EUSKARAREN EGOERAZ IPARRALDEAN: ZENBAIT GOGOETA SARRERA GISA

Iparraldeko kaleetan euskarazko elkarrizketen ehunetakoak horiek dira: 1993ko inkestaren arabera % 6,5, 1997an % 6,3 eta 2001ekoaren arabera % 5,8. Beraz erabilera kalean jaisten da. Euskal Herri osoari konparatuz (%14), Iparraldean erabilera beherago da. Halere, adin-taldeak kontuan hartuz, haurretarik % 6,9k euskara erabiliko lukete kalean, gazteetarik % 3,9k, helduetarik % 7,8k eta adinekoetarik % 14,2k. Beraz, adin-talde gazteenean erabilera berriz igotzen ariko litzateke.

Iparraldean euskal nortasunaren ezaugarri nagusiak sorlekua eta euskara dira. Bainan euskaldunen ohiko praktika kulturalean euskarak lehentasuna ez du. Euskara ez dakitenetarik % 61ek ez lukete ikasteko asmorik, EAEn aldiz % 40 lirateke. Iparraldeko biztanleetarik % 12k seme-alabek euskara jakin dezaten ez lukete nahiko eta % 20ri berdin litzaieke; EAEn bi mota horiek % 4 baizik ez lirateke.

Europako Kontseiluaren Eskualdetako eta Gutxitutako Hizkuntzen aldeko Europako Karta, Frantziak izenpetua izanik ere (1999/05/7), ez da onetsia izan eta beraz sekula praktikan erabilia, Konstituzio Kontseiluak (Conseil constitutionnel) jakinarazi baitzuen Gutuna frantses konstituzionearen aurka joaten zela (1999/06/15): Europako kartako 39 neurri onargarriak direlarik ere, lau printzipio konstituzioaren aurka doazela, esanez Frantzian gutxiengo nazionalik ez delarik, etab.

Beraz ikasleen bi herenek ez dute deus ikasten euskaraz edo euskarari buruz. Argi eta garbi ikusten da ere adinarekin gero eta gazte gutxiagok euskaraz edo euskara ikasten dutela. Nik datu hori hola aztertuko nuke: euskararen edo euskarazko irakaskuntzak baliorik, interesik ez duela lan etorkizuna prestatzeko, ofizio bat eskuratzeko. Lan-munduan sartzeko epea gero eta hurbilago denean, euskaraz edo euskara gero eta gutxiago ikasten da.

Eskolatik kanpo hizkuntza-ingurunea frantsesa da, gizartea frantsesari osorik emana. Euskararen eremu propioak gutxi dira. Gehienetan euskara edo euskaraz ikasten duten gazte horien ingurunea erdalduna da: gehiengoa frantsesez mintzatzen da familian, adiskideekin, aisialdietan, hots eskolatik kanpoko harremanetan. Beraz, erabilera ahulaz ez genuke harritu beharko, erabilera hori neurtua den heinean (ikus 1.2.).

Modelo honetan motibazioak hizkuntza politika osoa baldintzatzen du.

• Ikusiz nola bi azken belaunaldiek beren haurrei errezebitu zuten euskara ez dieten eman,
• ikusiz ere nola atzerritar gero eta gehiago kokatzen diren Iparraldean, euskal kultura eta hizkuntzaren izpirik ezagutu gabe,
• ikusiz nola frantsesa ezinbestekoa den Iparraldean bizitzeko eta ez euskara, iduritzen zait aipatua den "gogoa, nahikeria" hori ez dela bat ere aski eragingarria eta ez dela izanen.

Beraz nortasun kolektiboa eta kultura lirateke euskararen alorrak. Artikulu honetan jadanik esan dena kontuan hartuz, funtzio horiek euskararen geroa segurtatzen ote dute? Orduan euskara apaintzeko tresna bat baizik ez ote litzateke? 1.1. lerroaldean ikusi dugu euskal nortasunaren ezaugarri nagusietarik bat euskara zela Iparraldeko biztanleen ustez, bainan aldi berean ere % 24,7 baizik mintzatzen ez zirela (Euskal Autonomia Erkidegoa 2001) eta euskara ez dakitenetarik gutxik euskara ikasi nahi zutela (Euskal Kultur Erakundea 2005).

Beraz, hizkuntza politika eraginkor baten helburuetarik bat da eremu euskaldunak sortzea, euskaraz mintzatzen den bakoitzak euskara beharrezkoarekiko harreman sareak sortzen eta atxikitzen dituen bezala. Oro har, hortan dago behar bada oraiko Iparraldeko hizkuntza publikoaren ahulezia: bi hizkuntzen arteko desorekez ohartu eta, irakaskuntza garatzeaz eta motibazioaren bultzatzeaz haraindi, euskara gero eta gehiago beharrezkoa ez bihurtzea.

