Euskararen egoera Nafarroan zertan den. Hurbilpen bat

Aipaturiko ikerketetan herritar guztien azterketa soziolinguistikoa egiten da eta nagusiki aztertzen diren gaiak hauek dira: hizkuntza-gaitasuna, hizkuntza-bilakaera, euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarrerak, euskararen erabilera...

Egoera soziolinguistikoari buruzko informazio nahikoa biltzen da eta gehiago sakontzeko aukera badago. Arazoa ez dago diagnosia egiteko baliabide eta aukeretan, euskararen normalizazia lortzeko zer egin behar den erabakitzeko eta hau aurrera eramateko momentuan baizik.

1986-1996 denbora tarteko egoeraren azalpena egiterakoan kontuan hartu behar da ezagutzari buruzko datuak bakarrik ditugula.

1986-1996 hamarkadako bilakaeraren azterketa sakona egiten duen argitalpena prestatzen ari dela aurreratzen dizuet, heldu den urtean kalera ateratzeko asmoz.

Eremu euskaldunaren pisu demografikoa oso txikia da (% 10.8). Herritarren gehiengoa euskalduna da (% 60,8), euskara ama hizkuntza dute eta familia bidezko trasmisioan ematen ari zen galera gelditu egin da. Eskola bidez euskalduntzen direnen kopurua txikiena da Nafarroan.

Eremu mistoan nafarren erdia bizi da (% 52.3) eta gehiengoa erdaldun elebakarra da (% 85,7).

Eremu ez euskaldunean nafarren % 36,9 bizi da eta gehiengo ia erabatekoa erdaldun elebakarra da (% 95,9).

Nafarroako euskaldunen erdia baino gehiago jatorrizko euskalduna da. 1991ko mapa soziolinguistikoko datuen arabera % 46,1ek euskara lehen hizkuntza du, % 10 jatorrizko elebiduna da eta euskara bigarren hizkuntza gisara ikasi dutenak % 43,9 dira.

Eremu euskaldunean kopurua mantendu egin da baina eremu mistoan 2-19 adin-tartearen bilakaera hartzen bada %3,9tik % 7,4ra igo da hamar urteko epean.

familia bidezko transmisioa, euskaldunen dentsitatea eta hezkuntzaren aurreko mailetan euskara erabiltzea. Erabileran eragin nahi bada ahantzi ezin diren faktoreak dira

Euskara hezkuntzan normalizatzeak funtsezko eragina du berreskuratzearen lehen etapa honetan.

Etxeko erabilera aldatu egiten da eremuen arabera. Dena den, ezin da ahaztu etxeko erabileraren azterketa zehatza egiterakoan euskararen erabilera jaisten ari dela (gurasoekin euskaraz mintzatzen direnen kopurua 10 puntutan jaitsi da)

Datuak adin-tarteka aztertu ondoren argi ikusten da euskararen biziberritzea nagusiki adin-tarte gazteenetan gertatzen ari dela eta

Euskara hizkuntza akademikotzat hartzeko arrisku nabarmena dago, eskolaz kanpoko harreman sarean euskaldunen dentsitatea txikia delako eta harremanak erdaraz garatzeko joera edota aukera handia delako. Euskaraz mintzateko motibazioa haundia bada ere, nabarmena da egoera ez formaletarako baliagarria den hizkuntza falta dutela.

Nafarroan euskararen normalizaziorako planteamendu instituzionalik ez dago. Gizartean dagoen presioaren ondoriozko neurri puntualak batzutan aplikatzen dira, murritzak eta beti berandu.

Erroldak eta inkestak hizkuntza politika diseinatzeko tresnak baino hizkuntza politika egiteko modu bihurtzea da dagoen arriskua.

Euskararen erabilera sustatzeko jarrera eta iritziak neurtzerakoan irizpideak zuzenak al dira? Gaia korapilatsua da zeren eta galdera baten aurrean erantzun berbera ematea Tuteran, Goizuetan, Markinan, Amurrion edo Amezketan ez baita gauza bera (A ereduaren alde egotea, esate baterako).

Hizkuntza Politikaz hitz egiten dugunean denok gauza berbera esaten dugu? Eta gauza bera ulertzen dugu?

Eta bukatzeko kontsiderazio bat, normalkuntza plangintza orokorraren beharra bai ala ez? Eusko Jaurlaritzak hizkuntza biziberritzeko plangintza onartu du, Nafarroan eta Iparraldean aplikatuko ez dena, hala eta guztiz ere ezinbestekoa da aurrera joatea.

