Udako Euskal Unibertsitatea

Horrela izanik, eta, nahiz eta aldez aurretik ataza erraza ez dela jakin, hurrengo lerroetan UEUren izaeraz eta euskal gizartean eduki duen eta duen eraginaz arituko gara. Bertan, UEUren egitura, xedeak eta jardueraren azalpen ahalik eta zehatzena ematen saiatuko gara.

1973-74

Ezin utz ditzakegu aipatu gabe, lehenengo jardunaldi haren bi ezaugarri garrantzitsu. Alde batetik, ez zegoen espezialitaterik: ikasleak hitzaldi guztietara joaten ziren, goizean matematikara eta arratsaldean literaturara, esaterako; gainera, ez zen talde-lana bultzatu eta irakasleak euskal kulturako pertsonaia handien artean bilatu ziren.

1975-76

Ipar Euskal Herria uztea, bestalde, bertako euskal kulturarentzat kaltegarria izan zitekeela planteatu zen, eta tamalez, horrela gertatu zela erakutsi du historiak. Alabaina, orduan har zitekeen erabakirik egokiena izan zen, gure aburuz; izan ere, UEUk euskal gizartean sendo txertatu nahi bazuen beharrezkoa zuen euskal hiztun gehien zegoen tokira joatea.

1982-83 ikasturtean, UPV-EHUk Euskararako Batzordea sortu zuen; bertan UEUko hainbat partaide zeuden. Batzorde horren helburuetako bat Euskararen Estatutua egitea zen, eta EHUren eta UEUren arteko harremanak bideratzeko eta finkatzeko, egokitzat hartu zen bide hori. Nolanahi ere, azkenean UPV-EHUk erabateko ezetza eman zion bide horri 1984ko maiatzean

1986-1996

UEUk Udako Ikastaroak antolatu ditu urtero Iruñean eta Baiona/Biarritzen. Ikastaro hauek kontsolidatu egin dira eta UEUren erakusleiho nagusia bihurtu dira, urtero-urtero ikasle-kopuru handia bilduz bertara. Bestalde, publiko orokorrari zuzendutako jardunaldiak antolatzen jarraitzen du Euskal Herriko toki desberdinetan.

Historikoki urrun egon diren euskararen eta unibertsitatearen munduak elkarrengana hurbiltzea eta uztartzea izan da beti bere helburua. Aurrerantzean ere horixe izango du helburu, hots, Euskal Unibertsitatea sortzen laguntzea: Euskal Herri osoa hartuko duen eta euskara lan eta komunikazio-tresna nagusitzat edukiko duen unibertsitatea

Inguma Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz UEUk sortutako euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basea da. Bertan azken 30 urteetan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen da; euskaraz zer egin den eta nork egin duen azaltzen duen aipu laburra, alegia.

 Euskal Unibertsitateak, UEUk hainbestetan aldarrikatu duen bezala, hiru ezaugarri bete behar ditu: euskalduna, nazionala, eta herritarra izatea. Hau kontuan izanda, UEUren jardunbidearen eginkizuna Euskal Unibertsitatea lortzeko eragitea eta azpiegiturazko baldintza objektibo egokiak prestatzen eta sortzen ahalegintzea da: humanoak, teknikoak, eta sozio-politikoak.

UEUk lerro ezberdinetan egin beharko du lan:

 

Unibertsitateetan sortu diren eta sortuko diren lerro eta talde euskaldunen arteko zubiak eraikiz, berauek kokatzen diren erakundeen arteko isolamendua gaindituz.

Udako Euskal Unibertsitateak lehen urratsak eman zituenean euskara landugabeko hizkuntza zen anitz alorretan. Tradiziorik ez zegoen. Artean, euskara batua izenaz ezagutzen dugun hizkuntza molde bateratua ume jaioberria zen eta etsai askori egin behar zien aurre. Euskara unibertsitate-ideiak adierazteko tresna bihurtu nahi bagenuen, hizkuntza trebatu behar zen.

Bestetik UEUk euskal unibertsitarioen birziklapenean lan handia egin du. Ikasketak erdaraz egin ondoren, bere gaiaz lehenengo aldiz euskaraz UEUn entzun du euskaldun askok; horien artean irakaskuntzaren maila guztietan dauden irakasleak esaterako. Eta ez entzun bakarrik, baita gairen bat azaldu ere.

SARRERA

 Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) lukuru-asmorik gabeko kultur elkartea da, unibertsitate-eremuan aritzen dena, izenak berak dioskunez. Horrez gain, E.H.A.A.ko urriaren 16ko 280/1990 dekretuak Onura Publikoko aitormena esleitu zion.

 Horrela izanik, eta, nahiz eta aldez aurretik ataza erraza ez dela jakin, hurrengo lerroetan UEUren izaeraz eta euskal gizartean eduki duen eta duen eraginaz arituko gara. Bertan, UEUren egitura, xedeak eta jardueraren azalpen ahalik eta zehatzena ematen saiatuko gara. 

HISTORIA

1973-74

Udako Euskal Unibertsitatearen jatorriaren bila hasten baldin bagara, 1970eko hamarkadaren hasieran Baionan antolatzen ziren Kultur Asteak izeneko jardunaldietara jo behar dugu. Kultur aste hauek 1970etik 1973ra eratu ziren Baionako Erakustokian, Euskaldunen Biltzarra, Ikas eta Fededunak elkarteak antolatzaile izanik. Jean Haritxelhar eta Piarres Xarriton euskaltzainak izan ziren kultur aste horien bultzatzaile sutsuenak.

Kultur aste haietan jorratzen ziren gaiak bi ardatz nagusiri jarraitzen zitzaizkion: euskal kultura, eta gizartea eta erlijioa. Antolatzaileen xedea, ordea, nahiko zabala zen: euskaldunak elkar ezagutzea, elkarren berri jakitea, egun batzuetan elkarrekin bizitzea, eta lantaldeak sortzea.