Euskararen egoera aztertzen dugunean Iparraldean, datu asko kontuan hartu beharko genituzke, hizkuntza guttitua dela ohartuz: hiztun kopurua eta konzentrazio demografikoa, gaitasuna, erabilera, familiaren bidezko transmisioa, gizartearen egitura, hizkuntzaren lekua gizarte-eremu guztietan, hizkuntzaren irudia, estatutu juridikoa, etab., erabilera emaitza garrantzitsuena litzatekeelarik behar bada.

Euskararen alde lan egiten duten elkarteei esker euskararen egoera txarra gogoan hartu izan da emeki-emeki, eta duela gutxi botere publikoek hizkuntza publiko bat abian ezarri dute, euskararen aldeko politika publikoen alor bat zela onartuz (2000-2006). Ekintzen eta ondorioen balorazioa egiteko 80ko hamarkadara atzera egin beharko genuke, urrunago ez bada: lehen ikastola 1969an, lehen klase elebidun publikoa 1983an, euskara hutsezko irratiak 1981ean (Gure Irratia) eta 1982an (Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza), etab. Artikulu labur honetan, ikuspegi oso bat eman baino, oraiko emaitza batzuk, zenbait ohar eta gogoeta aurkeztu nahiago ditut.

1. EUSKARAREN EGOERAREN AURKEZPEN LABUR BAT INKESTA SOZIOLINGUISTIKOEN BIDEZ

1.1. Euskararen Jarraipena III Euskal Herriko Soziolinguistikako Inkesta 2001

Euskararen egoeraz mintzatzen garelarik, Euskal Autonomia Erkidegoak bururatzen dituen inkesta soziolinguistikoak ahaztu ezinekoak dira: Euskararen Jarraipena I, II, III Euskal Herriko Soziolinguistikako Inkesta 1991, 1996, 2001 (*1). Hona laburbilduz Iparraldeko emaitza esanguratsu batzuk, besteak beste (Euskal Autonomia Erkidegoa 2003):

- Euskararen gaitasunaz: 1991ko inkestaren arabera elebidunak %33,1 ziren (69 000) eta 2001ekoaren arabera % 24,7 (55 000), biztanleria igotzen zelarik ohartuz. Alderantziz 1991n elebidun hartzaileak % 7,1 ziren (69 000), 2001ean % 11,9. Baiona-Angelu-Miarritze hirigunean, non biztanleriaren %43,1 bizi diren, elebidunak % 8,8 lirateke. Nafarroa Beherea-Zuberoa lurraldean, non biztanleria jaisten den, elebidunak % 60,9 lirateke eta elebidun hartzaileak % 15,1. Hizkuntza-gaitasuna adinarekin igotzen da; Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, gazteenak dira euskaldunenak. Halere Iparraldean, 1996az geroztik, elebidun hartzaileen ehunetakoa igo litzateke gazteen adin-taldean.

- Transmisioa familian: 1991n % 32,5ak euskara ama-hizkuntza gisa zuten, 2001n % 25ak, eta belaunaldi gazteenetan ehunetako hori beherago dela pentsa dezakegu. "XX. mendean zehar galera azkarra gertatu da familia bidezko euskararen geroratzean" (EAE 2003: 25. or.)

- Euskararen erabileraz: Amarekin euskaraz bakarrik mintzatzen direnak % 10,9 lirateke, frantsesez bakarrik mintzatzen direnak % 79,5 ; lankideekin euskaraz bakarrik mintzatzen direnak % 5,3 lirateke, frantsesez bakarrik % 84,2 lirateke; estatu administrazioekin euskaraz bakarrik mintzatzen direnak % 1,2, frantsesez bakarrik % 95,4.


1.2. Kale erabileraren IV. neurketa (2001)

Erabilerari buruz esan behar da Euskal Soziolinguistika Institutuak egiten dituen kale erabileraren neurketak biziki interesgarriak direla zeren eta inkestatu denaren uste eta irudikapenak ez baititu biltzen, bainan bai hizkuntzaren egiazko erabilera neurtzen, esan nahi baita elkarrizketetarik zenbat diren euskarazkoak: Kale erabileraren I., II., III., IV. neurketa (1989, 1993, 1997, 2001). Noski, kaleaz bestalde, holako inkestak beharrezkoak lirateke.

Iparraldeko kaleetan euskarazko elkarrizketen ehunetakoak horiek dira: 1993ko inkestaren arabera % 6,5, 1997an % 6,3 eta 2001ekoaren arabera % 5,8. Beraz erabilera kalean jaisten da. Euskal Herri osoari konparatuz (%14), Iparraldean erabilera beherago da. Halere, adin-taldeak kontuan hartuz, haurretarik % 6,9k euskara erabiliko lukete kalean, gazteetarik % 3,9k, helduetarik % 7,8k eta adinekoetarik % 14,2k. Beraz, adin-talde gazteenean erabilera berriz igotzen ariko litzateke.

