Soziolinguistikaz berripaperaren 26. zenbakia / 2009ko iraila

 

26. zenbakia / 2009ko iraila

Word dokumentua/Pdf dokumentua

SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA

HAUSNARTU – II Euskal Soziolinguistika Sarien. Deialdia

Soziolinguistika Klusterrak HAUSNARTU Euskal Soziolinguistika Sarien II. edizioaren deialdia egin du.

Sarituko dira euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren inguruko lanak, eta beste ezagutza-esparruetatik ere (zuzenbide, soziologia, ekonomia, psikologia, historia, geografia, gizarte psikologia, antropologia…) euskal soziolinguistikaren eremura egokitutako lanak.

Hiru sari banatuko dira, 1.000 €, 700 € eta 500 €koak. Lanak bidaltzeko epea 2009ko azaroaren 15a izango da.

Informazio gehiago:

Bikoteen artean hizkuntza ohituren aldaketa. Ikerketa lana burutu du soziolinguistika klusterrak

Proiektu honetan, beren harremaneko eguneroko hizkuntza gaztelaniatik euskarara aldatu duten bikoteen kasuak ikertu dira. EAEn aldaketa hori eman duten bikoteen ibildideak aztertu dira, aldaketa-prozesu horien klabeak ezagutu eta orokortu nahian. Modu horretan, gainera, hizkuntza-ohitura aldatzearen fenomenoari buruzko ezagutza bat ere eskuratu nahi izan da.

Proiektu honen ideia Buruntzaldeko transmisioa indartzeko programaren baitan sortu zen, eta ikerketan eskuratu den informazioa, besteak beste, Familia bidezko transmisioa indartzeko egitasmoetan erabil daiteke.

Informazio gehiago:

Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuan Soziolinguistika Klusterraren parte hartzea

Kongresuak Gizarte aurrerapen iraunkorrerako berrikuntza du gai nagusitzat, eta Gasteizen burutuko da 2009ko azaroaren 18, 19 eta 20an.

Kongresu horren baitan SL Klusterrak bi saio antolatu ditu Maria-Jose Azurmendiren eta Pablo Suberbiolaren ardurapean. Bi saiook Hizkuntza ekologia eta hizkuntzen garapen iraunkorra gaien inguruan izango dira. Saioak azaroaren 19an izango dira.

Informazio gehiago:

BAT Aldizkaria 71. zenbakia kalean

BAT aldizkariaren 71. zenbakia Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren omenez kaleratu du Soziolinguistika Klusterrak.

Aldizkariaren sarreran urtetan lankide izan direnen hitzetan: “Laurogei urte betetzear dituela eta, urteurren horrek aukera eman digu aspaldian eskaini nahi genion omenalditxoa egiteko. Badakigu ale bakarrak nekez estaltzen ahal duela Joxe Luisen itzala. Halaz guztiz, motz geratuko garela jakinda ere, BAT aldizkariko ale hau eskaini nahi izan diogu. […] Esan dezakegu konpromisozko lankidetza zintzoa eskaini digula: zenbaitetan egoera zailek nahigabetuta, baina beti ilusioz gainezka. Landare arantzadunak ingurumarian eta txilarrak loretan, horrela ezagutu dugu txilardegia. Eskerrik asko, bihotzez, Txillardegi.”

Aldizkariak bildutako lanak:

  • Eskaintza. Olatz Altuna, Maria-Jose Azurmendi, Iñaki Martinez de Luna
  • Hitzaurre gisa. Belen Uranga

I. ATALA. Txillardegiren lanaren omenez

  • Ohar biografiko - bibliografikoa
  • Txillardegiren omenez: Aitortzak. Maria-Jose Azurmendi
  • Gogoetak. Maria-Jose Azurmendi
  • Omenez. Xabier Isasi
  • Euskararen erabilera aztertzeko oinarri zientifikoak. Xabier Isasi
  • Txillardegi glotopolitikan. Imanol Esnaola
  • Euskal Herria eta Euskara. Pilartxo Etxeberria
  • Hizkuntza eta nortasuna Txillardegiren lanean: ondaretik praktikara. Jacqueline Urla
  • Txilar sorta bat. Joxe Manuel Odriozola
  • Gizon begi-goritu. Paulo Agirrebaltzategi

