Soziolinguistikaz berripaperaren 03. zenbakia / 2005eko ekaina

3. zenbakia / 2005eko ekaina

Soziolinguistikaz word formatoan jaitsi nahi baduzu, sakatu hemen

 

 

AGENDA

 

 

2005eko uztailak 4-6 Euskararen erabilera ikastetxean nola sustatu. Hikhasi udako topaketak, Donostia.
Hik hasik antolaturiko udako ikastaroen artean, “ikastetxean euskararen erabileran aurrera egiteko nola eragin” gaiaren ingurukoa da bat:
Uztailak 4-5: 9:00-14:00

  • Euskararen erabileraren edo erabilera ezaren arrazoiak aztertu
  • Diagnosia egin
  • Esku-hartze lan esparruak definitu
  • Plangintza diseinatu
  • Plangintza eragingarria izan dadin egitura egokia bideratu
  • Plangintza sistematizatu

Uztailak 6: 9:00-14:00

  • Saio praktikoa: balizko diagnosia eskura jarriz urteko plangintza diseinatu

Koordinatzaileak: Kristina Boan eta Helena Baraibar

Argibide gehiago: 943 371408 edo hikhasi@hikhasi.com

2005eko uztailak 11-14. Euskal Herriko estatistikak. Eibar.
Gaindegiak (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak) antolatu duen ikastaro honen helburuak, besteak beste, hauek dira:

  • Gaur egun herri batentzat estatistikek duten garrantziaz ohartzea.
  • Euskal Herrian diharduten estatistika erakunde publikoen jarduna ezagutzea, eta Euskal Herriari buruzko datuak lortzeko horiek dituzten mugak erakustea.
  • Azken urteetan Euskal Herriko estatistikak sortzeko bidean emandako urratsak ezagutzea. Bereziki, Gaindegiak abian jarri duen ‘Euskal Herriko datuen talaia’ estatistika zerbitzuaren berri ematea, eta www.datutalaia.net web orriaren erabileran trebatzea.

Ikastaroa Euskal Herriaren errealitatea hobeto ezagutu nahi dutenei zuzenduta dago, estatistikekin lan egin behar dutenei bereziki: kazetariak, soziologia eta ekonomiako irakasle, ikasle eta profesionalak, aholkularitza enpresak... Hizlariak izango dira:

  • Amaia Elizagarate, Gaindegiako Estatistika Batzordearen arduraduna.
  • Iñaki Iurrebaso, Aztiker Ikerguneko teknikaria.
  • Xabier Isasi,EHU-UPVko irakaslea eta Gaindegiako Lehendakaria.
  • EUSTATeko teknikari bat.

Talde muga: 20 ikasle.
Ordu kopurua: 22.
Ikastaroaren prezioa:130 € mota (deskontuak ere badira).

Argibide gehiago: www.gaindegia.org/?q=eu/node/75

 

2005 urria-2006 ekaina. Hizkuntzen Kudeaketa titulua. HUHEZI.
Hizkuntzen kudeaketan lanean ari diren profesionalak prestatzea du helburu HUHEZIk eskaintzen duen 33 kreditutako titulazio honek (Guztira 330 ordu):
1. Derrigorrezko moduluak:

  • Epistemologiaren inguruko ikasgai bat.
  • Eleaniztasunaren inguruko ikasgai bat.

2. Hautazko moduluak:

  • Hizkuntzen didaktikarako marko epistemologiko eta didaktikoa.
  • Eleaniztasunaren kontzeptualizazioa.
  • Irakaskuntza eleanizduna.
  • Hizkuntzen curriculum bateratua.
  • Gizarte Psikologia.
  • Soziolinguistikaren hastapenak.
  • Ahozko hizkuntza formalaren ikaskuntza-irakaskuntza.
  • Ahozko azalpena.
  • Kulturarteko hezkuntza.
  • Edukien bitartezko hizkuntzaren metodologia.

3. Ikastaro Amaierako Proiektua (3 kreditu).

Zuzendaria: Matilde Sainz (Hezkuntzako zuzendaria eta HUHEZIko irakaslea).
Koordinatzailea: Nekane Arratibel (Hizkuntza saileko burua eta HUHEZIko irakaslea).

