EraLan

EraLan proiektuaren helburua hizkuntza normalizaziorako planak onartuta dituzten lan munduko erakundeetan euskararen erabileran eragiten duten aldagaiak identifikatzea izan da. Ondoren,  horietan positiboki eragiteko metodologiak sortu eta inplementatzeko. Ikerketa-ekintza paradigma da proiektuaren oinarrietako bat , eta erakundeen arteko lankidetza, bestea. Arlo teorikoan eta akademikoan ari diren ikerlarien eta plangintzen inplementazioan ari diren profesionalen arteko lankidetza bidez garatu izan da proiektua, ezagutza teorikoan eta praktikoan aurreratuz.
 
Proiektu hau zikloka garatu izan da eta gaur arte lau ziklo osatu dira: EraLan 1 [2006-2008] , EraLan 2 [2008-2010], EraLan 3 [2011-2013] eta EraLan 4 [2015-2016]. Proiektu hauen ildotik, bestalde, proiektu berriak ere sortu dira: Jendaurrean Erabili eta Liderrak eredu, esaterako.

 

EraLan 4

Hizkuntza normalizaziorako planak onartuta dituzten lan munduko erakunde publiko eta pribatuetan euskararen erabilerarako oztopoei aurre egiteko asmoz,  “Euskararen erabilera-planak eta liderren portaera eredugarriak erakunde testuinguruan (ERALAN 4)”  izeneko egitasmoa diseinatu zen 2014 amaieran. Izan ere, EraLan 3  zikloaren baitan landuriko helburuetako batek honela zioen: “Portaera eredugarriak sustatzea administrazioan bere rolean boterea eta eragin-esparru handia duenen artean”. Hori dela eta, gai horretan sakontzeko eta administrazio eremutik lan-mundura orokortzeko asmoarekin sortu zen EraLan 4.

Egitasmo honek 2015ean eta 2016an bi fase desberdin garatzea aurreikusten zuen. Batetik, ikerketa fasea (2015), eta bestetik, ikerketan lortutako emaitzen inguruan hausnarketa egin eta aurrerantzean erakundeetan euskararen erabilera bermatzeko egin daitezkeen jarduerak edo ekintzak irudikatzen hasteko fase sortzailea garatzea (2016) . Beherago ikus liteke landutakoaren oinarria.

Egitasmo hau UPV-EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saileko zein Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoak Saileko ikerlariekin lankidetzan osatu zen.

Horrez gain, “Liderrak Eredu Egitasmoa. Euskararen normalizazio prozesuetan erakunde-ordezkarien lidergoa” izeneko saioen diseinua eta aplikazio pilotua ere egin zen.

 

                                         Eralan 4, Itxiera dokumentua

 

 

 

 

LOTURAK:

ERALAN 1

ERALAN 2

ERALAN 3

 

Babeslea:

Laburpena esaldi batean: 
Euskararen erabilera-planak eta liderren portaera eredugarriak erakunde testuinguruan lantzeko egitasmoa