Euskal Herriko hizkuntza-politiken eraginkortasuna neurtzeko adierazleak

Hizkuntza Biziberritzeko Saioa

(Reversing Language Shift) izango da hizkuntza-politikaren ardatza.

duela hamar urte baino gehiago Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak adierazle-sistema bat antolatzeko erabakia hartu zuen.

Horrela neurtu ahal izango, aldi berean, lurralde edo gizatalde desberdinen arteko eta, denboran zehar, lurralde edo gizatalde jakin bateko hizkuntza-bilakaera, besteak beste honako gai hauei dagokienean

15 urte beranduago, 25 urte baino gazteagoen artean, elebidunak erdaldun elebakarrak baino gehiago dira, zenbaitetan bi aldiz gehiago izanik.

euskal hiztunen artean gertatzen ari den aldaketa kualitatibo honek eragin zuzen-zuzena du (ezkorra, gero termino hau argituko badugu ere) euskararen erabileran.

Jakin badakigu EAEn euskararen irabaziak galerak baino askoz ere handiagoak direna, galerak nabarmen jaitsi direlako, baina galtzen den euskal hiztunaren eta irabazten den euskal hiztunak oso ezaugarri desberdinak dituzte;

Nafarroan irabaziak galerak baino zertxobait handiagoak dira; aitzitik, Iparraldean galerak irabaziak baino askoz ere handiagoak dira.

EAEn, 1986 eta 1990 urte bitartean jaio eta euren guraso biekin bizi diren 77.515 gaztek osatzen duten unibertsoa hartu dugu.

hizkuntza-normalkuntzaren sustapenerako erabilitako giza eta diru-baliabideak neurtu eta baloratu egin dira.

Une honetan Eusko Jaurlaritzak jada onartu duen plan estrategikoan aipatzen diren 3 helburu estrategiko nahiz jarduteko 91 proposamenak aztertzeko eta jarraipena egiteko sistemarik egokienaz eztabaidatzen ari dira

zinez uste dut ikerketa soziolinguistikoak, emaitza egokiak lor daitezkeen artean, eskueran dugun oinarrizko informazio egokiarekin helburu lorgarriak erdiesteko erabaki politikoak zein neurri egingarriak indartzeko eta areagotzeko balio behar duela.

Sarrera.

Joseba Intxaustiren arabera[1] "Ladislao Velasco arabarraren estatistikak dira joan den mendeko euskal hiztunen kopuruaz ezagutzen ditugun daturik fidagarrienak". Aipagarria da Euskal Herria osatzen duten ia lurralde guztietan zegoen euskaldun-portzentaia handia[2]: Gipuzkoan (1867) %96; Bizkaian (1867) %81; Iparraldean (1866) %65; Nafarroan (1867-68) %20 eta Araban (1867) %10. Velascok esaten ez digun arren pentsatzekoa da euskal hiztun horietatik gehienak euskaldunzaharrak zirela eta asko eta asko euskaldun elebakarrak.

Datu horiek kontuan hartuta, esan behar da azken mende honetan zehar euskarak, orain azalduko ez ditugun arrazoi desberdinek eraginda, ezagutu duen galera etengabeak hizkuntzaren desplazamendu izugarria ekarri duela, bai demografiaren ikuspegitik baita hedapen geografikoaren ikuspegitik ere. Horren ondorioz, gaur egun: euskaldun elebakarrak ia desagertu dira; euskaldunzaharren kopurua herenera baino gutxiagora murriztu da; eta euskaraz hitz egiteko aukerak izugarri murriztu dira eguneroko bizitzaren erabilera-eremu guztietan.



1999an, hogei urte beteko dira Autonomia Estatutuak (EAE, 1979) euskara Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial izendatu eta geure erakundeak berreskuratu genituenetik. Euskal Autonomia Erkidegoan hartutako neurri garrantzitsuenetako bat 10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Arauzkotzekoa, izan zen. Bertan, herritarrari hizkuntza-eskubideak aitortzen zaizkio eta euskararen erabilera erabat normalizatzeko herri-erakundeen betebeharrak zehazten dira. Ordutik, Hizkuntza Biziberritzeko Saioa (Reversing Language Shift) izango da hizkuntza-politikaren ardatza.

