Soziolinguistikaz berripaperaren 24. zenbakia / 2009ko apirila

24. zenbakia / 2009ko apirila

Word dokumentua / Pdf dokumentua

SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA

ZEIN HIZKUNTZA HITZ EGITEN DU KOMUNIKAZIO GIZARTEAK? SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA EHUKO UDAKO IKASTAROETAN

Soziolinguistika Klusterrak soziolinguistikari buruzko ikastaro interesgarri bat antolatu du Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV-EHU) XXVIII. Uda Ikastaroetako eskaintzaren barruan.

Zein hizkuntza hitz egiten du komunikazio gizarteak? Galdera horren inguruan hausnartuko da ikastaroan. “Komunikazioaren gizartea”, “aro globala”, “hedabideak”, “nortasunaren eraikuntza” eta “hizkuntzen industria” bezalako hitz gakoen inguruko azalpenak eta eztabaidak izango dira, soziolinguistikaren ikuspegitik nagusitzen ari diren gizarte aldaketei aurrea hartu nahian.
Errealitate berriei begira jarriko da beraz ikastaroa, goi mailako hainbat irakasleren parte hartzearekin. Ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian, ekainaren 22, 23 eta 24an burutuko da, eta izena emateko epea maiatzaren 1etik aurrera zabalik izango da.

Informazio gehiago:

EUSKARA LAN MUNDUAN... LANEAN! SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEAN

Soziolinguistika Klusterrak aurten ere Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) eskaintzaren barruan soziolinguistikari buruzkoa ikastaroa antolatu du, eta Baionako Unibertsitatean burutuko da uztailaren 8 eta 9an Euskara lan mundua... lanean! Izenburuarekin. Bertan, lan munduan euskararen erabilerari bultzada bat eman nahi dioten egitasmoak aztertuko dira. UEUren Udako ikastaro hau aukera egokia izango da egindakotik ikasi eta eremu berrietara zabaltzeko eta elkarrekin esperientziak trukatu eta hobetzeko bideaz hausnartzeko.

Informazio gehiago:

 

SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA UDALTOP-EN

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatutako udaletako euskara-zerbitzuen I. topaketan (UDALTOP - maiatzaren 7-8)) Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko teknikariak bi hitzaldi emango ditu, egin berri diren bi ikerketen inguruan. Topaketak Nola indartu euskararen erabilera familietan? du aztergai nagusi, eta ildo horretan doaz Suberbiola ikerlariak aurkeztuko dituen bi lanak.

Lehenengoan, Buruntzaldean euskararen transmisioaren inguruko ikerketa-lanaren ondorioak aurkeztuko ditu; bigarren hitzaldian “Bikoteen artean hizkuntza ohituren aldaketa” aztertu duen ikerketa-lanaren emaitzak azalduko ditu. Ikerketa hori Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eskariz egin du Klusterrak, Pello Jauregi irakaslearen aholkularitzarekin.

Informazio gehiago:

EUSKARAREN NORMALIZAZIO KASU AURRERATUEN BIGARREN ARGITALPENA KALERATU DU SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRAK

Zer egin euskara norbere erakundean normalizatzeko? Galdera horri erantzuna bilatu nahi dio Soziolinguistika Klusterrak 2007. urtean abian jarri zuen Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuak proiektuaren bidez. Beraz, euskararen normalizazioan eredugarri diren hizkuntza-kudeaketak aztertzen dira hemen. Proiektuaren helburu nagusia euskara planak burutzen dituzten hainbat erakunderen esperientzia eta ezagutza biltzea eta zabaltzea da.