 Dena den, helburu zabal horiek ez zitzaizkien batzuei nahikoak iruditzen, eta asmo eta jomuga handiagoak jarri behar zirela uste zuten. Karlos Santamaria euskal matematikari eta pentsalari handiak Kultur Aste haiek Udako Unibertsitate bihurtzea proposatu zuen. Rosselló aldean katalanek martxan jarri berria zuten Universitat d'Estiu zeukan euskaltzale hark buruan. Euskaltzaleek oso pozik hartu zuten Santamariak botatako ideia. Beraz, hazia ereinda zegoen, uzta biltzea falta zen.

 Uztaren lehenengo zatia 1973ko abuztuaren 28tik irailaren 8ra bitartean bildu zen Donibane Lohizunen, Udako Euskal Unibertsitatearen lehen jardunaldia gauzatu zenean. Ekitaldi hura Frantziako Hezkuntza-Ministerioaren baimenaz egin zen, Ipar Euskal Herriko kontseilarien eta alkateen eta Euskaltzaindiaren babespean. Antolakuntzaren eta egitarauaren ardura IKAS elkarteko Manex Goienetxek izan zuen.

 Zortzi arlotan banatu ziren ikastaroak. Egia esan, ikastaroak baino gehiago hitzaldi- eta mintzaldi-segidak izan ziren; horrek argi eta garbi adierazten zuen non zuen unibertsitate hark sorlekua, Kultur Asteetan alegia. Unibertsitate izena eramanik ere, horren zati txikia zuen bere baitan. Lehenengo jardunaldi hartan laurogei bat partaide izan ziren,  eta, besteak beste, irakasle hauek hartu zuten parte: L. Villasante, I. Sarasola, J. Haritxelhar, J. Intxausti, J. L. Lizundia, J. San Martin, K. Mitxelena, A. Irigoien, G. Antsola, J. L. Davant, K. Santamaria, J. L. Alvarez Enparantza, J. R. Etxebarria, K. Harluxet, J. M. Satrustegi, G. Bidart, J. M. Barandiaran, A. Lertxundi, P. Altuna, J. Azurmendi, R. Garate, P. Xarriton, eta P. Agirrebaltzategi. Euskal kulturan pisu handia izan duten eta duten pertsonak, hain zuzen ere.

 Ezin utz ditzakegu aipatu gabe, lehenengo jardunaldi haren bi ezaugarri garrantzitsu. Alde batetik, ez zegoen espezialitaterik: ikasleak hitzaldi guztietara joaten ziren, goizean matematikara eta arratsaldean literaturara, esaterako; gainera, ez zen talde-lana bultzatu eta irakasleak euskal kulturako pertsonaia handien artean bilatu ziren. Bestetik, parte hartu zuen jende gehienak ez zuen unibertsitatearekin erlazio zuzenik, hots, ez ziren unibertsitate-ikasle ezta irakasle ere. Ezaugarri horiek are gehiago nabarmentzen zuten Kultur Asteekiko lotura estua.

 UEUren bigarren ekitaldia ere Donibane Lohizuneko Maurice Ravel lizeoan izan zen. Edukiei eta irakasleei begiratzen badiegu, gutxi gorabehera aurreko urtekoaren antzekoa izan zela ikus daiteke. Alabaina, UEUren ondorengo ekitaldietan garrantzi berezia izango duten bi lan-talderen sorrera sumatzen da lehen aldiz: Donostiako Elhuyar Kultur Elkartea eta Leioako Euskal Kultur Taldea. Bestalde, ekitaldi honetara 110 ikasle hurbildu ziren.

1975-76

UEUren hirugarren eta laugarren ekitaldiak Uztaritzeko Landagoien ikastetxean egin ziren, ondorengo bi urteetan, Euskaltzaindiaren babesaz eta Bordeleko Unibertsitateko baimenaz. Zenbait berrikuntza egin ziren, alde batetik, 1975ean ikastaroak antolatzeko eta diru-laguntzak bilatzeko idazkaritza orokor modukoa eratu zen. Ondoko taldeetako ordezkariek osatu zuten idazkaritza orokorra: Euskal Kultur Taldea, E.K.T., Elhuyar, Jakin, Ikas, Euskaltzaindia. Bestetik, UEUren helburuak eta jardunbideak markatu zituzten bi agiri edo manifestu oso garrantzitsu plazaratu ziren. 1975. urteko manifestuan, lortu nahi zen Unibertsitatearen izaera adierazi zen: nazionala, herritarra, eta euskalduna. 1976koan, arlo desberdinetako hainbat pertsona eta talde, erakunde publikoetatik UEUrentzat diru-laguntzak bideratzearen alde agertu ziren. Besteak beste, ondokoak nabarmendu daitezke: Julio Caro Baroja, Jose Migel Barandiaran, Xabier Arzallus, Arkitektoen Elkargoa, Real Sociedad Vascongada de Amigos del País, etab.

 Era berean, ikasle-kopurua nabariki emendatu zen (200 partaide 1975ean eta 332 1976an), eta Hego Euskal Herritik joandakoen kopurua gailendu zen, lehen aldiz. Bestalde, aipaturiko emendioak, partaideen izaeraren aldaketa ekarri zuen, irakaskuntza-munduko jendearen presentzia areagotu zelarik. Alde akademikoa ere irmotuz eta hobetuz zihoan: prestaturiko ikastaroak klaseka eta mintegika antolatu ziren, nahiz eta oraindik ez zeuden espezialitateka sailkaturik. Nolanahi den, gaien araberako espezializazioaren lehen urratsak suma daitezke orduko jardunaldietan, arratsaldeetako mintegietan zientzia eta letrak bereizi baitziren.

