Hizkuntza zerbitzuak unibertsitatean (EHU)

Hizkuntza zerbitzu batek bitartekotza-lana egin behar du eta, horretarako, gogoan izan behar ditu helburuak, bezeroak, eta metodologia. Baina hiru parametro horiek elkarri eragiten diote: helburuak bezeroari egokitu beharko zaizkio, eta metodologiak egokia izan beharko du, hau da, ergonomikoa eta errentagarria. Eta hori da hitz gutxitan EHUko Euskara Zerbitzuak hizkuntza zerbitzuen planaren aurkezpenean dioena

Eta badira unibertsitatean ikerketaz, argitalpenaz eta beste zenbait zereginez arduratzen diren institutuak, besteak beste, Euskara Institutua.

 Baina teknikari deitu ditugun erabiltzaile kualifikatu horien artean badira beste batzuk hizkuntzaren erabilerari begiratuko diotenak corpusari baino gehiago. Eta hori da bereziki hizkuntza zerbitzuen zeregina, hizkuntza sozializatzea, ereduak sortuz, corpus aplikatuak landuz, hizkuntza sustatuz...

Eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia bera da  gaurko egoera soziolinguistikoaren ondorioz gertatzen ari den aldaketaz hitz egiten diguna eta erabilera sustatzeak duen garrantzia aipatzen diguna: “

Euskaldunen kopurua gehitzeak badakar, neurri batean, kalitatearen galera, erdararen kutsaduragatik bereziki”. Kutsadura hori dela eta, gero eta zailago gertatzen da unibertsitateko irakasle euskaldunen artean gaurko egoeraz jabetzea.

Hori dela eta, ezinbestekoa da ereduak eskaintzea, euskarak nola “funtzionatu ohi duen” erakustea, eta komunikazio biderik eraginkorrenak bilatzea. Lan horrek bi zutabe nagusi izango ditu: eredugintza eta formazio-lana (testu-zuzenketa, itzulpena...), argitalpenarekin eta beste neurri batzuekin batera.

maiz egiten du zalantza hiztunak ea egitura jakin bat euskarazkoa ote den edo mordoiloa. Horregatik, euskaldun osoak diren eta, oro har, hizkuntza arauaren edo senaren jabe direla erakutsi duten zenbait idazle eta liburu (ezin denak jarri) dira ereduzko corpusa osatzen dutenak. Ereduzko corpusaren helburua, bada, idazleari edo erabiltzaileari laguntza eskaintzea da, eredu egokiak eskaintzea

Trebatze lan horiek ohiko ikastaroekin osatzen dira. Urtero argitaratzen den ikastaroen eskaintzak zenbait gai eskaintzen ditu: oinarrizkoak (hiztegiak, itzulpengintza, euskara estandarra eta araugintza), bereziak (ortotipografia, kazetaritzako testuak) edo oinarrizko trebakuntzarakoak (zalantzak argitzea, testu-zuzenketak). Halako ikastaroen eskaintza hartzaileen beharrei egokitzea komeni da

Baina aholkularitzarako bide zuzena ere eratu du EHUko Euskara Zerbitzuak: EHULKU zerbitzua. Internet bidez, EHUko edozein irakasle edo langilek aukera du Euskara Zerbitzuari hizkuntza zalantzak helarazteko. Zalantza horiek datu-base batean gordetzen dira, galderaren, gaiaren, edo hitzen arabera kontsultatu ahal izateko.

Euskararen egoera EHUko irakaskuntzan, administrazioan eta ikerkuntzan aztertu nahi izanez gero, honako helbide honetara jo daiteke:

 http://www.ehu.es/euskara-orria/euskara/euskera/euskera.htm

 Euskara Zerbitzuak eskaintzen dituen kontsulta-zerbitzuak, helbide honetan daude bilduak:

 http://www.ehu.es/euskara-orria/euskara/consultas/consultas.htm

Erakunde edo espezialisten arteko harremana gero eta errazagoa gertatzen da gaur egun teknologiaren bidez eta badira eztabaida nahiz proposamenak egiteko zenbait gune eta topaleku: “erabili.com”, “sustatu.com”, “Itzulist”, eta abar. Poliki-poliki hizkuntzaren eta hizkuntza-zerbitzuen inguruko sare zabala (estandarizazioa, erabilera, kontsulta eta abar bideratzen dituena) osatzen ari da euskalgintzan eta pentsa daiteke bere fruituak emango dituela datozen urteetan.