IMH, Makina Erremintaren Institutua eta Bergarako Udala Kasuak aukeratu ditu aurten Soziolinguistika Klusterrak kasu aurreratu modura, eta bere emaitzak webgunean daude irakurgai

Informazio gehiago:

Informazio gehiago:

 

II EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA JARDUNALDIKO MATERIALAK WEB GUNEAN

Soziolinguistika Klusterrak Web gunean jarri ditu eskuragarri II Euskal Soziolinguistika Jardunaldiko aurkezpenak eta bideoak. Bertan aurki daitezke honako mahai-inguru eta hitzaldietako edukiak:

  • Mahai-ingurua. Euskararen ezagutza eta erabilera. Datuek, zer diote? , Erramun Osa, Itziar Elorza, Fermin Lazkano, Olatz Altuna. BIDEOA
  • Tailerra. Nola eragin lantokiko erabileran lidergoaren bidez? (ERALAN ikerketa proiektua), Nekane Goikoetxea. POWER POINT-a
  • Tailerra. Haur eta gazteen euskararen erabilera eskola giroan (ARRUE ikerketa), Iñaki Martinez de Luna. POWER POINT-a
  • Hitzaldia. Hizkuntzaren Hazkundea Interneten, Vicent Partal. BIDEOA, POWER POINT-a
  • Hitzaldia. Teknologia berriak eta euskararen erronka, Iratxe Esnaola, Gorka Julio. BIDEOA, POWER POINT-a
  • Mahai-ingurua. Vicent Partal, Iratxe Esnaola, Gorka Julio, Belen Uranga (Koord). BIDEOA.
  • ONDORIOEN AURKEZPENA ETA AMAIERA. BIDEOA, POWER POINTa

Informazio gehiago:

 

BAT ALDIZKARIA 70 ZENBAKIA KALEAN

BAT aldizkariaren 70. zenbakiak Euskararen legeak du gai nagusia. Soziolinguistika Klusterrak Udako Euskal Unibertsitatearekin duen lankidetzaren baitan, 2008an, Euskararen Legeak: Esperientzia Praktikoak eta Aukerak izenburuarekin emandako ikastaroaren mamia hartu du dossier modura zenbaki honek. Ikastaro haren helburu nagusiak honakoak ziren: euskarak bere lurraldean dituen lege-egoera desberdinak kontuan hartuta egoera horiek hobeto ezagutzeko ahalegina egitea, eta, bestetik, lege-muga horien barruan izan litezkeen aukerak ezagutzea eta praktikan jartzeko bideez eztabaidatu eta esperientziak trukatzea ere bilatzen zen.

Ekarpenak bildu ditu orain artikulu modura BAT Aldizkariak. Nolanahi ere, ohikoa denez, bestelako artikuluak ere eskaintzen ditu GUREAN atalean. Besteak beste, II Euskal Soziolinguistika Jardunaldiko bi saio ekarri ditu hona.

Dossierra

  • Euskararen araubide juridikoa euskal autonomia erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Iñaki Agirreazkuenaga
  • Euskara eta legeria Ipar Euskal Herrian: Gizarte elebidun baterantz aukerak eta mugak. Jean-Baptiste Coyos
  • ILPren kontakizunak. Julen Urbiola
  • Milaka urraketa Euskararen legeen babespean. Paul Bilbao
  • Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen 123/2008 dekretua. Hizkuntza aukera berdintasuna eta askatasuna oinarri. Erramun osa
  • Hizkuntzak enpresan, legetik haratago. Mikel Irizar

Gurean

  • Hizkuntza-hazkundea Interneten. Vicent Partal
  • Euskararen ezagutza eta erabilera, datuek zer diote? Itziar Elortza, Erramun Osak, Fermin Lazkano, Olatz Altuna.
  • Euskararen Historia Soziala: Euskararen azterketarako eredua. Lionel Joly

Liburu-aipamena

  • El futuro de las lenguas. Diversidad frente a uniformidad (B. Urangak, M. Maraña ed.). Andoni Barreña

Informazio gehiago:

 

EKIMENAK ETA KANPAINAK

EUSKARAZ SEGURUAGO KANPAINA ABIATU DUTE KONTSEILUAK, ZIURTAGIRIAREN ELKARTEAK ETA BEHATOKIAK

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Ziurtagiriaren Elkarteak Euskaraz seguruago, aseguru-etxeetan eragiteko ekintza-plana abiatu dute. egunerokoan aseguru-etxeekin izaten diren harremanetan entitateek zerbitzua euskaraz ematea eta lana ere euskaraz egitea bultzatu nahirik.

