Edukia

1.  Iturriak.

2.  Lurraldeen banaketari buruzko argibideak.

  2.1.  Herrialdeak.

  2.2.  Eskualdeak.

  2.3.  Zonalde linguistikoak.

3.  EDBk jasotzen eta erakusten duen informazioa.

4.  Kontzeptu eta kategoriak.

  4.1.  Hizkuntza-gaitasuna: euskaldunak, ia euskaldunak eta erdaldunak.

  4.2.  Kale Erabilera: euskararen ahozko erabilera.

  4.3.  Euskara irakaskuntzan: A, B, D eta X/G hizkuntza ereduak.

  4.4.  Hezkuntza sistemaren sailkapena.

  4.5.  Adina: haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak.

 

1.  Iturriak

  • Biztanleria datuetarako, EUSTAT, INE, IEN, Euskarabidea eta INSEE: Biztanleria zentsuak, biztanle erroldak eta Biztanleriaren estatistikak.

  • Euskararen hizkuntza-gaitasuna datuetarako
    ,
    • EUSTAT: Biztanleria zentsuak eta Biztanleriaren estatistikak 1981, 1986, 1991, 1996, 2001, 2006 eta 2011.

    • IEN: Biztanleria zentsuak eta Biztanleriaren estatistikak 1986, 1991, 1996 eta 2001.

    • Euskarabidea: Nafarroako Mapa Soziolinguistikoa 1991, 2001 eta 2011.

    • Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkesta (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Kultur Erakundeak egina, 1991koa, 1996koa, 2001ekoa eta 2011koa) erabili dugu.


  • Euskararen erabilera datuetarako, EKB, SEI eta Soziolinguistika Klusterra: Euskararen Kale Erabileraren Neurketak (1989, 1993, 1997, 2001, 2006 eta 2011).

  • Irakaskuntzari buruzko datuetarako, EUSTAT: Irakaskuntzaren Estatistikak (1983/1984, 1984/1985, 1985/1986,… 2012/2013). IEN: Enseñanzas no Universitarias: Matrícula (1996/1997, 1997/1998, … 2011/2012).

2.  Lurraldeen banaketari buruzko argibideak

  2.1.  Herrialdeak

Ipar Euskal Herrian Kale Erabilerari buruzko datuak hiru lurraldeak bereizi gabe ematen dira: Lapurdirako, Nafarroa Behererako eta Zuberoarako ez dugu informazio banakakorik.

Hizkuntza-gaitasunari dagokionean, berriz, bi eremu ditugu Iparraldean: Lapurdikoa batetik, eta Nafarroa Beherea eta Zuberoa bestetik.

Bestalde, Arabako datuetan, ez dira sartzen Trebiñuri eta Argantzoni buruzko datuak, eta Bizkaikoetan, Villaverde Turtziozkorik ere ez dago. Udalerri horiek, izan ere, ofizialki Burgos eta Santanderkoak dira, eta han egindako zentsu eta erroldetan ez da euskararen hizkuntza-gaitasunari buruzko galderarik egiten.

  2.2.  Eskualdeak

Eskualdeak aukeratzerakoan erabilitako irizpidea honakoa izan da:

Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako, EUSTATek erabiltzen duen eskualdekatzea oinarritzat hartu dugu, eta honako bi moldaketak egin dizkiogu:

  • Arabako eskualde gisa hartu dugu Trebiñoko konderria, eta eskualde berezi batean bildu ditugu Trebiño eta Argantzun.

  • Villaverde Turtziozko udalerria, berriz, Enkarterriko eskualdean (eta Bizkaian) sartu dugu.

Nafarroa Garairako, IENek erabiltzen duen eskualdekatzea bere horretan hartu dugu (Zonificación Navarra 2000).

   2.3.  Zonalde linguistikoak

Erabilera datuak, herriz herri dagoen hizkuntza-gaitasuna mailarekin alderatu ahal izateko, “zonalde linguistikoen” araberako datuak eskaintzen ditugu EDBn Hegoalderako, eta bertako lau herrialdeetarako.

Tamalez, Ipar Euskal Herrian udalerrikako hizkuntza-gaitasunari buruzko daturik ez dugunez, ezin izan dugu Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Euskal Herri osorako zonalde linguistikoen araberako daturik eskaini.

Zehazki, 2001ko zentsuko datuetan oinarrituz, herri bakoitzean euskaldunek osatzen zuten ehunekoaren arabera sailkatu ditugu Hego Euskal Herriko udalerriak, honako lau kategorietan:

  1. Euskaldunak %0,00 - %25,00

  2. Euskaldunak %25.1 - %50,00

  3. Euskaldunak %50,01 - %75,00

  4. Euskaldunak %75,01 - %100,00

3.  EDBk jasotzen eta erakusten duen informazioa

Datu-basearen aurkezpenean azaldu bezala, euskarari buruzko datu estatistikoak biltzeko, antolatzeko eta irudien bidez erakusteko xedez sortu da EDB. Jasotako informazioaren artean, aztergai batzuek udalerrietatik hasi eta eremu guztietarako informazioa eskaintzen digute, hori ahalbideratzen dutelako informazio hori eskuratzen duten estatistika operazioek (zentsuak, adibidez), eta badago laginean oinarritzen den aztergaia ere (kaleko ahozko erabilera). Azken honen informazioa estatistikoki erakusgarria den heinean erakutsiko du EDBk.

Horrela, Kale erabilera aztergaian, Euskal Herri osorako, Arabarako, Bizkairako, Gipuzkoarako eta Nafarroa Garairako erabili den lagina egokia da. Lapurdirako, Nafarroa Behererako eta Zuberoarako, berriz, guztien emaitzak batuta ematen ditugu, laginak ez baitziren nahikoak hiru herrialde horien guztien emaitzak bereizita eman ahal izateko.