 

1. EUSKARA ZERBITZUAK

Honako irakurgai honek ez du aztergai akademiko bat izan nahi, hizkuntza zerbitzuen zeregin eta antolamenduaren inguruko gogoeta baizik. Bestalde, adierazi beharra daukat, lehenbizi, ez dela azterketa soziolinguistikoa ere, nahiz eta euskararen egoera eta unibertsitateko euskaldunen izaera behin eta berriz aipatuko diren. Horrela, hizkuntza zerbitzuez arituko naiz, eta ez hizkuntzak unibertsitatean duen egoeraz, ez irakaskuntzari, ezta ikerkuntzari dagokionez ere.

 Izan ere, gaur egun fenomeno berriak iritsi dira hizkuntzaren mundura: globalizazioa eta teknifikazioa. Hizkuntzarekin lan egiten dutenek lehengo helburuak berak dituzte, eta zereginak ere ez dira gehiegi aldatu, baina gaur eskura dugun teknologiak aukera paregabea eskaintzen digu hizkuntza zer egoeratan dagoen jakiteko eta neurtzeko, deskribapen eta diagnostiko zorrotzak egiteko, bitartekotza-ekimen berri eta indartsuak abiarazteko, hizkuntzaren industria sortu berria garatzeko eta, oro har, hizkuntzaren inguruko lana eraginkorragoa, arinagoa, eta kalitate handiagokoa bilakatzeko.

 Hizkuntza zerbitzu batek bitartekotza-lana egin behar du eta, horretarako, gogoan izan behar ditu helburuak, bezeroak, eta metodologia. Baina hiru parametro horiek elkarri eragiten diote: helburuak bezeroari egokitu beharko zaizkio, eta metodologiak egokia izan beharko du, hau da, ergonomikoa eta errentagarria. Eta hori da hitz gutxitan EHUko Euskara Zerbitzuak hizkuntza zerbitzuen planaren aurkezpenean dioena: “Euskal Herriko Unibertsitatean euskararen erabilera zaindua bultzatzeko lan egiten duen hizkuntza-zerbitzua da Euskara Zerbitzua, euskararen normalizazioaren ahalegin zabalagoaren atal funtsezko bat, hain zuzen”. Helburuak zehazteko orduan, honako hauek ezarri ditu EHUko Euskara Zerbitzuak: (a) Administrazio-agiriak eta bestelako idatziak itzultzea, eta ekitaldi ofizial batzuetan interprete-lana egitea. (b) Administrazioaren eta zerbitzuen euskalduntze prozesua bideratzea, erabilera-planak bultzatuz eta askapenak kudeatuz. (c) Hizkuntza-prestakuntza: euskarazko hobekuntza-ikastaroak antolatzea eta ematea. (d) Unibertsitateko testugintza normalizatzeko lan egitea (batez ere, testugintzaren inguruko lerro estrategikoak gauzatzen laguntzea eta testuetako euskararen kalitatea zaintzea). (e) Hizkuntza-aholkularitza. (f) Unibertsitateko hiztegigintza eta terminologia normalizatzeko lan egitea. (g) Euskal Herriko Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria eskuratzeko probak antolatzea. (h) Irakaskuntzan zein administrazioan euskaraz lan egitea errazteko tresnak eta zerbitzuak eskaintzea (testuak orrazteko eta zuzentzeko zerbitzuak, Internet bidezko kontsultaguneak…). Baina ikus dezagun nola gauzatzen diren oinarrizko irizpide horiek helburu haietara iristeko.


2. HIZKUNTZA: ERABILTZAILEAK ETA TEKNIKARIAK

Euskararen normalkuntza unibertsitatean arazo konplexua da baina, aldi berean, era topikoan trata daitekeena, pentsatuz irakaskuntza-eskaintza hazte hutsak ekarriko duela normalkuntza delako hori. Eta hazkuntza izan da zenbait urtetan Euskara Batzordearen eta Euskara Errektoreordetzaren ardura nagusia, administrazio eta zerbitzuetako langileen euskalduntzearekin batera. Ez ditugu hemen aztertuko gai horren azken urteetako gorabeherak baina honako helbide honetan aurki daiteke horri buruzko informazioa: “Euskara Euskal Herriko Unibertsitatean (1974-2000)”, Mikel Aizpuru (http://www.ehu.es/euskara-orria/euskara/euskera/euskera.htm).