Joshua Fismanek dioenez[4] Hizkuntza Biziberritzeko Saioaren xedea ez da soil-soilik hizkuntza goiz eskuratzea, lehenengo hizkuntzaren edo bigarren baten aldagai desberdinak jariotasunez menperatzea eta eskola barruan normaltasunez erabiltzea, horretaz gain, gizarte-beharretarako erabilgarritasuna eta oraindik gehienen ama-hizkuntza ez den hizkuntza familiaren bidez belaunez belaun geroratzeko gaitasuna lortu behar ditu. Horrela, belaunaldi bakoitza aurrekoa baino zertxobait abiapuntu egokiagotik abiatu ahal izango da:

"Gaizki dauden hizkuntzak biziberritzeko han eta hemen egiten diren saio gehienak bat etorri ohi dira puntu jakin batean: etxe-giroan, auzo-inguruan eta bizitzaren esparru amankomunetan eginkizun gutxi (edo bat ere ez) duen hizkuntza bat belaunez belaun transmitituko den ama-hizkuntza bihurtu nahi izaten dute biziberritze-lan horretan saiatzen direnek, bide batez hizkuntza horri gizarte-bizitza zabalean funtsezkoak diren beste hainbat eginkizun egotziz. Etxe-giroan, auzoan eta jendearen artean bere onetik aterata (edota, Iberiar Penintsulan euskaldunek, katalanek eta gailegoek bederen esan ohi dutenez, "normalizatu" gabe) dagoen hizkuntza ezin belaunez belaun transmiti liteke."

Horretaz oharturik, duela hamar urte baino gehiago Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak adierazle-sistema bat antolatzeko erabakia hartu zuen. Adierazle-sistema horrek sinplea, fidagarria, homogeneoa eta sistematikoa izan behar zuen. Bestetik, Euskal Herri osoa hartu eta denboran zehar jarraipena izan behar zuen. Horrela neurtu ahal izango, aldi berean, lurralde edo gizatalde desberdinen arteko eta, denboran zehar, lurralde edo gizatalde jakin bateko hizkuntza-bilakaera, besteak beste honako gai hauei dagokienean:

  1. hizkuntzaren eskurapen goiztiarraren sustapena;
  2. lehenengo hizkuntzaren edo bigarren baten aldagai desberdinak jariotasunez menperatzea;
  3. eskola bidez jasotako hizkuntzak zenbateraino gorde diren eta lehen hizkuntzaren araberako galera-irabaziak;
  4. euskararen gizarte-erabileraren eta balioaren bilakaera:
    1. oinarrizko funtzioetan (familian, lagunartean, lanean, erlijioan...), euskararen erabilerari buruzko diferentzialak, batez ere, euskaldun berri gazteen artean,
    2. familiako, lagunarteko eta laneko harreman-sareetan dagoen euskaldunen dentsitatea, batik bat, hiriguneetan; eta
  5. belaun arteko hizkuntzaren jarraipena eta, bereziki, euskararen familia bidezko jarraipena.

Gai guzti hauen azterketak, gainera, gizartearen nortasuna eratzen duten ikuspegi desberdinak izan behar ditu kontuan, hau da, ikuspegi soziodemografikoa (sexua eta adina); ikuspegi sozioprofesionala (ikasketa-maila, lanbidea, lan-egoera); ikuspegi geografikoa (Euskal Herriko hiru lurralde administratiboak, lege bidez ezarritako hiru hizkuntza-eremuak, gune soziolinguistiko desberdinak, landa-eremuetako udalerriak eta hiri-guneetakoak, probintziak, udalerriak eta, 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, auzoak); jatorriaren ikuspegia eta nortasun kulturalaren ikuspegia, besteak beste.

Horretarako, bi oinarrizko informazio-iturri izan ditugu kontuan:

  • EAEko biztanleei buruzko udal zentsuak eta erroldak: 1981etik orain arte bost urtero egin dira eta, zorionez, herritarren lehen hizkuntzari, etxeko hizkuntzari zein euskaren hizkuntza-gaitasunari buruzko galderak jaso dituzte. Nafarroako zenbait zentsu eta erroldetan ere egin dira euskarari buruzko galdera horiek; alabaina, Iparraldean, ez dago euskarari buruzko inolako galderarik zentsuetan nahiz eta urte honetan, lehen aldiz, euskarari buruzko hainbat galdera egin diren zentsuarekin batera egin den inkesta handi batean.
  • Euskal Herriko soziolinguistikazko inkestak. Orain arte bi egin dira (bata, 1991n eta bestea 1996an) eta horien helburua bikoitza da: zentsuek euskarari buruz diotena balioestea eta euskarari buruz ezer esaten ez duten lurraldeetan oinarri-oinarrizko datuak eskuratzea.

