Soziolinguistikaz berripaperaren 20. zenbakia / 2008ko maiatza

Soziolinguistikaz berripapera word formatoan jaitsi nahi baduzu, sakatu hemen
 

AGENDA
Udako Euskal Unibertsitateak dagoeneko prestatu ditu 36. Udako Ikastaroak
ESoziolinguistika Klusterrak aurtengo UEUko Udako Ikastaroetan ikastaro bat antolatuko du. Gaia "Euskararen legeak: esperientzia praktikoak eta aukerak", ikastaro honetan euskararen erabileraren inguruan dagoen eztabaida eta abian dauden legeak landuko dira, erabilera bultzatzeko dauden aukerak aztertzeko. Hitzaldi magistralak eta teorikoak emateaz gain, leku berezi bat eskainiko zaio ikasle parte hartzaileari, horrela profesionalak antolatutako 3 tailer izango direlarik. Ikastaroa Baionan burutuko da uztailaren 15ean 16an.
Informazio gehiago: http://www.ueu.org/courses/one?id=448&scope=public
Asmoz Fundazioaren 2008-2009ko graduondoko tituluen eskaintza
Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak, sare bidezko irakaskuntzan aitzindari den erakundeak, ikasturte honetarako ikastaroen proposamen zabala eskaini du. Horietako bat, "HIZNET Hizkuntza Plangintza" da, euskararen normalkuntzan ezagutza kualifikatuagoa eta sistematikoagoa eskaintzeko. 2008ko azaroaren 3tik 2009ko uztailaren 30era bitartean egingo da. (www.sustatu.com)
Informazio gehiago: http://hiznet.asmoz.org
Ehun ikastaro baino gehiago eskainiko dituzte EHUren Udako Ikastaroetan
Ekainaren 24an jarriko dira abian Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Udako Ikastaroak. Ehundik gora ikastaro eskainiko dituzte, horietatik 33 irakaskuntzako profesionalei zuzenduak. Horien artean badira euskara aztergai dituztenak ere: hizkuntza-irakasleei buruzko ikastaroa HABEko kide Joanba Bergara Paskalek zuzendua, ekainaren 30etik uztailaren 3ra bitartean., edo Gidor Bilbao Telletxea eta Xabier Etxaniz Erle irakasleek, euskal idazle zaharrak aztertuko dituztena ("Euskal idazle zaharrak institutuan ate joka I") ekainaren 25etik 27ra. Ikastaro gehienak Donostiako Miramar jauregian egingo dira eta antolatzaileek 6.000 ikasle biltzea espero dute. (www.argia.com)
Informazio gehiago: http://www.sc.ehu.es/scrwwwsu/index.htm
Hizkuntzak eta Imigrazioa II. Kongresua
IKUSPEGIk- Immigrazioaren Euskal Behatokiak eta UNESCO Etxeak datorren maiatzaren 23an, Bilboko Euskalduna Jauregian, Hizkuntzak eta Imigrazioa II. Kongresua ospatuko dute. Bertan, bi erakundeek buruturiko ikerketaren emaitza eskainiko da, Euskal Herrian immigrazioaren ondorioz hitz egiten diren hizkuntzei buruzkoa, hain zuzen. Ikerketak erakutsi duenez, gure herrian, gutxienik, 100 hizkuntza hitz egiten dira.