 Egia da azken bezeroa ikaslea dela unibertsitatean, baina hari kasu egingo diona irakaslea denez, irakaslea hartu du bezero nagusitzat oraingo EHUko Euskara Zerbitzuak eta hori da erabiltzailetzat hartuko duguna. Ikerketaz arduratuko den eta ikasleen irakaskuntzaz arduratuko den irakasleriarekin batera, zenbait teknikari daude unibertsitatean hizkuntza alde batetik edo bestetik lantzen. Hizkuntza deskribatzea eta azaltzea edo hizkuntza ulertzeko eredu teorikoak eta prototipoak eratzea izango da hizkuntzalaritzako eta filologiako irakasle-ikertzaileen zeregina. Horiekin batera badira unibertsitatean bertan eta haren inguruan ikerketa eta garapenaz arduratzen diren zenbait ikertzaile eta ikerketa-talde, bereziki teknologia berrien eta haien aplikazioaren inguruan. Eta badira unibertsitatean ikerketaz, argitalpenaz eta beste zenbait zereginez arduratzen diren institutuak, besteak beste, Euskara Institutua.

 Baina teknikari deitu ditugun erabiltzaile kualifikatu horien artean badira beste batzuk hizkuntzaren erabilerari begiratuko diotenak corpusari baino gehiago. Eta hori da bereziki hizkuntza zerbitzuen zeregina, hizkuntza sozializatzea, ereduak sortuz, corpus aplikatuak landuz, hizkuntza sustatuz...

 Batzuetan, berriz, corpus eta erabilera atalen arteko muga ez da hain garbia. Horrela, hizkuntzalaritza eta filologia arloetako irakasleen lana bikoitza denez (ikerketa eta irakaskuntza), aldi berean jardungo dira irakasle horiek batean eta bestean. Azken urteetan garrantzi handia izan du, erabilerari dagokionez, Euskara Teknikoaren irakaskuntzak. Izan ere, ikastegi eta titulazio gehienetan eskaintzen den ikasgai horrek aukera ezin hobea eskaini du zenbait helburu betetzeko, ikastegi edo ikastalde batean edo bestean beti berdin gauzatu ez diren helburuak, hain zuzen. Izan ere, arrazoi logistikoak (irakaskuntza lehen edo bigarren zikloan), historikoak (arloko terminologia landua edo landu gabea), egiturazkoak (titulazioko irakaskuntza guztia, zati bat edo batere ez euskaraz) izan dira kontu horretan eragile, eta gehiago landu da batzuetan euskara bera, araua eta erabilera (estandarizazioa), esparru teknikoetako testugintza edo terminologia. Eta beste unibertsitate batzuk aztertuz, badirudi halako lanak funtsezkoak direla unibertsitateko ikasleen formazioan, ez horrenbeste bigarren hizkuntza bati begira eta bai ama hizkuntza edo lehen hizkuntza landu eta esparru berrietan egoki erabiltzen jakiteko; horregatik eskaintzen dira zenbait ikasketatan idazkuntza zientifiko edo teknikoa, terminologia, hizkuntzalaritza aplikatuko zenbait gai...


3. EUSKARA ZERBITZUEN ERREFERENTZIA NAGUSIAK

Beste espezialistak alde batera utzita (terminologoak, hizkuntzalaritza aplikatuko ikertzaileak, filologoak, hizkuntzalariak...), azter dezagun orain euskara zerbitzuen ardura hartuko duten teknikarien lana zertan den, corpusari nahiz erabilera sustatzeari begira.

