Gazteek kirol arloan euskaraz gehiago egiteko gakoak identifikatu dira “D ereduko kirola” proiektuan

Hiru urtez ikerketa esperimentala egin da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bost kirol-klubetan. 10 eta 16 urte arteko kirolari gazteen eta haien entrenatzaileen hizkuntza-portaerak eta bizipenak hurbiletik ezagutzeko aukera eman du proiektuak. Soziolinguistika Klusterraren proiektua izan da, eta lankidetzan garatu da UPV/EHUko ikerlariekin, Urtxintxarekin eta Euskaltzaleen Topagunearekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak proiektua babestu dute eta zuzeneko partaidetza izan dute.

Proiektuaren ondorioetako bat da kirola berariazko esparru gisa lantzearen beharra. Kirol arloan osatu eta aberastu egin liteke gazteek eskolan euskararen ezagutza eta erabilerarako jasotzen duten oinarria, baina horretarako garrantzitsua da eskolako eredua bere horretan ez errepikatzea, baizik eta egokitzea.

Entrenatzaile eta kirolari gazteek euskara gehiago erabili ahal izateko baldintza egokiak sortzea helduen egitekoa da nagusiki. Klubetako arduradunek aukera dute kirol-taldea euskarazko erabilerarako gune babestu izan dadin irizpideak markatzeko eta giroa sortzeko.

Kirol-taldea garrantzia bereziko eremua da jokalari gaztetxoen bizitzan. Taldeko bizipen kolektibo horretan aukera egokiak daude euskararen erabileraren aldetik helburu eta erronka berriak elkarrekin landu eta lortzeko.

D ereduko kirola ikerketa-proiektuaren emaitzak aurkezteko eta bertan parte hartu dutenei eskerrak emateko saioa egin dute Real Sociedad-en Zubietako instalazioetan. Ibon Gaztañazpi aurkezleak gidatuta, denetariko aurkezpen eta hitzaldientzat tartea egon da.

Jokin Aperribay Realeko presidenteak eman dio irekiera ekitaldiari. “Realarentzat ohorea da ekitaldi hau gure etxean, Zubietan egitea. Harrerarena baino askoz haratago doan gure jarrera azpimarratuko nahiko nuke. Gure gazteen entrenamenduetan, eguneroko jardueran euskara indartzen saiatzen gara. Gaur aditzera emango diren emaitzen ikerketaren parte izan gara eta uste dut guretzat ere aberasgarria izan dela esperientzia hau” nabarmendu du.

Jon Zarate UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak bai irakaskuntza bai ikerkuntza Unibertsitatearen zeregin nagusiak direla nabarmendu du. ”Gaur aurkeztu dugun ikerketa lan honek agerian uzten du UPV/EHUko ikerketa taldeek euskal gizartearentzat estrategikoak diren gaietan egiten duten ekarpena, ekarpen zorrotza, egoerak aldatu edo hobetu aldera”.

Maddi Etxebarria Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak proiektua aurrera eramateko eredua azpimarratu du: “hainbat erakunderen arteko lankidetzan, unibertsitateko ikerlari taldearen zuzendaritzapean eta euskararen biziberritzearen beharretatik abiatuz lan egitea da egitasmo honen  balio erantsia.”

Ekitaldian izan dira, halaber, proiektuaren babesle izan diren erakundeetako ordezkariak. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak nabarmendu du ikerketaren garrantzia euskara sustatzeko bidean asmatzen jarraitzeko: “Mundu aldakor honetan gauzak oso arin aldatzen dira, eta lehen balio zuenak gaur ez du balio. Ikerketak euskara sustatzeko bidean asmatzeko gakoak emango dizkigu, informazio baliagarria politika eraginkorrak egiteko. Gaur aurkeztu dugun ikerketa hau ere baliagarria izango da euskara gazteen artean sustatzen segitzeko”.

Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, berriz, gogorarazi du euskararen biziberritze prozesua “bidegurutzean” dagoela eta, testuinguru horretan, “gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea giltzarria” izan daitekeela hizkuntzaren “etorkizuna sendotzen eta bermatzen” jarraitzeko. “Eremu informaletan euskara libre eta sano erabili ahal izateko aukerak sorrarazi behar ditugu eta, zalantzarik gabe, aisialdiak eta kirolak potentzial haldia dute helburu hori gauzatzeko. Talde-lana, dibertsioa eta adiskidetasuna bezalako balioekin batera –eta horiei lotuta– hor egon behar du euskararen erabileran ere”, gogoeta egin du Olanok. Gainera, adierazi duenez, “kirolaren alorrean ere” hizkuntza berdintasuna lortzeko bidean “lan asko” dago egiteko eta bide horretan elkarte, federazio eta gurasoekin “elkarlanean” jarduteko beharra azpimarratu du.

Irati Anda eskalatzaileak eta Gurutz Aginagalde eskubaloi jokalari ohia eta gaur egun Bidasoa eskubaloi taldeko lehendakari denak, solasaldi bat izan duten beren bizipenetan euskarak eta kirol munduak izan duten loturatik abiatuta.

Jarraian, Jone Miren Hernandez eta Jaime Altuna antropologia ikerlariek (UPV/EHU) eta Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko kideak, D ereduko Kirola proiektuak bi urteko ibilbidean emandako ikasgaiak azaldu dituzte xehetasunez.

Proiektuan modu esperimentalean landu den esparru bat taldeko komunikazioarena da. Jokalarien arteko komunikazio ona izatea abantaila handia da kirol emaitzak lortzeko garaian. Eta horrez gain, taldearen izaera eta identitatea indartzeko aukera ematen du. Komunikazio horren lanketaren barruan, proiektuan taldeek euskararen erabilera aldetik beren helburu eta erronkak ere landu dituzte, eta ikusi da horretarako esparru emankorra dela.

Halako helburu eta erronkak lantzeko, dena den, giro egoki bat behar da, euskararen erabilerari garrantzia ematen dion giro bat, eta hori sortzea nagusiki klubetako arduradun eta gurasoen egitekoa da. Haien eta jokalarien arteko lotura, bestalde, entrenatzaileek egiten dute. Jokalari gaztetxoentzat euren entrenatzaileak erreferente oso garrantzitsuak dira, eta euskara gehiago erabili ahal izateko orduan ere erabateko garrantzia dute. Proiektuan aztertutako klubetan, ikusi da entrenatzaileen euskarazko jardunak lagundu egiten diela jokalari gazteei euskaraz gehiago egiten. Euren euskarazko jardunean maiz entrenatzaileek eskolan erabiltzen ez den malgutasuna erabiltzen dute une jakinetan, gaztetxoekiko hurbiltasun eta konfiantza handiagoa lortuz.

Proiektuan identifikatu diren gakoen bidetik, aukerak ikusten dira kirol arloan jarraipena emateko eskolak egiten duen lanari, baina garrantzitsua da birpentsatzea lan hori nola egin behar den, eskolako eredua bere horretan errepikatu gabe. Alde horretatik, aukerak daude kirola “hirugarren esparru” indartzeko, modu horretan eskolako hizkuntza-ohituren eta kalekoen arteko lotura eginaz. Horrek, aukera emango luke gaztetxo askok eskolan egin duten ahaleginari jarraipena emateko, eta hizkuntza-berdintasunaren ikuspegitik euskarazko erabilerarako duten eskubidea modu praktikoan handitzeko.

Saioa amaitzeko, ikerketa-ekintza proiektuan parte hartu duten klubek beren esperientziaren berri eman dute. D ereduko Kirola proiektuan parte hartzea nola gauzatu duten azaldu dute eta beren errealitatean euskararen erabilera sustatzeaz duten ikuspegia partekatu dute bertaratutakoekin.

Aurkezpen eta esker-emate saioak proiektuaren emaitzak laburtuta ematen dituen argitalpena plazaratzeko balio izan du. 20 orrialdeko liburuxka batean laburtu dira ikerketa-prozesuaren kontakizuna eta emaitza nagusiak. Liburuxka formatu digitalean eskuragarri dago www.soziolinguistika.eus/deredukokirola webgunean.

ARGAZKI GALERIA OSOA IKUSTEKO EGIN KLIK ARGAZKIAREN GAINEAN

D ereduko kirola