HITZAURRE GISA 42. ZKIA.

Euskararen erabilera zaigu, oraingo zenbakian ere, aztergai nagusia. Gurean ere, euskararen normalkuntza helburu egin dugulako, badakigu euskararen presentzia eta erabilera arrunta, aberatsa eta nahikotasunezkoa lortuz gero, bizi ahal izango garela.

Hizkuntzaren erabilera, ordea, gai konplexua da, ikusmira eta modu askotan ulertu eta azter daitekelako eta aztertu behar delako. Izan ere, hizkuntzaren erabilerak anitza behar du izan, gizabanako, talde, gizarte edo hizkuntz-komunitatearen beharrak anitz diren moduan eta neurrian. Bestelako disziplinetan gertatzen den moduan, soziolinguistikan ere “printzipio unibertsalak” eraiki dira. Honakoa, adibidez: hizkuntzaren baitako aniztasuna hizkuntz-komunitateak duen konplexutasun sozialaren parekoa eta adinakoa izango da, baita beren hizkuntzaren errepertorioa ere. Edo, alderantziz esanda, hizkuntza baten errepertoriak dagokion hizkuntz-komunitatearen konplexutasun soziala adierazten du. Horregatik, egokia da hizkuntz-komunitatearen errepertorioa kontutan hartzea, “errepertorioak” adierazten duelako: 1) bai hizkuntzarekin egiten diren erabilerak desberdinak, 2) erabilera horiek hizkuntz-komunitate baten egoera eta beharrei erantzunez egiten direla. Hori da aldizkariaren zenbaki honetako muina.

Gaia jorratzeko honako lanak bildu ditugu zenbaki honetan: 1) XX. mendean filosofiak hizkuntzen balioari buruzko galderari emandako zenbait erantzun azaltzen dituena; 2) hizkuntz-komunitatea eta errepertorioaren esanahiak zeintzuk diren eta beraien arteko lotura nola egiten den adierazten dituena; 3) errepertorioa eraikitzerakoan, edo aberasterakoan, erabili daitezkeen bide eta moduen artean, honakoak aipatzen dira: A) hizkuntz-komunitatearen baitan batzeko edo eteteko joera sozialetan gertatzen dena (hizkuntza ukipen egoeretan, gehien bat), B) dialektoek, edo euskalkiek gurean, eskaintzen dituzten posibilitateak, lurraldetasun esanahiaz gain, ezberdintasun sozialak eta etnolinguistikoak adierazteko ere erabiltzen direnean.

Filosofian eman diren erantzunen artean, lanaren egileak bederatzi aipatzen ditu, esaterako: A) logikak eskatzen duen arrazionaltasunaren arabera, hizkuntzak adierazten duena egiazkoa/faltsua den; B) hizkuntzaren erabilera ekintza moduan ikusiaz, nolako ekintza motak egin daitezken: baieztatu, informatu, iradoki, hitz eman, eta abar; C) hizkuntza pentsamendurako tresna den neurrian, pentsamendua eta errealitatearen arteko lotura egiten duen; D) komunikaziorako tresna egokia denez, kideen arteko harremanak gauzatzeko eta interpretatu ahal izateko balio duen. Baina, egileak berak esaten duen moduan, bestelako disziplinek (informatika, psikologia, antropologia, soziologia, politika, etika, gutxienez) beste era batean ulertzen dituzte hizkuntzaren erabilerak eta beste hauek ere kontutan hartzekoak dira. Denetan murgildu beharko dugu, pixkanaka.

“Hizkuntzaren baitako aniztasuna” esanguratsua da “hizkuntz-komunitate” batek eraikitzen duen “errepertorio” batean kokatzen denean. Hau da, hiru kontzeptu hauek definitzen eta mugatzen dira beraien arteko harremanen eta interdependientziaren arabera. Hau esatea, ordea, ez da aski. Orain arte gaiari buruzko literaturan aurki daitezkeen azalpen ezberdinek horixe adierazten digute. Azalpen hauetako batzuk aipatzen dira ondoko lanean; hizkuntz-komunitateari buruz, adibidez.: A) erabilerak eredu zehatzak izatea, aldaerak; B) eredua eraikitzerakoan, ideologiak, identitateak, egoera soziopolitikoak… zeregin nabarmena izatea; C) Hizkuntza komunitate bakoitzean “errepertorioak” duen izaera berezia.