II. ATALA. Txillardegiri eskainitako lanak

  • Txillardegirekin elkarlanean. Erramun Baxok
  • Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian. Erramun Baxok
  • Txillardegiren omenez. Ainhoa Beola
  • Txillardegiren omenez. Feli Etxeberria, Iñaki Pikabea, Beronika Azpillaga
  • Gazte unibertsitarioen bizipenak hizkuntza ikaskuntzan. Feli Etxeberria
  • Hiztunen generoaren eta adinaren pertzepzioaz. Iñaki Gaminde
  • Euskararen transmisioa familia bidez indartzeko tailer pilotua Buruntzaldean. Xabier Elortza, Alex Mungia, Nekane Goikoetxea, Iñaki Pikabea
  • Hizkuntza aldaketa bikoteen harremanean: ikuspegi teorikoa eta ikerketaren ondorioak. Pello Jauregi, Pablo Suberbiola

EKIMENAK ETA KANPAINAK

HIZNET Hizkuntza Plangintza Graduondokoan izena emateko epea zabalik

[HIZNET]

HIZNET Eusko Ikaskuntzaren ASMOZ fundazioak antolatzen duen ikastaroa da, Euskal Herriko Unibertsitatearen berezko titulua, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bermea duena.

Ikastaroa 2009ko azaroaren 2an hasiko da eta uztailaren 30a bitarteko iraupena izango du. Hartzaileak egun euskara teknikari lanetan diharduten edo egunen batean zeregin horietan aritzeko asmoa duten guztiak dira, egun agertzen diren premia eta erronka berrien aurrean duten gaitasuna eta jakituria eguneratzeko aukera izan dezaten. Herri administrazioan, hezkuntza sisteman eta antzeko lan-arlotan, hizkuntza normalkuntza erantzukizun publikoa dutenak, euren eginkizunak aurrera eramateko oinarri sendoagotik abia daitezen ere ikastaroaren hartzaileak izan daiteke. Izen-emateko epea urriak 6a artean izango da.

Informazio gehiago:

AEK eta HABEren matrikulazio kanpainak

Batzuetan biderik laburrena da onena lelopean abian jarri du AEKk aurtengo matrikulazio kanpaina. Bere eskaintzaren artean dago maila guztietako eskola hartzeko aukeraz gain, titulu homologatuak prestatzeko aukera; administrazioko langileei bereziki zuzenduak, autoikaskuntza bitartez burutu daitezkeenak, on-line ikastaroak eta baita ikasitakoa praktikara eramateko programak ere.

Informazio gehiago:

HABEk ere, ikastaro berriari ekin dio. Donostian, irailaren 8an emandako prentsaurrekoan izan ziren Ramon Etxezarreta, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Eugenio Mujika, HABEren zuzendari nagusia, Josu Esnaola, udal euskaltegien ordezkaria eta Juan Carlos Murillo, euskaltegi pribatu homologatuen ordezkaria.

Informazio gehiago:

KONTSEILUAK Lankidetza Hitzarmena sinatu du hogei udal baino gehiagorekin

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak lankidetza hitzarmena sinatu du hainbat udalekin. Donostiako Miramar jauregian egindako ekitaldian bildutako udaletako ordezkariekin, hizkuntza-politika hobetzea helburua duen hitzarmena sinatu du Kontseiluak. Oraingoz hitzarmen horretan Kontseiluarekin parte hartu duten udalak honakoak dira: Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Berriozar, Deba, Elorrio, Eskoriatza, Hernani, Igorre, Legazpi, Leitza, Lezo, Markina-Xemein, Muskiz, Ordizia, Pasaia, Segura, Uharte, Urretxu, Villabona, Zumaia.