SARRERA

Nafarroako Gobernuaren Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari, dituen eginkizunen artean, hauxe dagokio: “euskararen egoera soziolinguistikoaren gaineko azterlan, ikerketa eta estatitistikak egin daitezen proposatzea, koordinatzea eta burutzea, beharrezkoa bada.

Nafarroan egoera soziolinguistikoaren diagnosia egiteko hainbat lan burutu dira. Lan hauek gure gizarteari buruzko informazioa eskaintzeaz gain beharrezkoak diren datuak eskaini behar dizkiete Administrazio Publikoei euskararen normalizaziorako ezarri behar diren hizkuntza politikak diagnosi egoki batetik abia ditzaten. Ikerlan horiek burutzeko gizartearen esparru guztiak aztertu dira eta informazio-bilketa teknika ezberdinak erabili dira:

- Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoa I eta II. 1991 eta 1996an egin dira, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailordetza eta Iparraldeko Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean. Euskal Herriaren gaur egungo egoera soziolinguistikoaren azterketa sakona egin da eta lortu diren datuek osotasunaren ikuspegia ahalbideratzen dute.

- Nafarroako Populazioaren estatistika. Euskararen ezagutzari buruzko informazioa 1986ko Udal Erroldetan, 1991ko Populazio Erroldan eta 1996ko Nafarroako Populazio Estatistikan bildu da.

- Euskara Nafarroan zertan den. Ikerketa soziolinguistikoa hizkuntz eremuen arabera. 1992-1993an Legeak ezarri dizkigun hiru hizkuntz eremuen azterketa egin zen. Agertzen diren daturik aipagarrienak: populazioaren ezaugarriak (etxebizitza, ikasketak, egoera zibila, etab.); hiztunen kopuruak; euskararen sustapena, normalizazioa eta geroari buruzko iritziak eta jarrerak, identifikazioa eta iritzi politikoa...

Aipaturiko ikerketetan herritar guztien azterketa soziolinguistikoa egiten da eta nagusiki aztertzen diren gaiak hauek dira: hizkuntza-gaitasuna, hizkuntza-bilakaera, euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarrerak, euskararen erabilera... Ondoko orrietan datu nagusien azalpena eginen da, baina hori baino lehen egin diren edota egiten ari diren ikerketa batzuen berri emanen dut. Ikerketa hauetan esparru geografiko txikiagoen azterketa egiten da edo ikerketa handiagoetan eta esperientzian antzeman diren arazoen diagnosi zehatzagoa egiten ahalegindu naiz. Hauek ikuspegi praktikoagotik abiatu dira.

- 12 eta 16 urte bitarteko gazteen euskararen erabilera, barneratze eta hartarako motibazioari buruzko ikerlana. Ikerketaren azken helburua izan da hizkuntzaren ikasketa prozesuan eta erabilpenean zaindu behar diren aspektuei buruzko argitasunak ematea, haien ezagupena eta/edo erabilpen gaitasuna ez baita lortzen, eta erabilpena gazteek hizkuntzaz duten bizipenetik beretik bultzatzeko bideak aurkitzea.

-Baztan, Malerreka eta Bortzirietako 12 urtetik goitiko populazioak euskarari buruz dituen iritzi eta jarreren ikerketa kualitatiboa. Baztango Udalak, Malerrekako Mankomunitateak eta Bortzirietako euskara Mankomunitateak parte hartzen dute lan honetan. Euskararen normalizazioak ezin du Plangintza Orokorraren onespenaren zain egon, beraz udalerri mailako erabakiak modu egoki batez hartu ahal izateko behar diren baliabideak eta tresnak (ikerketa hau tresna egokia izan daiteke) haien esku jarri behar dira.

Egoera soziolinguistikoari buruzko informazio nahikoa biltzen da eta gehiago sakontzeko aukera badago. Arazoa ez dago diagnosia egiteko baliabide eta aukeretan, euskararen normalizazia lortzeko zer egin behar den erabakitzeko eta hau aurrera eramateko momentuan baizik. Kontuan hartu behar da Nafarroan zailtasun nabarmenak daudela euskara biziberritzeko plangintza nagusia onartu eta aurrera eramateko, egun agintean daudenek euskaldunak bere “ingurune naturalean egon behar dutela eta euskarak “mundu pribaturako bakarrik balio duela uste baitute eta gehienez ere ikuspegi kulturala sustatzen duten jarduerak onartzen dituzte.

