Euskara ulertzen ez dutenak gutxieneko ulermen mailara iristeko estrategiak biltzen ditu Uler-saioak metodologiak

Aldahitz proiektuaren baitan hizkuntza-ohiturak aldatzeko garatutako metodologien hirugarren osagaia da, EUSLE eta ULERRIZKETA metodologien ostean.

Pello Jauregi Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da metodologiaren garatzaile nagusia eta liburuaren egilea.

Soziolinguistika Klusterrak argitaratu du, formatu digitalean eta eskuragarri dago sarean.

Uler-saioak Metodologia. Aldahitz ikerketa. Ulermena garatzeko estrategia soziolinguistikoa argitalpen digitala zabaldu du Soziolinguistika Klusterrak. Aldahitz proiektuaren zuzendaria, Pello Jauregi Etxaniz, da egilea. Sarean eskuragarri dago argitalpen osoa (www.soziolinguistika.eus/ulersaioak) eta bere edukiek Creative Commons lizentziapean partekatzeko baimena dute.

Zer egin euskararen erabilera sustatzeko ahaleginetan gabiltzala, solaskideren batek euskaraz gutxi, ia batere ez edo tutik ulertzen ez duenean? Nola gainditu, ulermen ezak edo ulermen urriak dakarren euskarazko komunikazioaren ezina? Arazo honi irtenbidea bilatzeko sortu da Uler-saioak metodologia. Uler-saioak helburu du norbanakoek ahalik eta eperik laburrenean euskara ulertzeko gaitasuna eskura dezaten, eta hala, kalean eta ingurune naturaletan euskarazko harremanetan (ele biko elkarrizketen formatuan bederen) murgiltzeko aukera izan dezaten.

Metodologia, funtsean, ingurune babestu batean garatzen da: gela batean, ordutegi baten barruan eta hizkuntza-soslai bera duten beste kide batzuekin batera. Bertan, trebatzaile batek euskarazko input ulergarri ugari ematen die kideei. Trebatzaileak, euskara erraza eta sinplea erabiliz, komunikazio-jarduerak bideratzen ditu, eta etengabe egiaztatzen du jasotzaileek ulertutakoa. Ez du metodologiak zuzenean garatzen euskaraz hitz egiteko gaitasuna. Ez die norbanakoei euskaraz egiteko eskatzen. Ulermena da foku bakarra, eta ondorioz norbanakoei dagokie etengabe egiaztatzea trebatzaileari ulertu diotena.

Uler-saioak metodologiak 60 orduko prozesu edo diseinu bat proposatzen du denbora tarte horretan norbanakoek A1 mailako ulermena eskura dezaten. Metodologia gauzatzeko egunez eguneko programazioa aurkezten da liburuan, eta hari atxikita jarduera pedagogikoa laguntzeko hainbat aholku metodologiko.

Gainera, Uler-saioak metodologia eta Ulerrizketa metodologia biak elkarrekin uztartzeko proposamena jasotzen da; “Ulerrizketa babestua” izena du molde horrek. Nolabait, igarobide bat plazaratu nahi da norbanakoek uler-saioak bukatu ondoren lantokietan ulerrizketa komunikazio-estilorako urratsak egin ditzaten.

Teoria atala ere badu liburuak. Bertan bigarren hizkuntzaz jabetzeko prozesuari buruzko teoria nagusiak aurkezten, aztertzen eta ondorioak ateratzen dira. Irakurleari Uler-saioak metodologiaren atzean dauden oinarri eta ebidentziak hobeto ezagutzen laguntzeko xedea du teoriaren atalak. Psikolinguistikaren eta hizkuntzalaritza aplikatuaren literatura espezializatuan oinarrituta, ulermenaren garrantzia eta haren garapenaren gakoak agerian uzten dira.

Bukatzeko, liburuan aurkezten eta azaltzen dira 2016. urteaz geroztik metodologia frogatzeko hainbat erakundetan egindako esperientziak. 2016. urtean Gipuzkoako Aldundiko Ogasunean, eta 2017an Gipuzkoako Aldundiko Ogasunean, Fagor Arrasate Donostiako lantegian eta Eibarko Armeria Eskolan.

Aldahitz ikerketa

Aldahitz ikerketa, 2010. urteaz geroztik Soziolinguistika Klusterrak gidatutako ikerlerroa da. Urteotan, aztergai nagusia izan ditu lan alorrean ematen diren hizkuntza-ohituren aldaketa prozesuak, eta ikerketa ekintzarekin uztartuz luze aritu izan da zeregin horretan. 2012an sortutako Eusle metodologia da hizkuntza-ohituren aldaketa errazteko eta ikertzeko egitasmoak garatu duen tresna nagusia. Hortik aurrera, egitasmoak beste bi baliabide prestatzeari ekin zion: Ulerrizketa metodologia eta Uler-saioak metodologia. Metodologia hauek lan munduaren inguruan sortu badira ere, beren aplikazio eremua ez da hartara mugatzen. Egokipenak egokipen, ez dago aparteko zailtasunik lan esparrutik kanpo beste gizarte eremu batzuetan ere aplikatzeko.

Aldahitz proiektuan bazkide-partaide dira Euskal Herriko Unibertsitatea, Artez Euskara Zerbitzua, Ahize-AEK aholkularitza, Elhuyar aholkularitza eta Emun aholkularitza. Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia babesle eta partaide dira.