Esanak esan, hona gorago egin ditugun oinarrizko galderei buruz, eskueran ditugun tresnez baliatuz, lortu ditugun zenbait erantzun.

I. Hizkuntzaren eskurapen goiztiarraren sustapena.

Euskal Autonomi Erkidegoko 1981eko zentsuaren arabera, erdaldun elebakarrek euskaldunak, hobe esanda, elebidunak, bikoiztu egiten zituzten adin-talde guztietan, eta zenbaitetan hirukoiztu ere bai; 15 urte beranduago, 25 urte baino gazteagoen artean, elebidunak erdaldun elebakarrak baino gehiago dira, zenbaitetan bi aldiz gehiago izanik.

II. Lehenengo hizkuntzaren edo bigarren baten aldagai desberdinak jariotasunez menperatzea.

Dena den, gazte elebidunen hazkundea, batez ere, hezkuntza-sistemaren euskalduntzeari esker eman denez, ez familia bidezko jarraipenari esker, elebidunen heren batek baino ez du euskaraz hitz egiten erdaraz baino errazago: elebidunen kopuruak nabarmen gora egin duen arren euskaraz erdaraz baino errazago mintzo den elebidunen kopurua ez da hainbeste igo. Gauzak horrela, euskaldun berrien kopurua elebidunen artean gero eta handiago da ---gazteenen artean bi euskaldunetik bat euskaldun berria da---eta euskal hiztunen artean gertatzen ari den aldaketa kualitatibo honek eragin zuzen-zuzena du (ezkorra, gero termino hau argituko badugu ere) euskararen erabileran.

III. Lehen hizkuntzaren araberako galera-irabaziak.

Eskola bidez jasotako hizkuntzak zenbateraino gorde diren da gu gehien kezkatzen gaituen galderetakoa eta, egia esan, oraindik ez gara gauza izan galdera hori behar bezala erantzuteko: hainbat eta hainbat gazte elebidunek, eskola utzi ondoren, galdu egiten dute zeukaten euskara-gaitasuna gizartean euskaraz aritzeko aukerarik ez dutelako, ez behintzat, eskuratutako gaitasuna eta erraztasuna sendotzeko haina, ez sentimentalki ez afektiboki (maitasuna, familiaren, belaunaldi guztietako pertsona garrantzitsuenen onarpena eta laguntza, intimitatearen hainbat mailatan), ez instrumentalki ezta praktikoki ere (sariak, karguak zein gizarteak estimatzen dituen beste lorpen batzuk, arrakasta eta errealizazioaren adierazle direnak.

Jakin badakigu EAEn euskararen irabaziak galerak baino askoz ere handiagoak direna, galerak nabarmen jaitsi direlako, baina galtzen den euskal hiztunaren eta irabazten den euskal hiztunak oso ezaugarri desberdinak dituzte; Nafarroan irabaziak galerak baino zertxobait handiagoak dira; aitzitik, Iparraldean galerak irabaziak baino askoz ere handiagoak dira.

IV. Euskararen gizarte-erabileraren eta balioaren bilakaera.

EAEko elebidun gehienek euskaraz, edota euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten dute, familian (seme-alabekin gehiago besteekin baino) ez ezik, baita gertuko komunitatean (lagunekin, lankideekin, apaizarekin, ...) eta erabilera-eremu formalagoetan ere (osasun zerbitzuetan izan ezik beste eremu gehienetan: banketxean, udaletxean, eskolako irakasleekin, etab.).

Euskararen erabilera, gainera, nabarmenki igo da 1991 eta 1996 urte bitartean aztertutako erabilera-eremu guztietan, familian izan ezik. Bitxia dirudien arren, neurri handi batean, hori horrela da euskaldun berri askoren gurasoek euskaraz ez dakitenez etxean hitz egiteko aukerarik ez dutelako. Nolabaiteko hazkundearen krisia bizitzen ari garela dirudi.

Inkesta soziolinguistikoek eskainitako datuetan oinarriturik egindako azterketen ondorioek argi eta garbi erakutsi dute bi faktore direla, batik bat, euskararen erabileran eragiten dutenak: harreman-sarearen aipatutako euskaldunen dentsitatea eta hizkuntza-gaitasuna ama-hizkuntzan eta bigarren hizkuntzan.