Informazio gehiago: http://www.huhezi.edu/descargas/dokumentuak/Hizkuntzen%20Kudeaketa_eusk.pdf

 

2005 urria-2006 uztaila.HEREKU graduondokoa. EHU/UPV, Donostia.
Herri Erakundeen Kudeaketarako beharrezkoak diren tresnen analisia ez dago behar bezala jasoa unibertsitateetako ikasketa-planetan; hutsune hori betetzera dator Hereku graduondokoa. Herri eta Toki Erakundeetan lanean ari diren profesionalei edota arlo honetan jakintza maila hobetu nahi duten lizentziatu edo diplomatu berriei zuzendua dago.
Lekua: Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola (EHU/UPV)
Iraupena: 310 ordu.
Izen-ematea: ekainak 15-irailak 15.
Argibideak: hereku@se.ehu.es edo http://www.sc.ehu.es/seweb/webcentro/euskara

2005 urria-2006 maiatzaMarketing linguistikoan graduondokoa. Bartzelona.
Bartzelonako Komunikazio Zientzien Fakultateak, administrazio publikoko kideei eta hizkuntza zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresei zuzenduriko graduondokoa antolatu du datorren ikasturterako. Egitaraua modulu hauetan banatzen da:

  • A modulua: Marketing linguistikoa, izaera propioa duen kontzeptua.
  • B modulua: Aldaketa soziala, hizkuntza plangintza eta hizkuntza politika.
  • C modulua: Produktuak eta hizkuntza zerbitzuak.
  • D modulua: hizkuntza erabiltzaileak, kontsumitzaile modura.
  • E modulua: marketing plana hizkuntza izaeradun produktuentzako eta zerbitzuentzako.

Graduondoko hau eskainiko duten irakasleen artean agertzen dira, besteak beste: Isidor Marí, Josep Maria Martí, Miquel Pueyo, Joan Solé, Miquel Strubell, Ernest Querol, Xavier Vila, Miren Azkarate, Lorea Bilbao.

Argibide gehiago: http://www.3fcc.com/

Ekainak 27-uztailak 1. Merkatu bat, hizkuntza bat? Enpresak, batasun ekonomikoa, eta hizkuntz aniztasuna. Udako ikastaroa. Reus, Tarragona.
Ikastaroaren helburuak dira:

  • 1) Eremu murriztuko hizkuntzengan Europar Batasunak eta bereziki bere dimentsio ekonomikoak duen eragina ezagutzea.
  • 2) Merkatuaren antolaketa berriaren eragin kulturala eta linguistikoa ezagutzea.
  • 3) Hizkuntza gutxituen hedapen soziala aztertzea.
  • 4) Administrazioaren, bereziki hizkuntza zerbitzuen, funtzioaren inguruko eztabaida.

Hizlarien artean izango dira, Emili Boix, Miquel Siguan, Joan Solé, Miquel Strubell, eta Ernest Querol.
Argibide gehiago: http://www.urv.net/vida_a_la_urv/6_universitat_estiu/UE2005/un_mercat_una_llengua.htm

 

EKIMENAK ETA KANPAINAK:

Sustraituz.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren barruan Euskara Planen Zuzendaritzakoek Sustraituz izeneko zerbitzua jarri dute martxan. Zerbitzu berri honen helburua euskarak lan-munduan duen kokaguneaz sortzen den informazioa, bai Kultura Sailak bai bestek sortutakoa, interesa izan dezaketenei iritsaraztea da.

  • Atal nagusia: Lan-mundua.
  • Lau azpiatalak: Sarrera (gaiaren ikuspegi historikoa, besteak beste), Idatzizko baliabideak (INEMen lan-kontratuak eta beste), Software baliabideak (Web gune eleaniztunak eta beste), Euskara-planak (zer diren, nola garatu, diru-laguntza publikoak eta beste).

Informazio gehiago: http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1113987578
Harremanetarako: sustraituz@ej-gv.es

Euskal Tonbola.
Kontseiluak Euskal Tonbola antolatu du, euskara bultzatzeko proiektu berriak abian jartzeko baliabideak lortzeko helburuarekin. Euskal Tonbola herriz herri joango da euskararen konpromisoa zabaltzen. Txartel bakoitzean sariaren izenarekin batera, norbanakoen euskara sustatzeko konpromiso bana azalduko da.
Informazio gehiago: http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1114774742