Informazio gehiago:

Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko ekimena Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak

Mobilizazio-deia egin dute bi erakundeek, urriaren 24an Baionan, "Hizkuntza-politika ausarta garatzeko euskarari lege-geriza. Euskara hizkuntza ofiziala" leloarekin. Bilbon egindako prentsaurrekoan adierazi dute, deialdia euskaltzale guztiei zuzenduta dagoela, behar-beharrezko baita guztien engaiamendua. Manifestazioa, arratsaldeko bostetan izango da.

Informazio gehiago:

Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena berritu dute

Irailaren 22an sinatu zuten Euskaltzaindiaren izenean Andres Urrutiak eta Nafarroako Gobernuarenean Carlos Pérez-Nievas Hezkuntza kontseilariak. Akordioaren arabera 2009ko eginkizun nagusiak honakoak izango dira: Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egiteko Nafarroako 4 herritako grabazioak euskarritan paratu eta ematea, Koldo Zuazoren Sakanako euskara. Burundako hizkera argitalpenaren prestaketa, Euskal Corpus Onomastikoa: Nafarroari dagozkion lanei jarraipena ematea, Terminologia juridiko-administratiboari buruzko jardunaldia eta Nafarroako euskalkien egoerari buruzko azterketa egitea, besteak beste.

Informazio gehiago:

 

ALBISTEAK

Eremu mistoa zabaltzea onartu du Nafarroako Parlamentuak

Nafarroako Parlamentuak eremu mistoa zabaldu eta euskararen legea aldatzeko proposamena onartu du, PSNk, Nafarroa Baik eta Nafarroako Ezker Batuen aldeko botoekin. UPNk ezezkoa. eta CDN abstenitu egin zen. CDN-ren abstentzioak eragin zuzena izan du Nafarroako Gobernuan.

Informazio gehiago:

Euskaltzaindiak 90 urte bete ditu

[Euskaltzaindia]

2008tik ari da ospatzen Euskaltzaindia bere 90. urteurrena. 2008ko urrian Iruñean egin zen XVI. Nazioarteko Biltzarrarekin hasiera eman zion Akademiak bere ospakizunari eta ordutik hona beste hiru ekitaldi egin ditu Euskaltzaindiak: Gasteizen -Arabako Foru Aldundian-, Ipar Euskal Herrian -Hazparneko Elgar Kultura Etxean-, eta Bilbon -Akademiaren egoitzan-.

Bilbokoaren ostean, datorren urrian egingo du Euskaltzaindiak urteurreneko azken ospakizuna, Donostian, bi egunetan: urriaren 8an emanaldi artistiko bat egingo da, Kursaalen, eta urriaren 9an ekitaldi instituzional bat burutuko, Gipuzkoako Foru Aldundian. Akademia hor elkartuko da agintari publiko eta gizartearen eta euskalgintzaren ordezkariekin.

Informazio gehiago:

195 Entitate berrik eskuratu dute bai euskarari ziurtagiria krisi garaian

[BAI Euskarari Ziurtagiri Elkartea]

“Krisi garaian euskaran inbertituz” izenburupean prentsaurrekoa egin du Ziurtagiriaren Elkarteak Koldo Mitxelena Kulturunean. Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteako zuzendariak Bai Euskarari Ziurtagiriak azken urtean izan dituen lorpenen berri eman ostean, krisi garaian euskaran inbertitzeko argudioak azaldu ditu. Gutiérrezekin batera agertu dira Kiroljokoa enpresako marketing teknikari Imanol Amiano eta Arlan enpresako zuzendari Igor Landaluze. Bi enpresek Bai Euskarari Ziurtagiria daukate, eta euskarak nahiz Ziurtagiriak haien eguneroko jardunean nola eragiten duten azaldu dute.