 Bestalde, Manex Goienetxek, lanak gainezka eginda, bere dimisioa aurkeztu zuen; gainera, horrekin batera UEUko arduradunak ebatzi beharreko arazo handi baten aurrean zeuden. Zer egin, Ipar Euskal Herrian jarraitu edota Hego Euskal Herrira joan. Azkenik, Hego Euskal Herrira joatea erabaki zen azken eguneko Bilera Nagusian. Bi izan ziren erabaki horren alde erabili ziren argudio pisuzkoenak. Alde batetik, partaide gehienak Hego Euskal Herrikoak ziren eta gainera, Hego Euskal Herrian jende gehiagorengana irits zitekeen. Bestetik, Hego Euskal Herrian zegoen euskal kulturaren indarrik handiena. Francoren heriotzak eta beronek ekarri zuen giro sozio-politikoaren aldaketak lagundu zuten Hego Euskal Herrira pasatzen. Ipar Euskal Herria uztea, bestalde, bertako euskal kulturarentzat kaltegarria izan zitekeela planteatu zen, eta tamalez, horrela gertatu zela erakutsi du historiak. Alabaina, orduan har zitekeen erabakirik egokiena izan zen, gure aburuz; izan ere, UEUk euskal gizartean sendo txertatu nahi bazuen beharrezkoa zuen euskal hiztun gehien zegoen tokira joatea.

 Manex Goienetxeren kargua betetzeko, UEUko idazkari Martin Orbe moduan hartzea erabaki zen. Dena dela, 1975ean sortutako Talde Laguntzailea (gaur egungo Talde Eragilearen aitzindaria) izan zuen beti Orbek bere ondoan.

 Uztaritzeko etapa UEUren bigarren manifestuarekin itxi zen. Bertan,  Euskal Unibertsitatea posible egiteko bete beharreko baldintza kulturalak, ekonomikoak, eta sozialak plazaratu ziren.

1977-80

1977ko ekitaldiak ­–bosgarrena, hain zuzen– garrantzi berezia izan du UEUren ibilbidean. Hego Euskal Herrira etortzearekin batera, horizonte berriak ireki zitzaizkion UEUri. Ikaslegaietatik gertuago egoteak, Hego Euskal Herriko kultur giroa Ipar Euskal Herrikoa baino sendoagoa izateak, Francoren heriotzak sortutako egoera sozio-politiko bereziak, eta iturri ekonomiko sendoagoak aurkitzeko posibilitateak ateak zabaldu zizkioten UEUri eta, era berean, sendotzen lagundu.

 Hala eta guztiz ere, UEU Hego Euskal Herrian –Iruñean hain zuzen– Iruñean, egin ahal izatea kolokan egon zen azken ordura arte. Azkenik, 1977ko ekainaren 23ko eskutitz batean Ministerio de Educación y Ciencia-k ekitaldia egiteko baimena eman zuen. Iruñean eginiko lehenengo ekitaldi hark bi ezaugarri nabarmen izan zituen. Batetik, ikastaro espezializatuak antolatu ziren, bakoitzak bere espezialitatean lan eginez, sailetan. Harrezkero, hori izan da UEUn lan egiteko modua eta, gainera, espezializazioa sakondu egin da urteen poderioz. Bestetik, UEUk lehenengo liburuak argitaratu zituen: “Liburu hauek ez dira izango Euskal Unibertsitateak gero beharko dituen liburuki mardulak eta ugariak, baina bai, eginkizun luze eta latzaren hasiera. Hemendik urte batzuetara, Euskal Herriko Unibertsitateetan euskaraz ikasteko posibilitatea eskura dadinean, ez dira irakasle eta ikasleak esku hutsik aurkituko” (UEUren agiria. Iruñean, 1979ko uztailean). Itxuraz ez ziren gauza handia, eta batzuk edukiz pattalak ziren beharbada, baina unibertsitate-mailan inoiz euskaraz argitaratutako lehenengo liburuak ziren. Euskal unibertsitatea lortzearen bidean lehenengo harriak ipintzen hasi zen UEU, ordura arte inoiz ez bezala. Ikastaroak emanez, irakasleak prestatzen hasi zen, eta liburuak argitaratuz, ikasleek erabiltzeko materiala prestatzen. Eta 1978an sendotu egin zen aurreko urtean Iruñean hasitako bidea: ikasleria sendotu, espezialitateak indartu eta argitalpenak ugaritu ziren.

 Garai horretan, espainiar estatuan erreforma politikoaren aldaketak gauzatu ziren (konstituzioa, preautonomia...). Aldi berean, 1977-80 tartean, Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoarako unibertsitate-barrutia onartu eta Universidad de Bilbao zena Universidad del Pais Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV-EHU) bihurtu zen. Gizartearen aldaketa sozio-politikoek eta bertako (nahiz eta zati bateko) unibertsitate ofizialaren hazkundeak eragin zuen UEUn. Ordutik aurrera, UEU ez zen horrenbeste alternatiba modura ikusiko (iritzi ezberdinak egon arren), eta bai ordea, beste Unibertsitate horren (horrena batez ere, dauden beste unibertsitateak ahazten ez badira ere) osagarria modura, unibertsitate ofizialaren euskalduntze-prozesurako. Izatez, UEUk argi eta garbi adierazi zuen UPV-EHUn euskal lerroak bultzatu behar zirela.

