Hizkuntza Berrikuntzarako Laborategi Kooperatiboa

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, lankidetza proiektua aurkeztu dute Elhuyar Fundazioaren, Emun Aholkularitzaren, Langune Elkartearen eta Soziolinguistika Klusterraren ordezkariekin batera, zeinetan adostu duten euskararen sustapena eta hizkuntza berrikuntza uztartuko dituen proiektu kolaboratibo eta esperimentala abian jartzea. Hizkuntza Berrikuntzarako Laborategi Kooperatiboaren proiektua Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren barruan kokatuko da eta helburu izango du “euskal gizarteko sektore desberdinetan proiektu berritzaileak” sorrarazi eta bultzatzea, egungo “testuinguru eleanitzean” euskara bilakatu dadin alor horietako komunikatzeko hizkuntza nagusi.

Etorkizuna Eraikiz Gunean egindako bilkuran parte hartu dute gaur, diputatu nagusiaz gain, Leire Canciok, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak; Olatz Olasok, Emun Aholkularitzako zuzendariak; Imanol Urbietak, Langune Elkarteko ordezkariak, eta Imanol Larreak, Soziolinguistika Klusterreko zuzendariak.

Ibili proiektuaren jatorria Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaritzak legealdi hasieran bultzatutako partaidetza prozesuan bilatu behar da. Zer egin behar dugu desberdin eraginkorragoak izateko? galderari erantzun bat bilatu nahirik, euskalgintzako erakunde eta ordezkariek euskararentzako aukera berriak irudikatu eta garatu dituzte 2016az geroztik. Prozesu horretan, besteak beste, euskararen biziberritzerako “berrikuntza palankak” izan zitezkeen eremuak identifikatu dituzte parte-hartzaileek. Lan horrek guztiak azken hilabeteotan Etorkizuna Eraikiz egitasmoarekin egin du bat eta, eragileak beren proposamenak aurkeztu eta eztabaidatu ondoren, laborategia gauzatzeko ideia hezurmamitu da. Orain dela bi aste egindako Euskararen Foroan proiektua aurkeztu eta partekatu dute, baita ere. 

Izaera kooperatiboa edukiko du laborategi honek,  unibertsitate, zentro teknologiko, ikergune, aholkularitza, eragile eta enpresen arteko “elkarlana bultzatuko duen gune ireki eta dinamiko” gisa. Laborategitik aterako diren proiektuek euskararen biziberritzean “inpaktu esanguratsua” izatea bilatuko dute erakunde sustatzaileek, betiere Euskal Herriko zein kanpoko esperientzia aurreratuak kontuan izanda. Bestalde, euskararen erabilera bultzatzeko lanean “orain arte modu estrategikoan” landu ez diren alorrak landuko dira eta, gainera, ezinbestean, “teknologia izango du ardatz”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 100.000 euro bideratuko ditu proiektuaren garapenerako. 2019ko lehen seihilabetekoan egitura, helburuak eta funtzionamendua zehaztuko dira; ondoren, laborategia martxan jarriko da sormen eta aukeratze fasean garatuz. Fase horiek gauzatzeko Mondragon Unibertsitateko adituekin elkarlanean jardungo dute Elhuyar Fundazioak, Emun Aholkularitzak, Langune Elkarteak eta Soziolinguistika Klusterrak.

Egindako bide osoaren “garrantzia” azpimarratu du Markel Olanok. “Legealdi hasieratik adierazi izan dugu euskalgintzarekin egiten genuen diagnosi partekatua, euskararen biziberritze prozesua bidegurutze batean dagoela, alegia. Trantze horretan aurrera egiteko norabidea, berriz, gizarte eragileekin lankidetzaren bitartez definitzen saiatu gara”, adierazi du. Bide horrek, nabarmendu duenez, “emaitza zehatzak” ere ekarri ditu eta horietako bat izango da proiektu honen sorrera. “Bidegurutze horretan aurrera egiteko bi osagarri garrantzitsu batzen ditu laborategiak: berrikuntza eta elkarlana. Etorkizunean ere euskararen sustapena modu berritzailean garatu ahal izateko egitasmoak bultzatuko ditu Ibilik”, laburbildu du.