Aipatu denaren exenplua da Erresuma Batuko egoera soziolinguistikoak adierazten duena: hizkuntzaren erabilerak anitz dira, eta hor dago errepertorioa aberatsa eta hizkuntz-komunitatearen arteko loturaren adibide argia. Bertan, ukipen tradizionalaren ondoan, azkeneko hamarkadako inmigrazioaren bitartez ukipen egoera berriak sortzen ari dira, eta horrek errepertorioan aldaera eta erabilera berriak eragin ditu; horrela, esate baterako, “gazteek” (hauek baitira, gehienetan, sortzaile nagusiak, baita hizkuntza eremuan ere), beren taldetasun berezia adierazteko, nolako hizketa motak sortzen dituzten. Etorkinen hizkuntzetatik hartutako maileguen bidez talde etnikoen arteako konberjentzia/diberjentzia (edo berdingintza/desberdingintza) soziala adierazten dute. Hau da, hizkuntza bateko dialektoak, nahiz atzerriko hizkuntzen maileguak hizkuntza baten errepertorioa eraikitzen eta berritzen lagungarri gerta daitezke, gizarteko ezberdintasun sozialak (etnikoak barne) adierazteko beharrezkoak gertatzen diren neurrian.

Lehenago aipatu diren gaiak aztertzen hasiak dira, neurriren batean, euskal-komunitate zientifikoan. Zenbaki honek zenbait adibide biltzen du. Gehienak euskal-komunitatean bizi den egoera zatikatua eta desegituratua dela adierazten dute, baita euskararen erabilera eremuan ere. Honen exenplu bat da “ikasleei euskaraz irakastetik (euskara irakastea baino gehiago dena), ikasleek euskara ikastera eta, azken horretatik, euskaraz egitera dagoen osinaren handia” adierazten duen lana. Egoera azaltzeko “Zergatik?” galderari, egileak, Fishmanen “social reward system” eredua jarraituz: euskarak baino, gaztelaniak, “ordainsari sistematiko handiagoa” duelako, nahiz eta ordainsari ezberdinek (sozialak, laboralak, ekonomikoak, politikoak, eta abar) hizkuntza-aukeran indar ezberdinez eragingo duten, zenbait aldagairen arabera (adina, lurraldetasuna, etabar).

Euskal-komunitatean gertatzen ari den desegituraketaren beste exenplua da toponimoen erabilerari dagokiona. Batasuna behar den lekuan aniztasuna topatzen dugu, horra hor Bakioko egoeraz adierazten zaiguna. Arazo latza benetan, sakonean, esanahi ezberdinen arabera interpretagarri gertatzen delako; adibidez, esan al daiteke arazo bat adierazten duela? Estatusa-corpusa arteko harremanak eta honen bilakaerak noraino dira elkarren eragile? Euskaldunak, euskaldun zaharrak barne, ez ote dute behar beste barneratu euskararen araua? Erdaldunek euskaldunek baino eragin handiagoa al dute euskararen ereduan bertan? Ikusten denez, azterketa enpiriko hauen arabera behintzat, euskararen erabilerari buruzko diagnosia nahiko keskagarria da. Badago, honi buruz, zeregina franko!

Euskararen errepertorioan somatzen diren hutsuneen artean, bat “haur-hizkera” deitzen den hori da: helduek, gurasoek gehienetan, haurrarekin bi-hiru urte bete arte darabilten hizkera labur-sinple-errepikakor eta berezia. Badirudi hizketa berezi honen falta sumatzen dela euskal-komunitatean; edo hobeto esan, toki horretan euskara eta erdararen arteko nahasketa geroz eta handiagoa dela, euskarazko eredu jatorraren kaltetan. Literaturan nahikoa tradizio handiko aztergaia da hau, batik bat haurrei lehen hizkuntzaren (1H) jabetze prozesuan laguntzeko baliabide zaharra baita. Gaur egun haur-hizkeraren funtzioa zein den da eztabaidagaia, ez baitago behar bezain argi 1Hen jabetze prozesuan zenbateraino gertatzen den lagungarri edo kaltegarri, erabiltzen den estrategia bakarra bihurtzen bada. Baina, orain azpimarratu nahi dena da euskararen errepertorioan gertatu den erregistro honen galera. Hona hemen hausnarketarako bide bat.