Informazio gehiago: http://www.amarauna-languages.com/orokorra/hi.php?azpiatala=3&hizk=eu
Euskal Herria nafar euskaltzaleen ikuspegitik
Hitzaldi hirukoitza maiatzaren 15ean Iruñean: Euskal Herria nafar euskaltzaleen ikuspegitik. Tres Reyes hotelean, 19.30etan. Hizlariak Santi Leone, Aingeru Epaltza eta Xabier Zabalza izan ziren. Antolatzaileak berriz, Sabino Arana Fundazioa, Tuterako Nafarren Etxea eta Udalbide. (www.sustatu.com)
Informazio gehiago: http://sustatu.com/1210831471?utm_source=newsletter&utm_medium=email
Hizkuntza gutxituen literaturei buruzko topaketa
Euskal Herriko eta Ameriketako hainbat idazle eta literatur aditu bilduko dira Renoko Unibertsitatean egingo den topaketan. Center for Basque Studies-ek (Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroa) antolatuta, "Writers in between Languages: Minority Languages in the Global Scene" topaketa egingo da maiatzaren 15etik 17ra Renoko Unibertsitatean (AEB). Bertan hizkuntza gutxituen literaturei buruz eta hizkuntza horiek mundu globalizatuan betetzen duten lekuari buruz hitz egingo dute AEBtako unibertsitateetako eta Euskal Herriko zenbait idazlek eta literatur adituk. (www.euskara.euskadi.net)
Informazio gehiago: http://www.euskara.euskadi.net/r59-bpeduki/eu/contenidos/noticia/albis7_49_reno_08_05/eu_reno/albis7_49_reno_08_05.html
Euskararen jatorriaren 3. biltzarra, Oka-Iruñan maiatzean
Euskararen Jatorriak gure hizkuntzaren jatorriaz 3. Biltzarra antolatu du Oka-Iruñean. Udalerri honetan aurkitutako idazkunek euskararen jatorria argitzen laguntza handia eskainiko dutelakoan gaude. (www.sustatu.com)
Informazio gehiago: http://sustatu.com/1207727186?utm_source=newsletter&utm_medium=email
Atzorik etzira" jardunaldiak antolatu ditu Mendebalde Kultura Alkarteak
Mendebalde Kultura Alkarteak "Atzorik etzira XII. Jardunaldiak" antolatu zituen, maiatzaren 9 eta 10erako. Mendebaldeko hizkera aztertu eta egokituz, euskara bera indartzea da Mendebalde Kultura Alkartearen helburua eta horretarako, besteak beste, jardunaldiok antolatzen zituen. Aurten tradizioaren inguruan jardun dute eta Tradizioaren garapena, Tradizioa hezkuntzan eta Tradizioa teknologia berrietan izan dira mintzagai nagusiak. Aurtengo jardunaldian Karmele Rotaetxe soziolinguista omendu dute. (www.euskara.euskadi.net)
Informazio gehiago: http://www.euskara.euskadi.net/r59-bpeduki/eu/contenidos/noticia/albis7_47_atzorik_08_05/eu_atzorik/albis7_47_atzorik_08_05.html
Iparraldeko euskara eta euskalkien egoerari buruzko jardunaldia
Eusko Ikaskuntzaren Hizkuntza eta Literatura Sailak antolatuta "Euskara eta euskalkien egoera Iparraldean gaur" jardunaldia egin zen apirilaren 17an Bilbon, Deustuko Unibertsitatean. Besteak beste, Iparraldean euskarak duen presentzia eta erabilera, euskalkiek azken ehun urteotan izan duten bilakaera eta euskara batuak izan duen eragina aztertu ziren jardunaldian. Horrez gain, irakaskuntzak, komunikabideek eta beste zenbait eragilek egungo euskalkietan izan duten eragina mintzagai izan zen. (www.euskara.euskadi.net)
Informazio gehiago: http://www.euskara.euskadi.net/r59-bpeduki/eu/contenidos/noticia/albis6_26_jardunaldi_08_04/eu_jardunal/albis6_26_jardunaldi_08_04.html
                                                 

EKIMENAK ETA KANPAINAK:
Kontseiluak ikasle euskaldun eleanitzak izateko proposamena egin du
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn txostenari egin dion ekarpena aurkezteko jardunaldiak burutu ditu Deustuko unibertsitatean, "Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen. Urrats bat aurrera" izenburupean. Adituez gain, hezkuntza-komunitateko eragile garrantzitsuek parte hartu dute bertan, proposamenari beren babes eta atxikimendua adieraziz. (www.erabili.com)