1981-83

1981ean, oraindik nortasun juridikorik ezak eta erakunde publikoen babesik ezak bultzaturik, UEUko arduradunak UPV-EHUko agintariekin hasi ziren harremanetan, unibertsitate ofizial honen baitako erakunde edo institutu bihurtzearen komenigarritasuna aztertzeko. Uda hartan, UPV-EHUko errektorea Iruñean izan zen Udako Ikastaroen IX. Ekitaldian. Bisita hartan, UEU eta UPV-EHUren arteko harremana sakondu beharra argi geratu zen, eta ondoren, baita gai honen inguruko bilera egin ere, 1981eko abenduaren 22an. UPV-EHUn integratzeko asmoa hedatu zen UEUn eta, zentzu honetan, hainbat proposamen zehatz planteatu ziren 1983/84 ikasturtean; honako hauek, besteak beste:

  • UPV-EHUn irakasle zirenei, UEUn sartutako orduak kontratuaren justifikaziorako baliagarriak izatea eta gastuak ordaintzea.
  • UEUrentzako egoitza uztea.
  • Argitalpenetan laguntzea.
  • UPVren Udako Ikastaroetan UEUk euskarazko lerro oso baten antolaketa bere gain hartzea.

 1982-83 ikasturtean, UPV-EHUk Euskararako Batzordea sortu zuen; bertan UEUko hainbat partaide zeuden. Batzorde horren helburuetako bat Euskararen Estatutua egitea zen, eta EHUren eta UEUren arteko harremanak bideratzeko eta finkatzeko, egokitzat hartu zen bide hori. Nolanahi ere, azkenean UPV-EHUk erabateko ezetza eman zion bide horri 1984ko maiatzean, Gregorio Monreal Errektore zelarik. Hala ere, ondo zeritzon UEUko ekimenari, eta UEUren ikastaroak interes publikokoak zirela adieraziz agiri berezia sinatu zuen.

 1983. urtean Martin Orbek erreleboa eskatu zuen eta uztailean Baleren Bakaikoak hartu zuen bere gain zuzendari-lana, idazkari lanetarako Mari Karmen Menika kontratatuz. Batzorde Iraunkorra (geroago Talde Eragilea deituko zena) ere eratu zen, bertan, herrialde desberdinetako 11 partaide izanik.

1984-86

1984ko urrian UEUk bilkura berezia egin zuen Aralarren, eta han finkatu ziren hurrengo urteetarako ardatz nagusiak:

1.       Erakunde ofizialekiko (politikoak zein unibertsitarioak) autonomia gordetzea.

2.       Testugintzarako eta irakasleen euskalduntze eta prestakuntzarako azpiegitura prestatzea.

3.       Zazpi probintzietako barrutia praktikara eramatea (ondorioz, Baionako ikastaroak antolatu ziren, eta baita neguko jardunaldiak ere).

4.       Beste unibertsitateetan eragitea, euskalduntze-prozesua areagotzeko.

 Aralarren erabakitakoaren bidetik, Euskal Herriko beste unibertsitateen euskalduntze-prozesua areagotzen saiatu zen UEU. Autonomia- eta osagarritasun-planteamendu horietan oinarrituz, UEUk harremanetarako azpibatzordea sortu eta harremanak bideratu zituen Nafarroa Garaiko, Ipar Euskal Herriko eta Autonomia Erkidegoko erakunde politiko eta unibertsitarioekin. Alabaina, ez zen emaitza positiborik lortu.

 1985eko udan Iruñeko ikastaroez gain, Baionan ere egin ziren ikastaroak, Ipar Euskal Herriko kultur premiei egokituta. Izan ere, UEU Hego Euskal Herrira pasatzearekin batera, Ipar Euskal Herriko jendeak parte hartzeari utzi egin ziola ikusi zen, eta gure irudiz, bi aldeetako kultur egoera eta beharrak erabat desberdinak izatea zen horren arrazoia. Horrela, kezka horri erantzunez, Baionako ikastaroetan oinarrizko irakaskuntza eta euskara izan ziren aztergai nagusienak.

 Bestalde, 1985eko udazkenean jardunaldiak antolatu ziren, lehen aldiz. Donostian egin ziren jardunaldiak publiko orokorrari zuzendutako dibulgazio-mailako hitzaldi eta mahainguruz osatuak egon ziren. Jardunaldi ireki haien helburua, unibertsitatean egiten dena modu ulergarriz, herri osoari erakustea zen; gizartearen eta unibertsitatearen artean zegoen zulo soziologikoa ahalik eta txikiena egitea, hain zuzen ere. Antzeko ekitaldiak antolatu eta egin dira geroztik hainbat herritan (Arrasate, Eibar, Bilbo Gasteiz, Iruñea…). Gauzak horrela, azkenean, 1986. urtean UEU Kultur Elkarte  gisa erregistratu zen, lehenik Autonomi Elkartean eta, ondoren, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian.

1986-1996

UEUk Udako Ikastaroak antolatu ditu urtero Iruñean eta Baiona/Biarritzen. Ikastaro hauek kontsolidatu egin dira eta UEUren erakusleiho nagusia bihurtu dira, urtero-urtero ikasle-kopuru handia bilduz bertara. Bestalde, publiko orokorrari zuzendutako jardunaldiak antolatzen jarraitzen du Euskal Herriko toki desberdinetan.

 Bigarren ezaugarria argitalpenak dira. UEUk, arestian hasitako bideari jarraituz, urtez urte unibertsitate mailako 10 liburu inguru argitaratzen ditu, jakintza-arlo desberdinetakoak. Eskuliburu eta monografikoez gain, 1990etik aurrera UZTARO, Giza eta Gizarte Zientzien Aldizkaria, kaleratzen du UEUk, urtero 3 ale atera ditu.