Bi inkesta horiei esker ohartzen gara euskararen erabileraren ehunekoa ezagutzaren ehunekoa baino beherago dela. Emaitza hori, ongi ezaguna bada ere, kontuan hartzeko da, haren baldintzapena ongi aztertzeko da, euskararen egoera ulertu nahi baldin badugu eta noski eraginkor den hizkuntza politika bat kudeatu nahi baldin badugu.

Horri buruz, eranskinean, hizkuntzaren erabileraren eragileak hontuan hartzen dituen eskema bat proposatzen dut, non ahalezko hiztuna erdian den, jakinez ez dela gizartea mintzatzen dena bainan bai hiztuna.


1.3. Praktika kulturalak eta nortasun kolektiboak Euskal Herrian (2004-2005)

Inkesta aurkezpen labur hau bukatzeko Euskal Kultur Erakundearen Praktika kulturalak eta nortasun kolektiboak Euskal Herrian inkestari begirada bat eman dezagun (EKE 2004-2005). Hitz egiteko gaitasunaz, emaitzak Eusko Jaurlaritzaren 1991, 1996 eta 2001eko inkesta soziolinguistikoen antzekoak dira. Iparraldean euskal nortasunaren ezaugarri nagusiak sorlekua eta euskara dira. Bainan euskaldunen ohiko praktika kulturalean euskarak lehentasuna ez du. Euskara ez dakitenetarik % 61ek ez lukete ikasteko asmorik, EAEn aldiz % 40 lirateke. Iparraldeko biztanleetarik % 12k seme-alabek euskara jakin dezaten ez lukete nahiko eta % 20ri berdin litzaieke; EAEn bi mota horiek % 4 baizik ez lirateke.

2. LEGEGINTZAREN OZTOPOA: EUSKARA, LEGEZKO EZAGUPENIK GABEKO HIZKUNTZA BAT

2.1. Legezko kuadroa : Konstituzioaren bigarren artikuluari emendakina (1992) eta Frantses hizkuntzaren erabilerari buruzko legea (1994)

Dakigun bezala legealdi mesedegarri bat biziki garrantzitsua da hizkuntza gutxitu bat laguntzeko, jakinez legealdi onuragarria ukanik ere hizkuntza bat mehatxatua izan daitekeela. Frantziako hizkuntza propioek ofizialtasun izpirik ez dute oraino eskuratu, frantsesak ez ezik eta legegintza bat baizik ez da, estatuarena. Kuadro hori oroitarazteak balio du, laburbilduz.

1992an diputatuek konstituzioaren bigarren artikula emendatu zuten esanez frantsesa zela Errepublikaren hizkuntza eta bi urteren buruan, beraz 1994an, lege berezi bat sortu zuten, "Frantses hizkuntzaren erabilerari buruzko legea" deitzen dena (Loi du 4 août 1994 relative à l’emploi de la langue française). Legezko kuadro berri horri esker frantsesa gerizatu behar zuten ingelesaren eragin eta erasoez.

Lege bat baizik ez da frantsesetik kanpo Frantziako hizkuntzei osoki emana dena, "Tokiko hizkuntza eta dialektoen irakaskuntza" (Enseignement des langues et dialectes locaux) edo Deixonne lege delakoa (1951). Irakaskuntza baizik ez du kontuan hartzen. Lege horrek lehen aldikoz "tokiko hizkuntza eta dialektoen ikastea" baimentzen zuen (1. artikulua). Baina irakaskuntza hori nahierarakoa zen (3. artikulua) eta hori ordudanik ez da sekula aldatu. Hezkuntzarekin ikusteko duten legeak oro “Hezkuntzaren kodea”n (Code de l’éducation, 2000) bilduak izan dira. Lehen tituluko 12. artikuluan esaldi hori irakur daiteke: «Eskualdetako hizkuntza eta kulturen irakaskuntza eman izan daiteke eskolatze osoaren zehar», eta besterik ez da Frantziako hizkuntzei buruz.

Geroztik, azken bost hamarkada horietan, berrogeita hamar bat euskalde hizkuntzen aldeko lege proposamen aurkeztu dituzte Assemblée nationale delakoan; batzuk eztabaidatuak izan dira, bainan bat ere ez da sekula onartua izan.