Informazio gehiago: http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1210587001
Elebidek kanpaina berria aurkeztu du
Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzuak, Elebidek, 2007an 207 kexa bildu zituen hizkuntz eskubideen urraketen inguruan. Bestalde, atzo Gizarte elebiduna lortzeko egiten dugu lan lelopean kanpaina berria aurkeztu zuen, eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azaldu zuenez, herritarrei jakinarazi nahi diete "badutela nora jo euren hizkuntz eskubideak zapalduak dituztenean". Elebideren helburua, herritarren kontsultak, kexak eta iradokizunak jasotzea eta haiei babesa ematea dela ere nabarmendu zuen Baztarrikak. (www.argia.com)
Informazio gehiago: http://www.argia.com/albistea.php?id=31290
Euskara 21 ekimena jarri du abian Eusko Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatutako Euskararen Aholku Batzordeak hizkuntza politikari buruzko eztabaida eta hausnarketa jarri ditu abian. Eztabaida herritar guztiengana zabaltzea da helburua eta horretarako Euskara 21 ekimena sortu dute. "XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak" batzorde-atalaren bidez bideratuko da ekimen hori. Bertan, orain arte hizkuntza-politikaren alorrean Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban egindako bidea aztertu nahiz ondorengo urteetan eman beharreko pausoak zehaztu eta euskararen normalkuntzaren inguruan adostasun politiko eta sozial berri bat lortzeko ahaleginak indartu nahi dira. (www.euskara.euskadi.net)
Informazio gehiago: www.euskadi.net/euskara21
Euskarari zor zaiona' kanpaina jarri du abian Oinarriak-ek
Oinarriak elkargune euskaltzaleak Euskarari zor zaiona kanpaina jarri du abian zortzigarrenez. Errenta aitorpena egitean herritarrek euskararen aldeko diru-ekarpena egitea du helburu egitasmoak. Beharrezko argibide guztiak www.euskararizorzaiona.info webgunean kontsulta ditzakezue. (www.argia.com)
Informazio gehiago: www.euskararizorzaiona.info

IKERKETAK ETA AZTERKETA LANAK:
Hausnartu: euskal soziolinguistika sarietarako deialdia
Hausnartu deitutako sariak antolatu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Sari horien helburua euskal soziolinguistika teoriko edota metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. 5 sari emango ditu Soziolinguistika Klusterrak 2008an. Deialdi honetan euskal soziolinguistikaren arloan garapen teorikoak lantzen dituzten lan hoberenak sarituko dira. Asmo horrekin, kontuan hartuko dira euskararen gaineko berariazko garapen teorikoak nahiz kanpoan landutako gerapenetatik abiatuta gure hizkuntzaren egoera aztertzeko eta ulertzeko egokitzapenak.
Informazio gehiago: http://www.soziolinguistika.org/files/Hausnartu.pdf
Ikerketa soziolinguistikoaren emaitzak urte amaieran aurkeztuko dituela iragarri du Nafarroako Gobernuak
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak iragarri duenez, urte amaieran aurkeztuko ditu euskarari buruzko ikerketa soziolinguistikoaren emaitzak. Ikerketa hori hizkuntz politikan aldaketak eragiteko baliagarria izan daiteke, eremu euskaldun eta mistoko errotulazioa bi hizkuntzatan idaztetik harago. Euskararen Nafar Institutuak (Enai) ere parte hartuko du ikerketan. Irailerako edo urrirako euskararen plan estrategikoa prest izango dutela adierazi zuen Xabier Azanza institutuko zuzendari kudeatzaileak. Bestalde, institutuak aurrerantzean Euskarabidea izena izango duela jakinarazi zuen, Enai izeneko enpresa bat badagoelako. (www.argia.com)
Informazio gehiago: http://www.argia.com/albistea.php?id=31487