Corpusa ikaragarri landu da azken urteotan. Baditugu testu-corpus zabalak (Orotariko Euskal Hiztegiaren oinarrizko corpusa), corpus estatistiko modernoak (Euskaracorpusa edo Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoa), eta horien ondoan, Euskaltzaindiak aurrera egin du bere batzordeen lanetan (gramatikan, adibidez) eta araugintzan (Arauak, Hiztegi Batua, Euskal Onomastikaren Datutegia). Baina badira ekimen pribatuak edo publikoak sortutako liburutegi birtualak, aldizkariak... Badirudi, hortaz, euskalgintzak bere egin duela Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren baieztapena: “Euskarak berak ere eguneratu eta egokitu beharra du, jakina, gaurko premietara eta arlo nahiz eremu berrietara. Izan ere, eguneroko jardunean euskara lan-tresna eta komunikazio-hizkuntza dutenen beharra handia da”.

 Eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia bera da  gaurko egoera soziolinguistikoaren ondorioz gertatzen ari den aldaketaz hitz egiten diguna eta erabilera sustatzeak duen garrantzia aipatzen diguna: “Euskaldunen kopurua gehitzeak badakar, neurri batean, kalitatearen galera, erdararen kutsaduragatik bereziki”. Kutsadura hori dela eta, gero eta zailago gertatzen da unibertsitateko irakasle euskaldunen artean gaurko egoeraz jabetzea.

 Gaurko erabiltzaile askok ez du bere hizkuntza gaitasun egiazkoaren kontzientzia garbirik. Gero eta zailago gertatzen zaio ikertzaileari introspekzioaz baliatzea edo informatzaile egokiak aurkitzea. Oso arin aldatzen ari baita euskara, baina ez berez hala dagokiolako, eta bai inguruko erdaren eraginez. Horrela, gero eta zailago zaio euskaldun arruntari sen hartara jo eta “nola esan ohi dugu hori euskaraz?” galderari erantzutea. Aldaketaren handitasunak eta arintasunak ekarri du fenomeno hori. Eta horrekin batera, galdu egin dugu tradizioaren eta usadioaren kontzientzia: asko dira urteak eta urteak eman dituztenak ikastolan “ingelera” (sic) lantzen: “ingeles” hitza erabiltzea arrotz gertatzen zaie, ordea; are gehiago, ia erasoa dela sentitzen dute. Alde batetik ez da harritzekoa, ikusirik gaurko euskaldun arrunten gaitasuna ikusita. Azken urtean (2003an) 14.808 herritarrek egin zuten matrikula Euskara Gaitasuna Agiria eskuratzeko Autonomia Erkidegoan (asko eta asko dira unibertsitatearen atarian dauden ikasleak). Motibazio instrumentalak alde batera utzita, pentsa daiteke asko direla “ea euskaldun diren” jakiteko proba egiten dutenak. Matrikulatu ziren horietatik %23k baino ez zuten eskuratu agiria, eta, edonola ere, unibertsitateko irakasle askok zalantza egiten du ea EGA eskuratu zuten horiek guztiak euskaldun osoak ote diren.

 Hain zuzen ere, garai batean euskaldunzahar eta euskaldunberri bereizten bagenuen ere, badirudi gaur egun egokiagoa gertatzen dela euskaldun oso edo euskaldun funtzional kontzeptua erabiltzea. Horrela ikusiko dugu euskaldun eta erdaldunez baino egokiago hitz egin genezakeela euskaldun osoez eta osatu gabeez. Baina ikasleak ez ezik irakasleak ere halako continuum batean jar genitzake hizkuntza gaitasunaren arabera. Eta horrela, ez da erraz esaten euskaldun oso eta funtzionalen sarea Euskal Herriko Unibertsitatean nola osatua dagoen. Aitzitik, pentsa daiteke batzuetan “ohitu” egin garela egoera horretara eta nolabait komunikatzen ikasi. Aski da unibertsitateko testu batzuk irakurtzea konturatzeko komunikazioa oso bada-ezpadakoa dela testu horien inguruan, eta agian ikasleak ulertzen duena ez dela horrenbeste oinarritzen testuaren egitura lexiko-semantikoan eta testu horretako kontzeptu-sarearen deskodifikazioaz, elementu lexiko jakin batzuen gainean eraikitako kontzeptualizazio intuitiboan baizik. Horrela, ulertzea gutxi gorabeherakoa gertatzen da eta asko dira, ikasle nahiz irakasle, arazoak dituztenak gaiak zehatz eta hizkuntza hutsaren bidez azaltzeko, are gehiago espezialista ez direnei azalpena emateko orduan. Ez dago dudarik testu teknikoa konplexua dela baina kontzeptualizazioari dagokionez da konplexua, eta hizkuntzari begira ez dirudi laborategiko praktika baten deskribapen fitxa sortzea partxisa edo antzeko jolas baten arautegiaren berri emango duen instrukzio-testua sortzea baino zailagoa denik.