2.2. Legegintzaren eraginak: hiru adibide

Legezko kuadro horrek zer indar juridiko daukan erakusteko, hona hiru adibide :

-Europako Kontseiluaren Eskualdetako eta Gutxitutako Hizkuntzen aldeko Europako Karta, Frantziak izenpetua izanik ere (1999/05/7), ez da onetsia izan eta beraz sekula praktikan erabilia, Konstituzio Kontseiluak (Conseil constitutionnel) jakinarazi baitzuen Gutuna frantses konstituzionearen aurka joaten zela (1999/06/15): Europako kartako 39 neurri onargarriak direlarik ere, lau printzipio konstituzioaren aurka doazela, esanez Frantzian gutxiengo nazionalik ez delarik, etab.

- Murgiltze eredua legegintzaren aurkakoa da (Estatu Kontseiluaren erabakia (Conseil d’Etat), 2002/11/29), Hezkuntzaren kodetik urrunago joaiten baita. Erabaki horren ondorioa da murgiltze eredua, jasana bada ere, onartua ez dela. Aldi berean, irakaskuntza eredu hori Iparraldean garatzen dela ikusiko dugu, bainan era batez zalantzan izanik esan daiteke.

-Parekotasuneko elebidun ereduaren mugatzea (Estatu Kontseiluaren erabakia, 2002/11/29). Estatu Kontseiluak erabaki du Hezkuntzaren kodearen arabera ikasgai ororen irakaskuntzaren zati bat frantsesez egin behar zela. Honela parekotasuneko elebidun ereduaren pedagogia mugatu du.

3. EUSKARA BIZIRAUTEKO ETA GARATZEKO, IRAKASKUNTZAREN MUGAK

Gure gizarte modernoetan, hizkuntza gutxituarekiko komunitate linguistikoen familietan hizkuntza gutxi transmititzen dela ohartzen da. Transmisio ahul hori komunitate linguistiko horien ezaugarri garrantzitsuetarik bat dela esan dezakegu. Eta beraz botere politikoek edo komunitate horren gizarte-indarrek hizkuntza politiko bat sortzen dutelarik hizkuntza guttitu horren irakaskuntza garatzen dute, alde batetik hizkuntza horren transmisioa segurtatzeko, hiztun berriak eskuratzeko, bestetik erabilera bultzatuko duela pentsatuz.

Iparraldeko kasuan, era berean, familiaren bidezko transmisioa ahula dela ikusi dugu eta honela, lehenik elkarteei esker (Seaska, Ikas Bi, Euskal Haziak), euskarazko eta euskararen irakaskuntza garatu da.

3.1. Garatzen eta desorekatua den euskararen eta euskarazko irakaskuntza

Euskararen eta euskarazko irakaskuntza garatu da azken hogeita hamar urteetan Iparraldean, parekotasuneko elebidun eredua bereziki. Adibidez, 1993-1994 ikasturtean 1902 ikasle ziren parekotasuneko elebidun ereduan (1988-1989an 873) eta 1005 murgiltze ereduan (ikastoletan). 2004-2005 ikasturtean, 4669 ikasle ziren parekotasuneko elebidun ereduan eta 1480 murgiltze ereduan.

Horiek dira 2004-2005 ikasturteko ikasle kopuru ehunetakoak (Euskararen Erakunde Publikoa, 2005, uztaila: 14. or.).

2004-2005
Murgiltzea
Parekotasun elebiduna
Iniziazio edo "opzionea"
Euskararik gabekoa

Ama-eskola / lehen maila
%5,7
%18,9
%5,4
%69,9
Kolegioa
%3,7
%6,2??†???ê?Ÿ;??)
%8,4
%81,7
Lizeoa
%2,4
%2,3
%4,4
%90,8
Lanbide ikastexea
%0
%0,3
%0,4
%99,3

Beraz ikasleen bi herenek ez dute deus ikasten euskaraz edo euskarari buruz. Argi eta garbi ikusten da ere adinarekin gero eta gazte gutxiagok euskaraz edo euskara ikasten dutela. Nik datu hori hola aztertuko nuke: euskararen edo euskarazko irakaskuntzak baliorik, interesik ez duela lan etorkizuna prestatzeko, ofizio bat eskuratzeko. Lan-munduan sartzeko epea gero eta hurbilago denean, euskaraz edo euskara gero eta gutxiago ikasten da.


3.2. Neurtu ez diren irakaskuntzaren emaitzak

Irakaskuntza horren beste ezaugarri bat azpimarratzekoa litzateke, besteak beste: ikasleen mailaren neurketarik gabeko irakaskuntza da, ikasgelatik kanpo bederen. Ikasleek euskarazko edo euskarari buruzko azterketarik ez dute. Lizeoan sartu baino lehen, "brevet" azterketan, hautagaiak historia-geografia-"instruction civique" aztergaia euskaraz idatz dezake, eta ez besterik, murgiltze ereduan ikasten duten haurrek barne. Alderantziz, batxilergoa (baccalauréat) eskuratzeko, euskara bigarren hizkuntza gisa ikasten dutenek euskarazko aztergai berezi labur bat badute. Besteek euskara nahierarako aztergai gisa ukan dezakete puntu batzuk eskuratzeko. Seaskaren Baionako Bernat Etxepare lizeoko gazteek ere batxilergoa (baccalauréat) frantsesez iragaiten dute.