NAFARROAKO POPULAZIOAREN ESTATISTIKA.

1991ko Erroldan hiru galdera egin ziren (ezagutza, ama hizkuntza eta etxeko erabilerari buruzkoak) eta bildu ziren datuekin Nafarroako Mapa Soziolinguistikoa argitaratu zen. 1996an Nafarroako Polulazioaren Estatistika egin zen eta herritarren euskararen ezagutzari buruzko datuak biltzeko galdera bakarra sartu zen, ezagutzari buruzkoa. 1986-1996 denbora tarteko egoeraren azalpena egiterakoan kontuan hartu behar da ezagutzari buruzko datuak bakarrik ditugula. Erabilera, sustapenari buruzko iritziak eta lehen hizkuntzari buruzko bilakaerak ezagutzeko 1. eta 2. Inkesta Soziolinguistikoen emaitzak begiratu beharko dira.

Euskal Autonomi Erkidegoan bi urte hauetan egin diren lan estatistikoetan hiru galderak jaso dira. Iparraldean ezagutzari buruzko datu osatuak Inkesta Soziolinguistikoaren bidez bakarrik bildu dira.

Nafarroako Estatistika Institutuak 1996an gainontzeko bi galderak ez egiteko erabakia irizpide hauetan oinarritu zuen:

- Nafarroako egoera soziolinguistikoa kontuan hartzen bada bost urteko tartea laburra da hiztunen kopuruen bilakaerak ikusteko. Elebidunen kopurua nagusiki adin tarte gazteenetan igotzen ari da eta igoera hori neurri haundi batean eskola bidez euskalduntzen ari direnei esker gertatzen ari da, beraz, ama hizkuntzaren eta etxeko erabileraren bilakaera abiadura askoz motelagoan gertatzen ari da.

- Herritar guztiei galdetzea unibertsoaren zati txiki bati bakarrik zuzentzen zaizkion galderak ez da oso praktikoa.

- Datu hauek ezagutzeko modu gehiago badaude, Inkesta Soziolinguistikoa edo egoera zehatzei buruzko ikerketak esaterako. Lan metodo hauen bidez informazio hau nahiz operazio estatistikoen bidez lortzen ez den informazioa, aberatsagoa, lor daiteke.

Beraz hiru galderak 10 urtetan behin sartzea erabaki zuten, argi baitago galderak maizago egiteagatik hizkuntzaren bilakaera ez dela azkarrago joanen.

Hiztunen tipologia egiteko Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailordetzak argitaratu duen II. Soziolinguistikazko Mapan erabili duen berbera da: euskalduna, elebidun hartzailea eta erdaldun elebakarra.

Ondoko taulan agertzen da etxebizitzetan bizi diren 2 urtetik goitiko zuzenbidezko populazioaren euskara gaitasuna, hizkuntz eremuka sailkaturik. Artikuluan datuen azalpen zehatza ez da eginen, lan hori egiteko tokirik ez baitago. Ondoko lerroetako azalpenetan datu batzuk erabiliko direlako sartu da taula eta orain arte argitaratu diren lanekin alderatuz kopuruetan aldaketa txiki batzuk gertatzen direlako. Dena den, 1986-1996 hamarkadako bilakaeraren azterketa sakona egiten duen argitalpena prestatzen ari dela aurreratzen dizuet, heldu den urtean kalera ateratzeko asmoz.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Erroldako datuak 1986 1991 1996
Biztanleak guztira 498.970 503.030 505.260
Eremu euskalduna 57.127 55.011 54.600
Eremu mistoa 254.102 262.425 263.340
Eremu ez euskalduna 187.741 185.594 187.320
Euskaldunak 50.878
(%10,2)
52.023
(%10,3)
55.415
(%11,0)
Eremu euskalduna 33.999
(% 59,5)
33.478
(% 60,9)
33.172
(% 60,8)
Eremu mistoa 15.557
(% 6,1)
16.711
(% 6,4)
19.411
(% 7,4)
Eremu ez euskalduna 1.322
(% 0,7)
1.834
(% 1,0)
2.832
(% 1,5)
Elebidun hartzaileak 20.454
(%4,1)
23.649
(%4,7)
28.641
(%5,7)
Eremu euskalduna 4.560
(% 8,0)
5.149
(% 9,4)
5.661
(% 10,4)
Eremu mistoa 13.825
(% 5,4)
15.799
(% 6,0)
18.158
(% 6,9)
Eremu ez euskalduna 2.069
(% 1,1)
2.701
(% 1,5)
4.822
(% 2,6)
Erdaldun elebakarrak 427.638
(%85,7)
427.358
(%85,0)
421.204
(%83,4)
Eremu euskalduna 18.568
(% 32,5)
16.384
(% 29,8)
15.767
(% 28,9)
Eremu mistoa 224.720
(% 88,4)
229.915
(% 87,6)
225.771
(%85,7)
Eremu ez euskalduna 184.350(% 1,1) 181.059(% 97,6) 179.666(% 95,9)