Ikasketak euskaraz jarraitzeko kanpaina
"Zeurea da aukera, jarraitu euskaraz" kanpaina abian jarri dute Bizkaiko 38 udalerrik Batxilergo eta Lanbide Heziketa ikasketak egin behar dituzten gazte euskaldunek D eredua aukera dezaten eta euskaraz ikasten jarrai dezaten.
Informazio gehiago: http://www.getxo.net/eus/zerbitzua/pags/aukera01.htm

Hedabideak euskalduntzeko ekimena abiatu du EHEk.
Euskal Herrian Euskaraz taldeak Hedabideetan euskaldunok itsu, mutu, gor ekimena jarri du abian. Horrela, hedabideen euskalduntzea eskatzeko sinadurak biltzen hasi dira. Bestalde, hainbat hedabidetara postalak bidaltzeko eskatu die EHEk herritarrei, hedabide horiek euskararen kontrako jarrera dutela uste baitu. Besteak beste, El Diario Vasco, El Correo, Diario de Navarra eta Sud Ouest aipatu dituzte.

IKERKETAK ETA AZTERKETA LANAK:

55.000 dolarreko beka euskarari buruzko ikerketa egiteko.
Begoña Etxeberriak, Kaliforniako Unibertsitateko soziologiako doktore eta irakasle euskaldun kaliforniarrak, National Academy of Education-eko (NAE) Spencer Postdoctoral Fellowship beka eskuratu du. Begoña Etxeberriak 55.000 dolarreko beka izango du euskarari eta hezkuntzak hizkuntza gutxituen pertzepzioan duen eraginari buruzko ikerketa burutzeko.
Informazio gehiago: http://www.nae.nyu.edu/spencer/

III. mapa soziolinguistikoa.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak maiatzean aurkeztu du lau urtez behin gizarteratzen den lana: EAEko mapa soziolinguistikoa. III. Mapa Soziolinguistiko honek euskararen egoera nolakoa den azaltzen du eta azken hogei urteotan izan duen ibilbidea ere deskribatzen du. Izan ere, 1981etik 2001era bitartean, EAEn egin diren zentsuetako eta erroldetako emaitzetan oinarrituz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, EUSTATen laguntzarekin, hiru mapa soziolinguistiko kaleratu ditu. Hirugarrena duzu hau.
Informazio gehiago: http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1115732908

Arlo pribatuko entitateetarako euskara-planen deialdia
Entitate pribatuetan eta zuzenbide publikoko korporazioetan euskara-planak garatzeko edota koordinazio-jarduerak aurrera eramateko diru-laguntzak emateko modua arautzen duen 2005eko maiatzaren 25eko Agindua ekainaren 3an argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Aurtengo deialdiak baditu zenbait berrikuntza. Agindua, 2005eko maiatzaren 25ekoa.
Eskabideak aurkezteko epea: ekainaren 4tik uztailaren 7ra.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua: ekainaren 3an.

1,1 milioi € enpresa pribatuetan euskara planak garatzeko
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak enpresa pribatuetan euskara planak garatzeko urteko egitasmoa onartua du. Jaurlaritzak 1.118.522 euro erabiliko ditu euskara planak martxan jarri edo garatu nahi dituzten enpresei laguntzeko.
Informazio gehiago: http://www.euskadi.net/r33-2316/eu/contenidos/informacion/euskara_plana_diru_laguntzak/eu_8385/euskara_planak_diru_laguntzak.html

 

SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA
Jardunaldiak

Euskararen transmisioa eta erabilera JARDUNALDIA gauzatu zen maiatzaren 26an Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Soziolinguistikako Klusterrak antolatuta. Euskararen geroratzeaz, eta bereziki familia-bidezkoa nola ari den gauzatzen zehatz-mehatz ezagutzeko beharraz eta, aldi berean, prozesu horretan eragile diren gizarte-esparruen zeregina finkatzeko premiaz jabetuta, urrats bat izateko asmoarekin antolatu ziren, hain zuzen, jardunaldiok.
Informazio gehiago: http://www.kultura.ejgv.euskadi.net/r46-738/eu/contenidos/noticia/euskara_transmisioa/eu_8182/euskara_transmisioa.html

BAT soziolinguistika aldizkaria

Hurrengo zenbakia (56): Dosierra: EUROSLA kongresua: The acquisition of basque as a second language:

  • Lehen eta bigarren hizkuntzen ulermenean eragiten duten faktoreak.
  • Nafarroako irakaskuntza elebiduna: irakasleen jarrerak eta sinesmenak
  • Elebitasunarekiko eta euskararekiko: Arabar Errioxako zenbait datu.
  • ...