Horiek oro kontuan hartuz esan dezakegu ikasleen hizkuntza gaitasun desberdinak ez direla serioski neurtuak. Esan ere behar da Euskaltzaindiaren Iparraldeko ordezkaritzak urtero EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) azterketa antolatzen duela eta ikasle batzuk aurkezten dira, baina ziurtagiri hori Frantziako hezkuntza nazionalaren onarpenik gabe dago.

Azken finean, eta hori da nire ustez ondorioa, ez dakigu zinez Iparraldeko irakaskuntzak haurrak euskalduntzen dituen ala ez (*2).


3.3. Irakaskuntzaren mugaz euskararen aldeko hizkuntza politikan

Iparraldean euskararen aldeko hizkuntza politikaren alor orotarik garatuena irakaskuntza da, dudarik gabe. Irakaskuntza, botere publikoek duela gutxi beregain hartu zuten politikaren hiztun berriak emateko tresna hoberen gisa hauteman dute, familia bidezko transmisioa kasik agortua zelarik. Bainan dakigun bezala gauzak ez dira hain argi eta sinple (Coyos 2005).

Hori da Erramun Osak idatzi duena Euskal Autonomia Erkidegoaz: "Batzuek uste dutenaren kontra, euskara ezin du eskolak bere kabuz eta bere eragin hutsez indarberritu" (Berria, 2006/03/4). Ados naiz ikusmolde honekin esanez eskolak hiztun berriak ematen baditu ere, hiztun horien euskararen menperatzea edo gaitasuna neurtu gabe Iparraldeko kasuan gainera, eskolak eraginik ez duela eskolatik kanpoko hizkuntzaren erabileran, edo gutxi bederen!

Eskolatik kanpo hizkuntza-ingurunea frantsesa da, gizartea frantsesari osorik emana. Euskararen eremu propioak gutxi dira. Gehienetan euskara edo euskaraz ikasten duten gazte horien ingurunea erdalduna da: gehiengoa frantsesez mintzatzen da familian, adiskideekin, aisialdietan, hots eskolatik kanpoko harremanetan. Beraz, erabilera ahulaz ez genuke harritu beharko, erabilera hori neurtua den heinean (ikus 1.2.).

Hiztun hitzaren adiera hizkuntza duena da eta ez mintzatzen edo mintzatuko dena. Formula matematiko bat balitz honela litzateke : "hiztuna ? mintzatzen dena", baldintza nabari eta nahitaezko honekin: hiztuna izan behar da mintzatzeko.

4. EUSKARAREN ERAKUNDE PUBLIKOAREN HIZKUNTZA POLITIKA PROIEKTUAZ BI HITZ: “GOGOA - NAHIKERIA”

Esan bezala, botere publikoek hizkuntza publiko bat abian ezarri dute eta politika hau kudeatzeko egitura berezi bat sortu dute iaz: "Euskararen Erakunde Publikoa" (EEP) (*3). Bere Aholku Batzordearen osoko bilkuran (2006/02/22an), EEPek hizkuntza politika proiektu bat aurkeztu du eztabaidatu eta definitu nahian, jakinez indarrean den oraiko 2000-2006 Estatu-Eskualde Kontratu Planoaren Politika Linguistika Atala aurten amaitzen dela.

Lerroalde honetan bilkura hartan aurkeztua izan zen eskemaren balizko ahulezia bat agerraraztea da nire xedea, susmatzen dudan ahulezia hori aipatu den "gogoa, nahikeria zeharkako erronka"-n delarik, nire ustez.


Euskararen Erakunde Publikoaren eskemaren erreprodukzioa:

01BattittuCoyos

EEPren txostenak laugarren "gogoa, nahikeria" erronka hori holaxe aurkezten du: "Gogoa, nahikeria, zeharkakoa da. Alabaina, nolazpait aitzineko 3 erronken baitan erdietsiko den kausitzea baldintzatzen du. Helburua da nahikeria bultzatzea, gizartearen atxikimendua azkartzea, aitzineko beste lan sail guztietan eraginkorragoak izaiteko gisan" (2006). Beraz, hortan, motibazioan gutxi gorabehera kokatzen da hizkuntza politika horren gakoa: gizartearen ("aktore sozialak"), norberaren nahikundean oinarritzen da ("aktore indibidualak"). Modelo honetan motibazioak hizkuntza politika osoa baldintzatzen du.