Bi ondorio horiek berretsi ahal izan dira, ondoren, zentsuaren datuekin: batetik, etxeko erabilerari dagokionez, ama-hizkuntza euskara dutenek elebidunek baino hamar aldiz gehiago erabiltzen dute euskara etxean, eta euskaldun berriek baino hogei aldiz gehiago; bestetik, etxean euskara nagusiki erabil dadin bermatzeko beharrezkoa da etxekoen euskaldunen dentsitatea %80tik gorakoa izatea.

Azkenik, EAEko 10.000 biztanletik gorako udalerri guztien auzoz auzoko mapa sintetikoek euskararen berreskurapena erakusten dute lehen hizkuntzari begirako emaitzak baino askoz hobeak baitira hizkuntza-gaitasunari buruzkoak, baina erakusten dute, halaber, euskaldunen dentsitate-igoera hori ez dela iritsi, ezta urrutitik ere etxeko erabileran euskara nagusitzeko behar den gutxieneko mailara.

V. Euskararen familia bidezko jarraipena.

Belaunez belaunen hizkuntza-jarraipena zein neurritakoa den aztertu ahal izateko, eta gaur egun familia bidezko jarraipenak zenbaterainoko eragina duen jakiteko, EAEn, 1986 eta 1990 urte bitartean jaio eta euren guraso biekin bizi diren 77.515 gaztek osatzen duten unibertsoa hartu dugu. Unibertso hori, amak eta aitak osatzen dute bikotearen[5] hizkuntza-gaitasunaren arabera, 5 taldetan banatu dugu (erraztearren, EAEn ezagunak diren hezkuntza-ereduen terminologia bera erabiliko dugu, gai honen azterketa egiteko egokiena ez bada ere):

  • D eredua: 9.793 gazte (unibertso osoaren %12,6) bizi dira ama eta aita euskaldun zaharrak edo jatorrizko elebidunak diren familietan. Belaunaldien arteko euskararen jarraipena ia osoa da (%99,2), batez ere familiaren bidezko jarraipenari esker (%98,8), eredu honetan galera %1,2koa baino ez baita.
  • B eredu indartua: gurasotariko bat euskaldun zaharra edo jatorrizko elebiduna da eta bestea euskaldun berria. 1.792 gazte (%2,3) bizi dira horrelako familietan. Belaunaldien arteko jarraipena ia osoa da, hemen ere, (%97,4) eta familia bidezko geroratzeari zor zaio hein handi batean (%93,8), galera %6,2ra igotzen bada ere.
  • B eredua: aita-ama, biak dira euskaldun berriak –1.901 gazte (%2,5)-. Kasu honetan ere, belaunaldien arteko jarraipena oso handia da (%92,3) baina familia bidezko jarraipena, gaur egun, ez da herenera baino iristen (%31,1).
  • A eredua: gurasoetariko bat euskaldun zaharra da, jatorrizko elebiduna edo euskaldun berria, eta bestea erdaldun zaharra –11.109 gazte (%14,3)-. Belaunaldien arteko euskararen jarraipena aita-ama euskaldun berriak direnean baino txikiagoa da (%87,4koa), baina familia bidezko jarraipena bi aldiz handiagoa da (%71,6koa).
  • X eredua: aita-ama, biak, erdaldun zaharrak dira -52.920 gazte (%68,3)-. Belaunaldien arteko jarraipena, oraindik, oso txikia da (%42,1) eta eskolari zor zaio ia erabat.

1966 eta 1990 urte bitartean jaiotako gazteei dagozkien datuen azterketa zehatzak (5 urteko taldetan, jaiotegunaren arabera banatuta) berresten ditu, inongo zalantzarik gabe, hurrengo joerak:

 
  • A, B eta B indartuko bikoteak ugaldu egin dira; X eredukoak, berriz, gutxitu;
  • X ereduko bikoteetan ere nabarmen handitu da belaunaldien arteko jarraipena: 1966 eta 1999 urte bitartean jaiotako gazteen %12,3 euskaldun berriak dira; portzentaje hori handituz joan da, hirukoiztu egin baita 1986 eta 1990 urte bitartean jaiotakoen artean.
  • B ereduan familia bidezko jarraipenaren hazkunde esponentziala: familia bidezko euskararen jarraipena esponentzialki hazten da 1966 eta 1970 urte bitartean jaiotakoen %6,2tik 1986 eta 1990 urte bitartean jaiotakoen %31,1era iritsi arte.
 