Azken zenbakia (55):

Euskararen erabileraren eta normalizazioaren azterketa EAEko administrazioan (8 artikulu)

 

Soziolinguistika Klusterraren Batzar Orokorra: ekainak 16, 18:30ean

Martin Ugalde Kultur Parkean egingo da Soziolinguistika Klusterraren Batzar Orokorra, ekainaren 16an, 18:30ean. Batzar honetan, Soziolinguistika Klusterreko bazkideen aurkezpena egiteaz gain, 2004an egindakoaren azalpena eta 2005erako egitasmoaren berri emango da

Informazio gehiago

Harremanetarako: kluster@soziolinguistika.org

 

ARGITALPENAK:

Euskara enpresaren kudeaketan: gakoak eta esperientziak
Euskara eta Kudeaketa foroaren fruitua izan da Ezagutzaren Clusterrak kaleratu duen txostena. Gaur egungo egoeraren azterketa egiteaz gain, euskararen balio erantsia eta erakundeen kudeaketan euskara nola sartu aztertu dituzte foro horretan (bertan parte hartu dute, besteak beste, Elhuyar, Emun, Gaiker, Ikerlan, MCC, EHU, eta UZEI erakundeek). Argitalpen honetan zortzi esperientzia praktikoren berri ematen digute; hain zuzen ere: Batz s.coop, EiTB, Este/Eugt, IMH, Labein Fundazioa, Mondragon Goi-Eskola Politeknikoa, Tekniker, eta EHU/UPV.
Informazio gehiago: http://www.clusterconocimiento.com/

HIZKUNEA: soziolinguistikako aldizkari berria
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aldizkari elektroniko berria sortu du, soziolinguistikaren inguruko gaiak zabaltzeko helburuarekin. Aldizkaria lau ataletan egituratuko da: 1) egile ospetsu batek idatzitako artikulu nagusi bat; 2) argitalpenak; 3) ikerlanak; 4) gertakizunen agenda. Euskaraz eta ingelesez argitaratuko da; orrialde nagusia eta artikuluen laburpenak frantsesez eta gaztelaniaz ere izango dira
Ikusgai izango da: http://www.euskara.euskadi.net

Hitzarmengintza: entitateak euskalduntzeko metodologia
Argitaratzailea: Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa, 2003ko azaroa.
Eskuliburu honetan, zenbait udaletako teknikarik beren lanaren inguruko esperientziak biltzen dituzte. Hitzarmengintza proiektuak hainbat sektoretan (eta horien artean enpresetan, bereziki txikizkako merkataritzan) euskararen erabilera normalizatzeko gauzatzen diren egitasmoak dira, gutxienez bi erakunderen artean akordatutakoak: erakundeetako batek euskararekiko konpromiso zehatzak hartzen ditu eta besteak konpromiso horiek aurrera eraman ahal izateko laguntza eskaintzen dio teknikarien bitartez. Proiektu hauen azken helburua hizkuntza normalizazioa da eta hitzarmenak helburu hori lortzeko tresnak besterik ez dira.
Harremanetarako: zuzendaritza@topagunea.com

Gazteak eta Administrazioa unitate didaktikoa
Administrazioan euskararen erabilera sustatzeko argitalpen berri bat prestatu dute Debagoienan. Bertako mankomunitateak eta euskara zerbitzuek, gazteak administraziora euskaraz hurbilarazteko asmoz, gai hauek landu dituzte lan honetan: gazteak eta administrazioa; gaztelekuak eta gaztetxeak; parrandara autobusean; isunak; herriko festak; kirolak. AEAko ikastetxe guztietan banatu dute unitate didaktiko hau, eta Nafarroara eta Iparraldera ere bideratuko da material hau.
Osorik ikusteko: http://www.debagoiena.com/Idatziak/irakasleak

Ostalaritzaz
Ostalaritza izeneko ikasmaterialak euskaraz ezer ez dakiten ostalariei begira egin dira, gutxieneko trebakuntza lor dezaten bezeroekin euskaraz komunikatzeko. HABE erakundeak Ostalaritza ikasmaterialen bilduma argitaratu du ostalaritzaren sektorean euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Elhuyar Aholkularitzak eta HABE erakundeak lankidetzan burutu dute Ostalaritza Tabernan eta Ostalaritza Jatetxean liburukiak dituen bilduma. Gazteleraz eta euskaraz idatzita dagoen bildumak nork bere aldetik eta bakarrik ikasteko diseinatu da, ostalaritzan aritzen diren langileek euskaltegira joateko ordutegiengatik izaten dituzten arazoak kontuan hartuz.
Osorik ikusteko: http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/dokumentuak/2005/ostalaritza017.pdf