• Ikusiz nola bi azken belaunaldiek beren haurrei errezebitu zuten euskara ez dieten eman,
• ikusiz ere nola atzerritar gero eta gehiago kokatzen diren Iparraldean, euskal kultura eta hizkuntzaren izpirik ezagutu gabe,
• ikusiz nola frantsesa ezinbestekoa den Iparraldean bizitzeko eta ez euskara, iduritzen zait aipatua den "gogoa, nahikeria" hori ez dela bat ere aski eragingarria eta ez dela izanen.

Metodologia horretan boluntarismoaren arazoa ikusten dut, irakaskuntzan gertatzen den bezala adibidez: euskararen eta euskarazko irakaskuntza boluntarismoan eraikitzen da; frantsesekoa, hura baitezpadakoa delarik aldiz, ikasle guztiei emana, nahi ala ez, murgiltze ereduan barne. Egia da baldintza horietan irakaskuntza garatu dela bainan ikusi dugu gorago bere muga ere baduela, bigarren mailan (kolegioa eta lizeoa) zinez ahula delarik (3.1.). Orduan bai, nahikeria bultzatzea, gizartearen atxikimendua azkartzea beharrezkoak dira, bainan gehiago ere: hezkuntzaren kasuan lehen helburua euskararen edo euskarazko irakaskuntzaren orotaratzea litzateke, gurasoen nahiaren arabera, Iparraldeko haur guztiek euskaraz edo euskara ikas dezaten era batez edo bestez, eskolako ibilbide osoan zehar.

Iparraldeko beste gizarte-eremuetan euskara eskaintza ahulagoa da, nahiz administrazioan, nahiz lan-munduan, aisialdietan edo komunikabideetan. Iparraldean, irakaskuntzatik kanpo, euskara hizkuntza ezkutatua dago eta beraz baliagarri eta beharrezkoa bilakatu behar da beste gizarte-eremu batzuetan. Hau da azken lerroaldearen gaia.

5. EUSKARA IKASI IPARRALDEAN ZERTARAKO, BEHARREZKOA EZ BADA? EREMU ELEBAKARRAK

5.1. Bi desoreka

Euskaraz mintzatzen diren denek frantsesa ezagutzen dute orain. Hortan oinarrizko desoreka funtzional bat bada (Amonarriz 2006), erran nahi baita frantsesa ezinbestekoa dela Iparraldean bizitzeko eta euskara inolaz ere. Lan-mundua har dezagun adibide gisa. Zenbat dira lanpostuak non euskararen ezagutza beharrezkoa den? Gutxi: 2004-2005 ikasturtean 236,75 postu baziren eskoletan orotara (ama eskola eta lehen maila), euskal irratietan 35 kazetari, eta gero han hemenka lanpostu batzuk (kultura, prentsa, merkataritza, etab.).

Aldi berean legegintzak ez du euskara gerizatzen bainan bai frantsesa, hori da bigarren desoreka, juridikoa (ikus 2.).

Orduan zer egin? Euskal Herrian bizi den biztanlegoan "gogoa-nahikeria" nola piztu, euskararen irudia ez bada txarra ere? Honen froga eman genezake euskara edo euskaraz ikasten duten haur kopuruak emendatzen direla ohartaraziz, tokiko botere publikoen euskararen aldeko lehen urratsak egiten dituztela ere, hizkuntzari buruzko gizartearen jarrera baikorra dela (ikus EKEren inkesta), etab.

Era berean, kanpotik etortzen den erronkari buruz, Frantziatik bereziki eta beste herrietatik ere etortzen diren etorkinen "gogoa, nahikeria" nola piztu, euskara beharrezkoa ez bada? (*4)


5.2. Hizkuntzaren funtzio eta komunitatearen bizi-indar etnolinguistikoez

Soziolinguistek esaten digute hizkuntza baten bizitasuna betetzen dituen eginkizunetan dagoela, beraz bere funtzioetan. Euskararen funtzioez, Euskaldun orok altxa burua liburuan C. Ferguson aipatzen da: "Euskal elebakartasunaren zailtasunak ikusiz, beste aterabide bat Fergusonen teorian aurki daiteke: "Bi hizkuntza elkarrekin luzaz diraute, batek funtzio batzuk betetzen dituelarik, besteak betetzen ez dituenak". Zein dira euskarak bakarrik bete ditzakeen funtzioak? Nortasun kolektiboaren eta kulturaren alorrean bilatu behar dira" (2005: 204-205 or.).