Euskal-komunitatean aplikatzen hasiak dira, halaber, hizkuntz-ukipen egoeratan eman ohi den hizkuntzen arteko “kode-aldaketa”, gertaera komunikatiboetan. Zenbaki honetan aurkezten da “zergatik eta zertarako erabiltzen ditugun Euskara eta Gaztelera solasaldi berean” gaiari buruz azterketa enpirikoa. Aurrekari moduan, kode-aldaketaren ildoan literaturak esaten duenaren laburpen modukoa jasotzen da lanean: zenbait funtzio betetzeko (ezjakintasunak osatzeko, espresibitatea indartzeko, etabar), edo nolako eragina duen adierazteko (soziologikoa, politikoa, etabar); zein eratan egin den alternantzia: hitzaren, perpausaren etabarren barruan, makuluen bidez eta abar; zein komunikazio motatan: narrazioan, elkarrizketan, eta abar; asmo ezberdinak adierazteko: diskurtsoko gaiak aldatzeko, adibidez. Ongi etorri, gure artean ildo berriak irekitzen dituzten ikerketak!.

Euskararen erabilera sustatzeko azken urteetan egitasmo berriak sortzen eta zabaltzen ari dira. Hauen artean, “lagunarteko hizkerarekin jolasean” izenekoa, erakundeen artean (Ttakun Kultur Elkartea eta Urtxintxa Aisialdiko Hezitzaileen Eskola) bideratu dena. Oso interesgarria, jolasaren eremuan: corpusa sortu eta estatusa indartzea lortu nahi duelako, gazteei zuzenduta dagoelako, ekintzarako metodologia berria dakarrelako, ekintza planifikatua delako. Egitasmoa arrakastatsua gertatu delako, komenigarria da ezagutzera ematea egitasmoa bera zabaltzen laguntzeko, baita aldizkariaren bitartez ere. Diagnosia egin ondoren, behar diren neurriak hartzen ere ari dira batzuk.

Aldizkariaren ekarri aberatsarekin jarratuz, zenbaki honek bestelako lanak ere jasotzen ditu, gai edo ideia batzuen ingurukoak, honakoan: 1) elkarrizketak, ondoko gaiei buruzkoak: A) euskararen ahozko eredu “zuzena”, “ona”, “egokiari” buruzkoak etabar, B) euskara “batua” eta “euskalkiak” horretan bete beharko dituzten errolak; 2) iritziak, euskararen “errepertorioaren bilakaerari” buruzkoak. Lan hauen helburuak premiazkoak dira, aldizkari honetan, besteak beste: a) gai batzuen inguruan dagoen eztabaida plazaratzen dutelako eta b) eztabaidan parte hartzeko eta sakontzeko ere ekenatoki egokia eskaintzen dutelako. Horregatik, bertan jasotzen diren iritziak ez datoz elkarrekin bat nahitaez, batzuk errepikatu egiten dira, beste batzuk elkarren osagarriak dira, baina badira kontraesana agerian jartzen dutenak ere: eztabaida beharrean gauden neurrian: ongi etorri, aldizkarira!.

Azkenik, aldizkari honetan bere tartetxoa egin diogu euskarari buruzko ikerketa eta argitalpen nagusiei ere, lortzen diren emaitzak eta ondorioak ezagutzara emanez, lanen sozializazioan parte hartu nahian. Oraingo zenbakian, honakoaren azalpena egiten da: Etorkizuna aurreikusten 99: Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara (2000. Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Euskal Kultur Erakundea instituzioen artean egin eta argitaratua), talde lana benetan, Iñaki Martínez de Luna eta Kontxesi Berrio-Otxoa zuzendaripean egin delako eta bertan parte hartu dutenak asko direlako: Jone Miren Hernandez, Erramun Baxok, José Manuel Legarra, Itziar Garaiburu, Jone Hernández, Nekane Larrañaga, Pantxoa Etchegoin eta Terexa Lekunberri. Lana benetan interesgarria eta baliagarria, gehienbat hizkuntza plangintzan ari direnentzako. Zorionak ba egileei!.

BAT aldizkaria: 
42. 2002ko martxoa. Hizkuntza normalkuntza hizkuntza errepert...
Egilea(k): 
Maria-Jose Azurmendi
Urtea: 
2002