Informazio gehiago:


HIZKUNTZEN LEGEAK EUSKARAREN BEHARRAK KONTUAN HARTZEKO ESKATU DU EUSKAL KONFEDERAZIOAK

Max Brisson Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak Euskal Konfederazioaren proposamena helarazi dio Frantziako Gobernuari, euskararen beharrak kontuan hartzeko eskatuz. Hau da, gutxienez Frantses hizkuntzaren parean lurraldeari dagokion hizkuntza ofizialki onartzea eskatzen du, hizkuntzen biziraupena eta transmisioa, hiztun kopuruaren beherakada aldatzea, belaunaldi osoak euskalduntzea helburu duen hizkuntza politika eraginkorra osatzea.

Informazio gehiago:

EUROPAKO ERKIDEGOETAKO JUSTIZIA AUZITEGIAREN AURREAN EUSKARA ERABILI AHAL IZANGO DA

Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiak Espainiako Gobernuarekin sinaturiko akordio-hitzarmenaren bitartez erakunde horretara jotzen duten herritarrek euskaraz, katalanez edo galegoz idatziriko erantzunak jasotzeko aukera izango dute. Hala ere, kontuan izan behar da akordio horretatik kanpo geratzen direla izaera juridikoa dutena idatziak, hau da, lege-mailako arauen aplikazioei buruzkoak.

Informazio gehiago:

 

HIZKUNTZEN EUROPAKO MARKO BATERATUAN UZTARTU DIRA EUSKARA-GAITASUN TITULUAK

Eusko Jaurlaritzak Euskara-gaitasun agirien baliokidetza sistema osatu du, eta egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetuko dituen Dekretua onartu du. Dekretu horren bitartez Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura finkatu zituen 64/2008 Dekretua egokitu du eta handik kanpo geratu ziren titulazioak sartu ditu bere baitan.

Informazio gehiago:

 

EITB-K SORTZEN DUEN TESTU-MASA EUSKALTZAINDIAREN ESKUETAN JARRIKO DU

Euskaltzaindiak eta EITB-k hitzarmena sinatu zuten pasa den apirilean EiTB-k ekoitzi dituen hainbat testu Euskaltzaindiaren eskuetan jartzeko, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatu dezan. Hitzarmena Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Julian Beloki EiTB taldeko irratietako zuzendari-koordinatzaileak sinatu zuten, eta modu horretan EITBren materialak Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokiaren corpusa osatzeko erabiliko dira.

Informazio gehiago:

KATALUNIAKO GENERALITATEKO HIRUKOAK ETA CIU-K ZINEMAREN LEGE BERRIAREN INGURUKO PROPOSAMENA AURKEZTUKO DUTE

Kataluniako Generalitateko hirukoak eta CiU-k Zinemaren Lege berriaren inguruko proposamena aurkeztuko dute Parlamentuan. Lege berriaren arabera, zinema aretoetako estreinaldien erdiak katalanez bikoiztuta edo azpidatzita eman beharko dira. Gaur egun, emanaldien %3 besterik ez dira katalanez. Banatzaileek, adibidez, ale kopuru bera bikoiztu beharko dute katalanez eta gaztelaniaz. PP eta Ciutadans alderdiak proposamenaren aurka agertu dira.

Informazio gehiago:

IBERIAR PENINTSULAKO HIZKUNTZEN INGURUKO INSTITUTUA SORTU DUTE HAINBAT UNIBERTSITATEKO SOZIOLINGUISTIKAKO IRAKASLEEK

Benasqueko Udalaren eta Aragoiko Gobernuaren babesarekin Institutuaren fundazio-bilera burutu zen apirilaren 25ean, Benasque bertan. Bere helburua penintsulako hizkuntzen arteko elkarbizitza sustatzea da esparru publikoan zein pribatuan. Ekimen honetan parte hartu dute Bartzelona, Alcala de Henares, A Coruña, Girona, Santiago, Valentzia, Zaragoza eta EHUko irakasleek parte hartu dute.

