Mintzajardunaren egoera eta azken urteotako bilakaera. Aurrera begirako erronkak

Kontzeptu nagusiak, metodologiazko aukerak eta terminologiazko hautuak zehaztu dira ekarpenaren hasieran. Eskueran ditugun datu demolinguistikoak (V. inkesta, kale-neurketa) kontuan izanik jendearen 2011ko mintzajarduna eta mintzajardun horren 1991tik 2011rako bilakaera hizkuntzasoziologiaren argitan ulertzeko saioa egin da. Perspektiba espazialari dagokionez Euskal herri osoa, hiru esparru geoadministratibo eta, horien barruan, bederatzi lurralde-eremu bereizi dira. Espazio soziofuntzionalari dagokionez jardungune nagusietan (zenbait rol-harremanetan) ageri den aldakortasuna ere berariaz zehaztu da, analisi horri adin-tarteen ikuspegia erantsiz. V. inkestaren emaitzak gogoan izanik jendeak nagusiki euskaraz egiten duen (E4), bietara berdintsu (E3) ala bien baturaz (ET= E4 + E3) argitu da bertan, analisi horiek kale-neurketaren ondorio argienez aberastuz. Arnasguneen definiziosaioa egin da gero, oraingo egoera eta azken urteotako bilakaera-zantzuak zehaztuz: arnasgune beteak eta erasanak bereizi dira batetik; euskarazko E4, E3 edo ET jardunak lurraldeka, jardunguneko eta adinpiramidean ageri dituen atzera-aurrerak (mintzaldaketa, indarberritzea) esplikatzen lagundu dezaketen elementuak zehaztu dira gaingiroki, bestetik.

Mundu zabaleko osasun-neurpideak kontuan hartuz, eta hemengo egoera gogoan izanik, hizkuntza-soziologiaren kontzeptu nagusietan ainarrituriko EODA aplikazioa prestatu da. Hiru atal nagusi (G, J, U) eta hamalau osasun-maila ditu EODA horrek. Beste atalak ondo kontuan hartzen baditu ere, J atalean du EODAk muingune-barizentroa: hots, eguneroko jardun arruntak eta belaunez belauneko jarraipen-kateak gure artean ageri duen aldakortasun-espektro zabalean. Aurrera begirako erronka nagusiak, eta erronka horiei egoki erantzuteko zenbait proposamen, eskaintzen da azkenik: a) Eskolaz kanpoko erabilera ardatz izango duen lehentasun-eskema eratzea: “lehenik ikasi, gero egin” ordez “eginez ikasi”; b) konpartimentazio soziofuntzional iraunkor (diglosia) berria sortzea; c) BZ5, BZ6a eta BZ6b osasun-mailako arnasguneei lehentasun argia aitortzea hitzez eta, bereziki, egitez; d) (BZ-6c) mailako ingurumenak (BZ-6b) mailara itzultzen saiatzea; e) erdara (arras) nagusi den (BZ-6d) eta (BZ-6e) lekuetan (tartean hiriburu gehienetan) euskarazko harreman-sareak eta hiztun-taldeak (berr)eskuratzea, berariazko hizkuntza-plangintzaren ondoan bide batezko euskalgintza sortuz eta zabalduz; f) horretarako guztirako, orain arte bezain funtsezkoa izango da beti hiritarren gogo-nahia.

Hori ez da, ordea, aski: gogoaz eta borondate zabalaz gainera, gizarte-onarpen zabaleko euskalgintza koherentea eraikitzen asmatu behar da. Lekuan lekuko ahalmen-beharrak aintzakotzat hartuz, belaunez belauneko jarraipena ardatz izango duen paradigma diseinatu, luze-zabal adostu eta aplikatzea eskatzen du horrek. Herri-agintarien funtsezko eginkizunari itzal egin gabe hautapen alternatiboen zernolakoak eta argiitzalak neurtzen eta lehentasun-bideak formulatzen jakitea. Luzera begirako jarraitasunez eta taldegiroan jardungo duen buru-langile taldea behar da, besteak beste, argitze- eta diseinu-lan horretarako. Erabat horretan zentratuko den aztergunea, ahuldutako hizkuntza indarberritzeko gogoeta-etxea, ezinbesteko baliabidea du euskalgintza zuhur orok.

BAT aldizkaria: 
100. 2016 (3) Euskararen bilakaera soziolinguistikoa II (1981-2011)
Egilea(k): 
Mikel Zalbide
Urtea: 
2016