 Hori dela eta, ezinbestekoa da ereduak eskaintzea, euskarak nola “funtzionatu ohi duen” erakustea, eta komunikazio biderik eraginkorrenak bilatzea. Lan horrek bi zutabe nagusi izango ditu: eredugintza eta formazio-lana (testu-zuzenketa, itzulpena...), argitalpenarekin eta beste neurri batzuekin batera.

4. EUSKARA ZERBITZUA ETA EUSKARA (CORPUSA ETA ERABILERA)

Ereduzko corpusa da Euskara Zerbitzuak Ibon Sarasolaren ardurapean sortu duen tresna baliagarrienetako bat. Bilduma horrek behategi izan nahi du: horretarako, urtez urte elikatu eta handitzen joango da. Euskara Batuaren araugintzarekin batera (urte haietan, alegia) eta, bereziki, Hiztegi Batuaren agerpenarekin batera sortutako testugintza biltzen da corpus horretan, baina ez itsu-itsuki estatistikaz baliatu eta testuak azarean hartuz. Aitzitik, corpusak ereduzkoa izan nahi du eta horretarako aukera egin da idazle eta testuen artean. Gogora dezagun Akademia batek ezar dezakeen arau akademikoaz gain –edo hura baino lehenago— badela arau linguistikoa. Akademi arauak erabakiko du hitz jakin baten grafia edo hitz baten murriztapen sintaktikoak edo hedadura semantikoa: horretarako hizkuntzak dituen eta erabiltzen dituen formen artean egingo du aukera Akademiak, eta horrela erabakiko dira “diabetes”, “immunitate”... Baina hori baino lehenago dugu arau linguistikoa eta arau horren oinarria erabilera bera da. Hau da, ez dago euskaraz “*nukleoak atomoaren erdian dago” esaterik baina arrazoia ez da liburu jakin batean gramatika izenaren pean formalizatu den erregela, erabilera bera baizik, ez baitago euskaldunik perpausa horrela eratuko duenik. Atzetik etorriko da gramatikaria eta hark emango dio izena hiztunen inkontzientean dagoen erregela horri; hark asmatuko ditu gertaera linguistiko horiek esplikatzeko eredu teoriko egokiak, baina araua bera aldez aurretik ezarria dago: hiztunek ezarri dute. Horregatik, gerta daiteke hizkuntza batek Hizkuntza Akademiarik ez izatea, edo akademi arau espliziturik ez izatea; halakoetan, idazle prestigiodunen erabilerari begiratu ohi diote maiz idazleek, eta haien erabilera hartu eredutzat. Gaur egungo euskaran, ordea, ez da hain erraza hori guztia erabakitzen. Lan honen aurreko atalean eman ditugun arrazoiak direla eta, maiz egiten du zalantza hiztunak ea egitura jakin bat euskarazkoa ote den edo mordoiloa. Horregatik, euskaldun osoak diren eta, oro har, hizkuntza arauaren edo senaren jabe direla erakutsi duten zenbait idazle eta liburu (ezin denak jarri) dira ereduzko corpusa osatzen dutenak. Ereduzko corpusaren helburua, bada, idazleari edo erabiltzaileari laguntza eskaintzea da, eredu egokiak eskaintzea, akademi arau esplizitua erabilera okerrak baztertzeko balio duen bide ezartzailearen parean.

 Terminologia bera ere testugintzaren barruan txertatu beharra dago. Ez dago ukatzerik badela terminologia planifikatuaren beharra zenbait egoeratan: ongi dute horren berri itzultzaileek. Baina oreka gordeko bada eta terminologia-lana elementu lexiko soilen itzulpena (gaztelaniazko lexemen itzulpen soila) baino zerbait gehiago izatea nahi bada, oreka bilatu beharra dago. Horretarako, egokia da ongi zaindutako testu eta itzulpenetako terminologia biltzea, edo are gehiago, terminologia testugintza lanarekin batera finkatzea eta erabakitzea. Ondoren, datu-banku batek bilduko ditu lan jakin batzuetan erabili diren terminoak, baita, ahal den neurrian, termino horiek beren testuinguruan eskaini ere (itzulpenak baldin badira, testu paralelizatuak osa daitezke, kontsulta eta azterketa lanak errazteko).

