Gazteak eta ahozko hizkuntza hezkuntza arautuan - Bergarako proiektua

Egileak: 
Soziolinguistika Klusterra

2013 urtean Soziolinguistika Klusterra Elkarteak Bergaran gauzatutako Bergarako nerabeen hizkuntza‐erabilera formala eta informala ikerketaren jarraipena da ikerketa hau. Nerabeen ahozko hizkuntza gaitasunean eta hezitzailearen esku hartzean eragiteko ikerketa proposamena da, ekintza-ikerketa metodologian sustraitua.
 
Izaera aplikatua duen ikerketa da, hezkuntza esparruan kokatua eta fokua jarrita duena 10-14 urte arteko nerabeen ahozko komunikazio gaitasunetan nahiz irakaslearen esku hartzean. SLK-k Tolosako ikastetxeetan amaitzear duen ekintza-ikerketaren garapena izan asmo duena (Zabala & Ayerza, 2010; Zabala, 2012; Zabala, 2013).
 
“Irakasle guztiok gara hizkuntza irakasle” ikuspegian oinarrituta, ikastetxe eremuko arlo guztiak aintzat hartu nahi ditu, beraz, ez da hizkuntza arloko irakaslean bakarrik zentratutako ikerketa. Arlo bakoitzeko irakaslearen praktiken diagnositik abiatu eta ikerketa-formazio teknikak erabiliz irakaslearen etengabeko formazioa bideratuko da datozen urteetan ahozko hizkuntzaren irakaskuntzak aldaketa-prozesua bizi dezan ahozko hizkuntzaren gaitasunaren eta erabileraren onuran. Hezkuntza arautuan, irakaslearen egiteko eta jakiteko moduak eraldatzeko prozesu bat eraikiko da ahozko hizkuntzaren ikaskuntza-irakaskuntzan eragin dadin, eta beraz, gazteen ahozko praktikak ikasgelan ugaritu eta hobe daitezen.
Ikerketa hau ikastetxeko edozein arlotako irakasleekin gauzatuko den arren, garrantzia berezia emango zaio Gorputz Hezkuntzari; alor honetan, hain zuzen, eraikitzen dira beste esparrutan sortzen ez diren testuinguru informaletako hizketa-egintzak, eta testuinguru hori bereziki interesatzen zaigu SLK-k Bergaran 2013an egindako ikerketan ateratako ondorioarengatik (zenbat eta testuinguru informalagoa, orduan eta gaztelania gehiago eta erdal hizketa-egintza eta formula gehiago; SLK, 2013).
 
Ezagutza teorikoari dagokionez, keinu didaktikoen azterketa (Schneuwly, Cordeiro & Dolz, 2005; Aeby & Dolz, 2008; Schneuwly, 2009) eta ekintza-kokatua ikuspegia (Durand, 2002; Gal-Petitfaux & Durand, 2001; Gal-Petifaux, 2003; Saury et al., 2006) hartuko dira oinarri ikerketa hau guztia bideratzeko.
 
Proiektu hau bidera dadin ekarpen ekonomikoa egin dute Bergarako udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika Sailburuordetzak. Halaber, ikerketan parte hartzen dugun erakundeok (Bergarako euskara zerbitzuak, Bergarako ikastetxe guztiek eta Soziolinguistika Klusterra Elkarteak) giza-kapitalean eta lan-inplikazioan ezinbestekoa den ekarpena ere egin dugu.