 Bestalde, UEUk ahalegin berezia egiten du instituzioen errekonozimendua eta egonkortasuna lortzeko. Egindako gestioen ondorioz, 1990. urtean hitzarmena lortu zen Nafarroako Gobernuarekin eta beronen bidez diru-kopuru finko bat jasotzen du UEUk urtero Iruñean antolatzen diren Udako Ikastaroak finantzatzeko. Eusko Jaurlaritzarekin beste horrenbeste lortzea zen helburua baina ez da inoiz hitzarmen finkorik lortu, nahiz eta urtero lagundu duen UEUren jarduera.

 Azkenik, UEUren izaerari eta etorkizunari buruzko hausnarketa etengabea izan da. Honen lekuko 1987ko maiatzean eta ekainean Eibarren egin ziren bilerak, UEUren eginkizunaz eta etorkizunaz eztabaidatzeko. Hiru urte geroago, 1990ean prozesu bera errepikatu zen, oraingo honetan Euskal Unibertsitatearen definizioaren inguruan. Bilera ugari eta Iruñean ikastaro berezia antolatu ziren gai hau zela eta.

 Honen guztiaren inguruan urte horietan sortutako eztabaidaren ondorioz, UEUk I. Kongresua egitea erabaki zuen 1994an. Bi txosten prestatu ziren horretarako, bata “Helburu eta etorkizunari buruzko oinarrizko ponentzia”, eta “Eraketari buruzko ponentzia” bestea. Ponentziak UEUko partaideen artean banatu ondoren, 1995eko apirilaren 29an Donostian bildutako I. Kongresuan eztabaidatu ziren. Bertan onartutako puntuen artean nabarmenenak,  UEUren helburuen berdefinizioa eta UEU bazkidez osatutako elkartea bihurtzea, izan ziren. Harrezkero, elkartea egitura berrira egokitzen hasi zen.

1996-2003

UEUk 25. urteurrena bete zuen 1997an. Hori dela eta, ekitaldi berezia antolatzen du Donibane Lohizunen.

 Udako Ikastaroekin jarraitzen du ohi bezala, baina Ipar Euskal Herrian antolatzen direnak jite berezi bat hartzen dute. Ordurarte landutako gaiez gain (hizkuntza, pedagogia…) esparru teknikoagoak lantzen hasten da (irratigintza, historia…). Partaide-kopurua ere gora doa urtez urte. Dena den, 1997. urtean gailurra jo zuen, 1000 partaidetik gora bilduz. Udako Ikastaroak, 1996az geroztik, EHUko eta zenbait kasutan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren baliokidetza lortu zuten eta, horrela, unibertsitate hauetako ikasleek, UEUn jasotako kredituak bere ikastetxeetan aurkez ditzakete, aukera askeko kreditu moduan baliokidetuz.

 Bestalde, 1996. urtean, jakintza-arlo desberdinetako adituen arteko lehen topaketak antolatu ziren, Informatikari euskaldunen I. Topaketa antolatuz Donostian. Ondoren, beste zenbait sailek ere antzerako bilkurak egin dituzte, besteak beste, Historia Sailak, Psikologia Sailak, Glotodidaktika Sailak.

 Azpiegitura fisikoen falta gero eta gehiago nabaritzen zen heinean, azken urte hauetan, UEU berea izango litzatekeen bulego bat bilatzen aritu da. Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eibarko Udalarekin lortutako hitzarmenek (1999) Bilbon bulego berria erostea eta Eibarren Markeskoa jauretxea lortzea ahalbidetu dute. Beste alde batetik, eta Nafarroak dituen ezaugarri eta behar bereziak kontuan hartuta, UEUk Iruñean egoitza ireki zuen 2002. urtean. Hori dela eta, une honetan UEUk lau egoitza ditu: Bilboko egoitza Soziala, Baionako eta Nafarroako ordezkaritzak, eta Eibarko Ikastetxe Nagusia.

 Hitzarmen eta azpiegitura berri hauek UEUri aspaldiko proiektu batzuk aurrera eramatea eta jarduera berriei heltzea lortu dute: Inguma datu-basea, ikastaro desberdinak emateko egoitza fisiko bat, lehen titulazio ofizialak (Hiztek, Hereku, Doktoregoak)… Azpiegitura hauek guztiek UEUren jarduera urte osora zabaltzea ekarri dute hein handi batean. Eta honekin batera, UEUren egitura sendotuz joan da (une honetan 1000 bazkide baino gehiago ditu, 28 sail eta 13 langile urte osoan zehar).

 Honegatik guztiarengatik esan daiteke UEU inoiz baino gehiago gerturatzen dela helburu nagusia duen “Euskal unibertsitatea sortzen laguntzea”. 

HELBURUAK

 UEU une historiko konkretu batean sortu zen, Euskal Unibertsitateari zegokion hutsunea nolabait betetzeko asmoz. Beronen existentzia testuinguru honetan kokatu behar da. Gaur egungo unibertsitate irakaskuntza egituraren aurrean, UEUk bere burua honela definitzen du:

 “Historikoki urrun egon diren euskararen eta unibertsitatearen munduak elkarrengana hurbiltzea eta uztartzea izan da beti bere helburua. Aurrerantzean ere horixe izango du helburu, hots, Euskal Unibertsitatea sortzen laguntzea: Euskal Herri osoa hartuko duen eta euskara lan eta komunikazio-tresna nagusitzat edukiko duen unibertsitatea”.

 Eginkizun honetan UEUk estrategia ardatzak eta lan-ardatz nagusiak finkatu zituen:

  • Euskal Unibertsitatea sortzen laguntzeko baldintza sozial eta politikoak lantzea.
  • Euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzea.
  • Unibertsitate-gaien euskalduntze, produkzio eta zabalkundean sakondu eta gizartearen eskuetan jartzea.