iturria: Nafarroako Estatistika Institutua

- Diagnosiak eskaintzen dituen argibideak eta lan lerroak

1.- Nafarroako gizartea anitza eta dinamikoa da. Bertako biztanleria euskaldunak, gaur egun gutxiengoa osatzen du, dena den galera gelditu da eta euskal hiztunen kopurua gora doa. 1986ko Euskararen Legean ezarritako hiru hizkuntz eremuen egoera soziolinguistikoa oso ezberdina da:

- Eremu euskaldunaren pisu demografikoa oso txikia da (% 10.8). Herritarren gehiengoa euskalduna da (% 60,8), euskara ama hizkuntza dute eta familia bidezko trasmisioan ematen ari zen galera gelditu egin da. Eskola bidez euskalduntzen direnen kopurua txikiena da Nafarroan.

- Eremu mistoan nafarren erdia bizi da (% 52.3) eta gehiengoa erdaldun elebakarra da (% 85,7). Adinaren araberako azterketak argi erakusten du adin-tarte gazteenetan ematen ari dela euskararen berreskurapena eta hauetatik gehienek eskolaren bidez, hots, bide kulturalaren bidez, ikasi dute. Eremu honetan euskaldunen portzentaia % 6,1etik 1986an % 7,4ra 1996an igo da. 10 urteko epean igoera 1,3 puntukoa izan da. Baina 2 - 19 urteko adin-tartea begiratzen bada % 7,8tik % 14,8ra igo da, hau da, 7 puntuko igoera. Jaiotze tasan azken urteetan gertatu den jaitsierarengatik adin-tarte hauen pisua motelagoa da emaitza orokorretan, baina joera hau mantentzen bada hurrengo hogei urteetan, elebidunen pisu estatistikoa askoz nabarmenagoa izanen da.

- Eremu ez euskaldunean nafarren % 36,9 bizi da eta gehiengo ia erabatekoa erdaldun elebakarra da (% 95,9). Adin-tarte gazteenetan (2-19 urte) ikastolen bidez euskalduntze prozesu txikia, % 3,4 (euskaldunen kopurua guztira 1996an % 1,5koa da) gertatzen ari da.

2.- Euskalduntze prozesu honetan oraindik prozesu positibo eta negatiboak daude. Prozesu hau ezberdina da hizkuntz eremuen arabera.

1986-1996 hamarkadan euskal hiztunak 2-19 adin-tartean irabazten ari dira, euskaldunen kopurua % 10,6tik % 16,8ra igo baita, baina 65 urte eta gehiagoko adin-tartean oraindik hiztunak galtzen ari dira % 11,5etik % 9,6ra jaitsi baita. Gero eta txikiagoa da euskara lehen hizkuntza edo ama hizkuntza dutenen kopurua (eremu euskaldunetan familia bidezko transmisioak ez du konpentsatu oraindik galera hori) eta gero eta altuagoa euskara bigarren hizkuntza dutenen kopurua.