Euskal Herri osoari dagozkion datuen arabera, berriro ere, euskararen etenik gabeko galera antzeman dugu Iparraldean.

Hemen aurkeztutako adierazleen sistema orain dela gutxi osatu da Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia egin denean. Batetik, hizkuntza politikak azken bi hamarkadetan eragin duen eremuetan edo etorkizunean premiazkotzat jotzen direlako lehenetsi beharreko eremuetan euskararen alorrez alorreko egoeraren azterketa egin da, euskarak dituen ahuleziak eta indarguneak antzemateko. Bestetik, hizkuntza-normalkuntzaren sustapenerako erabilitako giza eta diru-baliabideak neurtu eta baloratu egin dira.

Une honetan Eusko Jaurlaritzak jada onartu duen plan estrategikoan aipatzen diren 3 helburu estrategiko nahiz jarduteko 91 proposamenak aztertzeko eta jarraipena egiteko sistemarik egokienaz eztabaidatzen ari dira bai Euskararen Aholku Batzordea bai Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza. Hau da, planaren oinarrizko helburua zein neurritaraino betetzen ari den jakin nahi dugu. Planaren oinarrizko helburua honetan datza:

“Euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak eskaintzeko behar diren hizkuntza-politikarako neurriak erabakitzea eta bultzatzea. Hau da, Euskal Herrian, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotzea.

Aurkeztutako adierazleen arabera, ondorio gisa honako baieztapen hauek egitera ausartuko nintzateke:

 
  • 80ko hamarkadaren hasieran euskararen sustapenerako hartu ziren neurriei esker euskararen etengabeko galera gelditu egin da, eta azkeneko mendean nagusitu den beherazko joera horri buelta eman zaio. Horrela, EAEn euskararen aurrerakada nabarmena antzeman da demografikoki, (elebitasunaren unibertsalizazioa), geografikoki (hirigune handienetan batez ere) eta funtzionalki (euskararen erabileraren eta belaunaldien arteko familia bidezko euskararen jarraipenaren hazkunde progresiboa, baita guraso euskaldun berrien aldetik ere). Horrek guztiak ez du ekarri gaztelaniaren atzerakadarik, gaztelaniaren elebakartasunaren atzerakada baizik. Hau da, muturreko egoerak, alde batekoak zein bestekoak, atzera doaz azkar, hizkuntz nahiz kultur integrazio eta mestizajeari ateak zabalduz. Halere, erdara oraindik nagusi da EAEn.
  • Nafarroan, euskararen erabileraren alde taxutu diren ekimenak EAEn baino gutxiago eta berantiarragoak izan arren, galerak moteltzen ari dira.
  • Aitzitik, Iparraldean, non euskararen aldeko inongo neurri instituzionalik ez dagoen, euskara etenik gabe ari da galtzen, eta inondik inora ez da bermatu belaunez belauneko jarraipena.
  • Bukatzeko, zinez uste dut ikerketa soziolinguistikoak, emaitza egokiak lor daitezkeen artean, eskueran dugun oinarrizko informazio egokiarekin helburu lorgarriak erdiesteko erabaki politikoak zein neurri egingarriak indartzeko eta areagotzeko balio behar duela. Politika egokia “lor daitekeenaren artea denez, maiz ekimen egokiak behar ditu datu osoak falta badira ere. Baina, aldi berean, beste datu batzuk bilatu behar ditugu, aurrera, informazio hobeagoa izango duten ekimenak bideratzeko.


[1] Euskara, euskaldunon hizkuntza. Elkar S.A. Donostia (1992)

[2] Los Euskaros en Álava, Guipúzcoa y Vizcaya. Barcelona (1879)

[3] Euskararen Jarraipena II. Euskal Herriko soziolinguistikazko inkesta, 1996. Eusko Jaurlaritza. Nafarroako Gobernua. Euskal Kultur Erakundea (1997).

[4] Eskolaren mugak hizkuntza biziberritzeko saioan. Euskal Eskola Publikoari buruzko Lehenengo Biltzarra, Nazioarteko Ponentziak (Estudios y Documentos sailean 9.a.) Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Gasteiz 1990.

[5] Hau ez da unerik egokiena zehazteko zein den euskaraz dakiena, amak ala aitak.

 
BAT aldizkaria: 
32. 1999ko abendua. Neurketa soziolinguistikoak Euskal Herrian
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Xabier Aizpurua
Urtea: 
1999