Informazio gehiago:

IKERKETAK ETA ARGITALPENAK

IV. MAPA SOZIOLINGUISTIKOA

Eusko Jaurlaritzak IV. Mapa Soziolinguistikoaren datuak aurkeztu ditu. Mapa hau, batez ere, 2006an IV. Inkesta Soziolinguistikorako bildu ziren datuetan oinarritzen da. Hala ere, Inkesta soziolinguistikoak hamabost urte baino gehiagoko biztanleak hartzen bazituen ere, Mapa soziolinguistikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria osoa hartzen du aintzat. Mapa soziolinguistikoak lau aldagai aztertzen ditu: hizkuntza-gaitasunaren bilakaera; biztanleriaren lehen hizkuntza; hizkuntza-gaitasunaren eta lehen hizkuntzaren arteko gurutzaketa, BILA indizea (hizkuntza-bilakaeraren indizea); eta etxeko erabilera.

Informazio gehiago:

ERDALDUNEN EUSKARAREKIKO AURREIRITZIAK ETA JARRERAK IKERKETAREN EMAITZAK AURKEZTU DITU UNESCO ETXEAK

UNESCO Etxeko eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrako Amarauna ikerlari-taldeak eginiko Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak izeneko ikerketa aurkeztu dute Bilbon Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta egileek.

Lanaren helburu nagusiak bi dira: batetik, erdaldunen euskararekiko uste eta jarrerak zeintzuk diren eta elebitasunerako mesedegarri eta oztopotzaile diren aurreiritziak arakatzea; bestetik, jarrerok euskaldunak ez diren EAEko 18-55 urte bitarteko biztanlerian zein maiztasunarekin ageri diren antzematea.

Informazio gehiago:

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEEK HEZKUNTZA ELEBIDUNAREN AURREAN DITUZTEN JARRERAK AZTERTZEN DITUEN LIBURUA AURKEZTU DA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen artean burutu dute Pablo Sotés, Nekane Oroz eta Carlos Vilches-ek jarreren eta usten, eta elebitasunaren eta hezkuntza elebidunaren inguruko ikerketa-lana.

Nafarroako Gobernuak finantzatutako lan honetako landa-lana 2005ean burutu zen, eta laginean 2.000tik gora ikaslek hartu zuten parte. Horretarako, alde kualitatiboa landu zen eztabaida taldeen bitartez eta kuantitatiboa, inkestaren bitartez.

Informazio gehiago:

MUNDUKO ARRISKUPEKO HIZKUNTZEN UNESCOREN MAPA ARGITARATU DA

UNESCOk argitara berri du Munduko Arriskupeko Hizkuntzen Mapa (UNESCO Atlas of the World’s Languages in Danger), web gunean ere eskuragarri dagoena. Mundu osoan erreferentzia den Mapa honek hizkuntza aniztasuna babestu beharraz sentsibilizatu nahi du, eta, eragin, hizkuntza-plangintzetan lanean dihardutenengan zein hiztun-komunitateengan ere.

Hainbat iturrik adierazten duen bezala, mapa honek ere munduko hizkuntzen erdia jotzen du desagertze arriskupean, 3000 hizkuntza inguru munduan osoan zehar.

Informazio gehiago:

EREMU URRIKO HIZKUNTZEN EUROPAKO GUTUNAZ BILTZARRA BILBON

Bilboko Guggenheim museoan ospatu zen pasa den apirilaren 20an eta 21ean Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen Europako Gutuna: Lorpenak eta desafioak biltzarra. Hizlarien artean izango ziren besteak beste, Alberto Lopez Basaguren, Europako Gutunaren Adituen Batzordeko kidea; Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Galiziako Marisol Lopez eta Kataluniako Bernat Joan i Mari; Anjel Lertxundi idazlea; Alexei Kozhemyakov, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren Idazkaritzako burua eta Pirkko Nuolijärvi, Finlandiako Hizkuntzen Institutuko kidea.