Hizkuntza Adierazleen Sistema:
Hizkuntza katalanaren atarian Hizkuntza Adierazleen Sistemaren lehen datuak kontsulta daitezke; datuok estatistika ofizialekoak dira, Kataluniako 2006-2009 Estatistika Planean jasotakoak. Zazpi eremuri dagozkion hizkuntza datuen bilduma da eskaintzen dena: biztanleria, administrazio publikoa, hezkuntza sistema, komunikabideak eta kultur industriak, arlo sozioekonomikoa, elkarteen arloa eta osasun arloko erakundeak. Datu-bilduma honen helburua da eskura izatea hizkuntza katalanaren ezagutzari eta erabilerari buruzko datuak, gaur egungoak eta beren bilakaera denboran zehar, jarraipen bat egin ahal izateko. (www.gencat.cat)
Informazio gehiago: http://www.gencat.cat/llengua/dades
Euskal Herri osoko ahozko hizkera aztertzen ari dira
Euskal Herriko Ahotsak ekimeneko kideek 2012rako helburuak betetzea aurreikusten dutela azaldu dute. 1999an eman zion hasiera proiektuari Deba Ibarreko Badihardugu euskara elkarteak, eskualdeko herrietako ahozko ondarea jasotzeko eta sailkatzeko. 2004an, Euskal Herriko proiektua izatera pasa zen, eta ondorioz Euskal Herri osoko ahozko ondarea biltzen hasi ziren Gaur egun Euskal Herriko Ahotsak ekimenaren baitan 62 herritako adinekoen lekukotasunak bildu dituzte, guztiak Gipuzkoakoak. Bestalde, orain arteko emaitzak www.ahotsak.com webgunean sareratu dituzte. (www.argia.com)
Informazio gehiago: www.ahotsak.com
                                                       

SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA
                                     

BAT soziolinguistika aldizkaria
Hurrengo zenbakia (67): Dosierra: -Erramun Baxoki omenaldia
Azken zenbakia (66): Dosierra: -Teknologi berriak eta euskara

  • Euskara XXI. Mendeko informazio eta komunikazio teknologietan (Andoni Sagarna)
  • Euskarazko informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKTak) (Araceli Diaz de Lezana )
  • Hizkuntza-teknologia Ixa taldean, euskararen erabilera errazteko eta sutatzeko aplikazioak (Iñaki Alegria, Xabier Artola, Arantza Diaz de Ilarraza eta Kepa Sarasola)
  • Hizkuntzaren Tratamendu Automatikoa Euskararen Irakaskuntzan (Itziar Aldabe, Bertol Arrieta, Arantza Diaz de Ilarraza, Montse Maritxalar, Ianire Niebla, maite Oronoz eta Larraitz Uria )
  • Begiratu bat corpus-baliabideei (Nerea Areta, Antton Gurrutxaga, Igor Leturia)
  • Hizkuntzaren tratamendu automatikorako tresnak (Elena García Berasategi)
  • Itzulpen automatikoa: aukerak, arazoak eta erronkak (Iñaki Alegria, Arantza Diaz de Ilazrraza, Gorka Labaka, Mikel Lersundi, Kepa Sarasola)
  • Euskara eta hizketa-teknologiak (Igor Odriozola, Inma Hernaez, Eva Navas)
  • Euskaljakintza: euskara eta teknologia berriak (Maite Goñi)
  • IKASYS, norbere trebakuntza sistematikoaren bidez egiten den ikasketa (Maite Gomez Lete)
  • Teknologia idazlearen lagun (Fernando Morillo)
  • Katalanaren itzulpen automatikoa (Mikel L Forcada)

    Harremanetarako: kluster@soziolinguistika.org
    Hausnartu: euskal soziolinguistika sarietarako deialdia
    Hausnartu deitutako sariak antolatu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Sari horien helburua euskal soziolinguistika teoriko edota metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. 5 sari emango ditu Soziolinguistika Klusterrak 2008an. Deialdi honetan euskal soziolinguistikaren arloan garapen teorikoak lantzen dituzten lan hoberenak sarituko dira. Asmo horrekin, kontuan hartuko dira euskararen gaineko berariazko garapen teorikoak nahiz kanpoan landutako gerapenetatik abiatuta gure hizkuntzaren egoera aztertzeko eta ulertzeko egokitzapenak.
