Azken zenbakiak

 

 

 


   

EUSKAL SOZIOLINGUISTIKAREN
2016KO DATU ESTATISTIKOAK

(Zenbakia edo artikuluak banaka erosteko jo dezakezu gure zuzeneko dendara)

Euskaldunon dentsitateak zer-nolako eragina du euskararen kale-erabileran?

Olatz Altuna Zumeta

Laburpena: Herri mailan adierazgarriak diren kale-neurketak aztertu dira artikulu honetan. Kale-erabilera zertan den jakin nahi izan da hiru gune soziolinguistiko bereiziz. Emaitzen analisiak hiru argazki ezberdin utzi dizkigu, bakoitza bere ezaugarri propioekin. Gune batean eta bestean, esate baterako, ez du berdin eragiten haurren edota helduen presentziak, ez eta hiztuna emakumezkoa edota gizonezkoa izateak. Are gehiago, batean eta bestean dagoen euskaldun kopurua eta kaleko erabileraren arteko erlazioa ezberdina da. Lau udal-tipo sortu dira erlazio hori sakonago aztertzeko.

Hitz-gakoak:  kale-erabilera, hizkuntza-gaitasuna, gune soziolinguistikoak, udal-tipoak.


Euskararen erabileran eragiten duten faktore nagusiak

Jon Aizpurua Espin

Laburpena: Kezka dago euskalgintzan euskararen erabilera denaren eta ustez izan beharko lukeenaren artean dagoen aldeagatik. Behin baino gehiagotan entzun dugu euskararen ezagutzak gora egin duela, asko aurreratu dela, baina erabilera ez dela neurri berean hazi. Eta hala da. Datozen lerroetan, euskararen erabilera zenbatekoa den azaltzeaz gain, horren zergatiak emango dira ezagutzera. Euskararen ezaugarriak nola aldatu diren azalduko da. Azterketa honen abiapuntua, baina, ez da inondik inora kezka, erabileraren gakoak datuetan oinarrituta ulertzeko ahalegina baizik. Erabiliko den iturria Inkesta Soziolinguistikoa izango da. Inkesta Soziolinguistikoak 16 urte edo gehiagoko Euskal Herriko biztanleak ditu aztergai.

Hitz gakoak:  Inkesta soziolinguistikoa, erabileraren tipologia, bilakaera, jarrera linguistikoa, hizkuntza-transmisioa.


Euskararen biziberritzea, eleaniztasunaren garaiko erronka

Iñaki Martinez de Luna

Laburpena: Euskara biziberritzeko bidean, iragan hurbileko paradigmak gaindituta daude. Horregatik, sarri entzuten den galdera da, hemendik aurrera norantz abiatu behar den; zein bide hartu. Lerro hauekin aletxo bat jarri nahi da gogoeta horretan sakontzeko. Zehatz esanda, gurean begi bistakoa den eleaniztasunaren zergatiak azaltzen dira, lehenbizi. Ondoren, paradigma horrek euskara suspertzeko eskaintzen dituen aukerak eta arriskuak aztertzen dira, ahalegin berrietarako hurbilpen hori egokia izan daitekeelakoan. Azkenik, prozesua emankorra gerta dadin, zenbait gomendio ere luzatzen dira.

Hitz gakoak: eleaniztasuna, globalizazioa, immigrazio-hizkuntzak, hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa


Kale erabilera: Nafarroako datuen irakurketa

Eneko Anduaga Insausti eta Paula Kasares

Laburpena: Artikulu honek 2016ko Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketek Nafarroan emandako datuak xeheki lantzea du xede, batik bat, datuok Euskal Herriko joera orokorrari jarraiki ez dieten alderdiei erreparatuta. Nafarroan euskararen kale-erabilera handitu da eta haziera hori adinaren, gune soziolinguistikoen, sexuaren eta haurren presentziaren arabera aztertuko da. Euskararen kale-erabilera gora egite hori positiboki baloratzekoa da, halere hurrengo neurraldietan gorakadari eusten ote zaion ikusi beharko da. Azkenik, Nafarroan euskararen erabilera sendotzeko proposamen batzuk eman dira.

Hitz gakoak: Kale-neurketa, erabilera, Nafarroa, euskararen berreskuratzea, euskararen indarberritzea.

 


Euskararen erronkak

Eneko GORRI

Laburpena: Ipar Euskal Herrian, 2016ko Inkesta soziolinguistikoaren datuak eta Hizkuntzen kale erabileraren neurketak aurkeztuak dira hizkuntza politika publikoaren berregituraketa urte erdi-erdian. Urtarrilaren 1ean sortu den Herri elkargoak asentuko ekintza gisa euskararen konpetentzia hartu eta EEPri esleitutako diru laguntza Estatua – Eskualdea – Departamenduaren mailara igo zuen.

Denbora berean, zereginen banaketa teknikoa baino gehiago, hizkuntza politikaren lidergo politikoa nork hartuko duen jokatzen da egiazki. Lurralde horretan hizkuntza politikak 10 urte baizik ez ditu eta ziklo berri baten atarian kokatzen da. Euskalgintzak orokorrean eta Euskal Konfederazioak partikularzki, paper garrantzitsua beteko du ondoko hamarkadetan garatuko diren politiken heina definitzeko. 

Hitz gakoak:  Hizkuntza politika – Lankidetza – Argazki soziolinguistikoa – Ipar Euskal Herria – Euskararen biziberritzea – Ziklo berria


Euskara biziberritzea azaltzeko eredu estatistikoa

Xabier Isasi

Laburpena: Hizkuntzen arteko ukipen egoeran, hizkuntza gutxiko hiztun guztiak elebidun direnean, euskararen erabilera, oro har, zorizko gertaera bilakatzen da. Hau da, hizkuntza gutxituaren erabilera probabilitate-eredu jakinaren araberakoa da. Txillardegiren azterketa matematikoa abiapuntua dela, artikuluan, euskararen erabileraren probabilitate-funtzioa zehaztu, oinarrizko ezaugarriak definitu eta eredu estatistikoaren erabilerarako azalpenak agertzen dira. Horretarako euskararen kale-erabileraren datuak erabiltzen dira eta, halaber, eredu estatistikoaren bitartez, datuok interpretatzeko eta ebaluatzeko irizpideak azaltzen dira.

Hitz gakoak: hizkuntzen kaleko erabilera, hizkuntza gutxitua, erabilera-probabilitatea, demolinguistika


% 2,7a Euskara, generoaz mintzo?

Jaime Altuna eta Jone M. Hernández

Laburpena: Azkenengo Kale-Neurketetan joera argi bat antzematen ari da: emakumezkoek gizonezkoek baina gehiago egiten dute euskara. Artikulua, horren azpian egon daitezkeen arrazoiak irudikatzeko saiakera bat da. Horretarako testuak hiru atal garatzen ditu. Lehenengoan Kale Neurketak hainbat urtetan utzitako datuen gaineko genero irakurketa egingo dugu. Bigarrengoan, eta aurretik emandako datuak osatzeko asmoz edo, azken urteotan zenbait azterlan kualitatiboek agertutako ondorioak aurkeztuko ditugu. Eta azkenengo atalean, datu kuantitatibo zein kualitatibo horiek mahai gainean utzitako hainbat planteamendu, galdera, zein erronka plazaratuko ditugu, helburua generoaren gaineko auziak azaltzea baino azalaraztea izanik.  

Hitz-gakoak: Kale Neurketa, hizkuntza antropologia, antropologia feminista, generoa, gazteak, prestigioa, hezkuntza.