2. Taula: EUSKALDUNAK
  2-19 adin-tartea 20-64 adin-tartea 65 urte eta gehiago
  1986 1991 1996 1986 1991 1996 1986 1991 1996
NAFARROA 10,6 13 16,8 9,7 9,2 9,4 11,5 10,6 9,6
ER. EUSKALDUNA 55,1 64,4 72,1 58,3 57 55,8 73,1 70,4 65,4
EREMU MISTOA 7,8 10,1 14,8 5,3 5 5,6 5,8 5 4,2
ER. EZ EUSKALDUNA 0,7 1,6 3,4 0,8 0,9 1,3 0,4 0,4 0,4

Nafarroako euskaldunen erdia baino gehiago jatorrizko euskalduna da. 1991ko mapa soziolinguistikoko datuen arabera % 46,1ek euskara lehen hizkuntza du, % 10 jatorrizko elebiduna da eta euskara bigarren hizkuntza gisara ikasi dutenak % 43,9 dira. Azken neurketetan euskara bigarren hizkuntza gisara dutenen kopurua igotzen ari dela eta lehen hizkuntzaren banaketan eremuka ezberdintasun handiak daudela ikusten da. Plangintzak egiterakoan egoera hau oso aintzat hartu behar da, hizkuntzaren erabilera bermatzeko oinarrizko gaia baita

1996ko operazio estatistikotik ezin da datu hau atera, baina adin tarteetan gertatzen ari den bilakaera kontuan hartzen bada, eta gainerako lanek erakusten dutenaren arabera (Inkesta, gazteei buruzko ikerketa...) pentsa daiteke euskara bigarren hizkuntza gisara ikasi dutenen proportzioa gero eta altuagoa dela, eta eremu misto eta ez euskaldunean datu hori nabarmen igotzen ari dela. Egoera honi erantsi behar zaio elebidun hartzaileen kopuruan eman den igoera. Eremu euskaldunean kopurua mantendu egin da baina eremu mistoan 2-19 adin-tartearen bilakaera hartzen bada %3,9tik % 7,4ra igo da hamar urteko epean. Arestian adin-tarte honetan euskalduntzea gehienbat eskolaren bidez egiten dela esan da, horregatik datu hauek gehienbat bukatu gabeko ikasprozesuari buruzko informazioa eskaintzen digute. Hemendik aurrerako ardura da egoera hau zuzentzeko neurri egokiak bilatzea.

2. Taula: ELEBIDUN HARTZAILEAK
  2-19 adin-tartea 20-64 adin-tartea 65 urte eta gehiago
  1986 1991 1996 1986 1991 1996 1986 1991 1996
NAFARROA 3,9 4,7 7,4 4,6 5,2 6 2,2 2,6 2,2
ER. EUSKALDUNA 11,2 11,6 12,1 7,3 9,3 11 4,8 6,1 6,4
EREMU MISTOA 4,3 5,2 7,6 6,4 6,8 7,5 3,4 3,9 3,1
ER. EZ EUSKALDUNA 1 1,7 5,6 1,4 1,7 2,4 0,3 0,4 0,4


3. Grafikoa: ERDALDUN ELEBAKARRAK
  2-19 adin-tartea 20-64 adin-tartea 65 urte eta gehiago
  1986 1991 1996 1986 1991 1996 1986 1991 1996
NAFARROA 85,5 82,3 75,9 85,7 85,1 84,5 86,3 86,9 88,1
ER. EUSKALDUNA 33,7 24 15,8 34,4 33,7 33,2 22,1 23,4 28,2
EREMU MISTOA 87,9 84,7 77,7 88,3 88,1 86,9 90,8 91,1 92,2
ER. EZ EUSKALDUNA 98,3 96,7 91 97,9 97,4 96,4 99,3 99,2 99,2

3.- Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzetatik abiatuta, euskararen gaitasun maila baldintzatzen duten faktoreen artean, garrantzi berezia dutelakoan baitnago, ondoko hauek azpimarratu nahi ditut: familia bidezko transmisioa, euskaldunen dentsitatea eta hezkuntzaren aurreko mailetan euskara erabiltzea. Erabileran eragin nahi bada ahantzi ezin diren faktoreak dira

4.- Euskara hezkuntzan normalizatzeak funtsezko eragina du berreskuratzearen lehen etapa honetan. Ingurune erdaldunetan gainera euskaraz aritzeko ia gune bakarra denez gero, euskara normalizatzeko oinarria da eta guztion ardura da plan egokiak egituratzea eta garatzea.

5.- Euskara etxean erabiltzearen aldeko dinamika positiboa nagusitzen ari da ongi mintzatzen diren gazteen artean, etxeko erabileraren atzerakada eta galtze prozesuek bizirik irauten badute ere. Etxeko erabilera aldatu egiten da eremuen arabera. Dena den, ezin da ahaztu etxeko erabileraren azterketa zehatza egiterakoan euskararen erabilera jaisten ari dela (gurasoekin euskaraz mintzatzen direnen kopurua 10 puntutan jaitsi da), baina ez etxean euskaraz egiten dutenek gero eta gutxiago hitz egiten dutelako baizik eta eskolaren bidez bakarrik euskaldundu direnen kopurua gero eta altuagoa delako (ikus. 2. Inkesta Soziolinguistikoa ), eta hauek ezin dute familikoekin euskaraz hitz egin.