BESTELAKOAK

Itzultzaile automatikoa software librean, IXA taldearen eskutik
Dagoeneko abiatu da Espainiako estatuko lau hizkuntza nagusiak kontuan hartzen dituen proiektua, espainiera (es), euskara (eu), galegoa (gl) eta katalana (ca), hain zuzen. Itzulpenak egiteko transferentzia bidezko teknologia klasikoa erabiltzen du. Hau da, bi hizkuntza zehatzen arteko baliokidetzak bilatzen dira, eta horregatik, hizkuntza bikote bakoitzeko sistema bat egongo da. Beraz, es-eu, eu-es, es-ca, ca-es, es-gl eta gl-es bikoteetarako sistemak sortuko dira. Proiektuaren emaitza 2006ko lehen hiruhilekoan agertuko da: alde batetik, itzulpenak egingo dituen webgune bat zabalduko da, eta bestetik, erabilitako kodea eskuratzeko eta egokitzeko aukera izango da.
Osorik irakurtzeko: http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1111148758

Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-basea, Inguma, eguneratuta
Unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen da bertan. Dokumentu hauen guztien gaineko erreferentziak aurkituko dituzu Inguman baita Internet-en dauden 1.706 artikuluren esteka ere. Datuen eguneraketarekin batera web gunean hainbat berrikuntza aurki ditzakezu:

  • Dokumentuen loturez gain, egileak ezagutzeko aukera.
  • Tesien digitalizazioa
  • Ziurtagiria eskatzeko aukera. Edozein egilek Inguma datu-basean katalogatutako bere euskarazko produkzio zientifiko-kultural osoaren ziurtagiria eskuratu ahal du. Horretarako, www.inguma.org helbidean adierazitako pausuei jarraitu eta ziurtagiria PDF formatuan igortzen zaio bere postontzi elektronikora.

Harremanetarako: inguma@ueu.org
Argibideak: http://www.inguma.org

Aurki.com amarauneko euskarazko informazioaren topaleku
Amarauneko 200 informazio iturrietako informazioa topa daiteke Aurki.com-en. Informazio guztia behar bezala sailkatuta eta euskaraz. Zerbitzu hauek berrikuntza dira euskaraz. Baina ez bakarrik euskaraz. Nobedadea dira Euskal Herriko Interneteko garapenean. Aurki.com da euskal sarearen esparruan sortutako lehen albistegi automatikoa. Herri honetan sortutako lehen feed irakurgailua. Bertako blogosferaren ikusmira bateratu bat ematen duen lehen baliabidea. Erdaraz ez dago orain artean halakorik.
Argibide gehiago: http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1112882164

HUHEZIk Gizakom bloga sortu du
Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, HUHEZIk, Gizakom izeneko bloga sortu du, informazioa zabaltzeko fakultate horretako Giza Zientzien inguruan. Bi karrera izango ditu mintzagai Gizakom blogak: Enpresarako Giza Zientziak, eta Informazioa eta Komunikazioa. Ikasketa horiekin lotutako albisteak, elkarrizketak, eta iritzi artikuluak argitaratuko dira Gizakom blogean.
Argibide gehiago: http://www.gizakom.blogspot.com

ScanSoften esatari euskalduna online probatzeko aukera
Arantxa izena du eta ScanSoftek sortu duen esatari euskalduna da. Testu-hizketa bihurketako RealSpeak aplikazioan euskaraz idatzitako testuei ahotsa jartzen die. Enpresaren webgunean bere ahotsa entzuteko aukera ematen dute. Gehienez ehun karaktere dituen testu bat idatzi eta esatariak irakurri egingo du.
Informazio gehiago: http://www.scansoft.com/speechworks/realspeak/demo/default.asp

MARTIN UGALDE KULTUR PARKEA :: 20140 Andoain :: Tel:943 592556 :: Fax:943 304151 :: kluster@soziolinguistika.org

 

EranskinaTamaina
3.zenbakia (2005-6).doc213.5 KB