 Lan-ardatz hauek garatzeko UEUk ondoko jarduerak antolatzen ditu:

Jarduera akademikoa

  • Udako ikastaroak (Miarritze/Iruñea)
  • Titulazio ofizialak beste unibertsitateekin lankidetzan (Hiztek graduondokoa eta masterra, Hereku graduondokoa, Doktoregoak…)
  • Sektoreko profesionalei zuzendutako Jardunaldi eta Bilkura espezializatuak (Informatikarien Bilkura, Historialarien Topaketak, Helduen euskalduntzearen Jardunaldiak…)
  • Ikastetxeei zuzendutako Berrikuntza pedagogikoaren diseinuak eta planak (diseinu pedagogikoak, Hizkuntza normalizazio planak…).
  • UEUko sailek antolatutako ikastaroak.
  • Beste ikastaro, mintegi, eta hitzaldiak. UEUk bere sailetatik kanpo ere beste hainbat jarduera antolatzen du.

Argitalpengintza

Liburuak. Liburugintzak garrantzi handia du UEUren jardueran. 1978. urtetik hona 300 titulu baino gehiago argitaratu ditu UEUk (batez beste 10 liburu urteko). Euskaraz argitaratzen diren liburu kopuruari erreparatzen badiogu eta euskarazko produkzio zientifikoak duen tradizio txikia kontuan izanda, UEUren ekarpena oso esanguratsua denik ezin liteke ukatu. Lan honen helburua bikoitza da. Alde batetik, unibertsitario euskaldunei beharrezkoa duten oinarrizko materiala ematen zaie, eta bestetik, euskal kulturgintza aberastea lortzen da, izan ere, nahi duenarentzat eskuragai baitago.

 UZTARO Giza eta Gizarte Zientzien aldizkaria da (4 zenbaki urteko). 1990ean sortu zen UZTARO aldizkaria, giza eta gizarte-zientziei buruzko artikuluak argitaratzeko helburuarekin. Argitaratzen dituen lanak ondoko arloetakoak dira, batik bat: ekonomia, zuzenbidea, psikologia, pedagogia, filosofia, kazetaritza, soziologia, soziolinguistika, linguistika, glotodidaktika, literatura, itzulpengintza, ikasketa klasikoak, artea, musika, historia, eta geografia. UEUk antolaturiko ikastaro, mintegi, edo jardunaldien inguruan sorturiko lanek dute lehentasuna UZTARO aldizkarian, baina kanpotik bidalitako lanak ere gero eta ugariago argitaratzen dira, unibertsitateetako irakasle eta ikertzaileenak gehienbat, baina baita unibertsitario ez direnenak ere, ikertzaile eta idazle ezagun eta berrien arteko oreka bilatuz.

Datu baseak

Inguma. Inguma Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz UEUk sortutako euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basea da. Bertan azken 30 urteetan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen da; euskaraz zer egin den eta nork egin duen azaltzen duen aipu laburra, alegia. Inguma-ren helburu nagusia euskal produkzio akademikoaren berri ematea da. Hortaz, ez da bibliografia nazional bat, eta ez da dokumentu bakoitzaren deskribapen edota baloraziorik egiten (euskararen kalitateaz, adibidez), Inguma euskarazko produktu guztiak eta egile euskaldunak ezagutarazteko tresna azkar eta eraginkorra izateko asmoz sortu baita. Une honetan Ingumak 23.000 erregistro biltzen ditu bere baitan eta publikoa da (www.ueu.org).

 Euskarazko Software katalogoa. Gaur egun, euskaraz erabil daitekeen softwarea ezagutarazteko osatu du UEUk katalogo hau. Datu-base hau ezinbestekoa da euskarazko softwaregintzako produkzioan dauden esperientziak eta arazoak planteatzeko, bai eta alor honetan dauden hutsuneak ikusarazteko ere. Katalogo hau ere Interneten kontsulta daiteke helbide honetan: http://softkat.ueu.org 

Terminologia

 Ikerketa

ARDATZ ESTRATEGIKOAK

Bere helburu nagusia lortzeko, hauek izango dira UEUren jardunbide osoa bideratuko duten ezaugarri eta estrategia ardatzak: Euskal unibertsitatea sortzen laguntzeko baldintzak prestatzea, autonomia, irekitasuna eta jokabide bateratzailea, euskal gizartearen arazoei erantzutea eta jarduera anitza izatea.

 Euskal Unibertsitatea sortzen laguntzeko baldintzak prestatzea

 Euskal Unibertsitateak, UEUk hainbestetan aldarrikatu duen bezala, hiru ezaugarri bete behar ditu: euskalduna, nazionala, eta herritarra izatea. Hau kontuan izanda, UEUren jardunbidearen eginkizuna Euskal Unibertsitatea lortzeko eragitea eta azpiegiturazko baldintza objektibo egokiak prestatzen eta sortzen ahalegintzea da: humanoak, teknikoak, eta sozio-politikoak.

 Autonomia

Aurreko helburuak gauzatzeko, UEUk erakunde guztiz autonomoa izan behar du, gizartean diren gainerako egitura, talde, eta erakundeekiko erabateko independentzia mantenduz. UEU ezin daiteke erakunde, egitura, edota talde konkretuen izaera, unean uneko interes edo jokabideen menpe egon, aurrean aipaturiko helburuen aldeko lanak, unean uneko egoerarekin erlazionaturik bai, baina bide propioa edukiz burutu behar direlarik. Lerro honi eutsiz, UEUk burujabetza osoa izango du, erabakiak hartzeko eta une bakoitzean egokien jotzen diren egitasmo, lan-lerro, edota jarduerak bultzatu ahal izateko, edozein erakunde politiko, administratibo, unibertsitario, edo kulturalekiko mendetasun edo morrontzatik aske.