Beraz nortasun kolektiboa eta kultura lirateke euskararen alorrak. Artikulu honetan jadanik esan dena kontuan hartuz, funtzio horiek euskararen geroa segurtatzen ote dute? Orduan euskara apaintzeko tresna bat baizik ez ote litzateke? 1.1. lerroaldean ikusi dugu euskal nortasunaren ezaugarri nagusietarik bat euskara zela Iparraldeko biztanleen ustez, bainan aldi berean ere % 24,7 baizik mintzatzen ez zirela (Euskal Autonomia Erkidegoa 2001) eta euskara ez dakitenetarik gutxik euskara ikasi nahi zutela (Euskal Kultur Erakundea 2005).

Funtzio horien zatikapenari buruz beste ohar bat egin nahi nuke. Funtzio batzuk erdibanaturik gabeko euskara ezin da susmatu. Erran nahi baita euskarak eta frantsesak funtzio batzuk zatikatu beharko dituztela, orain irakaskuntzan egiten den bezala: administrazioan, komertzioan, kiroletan, eta beste zenbait alorretan. Bestela, hola balitz, hizkuntza azkarrenak funtzioak oro gutxi-asko beregain hartuko lituzke. Beraz, funtzio batzuk bana daitezke.

Hizkuntzaren funtzioak bazter utziz, hizkuntza bizirauteko eta garatzeko baliabideak beste era batez aurkeztuak izan daitezke, komunitate linguistikoaren bizi-indar etnolinguistikoak neurtuz (pisu demolinguistikoa, babes instituzionala, komunitate linguistiko honen kontrol-ahalmena, bere hizkuntzari buruzko iritzia, etab.). Iñaki Martinez de Lunak hori dio: "euskal komunitatearen bizi-indar etnolinguistikoa handia izanik ere, bere kontroletik kanpo gelditzen diren eremuetan erdal dinamika nagusituko da" (2003: 111. or.).

Beraz hori onartuz, Iparraldeko kasuan bizi-indar etnolinguistikoa ahula dela esan dezakegu, Iparraldean komunitate euskaldunaren kontrolpean diren eremuak gutxi baitira: irakaskuntza murgiltze eredua, zenbait irrati, elkarte batzuk, familia euskaldun batzuk (Nafarroa Beherea-Zuberoako eskualdean bereziki). Eta gero beste eremuetan indarrak biziki sakabanatu eta puskatuak dira: beste komunikabideetan, lan-munduan, merkataritzan, administrazioan, aisialdietan.


5.3. Erabilera-eremuak: gune elebakar berriak sortu eta azkartu

Ikastoletan, euskara hutsezko irratietan egunero eta alor oroetako hizkuntza bakarra euskara da. Hortan da Iparraldeko euskararen geroa. Erabilera-eremu desberdin gero eta gehiago atxikitzea non euskara ohiko hizkuntza den. Bestenaz, dakigun bezala, frantsesera lerratzen (irristatzen) da beti, edozein estakuru edo arrazoi izan dadin. Iñaki Martinez de Lunak berriz aipatzen du: "Ingurune hauetan itxaropen edo aukera bakarra "ongi hesitutako" oasi euskaldunak sortu eta trinkotzea da" (2003: 112. or.).

Beraz, hizkuntza politika eraginkor baten helburuetarik bat da eremu euskaldunak sortzea, euskaraz mintzatzen den bakoitzak euskara beharrezkoarekiko harreman sareak sortzen eta atxikitzen dituen bezala. Oro har, hortan dago behar bada oraiko Iparraldeko hizkuntza publikoaren ahulezia: bi hizkuntzen arteko desorekez ohartu eta, irakaskuntza garatzeaz eta motibazioaren bultzatzeaz haraindi, euskara gero eta gehiago beharrezkoa ez bihurtzea.

 


ERANSKINA

Ezagutzaren eta erabileraren arteko tartea: hizkuntza guttitu baten erabileraren eragileen eskema sintetikoa (*5)

02BattittuCoyos

Eskema honek Pablo Suberbiolaren artikuluan agertu zen Iñaki Martinez de Lunaren eskemari zerbait zor dio (2004: 55, 1. irudia, Hizkuntza biziaren euskarriak (edo erabileran eragiten duten faktoreak)).

Konparaketa bat egitea luzeegi litzateke, bainan esan dezakegu eskema honetan, era batez, "norbanako ezaugarriak" (hemen ahalezko hiztun eta solaskidearenak), "harreman sareak" (solaskidea, testuingurua eta ingurune hurbileko hizkuntza hemen lirateke) eta "gizartearen egitura" (gizartearen ezaugarriak eta hizkuntzaren lekua hemen) aurkitzen ditugula. Aldiz, eskema honetan, gorago esan bezala, ahalezko hiztuna, mintza daitekeena, erdigunean kokatua da, erdiko zirkuluan, hizkuntza komunitatea ez dela mintzatzen bainan bai hiztunak direla erakusteko. Halere "harreman sareak" ez dira egiazki agertzen eskema honetan eta laugarren zirkulu bat beharrezko litzateke behar bada, gizartearen egituraren zirkulua baino zentralagoa, eragile hori zuzenago dela azpimarratzeko.