 Eta erabiltzaileak hizkuntza inputa behar duenez, testugintzak berebiziko garrantzia izango du hizkuntza zerbitzuetan: liburugintza, sare argitalpenak... Liburugintzari dagokionez, mailak bereizi nahi izan dira, errealitateari hobeki egokitzeko asmotan. Euskara unibertsitatean, zientzia eta teknikan batez ere, hizkuntza hartzailea da eta oraindik ere itzulpena da unibertsitate argitalpenen oinarri nagusia. Bada, itzulpen horiek ereduzko izatea bilatu nahi du EHUko Euskara Zerbitzuak. Horretarako, lehiaketa baten bidez erabakitzen da itzulpen proiektu bakoitza eta bi begirale izendatzen dira: begirale teknikoaren lana da testuaren zuzentasuna zaintzea zientziari edo jakintzari dagokionez (zuzentasun kontzeptual eta zientifikoa, alegia); hizkuntza begiralearen lana da hizkuntzaren zuzentasuna ez ezik hizkuntzaren egokitasuna zaintzea eta terminologia egokia erabiltzeko bideak jartzea. Testu horietan egokitasuna zainduko dela adieraztean esan nahi da testu ulergarriak prestatu nahi direla; alegia, testu horiek izango duten zailtasuna gaiari dagokiona izango da, ikasleak ezagutzen ez dituen ideia eta kontzeptu berriei dagokiena, baina inola ere ez hizkuntzari zor zaiona. Hori lortzeko ezinbestekoa da testu beregainak osatzea, jatorrizkoaren morrontzatik urrun; hitzen ordenari jaramon handia egitea; esaldiaren, paragrafoaren eta testu osoaren egitura eta kohesioa bereziki zaintzea; mikroegituran koherente jokatzea; testuko unitateen erreferentziakidetasunari kasu egitea...

 Ereduzkotzat har ditzakegun testu zaindu horiek, bestalde, datu-base terminologiko eta testuala osatzeko erabiliko dira. Datu-base horretan eskainiko dira testu paralelizatuak (itzulpen baldin badira), jatorrizko testua eta itzulia aurrez aurre paragrafoka jarriak, terminologia eta testuen artean bilaketak egiteko sistema.

 Testu horiekin batera, eskola arautuetatik kanpoko irakurgaiak ere gogoan hartu nahi izan dira. Horretarako osatu da ZIO bilduma, zientzia irakurle ororentzat. Goi mailako idazle ezagunen lanak argitaratu edo itzuli nahi dira bilduma horretan, zientziaren zabalkunderako eta gai hauen euskara eredu egokia bilatzeko.

 Bestalde, unibertsitateko irakasleek ere sortu ohi dituzte eskuliburuak. Lan horietarako diru-laguntza eskaintzen du Euskara Errektoreordetzak eta irakasleak Argitalpen Zerbitzuan aurkezten duen liburuaren egokitasuna ontzat ematea izango da Euskara Zerbitzuaren lana, liburua paperean argitaratu aurretik. Baina testu horietaz gain, irakasleek era askotako ikasmaterialak sortu eta argitaratu ohi dituzte unibertsitatean. Bada, arlo horretan ere bada zer eskaini hizkuntza zerbitzuetatik. Euskara Errektoreordetzak diru-laguntza eskaintzen du halako lanetarako eta Euskara Zerbitzuak hartu du bere gain lan horiek gainbegiratzea; horretarako, “trebatzaile” batek izan ohi du harreman zuzena egileekin testuaren jarraipena egiteko eta hizkuntza-irizpideak eta trebakuntza eskaintzeko. Lan horiek Interneten bidezko aplikazio berezi batean eskaintzen dira: aplikazio horretan, erabiltzaileak zenbait aukera ditu: hitzen bilaketa, terminologia kontsulta, testu osoa eskuratzea... Doako Acrobat Reader erabiliz irakurtzeko aukera eskaintzen duen PDF formatua erabiltzen da horretarako eta, paperean argitaratzen direnei bezala, liburu hauei ere ISBN emango zaie.