Etorkizunari Begira Erronkak

1.- Euskararen erabilera areagotzeko neurriak hartu behar dira.

Euskararen erabilera ofizialaren normalizazioa faktore batzuen menpe dago Nafarroako Foru Komunitatean:

  • - Euskara ofiziala ez izateak hiru hizkuntz eremuetan hizkuntz eskubide ezberdinak egotea ekartzen du. Banaketak berreskuratzea galerazten du eta gainera ez dator bat egoera soziolinguistikoarekin.
  • - Zerbitzu publiko gehienen antolaketa zentralizatua.
  • - Euskararen normalizazioa bideratzeko beharrezkoak diren neurrien aplikazioan dagoen aurkako jarrera instituzioen ardura dutenen aldetik.
  • Nafarroan egoera hau gaindituko duen plangintza egitea egun ezinezkoa da. Baina honek ez du esan nahi egiten ahal den gunerik edota aukerarik ez dagoenik. Euskalgintzaren ardura da errealitatea aldatzeko saioak egiteaz gain erabilerarako beharrezkoak diren baliabideak bilatu eta euskaldunon eskura ipintzea.

2.- Gazteak dira lehentasuna

Datuak adin-tarteka aztertu ondoren argi ikusten da euskararen biziberritzea nagusiki adin-tarte gazteenetan gertatzen ari dela eta ikasprozesuaren bidez euskararen transmisioa jasotzen dutenen kopurua gero eta handiago dela.

Matrikulazio datuak aztertzen badira argi ikusten da D ereduaren hedapena: 1993/94 ikasturtean Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen % 21,9 D ereduan ikasten zuen eta 1999/00 ikasturtean % 27,7 (3 urtekoen artean % 29). Eta ezin dugu ahaztu Administrazioak eremu ez euskalduneko ikastetxe publikoetan D eredua irekitzeko baimena ez duela ematen eta eremu mistoan ahal dituen traba guztiak jartzen dituela. Eremu euskaldunean eredu nagusia da, eremu mistoan ikasleen kopurua gero eta handiagoa da. Baina egoera honek erronka berriak ekartzen dizkigu. Eremu mistoko gazte gehienen lehen hizkuntza gaztelania da eta euskaraz aritzeko duten gune ia bakarra eskola da. Euskara hizkuntza akademikotzat hartzeko arrisku nabarmena dago, eskolaz kanpoko harreman sarean euskaldunen dentsitatea txikia delako eta harremanak erdaraz garatzeko joera edota aukera handia delako. Euskaraz mintzateko motibazioa haundia bada ere, nabarmena da egoera ez formaletarako baliagarria den hizkuntza falta dutela.

Beraz, etorkizunari begira egin beharreko plangintzetan arlo hau ardatzetarako hartu beharko da, zalantzarik gabe. Aurrekoaren ondorioz, eta hizkuntzaren erabilera areagotzekotan, jorratu beharreko lan-ardatz hauek proposatzen dira:

- Euskararen erregistro ez-formaletan gazteek dituzten hutsuneei aurre egiteak lehentasuna izan beharko luke eta erregistro hauek lortzeko bitartekoak eman behar zaizkie. Esaterako, eskolaz kanpoko jarduerak hizkuntza ez-formala lantzeko gune bihurtzea eta horretarako begiraleak eta monitoreak prestatzea.

- Euskaraz egiteko guneak eraiki behar dira. Baina ezinbesteko baldintza litzateke gazteek, jarduera eta espazio hauen antolaketa eta funtzionamenduan, beraiek protagonista direla sentitzea.

- Tresna -erregistro mota guztiak- ezagutzea beharrezkoa den bezala, gazteen artean euskaraz egin dezaketenen masa kritikoa lortzea ere derrigorrezkoa da.

- Erakunde, elkarte eta hainbat talderen (guraso elkarteak, herri elkarte eta taldeak, ikastetxeak, udalak, Gobernua...) arteko lan koordinatua martxan jarri, hizkuntza alderdiak landu ahal izateko eremu berriak sortzeko helburuarekin.

