Azken zenbakiak

 

 

 

X. HAUSNARTU Euskaltzaleen topaldia. Euskararen herria, zubiak eta palankak

BAT 103 2017 (2)

(Zenbakia edo artikuluak banaka erosteko jo dezakezu gure zuzeneko dendara)

____________________________________________________________________________________

UDALAK ETA EUSKALTZALEEN ELKARTEAK; FUNTZIO BANAKETA ETA LANKIDETZARAKO AUKERAK

Jasone Mendizabal eta Alex Vadillo

Laburpena: Udalek eta tokian tokiko euskararen gizarte erakundeek helburu partekatua dute: hiztun komunitateak euskararen normalizazio bidean aurrera egitea. Horretarako, biak dira beharrezko. Funtzio banaketan eta osagarritasunean oinarrituko den lankidetzan eta lidergo partekatuan sinisten dugu guk. Lankidetza prozesuak eta harreman sistemak konplexuak dira eta, ondorioz, zaila izan daiteke erabateko adostasunik lortzea. Unean uneko adostasun partzialekin egin beharko dugu aurrera. Horretarako, prozesu horietan lagungarriak diren ikuspegiak elikatzea eta zaintzea proposatzen dugu: koordinazio guneetatik harago, talde moduan jokatzea; talde eragileak sortzea eta jendea inplikatzea; gobernantza partizipatiboa
praktikatzea; adimen kolektiboa aktibatzea... Hori guztia errazago da udalerrian bertan, gertutasunaren indarra lagun baitugu. Artikulu hau 2017an Topaldian emandako hitzaldi batean dago oinarritua.

Hitz gakoak: lidergo partekatua, gobernantza partizipatiboa, adimen kolektiboa, lankidetza, osagarritasuna, gertutasuna

_________________________________________________________________________________

 

BIDEGURUTZETIK ATERATZEKO PALANKAK.

Kike Amonarriz eta Iker Martinez de Lagos

Laburpena: Euskararen normalizazio prozesuan ziklo aldaketa bat gertatzen ari da. Ziklo berri bat abiatzeko proposatu diren neurrien artean, euskaltzaleen mugimenduak herriz herri landu ditzakeenak aztertu dira artikuluan. Euskaltzaleen Elkarteek zubigintza landu behar dute, ahalik eta sektore sozial gehienetara iritsiz eta herri eta eskualdeetako zoru komuna eta arnasgune politikoa eraikiz tokian tokiko administrazioekin eta herriko eragileekin. Bide horretan, darabilgun diskurtsoa egokitu egin behar dugu egoera berrira, sektore berriak barne hartuko dituen diskurtso aglutinatzaileagoa eraikiz elkarrekin, eta diskurtso horrekin koherenteak izango diren praktikak sustatuz. Azkenik, ziklo berri baterako, euskaltzale motibatu, aktibo eta eragileak behar ditugu, bizipozez eta antolatuta eragingo dutenak. Eta hori ere bada euskaltzaleen mugimenduaren funtzioa: Euskaltzaleon motibazio eta bizi-indarra indartu, konpromisoen dinamikatatik urratsak emanez lorpen dinamika berrietara.

Hitz gakoak: euskaltzaleak, bidegurutzea, palankak, zubigintza, motibazioa

_______________________________________________________________________________

LURRALDEEN ARTEKO HARREMANAK: SISTEMA ERAGILE LIBRE OSO BATEN ALDE

Xan Aire

Laburpena: Euskal Herriko lurraldeen arteko ikuspegi kritiko bat proposatzen du artikuluak, oinarrian 2017ko urtarrilaren 26an Topaldian hitzaldia izan dena, Durangon. Euskalgintzan zentratuz, zubigintzan eragiten duten trabak azpimarratu egiten dira hemen, formakuntza gosez dagoen Iparraldeko teknikari baten ikuspegitik: 2000. hamarkada arte iraun duen euskalgintzaren estrategia jakobinoak bere mugak erakutsi ditu, batez ere zubi asimetrikoak utziz lurraldeen artean; gaur egun, Hego Euskal Herriko euskalgintzako eragileen arteko konkurrentziak ez dio onik egiten euskararen biziberritzearen sustraitze eta sozializazioari. Tokian tokiko erreferente argien beharra da plazara eman nahi hemen, funtzioen banaketa berriz gogoetatuz eta adostuz, euskalgintzak eta bere helburuek toki zentralago bat ukan dezaten gizartean eta politikan. Euskalgintzaren antolaketa hobetzeko, software libreak inspirazio-iturri izan daitezkeela errana da hemen, lokaletik abiaturiko unibertso baten alde, polo fisiko eta birtualetan ardaztuz hizkuntzaren biziberritzearen ondare komuna.