    Informazio gehiago: http://www.soziolinguistika.org/files/Hausnartu.pdf
    Soziolinguistika Klusterrak UEUko Udako Ikastaroetan ikastaro bat emango du
    Soziolinguistika Klusterrak aurtengo UEUko Udako Ikastaroetan ikastaro bat antolatuko du. Gaia "Euskararen legeak: esperientzia praktikoak eta aukerak", ikastaro honetan euskararen erabileraren inguruan dagoen eztabaida eta abian dauden legeak landuko dira, erabilera bultzatzeko dauden aukerak aztertzeko. Hitzaldi magistralak eta teorikoak emateaz gain, leku berezi bat eskainiko zaio ikasle parte hartzaileari, horrela profesionalek antolatutako 3 tailer izango direlarik. Ikastaroa Baionan izango da uztailaren 15 eta 16an.
    Informazio gehiago: http://www.ueu.org/courses/one?id=448&scope=public
                                              

    ARGITALPENAK
    Hizkuntzei familiaren baitan eman beharreko tratamenduari buruzko gidaliburua argitaratu dute
    Duzun onena / Lo mejor de tí, haur jaioberriak dituzten familiei zuzendutako gidaliburua argitaratu dute Nafarroako udaletako Euskara Zerbitzuek Euskararen Nafar Institutuaren laguntzarekin. Bertan, hizkuntza-garapenerako aholkuak eta hizkuntzei familian eman beharreko tratamenduaz hainbat gomendio ematen dira. Seme-alabak ahalik eta hiztunik hoberenak eta osatuenak izaten laguntzea da ekimen horren helburua. Gidaliburuak hainbat atal ditu. Lehenengoan, gurasoei esaten zaie zeinen garrantzitsua den familia hizkuntzak ikasteko. Bigarren atalean, euskara ikasteko baldintza egokienak azaltzen dira. Beste atal batean, jolas erraz batzuk proposatzen dira, euskara aise erabiltzeko. Bukatzeko, ikus-entzunezkoen gida dago gaian sakondu nahi dutenentzat. Nafarroako udaletako Euskara Zerbitzuek urteak daramatzate horrelako ekimenak bultzatzen. Argitaratu berri den gidaliburua opari batekin bidaliko diete haur jaioberriak dituzten familiei. (www.euskara.euskadi.net)
    Informazio gehiago: http://www.euskara.euskadi.net/r59-bpeduki/eu/contenidos/noticia/albis6_38_duzunonena_08_04/eu_duzunone/albis6_38_duzunonena_08_04.html
                                                      

    BESTELAKOAK
    Euskara-gaitasun tituluen konbalidaziorako dekretua aurkeztu dute
    Euskararen gaitasun egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetuko dituen eta Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen Dekretua aurkeztu zuten (2008-4-9) Bilbon. HAEE-IVAP-ek, HABEk, Osakidetzak, Ertzaintzak eta Hezkuntza Sailak emandako agiriak Hizkuntzen Europako Marko Bateratuaren B-1, B-2, C-1 eta C-2 mailekin parekatzen ditu dekretu horrek, bakoitzaren baliokidetzak ezarriz. (www.erabili.com)
    Informazio gehiago: http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1207744634
    45 erakundek eskatu dute Bikain Ebaluazioa egitea 2008an
    Euskararen presentzia erabilera eta kudeaketa ebaluatzeko Bikain ekimenak lehen ezarpen-urtea duen honetan, 45 izan dira ebaluatuak izateko eskaria luzatu duten enpresak nahiz erakundeak. (www.erabili.com)
    Informazio gehiago: http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1210240937
    Milaka euskaltzale bildu ziren Herri Urrats festaren 25. edizioan
    Milaka lagun bildu zen Senperen, Herri Urrats festaren 25. edizioan. Hara gerturatutako agintarien artean, Philippe Carriere Paueko Akademia Ikuskaria zegoen. Lehenegoz joan da Senperera, eta historikotzat jo dute askok, baina Seaskarekin oraindik lortu ez duten akordioaren harira, aurrekontua "mugatua" dela adierazi zuen. Ateak zabalik laga zituen ordea, eta Seaskako ordezkariak berriro bilduko dira bihar Max Brisson Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakari eta Paueko kontseilari nagusiarekin. (www.argia.com)