Informazio gehiago:

Nazio Batuen Erakundeko Umeen Eskubideen Batzordeak gomendio berriak egin dizkio Frantziari hizkuntz eskubideen karietara

[KAZETA Info]

Dagoeneko Nazio Batuen Erakundeko hiru instantzia ezberdinetatik "oharpenak" jaso ditu Frantziako Gobernuak. Espreski, aditu independenteak eginiko txostenak eta eskubide sozial eta ekonomikotaz arduratzen den batzordeak gomendioak egin zizkioten Estatu frantziarrari hizkuntz eskubideak aitortzen ez dituelako. Hexagonoan gutxiengoak ez direla argudiatu du Frantziak, umeek bere ama hizkuntzan hazteko duten eskubidea onartzen duen araua errefusatu duelarik. Jarrera hori ikusita, NBEko Umeen Eskubideen Batzordeak aholku berriak eman dizkio Estatu frantziarrari.

Informazio gehiago:

AGENDA

KILOMETROAK, urriaren 4an Donostian

[Argia.com]

Urriaren 4an ospatuko da Kilometroak, Hirekin mundura lelopean. Aurten Donostiako Zurriola ikastolak antolatu du jaialdia, eta ekitaldiz beteriko sei guneko zirkuitua prestatu dute. Horien artean, Mikel Laboari Txoriak txori abesti ezaguna kantatuz eskainiko dioten omenaldia. Bildutako dirua Zurriola Ikastolaren eta Barandiaran Lizeoaren hezkuntza eskaintza zabaltzeko erabiliko da.

Informazio gehiago:

2010eko Araba Euskaraz Agurainen izango da

1985. urtean Lope de Larrea ikastolak antolatu zuen Araba Euskaraz. 25 urte geroago Aguraingo Lautada Ikastolak hartuko du lekukoa. Lautada Ikastola berria da, Arabako Ikastolen Federazioan sartu berri da. Mariaren Bihotza ikastetxea kudeatzen zuten mojek ardura utzi eta gero, gurasoek kooperatiba bihurtzea erabaki zuten. Hil honetan hasi dute lehenengo ikasturtea eta datorren urteko ekainaren 20rako, Gogo biziz lelopean, Araba Euskaraz antolatuko dute.

Informazio gehiago:

Hizkuntza gutxituak administrazioan: "Geroaren oinarriak orainean finkatzen" jardunaldiak

[Argia.com]

Hizkuntza gutxituak administrazio publikoetan: Geroaren oinarriak orainean finkatzen jardunaldiak urriaren 28an eta 29an egingo dira Gasteizko Villa Suso Jauregian, Eusko Legebiltzarrak antolatuta. Beste herrialde batzuetan hizkuntza gutxituak administrazio publikoetan nola erabiltzen diren ezagutzeko, nazioarteko adituak etorriko dira. Baina jardunaldi hauetan bertako esperientziak entzuteko aukera ere izango da. Izena emateko epea eta bideak uda ondoren argituko dira, baina egitaraua jada prest dago.

Informazio gehiago:

LINGUAMON erakundeak eta Hizkuntza Aniztasunaren Aldeko Munduko Sareak nazioarteko sinposioa ospatu dute

LINGUAMON erakundeak eta Hizkuntza Aniztasunaren aldeko Munduko Sareak (Xarxa Mundial per la Diversitat Lingüística) Nazioarteko Sinposioa ospatu dute, Bartzelonan, iragan irailaren 29 eta 30ean. Bere helburua hirukoitza izan da: ziberespazioan hizkuntza guztien presentziaren garrantziaz gizarte sentiberatasuna lantzea, interneten hizkuntzen presentzia neurtzen dituzten tresnak ezagutzea eta hizkuntzalari eta teknologia berrietako adituen arteko elkargunea sortzea izan da.

Informazio gehiago:

http://www10.gencat.net/pres_casa_llengues/AppJava/frontend/noticies_detall.jsp?id=252&idioma=1

 

IRITZIAK – ELKARRIZKETAK - ARTIKULUAK

ARGITALPEN GOMENDATUAK

HABE Liburutegiak eskuratu berriak

MULTILINGUAL MATTERS Argitaletxea

EUSKALTZAINDIA