Hitz gakoak: euskalgintza, formakuntza, konkurrentzia, ondare komuna, sutraitzea, hedatzea.

__________________________________________________________________________________

ZUBIGINTZA, HERRI ERAKUNDEEN ETA GIZARTE ERAKUNDEEN ARTEAN

Mikel Irizar

Laburpena: Artikulu honetan aztertuko da Gipuzkoako Foru Aldundiko (GFA) Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzako taldeak eta euskararen gizarte erakundeen ordezkariek abian jarri duten partaidetza- prozesua. Ekimen horrekin identifikatu nahi dira zer-nolako aukerak dauden euskaratik hizkuntza- bizikidetzaren inguruan aurrera egiteko. Horrela, ondorioztatzen da Nafarroan eta Iparraldean gertatzen ari diren aldaketa administratiboek eta erakunde publiko eta sozialen artean antzematen den hurbilketek lagungarriak izan beharko luketela euskararen aldeko aktibazioan urrats kualitatiboak egin daitezen. Proposamen hau Euskaltzaleen Topaguneak antolaturiko XIV. Topaldia: “Euskararen herria: zubiak eta palankan” aurkeztu zen 2017ko urtarrilaren 25ean.

Hitz gakoak: Hizkuntza-berdintasuna, biziberritze-prozesua, euskararen gizarte erakundeak, euskararen erakunde publikoak.

____________________________________________________________________________________________

DONOSTIAKO PROTOKOLOA. ETA ORAIN ZER?

Paul Bilbao

Laburpena: 2016ko abenduaren 17an, Europako hogeita hamar hizkuntza-komunitate baino gehiagoko ehunetik gora eragilek adostutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztu zen Donostian. Egoera gutxiagotuan dauden hizkuntzetako hiztunen eskubideak bermatzeko 185 neurriren bilduma. Artikuluan Protokoloaren etorkizuneko lan-ildoak aurkeztuko dira, alegia, aipatu dokumentua Euskal Herri mailan zein Europa mailan tresna eragingarri bihurtzeko zein bide-orri zehaztu den azalduko da. Artikuluan lan-ildo guztietatik nazioarteko instituzioetan Protokoloa erreferentziazko dokumentu bihurtzeko jorratuko duen bideak hartuko du garrantzia

Hitz gakoak: hizkuntza-eskubideak, gizarte-zibila, ahalduntzea, europa, hizkuntza-politika..

____________________________________________________________________

ESKUALDEETAKO EDO EREMU URRIKO HIZKUNTZEN EUROPAKO GUTUNAREN 25. URTEURRENA

Fernando Ramallo

Laburpena: Europako Kontseiluaren Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna 1992an onartu zen, eta, beraz, 25 urte bete ditu aurten. Nazioarteko itun hori 1998an jarri zen indarrean, eta Europako eremu urriko hainbat hizkuntza babestu eta sustatzeko aurrerapauso handia izan zen. Hala eta guztiz ere, lan handia egin beharra dago oraindik gaur egungo bidegabekeri sozial nabarmena gainditzeko, baita ituna berretsi duten herrialdeetan ere. Artikulu honetan azken 25 urteetako bilakaera aztertuko dugu. Horretarako, berariaz subjektiboa izango den soziolinguistika kritikoa izango dugu abiapuntu

Hitz gakoak: Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, neoliberalismoa, hizkuntza-politika, eremu urriko hizkuntzak.

____________________________________________________________________

JENDAURREAN ERABILI PRAKTIKA KOMUNITATEA, EUSKARAZKO KOMUNIKAZIO PUBLIKOARI ERAGINEZ.

Eduardo Apodaka, Uxoa Anduaga, Idurre Eskisabel, Pablo Suberbiola

Laburpena: Artikulu honetan Jendaurrean Erabili proiektua aurkeztuko dugu. Proiektua Soziolinguistika Klusterraren eta EHUko ikerketa talde baten arteko lankidetzaren fruitu izan da. Hainbat eragilek hartu dute parte (EHU, Gipuzkoako Aldundia, Athletic, EITB, Guggenheim Museoa, Getxoko Udala, ELA sindikatua, Adegi, AEK). Helburua euskarazko komunikazio publikoan aritzen direnen Praktika Komunitate bat osatzea izan da, haren bidez jendaurreko komunikazioan euskararen erabilera hobetzeko asmoz. Artikuluan proiektuaren hasierako egitasmoa aurkezteaz gain, lehen fasean egindakoak azalduko dira. Proiektuaren jardunean, alde handienean behintzat, euskaraz era normalizatu batean komunikatzeko, komunikazio esparru publikoan dauden egiturazko eragozpenak eta erresistentziak zehaztu badira ere, horiek gainditzeko eragileek lortu duten egiten-jakitea identifikatu eta partekatu da

Hitz gakoak: praktika komunitatea, komunikazio-praktika, euskarazko jendaurreko komunikazioa.