 Irekitasuna eta jokabide bateratzailea

 Autonomiak ez du, noski, isolamendua esan nahi, eta UEUren helburuak euskaldungo osoari zuzentzen zaizkionez, eta euskaldungoaren ahalik eta zatirik handienaren partehartzea xedetzat harturik, UEUk irekitasun handienaz jokatu behar du, helburu ideologikoetan aipaturikoei eustea delarik irekitasun honi ezar dakiokeen muga bakarra. Unibertsitate-gaietan diharduen euskaldungoaren bateratzea bultzatuko da, Euskal Komunitate Zientifikoa errealitate trinko eta sendoa izan dadin, helburu horrekin ari diren Euskal Herriko beste erakunderekin lan eginez. Honela, bere helburuak lortzeko bidean eta eginkizunak betetzeko garaian, gai honetan zer esanik duten beste erakundeekin elkarlana bultzatzen saiatuko da UEU: instituzioekin, unibertsitateekin, erakunde politiko-ekonomiko eta sozialekin, eta beste ikasketa-ikerketa elkarteekin.

 Euskal gizartearen arazoei erantzunez

 Euskal Herrian txertatuta, zientzia ezberdinen baliabideak erabiliz, euskal gizartearen eta euskaldungoaren arazoei erantzunak bilatzen eta ematen saiatuko da UEU. Zientziaren garapena gizartearen zerbitzuan eta gizakion onurako izan dadin ahaleginduko da, eta konpromiso horren lehen gauzapena Euskal Herrian bertan bideratuko du.

 Jarduera anitza

 Helburu nagusietan aipaturiko xedeak lortzeko bideak asko eta gehienetan osagarriak izan daitezke, eta ondorioz, ahalik eta alor gehienetan jarduteko ahalmena behar du izan UEUk, bere eragina arlo eta lan-eremu gehienetara hedatuz. Euskal Herrian eta kanpoan lantzen diren Unibertsitate gaietan diharduten ikasle-irakasle, ikertzaile, eta erakunde publiko nahiz pribatu gehientsuenekin kontaktuak, harremanak, edota lankidetza ere bultzatuko dira, lerro anitzez osatutako sare zabala eraikiz eta etorkizunak ekar ditzakeen eszenarik ezberdinetan arrakastaz jarduteko ahalmena bermatuko digun jarduera anitza bultzatuz.

 Bide honetan, UEUk lerro ezberdinetan egin beharko du lan:

 Euskal Herrian egun diren eta etorkizunean izan daitezkeen unibertsitate-alorreko zentro, erakunde edota elkarte guztien euskalduntze-prozesuan lagunduz.

  • Unibertsitateetan sortu diren eta sortuko diren lerro eta talde euskaldunen arteko zubiak eraikiz, berauek kokatzen diren erakundeen arteko isolamendua gaindituz.
  • Euskal komunitate zientifiko-intelektuala bilduz eta trinkotuz, oinarrizko beregaintasuna izan dezan arte, munduan diren besteak bezalaxe. 

EGITURA

 UEUren egitura sinplea eta irekia da, urteen poderioz osatutakoa. Egitura honen oinarria bazkideek osatzen dute (1.000, gaur egun), zeinak 28 sailetan dauden banaturik.

 Sailak oinarrizko lantaldeak dira. Gaur egun 28 sailek osatzen dute UEU: Antropologia, Antzerkilaritza, Arkitektura, Artea, Bertsolaritza, Ekonomia, Filosofia, Fisika, Glotodidaktika, Historia, Hizkuntzalaritza, Ikasketa Klasikoak, Informatika, Itzulpengintza, Kazetaritza, Kimika, Klimatologia eta Meteorologia, Matematika, Musika, Natur Zientziak, Osasuna, Pedagogia, Psikologia, Sexologia, Soziolinguistika, Soziologia, eta Zuzenbidea.

 Sail bakoitza irekia eta autonomoa da. Beraiei dagokie ikastaroen programak prestatzea, landuko diren gaiak proposatzea, eta liburuak bideratzea. Sail bakoitzak sailburu bat dauka, sailkide guztien artean aukeratutakoa. Sail bakoitzeko sailburuek Sailburuen Biltzarra osatzen dute, zeina urtean gutxienez hiru aldiz biltzen den sailen arteko koordinazioa egin eta UEUren jardueraren jarraipena egiteko.

 Talde Eragilea UEUren erabaki-organoetako bat da. Gutxi gora behera 20 kidek osatzen dute eta hilean behin biltzen dira. Talde Eragileari dagokio UEUren jarraipen zuzena egitea eta erabakitzea, eta bere erabakiak Sailburuen Biltzarrari bideratzen dizkio.

 Zuzendaria UEUren ordezkaria da kanpo-harremanetarako. Bulegoaren berri zehatza du uneoro eta Talde Eragileko partaide da. UEUk bere historian zehar zazpi zuzendari ezagutu ditu: Manex Goihenetxe (1973-1976), Martin Orbe (1976-1983), Baleren Bakaikoa (1983-1987), Inaki Irazabalbeitia (1987-1991), Kepa Altonaga (1992-1996), Mikel Aizpuru (1996-2000) eta Xabier Isasi, ordutik gaur arte.

 Batzar Nagusia UEUren erabakigune gorena da. Urtean behin biltzen da gutxienez eta UEUko bazkide guztiek osatzen dute. Bere eginbeharren artean daude urteko egitasmoa onartzea, zuzendariaren aukeraketa eta Talde Eragilearen eta Sailburuen Biltzarraren lanak gainbegiratzea.