- Ikastetxeetan erabilera sustatzeko plangintza eredua prestatzea. Irakasleen birtziklapenerako nahiz ikastetxeetan orain arte aipaturiko alderdiak lantzeko bitartekoen aurreikuspenak ere egin behar dira.

Neurketen Balioaz

Inkesta sozilinguistikoak eta operazio estatistikoak egiteko arrazoia da aplikatzen ari den hizkuntza politika baten eragina neurtzea, beharrak ezagutzea eta lan ildoak zehaztea. Hiztunen eta hizkuntz komunitateen artean dagoen erlazioa eta egoeraren ezagutza sinkroniko eta diakronikoaren azterketa egitea. Nafarroan gainera bere biziko garrantzia hartu du Inkesta Soziolinguistikoak informazioa lortzeko momentuan, zentsoan ama hizkuntzari buruzko galderak kendu baitira.

Datuen arabera hau ikusten da:

  1. EAEn hizkuntza politika bat dago, eztabaidagarria nahi bada, baina emaitzak ikusten dira. Irakaskuntzaren bidez gauzatu da gehienbat.
  2. Nafarroan euskararen normalizaziorako planteamendu instituzionalik ez dago. Gizartean dagoen presioaren ondoriozko neurri puntualak batzutan aplikatzen dira, murritzak eta beti berandu.
  3. Iparraldean ez dago euskararen aldeko hizkuntza politika, are gehiago euskara instituzioetatik kanpo dago. Frantzian elebakartasuna bultzatzen da eta horren emaitza etengabeko galera da.

Baina datuak publiko egiten direnean jarrera ezberdinekin topo egiten dugu:

1.- Erroldak eta inkestak hizkuntza politika diseinatzeko tresnak baino hizkuntza politika egiteko modu bihurtzea da dagoen arriskua. Xabier Isasik “Euskarak iraun artikuluan (BAT aldizkaria 22/23 zka. 29-42 orr) aintzat hartu beharreko arriskua plazaratu zuen. Baina Nafarroan ez bata, eta ia bestea ere gertatzen ez direnez, agian zerbait egiten denaren aitzakia izan litezke. Nafarroan galera gelditu egin da, euskalduntze prozesua gora doa, baina ez euskararen normalizazioa helburu duten instituzioen hizkuntza politikari esker. Gizartearen sektore zabalek gauzatu nahi duten nahia da, eta lan horretan, gehienetan Administrazioarekin topo egiten dute.

2.- Datuak publikoak egiterakoan normaltasun sentsazio bat transmititzen ote den beldur dira batzuk. Eta ez euskaldun euskaltzalea engainatzea bilatzen delako, euskal komunitatearen egoera larriaz ohartu egiten baita, baizik eta erdaldunek, hau da, gehiengoak, euskaldunen arazoak konponbidean daudela edo, barneratzen ahal dutelako.

Zalantza hauek edota antzekoak (desmobilizazioa edota erlajazioa nagusitu daiteke, instituzioetan garatzen ari diren bideak egokiak dira, etab) zentzuzkoak dira eta ongi arrazoituak daudela onartu beharrekoa da. Dena den Hizkuntza biziberritzeko plangintza onartzeak edo Gizarte Erakundeen Kontseilua martxan jartzeak zerbait aldatzen ari dela pentsatzeko aukera eskaintzen digu.

Eta honek ekartzen gaitu nafarren betiko lelora: “Nafarroa ezberdina da. Zeren aurrera egin nahi bada, Nafarroako egoera soziolinguistikoa aintzat hartzen duen mezua landu behar baita. Eta mezu horrek bi hartzaile mota hauek egon daitezkeela kontuan hartu beharko luke:

- Erdaldunak. Gehiengoa dira eta kontrako jarrera aktibatzea arriskutsua da. Euskaldunek aurrera egin dezakegu erdaldunen adostasuna bilatu gabe? Eta adostasun hori gure eskemetara ekartzea da edo beste zerbait?

- Euskaldun eta euskaltzaleei zuzendua beste bat.

Baina lan hauetan arazo gehiago antzeman daitezke:

1- Euskararen erabilera sustatzeko jarrera eta iritziak neurtzerakoan irizpideak zuzenak al dira? Gaia korapilatsua da zeren eta galdera baten aurrean erantzun berbera ematea Tuteran, Goizuetan, Markinan, Amurrion edo Amezketan ez baita gauza bera (A ereduaren alde egotea, esate baterako).