_________________________________________________________________

1980 HAMARKADAKO EUSKARAREN EGOERARI BURUZKO DISKURTSOA

Jon Artza

Laburpena: Euskal Herrian, Euskararen Legeak eta hizkuntza politikak indarrean jarri zirela 30 urte pasa dira. Beraz, horien bilakaera eta emaitzak aztertzeko tenorea iritsi da. Horretarako zer espero zen eta zer lortu den kidekatu behar dira. Baina aurreikuspenak bete diren aztertu aurretik, lehenbizi eta zehaztasunarekin, 1980ko hamarkadako iragarpenak nolakoak ziren jakin beharko genuke. Nolakoa zen euskararen normalizazioaren gaineko diskurtsoa urte haietan? Galdera horri erantzutea da artikuluaren muina.

Hitz gakoak: 1980ko hamarkada, euskararen normalizazioa, hizkuntza-politika, Argia, Euskararen Legeak

_________________________________________________________________

TOKANOKA TRIBUA. ESKORIATZAKO GAZTEAK ETA HITANOA:USTE BALORE ETA JARRERAK

Iñigo Beitia

Laburpena: Jarraian duzuen ikerketa honetan ikertzaileak gazteek hitanoa zein balore eta usterekin lotzen duten jakin nahi du eta aldi berean Eskoriatzako kasu bat azaltzen saiatzen da non, azken honetan, gazteek hitanoarekiko hurbilpen bat egin duten. Hau da, gazteak hitanoa erabiltzen hasi dira lehen erabiltzen ez zutenean. Ikerketak beraz, kasu honen zergatia aurkitzen ere saiatzen da. Lana aurrera eramateko metodo kualitatiboa erabili da eta bertako teknika nagusia elkarrizketa izan da. Bost elkarrizketa egin dira hauek 18-30 urte bitarteko gazteen artean gauzatuz. Amaierarako hitanoa benetakotasunarekin lotzen dela ikusiko da eta gazteen artean bere erabilera “kutsatu” egin daitekeela.

Hitz gakoak: Hitanoa, toka, noka, gazteak.

_________________________________________________________________

ZADARREKO ARBANASIERA MINTZAIRA, KONTAKTUAN DAUDEN HIZKUNTZEN ISLA

Maximiljana Barancic

Laburpena: Lan hau Zadarreko arbanasieraren lexikoa etimologikoki aztertzeko saiakera bat da. Gaur egun, albanieraren mintzaira horrek 150 eta 300 hiztun artean ditu Zadarren. Gehienak pertsona adinekoak dira, albaniarren ondorengoak, bertara Skadar lakuaren inguruko herrietatik hamazortzigarren mende amaieran iritsi zirenak. Guztira 1779 unitate lexiko aztertu dira. Corpusa 2009ko landa-azterketen emaitzetan oinarrituta dago. Azterketa horiek egiteko Goran Filipik Istriako Hizkuntzen Atlasa osatzeko prestatu zuen galdeketari jarraitu zitzaion. Analisi etimologikoak erakutsi du 1779 unitate lexikotik 598 jatorri-herrialdetik eraman zituztela, hau da, aztertutako unitate lexikoen % 33,24 albanieraren lexikotik datorrela, eta gainontzeko % 65a, berriz, behin Zadarren egonda mailegatu zituela arbanasierak. Kroazieraren eragina, ordea, Zadarreko biztanle kroaziar eta albaniarrek konpartitzen zuten marko ekonomikoak (nekazaritzak eta abeltzaintzak, nagusiki) eta kroazierak Bigarren Mundu Gerraren amaieratik gaur egunera arte izan duen garrantzi soziolinguistikoak justifika dezakete.

Hitz gakoak: Txakaviera, kroaziera, etimologia, italiera, hizkuntza-kontaktuak, lexikoa, Zadarreko arbanasiera mintzaira.