Eusle metodologia: gaztelanian finkatutako hizkuntza-ohituretatik euskarazkoetara lan-munduan

Aldahitz Ikerketa finkatuta dauden harremanetan, gaztelaniatik euskarara gertatzen diren aldaketaprozesuen ezagutzaren inguruko azterketa da

Laburpena. Eusle metodologia euskararen erabilera areagotzea ekar dezakeen dinamika bat da, kide guztiek gutxienez euskarazko ulermen on bat duten taldeetan aplikatzeko sortua. 2012an sortu genuen tresna, Aldahitz Ikerketa-proiektuan, hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesuak ikertzeko garatzen ari garen lan-ildoaren baitan. Lan honetan, 2013 eta 2016 artean hamahiru lantegitan egindako esperientzien emaitzak eskaintzen dira. Tresna sinplea eta eraginkorra suertatzen ari da metodologia hau euren hizkuntza-ohiturak euskararen aldera aldatu nahi dituzten taldeentzat eta, hala, metodologia aplikatu den kasu guztietan euskararen erabilerak gora egin du modu adierazgarrian. Erabilerari ikuspegi kolektibo batetik begiratzen diogu lan-ildo honetan, eta aztertutako esperientzietan taldea da erreferentzia, ez banakoa. Hala, metodologia horren bitartez, eratzen da dinamika berri bat non, talde-borondatea oinarri, lankide batzuen euskarazko erabilera berriak zentzua eta zilegitasuna dituen, modu horretan ohituren aldaketari atea zabalduz.

Hitz gakoak: hizkuntza-ohiturak, hizkuntza-erabilera, euskara, ikuspegi sistemikoa, zilegitasuna.

Aldahitz Ikerketa finkatuta dauden harremanetan, gaztelaniatik euskarara gertatzen diren aldaketaprozesuen ezagutzaren inguruko azterketa da

BAT aldizkaria: 
107. 2018 (2) Euskaltzaletasunaren aktibazioa (II)
Egilea(k): 
Pello Jauregi Etxaniz eta Pablo Suberbiola Unanue
Urtea: 
2018