    Informazio gehiago: http://www.argia.com/albistea.php?id=31440
    Hizkuntza gutxituei buruzko legea egingo duela hitz eman du Frantziako Kultura Ministroak
    Frantziako Asanblea Nazionalean hizkuntza gutxituei buruzko eztabaida egin zen. Frantsesaz gain beste hizkuntza bat hitz egiten den herrialdeetan interes handia piztu zuen eztabaidak, baina interes horrek ez zituen diputatu guztiak kutsatu: Asanblea Nazionala osatzen duten 577 diputatuetatik, 50 bat besterik ez ziren eztabaidan izan. Lehen aldiz, hizkuntza gutxituei buruzko legea egingo duela hitz eman zuen Christine Albanel Frantziako Kultura ministroak. Dena den, legearen edukia ezagutu arte zain egon beharko da. Albanelek jada adierazi du Konstituzioaren 2. artikulua ez dutela aldatuko; legeak ez du hizkuntza horien ofizialtasuna onartuko eta Parisek ez du Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna sinatuko. (www.argia.com)
    Informazio gehiago: http://www.argia.com/albistea.php?id=31409
    "Euskararen gidabaimena" jokoa sekulako parte-hartzearekin abiatu da Enkarterrin
    Enkarterriko Berbalagun proiektuak antolatu duen "Euskararen gidabaimena" jokoa martxan dago. 2008ko martxoaren 3an hasi zen eta ekainaren 6ra arte iraungo du. Arrakasta handiarekin hasi da gainera, 204 lagun ari baitira jokoan parte hartzen hasiera-hasieratik. (www.erabili.com)
    Informazio gehiago: http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1205491793
    HABE eta EHUren liburutegi-zerbitzuak, uztartuta
    HABEren liburutegiaren funts eta baliabideak UPV/EHUko ikasle, irakasle eta ikertzaileen eskura izango dira aurrerantzean, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinatu berri duten hitzarmenaren ondorioz. Eleaniztasuna ardatz, 35.000 liburu ditu HABEren liburutegiak eta hizkuntza asko ikasteko eta irakasteko materialak biltzen ditu. (www.erabili.com)
    Informazio gehiago: http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1208255150
    Eremu erdaldunetik mistora pasako dira lau udalerri
    Iruñerriko (Nafarroa) Aranguren, Galar, Beriain eta Noain Elortzibar herriak eremu erdaldunetik mistora pasako dira. Nafarroako Foru Erregimeneko Batzordeak 1986az geroztik ukitu ere egin ez den Euskararen Legea aldatzeko proposamena onartu zuen atzo, eta horren ondorioz zabalduko du Nafarroako Gobernuak eremu mistoa. (www.argia.com)
    Informazio gehiago: http://www.argia.com/albistea.php?id=31315
    "Mesederik nahi?" interneteko foro soziala kaleratu du EuskoSarek
    EuskoSare-k martxan jarri ditu Euskal gazteriari ahots berri bat emango dieten hainbat foro. EuskoSareko Gasteizko bulegoetan sortu da ideia. Zertaz ari dira Euskal Herriko gazteak? Zeintzuk dira haien kezkak? Galdera horiei erantzun bat eman nahian ibili dira proiektu honen (www.euskosare.org/foroak) koordinatzaileak. (www.sustatu.com)
    Informazio gehiago: www.euskosare.org/foroak
    Ar Redadeg, bretoieraren Korrika
    Diwan Bretainiako murgiltze eskolen federakuntzak bere 30garren urtea ospatuko du aurten. Karia horretara eta bretoierarekin hango jendearen atxikimendua eta inplikazioa sustatzeko, KORRIKA bat antolatuko dute lehen aldikotz, Ar Redadeg (korrika) deitua, apirilaren 30etik maiatzaren 3ra. (www.sustatu.com)
    Informazio gehiago: http://sustatu.com/1207669939?utm_source=newsletter&utm_medium=email