Euskararen bilakaeraren argi-ilunen gurpilean: hazkundetik garapen iraunkorrera bidean

 

Mitxelenak “Euskararen bide luze bezain malkarrak” izan zituen hizpide 1977an, “Euskararen liburu zuria” izeneko libururako idatzi zuen artikulu gogoangarrian. Harrezkero, ibilbide oparoa izan du euskarak. Euskararen biziraupena genuen urte haietan kezka eta helburu; gaur egun, berriz, Euskadiko Autonomia Erkidegoko ikuspegitik begiratuta (lurralde horretan kontzentratzen dira euskaldun guztien % 86 eta Euskal Herriko biztanleen % 73), ez dago jokoan euskararen biziraupena (ez hainbat belaunalditara begira behintzat): bizi-indarra dugu erronka gaur. Beheranzko joera irauli eta hazkundean jarri du euskara euskal gizarteak.

Euskararen bilakaera hazkunde jarraitua izatea lortu dugu azken laur hamarkadetan. Bidea, baina, ez da amaitu. Behar dugu jarraitu. “Bide luze bezain malkar” horietan hizkuntza politika eraginkorra eta aurreragarria egin nahi badugu, badira gogoan hartu beharko genituzkeen zenbait arrisku. Arrisku horien artekoak dira, esate baterako: hizkuntza politikaren xedea oker identifikatzea (hizkuntza politikaren subjektua ez baita hizkuntza, hiztuna baizik); azken 30 urteetan euskararen egoerak izandako bilakaera behar bezala ez aitortzea; dena egina dagoela pentsatzea; euskaraz jakiteari eta euskara erabiltzeari gizartean aitormen desberdina egitea: hainbat hiztunen artean euskara batuaren balioa apaltzea; euskara aniztasunarekin ez identifikatzea; testuinguru soziala aldatu dela ez ikustea; euskararen biziberritze prozesua periferiatik irudikatzea eta “gutarrentzat” bakarrik diseinatzea. Arriskuak arrisku, honaino iristen asmatu dugu. Eta honaino iritsi izana gizartearen eskutik ibili garen seinale da. Hauxe da, bada, nik gaur azpimarratu nahi nukeen ideia nagusia: euskararen hazkunde eta garapen iraunkorra, euskara gizarte osoak bere egitetik bakarrik etor daitekeela, sekula ez ghettotik. Euskara biziberritzearen arrakastarako ezinbestekoa izan da, eta ezinbestekoa izango da, adostasun sozial eta politiko zabala.

BAT aldizkaria: 
99. 2016 (2) Euskararen bilakaera soziolinguistikoa (1981-2011)
Egilea(k): 
Patxi Baztarrika
Urtea: 
2016