Gainera alde handia dago galdera baten aurrean ematen den erantzunetik errealitatean erantzuten dena betetzera. Joera horiek galdetegietan antzematen dira: inplikazio txikia ekartzen duten galderek inplikazio handiagoa eskatzen duten galderek baino adostasun gehiago biltzen dute.

2- Inkestek eta operazio estatistikoek beren mugak dituzte. Informazio osagarria biltzeko tresna gehiago erabili behar dira ( kale neurketak, ikerketa kualitatiboak, e.a.)

3- Terminologia batu behar da:

  • Tipologia ezberdina erabili da Inkesta edo operazio estatistikoetan eta honek lanen arteko konparazioak egitea zaildu du. EAEko Soziolinguistikazko mapan sailkapena sinplifikatzeko saioa egin da: euskalduna, elebidun hartzailea eta erdaldun elebakarra.
  • Euskalduna, euskal hiritarra, Euskal Herria, País Vasco, e.a. Askotan hitz batek ez du esanahi berbera. Kontestuak bere eragina du eta nahasketa sortzen da.

4.- Hizkuntza Politikaz hitz egiten dugunean denok gauza berbera esaten dugu? Eta gauza bera ulertzen dugu?

Euskaldunon ikuspegitik zentzuzkoak diren kritikak, “erroldak eta inkestak hizkuntza politika diseinatzeko tresnak baino hizkuntza politika egiteko modua bihur daitezke edo “ez dute ekarri beharreko normalkuntzaren plangintzarako aurrerapen handirik edo “datuak biltzea helburu bihurtu da, zertarako edo nola erabili behar diren jakin gabe, berdin ikusten al ditu erdaldunak?. Erdaldunak euskararen normalizazioa bilatzen duen hizkuntza politikaren jasotzaileak direla eta gehiengoa direla ezin dugu ahaztu.

5.- Hizkuntzaren transmisioaz hitz egiten dugunean ez dago oso garbi zer esan nahi dugun: lehen hizkuntzaren transmisioa, transmisio naturala, transmisio kulturala... Arazo larria da. Gohierrin transmisio naturala oinarria da eta Iruñean propozio oso txikian ematen da.

Eta bukatzeko kontsiderazio bat, normalkuntza plangintza orokorraren beharra bai ala ez? Eusko Jaurlaritzak hizkuntza biziberritzeko plangintza onartu du, Nafarroan eta Iparraldean aplikatuko ez dena, hala eta guztiz ere ezinbestekoa da aurrera joatea. Atzera begiratu behar da atzeratuari bidean aurrera egiten laguntzeko, baina euskararen egoerak ez du aukerarik ematen itxoiten geratzeko. Hala eta guztiz ere, egoera hau ahazten ahal duen edozein plangintzak lurraldeen arteko desorekak haunditu ditzake eta horren inguruko ondorioak oraindik neurtzeke daude.

Gaur egun egituratzen ari diren lanen emaitzak hurrengo urteetan ikusiko dira eta beharrezkoak diren ikerketa eta neurketen bidez ebaluatu ahalko dira.

BIBLIOGRAFIA

EUSKO JAURLARITZA, NAFARROAKO GOBERNUA eta EUSKAL KULTUR ERAKUNDEA. (1997) Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkesta. 1996. Euskararen Jarraipena II. Gasteiz

EUSKO JAURLARITZA (1997). II. Soziolinguistikazko Mapa. Gasteiz.

ISASI, X. (1997). Euskarak iraun. BAT 22/23, 29-42

NAFARROAKO GOBERNUA (1998) Nafarroako populazioaren estatistika. 1996. Populazioaren banaketa euskararen ezagutzari buruz. Iruña.

NAFARROAKO GOBERNUA (1999) Curso escolar 1999-2000. Datos y cifras. Iruña.

VILCHES C. Eta COSIN J. (1995) Euskara Nafarroan zertan den. Investigación sociológica sobre el euskera en Navarra. Iruña. Nafarroako Gobernua

ZABALETA, F. (1997). Nafarroako Mapa Soziolinguistikoa. 1991. Iruña. Nafarroako Gobernua

BAT aldizkaria: 
32. 1999ko abendua. Neurketa soziolinguistikoak Euskal Herrian
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Nafarroa
Egilea(k): 
Mikel Arregi
Urtea: 
1999