Euskara Sustatzeko Ekimenak. Oinarrizko Gida-lerroak

Komunikazio gida- logoa

Gida hau prestatzeari euskara-teknikariengan pentsatuz ekin genion, euskararen erabilera sustatzeko antolatzen ditugun komunikazio-ekimenak modu eraginkorragoz lan ditzakegula uste dugulako. Euskara-teknikariekin beraiekin hitz eginda, komunikazio-ezagutzaren esparruan dituzten gabeziak agertu ziren, zalantza praktikoak, operatiboak, eta horiei modu eskematikoz erantzuteko eskatu ziguten. Nola hasi behar dugu lanean matrikulazio-kanpaina abian jartzean? Zein eratako euskarriak erabili behar ditugu euskarazko zerbitzuak jendartera ezagutzera emateko? Horra, bada, geure helburua eta hartzailea: gida-lerroak eskaintzea euskara-teknikariak jantzi eta beren eginkizunak errazteko.


Dokumentu honek bi parte ditu. Lehenengoan, Euskararen komunikazio-estrategiaz sarrera labur bat egin nahi izan dugu, izan ere, hori izan baita behin eta berriro agerian ezarri zaigun ideia, kanpainaz harago, euskararen inguruko komunikazio-estrategia definitu eta azpimarratu beharra, alegia. Gai horren garrantzia proiektu honi dagokionaz harago egon arren, ez dugu saihestu nahi izan. Alta, eztabaidari eta erabakiak hartzeari ekiteko urratsa izango delakoan bidean bildutako hainbat ideia ekarri nahi izan ditugu hona, bide horretan lagungarri izatekotan. Dokumentuaren bigarren partean aurkituko ditu beraz irakurleak propio prestaturiko Komunikazio-egitasmoak garatzeko oinarrizko gida-lerroak.


Ikuspegi honek, bada, prozesuaren etapa zehatz batera eraman gaitu: ekimenak antolatzeko orduan, erabaki operatiboak hartzeko unera. Nolabait esanda, gertutik ikusteko betaurrekoak aukeratu ditugu xehetasunen mailara jotzeko.


Euskararen inguruan komunikazio-estrategia sendoa eraiki behar dugu, garai berrietara egokitua, gaur egungo hartzaileen motibazioei erantzungo diena, euskara modu desiragarriaz aurkezten lagunduko diguna.


Hitz hauen bitartez eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu hau aurrera eramateko laguntza eman duten guzti-guztiei. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Eta, jakina, bereziki eskertu nahi diegu euren parte-hartzea aholkua eskatu diegun guztietan gure lagun hauei guztiei: Joxe Luix Agirretxe, Kike Amonarriz, Hasier Etxeberria, Iñigo Fernandez, Joxerra Gartzia, Joseba Kamio, Susana Martinez, Iker Estala eta Oier San Martin.

Euskara Sustatzeko Ekimenak. Oinarrizko Gida-lerroak 

AdjuntoTamaño
PDF icon komunikazio_gida.pdf391.03 KB