko nagusietatik egingo da (Ekonomia, psikologia, soziologia, zuzenbudea). Halaber, ikerketa egitasmo hau gizarteko esparru guztiak haintzat hartuz bideratuko da (adin taldeak, talde sozialak, esparru ekonomikoak, eremu geografikoak, gremioak...). Ikerketaren bigarren lan ardatza abian jarritako normalizazio egitasmoen inguruko azterketa eta jarraipen teknikoa izango da, ikerkta & garapena ekinbidearen baitan kokatu beharrekoa.

Azalpena: Euskararen egoeraren berri izatea normalizazio esparruak zabaltzen eta hedatzen ari diren honetan geroz eta premiazkoagoa da. Batetik egoera orokorraren berri izan behar dugulako eta bestetik, kasuan kasuko egoerak ezagutzea ezinbestekoa zaigulako.

Ekarpen egilea: Imanol Esnaola (SEI elkarteko kidea)

2.- Lehentasunezko lan ildoen atalean, azken paragrafoa honela berridatziko nuke " Lehentasunei begira eta ikerketa-ildoak gogoan, jadanik zirriborra liteke premiazko ikergaien zerrenda. Hala nola, 1.- Euskarak egoera kritikoa bizi duen eremu geografiko nahiz sozialetako errealitatearen ezagutzan sakontzea (Ipar Euskal Herria, populazio handiko zenbait eremu urbano, haur eta gazteen aisialdia eta kultur eremua, hedabideak...); 2.- Mendebaldeko gizartearen bilakaerak eta Europaren eraketak dakartzan erronken eragina neurtu eta joerak iragartzea, esaterako: a.- Beste herrietatik datozen hiztunen eragina (Europa nahiz beste edozein kontinentetakoak direla ere); b.- Kultur ekoizpenaren eta hedapenaren eragina euskararen normalkuntzan.

Azalpena: Ponentzia nagusian agertzen den erredakzioan, lehentasuna ematen zaio emigrazioaren fenomenoari eta nire iritziz, fenomeno horren garrantzia gutxietsi gabe, badugu horren aurretik ikerketa eta eragin premia larrian dauden beste eremu geografiko eta sozial batzuk. Bestalde, Europaren eraketari ezin diogu magreb-etik datorren jende emanaren ikuspegitik soililk begiratu. Katalanen esperientzia kontuan hartuz, geroz eta gehiago dira Europa ekialdetik edo Asiatik datozenak, kultura, formazio eta maila ekonomiko oso desberdinetakoak, beraz. Halaber, Europaren eraketak kultur ekoizpenaren arlotik dakarkeenari ere erreparatu behar diogu, besteak beste, aurrez ikusten baita hiru direla nagusitzen ari diren hizkuntzak -ingelesa, frantsesa eta alemaniera-.

Ekarpen egilea: Imanol Esnaola (SEI elkarteko kidea)

3.- EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA INSTITUTUA izan beharrean Euskal Herriko Soziolinguistika Institutua izan behar duela uste dut, Euskal Herrian dauden hizkuntza guztien egoerak aztertzeko, edo / batez ere, euskarari eraginten dioten hizkuntzen egoerak. Eragin hori maila kuantitatibo eta kualitatiboan ikertu eta jorratu behar du.

Ekarpen egilea: Juan Vélez Núñez

4.- Zertarako ESI? Atalean, jurilinguistikari buruzko puntuan honako hau erantsiko nuke: "Badu zer eginik: euskaraz bizitzeko eskubidearen lege babesa eta beronen garapena aztertu eta aurrerabideak proposatzea,..."

Urko Aiartza (Abokatu Euskaldunen Sindikatuko kidea)

5.- Zertarako Euskal Soziolinguistika Institutua atalean, "Euskal Herrian elkarri modu deskonpentsatuan eragiten dioten HIRU HIZKUNTZA daude (...) kasu honetan, euskararen egoera gutxiagotua eta desokeratua da" dio. Hau irakurri ondoren galdetzen dizuet: Non jartzen dituzue gaskoinera (ez ahaztu maskaradetan duen garrantzia), kaló (ijitoen hizkuntza), etorkinok erabiltzen ditugun hizkuntzak egindako hizkuntza panoraman?

Galderaren egilea: Juan Vélez Núñez

BAT aldizkaria: 
37. 2000ko abendua. Euskal Soziolinguistika Insititutua sortzen.
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Talde lana
Urtea: 
2000