Bestalde, hizkuntza-gaitasuna aztergaian Iparraldeko hizkuntza-gaitasuna datuak Inkesta Soziolinguistikotik jaso ditugu. Kontuan izan behar dugu, beraz, lagin batean oinarritutako informazioa dela, eta 15 urtetik beherakoen daturik ez dugula.

Lagina nahikoa ez dugun eremuen informazioa eskatuz gero, oharra agertuko da daturik ez dagoela adieraziz, eta taulen atalean eremu horretatik gorako datu estatistikoki fidagarriak agertuko dira.

4.  Kontzeptu eta kategoriak

  4.1.  Hizkuntza-gaitasuna: euskaldunak, ia euskaldunak eta erdaldunak

Herritarren euskara mailaren berri emateko, zentsuen eta biztanleriaren estatistiken emaitzak biltzen ditu EDBk. Zehazki, eta EAEko EUSTATek eta Nafarroa Garaiko IENek erabili ohi duten sailkapena erabiliz, hiru alorretan banatu ditugu herritarrak, hizkuntza-gaitasunaren arabera:

  • Euskaldunak: euskara “ondo” ulertzen eta “ondo” hitz egiten dutenak, euren erantzunen arabera, betiere.

  • Ia euskaldunak: euskara “ondo” edo “nekez” ulertu eta “nekez” hitz egiten dutenak.

  • Erdaldunak: euskara ulertzen ez dutenak eta hitz egiten ez dutenak.

Argibide gehiagorako, sakatu ikus HEMEN EUSTATen definizioa

Ipar Euskal Herrian, zentsu bidez jasotako hizkuntza-gaitasunari buruzko daturik ez dago. Hutsune hori bete nahian, Inkesta Soziolinguistikoak biltzen dituen hizkuntza-gaitasuna datuak ekarri ditugu EDBra. Dena den, kontuan hartu behar dugu, Inkesta Soziolinguistikoan 15 urtetik beherako haurren eta gaztetxoen daturik ez dugula.

   4.2.  Kale Erabilera: euskararen ahozko erabilera

Kale Erabileraren Neurketan kalean entzuten ditugun elkarrizketetako hiztunak neurtzen dira. Emaitzak, neurketa egin den une eta eremuan entzundako elkarrizketetan hizkuntzen erabilera zenbatekoa den adierazten du ehunekotan.

Erabilera aztertzeko kale neurketen metodologiari buruzko argibide gehiagorako, sakatu HEMEN.

  4.3.  Euskara irakaskuntzan: A, B, D eta X/G hizkuntza ereduak

Euskal lurraldeak hiru administraziotan banatuta egonik, ezberdintasunak daude horiek dituzten hezkuntza sistemen eta hizkuntza ereduen artean. Guztiak aintzat hartuta, hizkuntza ereduak honako alorretan multzokatu ditzakegu:

  • D eredua: Irakaskuntza osorik euskaraz ematen da, gaztelania/frantsesa irakasgaia izan ezik.

  • B eredua: Irakasgai batzuk euskaraz dira eta beste batzuk gaztelaniaz/frantsesez. Eredu honetan irakasgaien (eta eskola orduen) banaketa, aldakorra izan daiteke ikastetxe batetik bestera. Eredu honen baitan Br eredua ere badago, B eredu indartzailea deiturikoa, euskarazko irakaskuntzari leku gehiago egiten diona, baina B eredu bakarra hartu dugu aintzat, bereizketarik egin gabe.

  • A eredua: Irakaskuntza osorik gaztelaniaz/frantsesez ematen da, euskarazko irakasgaia izan ezik.

  • X/G eredua: Eredu honetan ez da euskara ematen, ez irakas-hizkuntza bezala ez eta irakasgai bezala. EAEn X eredua deitzen zaio, eta Nafarroan G eredua

  4.4.  Hezkuntza sistemaren sailkapena

Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza aztertzerakoan Araubide Orokorreko irakaskuntzaz arituko gara, ez ditugu araubide bereziko irakaskuntza edota bizialdi osoko irakaskuntza kontuan hartuko. Araubide Orokorraren baitan "prestakuntza iragankorra", "hezkuntza berezia" eta "helduen hezkuntzari" buruzko datuak ez ditugu jasoko, kopuruz urriak direlako.

Hona hemen ikasmailen sailkapena:

  • Haur Hezkuntza

  • Lehen Hezkuntza

  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

  • Batxilergoa

  • Lanbide Heziketa

  • Gainontzekoak

Ikasmaila horiez gain, 1986/87tik 1998/1999ra Irakaskuntza Ertainen Erreforma (REM) izango dugu. Garai hartako BBB eta UBI gaur egungo DBH eta Batxilergoarekin alderatu dugu.

Lanbide Heziketan Formazio Zikloak, (CFGM eta CFGS), ere aintzat hartu ditugu.

   4.5.  Adina: haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak

Adinaren arabera aurkezten dugun informazioa lau adin-taldeetan banatu dugu.

Hizkuntza gaitasuna, lehen hizkuntza, eta etxeko hizkuntza datuak:

  • Haurrak: 2-14 urte artekoak

  • Gazteak: 15-34 urte artekoak

  • Helduak: 35-64 urte artekoak

  • Adinekoak: 65 urtetik gorakoak

Kale erabilera datuak:

  • Haurrak: 2-14 urte artekoak

  • Gazteak: 15-24 urte artekoak

  • Helduak: 25-64 urte artekoak

  • Adinekoak: 65 urtetik gorakoak

 

2015eko abendua



Soziolinguistika Klusterra / Tel.: 943 592 556 / Posta-e.: kluster@soziolinguistika.eus / MARTIN UGALDE KULTUR PARKEA, 20140 - ANDOAIN