Europan Euskal Unibertsitate sistema bat izateko beharrezko legea

Ezin da Europan erabateko integrazioa lortu eleaniztasunaren gaiari modu argi eta sendo batean heldu gabe, nazioartean erabiltzen diren hizkuntza desberdinen komunikazio-erabilera sustatuko duten eta aldi berean euskara unibertsitatean erabiltzeko hizkuntza gisa sendotuko duten mekanismoak ezarri gabe.

Parte hartzeko prozesu hau guztia oinarrizkoa izan zen, Eusko Legebiltzarrean izapidetu zenean talde guztien ekarpenekin hobetutako lege-proiektua Gobernu Batzordeak 2003ko uztailaren 29an onar zezan. Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea lege on bat da, Euskal Unibertsitateen premiei erantzuten dielako eta honako hauek argi eta garbi ezartzen dituelako

Ezagutzaren Gizartean parte hartu nahi duen gizarte orok arreta berezia eskaini behar dio bere unibertsitateari. Ikuspegi horretatik, logikoa da unibertsitatearen jarduera-esparru berri bat egituratzen, antolatzen eta eratzen duen lege-ekimen batek jendearengan pizten duen interesa. Esparru berri horrek gure Unibertsitatea Europarantz orientatu behar du, Boloniako Adierazpenak markatutako Europa horretarantz; horrela, Adierazpena sinatu zuten herrialdeetan beren tituluak onartuak izatea ahalbidetuko die gure unibertsitatean sartzen direnei. Horretarako, ikasleen eta irakasleen mugikortasuna areagotu beharko da, egituraketa akademikoa berriz bideratu beharko da eta gure herrialdean dauden unibertsitate desberdinen artean lankidetza-esparruak sortu beharko dira. Eta hain zuzen ere horretarako, alegia Europako testuinguruan “higitzeko”, onartu dugu Euskal Unibertsitate Sistema egituratzen duen legea, Euskal Unibertsitate Publikoa (UPV-EHU), Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea barne hartzen dituena.

 Ezin da Europan erabateko integrazioa lortu eleaniztasunaren gaiari modu argi eta sendo batean heldu gabe, nazioartean erabiltzen diren hizkuntza desberdinen komunikazio-erabilera sustatuko duten eta aldi berean euskara unibertsitatean erabiltzeko hizkuntza gisa sendotuko duten mekanismoak ezarri gabe.

 Baliabide materialak eta giza baliabideak modu eraginkorrean antolatu eta kudeatu behar dira, gure unibertsitateei lehiakortasun-baldintzetan integrazio egoki bat izatea ahalbidetuko dieten kalitatezko parametro batzuen barruan.

 Printzipio gidari hauek (Europa, sistema, eleaniztasuna, baliabideak eta kalitatea) izan dira, hain zuzen ere, Gasteizeko Legebiltzarrak otsailaren 25ean onartu zuen Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea lantzeko prozesua gidatu dutenak.

 Legearen garapenak izan duen testuinguru politikoa ez da erraza izan. Oposizioak, oztopoak jartzeko estrategia batetik abiatuz trabak jarri dizkio prozesuari, lege-eza Ibarretxeren Gobernuaren “betiko” geldotasunari leporatzeko helburu bakarrarekin. Legebiltzarreko batzordearen esparruan elkarrizketa ireki eta gardena ezkutuko itunekin nahastu dute nahita, Euskal Legea negoziazio-eskaintza faltsuen bidez atzeratzeko asmoz.

 Baina gure unibertsitateek lege on bat behar dutenez eta hau halakoa dugunez, hiruko gobernuak (EAJ, EA, eta IU-EB), demokrazia- eta zientzia-prozesu baten emaitza izateaz gain, alderdi politiko guztien ekarpena barne hartzen duen testu bat aurkeztu zuen berriz.

 Euskal Unibertsitateek hasieratik interes handiarekin eta hobetzeko borondatearekin parte hartu dute, eztabaidagai zen testua beren kritikekin aberastuz. 2002ko ekainean Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak kontsulta-fase bat ireki zuen zientzia-esparru guztien ordezkari ziren ehunetik gora aditu, ikasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileren iritzia ezagutzeko. 2002ko urrian, azkenean, unibertsitate-komunitateak aurkeztutako beharren diagnostikoa ezagutu ahal izan genuen.

 Bertan proposatutako eskaera guztiekin testu bat diseinatu zen eta hau, eztabaidatu eta hiruko Gobernuko alderdien ekarpenak jaso ondoren, 2003ko otsailaren 11n unibertsitate-komunitateari pasa zitzaion Euskal Unibertsitateen Kontseiluaren bitartez berriz aztertua izan zedin. Parte hartzeko prozesu hau guztia oinarrizkoa izan zen, Eusko Legebiltzarrean izapidetu zenean talde guztien ekarpenekin hobetutako lege-proiektua Gobernu Batzordeak 2003ko uztailaren 29an onar zezan. Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea lege on bat da, Euskal Unibertsitateen premiei erantzuten dielako eta honako hauek argi eta garbi ezartzen dituelako:

  •  Irakasle eta AZP askoren lan-egoera konpontzea ahalbidetuko duen kontratuzko karrera bat.
  •  Euskarazko irakaskuntza eraginkorra eta posiblea izateko bermea.
  • Langile funtzionarioen dinamizazioa ekarriko duen aldetik, hobekuntza nabarmena.
  • Ikerketa sustatuko duen eta bekadunen ezegonkortasunari irtenbidea emango dion karrera ikertzaile garbi eta erakargarria.
  • Ikerketako Euskal Kontseilua.
  • Unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremanetarako mekanismo irmoa.
  • Gizartearen parte-hartze garrantzitsua, horren politikoa izango ez den Gizarte Kontseilu berri batekin, eta Europari ateak zabalduko dizkion eta Euskal Herriarekiko interes zehatza izango duen Unibertsitateen Euskal Kontseiluarekin.
  •  Unibertsitate desberdinek Euskal Unibertsitate Sisteman parte hartzea, UPV-EHUren nagusitasun garbiarekin. Honek, gainera, Unibertsitateko Irakaskuntza Publikoaren Koordinazio Kontseilu berri bat izango du.
  • Egungo egoerei egokitutako era askotako finantziazio-sistema gardena.
  •  Kalitatea egiaztatzeko Euskal Agentzia bat, kudeaketari dagokionez burujabea izango dena eta gizartearekin elkar loturik egongo dena. 

Onartu dugun legeak Europan gure tokia aurkitzeko bidea markatzen digu; orain bide hori ausardiaz egin behar dugu, lanerako eta aniztasunerako bokazioarekin, integrazio-nahiarekin eta hobetzeko espirituarekin. Unibertsitate-sistemak, oro har, gizarteak eta indar politiko guztiek behar dugun unibertsitatea lortzeko ahal dena eta ezin dena egitea da erronka.

BAT aldizkaria: 
50. 2004ko martxoa. Unibertsitatea eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Europa
Euskal Herria
Egilea(k): 
Anjeles Iztueta
Urtea: 
2004