Informazio gehiago:

KORRIKA 16

Mikel Laboari eta Enrike Knörri omen eginez eman zitzaion amaiera apirilaren 6an Korrika 16.ari Gasteizen. Parte-hartzea inoiz izan den handienarekin itxi da aurtengo edizioa. Arduradunen hitzetan, ez soilik korrika eginez, baita herriz herriko batzordeetan parte hartuz eta, nola ez, Korrika Kulturalean antolaturiko 300 ekitaldietan parte hartuz arrakasta oso handia izan du. Ezin ahaztu bestalde Euskal Herritik haratago ere jaso duen babesa eta laguntza ezin hobea. Horren lekuko atzerrian egindako korrikak: Bartzelona, Madril, Argentina, Uruguay, Mexico, Txina, New York eta London.

Informazio gehiago:

 

AGENDA

UDALETAKO ZERBITZUEN I TOPAKETAK – UDALTOP (MAIATZAK 7-8)

Lasarte-Oriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean antolatutako Udaltop Udaletako Euskara-zerbitzuen I. Topaketa, maiatzaren 7an eta 8an, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean burutuko da.

Nola indartu euskararen erabilera familietan? topaketaren izenburuari jarrituz parte hartuko duten hizlariak honakoak dira: Mikel Zalbide, Rosa Ramos, Patri Arburua, Jose Luis Agirretxe, Karmele Aurrekoetxea, Pablo Sagardoy, Pablo Suberbiola, Pello Jauregi eta Aita Larramendi ikastolako ordezkaria.

Landuko diren gaien arten honakoak daude: Familia Bidezko Euskararen Jarraipena Oarsoaldean, EAEko euskararen belaunez belauneko transmisioa, Bikoteen artean hizkuntza ohituren aldaketa. Berezko taldeak eta hizkuntza: bihotzaren arrazoiak, Nola heldu transmisioaren gaiari? Eta Adimen emozionalaren lanketaren bidez familia barruko euskararen erabileran eragiteko saiakera.

Informazio gehiago:

INFORMATIKARI EUSKALDUNEN VII. BILKURA OSPATUKO DA (MAIATZAK 7)

Euskal Udako Unibertsitateko Informatika Sailak eta Miramon Enpresa Digitalak antolatu dute informatika eta teknologia berrietan euskaraz lanean ari direnei zuzendua VII Bilkura.

Teknologia berriak, gaur eta bihar izenburupean Donostiako Miramon Teknologia Elkartegian burutuko da bilera maiatzaren 7an.

Informazio gehiago:

TRANSMISINOA ETA ERABILEREA JARDUNALDIAK ANTOLATU DITU MENDEBALDE KULTURA ALKARTEAK (MAIATZAK 8 - 9)

Mendebalde Kultur Elkarteak Euskarearen Transmisioa gai modura hartuta antolatu ditu bere aurtengo jardunaldiak. 2009ko maiatzaren 8an eta 9an Euskaltzaindiko Aretoan ospatuko dira, eta bertan izango dira hizlari Iñaki Martinez de Luna, Itziar Basterretxea, Iñaki Gaminde, Kike Amonarriz, Mattin Irigoien, Estepan Plazaola, Juanjo Zorrilla, Alberto Mardones, Manu Etxebarria, Akaitze Kamiruaga, Fredi Paia eta Esti Amorrortu.

Informazio gehiago:

GETXOLINGUAE 2009. HIZKUNTZA-KOMUNIKAZIORAKO GAITASUNA, METODOLOGIAK ETA IKT (MAIATZAREN 14 - 15)

Urtero bezala, Getxoko Berritzeguneak antolatu ditu Getxolinguae jardunaldiak maiatzean 14 eta 15erako. Bertan izango dira besteren artean Felipe Zayas, Iñaki Regidor, Manuel Guerrero, Iñaki Murua eta Ana Sancho irakasleak eta hainbat ikastetxetako esperientziak ezagutzera emateko hainbat aditu. Aztertuko diren gaien artean Web 2.0aren erabilera eskolan, teknologien bidez hizkuntzak lantzea eta Europako ikastetxeen arteko elkartruke birtuala, linguistiko eta kulturala.

Informazio gehiago:

 

IRITZIAK – ELKARRIZKETAK - ARTIKULUAK