Eragileak ("faktoreak") zuzenen eta zeharkakoen artean bereizten dira; hemen, zeharkako eragileak kanpoko gune grisean agertzen dira. Esanahi zabalean gizarte-faktoreak dira. Alderantziz, norberarenak eragile zuzenen artean dira eta bai ere hizketa testuinguruari lotu direnak.


ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK


Amonarriz K. (2006). Gazte hizkeraren egungo egoera eta garrantzia, in http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1134860990, 2006/01/09.

Aurnague J. & Duguine M. (2003). Euskaldun orok altxa burua Enquêtes sociolinguistiques en Garazi 1982, 2002. Lankidetzan bilduma, 33. Donostia, Eusko Ikaskuntza.

Coyos, J.-B. (2004). Politique linguistique Langue basque et langue occitane du Béarn et de Gascogne. Donostia / Baiona, Elkar.

Coyos, J.-B. (2005), novembre/azaroa. Les politiques linguistiques actuelles en faveur de la langue basque, in Marges linguistiques, 10. Revue semestrielle électronique en Sciences du Langage : Langues régionales. M.L.M.S. éditeur. http://marges.linguistiques.com.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Kultura Saila (2003). Euskararen Jarraipena III Euskal Herriko Soziolinguistikako Inkesta 2001. Iparraldea. Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia (22-34. or).

Euskal Konfederazioa (2005, abendua). Hizkuntza politika publikoa Iparraldean. Polikopi, elebidun.

Euskal Kultur Erakundea (2005, iraila). Praktika kulturalak eta nortasun kolektiboak Euskal Herrian. 2004-2005ean eraman inkesta kuantitatiboaren eta kualitatiboaren emaitzen ekarpena. Uztaritze. Polikopi, elebidun.

Euskal Soziologuistika Institutua (2002). Kale erabileraren IV. neurketa 2001. Emaitzak, Azterketak, Gogoetak. Bat Soziolinguistika aldizkaria, 43. Andoain, Euskal Soziolinguistika Institutua.

Euskararen Erakunde Publikoa (2005, uztaila). Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren eskaintzaren azterketa kuantitatiboa. Polikopi, elebidun.

Euskararen Erakunde Publikoa (2006, otsaila). Hizkuntza Politika Proiektua. Aholku Batzordearen Osoko Bilkura (2006/02/22). Polikopi, elebidun.

Ferguson C. (1959). Diglossia, in Word, 15, 1. New-York (325-340).

Martinez de Luna, I. (2003). Soziolinguistika, in Jakin. 136 maiatza ekaina. Donostia. (107-112).

Osa, E. (2006). Hizkuntza-ereduei buruz hausnarketa. Gogoeta, in Berria egunkaria, 2006/03/04.

SuberbIola P. (2004). Euskararen erabileran nondik eragin? Zenbait gogoeta, in Bat Soziolinguistika aldizkaria, 53. Andoain, Euskal Soziolinguistika Institutua (53-66).

----------------------------------------------------------------------

OHARRAK

(*1) Iparraldeari dagokionez, azken inkesta, 2001ekoa, Hizkuntza Kontseilu zenaren lankidetzarekin egin zen.

(*2) Euskal Konfederazioak bere Hizkuntza Politika Publikoa Iparraldean txostenean seigarrenean eta bigarrenean (kolegioko eta lizeoko lehen urtean beraz) ikasle guzien euskara maila neurtu izan dadin (2005) galdatzen du.

(*3) Frantses estatua, Akitania euskaldea, Pirinio Atlantikoetako departamendua eta Euskal kultura sustengatzen duen herrien arteko sindikata dira parte-hartzaileak; 2006ko aurrekontua: 1 733 000 €, lau teknikalari lanpostu eta erdien soldatak barne.

(*4) Etorkinen ehunekoa igotzen ari da Iparraldean: 1991n % 31,3, 1996an % 38 eta 2001ean % 39 (Euskal Autonomia Erkidegoa, Euskararen Jarraipena III…: 24).

(*5) Eskema hau argitaratzeko den "Ecart entre connaissance et usage d’une langue minoritaire: essai de typologie des facteurs. Le cas de la langue basque" mintzaldian aurkeztu dut (Politique linguistique et enseignement des Langues de France jardunaldiak, Tolosa (F), 2005/05/26-27).

 

BAT aldizkaria: 
59. 2006ko ekaina. Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian
Egilea(k): 
Jean-Baptiste Battittu Coyos
Urtea: 
2006