 Beste lan gune bat Bulegoa da. Berari dagokio UEUren lana aurrera ateratzeko laguntza teknikoa egitea. Bere eginkizunen artean lan administratiboa kudeatzea; sailak, jarduera akademikoa, eta beste proiektuak koordinatzea eta liburugintza gainbegiratzea daude. Honetaz gain, Bulegoko kideek UEUren organo desberdinetan hartzen dute parte; hala nola, Talde Eragilean, Sailburuen Biltzarrean eta Batzar Nagusian. Gaur egun Bulegoa UEUren lau egoitzetan dago banatuta, eta urte osoan zehar 13 pertsonek egiten dute lan.

 Azkenik, ezin daiteke ahaztu UEUko lanaren borondatezko izaera: UEUren lanaren oinarrian jende askoren borondatezko lana dago, eta horrek egiten du, hein handi batean, UEUk aurrera egitea. 

UEU ETA EUSKAL KULTURA

 UEUk euskal kulturari egin dion ekarpena oso handia izan dela eta dela ezin uka daiteke. Alderdi askotatik ikus daiteke hau.

 Alde batetik, UEU Euskal Unibertsitatearen beharra sorraraztearen bultzatzailetako bat izan da. Egia esan, Euskal Unibertsitatearen ideia ez da berria, lehenago ere planteatua izan baita; 1866an Nafarroan “Universidad Vasco-Navarra” izenekoa proiektatu zen eta 1922an “Tercer Congreso de Estudios Vascos” delakoan Euskal Unibertsitatearen eskaera egin zen, adibidez. Baina, gerra osatzean egiten den horrelako lehenengo eskabide publiko eta serioa UEUk egiten du. Gainera, Euskal Unibertsitateak halabeharrez euskalduna izan behar duela lehenengo aldiz adierazten da. Ideia hau bai dela berria eta ordura arteko proposamenetan ez da horrelako hizkuntza planteamendurik egiten, gazteleraz egin zirelako akaso. UEUk bultzatzen duen euskalduntasunak elementu berria sartzen du euskal kulturan, euskara kultura unibertsalean edozein gai lantzeko erreminta moduan erabiltzea, alegia. Euskara etxe-zulotik atera eta ezagutza unibertsalaren plazara eraman. Dena den, euskara eguneroko bizitza modernorako erreminta bihurtzearen gogoa ez da UEUrena bakarrik, eta ez da hori esan nahi izan. Orduko giroan zegoen kezka zen eta gure hizkuntzak iraun dezan nahi badugu, bide bakartzat jotzen delako. UEUren lorpena ideia hori unibertsitate-giroan txertatu ahal izatea izan zen.

 UEUk eginiko bigarren ekarpena, euskara erreminta bezala erabiltzetik dator. Udako Euskal Unibertsitateak lehen urratsak eman zituenean euskara landugabeko hizkuntza zen anitz alorretan. Tradiziorik ez zegoen. Artean, euskara batua izenaz ezagutzen dugun hizkuntza molde bateratua ume jaioberria zen eta etsai askori egin behar zien aurre. Euskara unibertsitate-ideiak adierazteko tresna bihurtu nahi bagenuen, hizkuntza trebatu behar zen.

 UEUk egungo euskara modernoaren garapenean garrantzia oso handia izan duenik ezin daiteke uka. Ikastaroetan erabiltzen ziren gaiak euskaraz azaldu behar izateak, sortzen ziren arazo linguistikoei erantzuna eman beharra agintzen zuen. Euskara zientifiko-teknikoaren kasuan esaterako, matematikazko esamoldeak finkatzeko, 1976an Uztaritzen eginiko arratsaldeko mintegiak gogora ekartzea baino ez dago. Gauza bera esan liteke lexikoaren zehaztapenaz edota maileguzko hitzen ebakeraz. Langintza honetan UEU ez da bakarrik aritu, Elhuyar eta UZEI taldeek eta Leioa inguruko irakasle-taldeak ere zeresan handia izan dute eta dute euskara zientifiko-teknikoaren bilakaeran; lehenago aipaturiko bilera horietan talde horien ordezkariek parte hartu zuten.

 Bestetik UEUk euskal unibertsitarioen birziklapenean lan handia egin du. Ikasketak erdaraz egin ondoren, bere gaiaz lehenengo aldiz euskaraz UEUn entzun du euskaldun askok; horien artean irakaskuntzaren maila guztietan dauden irakasleak esaterako. Eta ez entzun bakarrik, baita gairen bat azaldu ere. Irakasleei buruz ari garelarik datu bat da aipagarri: egun Euskal Herriko unibertsitateetan klaseak euskaraz ematen ari diren irakasle gehienek Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako ikastaroetan eman dute bere lehenengo klasea euskaraz. Ez da hau lan makala, urte gutxiren buruan irakaslerik ez izatetik irakasle-corpus estimagarria izatera pasa baikara. Eskolak euskaraz emateko ez da asko hizkuntza ezagutzea; lantzea eta trebatzea halabeharrezkoa izan da, eta lagun askori aukera horixe eskaini dio UEUk.

 UEUk azken 20 urteotan argitaratutako liburuak ere ezin dira alde batera utzi. Unibertsitatean erabiliak izateko asmo nagusiarekin, 300 liburutik gora eta UZTARO aldizkaria kaleratu ditu UEUk. Lan izugarria hau, euskal liburugintza zein neurritakoa den eta lehenagotik zegoen tradizio eza kontuan hartzen baditugu.

 Azkenik, ezin dugu ahaztu UEUk gaur egun euskarazko goi-mailako formazioan betetzen duen tokia. Udako ikastaroak, titulazio ofizialak, liburugintza, prestakuntza iraunkorra, datu-baseak, bilkurak, jardunaldiak, mintegiak, eta beste hainbat proiektuk alor honetan UEU ezinbesteko erreferentzia bihurtzen dute.

BAT aldizkaria: 
50. 2004ko martxoa. Unibertsitatea eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Idoia Torregarai
Urtea: 
2004