 Trebatze lan horiek ohiko ikastaroekin osatzen dira. Urtero argitaratzen den ikastaroen eskaintzak zenbait gai eskaintzen ditu: oinarrizkoak (hiztegiak, itzulpengintza, euskara estandarra eta araugintza), bereziak (ortotipografia, kazetaritzako testuak) edo oinarrizko trebakuntzarakoak (zalantzak argitzea, testu-zuzenketak). Halako ikastaroen eskaintza hartzaileen beharrei egokitzea komeni da, gai eta helburuei dagokienez ez ezik, baita egun eta ordu egokiak aukeratuz ere. Horretarako, irakasleak eskola ardurarik gabe dauden azterketa-garaiak hartu ohi dira, eta, azken urteetan, irakaskuntza telematikoa sendotu da. Irakaskuntza telematikoa egokia gertatzen da, ikasleak edozein ordu eta lekutan ikas dezakeelako, ikastaroko materialak ikasleen eskura erraz jar daitezkeelako eta, gaia hartzearekin batera, hainbat unibertsitate-irakaslek aukera izan duelako irakaskuntza telematikoa ezagutzeko eta esparru horretan trebatzeko. Unibertsitateko irakaskuntzan gero eta indar handiagoa hartuko du irakaskuntza telematikoak eta euskarazko irakaskuntzak ere bide hori urratu beharko du hurrengo urteetan. Bestalde, unibertsitateko irakasleei etengabeko irakaskuntza eredua eskaintzen zaie, gaur egun administraziotik iradoki zaigun bidea hartuz.

 Azkenik, bada testu-orrazketa zerbitzua ere. EHUko edozein irakaslek bidal dezake (ordenagailua erabil dezake horretarako) bere materiala orrazteko. Oinarrizko zuzenketarekin batera, irakasleak txosten bat jasoko du, egin diren zuzenketen berri emango duena. Liburua osatu gabe zenbait apunte eta material euskaraz erabiltzen dituen irakaslearen beharrari erantzun nahi dio zerbitzu horrek eta horrekin batera, irakaslearen hizkuntza aholkularitzari.

 Baina aholkularitzarako bide zuzena ere eratu du EHUko Euskara Zerbitzuak: EHULKU zerbitzua. Internet bidez, EHUko edozein irakasle edo langilek aukera du Euskara Zerbitzuari hizkuntza zalantzak helarazteko. Zalantza horiek datu-base batean gordetzen dira, galderaren, gaiaren, edo hitzen arabera kontsultatu ahal izateko. Bestalde, galdera-erantzunen datu-base hori hizkuntza kontsulta eta zuzenketen datu-banku handiago batean sartzen da, testuen zuzenketekin batera. Datu-banku hori du oinarri Euskara Zerbitzuak zenbait aztergai sortu eta lantzeko.

5. EUSKARA ZERBITZUAREN BESTE LAN BATZUK

Beste zenbait lan eta zeregin ere baditu Euskara Zerbitzuak. Besteak beste normalkuntzarako ezinbestekoa gertatzen den estandarizazioari ere heldu dio, neurri batean behintzat, EHUren Izendegiaren atal baten argitarapenarekin (ikastegiak, sailak, jakintza-arloak); baina izendegia erabaki eta argitaratzearekin batera, erabaki horiek hartzeko irizpideak ere argitaratu ditu Euskara Zerbitzuak, gogoan hartuta, besteak beste, badirela beste erakunde batzuk ere izendegiak erabaki beharrean daudenak. Bestela ere maiz ditugu iritzi desberdinak eta elkarrengandik urruntzeak izenak erakunde edo jakintza-kontzeptuak izendatzeko orduan, eta ezinbestekoa dirudi proposamenak irizpide sendo eta argien gainean argitaratzea.

Administrazio eta Zerbitzuetako langileentzako zerbitzua ere bada, inprimaki estandarizatuak eskaini eta eguneroko hizkuntza lanean aholkularitza eskaintzeko (aplikazio telematiko baten bidez) eta, oro har, administrazioko itzulpen lanaz arduratzen den itzultzaileen taldearen eta testu akademikoen itzulpenaz arduratzen direnen arteko harremana eta komunikazioa sendotu da, irizpideak eta erabilerak bateratzeko.

 Aldi berean, ikastegi eta irakasleen ekimenetan laguntzea du helburu Euskara Zerbitzuak. Izan ere, zenbait proiektu sortu dira azken urteotan: Erizaintzako Hiztegia osatzea, Euskara Juridikoa mintegia abian jartzea, Mikrobiologiako hiztegia finkatzeko weblog bidezko taldea, Sexologia Hiztegia, eta abar.


6. ZENBAIT HELBIDE (EUSKARA EHUn)

Euskararen egoera EHUko irakaskuntzan, administrazioan eta ikerkuntzan aztertu nahi izanez gero, honako helbide honetara jo daiteke:

 http://www.ehu.es/euskara-orria/euskara/euskera/euskera.htm

 Euskara Zerbitzuak eskaintzen dituen kontsulta-zerbitzuak, helbide honetan daude bilduak:

 http://www.ehu.es/euskara-orria/euskara/consultas/consultas.htm

 EHUko euskarazko argitalpenak (paperezkoak nahiz elektronikoak) helbide honetan jaso dira:

 http://www.ehu.es/euskara-orria/euskara/publica/publica.htm

 Euskara Zerbitzuak eskaintzen dituen ikastaroak, berriz, honako hauek dira 2003-04 ikasturtean:

 http://www.ehu.es/euskara-orria/euskara/cursos/cursos.htm  

 

7. ETORKIZUNERA BEGIRA

Etorkizunera begira ez dugu ahaztu behar unibertsitateko euskara (corpus nahiz erabilerari dagokienez) mundu zabalago batean dagoela txertatua. Ez dago unibertsitateko testugintza egokitzerik baldin eta aurreko irakas-mailetakoa kontuan hartzen ez bada. Testugintzako arazoak (ereduak, estilo-arazoak, araugintza espezifikoa...) batean nahiz bestean erabaki beharko dira, elkarren berri izanez eta elkarlanean. Era berean, ezinbestekoa da euskalgintzan ari diren beste unibertsitateetako eta unibertsitatez kanpoko erakundeen arteko harremana. Beste horrenbeste gertatzen da terminologiarekin, badirelako zenbait erakunde lexikografia eta terminografia lanean: oinarrizko hiztegiaren estandarizazioaren ardura duen Euskaltzaindia (Hiztegi Batua), terminologia “ofiziala” ezarriko duen Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordea, terminologia elkarteak, hiztegigileak, hizkuntza zerbitzuak eskaintzen dituzten itzulpen agentzia eta bestelako erakundeak.

 Erakunde edo espezialisten arteko harremana gero eta errazagoa gertatzen da gaur egun teknologiaren bidez eta badira eztabaida nahiz proposamenak egiteko zenbait gune eta topaleku: “erabili.com”, “sustatu.com”, “Itzulist”, eta abar. Poliki-poliki hizkuntzaren eta hizkuntza-zerbitzuen inguruko sare zabala (estandarizazioa, erabilera, kontsulta eta abar bideratzen dituena) osatzen ari da euskalgintzan eta pentsa daiteke bere fruituak emango dituela datozen urteetan.

 Baina bide horretan aurrera egiteko ezinbestekoa dugu erabiltzaile-sarea osatzea. Eta erabiltzailea definitzeko orduan, gogoan hartu behar dugu erabiltzaile edo hiztun horien hizkuntza gaitasuna dela hizkuntza harremana erabakiko duena. Hortaz, euskarazko irakaskuntza sustatu eta bultzatzearekin batera (irakasle berriak kontratatuz, esate baterako), eta normalizazio neurriak ezartzearekin batera (besteak beste, langileen euskarazko jarduna erraztuz eta ikasle-irakasleentzako testu zainduak argitaratuz), erabiltzaileen hizkuntza gaitasuna hobetzeko neurriak ere hartu beharko dira hurrengo urteetan, ikastaroen bidez, ereduak eskainiz eta hizkuntza zuzenketa eta aholkularitza lanen bidez.
 

 

BAT aldizkaria: 
50. 2004ko martxoa. Unibertsitatea eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Iñaki Ugarteburu
Urtea: 
2004